LAUGARREN EKITALDIA 1918'garren urteko uztaillaren 13, larunbata. Agertokia erri-bazter bat; barne-oialean mendi ta baso. Eskui, Patarburu etxealdea. Ezker, eliza-puska bat ageri, illerri-mutur batekin. Illerrietan, agin eta beste zuaitz, arri-gizon, obi, gurutze... Bereziki bertara daraman lau mallako jauzpidetik eskuira, obi bat ederki apaindua, gurutze xuri... Eliza; illerria gaintxo batean eraikia, orma txiki bat duala inguru-inguru. Orma orren oñetan, ezker, zoko aldaxkatsu bat eta zurezko alki bat aren gerizan. Andik eskui, Doniane-Loitzun'erako bidea bi arkaitzen artetik asi ta aurrera jotzen du illerriaren ormari datxikiola. LENBIZIKO AGERRALDIA Yosepe ta Piarres. PIARRES: (Etxeko yantzian, makilla bat aldamenean, eliz-ormako zurezko alkian exerita otarragiñan ari da, zume-meta bat aurrean.) Bai, bai; nik esandako itzak gora-bera, nai duanean etorri diteke etxera gure Iñazio. Aurrera. YOSEPE: (Aldamenean, exerita, Iñazio'ren idazkia irakurtzen ari): «Ikusi dutanean ainbeste fraide ta apaiz Gobernuak Frantzia'tik aizatuak, alare guziak etsaia atzeratzearren bertara itzultzen, kordokatu zait biotza guzia». PIARRES: Izan ere arrigarria izan duzu. Apaiz oiek denetan nausi ta buru! Beren ondoren gizon guziak daramazkite noski. YOSEPE: Oiek Yainkoarekin izan, Piarres, eta ura izan guzien gidari... PIARRES: Yainkoa? YOSEPE: Nonbait baduk zerbait... (Irakur) «Orduan nere buruari egin diot: Oa i ere, Iñazio, ire anaiak karraskan ari dituk alemanei gogor-egiten. Ez adilla egon nagi, ez adilla igesian egon. Ola zer berri dutan zuretzat. Gañerakoak nire lagun elizondoarrak esango zizkizun. Agur, aita; barka, otoi, zure aur prodigoari, itzultzen zaitzun ezkero. Agur, Iñazio» Ortan duk dana. PIARRES: Gure Iñazio! nork esan ortaratu bear zitzaigunik? YOSEPE: Arrigarri duk, egiazki... Baña zer eztik gertarazten Yainkoak?... Len ala, orain ola, gero ez jakin nola. BIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yosetxo. YOSETXO: (Bidetik sartzen delarik) Aitaita! Aita! Osaba Yoan-Pierri gaur bertan datorkigula. Emen urrutidazkia: «Arriverai samedi treize. Yan-Pierre» (Yosepe'ri eskeintzen dio paper urdiña) YOSEPE: (Zutitzen da) Au berri ona diagu, Piarres. PIARRES: Iru urte itzik egin ez dugula alkarrekin! Baster guziak nola naasten dituan orratik gerra madarikatuak! YOSEPE: Izugarria duk egiazki. YOSETXO: Aitaita... eta Beñat'en partez, astirik balin baduzu, ari laguntzera yoateko... YOSEPE: Banioak bereala, burua galdu ez dezan gure mutillak. Bereala nauk, Piarres. PIARRES: Bai, gero arte, aita. YOSETXO: Esazu, aita, oraintxe etorriko nazu. Kristau-ikasbidea artzera noa etxeraño. (Beraz Yosepe ta Yoxe ateratzen dira agertokitik eskui). IRUGARREN AGERRALDIA PIARRES: (Bakarrik) Lanari ekin zaiogun... (Txistuz ari dan norbait entzuten da... Airea: «Nere maitea, barda nun ziñen») Aire ortan lenago «Solferino'ko itsua» abesten ginuen. Salonika'ko itsuarentzat ere ondo letorzke kanta aiek. (Abestuz) 1 Armak artzera deitu ninduen gazterik zorte etsaiak, urrundu nintzan, errrialdera itzuliz sarri begiak, itzuliz sarri begiak. 2 Zorigaitzean baitut ikusi Solferino'ko mendia, alperrikan dut geroztik deitzen eguzkiaren argia, eguzkiaren argia. 3 Iñoiz neretzat ezta jeikiko goizeko argi ederra, zeru-gañetik iñoiz neretzat ez dizdiztuko izarra, ez dizdiztuko izarra. 4 Betiko gaua, gau lazgarria begietara zai yausi, ene erria, ene lagunak iñoiz ez bear ikusi, iñoiz ez bear ikusi. 