LENENGO EKITALDIA 1916'gn. urteko udan. Sukalde bat; zolan, kanporako ate-leioak; ezkerrean beste ate bat; eskuian, subazterra; tximinitik zizpa (eskopeta) zar bat zintzilik; an-emenka, mai, alki, zizellu, apala, erloju ta gañerakoak. I. PIARRES: (Soldadu jantzian, zutik, illun eta itun, inguruetara begiratu luze batzuek bialduaz, geldi-geldi ari da bere gudari-bidezorroak itxitzen). Ez zekiat... Bildur nauk ez ote-nagoen azkenengo aldiz gure sukalde-bazterrari begira... Eta berriz inpernu artara itzuli bear naizela?... Ai, ez banintz sekula lizentziaz etorri... IÑAZIO: (Etxeko soñekoz, oski edo zapatak lotxeari utzita). Zer nai dek, Piarres! Amar egun igaro dituk emen, beti goxo-goxotan, ire emaztearekin, ire semearekin, gu guzion artean... PIARRES: Bai, eta orain utzi bear dizkiat oro. Eta alare, gisa onean balira emengo inguruak!... Baña nere Gaxuxa oean gaxo, nere Yoxetxo maitea aurtxiki baizik ez, gure aita zarra bakarrik lanerako, Beñat gure morroea ori ere ez gazte... eta joan egin bear! Zorioneko guda dala-ta, joan egin bear! Arraietan, gerra nai zutenak, egin zezatela berak! Gu ordea zer dala-ta? gu nekazariok beti an aurrean suan, nekazariok beti neketan! IÑAZIO: Ori esak, izan ere. Erriko langilleak beti aisa ta aukeran, sekulako diruak irabazten dizkielarik...; eta gu, nekazariok, gu beti arriskuan, ori ez duk zuzen!... PIARRES: Eta ik alare ez duk emazterik, ez duk aurrik. A! Joan dan astean kontrabandoetan mugaz bestaldean izan nintzanean, bertan gelditu ba'nintz ere! (Esanaz damuturik) Ez, olako joko txarrik ez! joan-bear onek nasten ziak burua. Ordua diat... Beraz ikus arte, Iñazio. (Eskua luzaturik urreratzen zaio). IÑAZIO: Esak, Piarres, ago ixtante bat. Baduk asti... PIARRES: (Erlojuari begiratuaz) Zer? Asti? An bidean, Domingo gizajoa ere an zegok nere zai. IÑAZIO: Nai aldek nerekin etorri? PIARRES: Nora? IÑAZIO: To! Gerraz ase nauk ni ere. Gaur Naparroa'ra joatekoa nauk Leizarre'ko Mitxel eta Intzaborda'ko Leon'ekin; auek kontrabando puxka baten billa, eta ni... PIARRES: Eta i?... IÑAZIO: To! Bertan gelditzeko. PIARRES: Ez balinba, Iñazio! Ez duk ori egingo! Jainko Jauna! Zer lotsakizuna etxearentzako! Aitak ez dik aditzen! IÑAZIO: Zer darasak lotsakizun ta izena galtzea? Lenenik bizia, Piarres, lenenik bizia... Gero gañerakoa! Zer? berriz Verdun'go izugarriak ikusi? Zer? An, erdi illik, egunak eta gauak igaro, jan-edan gabe, euri ala aterri? balen erdian, kañoi-erauntsien erdian? beti lurpean, ordu guziez betiko bertan lurperatuta gelditzeko arrixkuan?... Ez, ez! Aita, ango berri baldin baleki, bera litzake lenen joan gabe gelditzeko esaten. Ez, ni eniak berriz gerrara. Asea nauk, eta gañezka! PIARRES: Ba, Iñazio, antxe diagu gure eginbidea. Gogora ezak zertara litaken Frantzia, soldadu guziak ik bezela egingo balute. Alemana nagusituta, zer