|     14-15 zenbakiak, 1933ko otsaila-martxoa [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

        1917'gnko. negu-arrats batez. Patarburu'ko sukaldean argia p¡ztua dute, su ederra ere bai supazterrean.

 

 

LENBIZIKO AGERRALDIA

 

YOSETXO: (Maiburu batean bero-bero kristau-ikasbidean ari da, berak galde, berak erantzun) G.— Yaungoikoa, danaren jabea alda? —Bai, jauna, Yaungoikoa, danaren Jaun ta Jabea da; Berak egin zuan dana eta ez da, bere baimenikan gabe, munduan ezertxo ere gertatzen. G.— Bai aldu Yaungoikoak izaki guztien ardura? —Badu Yaungoikoak izaki guztien ardura, gizonarena batez ere. Zertarako?...

YOSEPE: (Supazterrean Beñat'ekin arto-xuriketan ari delarik) Emak ixiltxoago mutikoa... Ez diagu alkar-aditzen ere emen. (Aurra aopean lotzen da berriz ikaslanari buruz)

BEÑAT: Gañerakoan, nausia, egi aundia esaten dizu ba ori dotriñak: gizonaren ardura baduala Yaungoikoak!

YOSEPE: Etxe ontan beintzat, norbaiten laguntza gabe ez dakit zer egin dezakegun! Biok bakarrik gaituk gero lan guziei buruz! Bearrik auzo onak eman zizkigu Goi oietako Nagusi zarrak!

BEÑAT: Egia diozu. Besteta soroan genuke oraindik gure uzta guzia.

YOSEPE: A! Bereala geldi ta bukatu baledi gerra zikin au! Piarres emen bagenikek!

BEÑAT: Piarres gizajoa! Ura duzu ura errukitzeko! Ala duzu, guk emen bear ta uts aundia dizugu Gaxuxa il zan ezkeroko ontan. Baña, futxo; etxean gaituzu gu. Ura... an... urruti aietan gizajoak... zer negar egiten otedu? Aren kartarik ez da aspaldi?

YOSEPE: Ez, Beñat, ez; bost illabete badizkik aren azkenengo idazkiak. Ez al aiz oroitzen?

BEÑAT: Etxekoandrea il-eta bost-sei egunen buruan etorria? Salonika'rontz eguzkialdera itxasontzia artzera zijoala-ta? Tarante edo olako erri batetik bialdua? Oroitzen naiz, bai. Agian. Yoan-Pierrik berriak ekarriko dizkigu bereala.

YOSEPE: (Erlojuari begira) Egia esan, berandutxo zetorrek, puxka bat. Intzaborda'ra joana duk lentxeago; an jakingo die zerbait.

BEÑAT: Izan ere, Intzaborda'ko Manex ez zan ba gure Piarres'ekin Salonika'n?

YOSEPE: Ortan ari nauk ba! —Esak, i, Yose, mutiko pizkorra aiz-ta, teink onontz orko saski txiki ori! Ola. Ongi zeok. (Aurrak esan guziak egiten ditu eta Yosepe'n ondo-ondoan jartzen da)

BEÑAT: Yoan-Pierri ere, uste alduzu bein ere sendatuko danik, zearo sendatu?

YOSEPE: Zergatik ez? Balak besoa zulatua zeukak alde batetik bestera, ori bai! Ez ziok ordea ezurrik autsi! Nere ustez, eritegian (Hospitalean) egin zizkioen sendagalluak (eta orain etxeko goxoak) susterretik aterako zioe gaitza! Aste bete baizik ez dik emen eta dagoneko zauria ixten asi zikok. Poliki-poliki zañak eta dana beren tokietara zaizkiok igerri gabe. (Arrabots bat) Emen dugu-ta!

 

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

YOAN-PIERRI: (Barruko atetik soldadu-jantzian sartzen da, beso bat oial zuri baten loturik, idazki bat eskuan) Ari zerate?

YOSEPE: Ba alduk berririk?