3 Ene amaren begi xamurrak betiko zaizkit estali; maiteñoaren begitartea bekin betiko itzali bekin betiko itzali. (Artetik) Bai ondo itzali, biak il zaizkit-eta.... (Geldiune baten ondoren berriz abes:) 6 Larraiñetako aritz, gaztaiña, mendietako iturri; oiek guziak neretzat dira amets illun bat iduri, amets illun bat iduri. 7 Oraindik gazte, gogoz, ez oztu, eta biziak aspertzen; Doakabea! Zer egingo dut iñork ez banau laguntzen, iñork ez banau laguntzen. LAUGARREN AGERRALDIA Piarres eta Yosetxo. YOSETXO: (zazpigarren neurtitzaldeko azken-itzak, ager gabe, aitarekin batean kantatzen ditu olaxe.) Doakabea! zer egingo dut Yaunak ez banau laguntzen, Yaunak ez banau laguntzen. (eta berberak abesten du zortzigarren aldea, 7 Ai, aski ola! Yainkoa barka! begira zure aurrari; poz-alaitasun zerbait emozu: noizbait izazu erruki noizbait izazu erruki. PIARRES: Or al aiz, Yoxe? YOSEPE: Bai, aita, bai. PIARRES: Nun ikasi dituk Solferino'ko itsuaren bertsoak? YOSEPE: Beñat'ekin. PIARRES: Ederki, ederki... Yarri adi emen nere ondoan. YOSEPE: (yarriaz) Ezingo naiz gero luzaro egon einen zurekin! PIARRES: Ez? YOSEPE: (lore batzuk baititu eskuan, alki-buru batean ipintzen ditu) Eta dotriña?... PIARRES: Ala duk, ala duk! ongi ikusten al duk? YOSEPE: Bai! orize, bai... PIARRES: (Eztiki lepotik artzen du semea ta esaten dio): Beste gauza bat, Yose! ez diak batere esan aitaitari irakurtzen eorrek erakutsi diokanik-eta?... YOSEPE: (parrez) Nik? Aitaitari? irakurtzen?... PIARRES: Zer ari izan zerate ba arrats guziez «be-i-bi» «be-o-bo» ta gañerakoak ni gerran nintzala? Osaba Iñazio'ren idazkia berak irakurri ziak; ederki alare. YOSEPE: Ba, ba! Bazekien-ta aitaitak irakurtzen; nik ote-nekien yakin nai ark... PIARRES: (estutzen dualarik beregana) Aingerua i! (Biotz illunki) Zer atsegin neretzat, ire arpegi leun ori ikusi al-baneza, ire amaren begi eder oiekin. YOSEPE: Ez estutu, aita. Eziñaren ondotik ez ibilli, erretore jaunak esaten digun bezela, Zeruan, zeruan ikusiko gaituzu guziok Yainkoarekin batean... PIARRES: Ai, i, aingerua! To, zerbait nai diat eman, ire lenengo jaunartze-egunean. Zer nai duk? YOSEPE: (Ixillune labur baten ondoan) Badakit bai... PIARRES: Esak ba. YOSEPE: (erabe, ezti-ezti) Ez duzu naiko...? PIARRES: Esak beintzat, gero ikusiko diagu. YOSEPE: Ori... zuk ere biar nerekin... yaunartzea. PIARRES: A, ori etzekiat, mutikoa. YOSEPE: Banuen bildur, bai... Aita! lagun guziek gurasoak or mai santuan, eta nik... Baietz, aita, esazu baietz. PIARRES: (buruari eraginka) A, Yosetxo, ez dakik oraindik bizia zer dan! YOSEPE: Badakit ba; atzo misiolariak erakutsi zigun Yesukristo dala bizia, egia eta zuzeneko bidea. PIARRES: (irritxo bat ezpañetan) Eztiat ori esan nai, ume. YOSEPE: Baña etorriko zera? PIARRES: Eztiat ikusten ere, gaixoa! YOSEPE: Eskatuko diot apaiz yaunari utzi nazan zure billa alkietara joaten; eta nik lagunduko dizut aldareraño. E? Ola?... Nai duzu ola? PIARRES: (Setiaturik nardatua bezala) Etzekiat, etzekiat, mutikoa, etzekiat. YOSEPE: (Otoizka) Bai? bai, aita? PIARRES: (Apur baten buruan) Aitaita or izango duk. YOSEPE: Aitaita badakit; baña zu nai zaitut aldamenean. Etorriko zera, e? PIARRES: Aurrak aur... (Berriz otargiteari lotzen da). YOSEPE: Oraindio, ama emen banu!... Amaldetik umezurtz; ez nazazu berriz aitaldetik ere umezurtz egin... Etorriko zera aita?.. bai? (Ixiltze luze bat eien artean). BOSGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yaunartzeko aurrak. (Astean urrundikako aur-ixkanbilla. Zenbait itz bakarrik aditzen dira: «pillota... dotriña... amamak egindako opilla... alemanak...» gero ta gorago, garbikiago ere bai: alegia urrago; oraindik ez dira agiri). AGUSTIN: Esak, Txomin, atzo