elitzakek gero izango gure zoritxarra? IÑAZIO: Ez beintzat oraingoa baño txarragoa, Piarres. Ez, ez! Guk ikusitako guzia ikusi, eraman dizkiagun oñaze guziak jaso... eta orain, itsuskeri oiei guziei betiko igesegiteko zenbait urrats (pauso) ematea baizik ez bear, eta emen gelditu?... PIARRES: Eta beste frantsesak... IÑAZIO: Beste frantsesak? Zenbat aldiz ez diek nik bezela aditu gure soldadu-lagunai, Frantzia barru oietako zar gazte geienai guri esaten. «Zer? Españia'tik orren urre-eta, ez dezue iges-egiten? Ero ederrak zerate. Gu, zuek bezela bagiña, an giñake guziak beste aldera»! Orra zer ajola duten! Nere gogoetak egin dizkiat nik ere. Ni gaur bertan baniak, eta biar, goxo-goxo, an esnatuko nauk Elizondo'n, Verdun'go suetatik urrun. PIARRES: Eta gerokoa? IÑAZIO: Gerokoak gero, Piarres! Alde guzietan baduk lana. Beso ta zankoak sendoak dizkiat, osasun ona. Eta bestalde, gure Mendixuri'ko osaba Erramun ez ote duk an, Loiola-aldean? Ez ote-dik ark eskualdi baten bearrik? Eta ark artzen ez banik, besteen batek artuko nik bein lanerako. Errex arkituko diat bai nere egunoroko ogia nola irabazia. Eta bein ara ezkero, inguratuko alnauk nonbait ere guda izugarri au amaitu arte. PIARRES: (bere buruari bezela) A! izan ditekela olakorik neretzat ere! (Goraxeago) Baña nere Gaxuxa, nere semetxoa, nolaz utzi bakarrik bein-ta-betiko? Nolaz bizi auengandik aldendua? IÑAZIO: (ezti-eztia) Gizajo mutikoa! ez duk millako bat ez ori! Ez ote lukek errex, Gaxuxa sendatzean, ¡re familia poliki-poliki ara biitzea? Baditut bai an ere nekazari-etxeak, elkarrekin doatsu lanean aritzeko aukerakoak. Bestenaz ere, dena dela, an eraman bearko diagun bizitza, beti gudukan aritzearen aldean paradisua izanen duk. Emaztea, Yoxetxo eta aita ikusi al izango ditut noizbeinka badere... Gerrara itzultzen ba'aiz, badakik ireak berriz ikusiko dituanik? (Orain Piarres, garraiturik jartzen da; Iñazio'k sorbalda unkitzen dio) Goazen, Piarres, bagaituk! Ator nerekin. Biar Naparroan doatsu izango gaituk! PIARRES: (burua eskuen artean ipaka) Nere Gaxuxa, nere Yosetxo... aita gizajoa... (Ordurako ixil-ixilik atzeko atetik sartu da Domingo, gudari jantzian, bidezorroak soñean. Iñazio'ren azken palagu-itzak entzunik, badijoakio xuxen eta erne). II. DOMINGO: Zer esan duk? Iñazio, non duk biotza ola mintzatzeko? Ez zaiok olakorik esaten gudara berriz abiatzeko dagon gizon bati... Erotu aiz, nik uste. Egiazko euskaldun batek bestera egiten dik olakoetan. IÑAZIO: Egiazko euskalduna Euskalerrian egoten duk. Eta obe duk ixildu, alperrik jardun gabe, Domingo. Nik aspaldion nere gogoetak egiñak dizkiat-eta. DOMINGO: A gizajoa! Betiko Iñazio berbera aiz bai i! Buru-gogor, eginbidearen bildur! Ez au adiñak, ez gerrak batere aldatu. Len bezela orain ere, ire gogora ibiltzea maite, bide zuzenak gorroto... A! bazekiat ezingo autana ire asmo txarretatik atera. Egizak bada nai dukana. IÑAZIO: Ire baimenik gabe, segurki eta alere. DOMINGO: Oa, oa Naparroa'ra. Badakik aruzko bidea; onuzkorik izango dukanik ba-aldakik? eta an zertan ariko aiz? Ezer onetan ez. Yainkoak eginbideari uko-egiten dionari ez ziok lagun-egiten. Eta nork naiko dik i bezelako langillerik? Nor bere erritik igesi dijoana ez ote duk berdin gertu... lanari ere tiro emateko? IÑAZIO: Esak, misiolari ederra, lan andiak egiten dizkie ba an ala, an gerran errekaz-erreka, xagu goseak bezela biziz? DOMINGO: Misiolari ala biziolari, frantses guzien ondasunak, gureak barruan dirala, zaintzen dizkie aiek! Dena dela, ire mugaz-andiko bizitza, ire egitekoa duk. Nai badek emendik betiko urrundu, ire aita zarraren biotza betiko autsi, eorrek ikus! Baña zertako, zer zuzenez ari aiz ola, anaia durdutzatu naiaz, bide onetatik baztertu naiaz? Zertako balia ordu negargarri ontaz? Etxeko guziengandik berexteak naikoa illundu ta iñarrosi duen biotz gartsu bat ola nastea, ez duk ori gizon baten lana, Iñazio! IÑAZIO: Eta ik zer eskubide duk niri ola itz-egiteko? Zertako eraman nai duk gure Piarres? Eta zertara? burua austera? Erraz esaten duk ik! Noski: ez duk emazterik, ez duk aurrik... PIARRES: (bien artean landaturik) Ago ixilik, Iñazio. Domingo zuzen ari duk. IÑAZIO: (Arritua) E!... Baduk bururik? PIARRES: Aitamak uzten dizkik onek ere; eta ez duk agian gogorrean ari; adiskide-gisa ari duk. IÑAZIO: Adiskide pollita! PIARRES: Bizia zor zioat, aldakik? Esan diat lenago ere nola an, Douaumont'go guduka ikaragarri artan bizirik lurpean il-zorian egon niñuan bein batez. Ondo bearra izan nian nik an Domingo! Ango balen txistuen erdian, alemanen kañoiak egiñalean orroaz ari ziralarik, bere zulotik erten-eta, ordu bete osoa, beti arrixkuan, an ari izan zitzaikan lurra kendu ta lurra kendu... (Domingo'ri) Oroitzen aiz, to? DOMINGO: Iregatik nork etzian egingo? IÑAZIO: Eta granada batek ill baindu ere, alare Domingo'ren zazpi almen aundiak... PIARRES: Bai ta bai ere! jakin bear duk, oraindik apaiz egiña ez baduk ere, Yainkoak esandakotzat artzen diadala nik Domingo'k esana... eta goazen Domingo! (Bidezorroak erabakiz artzen ditu) Yainkoak lagun gaitzala... Eta i, Iñazio, bide onerako gogorik ez baldin baduk, oa! Baña ez aztu igeskarientzat ez dala tokirik izango emen, Patarburu'n! IÑAZIO: (Illun-illun supazter-xokora biltzen da) Eroa! nai duna egingo diat nik. Ik duk kontuz ibilli-bearra, an Verdun'en sekulako tokia arkitu nai ez baduk. (Ain xuxen bederatziak jotzen erlojuan). DOMINGO: Bederatziak! Ordu laurden gabe abiatuko zaiguk gudarien zalgurdia Doniane'ra! Goazen. (Ertetera doaz) III. YOSEPE: (Ezkerreko atetik Josetxo'rekin) Oraindio or, Piarres! zaldigurdia uts egingo duk? YOSETXO: (Piarres'engana jausika) Aita, Aitatxo! zaude emen gurekin! Amatxo negarrez ari da. PIARRES: (Yosetxo besakartuz) Zer nai duk. Joan egin bear diat. Aleman itxusiak bear dizkiagu eio. Nik ekarriko diat Boxen kaxko ttiki bat puntta urrezko ta guzti. DOMINGO: Ots! Ernai adi, abil. YOSEPE: Ea, Piarres, utzak aur ori! Ez aut kanpora bialtzen, baña orduak jo dik, gaxoa. PIARRES: (Azken musu batekin) Izan beti prestu, Yose. (Aitari bostekoa) Ikus arte, aita. Zure eskuetan uzten ditut nere Gaxuxa ta nere aurra. Etxea ere badakit ederki erabilliko duzuna. YOSEPE: Ez izan kezkarik, mutikoa! Denetaz ardura izango diat. Ez duk geinaz ere Yainkoaren naia baizik gertatuko. Ibilli ongi beraz, gaxoa, eta ikus arte; agian laster berriz etxeratuko zerate. Agur, Domingo. (Oni ere eskua tinka). DOMINGO: Gu etxeratu? Zer ba? luze joan gabe alare! Aleman tzar oiek bat ere ez dira ia. YOSEPE: (Bere buruari) Ia?... (Bi gudariak ateratzen dira. Yosepe'k eta Yosetxo'k laguntzen diete atarteraño. Urrun jarraitzen diete begiez. Iñazio beti su ondoan ixill ixillik). YOSEPE: (Yosetxo'ri) Ea, Yosetxo, ez negarrik egin. Laster itzuliko duk aita. Ez aztu nola itz-eman diokan prestu izango aizela. Goazen amatxorengana. Baña legortu lenengo begitarte ori. Ez dik ikusi bear negar egin dukanik. (Betazalak txukatzen dizkio. Ezkerreko aterontz abiatzen dira. Bat-batean itzulirik aitak Iñazio'ri) I, ez al-ator, Iñazio? IÑAZIO: (motz-motz) Ni zertara? Naikoa zerate biok Gaxuxarekiko. YOSEPE: (semea bezin otz) Nai dukan bezela. (Yosetxo ta biak badijoaz). V. IÑAZIO: (Xutitzen da) Bakarrik utzi nie azkenean! (Artzen ditu maipean gorde zituan bilki ta zorroak eta betetzen ari da.) Ez, gezurrak erten dik, ni ez berriz inpernu artara. Naikoa duk lengoa ere. Biziko gaituk bai mugaz andik ere lanean egiñaz... Bizia luza dezagun puxka bat. Bat duk dana. Lenago ilko gaituk ba geiago gabe...? Bai, Piarres'ek etxean ez nauela artuko. Ez nai ez badik. (Zorroak bizkarreratuz) Orain aurrera, Elizondo'ra! (Begirako bat ematen du leiotik. Yosepe sartzen da). VI. YOSEPE: Nora oa, Iñazio? IÑAZIO: Ez, iñora ere ez, aita!... Ortxe ikusten baititut lagun batzuek; oiexekin krontrabando txiki bat igaro bear dudala... (badoa). VII. YOSEPE: (Alako illuntasun batez) Ez dakit; zerbait gertatu da noski Piarres eta Iñazio'ren artean. Aistian agurrik ere ez diote esan alkarri! Eta orain, nora doa ori arpegi illun orrekin? Itzultzeko asmoan ote-doa? A! Yainko maitea! nun ditut nere semeak? Yoan-Pierri an, Verdun'en... bearbada guda gorrian, bearbada zauritua, bearbada... (Burua iñarrosten du gogoeta izugarri bat uxatzeko bezela) Piarres berriz bidean, su artarako bidean biotza erdibi, emaztea oean gaizki... bere seme maite au negarrez... Iñazio berriz... Ai Yainko Yauna, urrikal zaite guzaz!... (Errosarioa atera, Aitaren-egin eta otoitzean asten da). OIALA BERA |