I. EKITALDIA Etxetik iges Etxe aberats bateho jantokian. LENENGO AGERRALDIA Aita, Zarrena ta Gazte. (Bazkaltzen diardute) AITA: Jan zak ba, seme; aspaldi ontan (Gazteri bigun) illun abilkit. GAZTE: (tuntun) Ez det nai. AITA: Zergatik baiña? Ez dek ba miñik iñun izango; bestela esango euke... ZARRA: Utzi bezaio: Igarriko dio berak. Gogorik-ezen gaixo ori, aita, berez-berez osatzen da. Ez du goseak ilko... GAZTE: Iretik jan bear banikek beintzat! AITA: Tira, semeok, aserrerik ez. Anai maitekor antzera jatordu bat noiz egingo ote da gure sukalde onetan? Ekin ba jaten, mutil aundiak egiteko. GAZTE: (tuntun) Nik ez det nai. AITA: Len ere esan dek. Zer ba, semetxo? Esan idak ba zer dekan. I, ola, triste abilenetik ez diat pozik barnean. Arpegi ori luxe-luxe egin, ez itz, ez jan ta ez edan, eori triste ta areago ni. Esan ba beingoan, esan! ZARRA: Ez dezaiola geiegi jardun... GAZTE: (beretzat) Bai, baiña nola ordea?... (batera) Bai! Zer arraio! Lokarria autsi, ta utzi dezagun etxe au! AITA: (zerbait nabaituz) Ekaitz-borborra dek zerugoian; semetxo, ator onera. GAZTE: (burua jaso ta zakar begira) Zer bear du ba? AITA: (bigun) Ator, aitatxok ipuin bat... GAZTE: Ez naiz umea! (jaiki ta artega biziz, asmatu eziñik) Ara! Gaur bertan noa emendik... ZARRA: (Bat-batera jaikiz) E! Zer diok? GAZTE: Bai! Gaur bertan!... AITA: (pakez) Jarri zaitezte. (Biak jarri) GAZTE: (berriro jaiki ta artega biziz) Ta ...ba...ortako... AITA: Jarri adi ta pakean... GAZTE: Ez det astirik! Etxe zuloan sartuta beti! Gaiñera, iñoren mende, nork bere nairik egin ezinda! Gazte bat ezin diteke onela bizi! Ni banoa, ta... AITA: (oldoztun) «Gazte bat»... Gu ere, seme... GAZTE: Ez, ez! Alperrik! Ez det egingo atzera! AITA: (Zarra'ri) I, solorako ordu dek; oa. An gaituk biok berela. (Zarra jaiki ta jun) BIGARREN AGERRALDIA Aita ta Gazte. AITA: (Gazte'gana urreratu ta lepoan besoa, maitez) Baiña zoratu egin al zaik? GAZTE: (zakar) Ez! Aspaldiko asmo det au! Ni ez naiz jaio etxe barruan bizi izateko, ez! Zer ba? Kaiolan txori gaixoa, edo txakurra katez bezela beti lotuta, beti negarrez nai al du egon naitean? (Aita'k naigabez burua makur. Gazte, gero beroago, ta beti artega) GAZTE: Txoriak bere kaiol-burnia beingoan urra baleza, arin loake txorrotxioka baso ta zelai maitera! Azkatasuna! Azkatasuna! Bizitz-zorion betea!... (amets antzo) . Zelai ezeak dizun usaia!... Baso itzalaren ederra!... Ainbeste lore..., ainbeste txori... ainbeste sagar... Zaiñetan odola pil-pil, eguzki beroz dana kixkal dagonean, oi zein eder dan zugatzera juan eskua luza ta artean ikutugabe dagon sagarra eskuratu ta jatea!... AITA: (beretzat erdi-negarrez) O! Baiña zer da au? GAZTE: (jarraiki amesetan) Udaberrian lur dana lore danean, egunsentiko intza eguzkik dizdizeratzen dunean, lore mardulak (batzuk gorrixka, besteak zuri beltzeran) gozo-gozotan, jakin