ez al uan galdu pelota? TXOMIN: Ez, ez... Gantzolaberriko zelaian arkitu diat asunen artean gorderik... AGUSTIN: (Zalantzan) Orren urrun? etzekiat... TXOMIN: Bai, bai, galdegiok Batista'ri. AGUSTIN: Batista! BATISTA: (beste bati) Nik esaten diat uts zala (errian erriko edozein ume-jolas). BESTEAK: Ez; ikusi diat nik ondo; on uan, ez uts. AGUSTIN: Batista! BATISTA: Ago ixilik; ik ezdakik oraindik zer dan uts ta zer dan on. BESTEAK: Ez; ik erakutsiko diak...! AGUSTIN: Batista! BATISTA: Zer duk ik ere: Batista, ta Batista? AGUSTIN: Txomin'ek Gantzolaberriko zelairaño yaurti omen zian seguru pelota plazaren gañetik, e? BATISTA: Ezkerrakin alare. TXOMIN: Ikusten duk. Ez uan sinistu nai? Badiat gero nik beso-puska bat... AGUSTIN: To, orduan Mondragones aña ba aiz, Txomin. AURRAK: (guziak irriz algaraz) Txomin... Mondragones! Mondragones! Txomin... Mondragones emak or Txomin! Gora Mondragones! (Eskui-aldetik asten dira agertzen, Kristau-Ikasbide bana eskuan, eta ikasten eta berriketan). AGUSTIN: (Guzien aurre; Piarres'i oartu bezin laister keñuz ta itzez aurtaldea ixillarazten du). Ixo, ixo! Patarburu'ko Piarres emen da. BATISTA: Esaten diat uts zala, ta uts ta uts. AUR GUZIAK: Ixo! (Ixiltzen dira ta igarotzean guziak esaten dute.) Yainkoak dizula egun on, Piarres. PIARRES: Bai ta zuei ere. TXOMIN: Yoxe, ordua gañean diagu; ez al ator? YOSEPE: Bereala (Aurrak yauzpidetik gora illerrira banaka, apalki mintzo). AUR BAT: (berandu etorri ta arnas-estu) Zaudete, zaudete; urrengoan berdin egingo dizuet zuei ere. (Piarres ikustean) Yainkoak egun on, Piarres. PIARRES: Baita iri ere... (bere buruarekin bezela) Zer dan orratik! Euskalerrian, Yainkoa saltsa guzietan igeri. Erri ontan ez da itz bat esaten, ez agur bat ere izen ori aitatu gabe. YOSETXO: (Lagunai begira ulertu ez-ta) Zer esaten, aita? PIARRES: Ezer ez, ezer ez... (Esku-zarta batzuk entzuten dira, elizarako deia. AGUSTIN: Yoxe, goazemak; sartzera giazik. (yoaten da) YOSETXO: Ba-niak... (Piarres'i) Aita, egitan ezazu biar yaunartuko duzun, bai ala ez? PIARRES: Utz nazak, maitea, utz nazak. (Eta gogoetetan sartzen da. Yoxe loreak arturik badoa) YOSETXO: (yauzpidetik) Bai, aita? (Piarres ixillik; aurrera yarraitzen du ta Gaxura'ren obi-aurrean gelditu ta liliak ezartzen ditu. Gero zeiñatzen da, otoitz ixil labur bat egiten du, eskuiaz aita-amari erakusten balio bezela, begiratzun urrikalgarri batekin. Berriz zeiña ta suntsitzen da elizarontz). SEIGARREN AGERRALDIA Piarres bakarrik. Deabruak berekin ditu aur orrek... Bere etorri xamurraz, mintzo eztiaz zearo txorabiatzen nau, eztakit nola. Atzo zortzi, lenengoz, eriotzara ninyolarik aren esku ttipiak artu ninduan besotik eta geldiarazi. Baña ain legunki, ain goxoki! Iduri zitzaidan Gaxuxa nuela or, semearen bidez otoizka aurrera bizi nendin: Zatoz, atoz nerekin min ar ez dezazun «A! ordutik igesi yoan zait iltzeko nere asmoa. Bai, burua makurtu dut... Oraingoan berriz bear ote-dut?... (Lanari lotu ta amen baten buruan utzi) Eta azal-itxura uts bat zergatik ez egin? Apaizen esan-mesanetan siñiste pikorrik izan ez, ta... ostia, ogi-izpi xuri bat baizik ez dala jakin, ta... naikoa dut, beste guziekin maisantura urreratu ta artan kito!:.. Yosetxo kontentu, aita ere bai... Orixe, orixe egin bearko dut. (Berriz bere lanari ekin eta gogoetak egin ondoan) Bai, bai. orixe... Baña ez al da izugarri gezur-yoko ortan artzea? Ori ere gogorra duk! Alako bat egiten dit... Bai, ta nundik yo? Alde batetik aurrarentzako lenengo Yaunartze eguna egunik ederrena, beraz negarrik ikusi bear ez luken egun bat..., bestalde, itsuskeri zatar batekin baizik ezin yoan... Planta txarrean gera etxean. (Lanean yartzen da ixi-ixil. Bat-batean eztiki igotzen da dotriñako aurren abesaldia eliza barrutik.) 