|     11-12 zenbakiak, 1932ko azaroa-abendua [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        Konbentu edo lekaime-etxe bateko izketatokia. Atzealdean burni-sarea. Bera estaliaz zapi beltza. Sare-atzean gela argi bat: izando ditu leioak baratzara, eta irikiko dira esango dan garaian, argi asko sartu-aziaz. Ormetan deunen edo santuen irudi zarrak, lauki beltzetan sartuak. Zurezko gurutze beltz aundi bat. Leiotan zapi beltzak egongo dira argia oso ixteko. Mai bat, eta bear diran esertokiak josten aritzeko: alkiren bat.

 

(Zapia jasotzean antzeztokian daude Lekaimeburua, Irakaslea, Inese aizpa, Alezaia, Sor Iosune, Sor Ione, Sor Markele, Sor Iosu'ren Miren eta beste lekaimeren bat. Guziak josten ari dira. Sor Iosu'ren Miren zutik, irakurtzen ari dira. Alki ta mai gañean ezkontzera dijoan andregaiaren jantzi ta soñekoak daude. Eskubira jantzi-kutxa edo baul berri bat; bere apalak edo jarritokiak lurrean eta alkitan arkituko dira. Antzezlariak gogoan euki bear dute emezortzi urte igaro dirala, eta lenago monjagai ziranak buruan zapi beltza erabilli bear dutela.)

 

SOR IOSU'REN MIREN: (Irakurriaz) «Eramankizuna. Jainkoaren aurrean arkitzen dan anima naigabetutakoaren bakarrizketa.»

SOR MARKELE: (Asperapen bat egiñaz) Ai!

SOR IOSU'REN MIREN: (Irakurriaz). «Lenengo bakarrizketa. Atsekabez betetako itxaso batean sartua dagoen anima gaxo baten asperapenak...»

 

(Barrenen Terese'ren abotsa, alai abestuaz, entzuten da.)

 

TERESE: (Abestuaz):

                Goazen, goazen guztiok

                gure Amagana

                eskeintzen diogula

                loretxo eder bana.

                Eskeintzen diogula

                loretxo eder bana!

 

(Irakurtzen dagona gelditzen da, otsa sartzen dan leiora irri-parrez begiraturik. Beste monjak ere irriparrez asten dira).

 

LEKAIMEBURUA: (Asarre bezela) Aur ori beti ixtillua egiñaz!

INESE: Eta gaur bezelako egunean!

SOR IONE: (atsegiñez) Txori bat dirudi!

IRAKASLEA: (barkatzen bezela) Gazte izatea!

SOR MARKELE: Ai, nere Iosu!

LEKAIMEBURUA: Jarrai zazu irakurriaz, Sor Iosu'ren Miren.

SOR IOSU'REN MIREN: (irakurriaz) «Atsekabez betetako itxaso batean sartua dagoen anima gaxo baten asperapenak. O! nere Jainko ona, zaindu gaitzatzu, eriotzako zorian arkitzen gera-ta! Ekaitz ikaragarri ontan ia gaidurik nabil. Bereala ondora joango naiz; ezin nezake geigo egin...»

TERESE: (abestuaz):

                Lorien erregiña

                amatxo laztana

                lore danen artean

                zu zera ederrena;

                pozez kantari gatoz

                guztiok Zugana

                eskeñiz loreakin

                zuri biotz bana.

 

(Berriz ere irakurtzea gelditzen du.
Monjak berriz ere irri-parrez daude)
.

 

LEKAIMEBURUA: Sor Iosune, zoaz, arren, baratzara, eta esaiozu nexkari ez dezala abestu, irakurtzen ari gerala-ta.

 

(Sor Iosune ateratzen da,
oitura duten agurra egin ondoren)
.

 

        Jarrai zazu, jarrai...

SOR IOSU'REN MIREN: (irakurriaz) «eta ezin nezake geiago egin olatuaren indarra...»

TERESE: (abestuaz):

                Eder danen artean

                Jaunaren urrena,

                Zu zera bai, amatxo,

                eder-ederrena!...

 

(Terese'ren abotsa ixiltzen da,
norbaitek ixildu ba'lu bezela;

gero par-algaraz entzuten da).

 

LEKAIMEBURUA: Alperrik da. (irri-parrez) Alai jaio zan eta alai ilko da. (Irakurleari) Jarrai zazu, jarrai.

SOR MARKELE: Ai, maitasunezko Iosu!

LEKAIMEBURUA: Bañan, Sor Markele, nere alaba, zergatik dituzu onelako asperapenak? Nunbait min al dezu?

SOR MARKELE: Ez, Ama Agurgarria; barrengo atsekabea etortzen zait.

LEKAIMEBURUA: Jainkoaren izenean! Nik ez det bada etxe ontan iñor naigabeturik ikusi nai.

SOR MARKELE: (makurtuaz) Ai, Ama Agurgarria! Pekatu egin ba-det barka bezait: bañan nik ezin nezake bestera egin!

LEKAIMEBURUA: Nork esan du emen pekatu-itza! Zoaz baratzara eta ar zazu eguzki pixka bat, bere bearrean zera-ta.

SOR MARKELE: Ai, Ama Agurgarria! Ez dakit kada! Baratzako loreak, zerua ain urdiña eta eguzkia ain ederra ikustean oraindik asperapen aundigoak egiteko gogoa etortzen zait.

LEKAIMEBURUA: Tira bada, orrela baldin bada, eseri ta Jainkoagatik eraman zazu; bañan ez geiago asperapenik egin; bestela gela illunean sartu-aziko zaitut, ea antxe umore obea jartzen zaizun.

SOR MARKELE: Berorrek agintzen duana. (Berriz eseriaz) Ai, nere Iosu!

 

(Lekaimeburuak zerurontz eramankizunez
begiak jasotzen ditu)
.

 

SOR IONE: Ai, gure Birjiña txit garbia!

ATEZAIA: Ai, San Jose bedeinkatua!

LEKAIMEBURUA: (Kezketan bezela) Gaitza erantsi al dizute? Orixen bakarra bear degu; guziok batean asperapenak egiten astea. Gogoratu zazute Jainkoaren gogoa alai bete bear dala. «in himnis et canticis», eta arimaren atsegiña Espiritu santuaren gogokoa dala.

 

(Geldi-unea.
Sor Iosu'ren Miren'ek berriz liburua irikitzen du,
eta Lekaimeburuaren aginduari itxo egin gabe,
irakurtzen asten da)
.

 

SOR IOSU'REN MIREN: (irakurtzen) «...Olatuaren indarra neregain lertzen dalako...»

LEKAIMEBURUA: Itxi zazu liburu ori, Sor Iosu'ren Miren, ori egin zuen Aita bedeinkatuak ere umore ¡lluna zuen-eta!

 

(Sor Iosu'ren Miren'ek liburua ixten du, eta buruz agur bat egin ondoren, eserita, josten asten da. Eskubiko atean Buruordekoa agertzen da, bi monjak laguntzen diotela.)