YOAN-PIERRI: Piarres'en idazkia.

YOSEPE: To, ortaz ari gindukan ain zuzen... Ea?

YOAN-PIERRI: Bai, ta Manex ere gaur ezbada biar etorri bearra dela.

YOSEPE: Zerbait jakingo al diagu oraingoan! (buruz kiñu asteko).

YOAN-PIERRI: «'Zekteur postal, zenkzanekatr. Buruillaren emezortzian»...

YOSEPE: Buruillaren ernezortzian?... Zer! iru illabete egin dituela idazki orrek bidez-bide?...

YOAN-PIERRI: Bai, aita, bai! Beste etxeetan ere, guk bezela, iru illabeteren buruan artu omen dituzte Salonika'ko berriak.

YOSEPE: (bere buruari) Nora deabru eraman dizkiguten semeak orratik! Irakurrak, irakur... (Semeri)

YOAN-PIERRI: «Etxeko maiteak: berri izugarria izana dut. Beraz il da nere Gaxuxa, ta ez dut geiago ikusiko... Orain gelditzen naiz era ederrean: Patarburu'n aita bakarrik lanerako, ta ura ere urteak bizkarrean; nere aur gaixoa umezurtz eta txikia...» (Irakurtzea utzirik) eta ola! ondo dala Yaungoikoari eskerrak, an bero-xamar dagoela, ea pizkor zeraten..., orra!

YOSEPE: Ez! ori ez duk karta irakurtzea!

YOAN-PIERRI: Zergatik?

YOSEPE: Emak ik itzez-itz.

YOAN-PIERRI: (Berak asmatuz irakurtzen ari) Gañerakoan... uste dut guziok poliki zeratela. Gañerakoan... agian aurten ere igas bezela artoak berea eman dizue. Gañerakoan... —negara prenko egiñik nago oroitzean zer lagun ona galdu dudan oin laster eta orrein... orrein... trixteki. Ez kezkarik izan neregatik. Yainkoari eskerrak, enago bat ere gaizki, eta... eta... gañerakoan....

YOSEPE: A! «Gañerakoan» eta «gañerakoan»? Naikoa, naikoa diagu ortatik, Ea idazki ori onara!

YOAN-PIERRI: Baña aita...

YOSEPE: To, Yose, irakur zak.

YOAN-PIERRI: Baña aita...

YOSEPE: Ago ixilik; bazekiat zer ari naukan.

YOSETXO: (irakurtzen duanari oartu ere gabe) «Etxeko maiteak, berri izugarria dut. Beraz il da nere Gaxuxa, ta ez dut geiago ikusiko..? Negar egiten dut; baña zer dira negarrak? Ur-tanto garratz batzuk, besterik ezer ez; ezin dezakete okerrik txikiena ere zuzendu! Zein illuna dan orratik bizia! Orain gelditzen naiz era ederrean! Patarburu'n aita bakarrik lanerako, eta ura ere urteak bizkarrean; nere aur gaixoa umezurtz eta txikia oraindik. Zerbait balio zuten gure otoitzak! Yainkoak gure ardurarik balu, elitzake olakorik gertatuko! Zer egin bear dut nik ola bakarrik? Ez ote dut obe iltzea? Bai milla bider! Ez da bizitzarik etxe batean emazterik gabe; eta Gaxuxaz besterik ez dut nai ere, Yosetxo maitearengatik baizik ez bada ere.»

YOSEPE: (Malko bat legortuaz) A! Yainko-Yauna!

YOSETXO: Zergatik negar egiten duzu, aitaita?

YOSEPE: Emak, emak aurrera.

YOSETXO: Zer da, osaba?

YOAN-PIERRI: Ezer-ez, mutikoa!

YOSETXO: ...ez bada ere, Aita maitea, milla esker zuri, dela Gaxuxa'rentzat, dela nere semearentzat egin duzun on guziaz. Bi musu Yosetxori, goraintzi Beñat'i eta zuri ta anaiari sekulako agur, Yainkoak nai badu ta ez badu. Zure seme doakabea, Piarres. «Secteur Postal 504. Armée d'Orient».

