ILLEKO BERRIAK LIZARDI'tar XABIER Au da euskel-aldizkingi ta egunkari guziak eman diguten berri samiña: Lizardi'tar Xabier il da! Bai, Agirre'tar Joxe Mari, 1933'ko Epailla'ren 12'an Jaunak bereganatu zuan. Berri onek, ziñez, Euzkadi osoa mindu ba'du gu «Antzerti»'ko lagunak biotz-biotzean zauritu gaitu. Beltzez jantzita gatoz gure atsekabea nolabait azaltzeko. Gizon aundi bat galdu degu, biotz zabal ta adimen argikoa; lankide burutsu ta ertilari goitarrenetakoa; adiskide maite-maitea. Lanerako, Jaungoikoa ta Aberria'ren alde, beti zegon gertu ta «Antzerti»'ri, asieratik sortu aurretik eskeñia zion laguntza. Izena ere ari zor bai-dio! Nola agertu ez gaur gure naigabea? «Antzerti»'k igaz Lizardi'ren «Laño ta Izar» deritzan ipui antzezgarria argitaratu zuan. Lan bikain, berri ta ertitsua. Zor diogun beste oparia «Bi Aizpak» parantzeratik Lizardi'k itzulitako antzerkia da. Au ere gure aldizkingiak igaz emana. Antzerki atsegin eta sakona edertasunez betea, oraindik zenbaitek oartu ez'badituzte ere. Euskerapena berriz, ezin bigun eta zeatzagoa. Bi aizpen arteko «ikako» izkera ondo baño obeto egiña dago. Lizardi'rentzat euskerak eskutapen gutxi bai zuan, ta idaz-lanetan beti zan maisu ta irakasle aundia agertzen zaigu. Bijoa itz auetan gure adiskide Agirre'tar Joseba Mirena'n ganako, esker on ta Antzerti'ren oroimen aztueziña. Irakurleai otoitz bana eskatzen diegu aren gogoa Goiko Jaunak Berekin bezan. * * * Oroigarritzat Jauregi'tar Koldobika olerkari yayoak Lizardi'ri opa dion olerki xamur ta goi-argiz betea argitaratzen degu. Omen aundi bat da gure aldizkingiarentzat. ZURE OROITZ (Lizardi, olerkari ta adiskide zanari, maitez ta naigabez). Irten biotz-kabitik, bertso negartiak, bertan ito baño len negar-iturriak. Udaberri-aurreko enara gaxoak il-obi bazterrean negarrez jaioak...! Zure oreitz, Lizardi, ta zuri begira sortu zaizkit, ta zutzat bakarrikan dira. Il-obian zurekin bizi nai lukete... Emaiezu txoko bat, zu esnatu arte. Biotz-oiuak dira eta adiskide-oroitza, olerkari-agurra eta apaiz-otoitza. Baña illeta eresi miñena, gordeta daukat barnean, itzez ezin esan-eta. Ba-dakizu biotz-min sakonak, bertsotan, olerkariak ezin abestu askotan. Oiek ere entzuteko, baña gaur zera gai poesi-itxas-erdian baizaitugu alai. Entzun-ba, nere baitan, min-eresi ituna biotzak negar-malkoz abesten dizuna. Au nere biotzaren utsune samiña...! Au bai naigabearen min etsi-eziña...! Nere biotzak ainbat zinduela maite, adiskide, neronek ere ez nuan uste. Gogo barnekoa izan gure maitakuntza, eriotzak azkatu ezin dun estuntza. Aldiak itzaliko ez dun maite-sua, geroak sendotzen dun besarka estua, Ixil-unetan biok mintzatu gaitean, alkar poztuaz orain eztizko otoitzean. Gero ortxe nauzu laister zabalik besoak: olerkariak zartuz ez gera iltzekoak. Ez egin, bada, negar, ene biotz-bera, sinismenik ez duten gaxoen antzera. Emazte maitalea, txukatu makoak: ez dira negargarri Zeruko gogoak. Semetxoak, begira goruntz arratsean... Antxen dago aitatxo Zeru ederrean. Zarautz eta Tolosa, Euzkadi osoa... Goruntz jaso biotzak ta alaitu gogoa: lagun bat geiago gaur guk Jaunaren aurrean, bultzagai bat Euzkadi'k zorion bidean. Euskera gaxo orrek bai, zuk egizu negar: lurrean auzpez egon atsekabez dar-dar. Txindor bikañagorik berriz gizalditan Jaunak ez du sortuko zure basoetan. Bere ereskiña an dago negarrez txokoan. Nork ote du artuko maiteki altzoan ta kantarazi berriz abesti samiñak, biotzondo sakonak t'eres atsegiñak? Ixildu da betiko ereskin bikaña, eusko-mendietako txindor atsegiña... Jaunak eman zigun ta Jaunak kendu digu, Naigabez zure naia, Jauna, gurtzen degu. Altzo'n, 1933-III-19'an Txanton Piperri Zapirain ereslari ta Alzaga antzerkigillearen «Opera» euzkotarra, berriro antzeztu zuten «Donostia»'ko Euzko-Etxea'koak, bertako «Victoria Eugenia» antzokian Deun Joseba'ren egunez. «Txanton Piperri»ren «reprise» au, ezpairik gabe, beñere izan zuan antzezkizunik onena bezela jo omen diteke. Bai, abeslarien aldetik, bai jantzi, ta azalpenaren ederragatik: orobat orkesta, antzezlaritalde ta beste zer-nola guzietatik. Apaimen berezi bat zor zaiote Etxabe'ren anderea, (soprano) Kortajarena (baritono) Ezeiza (tenor) ta batez ere Olaizola (bajo) ertilari aundi ta abes-batzaren zuzendari ospetsuari. Orkesta'ren buru Zaldua'tar Bernarta'k ekin zion. Itz gutxitan esanda: garaipen oso-oso bat poz ta atsegiñez bete arazi zuna «Victoria Eugenia» gañezka zegon-gizatalde izugarria. Txaloak ta atsegin-agurrak eten gabekoak izan ziran. Zorionak bein ta berriz! Bigarren antzezkizuna jorrailla'ren 2'g.rako gaztigatzen dute, antzoki berean. Gero berriz, Bilbao, Gazteiz eta Iruña'ra joango ote diran susmurra dabil. Zale |