 

BURUORDEKOA: (biotz-ukitua) Agur Miren garbia!

LEKAIMEBURUA: Kutsu gabe sortua!

BURUORDEKOA: Baimena ematen al du, Ama Agurgarria?

LEKAIMEBURUA: Aurrera. (Begiratuaz) Oker ezpanago, ikaratua zatoz.

BURUORDEKOA: Bai, alaxen da, Ama Agurgarria, eta esango diot ez dala gauza gutxigorako. Berorrek erakakiko du gauza, guzia esateko baimena ematen ba-dit.

LEKAIMEBURUA: Itz egin, guzien aurrean esateko gauza baldin bada.

BURUORDEKOA: Nere iritziaz, gauza zuzentzeko, oraingoagatik bederik guzien aurrean esan bear da.

LEKAIMEBURUA: Esan zazu orduan.

BURUORDEKOA: (Asko makurtuaz) Agindua betetzen det. Ama Agurgarria, bi aizpa oekin gelak barrendik ikusiaz, berorrek agindu zigun bezela, eta Sor Markele'nera iritxi geranean, (Monja guziak Sor Markele'ri begiratzen diote, eta arrek begiak jeisten ditu) gordeta arkitu det monjatxo baten eskuetan beñere arkitu ez bear luken gauz bat, galbide gaiztoa eta oker askoen asiera ta jatorria.

LEKAIMEBURUA: Bukatu zazu, guztiok kezketan gaude-ta. Zer da gauz ori?

BURUORDEKOA: (Monja zaintzalle bati). Erakutsi zazu, aizpa.

 

(Monja -zaintzallea makurtzen da eta
ezkututik ixpillu puska bat ateratzen du)
.

 

LEKAIMEBURUA: Ixpillu-puska bat!

BURUORDEKOA: Bai, alaxen da, ixpillu-puska bat!

 

(Guziak ixillik gelditzen dira).

 

LEKAIMEBURUA: Zer diozu oni, Sor Markele?

SOR MARKELE: (Lerrotik atereaz Lekaimeburuaren aurrean belaunikatzen da.) Ama, aitortzen det nere pekatua eta barkatzea eskatzen det.

LEKAIMEBURUA: Jeiki zaite. (Sor Markele jeiitzen da) Bañan, zorigaiztokoa, zertako dezu kristal-puska ori?

BURUORDEKOA: Onenean bere arpegia ikusteko, eta bere edertasunean txoratuta egoteko, arrokeriko asmoz burua beteaz.

SOR MARKELE: (Apalki) Ez, Ama Agurgarria; ez, andrea.

BURUORDEKOA: Edo apaintzeko eta munduan egiten diran kiñuk ¡kasteko.

SOR MARKELE: Ez, Ama Agurgarria.

LEKAIMEBURUA: Ordun, zertako?

SOR MARKELE: Ezertarako ez, Ama Agurgarria.

LEKAIMEBURUA: Nola ezertarako ez?

SOR MARKELE: Nik esan nai nuen ezer txarrerako ez beintzat.

BURUORDEKOA: Oraindik azalduko ote da monja batek gordeta ixpillu bat eukitzea gauza ona dala?

SOR MARKELE: Ez, Ama Agurgarria, ez da noski onbidea; bañan badakite barrengo iluntasuna izaten detela.

BURUORDEKOA: Bai, bai...

SOR MARKELE: Eta estutzen didanean arboletara igotzeko gogoa etortzen zait, eta baratzako ormetatik igo ta alde egitea eta ibaiko uretara sartzea; eta nik ezagutuaz ez daudela ondo orrelako... orrelako...

BURUORDEKOA: Orrelako txorakeriak.

SOR MARKELE: Ordun eguzkiaren argi-izpi bat ixpiluan artzen det eta an darabilkit zuaitzetako adarretan, eta gelako sapaian, eta aurreko ormetan, eta onela poztutzen naiz mitxirrika bat edo txori bat nitzala usteaz eta nere gogoak nai duen tokira joan nintekela usteaz.

BURUORDEKOA: Irudipena ugari!

LEKAIMEBURUA: Ongi da; oker orregatik, (Sor Markele belaunikatzen da) aundia izan gabe, txikia ere ez danezkero, gaur gabean, oeratu baño len, zure gelan lau aldiz «Quam dilecta» salmoa errezatuko dezu. Jeiki zaite eta zoaz zure tokira. (Sor Markele joaten da bere tokira; bañan joan baño lenago monja bakoitzaren aurrean buru-makurtze bat egiten du). Zoazteke.

 

(Monja-zaintzaleak joaten dira.
Atean iru kaxkateko entzuten dira;
Terese da eta deitzen du:)

 

TERESE: Agur Miren txit garbia!

LEKAIMEBURUA: Kutsu gabe sortua.

TERESE: Sartu al diteke?

LEKAIMEBURUA: Sar zaite. (Terese sartzen da. Emezortzi urte; oso polita, oso alaia eta batere ez izukoia. Txukunki jantzia, mantal zuriaz) Nundik zatoz ain sutua?

TERESE: (ikarik gabe itz egiñaz) Ama Birjiñaren aldarea apaintzetik.

LEKAIMEBURUA: Eta orrek ainbeste sutu al zaitu?

TERESE: Ez, Ama; gaur nai nuen aldare guzia zuri-zuri agertzea eta lore zuria gutxi zegon eta akazia-arboletara igo izan bear det biltzeko.

IRAKASLEA: Arbol batera igo zera?

TERESE: Bitara, baten lorea etzan naikoa-ta.

IRAKASLEA: Iosu!

BURUORDEKOA: Gure Jaungoikoa!

TERESE: Ba-lekiteke zenbat toki eder ikusten diran zuaitz aundiaren gañetik!

 

(Sor Markele'ri zaletasunez begiak zabaltzen zaizka.)

 

BURUORDEKOA: Bañan Jainkoaren eskutik utzia zaude!

SOR IONE: Eroritzeko ere!

TERESE: Bai, zera. Askotan igo naiz lenago ere.

LEKAIMEBURUA: Ez bada geiago igo.

IRAKASLEA: (Illunki) Ez dago zertako galerazterik!

LEKAIMEBURUA: (Illunki) Bai, egia da!

INESE: Gaur izango da aldarea apaintzen duen azkenengo eguna.

SOR IONE: Azkenengoa!

TERESE: Ez ditezela orrela jarri!...

BURUORDEKOA: Zu bezela izango gera, gezurra dirudi-ta. Gaur dan eguna izanik, ero bat bezela parrez zabiltzala.

LEKAIMEBURUA: Amak ongi dio, gaur, enetxoa, etzan gaizki izango begirapen pixka bat.

TERESE: Bai, nere Amak, ongi diote, bañan batek par egiteko gogoa duenean, par egiteko gogoa izan bear bere bizitzako egunik aundiena danean ere.

IRAKASLEA: Bai aundia bera ere! Gaur ateratzen zera etxe ontatik, bertan emezortzi urte bizi ondoren, bizi etziñala ere gogoratu gabe. Biar zure biziaren jabe izango zera, eta zure gain izango da emakume ezkonduaren erantzupen aundia.

BURUORDEKOA: Eta ez dezu erantzupen txikia, ez. Gizonak berekoiak dira, aldakorrak, asko nai dutenak...

TERESE: (bildurrez bezela) Andoni oso ona da.

BURUORDEKOA: Onak izanarren, mundu, mundu danetik agintzera oituta dira. Eta zu ere azkatasunera oitua zera, eta zure gogoa egitea nai izaten dezu...

TERESE: Bai, gaizki oitua naiz; bañan guzia zuzenduko da.

SOR IONE: Ea orain eguna illuntzen diogun.

TERESE: Ez, Ama, ez... oso pozik nago-ta. Beok oso onak dira neretzat-eta!

BURUORDEKOA: Ori da gutxiena.

TERESE: Ez, ori da geiena! Jakiña da, au Jainkoaren etxea da; bañan beok atea itxi bearrean zabal-zabalik iriki zidaten eta emen daramazkiten emezortzi urtean, uztera noan arte, ez naiz gogoratu errukiz bezela emen bizi izan naizenik.

SOR IONE: Ez esan ori!

TERESE: Bai ta esango det ere! Errukiz, zuen maitasunez, beartsutxo bat bezela. Eta ez dit miñik ematen esateak! Zoriontsugoa izan bai naiz errege baten alabak izan ditezken baño! Nik dioten maitasunaz etortzen zait emengo ormai ere muxu emateko gogoa, eta zuaitzak laztantzekoa, ormak eta zuaitzak ere neretzat oso onak izan diralako. Ai, nere biotzeko konbentutxoa!

SOR MARKELE: Zure konbentua! Bertan gelditu izan ba-ziña!

LEKAIMEBURUA: Ez itzegin orretzaz. Gure Jainkoak bide asko ditu.

IRAKASLEA: Eta izaera guzietan Jainkoari jarraitu litzaioke.

BURUORDEKOA: Ez da nexka jaio konbenturako. Munduko gauzai maitasun geiegi dio.

TERESE: Egia da. Lurrak erakartzen nau. Iruditzen zait guziak maite nauela, eta guziak deitzen ditela. Ain zoriontsu lau orma tartean, eta beti gogoan eukiaz mundua oso aundia dala! Kalera atera naizen bakoitzean, biotzak taupateko batzuek ematen zizkidan erotu izan ba'nintz bezela... Eta gero etxera biurtzean poz bat ematen zidan... Poz bat, oso berezia, besoetan artu eta ega aundi batzuetan bilduko ba-ninduteke bezela!

BURUORDEKOA: Zure aingeruarenak, atean zure zai egongo zan-da.

LEKAIMEBURUA: Zergatik egongo zan bere zai? Bere aingerua beti berarekin joan da, eta etzuen beñere beste alde batera begiak itzuli bearrik. Ez al da ala?

TERESE: Egia Ama!

SOR IONE: Etzan besterik bear!

SOR IOSU'REN MIREN: (jeikiaz) Emen daude soñekoaren galartzuak. Josiko al ditugu?

INESE: Bai, jos¡ ditezke.

SOR IOSU'REN MIREN: Erdian?

IRAKASLEA: Noski.

SOR IOSU'REN MIREN: Figuriñean alde batera datoz-ta.

IRAKASLEA: (Sor Iosu'ren Miren eta Sor Inese'rekin Irakaslea, ere figuriñak ikusten asten dira). Ea ikusi? Eta alaxen da!

INESE: Gauza arritzekoak! Bañan poliki egiten dute!

IRAKASLEA: Itxuragabekeri bat da.

SOR IOSU'REN MIREN: Zer derizkio, Sor Gurutze? (Buruordekoari itzegiñaz).

BURUORDEKOA: Ez neri galdetu, ez dakit eta ezta jakin nai ere. Ori guzia, munduko arrokeriak dira, etsaiaren gauzak. Bera Paris'ko modistoakin biltzen omen da, bere gaiztakeriak aurrera eramateko. Kendu, kendu nere aurretik paper ori, etxe santu ontan etzuen beñere sartu bear-eta!

SOR MARKELE: Ai, Ama! Moda ikusi bear genduen.

LEKAIMEBURUA: Moda, moda! Purgatorioan emango dizute geiena ematen dana.

SOR IOSU'REN MIREN: Bañan nola joango zan gure nexka ezkontzera parragarri bat egiñik?

BURUORDEKOA: Biotza garbi eta gogoa garbigo, joan bear da, galartzu bat geigo edo gutxigok ez diote noski senarraren biotza irabaziko.

SOR MARKELE: Diotenez gizonak gauz oetara asko begiratzen omen dute, Sor Gurutze. (Buruordekoari itzegiñaz).

SOR IOSU'REN MIREN: Eta Jainkoari eman bear zaio Jainkoarena dana, eta Erregeari Erregearena dana.

BURUORDEKOA: Berriketak beñepein ba-dituzute.

INESE: Ekaizkidatzu guraizeak, mutur au mostu bear det-eta.

SOR IONE: Uste det guzia bildu genezakela.

LEKAIMEBURUA: Bai, bai, laister etorriko dira billa-ta.

 

(Terese lurrean belaunikatzen da, kutxaren aurrean. Monjak alki ta maigañetik artzen dituzten jantziak ematen dizkate).

 

INESE: Emen daude atorrak.

SOR MARKELE: Eta gona apañak.

SOR IONE: Jarri itzatzu emen, zimurtu ez ditezen.

INESE: Ai, Iosu, auxen da zimur gaizki egiña! Nork egin ote du?

IRAKASLEA: Eta nor da zintzilikai oek egin dituna? Obe litzake berriz zuzentzea.

TERESE: Bañan oso ederki daude-tal Ekarri, ekarri!

LEKAIMEBURUA: Emen daude gelditu diran puskak. Emaitzatzu beren bear izanda ere.

IRAKASLEA: Eta figuriñak, bearko dituzu-ta.

INESE: Ar zazu zorrotxo au. Belar-onduz betea dago. Ikusiko dezu; oso usai ona ematen dio soñekoari.

SOR MARKELE: Ez ditu izango berak gero ur usaidun oberik!

SOR IOSU'REN MIREN: Eta gareztigoak!

INESE: Gareztigoak ba'liteke; bañan obeak ez, Jainkoak egindako belarrak dira oek-eta, garbi-usaia eta biotzaren txukuntasuna erakusten dute. Sakristiko jantzi guziak belar oetan usaituta ditut eta usai ederrenetakoa dute.

TERESE: Uste det guzia ipiñia dala.

SOR IONE: Guzia.

LEKAIMEBURUA: Giltzez itxi zazu. (Terese jeikitzen da). Eta orain ipiñi zazu lepotik zintzilika, eskapularioak bezela, ortarako du bere galartzutxoa galdu ez dezazun.

TERESE: Ez, Ama, ez.

BURUORDEKOA: Arritzekoa izango litzake, zure burua ariña da-ta.

SOR IONE: Orain sendotuko zaio bizitza berrian.

IRAKASLEA: Pozik al zaude?

TERESE: Pozik gutxi da. Nik irabazi detan baño geigo egiten didate.

BURUORDEKOA: Bai, ori ta geigo irabazi dezu; gauz bat bezela bestea ere esan bear da. Biotz ona dezu eta zentzudun emakumea zera. Eta soñekoakgatik esaten ba-dezu ez lotsik izan: daramazun guzia, eta geigo ere, zure lanez irabazi dezu; auxen da egia, ongi dakizu. Emen erakutsi zaizu josten, egia da, bañan zuk lan egin dezu etxerako eta baita kanporako ere. Ez diguzu ezer zor, eunak erosteko, Sendagille jaunak eman zizkitzun berreun eta berrogeitamar pesetak zituzulako. Eta aztu gabe, emen daukazu zertan erabilli diran diruak, biarko egunean erantzun dezaiozun, guri, ba-dakizu, bere ontasunez, galdetuko ez digula-ta...

TERESE: (apalki). Ori gauzak ditu, Sor Gurutze!

BURUORDEKOA: Kontuak garbi.

 

(Terese'k papera artzen du gordeaz,
tolestu ondoren txukunki)
.

 

LEKAIMEBURUA: (Lanean ari ziran monjai). Jaso ta txukundu zazute guzti au.

TERESE: Utzi, Ama, utzi; neronek bilduko det.

 

(Lekaimeburuak besoaz agindu bat bezela egiten duenean monja guziak joaten dira, geldituaz bera, Sor Ione, Buruordekoa eta Irakaslea).

 

LEKAIMEBURUA: (Terese'ri). Noiz zoaz?

TERESE: Nere aitajauna bostetan nere billa etorriko da; bañan esan dit... Andoni'k, ni joan baño lenago, beok guziak ikustea nai lukela, eskerrak emateko berarentzat azi duten pitxiagatik.

LEKAIMEBURUA: Guk ere bera ikustean poz aundia izango degu.

BURUORDEKOA: Pozik edo pozik gabe, ori da gutxiena-ta, orretara beartuak gaude. Ez al zaitu etxe ontatik eramango lapur batek bezela, arpegia guk berari ikusi gabe.

TERESE: Etorri bezin, laister esango diet.

 

(Irtetzen dira Lekaimeburua, Buruordekoa eta Irakaslea. Terese eta Sor Ione gelditzen dira lurrean eta alkitan zeuden paper eta zapi-puskak biltzen. Ixillik daude, bañan bat-batetan, Terese, monjaren aurrean belaunikatzen da):

 

        Sor Ione...

SOR IONE: Zer nai dezu?

TERESE: Orain bakarrik gaudenezkero, bedeinkatu bear nau, berorri nere ama da-ta, beste guziak baño geigo.

SOR IONE: Jeiki zaite. (Terese jeikitzen da). Ez esan ori: Jainkoaren etxean guziok berdiñak gera.

TERESE: Bañan nere biotzean berorri da lenbizikoa. Ez orrela arpegia illundu nik ori esan diotelako; zer egingo diogu! Berorrek zer erru du, nik ainbeste lan emanaz, dioten maitasuna artu izana.

SOR IONE: Bai, biurria izan zera. (Barkatuaz bezela) bañan ori izan da osasun ona zendulako.

TERESE: Ai, Ama! Nundik etorri ote naiz?

SOR IONE: Nundik? Zerutik, guziok bezela.

TERESE: Berorrek zerutik gatozela uste al du ordea?

SOR IONE: Beñepein zu neretzat ala etorri ziñan. Zuk diozu zure ama naizela besteak baño geigo... ez dakit; ba'liteke, bañan bai zu nere poz guzia izan zerala.

TERESE: Ama!

SOR IONE: Eta poza ematen ditet zure parrak eta zure ibillerak etxe ontan. Zuk orain dituzun urteak, gutxi gora bera, nitun nik ere zu etorri ziñanean; berriz ere aur biurtu izan ba'nintz bezela, eta berriz bizitzen as¡ izan ba'nintz bezela. Emen sartu nintzanean, eta emen gelditzeko egitazko gogoa izanarren, nere etxekoaz gogoratzean ematen zidan biotzeko illuntasuna! Bañan zu etorri ziñan, eta guzia aztu zitzaidan. Argatik esaten det zerutik etorri ziñala... Eta ez uste, batzuetan damu det zu maite izana.

TERESE: Argatik ainbeste errieta egiten dit!

SOR IONE: Noiz egiten dizut errieta?

TERESE: Noiznai; bañan ez dio ajol¡k... Amaika aldiz Andoni'ri esan diot! Sor Ione nere ama da, nere ama, nere ama. Argatik berorrentzat itz egitean amagiarreba deitzen dio!

SOR IONE: Zoriontsu izango al zera berarekin?

TERESE: Nik ala uste det. Onagoa da, onagoa eta alaiagoa!

SOR IONE: Bai txoratua zaudela!

TERESE: Bai, txoratua! Ez al du berorrek, nexka gaztea zanean damu izan gizon ez izatea? Nik bai, izan nai nualako au, ori ta ura; nik al dakit! Agintari, guzien nagusi, eta baita Aita Santu ere! Eta amorrua ematen zidan; ernakurne nitzalako, ez gauza izan, ezta eliz-mutilletarako ere! Bañan orain... bai. Andoni maite detanetik eta berak maite nauenetik, ez dit ezerk ajolik; ta ni ezjakiña ba-naiz, bera jakintsua da, eta ni gauz gutxi ba-naiz bera asko da. Eta orrek berak ematen dit poz bat!... Ai, Sor Ione, Sor Ione... gizon bat maite izaten danean, bai ixil ta apal egiten gerala!

SOR IONE: Ainbeste maite al dezu?

TERESE: Nere bizia baño geigo! Oraindik ere gutxi da... Ai, Sor Ione, bai ederra dala maitatzea!

SOR IONE: Eta berak, zu, ainbeste maite ote zaitu?

TERESE: Bai, maite nau... ainbeste ez dakit. Bañan ez dit ajolik, gauza nik bera maitatzea da! Ez uste, batzutan, gutxitan, gogora etorri izan zait: bein edo beste maitatzez utziko ote nau? Eta biotzean min ematen zidan: bañan nik bera maitatzea utzi ote nezake?... Ez, obe litzake eriotza, bestela zertarako nuke bizitza?

SOR IONE: Bañan Terese, Jainkoaren izenean!

TERESE: Bizia! Bai al daki nola igaro nai nuken bizi guzia? Lurrean eserita, bere oñetan, bere begitara begiratuaz eta bere izketa entzunaz. Gauz batzuk esaten ditu!... Bañan ezer ez ba'luke ere esango, nik ulertzen ez nuken izketa bat itzegingo ba'luke ere; bere itz-otsa da, nik ez dakit nola adierazi, bere itz-otsa... Jaiotzetik itz egiten digun itz-ots bat bezela da. Nere ama! Lenbiziko aldiz Terese! deitu zidanean, zer gauz errezagorik, nere izena, Terese... iruditu zitzaidan iñork etzirala onela deitu, eta joan zanean, kalean netorren ixilka esanaz: Terese, Terese, Terese... Ai, nere Jainko maitea!

SOR IONE: Terese. bildur ematen didazu.

TERESE: Zeren bildur!

SOR IONE: Orrela maitatzeaz. Biotzaren maitasuna... nere iritziz... bidearen ertzean arkitzen degun loretxo bat da, Jainkoak egiten digun limosnatxo bat bizitza igarotzen laguntzeko, gure biotza argala da-ta; gure eguneroko ogian jartzen digun ezti pixka bat, eta argatik pozik artu bear degu, bañan baita ikaraz ere, eta biotza zabalduaz, bereala joaten dalako.

TERESE: Ez da joaten!

SOR IONE: Joan diteke beintzat; eta zure animatik zer geldituko zaizu guzia ortan jartzen ba-dezu?

TERESE: (Apalki). Ez asarretu, Ama. Begira bezait. Ez da ortan okerrik; gañera, bera maitatuaz ez naiz galduko.

SOR IONE: Kristau ona al da?

TERESE: Bein batean esan zidan: Maite zaitut otoitz egiten dakizulako!... Ikusten al du? Eta beste batean: Maitasuna dizut gauz zerutar bati bezela!... Nik ori ikustean, iruditzen zait len baño obea egin naizela, eta guzia eraman nezakela maitasun ori galdu ez dezan.

SOR IONE: Uste det norbait sartu dala. Zapiak eztali itzatzu.

 

(Terese'k lokarri bati eutsiaz zapiak zabaltzen ditu. Antzeztokiaren aurre-aldea illunpetan gelditzen da, kanpo-aldea argiz betea agertuaz. Andoni eta emakume bat, konbentuko neskamea da bera, sartu dira, eta onek leioak iriki ditu. Burnisarearen atzean eta zapi-atzetik Andoni zerbait ikusten da; ogeitabost urte ditu, atsegiña eta mutil ederra. Neskamea ba-dijoa Andoni bakarrik utziaz).

 

TERESE: (Monjari bertaratuaz eta abots ixillaz.) Bai, bera da.

SOR IONE: (Terese'ren eskua artuaz). Bai luzea dala!

TERESE: Bai, oso luzea. Ez al da irudi ederrekoa?

SOR IONE: Bai... illea zuria al du?

TERESE: Ez, argiak ematen diolako da... Illuna du, eta begiak urdin-antzekoak. Argi ontan etzaizka ikusten; politagoak ditu! Itzegiten dunean txinpartak dariotela dirudite.

SOR IONE: Zenbat urte ditu?

TERESE: Ogeitabost.

 

(Andoni, batetik bestera dabil).

 

SOR IONE: Oso bizia dirudi.

TERESE: Zai dagolako. Deituko al diot esanaz emen dagola berorri?

SOR IONE: (Zerbait atzeratuaz). Ez, ez!

TERESE: Zergatik? Berorri asko maite du-ta! (Abots ixillaz, burnisarera bertaratuaz). Artsalde on, Andoni.

ANDONI: (Batera ta bestera begiratuaz) Terese! Nun zaude?

TERESE: (Par egiñaz). Emen, gizona, emen; sarearen atzean. Ezagutzen da, monjatxoak ikustera jauna ez dagola oitua.

ANDONI: Ezin al dezakezu zapia alde batera ir¡k¡.

TERESE: Ez, bakarrik ez nagolako. Ezetz asmatu nor dagon nerekin? Nere Ama.

ANDONI: Sor Ione?

TERESE: (Monjari, zerbait alaiturik, berak asmatu dulako.) Ikusten al du! (Andoni'ri) Sor Ione bera. Emendik zu ikusten egon gera, eta esaten du oso mutil jatorra zerala.

SOR IONE: Ene Jainkoa! Berritsu onen gauzak!

TERESE: Ez izutu, Ama, neri ala iruditzen zait-eta.

ANDONI: Ez didazu bada beñere esan.

TERESE: Ba-dakizu, emen barrenean, ez nazu ikusten-da ez dit lotsik ematen. Begira, esan bear degu etorri zerala: bañan lenbizi nere Amar¡ zerbait atsegin esan bear diozu, orrela aboa itxita baldin ba-zaude; nik zuretzaz esan ditudan gauzen ondoren, gaizki utziko nazu.

ANDONI: Zer nai dezu esatea?

TERESE: Biotzak agintzen dizuna.

ANDONI: Nik ez dakit ordea monja bati, biotzak orrela eskatuarren, esan ote zaioken asko maite detala.

TERESE: Esango etzaio ba! nik egunero millo¡ bat aldiz esaten diot.

ANDONI: Or dijoazte ba, bi milloi aldiz, jakin bear dualako monjatxoak, ezin maite ditekela Terese, berori maitatu gabe.

TERESE: Nik detan ama au urrea dalako!

SOR IONE: Ai ene! (Lotsaturik bezela) Nik ere zure aldeko naitasuna ba-det, jauna, nexka onek zure alde jarri nauelako. Bera zerbait itxutua dago, ez da arritzeko. Munduko berri ez daki, eta guk zer erakutsiko giñion? Orain zuk urruti daramazu... etzaiguzula osoro eraman.

ANDONI: Nik agintzen diot bere biotzean ipiñi dioten gozotasunaren aurrean beti belauniko egongo naizela.

TERESE: Bai, esan diot bada, Ama, oso ona dala.

SOR IONE: Jainkoak zoriontsu egin zaitzatela. Eta gelditu zaitezte Jainkoarekin, Amaren billa noa-ta.

ANDONI: Bañan, etorriko al da berriz?

SOR IONE: Beste guztiakin... Ala uste det... Artsalde on... Poz aundi bat izan det zu ezagutuaz.

 

(Sor Ione ateratzen da. Terese burnisarearen aldamenean ixillik gelditzen da, monjak alde egin arteraño).

 

ANDONI: Orain zapia kendu dezazuke alde batera.

TERESE: Pixka bat, bai (Zapia alde batera irikitzen du). Bañan zuretzat berdin da, ez nazu ikusten da. Zure gogokoa al zaizu nere Ama, egitan, egitan? Zergatik zaude orren illun? Zer darabilzu buruan?

ANDONI: Ez dakit; emen nagonetik, Ama or itzegiten entzun detenetik, eta antz emanaz sare orren atzean zaudela, nun zauden ikusi gabe, ia bildur ematen dit zu maitatzeak; bañan ala ere ez dakizu zenbat maite zaitudan!

TERESE: Ala ere.

ANDONI: Terese?

TERESE: Zer?

ANDONI: Ez al zera emengo paketasunaren bear izango?

TERESE: Zure ondoan?

ANDONI: Ba-dakizu emendik kanpora ainbeste alperrikako zalaparta ateratzen degu! eta zu, orain ezagutzen det, ixiltasunera oitua egongo zera.

TERESE: (parrez) Ni ixil-zale! Egun guzian ardallan aritzen naiz-ta. Esaidazu egitan, ez al dizu lotsik ematen onelako emakume ezjakiñak?

ANDONI: Ezjakiña ala jakintsua?

TERESE: Jakintsua ni, zertan?

ANDONI: Nik lenago ez nekien eta orain zuk erakutsi didazun gauz batean.

TERESE: Par egin zazu orain!

ANDONI: Benetan: zu arkitu zaitudan arte ez det nere burua ezagutzen ikasi.

TERESE: Ba-datoz.

 

(Terese burnisaretik urrutiratzen da, zupia itxi ondoren. Monjak ixilik, sartzen dira, lerroka, lenbizi gaztenak eta azkenik Irakaslea, Buruordekoa eta Lekaimeburua. Au eseritzen da burnisarearen ezkerrean; Buruordekoa eta Irakaslea, eskubian. Besteak zutik gelditzen dira, sallean. Terese ere zutik, Lekaimeburuaren esertokiaren aldamenean gelditzen da. Sor Ione'k eskutik eltzen dio. Sartu eta eseritzean ixilik ibilli bear dute. Guziak jakinalaz bezela dabiltza, eta batzuek besteai irri-parrez daude; ixil une bat ondoren).

 

LEKAIMEBURUA: Agur Miren txit garbia! (Andoni'k zapiaren tarterik zerbait ikusi naiaz, ez du erantzuten. Lekaimeburuak monjai begiratuaz, irri-par egiten die). Artsalde on, jauna.

ANDONI: Artsalde on, andre edo andreak, sare onen ezkutapenaz ez dakit-eta bati ala askori itz egiten diotan.

 

(Monjak irri-parrez daude).

 

LEKAIMEBURUA: (Ixil-xamar) Iriki zazu zapia, Inese aizpa. (Inese'k zapia irikitzen du. Andoni'ri:). Guzioi itzegiten diguzu eta poz aundia degu zu ezagutuaz.

ANDONI: Poza eta atsegiña nereak dira, beok uste dezaketen baño aundiagoak.

INESE: Bai atsegiña, e?

ATEZAIA: Eta mutil jatorra.

INESE: Ixo, ea zer esaten dun.

ANDONI: Aspalditik negon beok ikusteko gogotan; Terese'k ba-daki eta esango zioten.

LEKAIMEBURUA: Bai, bai, alaxen da, eta eskerrak ematen dizkitzugu zure gogo onagatik.

ANDONI: Bañan errira etorri nintzan lenbiziko aldian Abendua zan eta bigarrenean Garizuma, eta Terese'k esan zidan bi alditan beok ikusterik etzegola.

BURUORDEKOA: Penitentzi-alditan ez degu iñor artzen.

ANDONI: Orain ordea Maiatza da eta Pazko-aldia.

IRAKASLEA: Orra, bai ederki dakila egutegia. Eliz-zalea al zera?

ANDONI: Bai, andrea; eta baita aldaretan ez dauden santu batzuena ere.

INESE: Ai, santuk, santuk, ori orrela ba'litz!

ANDONI: Emendik eun urtera zuen izenean kandelak erreko dituzte.

ATEZAIA: Ja, ja, ja!

IRAKASLEA: Emendik eun urtera? Eun urte Purgatorioan egon bearra ematen al diguzu?

ANDONI: Ez, andrea, ez! Eun urteko bizitza, eta ondoren zuzenean aingeru artera.

LEKAIMEBURUA: Ba-dakizute jolas-zalea dala gure Andoni jauna?

ANDONI: Ez naiz ari jolasean, ez. Eriotzaz gogoratzen naizenean ez dakite beok zer lasaitasuna etortzen zaidan ainbeste esku zuriek zeruko atean bultzatuko didatela gogora ekartzean. Uste det, noski, etxekoak bezela geradenoi lagunduko diozutela.

SOR IOSUNE: (par egiñaz). Etxekoak!

BURUORDEKOA: Guziok Jainkoaren seme-alabak gera!

ANDONI: Bañan ni bi aldetatik izango naiz, beon suia bezela, beok bere emazteak dira-ta.

BURUORDEKOA: Tira, tira, Jainkoaren gauzaz ez jolastu.

ANDONI: Ez, andrea, ez. Eta barkatu bitzaizkidate esan ditudan txorakeri guziak, bildurragatik esan ditut-eta.

IRAKASLEA: Bildurra ematen al dizugu?

ANDONI: Bai, andrea, asko, nik dieten begirapen eta maitasunagatik. Onera etorria naiz beñere baño izutuagoa, ez dakit eskerrak ematera ala barkapena eskatzera.

LEKAIMEBURUA: Barkapena?

ANDONI: Bai, beok ematen didaten gauz ederraren gai ez naizelako.

LEKAIMEBURUA: Sendagilleak esanda ba-dakigu gizon ona zerala.

IRAKASLEA: Eta argatik gure nexkaren maitasuna. Etzuen noski gure Jaunak, bere bildur santuan azi ta ondoren, gizatxar batetzaz txoratzea.

ANDONI: Gizatxarra ez naiz, bañan gizona bai, eta beok beren biotzeko gogo guztiaz, zerurako lore bat azten aritu dira. Ezagutu nuenean, biotzak esan zidan gauz arrigarri bat arkitu nuala; itzegitera ausartu nitzanean, ikara aundi bat sartu zitzaidan; nere naitasuna esan nionean, nere barrenak belauniko jartzea agintzen zidan, eta orain nere zoriona beoi eskatzera natorrenean, nere esker onaren ordañez ez dakit zer agindu eta nola eskerrak eman.

BURUORDEKOA: Ba'liteke zuk uste dezun baño geiago ere izatea, Andoni...

IRAKASLEA: Ama...

BURUORDEKOA: Utzi zaidazute itzegiten. Ondo dio. Nexka ez da bere edertasuna bakarrik daraman txoriburu bat. Ezer ez dun bat ere ez da. Gauz aundirik ere ez darama; beartsua da; bañan urreak eta zillarrak baño obe dan gauz bat ba-du, eta au izan da guk eman genikiona, Jainkoaren bildurra. Uste degu berari eta izaten dituzuten ondorengoai, Jainkoari onela ongi ba-derizkio, bildur orretan jarraitu-aziko diezula.

ANDONI: Terese bere asmo onen jabe beti izango da, eta nere etxea eta nere seme-alabak berak nai duen bezelakoak izango dira. Nere itza ematen diotet!

LEKAIMEBURUA: Etzaizu damutuko, emakume begiratua da-ta.

BURUORDEKOA: Eta ez da batere izukorra, zerurako azi baldin ba-degu ere, etzaigu beñere gogora etorri konbenturako izango zanik.

SOR IOSU'REN MIREN: Orain urruti al zoazte?

ANDONI: Bai, andeea; bañan, gaur ezer ez dago urruti munduan. Datorren astean ontzia artuko degu; Ameriketara goaz, antxen nik lan egiteko asmotan.

LEKAIMEBURUA: Bai, bai, ba-dakigu...

ANDONI: Argatik izan da laixterka ibiltzea. Nik ez nun bakarrik joan nai.

ATEZAIA: Zoratu egingo da itxasoan. Zaindu zazu ondo.

INESE: Eta izerditzen baldin bada ez utzi ur otza edaten, bera ortara zalea da-ta. Eta oztuta eztulik egiten ba-du, artu dezala kutxarekada bat ron azukre askorekin, orrek bakarrik izerdia atera-azten dio-ta.

TERESE: Ori nik egin-aziko diot.

INESE: Bai, bai, ona zera zu. Eriotzako garaian ere etzenduke ezer eskatuko-ta!

LEKAIMEBURUA: Tira, utzi zaiozute pakean, berak ba-daki zer egin bear duen.

ANDONI: (Irri-parrez). Obe izango da guzia papertxo batean jartzea.

ATEZAIA: Ja, ja, ja! Ederki esana!

SOR IOSUNE: Eta zenbat egunean joan bear dezute itxasoz?

ANDONI: Bi astean.

SOR MARKELE: Orrenbeste? Eta ekaitzik baldin ba-dezute?

IRAKASLEA: Gutxieneko beste amabost egun bearko dituzte zuen berriak onera irixten.

ANDONI: Legorreratzen geranean urrutizki bat bialduko degu, eta itxasoaren erditik bestea, eta onela jakingo dute egun berean nun gabiltzan.

INESE: Jairikoaren Ama! Itxasoaren erditik ere bialtzen al dituzte orain berriak? Itzak nundik datoz?

TERESE: Egan, txorik bezela.

INESE: Gizonak sortzen dutena! Ni munduan nitzanean burnizko aritatik etortzen ziran, eta etsaiaren gauzak iruditzen zitzaizkigun.

ANDONI: Ez uste bada, ba'liteke asmaketa oietan berak zerbait izatea.

INESE: Bada-ezpada obe izango da papera etortzean ur bedeinkatuaz bustitzea.

LEKAIMEBURUA: Ai, Inese aizpa, ez izan ain siniskorra! Ez al diozu antz ematen guzia jolasa dala?

BURUORDEKOA: Onezkero bostak izango dira. Zure aitajauna laister emen degu.

ANDONI: Ez nuke nai geiago galazten egotea.

LEKAIMEBURUA: Ez dezu galazten, bañan bostetan itxi bear degu.

ANDONI: Barkatu bear didate oker egiten ba-det, bañan esker bat nai nuke.

LEKAIMEBURUA: Gure eskuan baldin ba-dago...

ANDONI: Dirudienez, beok zapia alde batera jai ba-dute ere oraindik sare orren atzean neretzat illunpe aundia dago, eta pekataria izanarren ez nuke joan nai beoi arpegia ikusi gabe. Asko eskatzen al det?

LEKAIMEBURUA: Gaur, emateko eguna da. Iriki itzatzu zapiak, Terese.

 

(Terese'k zapiak irikitzen ditu,
izketatokia argiz beteaz)
.

 

ANDONI: (makurtuaz) Zer da au!....

BURUORDEKOA: Zer iruditu zaizu?

ANDONI: Ez naiz aztuko bizi naizen artean.

LEKAIMEBURUA: Zoaz bada Jainkoarekin eta urte askoan bizi. (Terese eskutik artuaz). Eta emen dezu Terese. Ematen dizugu gure maitasun guziz... eta oso zoriontsu egin zazu.

ANDONI: Nere ustez oso zoriontsu izango da.

LEKAIMEBURUA: Jainkoak lagun degizutela.

IRAKASLEA: Terese'k gure izenean eskapulario batzuk emango dizkitzu; monjatxoen erregaloak. Ez dute ezer balio, bañan gure aita Domeka deunaren ezurren kondarrak ikutuak dira. Gaurko eguneko oroipentzat gorde itzazu.

ANDONI: Gordeko ditut. Agur, eta laister arte. Beren otoitzetan nitzaz gogoratu ditezela.

BURUORDEKOA: Eta zu etzaitezela aztu bein edo bein otoitzak egitea; zeruko bidean guziok alkar lagundu genezaioke, bañan lenbiziko indarrak, geok bakarrik eman bear ditugu. Zoaz Jainkoarekin.

ANDONI: Agur guzioi...

 

(Ateratzen da. Atera bezin laister neskameak, izketatokiko kanpo-aldean sartuaz leioak ixten ditu Monja batek burnisareko zapia ixten du. Ixillune bat eta monja batzuek esaten dute: «Jauna! Jauna! Jainkoaren gogoa izan dedilla!» Kanpana bi aldiz entzuten da).

 

BURUORDEKOA: Ez al nuan nik esan? Or da zure aitajauna.

 

(Terese'k, monjen erdian dagola, illundurik begiratzen die. Atezaia atea irikitzera dijoa)

 

LEKAIMEBURUA: Datorrela onera.

 

(Sendagillea Atezaiaren besotik sartzen da;
oso zarra dago, bañan ez eroria ta makurtua)
.

 

SENDAGILLEA: Artsalde on... artsalde on, nexka.

TERESE: (eskuan muñ egiñaz). Artsalde on, aitajauna.

SENDAGILLEA: Billera aundia... agur egiteko, e?... Jaun ori ikusi al dute? (monjak ez dute erantzuten). Mutil ona; ez al da ala?... Atean zai dago, eta ordubeteko bidea degu trena artzeko, beraz, gertu zazu guzia lenbailen. (Terese Sor Ione'rekin irtetzen da). Kutxatxoa ere, e? eraman zazuteke ateraño, an dago jasoko duna-ta. (bi edo iru monjek kutxa ezkerreko atetik ateratzen dute). Ori da. (Lekaimeburuaren esertokian esertzen da). Zer diote?

LEKAIMEBURUA: Ikusten duna.

IRAKASLEA: Nork esango zigun orain emezortzi urte!

SENDAGILLEA: Emezortzi urte; zartzen ari gera, Ama Agurgarria.

LEKAIMEBURUA: Ori da gutxienekoa.

INESE: Zenbat urte ditu?

SENDAGILLEA: Irurogeitazortzi.

INESE: Ez luke iñork esango.

SENDAGILLEA: (Par egin-arazi naiaz, monjak pixka bat alaitzeko). Santutasunean gordea nagolako. (Bañan monjetatik iñork ez du par egiten).

SOR MARKELE: Zer egingo degu ba!

SOR IOSUNE: Ez da ezkondu gure elizatxoan!

SENDAGILLEA: Andoni'ren ama zartua dago eta gaxo arkitzen da, eta, noski, eskatu du ezkontza bere etxean egitea.

LEKAIMEBURUA: Jakiña da. Emakume gaxoa! (Geldiunea).

IRAKASLEA: Orren urrutira joatea ere!

SENDAGILLEA: Etorriko da, etorriko da!

LEKAIMEBURUA: Berak, munduko ezer jakingabe...

SENDAGILLEA: Ez ikaratu; bere gizona zintzoa da.

BURUORDEKOA: Ala dirudi.

 

(Sartzen dira Terese eta Sor Ione. Ezagun da biak negar egin dulela. Terese ioillaldiko eran dator. Gelaren erdian gelditzen da agur egiteko bildurrez).

 

SENDAGILLEA: Gertu al zaude?

TERESE: Bai, jauna.

SENDAGILLEA: Agur egin zaiezu bada, berandu da-ta.

LEKAIMEBURUA: Bai, bai, ez itxoegin-azi geiago.

TERESE: (Lekaimeburuaren oñetan belaunikatuaz eta eskuan muñ-egiñaz.) Ama...

LEKAIMEBURUA: Jeiki zaite, nere alaba.

TERESE: Bedeinkatu bear nau, Ama.

LEKAIMEBURUA: Jainkoak bedeinka zaitzala, bai; bañan jeiki zaite.

 

(Jeikitzean Terese, Lekaimeburuak laztantzen du).

 

TERESE: Ama... Nik ez dakit zer esan... nik ez dakit emendik joaten. Barkatu zaidazute guziok ainbeste urtean nik egin dizkitzutedan okerrak. Zoroa izan naiz; ainbeste lan guziai eman diet... Barkatu zaidazute. Zerbait aundia egin nai nuke beon aldez... Jainkoak ordaindu bitzatela, Jainkoak ordaindu bitzatelal (Negarrez asten da).

LEKAIMEBURUA: Tira, Tesese, ez orrela negar egin, ez larritu.

TERESE: Ez naiz larritzen ez... bañan... Ama, nik ez ditut beñere aztuko... eskatu bezate nere alde... ez aztu beñere nitzaz!

LEKAIMEBURUA: Bai, nere alaba, bai; eskatuko degu Jainkoak lagun zaitzadan. Zuk, ezer egin baño len, iritzia eska zaiozu, gaurko egunean munduan dagon azkatasuna ume baten eskuan dagon ezpata bezela dala ba-dakizu-ta, eta bizia askotan zala ta garratza da.

IRAKASLEA: Eskerrak berak biotza sendo daukala etorri al zitzaioken guziari arpegi emateko. Ez al da egia, alaba?

TERESE: Egia, Ama.

LEKAIMEBURUA: Beti zintzo ta ona izango al zera?

TERESE: Bai, Ama, bai.

BURUORDEKOA: Ba-dakizu beartuagoa zaudela Jainkoaren etxetik ateratzen zeralako.

TERESE: Bai, Ama, bai.

LEKAIMEBURUA: Euki itzatzu gogoan eman dizkitzun esker ugariak; gogoan euki zazu zure bizitz guzia gauz arrigarri bat bezela izan dala; bizi izan zerala iñor bizi ez dan bezela, azi zerala iñor azten ez dan bezela; Ama Birjiña bezela, elizaren barrenean.

IRAKASLEA: Ebanjelioan bezela, Jainkoa izan da zure aita eta ama beste iñorentzat baño geiago.

LEKAIMEBURUA: Euki zazu gogoan bere baratzako arrosa zerala eta bere intzentsu-ontziko intzentsu-koxkorra.

TERESE: Bai, Ama; guziaz gogoratuko naiz, beti guziaz...

IRAKASLEA: Ez aztu gabero zure pekatuen gogorapena egitea.

TERESE: Bai, Ama.

SOR IONE: Berri onak maiz bialdu gero.

TERESE: Bai, Ama. (Sendagillearen besoetan sartuaz). Aitajauna, ez bitzala utzi!

SENDAGILLEA: Nere alabatxo maitea! Berak ez nazatela utzi. Bañan au nere etxea da-ta! Berrogei urte baño geiagoan egunero-egunero emen sartu naiz. Ni baño zarragorik etxe ontan ez da. Seme-alabik ez det. Iñoiz iñor maite izan ba-nun ainbeste urte da ori ere! Nere maitasunak aztu ziran!... Eta zuretzat ama izan diranak, neretzat alabak dira. Nere aurrean ez dute arpegia estaltzen. Zertarako? Iruditzen zait neronek jaiotzen ikusi ditudala. Emen barrenen (Biotza erdibituaz) il nai nuke, berak nere begiak itxi ditzaten...

IRAKASLEA: Bañan, sendagille jauna, nork itzegiten du eriotzaz?

LEKAIMEBURUA: Zoazte, zoazte!

TERESE: (Guziai bat banaka begiratuaz). Ez al didate laztan bat ematen?'

 

(Monja guziak, Lekaimeburuari begiratu ondoren, baimena eskatzen bezela, laztantzen dule, ixillik: Sor Ione'k bakarrik, laztantzean, esaten dio:)

 

SOR IONE: Nere alaba maitea!

LEKAIMEBURUA: Arkitu dezazula, munduan billatzen dezuna, onela uste degu ta Jainkoari orrela eskatzen diogu; bañan orrela ez ba'litz emen dago zure konbentua.

TERESE: Eskarrik asko, eskarrik asko...

SENDAGILLEA: Goazen, Terese, goazen...

 

(Irtetzen dira Sendagillea eta Terese; bañan au atetik berriz ba-dator Sor Ione laztanduaz. Gero badijoa. Sor Ione'k burua burnisarean ipintzen du, negar egiñaz ixilka. Ixillunea. Kanpana entzuten da elizara deituaz).

 

LEKAIMEBURUA: Korura deitzen digute.

IRAKASLEA: Goazen.

 

(Guziak samiñez ateratzera gertutzen dira. Buruordekoak au ikusiaz, piztu nai du guzien erori-aldia: bera ere onela dago, bañan sendoa agertu nai duen abotsez, negarrez bezela egonarren esaten du):

 

BURUORDEKOA: Itxoegin pixka bat: ikusi det batzuek... otoitzak egitean... ez dutela bear bezela bertsua ebakitzen, eta berriz, azkenengo itzak luzegiak egiten dituzte. Ez neri orrela egin, ba-dakizute guziok gure otoitzen edertasuna dagola, batez ere, geldiuneak ondo egitean eta azkenak ez luzatzean. Goazen ara.

 

(Barrenen entzuten dira zaldien txiliñak. Monjak asten dira joaten. Zapia jeisten asten da monjak dijoazten bezela. Sor Ione bakarrik gelditzen da esertoki batean eroriaz, saminki negar egiten duela).

 

ZAPIA JEISTEN DA

 

aurrekoa