YOSEPE: (semeari idazkia atzera ematen diolarik) To, orain ez diat orren bearrik. (Gero ezti-ezti) Zertarako nai izkidan oiek guziak gorde, Yoan-Pierri?

YOAN-PIERRI: Enuan uste, aita, esan bear nizkizunik.

YOSEPE: Zergatik ez? Iretzat irentsi ta bakarrik ausnartu nai uan beraz berri kirats ori?

YOAN-PIERRI: Aita, ona egia. Nik ezin nezake siñistu gure Piarres asmo oietan gelditu danik. Ez, ez: Etxean ama santu batengandik eta zuregandik ikasiak ez ditu aztu. Berri izugarria artzean, alde guzietatik ain urruti ta bakarrik izateak biotza sumindu ta lerrerazi dio, nik uste. Lenengo beroaldian da mintzatu ola. Baña seguru naiz, gaur onezkero osoki baretu ta bere onera etorri zaiola gogoa.

YOSEPE: Bai, alnunbait.

YOAN-PIERRI: Alnunbait? «Seguru» esan bearrean «alnunbait»? Ea! Ez ote zuan Domingo berekin? Mutil ona, lagun ona, Domingo! Ez da ala?

YOSEPE: Ori bai.

YOAN-PIERRI: Eta uste duzu bakerik artuko zuala ark gure Piarres gaixoa etsipenezko leiza illun ortatik atera artio? Eta ik, Yosetxo, otoitz egiten duk bitartean aitaren alde?

YOSEPE: Bai, osaba, egun guzietan.

YOAN-PIERRI: Aditu duzu, aita? Nola nai duzu Yaungoikoaren belarria aur baten otoitz garbiarentzat itxirik egotea?

YOSEPE: Ala duk, Yoan-Pierri. Iñork ez zekik ordea zeren ondoren dabillen Yainkoa; Onaren ondoren bai beti, baña nolako onaren ondoren?

 

 

IRUGARREN AGERRALDIA

 

MANEX: (kanpoko aldetik bi kaska ateari) Eup!

YOSEPE: (apal) Nor dugu berriz or? (Gora) Aurrera!

YOAN-PIERRI: (atea zabaltzen diolarik eta eskua tinkatzen Manex'i) To! Kaixo Manex; emen aiz?

MANEX: Ta i ere emen? Noiz arte? (Besteak eskuko lotura erakutsi) A! egia! Etxekoak gaztiatu ziateken.... Zertan zera, Yosepe? Bizkor?

YOSEPE: ...eta i?

MANEX: Bo! ni betiko ura! Eta zu Beñat, len bezin gazte?

BEÑAT: Bai, bai, gazte gaituk, bai; urteak bestalde...

MANEX: (Yoxe'ri) Eta i, mutiko? Beti prestu? Aitona, prestua al da zure illoba au?

YOSEPE: Bai, bai, lo dagonean.

YOSETXO: Bai ta dotriñan ere...

MANEX: Ongi zeok, ongi! (Yoan-Pierri'k ardoa ta ontziak ateratzen dituala) Zer ari aiz or, mutikoa?

YOAN-PIERRI: Ez aldiagu ba alkarrekin ardo tanto bat edan bear?

MANEX: Tira ba; baña etxera joan bear diat bereala. Onezkero zai jarrita zeudek gurean. Gaur edo biar etorriko nintzala gaztiatu nien ereñegun.

YOSEPE: Orrek ez dik ezer esan nai. Ardoak ez dik kalterik egiten! (Bitartean ontziak betetzen asten da Yoan-Pierri).

MANEX: (ontzia altxatuz) Aski, aski, aski! Badiat gero naikoa edanik bidean. (Xaako ustuak lekuko ditu) Zuen osasunean beraz!

YOSEPE: Bejondaikala!

YOAN-PIERRI: Zuk ez duzu nai, aita?