gaberik maite-miñez daudenean, oi nor litzaken orduan erle! Oi nor lebilken egetan lorarik-lora, maite-egarria zearo ase artean!.. (lilluraz geldi-unea) (bat-batera sendo) Nik badezaket! Biotz, oraintxe! Itxoin, lagunok! AITA: (bat-batera Gazte'ren oiñetara) Seme aut! Ire aitaren begietako negar garratzak iretzat balioko dik... Etxea utzita nora oake? GAZTE: (amorroz) Zerera! Etxetik kanpo ez du beorrek uste ezer danik! Etxea! Etxea beti! AITA: Bai, seme, etxea!... Ik ere egunen batean ikasiko dek, gizagaixo orrek, etxeko beroa zer dan... Maitasun-billa kanpora, seme? Maite, nik, seme, benetan! Biotza urratu... GAZTE: (egon-eziñez) Ez det astirik! Or ditut lagunak deika! Eman-bearra eman bezait bai ta banoa ni! AITA: O, beraz aita zar onek ez dik balio?... GAZTE: Zer aita gero! Pardela artzera noa. Lurretik jaiki ta nere dirua bekar! (Gazte'k urten pardeletara) IRUGARREN AGERRALDIA Aita bakarrik. AITA: (jaiki ta zerura besoak jasoaz otoizka) Jainko laztana! Aitzetik ura zuan Moises'ek atera; biotz gogor au aitz ua baiño gogorragoa ote da?... Berrogei urtez zure erriari erakuts ziñon bidea; argi-izpi batez ez urratuko Zuk biotz onen gau beltza?... Zarrez Yabok'ek bere semeai eman zien onespena; ta agure zar au, seme gaberik, bizirik zoaz iltzera?... LAUGARREN AGERRALDIA Aita ta Gazte. GAZTE: (pardelaz sartu) Oraindik emen? Errezatzeko izango da gero beta! Diruak laster ekarri bitza. Egin bedi banaketa! (Aita, zer egiten duan ez dakiala, sorgor, atera bedi dirutara) BOSGARREN AGERRALDIA Gazte bakarrik. GAZTE: (barne-izketan) Zer dek, biotz, zer? Zeintzuk dabilzkik burrukan or barrenean?... Garaille gaituk! Ez izan bildur! Eutsi oraintxe! Une bat, eta azke gaituk!... Baña au ikara! Gorputza dardar... Katea, tiratuz, ala jarri oi dute ikara larri batean!... (bigunduz edo) Aita... (biotz-gogor) Zer diot? Ez, onezkero itxi begiak ta aurrera! Irrits-beorrak artega daude noiz luzatuko ugelak! Eten bedi bein estuntza latz au! Lertu bear det bestela!... SEIGARREN AGERRALDIA Gazte ta Aita. AITA: (sartu diru-poltsaz) Orra dirua. (eman) Ta orain ator azkenengo aldiz. GAZTE: (arrituta) Zer ba? AITA: Azken-laztana ematerikan ez al ukatuko beintzat!... (Besarkatzen du luze. Alako batean, Gazte askatu zakar ta urrats larriz urteten da bildurgarriro, Yudas azken-apari gauez bezelatsu). (Aita, negarrez atera begira apur batean dagoan bitartean, ekiten dio pianoak (au kendu diteke) eztiki «Urrundik» jotzen. Aitak illun:) AITA: Agur, semetxo maite, biotz gabekoa. Aita zarra negarrez utzita baoa... Ori dek seme baten azken eitekoa! Eguzkia baiño len joango nauk mendira. Ta andik egun osoan egongo begira noiz agertuko ote den, seme, ire dirdira. Zer egin det nik, Jauna, au merezitzeko? Seme batek etxetik iges egiteko? Il nadin! Il, Jauna, bai! ola bizitzeko!... OIALA POLIKI-POLIKI BERA. |