1 Zatoz, Espiritua, zatoz gu laguntzera! otoi, zatoz, yauz zaite gure biotzetara... 2 Igor diezaguzu zure argietatik; eta aterako gera gure illunbetatik. 3 Asmoak dauzkagu elurra bezin otzak; elurra bezela urtu, Yauna, gure biotzak. (Abestia asi orduko Piarres'ek esaten du): Atzo goizeko kantua, kantu ori. (Gero ixildu. Bigarren neurtitzaldia amaitzean) Illunbeak kadakit bai nik zer diran. Sendagairik ez baita ordea. (Aurrak gelditu bezin laster) Yoxe gaixoa! erraz ezagutu diat ire abotsa guzien artean. Bazekiat zer dan oraingo ire otoitza. Eta ire gogoak, ezta ala? neregana egiten dik, ea komulgatzera jarriko ote naizen yakin naiez?... Bildur nauk, gaxoa, bildur nauk... Bestela gogotik! (Lanari ekin ta berriz utzi...) Bildur! bildur segurki bildur naizela... Baña zergatik bildurtu bear dut nik ola?... Apaizak ematen digun ostian ogi puska bat besterik ezbadago, ez dut zeren ikaran egon. Orren gutxigatik gizon bat igesi? Parregarria da... Arraietan!... (Gogoetan sartuta) Lengo ume-abestiak zein ederki gogoratzen didaten orratik nere lenengo komunioa! Ez!... izan bear da ogiaz besterik, irudiaz besterik ostia ortan. Egunoro yaten dugu ogia; baña ogi orrek ez digu komunioko gozo ura ematen, lenago ain ezti zitzaidan gozo ura, biotzeko indar, gar eta su ura... (etsiturik) Ez-paitut ordea siñismenik!.. Yoxe gaxoa!.. i bezelakoa baninduk badere! seme maitea, enioke ba negarrik begietan ikusi nai, biar nere beso artean artzen dudanean!.. Zer egin?... ZAZPIGARREN AGERRALDIA Piarres eta Iñazio. (Eskui-aldetik agertzen da Iñazio maukutsik, barrukoa soñean, txamarra bizkarretik, lepoan zapi gorria, makilla eskuturretik dilindan. Ordukoz geldi geldi txistuetan euskal-abesti zar bat yoaz abiatzen da Piarres. Orduan oartzen zaio Iñazio ta apur bat, arritua bezala, tente gelditzen da. Zalantzan egon eta ausartu nai ta ezin, azkenean oiu): IÑAZIO: Eup! PIARRES: Nor da or? IÑAZIO: Enauk ezagutzen? PIARRES: Ea, mintza berriz, ea asmatzen dutan? IÑAZIO: Mintzotik ezagutzen nauk? PIARRES: I aiz? Iñazio aiz i? IÑAZIO: Bai, ni nauk, Piarres, gure Piarres. PIARRES: (Xutik eskua luzatuz) A, Iñazio; zertan aiz, to? IÑAZIO: Lotsa bear nikek, agertzeko ere. PIARRES: Ixilik ago! Aspaldion danak aztuak dizkiagu. (Bostekoa emanaz) Zertan aiz, mutil? IÑAZIO: Ba... ondo, ondo; eta i? (Yartzen da, Piarres ere bai). PIARRES: Ni beti berdintsu, bañan orain itsu... gogobeltza usu...; ik ere egizak kasu... IÑAZIO: O, o! bertsoetan? lentxeago txistuetan! oso arian aiz ta gogo-alai. Ez duk noski begietan miñik? Argia ez alduk nai? PIARRES: Argia? eziñaren ondotik ez omen duk ibilli bear negarrez. IÑAZIO: Egia aundia ori. PIARRES: Egia aurren aotik dana danez ateratzen dala baitiote, egia ori Yoxe'k atera zidak. IÑAZIO: Orra. Arras aunditu ta gizondu zaidak beraz illoba? PIARRES: Zertaz dan... Gorputzez ez duk ez ainbat azi bi urte auetan. Eztiat ikusten, ala da; baña etzait iduritzen zertu denik gorputzez... Izpirituz ordea... Motel! deabruak dizkik berekin. IÑAZIO: Eta aita ere pizkor diagu, itxuraz beintzat. PIARRES: Aita ikusi duk ala? IÑAZIO: Arek ere zein maiteki barkatu! Begi baztarrean malkoa bazian gizaxoak. PIARRES: Orduan, etxera egin duk onara baño len. IÑAZIO: Ez, ez; nere puskak emen dizkiat eta... Latsaberriko soroan aurkitu diat, atxur baten billa joanda. Berak esan ziak emen aizela nunbait ari... PIARRES: Ba, zerbaitetan denbora igaro bear, eta esku-lan ontaxe ari nauk. IÑAZIO: Ederki... Baña egiazki aita poliki arkitu dudala. PIARRES: Bai, bai, oso pizkor duk; eta ire itzultzeko berria yakin duanezkero, gazteago zirudik... Yoan-Pierri ere gaur zetorkiguk. IÑAZIO: Bai omen! Beraz guziak etxean bildurik izango gaituk biar... PIARRES: Ala uste diat!... Aita pozak zoratzen izango duk. IÑAZIO: Baita Yoxe txikiarentzat ere zer atsegiña, bere lenengo yaunartzarako aide guziak inguruan izatea. PIARRES: Bat-edo-bat ezpalitz ba... paltako... IÑAZIO: A! bere amatxo? ume gaxoa! PIARRES: Ez, ez... bere aitatxo. IÑAZIO: Zer derasak ori? PIARRES: (Kirets) A! zorigaiztokoa ni! (Bat-batean) Yainkoa ba-danik siñisten alduk ik? IÑAZIO: (Arriturik) Ori duk galdera! PIARRES: Eta apaizen itz ederrak siñisten dituk? IÑAZIO: Zer ba! Ala uste alduk zearo galdu naukala bestaldeko Naparroan? Bein Frantzia'ri uko niokan, zeruari ez egundaño. Baña zer ari aiz i? PIARRES: Zorioneko aiz, zorioneko, Iñazio. Nik elizako gauzak, guziak utzi dizkiat alde batera. Galdu diat siñismena. IÑAZIO: Egitan ari al aiz? PIARRES: Egitan, egitan! Zer nai duk? Nere Gaxuxa'ren eriotzak ukaldi izugarri bat eman zidakan,.. Gero nere naigabe ta sumiñetan lagun batzuek zearo naastu...: Euskalerrian oso atzeratuak giñala; apaizak parre ederrik egiten zutela gure bizkarretik gure zozotasunez baliaturik... Yainkorik gabe mundua berdin dabilkela ta olakoak... IÑAZIO: Eta ik ipui oiek siñistu? PIARRES: Siñistu... Ez, ez osoki... baña ola pitin bat kordokatu.. IÑAZIO: Oiek guziak gezurrak, Piarres, gezurrak. Yainkorik ezdala? Nork sortu dizkik beraz zeruak eta lurrak? Ala aita-amerik gabe sortu? Zer erokeria! Apaizak engañatzalle? Zein goxo izan bear dikan oiek bezela sendirik gabe, bakar-bakarrean bizitza osoa eramatea! Zein goxo oiek bezela gaxo ta illen artean ibiltzea beti. Eta guzi ori gizaxo batzuek engañatzeagatik? Eztitekena... PIARRES: Orduan, egiaz ari ditukala uste duk? IÑAZIO: Segurki. PIARRES: Eta mezetan Yesukristo etortzen dala? IÑAZIO: Eiki bai. PIARRES: (etsitua) Eta nik ez dudala siñismenik!!! IÑAZIO: Ago ixilik, motel! PIARRES: Egia gero! IÑAZIO: Paketu adi, gizona. Eia! Baraua autsirik edo bekatu larri bat biotzean izanik, maisantura urreratuko ba'intz, esak egia bildurrik gabe egongo ote-intzake? Odol utzean egingo uke ori? PIARRES: Egia aditu nai baduk, i etorri aurretxoan egon nauk yaunartuko ote dutan-edo Yosetxo or ari zaidak biar komulgatzeko... IÑAZIO: Eta zer egiteko asmoa? PIARRES: To, bildur nauk, Iñazio. Nik eztiak siñismenik, ez diat uste. IÑAZIO: Siñismenik gabe maisantura urreratzeko lotsa aizela esaten duk? PIARRES: Bai. IÑAZIO: Orduan ezduk siñismena zearo galdua. PIARRES: Zer diat ba? IÑAZIO: Oztua izatekotan! Yainko Yaunari itsuskeririk ez egin naizko ire ikaratxo ori zer duk siñismena ez-ta?... PIARRES: (Ixiltze luze baten ondoan) Gero ikusiko... Beste zer baitez itz egintzagun. IÑAZIO: Zetaz nai duk? PIARRES: Etzekit ba. IÑAZIO: Eztukala asmatzen norekin bekoz-beko egin dutan bidean ortxe? PIARRES: Mendizañarekin? IÑAZIO: Mendiraña gizon xuria duk... Nik aurkitu dutana beltza. PIARRES: Ikazkiña? IÑAZIO: Ezta. PIARRES: Ez duk beintzat Erretore yauna! Gaur badik umeekin elizan lanik asko. IÑAZIO: Ez duk ura... Baña antzeko... PIARRES: Etzekiat ba. IÑAZIO: Apaiz gazte bat... Domingo. PIARRES: A! Eta zer esan dik nitaz? IÑAZIO: Oroitzen al aiz arrats artan nola parre egin niokan aren esanai? guziak aztu dituala ta atsegingarri zaiola nere itzultze au. PIARRES: Nitaz? IÑAZIO: Enauk gero luzaro egon arekin... Laburzki kontatu ziak zenbat min eraman bearra izan dukan, zein zoritxarreko izan aizen ta ola... PIARRES: Eta... nere siñismenarengatik? IÑAZIO: Ezta itzik ere. Bakarrik, galde-egin baitzioat zergatik dabilen makilaz lagunduta, erantzun ziak Salonika'n gaizki gertatu zitzaiola, zauritua izan zala. PIARRES: Ez dik eman gure Napoles'ko zeraren berri? asarrearen berri? IÑAZIO: Ez. Zer duk ori? PIARRES: Domingo gizajoa! biotz ona dik orratik. Arek olako zerbait egin bazian, enian nik gordeko... Oartu zian nonbait aspaldion elizako nere oiturak uzten nizkiala, egun batez eldu zaidak ezti-ezti ea arekin itsas-alderontz ibilli txiki bat egin nai nuen-edo... Baietz. Orduan ikusten nian artean apur bat, eta, giro ederraz balia, joan giñituan bidez-bide. Orratzetik aria, ta erlijoaz zitzaigun yarduna. Domingo'k, yakiña, ni bildu nai. Ni beti igesi. Nere biotza biguntzeko zer itz beroak arek! Euskalerriaz mintzatu zitzaidan, gero etxekoez, gero Gaxuxa zanaz,... Patarburu'ko azturak eta oitura santuak enituela bazterreratu bear... Nik ez jakin geiegi aren esanei nola erantzun eta ura beti aurrera ari... Azkenean amorratua, asarretu niñukan ta yarki ta bi ukaldiz yo ta bertan lurrera yaurtiki. Aren zauriak, orduko ixten eta osatzen asiak, kraskatu zitukan eroriko artan; eta ni bakarrik itzuli, ura an utzirik... nere buruaz artua, adimenez edo arrazoiz ezpainian garaitu al-izan. indarrez badere menderatu nian. IÑAZIO: Ez egoan ongi burutik? PIARRES: Uste duk orregatik asarretu zitzaidala? Ez, ez... Ezer izan ez balitz bezela, zenbait egunen buruan ona berriz Domingo neregana. Nere ikusteko indarra gutxitzen ari zala yakin zian, eta neregana bereala. IÑAZIO: Eta nik txakur bat bezela aizatu, bialdu; ura zala nere gaitzaren errudun, ark eraman ninduala gerrara, ura izan ezbalitz, mugaz andik Naparroan irekin izango nintzala... Arrunt amorratua nindukan. Batetik, lotsa bein aren gaxoaz baliatua; bestetik, nere gaizki-egiñaren damurik erakutsi nai ez; gañera, aren itz eztiak menderatu-bildur. Orra zergatik ari izan natzaion orren gogorki... Eta ez dikala itz bat ere orretaz atera...? IÑAZIO: Ezta itzik ere. PIARRES: Orratik olako bat aazteko ere... IÑAZIO: Aaztu ez dizkie egiten ez Domingo'k eta ez aren idurikoak, ola egindako laidoak. Gaizkilleari barkatu egin bear zaiola ordea ta barkatzen die. Ebangelioa ez die irakurri bakarrik egiten, arduraz jarraitu ere bai beren egintzetan... PIARRES: (Ixillune baten ondoan) Orduan... apaizaz... egitan ari dituk?... IÑAZIO: Nunbait ere! PIARRES: Orduan, ea... (Burua bi eskuen artean gogoetaka yartzen da). ZORTZIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yosetxo. IÑAZIO: (Yoxe ikusten duala illerritik bera arin-arin) To, Joxe! (Xutitzea da) Agur Yoxetxo, nora oa lasterka ortan? YOSETXO: Oi!... ez alzera zu osaba Iñazio? IÑAZIO: Bai; uraxe bera. (Elkar-besarkatzen dute). YOSETXO: Biar lenengo yaunartzea. IÑAZIO: Bai omen. Poz izango aiz? YOSETXO: Bai, oso poz. IÑAZIO: Mutil aundi egin aiz ta izugarriki iru urte auetan. YOSETXO: Ez asko ez! Nere adiñeko geienak ni baño aundiago dituzu. IÑAZIO: Gañerakoan zer berri duk emendik? YOSETXO: Barkatu didazu, osaba... Etxera bi urratsez yoan bear dut, azken kantua, yaunartze-ondorako abestia ikasi bear baitugu, eta aren billa. IÑAZIO: Yoadi ba; bereala arte beraz? YOSETXO: Bai. (Orain azkarrago abituz) PIARRES: (Bat-batean gogoetatik ateratzen dala) Yoxe! YOSETXO: Zuk deitzen didazu, aita? PIARRES: Ator, zerbait esan nai diat belarriko xulora. YOSETXO: (Aitak zerbait esan-eta) Egiazki? PIARRES: Bai, egiazki. (Eta oraindik bizpairu itz belarrira) YOSETXO: (Pozkarioz) Zaude lasai! nik lagunduko dizut... zer besterik? PIARRES: Besterik ez. YOSETXO: (Aita besarkatzen dualarik) A, au poza, aita!... Bereala nator. (Ateratzen da Doniane'rako bidetik). IÑAZIO: (Ezer ulertu bage begiratzen die ixil-mixil ari direla; eta gero aurra alai, irri ederra ezpañetan eta yauzika dijola ikustean): Azkar ziak gure mutikoa! Ez dik arexek negarrik begiondoan. Berri onen bat eman bear izan diok, noski. BEDERATZIGARREN AGERRALDIA Piarres eta Iñazio. PIARRES: Ez uste izan iri gordetzeko ixil-mixilkarik esan diodanik Yoxeri. Lenbizi ari bakarrik nai izan zioat yakiñazi nere erabakia. IÑAZIO: Zer? Yaunartzekoa? PIARRES: Bai, Iñazio, eta orain iri aitortzen diat... (Iñazio arriturik dago begi-andi) Eta eskerrak bioi zor dizkitzuet; aren otoitzai eta ire jardun gaxoari. Bat-batean piztu zaidak siñismenaren txingarra gogoan: ala duk, eztiat siñismena galdua; ala duk, apaizak zin-ziñez ari dituk... aien eskuetan Yainkoa bera yeisten zaiek meza santuan. Egia duk, egia ta egia! (Azken-itz auei indar-emateko ukabillaz alkiari joka). IÑAZIO: (Begira begira) Ori, ori. PIARRES: Bai; eta gaur bertan aitortuko nauk. Badiat bearra... eta txekorra ongi saldurik, biotza garbi egiñik, biar goizean aurrera maisantura... A! dagoneko diat barruan poza ta zabaltasuna! Ez, geiago ez diat lur ontako edertasunen dirdira ikusiko, ezta odeietako urdin garbi zabala ere; baña arimaren begia, barruko begia (kolkoa yoaz) beti argiago egingo zaidak, eta nai bezin luzaz itz egingo diat Yainkoarekin eta Yainkoaren bidez nere Gaxuxa gaxoarekin!.. Len biotzetik otoitz txiki bat atera zaidak... Zer arrinkallua, zer altxagarria dukan orratik otoitza! Esan dutan «Aita Gure» labur orrek zearo aldatu natxok. IÑAZIO: (Biurketa ezin siñistuz) Egitan ari al-aiz gero? PIARRES: Egitan? Ez aldiak siñisten? IÑAZIO: Etzekiat ba! Len ezintzan olaxe ari... PIARRES: (Bero-bero) Ez kezkik izan, Iñazio! Bat-batean aldakuntza oso bat nere gogoari gertatu zaiok. Poztu adi nerekin batean; emaiok Yainkoari esker milla ta esker milla... IÑAZIO: (Esku batez malko bat xukatzen du begi-bazterrean; eskuiña tinkatzen diola Piarres'i) Ongi duk, Piarres, ongi duk... Aitak ere atsegin artuko dik... PIARRES: Eta Gaxuxa'k ez? IÑAZIO: Esango nikek. AMARGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yose. YOSETXO: (Leia andian eldu) Orra ni joan ta etorri. IÑAZIO: Debrintxoa! azkar ibilli aiz bidean. YOSETXO: (Arnas-estuka) Yakiña... nere zai daude or, elizan, kantuan asteko. PIARRES: Yosetxo, esan bezela elizara lagunduko diak geroxe? YOSETXO: (Aurrera yoanaz) Bai ta pozik... (Illerriko azken-mallatik erakusten du beatzaz Doniane'rako bidea) Norbait or duzue zuek ikustera aitaitarekin. PIARRES: Nor? YOSETXO: Asma zazu... Niri bendizioa eman dit. PIARRES: Zer? YOSETXO: (Eskutatzen da elizarontz) Bereala arte. PIARRES: Iñazio, oa nor dan ikustera. AMAIKAGARREN AGERRALDIA Piarres, Iñazio, Yosepe ta Domingo. IÑAZIO: (Abiatzen da begiratzera, ta agertzen dira Yoxe ta Domingo: au apaiz jantzian makil bat eskuan ibiltzeko) To! Aita ta Domingo. PIARRES: Zer? Domi... (Ezin du itza amaitu) YOSEPE: Ari alzerate? DOMINGO: Kaixio, ongi lendik ona? (Eskua luzatuz) IÑAZIO: Bai, bai... (Txapela eskuan erabe bezela) DOMINGO: (irri bat ezpañetan) Ez orrenbesteko agurrik, gizona! (Urreratzen zaio Piarres'i) Kaixio, Piarres gizaxoa, zertan aiz? (Piarres nastua, Domingo'k estutzen dio eskua) Eztuk ezer esaten. Asarre aiz? PIARRES: (apal) Ez, ez... Domingo. DOMINGO: Zer duk ba? PIARRES: Lotsa, Domingo, lotsa! DOMINGO: Nitaz lotsa? Zergatik? PIARRES: Aztuta al daukak arako Napoles'ko.. zera nere orduko... DOMINGO: Ago, Yainkoagatik ixillik, motel. Oiek guziak aspaldiko zarkeriak dituk... PIARRES: Txarkeriak bai. DOMINGO: Utzi zak ori. Aurkeriak zitukan, aurkeriak! Baña... esak: Egia al duk Yose'k, mii-luze orrek, salatu zigukena? PIARRES: Zer salatu dizue ba? konfesatuko naizena? YOSEPE: Eta biar yaunartzeko dukana... PIARRES: Ala da. Asmo ori artu dut, aita... A! Domingo, Yainkoak atik garaitu nau azkenean! Alde guzietatik inguratu natxiok eta guztien buruan bereganatu. YOSEPE: Ez dizkik ez Yainkoak Patarburu'ko semeak galtzen utziko. PIARRES: Zuek bezelakoak ez. Ni bezelakoak besterik da, eta seguru nago... DOMINGO: Bo, bo, bo! guziok berdin aren naitik. PIARRES: Seguru nago zuen guziengatik bakarrik atera nauala errekatik. DOMINGO: Eta uste al duk ire miñak, ire esturak alperrik izan ditukala? PIARRES: Guziak alperrik, ondikotz! DOMINGO: Ez olakorik esan, Piarres. PIARRES: Ez al aiz gogoratzen lenagoko nere gogorkeri ta iri egindako... DOMINGO: Guziak, oiek guziak aztuak dizkiat; ik ere aztu itzak. PIARRES: Aisa ari aiz. DOMINGO: Oiek ola. Beraz biar yaunartu bear duk? PIARRES: Bai; eta ire eskutik, ongi esan badidate. DOMINGO: A! Zer atsegin neretzat! YOSEPE: Baña... zer ari gera emen kanpoan lau gizon! Ederki eman ere. Ots! goazen emendik! Etxean zabalki ariko gera, ikusle-entzuleen beldurrik bage, ardoa mingañen lagun. IÑAZIO: Orizu, aita, orixe bera nuen gogoan. PIARRES: Ongi diozue. Baña lenik, emen bertan, Domingo'k ezin al dezaiguke, Yoxe'ri eman omen dion bezela, guri ere bere apaizberri-bendizioa eman? YOSEPE: Emen bertan? Zertako emen bertan? Etxean ere... PIARRES: Ementxe, aita, ementxe. Illerriaren ondo-ondoan gaude ta or, mallak igo ta eskuira, obi bat bada, Gaxuxa gaxoaren obia... Iduri zait ortik begira daukagula, ta aren arima santuaren itzalean gartsukiago yarriko naizela bendizioaren azpian... YOSEPE: Nai dukan bezela, Domingo'k ikus beza. DOMINGO: Neri berdin zait nun-nai. YOSEPE: (belaunikatzen) Beraz belaunika gaitezen guziok, yoan baño len, eta Domingo'k emango digu bakoitzari bear dana. PIARRES: (belaunikatuz) Ni azkena, Domingo; baña gorde zak onena orduko. IÑAZIO: (belaunikatuz) Aita lenen beraz... YOSEPE: (Buru-usten dala) Ixo! oin, ixil gaitean, guziak egin artio... (Ain zuzen Elizatik aurren abestia altxatzen da). AMABIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yan-Pierri. (Domingo Yosepe bedenkatzen ari dala, Yan-Pierri, gudari-jantzian, Doniane'ko bidetik sartzen da... Itzik esangabe besteak bezela yartzen da belauniko burutsik. Yosepe'n ondotik Iñazio, gero Yan-Pierri: Bendizioa:) Benedicat et custodiat te, omnipotens et misericors Deus Pater, et Filius et Spiritus Sanctus. Amen. (Bakoitzak bere aldian aitaren-egin eta azkenean apaizaren eskuari muin. Piarres'i Domingo'k:) Orain iri. (gañerakoa besteak bezela. Gero bat-batean xutitu, indar guziez besarkatzen duala apaiz gaztea, esanaz:) Itsu niok, Domingo, baña orain badiat, euskaldunen gisa, egiazko argia, badiat siñismena. (Eta agertokia isten da, abestia azkeneraño aurrera dijoalarik). Aurren abestia I O Yesus Yauna, oro ni baitan bikotza daukat bozkariotan; nola nigana etor zaizkidan... Huna nun agurtu naki zaitudan akuzpez jarririk zure oiñetan. II Yainko andia ongi etorri! aspaldi zutaz nintzen egarri! atsegiñetan nuzu ezarri; zerua didazu hunat ekarri. Eguzki santua, ongi etorri! III Bila noala non dan egia, itsu bezela dut maiz begia, illunpetatik ezin yalkia... Bekarrik or zera zu Eguzkia, Yesus, egiazko nere Argia. OIALA |