YOSEPE: Ez, enuk umoreko!

 

(Manex'ek, Beñat'ek, eta Yoan-Pierri'k edaten dute).

 

MANEX: (esku-muturraz ezpañak garbituaz) Ona laburki zertara etorri naizen onara. Zuen Piarres'gatik.

YOSEPE: Zertan duk?

MANEX: Gaixoa! zerbait ikusirik dago! Naikoa negar egin du Gaxuxa zana galdu zuan ezkero.

YOSEPE: Zer esaten zien lagunei?

MANEX: Esan, itz gutxi... Begiak busti, bekokia illun, zokoz-zoko ibiltzen zan bakar-bakarrik. Biotz-erdiragarri zitzaigun guzioi, anima erratua bezela jo onara jo ara!.. eta urreratzen bagintzaion ea gurekin etorri nai zuanez, bereala ba zijoan igesi, dana nastua, iñori itz bat esan gabe.

YOSEPE: Domingo'ri ere ez?

MANEX: Domingo'ri? Nola nai duzu? Ordurako eritegian zan Domingo, (Yosepe'k begiratzen dio Yoan-Pierri'ri) Bi zankoak eta eskuiko besoa itsuski zaurituak. Bere gogoz, familiko aita baten ordez, joan zan gudura, ta bildu du berea gaxoak. Zer apaizgai zintzoa! Zer lagun gozoa!

YOSEPE: Orduan Piarres zer biurtu zaigu?

MANEX: Ori duk nik ere nere kezka.

YOSEPE: (Arritua) Ez dakik ala nola dan gure Piarres?

MANEX: Ona nola gertatu den. Egun batez, —badu orrek ilabete terdi,— aurreko astean artu bear nuan etxerako ontzia, etorri zitzaigun agindua: baso bat, Arizmendi'ko basoa bezelako baso bat bear genuala guretu. Goizean goiz, ateratzen gera guziok gure zuloetatik, eta aurrera, basora artzera... Nor arritu, gu bai arritu! begira eskuira, begira ezkerrera, ez turko bat, ez bulgaro bat ageri alerik ere! Gure poza! Sartzen gera zuaitzen itzalpean. Bagoaz, bagoaz gero ta barruago. Bazterrak beti bezin ixil eta uts. Ola egin genituen firristadan zortzireun urrats, bat-batean dardardar trakatrakatraka non abiatzen zazkigun metralladorak! Ai orduan ziran orduan ikustekoak, atzera egiteko gure laisterrak! Ez da iñon erbirik gure orduko tarrapatarik erabilli duanik egundaiño! Etsai tzar oiek, an nunbaiten bazterturik, utzi ginuzten igaroten, eta gero, futxo! saldukerian inguratu! Urdeak! aurretik, atzetik, saietsetik, as¡ zitzaizkun tiro ta tiro; eta gu, eroak bezela, guziak naspilduta trumilka igesi. Balak fiu emendik, fiu andik... Yainko Yauna! gure larria! Dana dala, gure zuloetara biurtzean, ez giñan bildu an goizeko guziak; eunetik ogeitamarren bat doi-doi; batzuek bulgaroak preso artuak, zenbait il-otz eroriak, an nunbait, besteak Yainkoak daki non galduak eta ola...

YOSEPE: Eta Piarres?

MANEX: Zorigaitzez ez dakit batere. Geroztik ez dut ikusi. Bakarrik, nik etxerako ontzia artzeko egunean, gure nagusi aitzindariak galdutzakoetan ekarri dute aren izena.

YOSEPE: Esak ba egia garbi, il dutela!

MANEX: Ez naiz gezur esatera etorria, Yosepe. Banaki, aitortuko nuke.

YOSEPE: Aitortu konfesatuko zan beintzat gerra aurretik?

MANEX: Ez dakit ori ere.

YOSEPE: (eskua estutzen diola) Millesker, alere, Manex! Gauza guziak dakizkianak lagun dezala, argi dezala, ta gu ere bai denbora berean.

 

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa