III. EKITALDIA Damua Agertokian, baso (arizti) itzal bat; aritzak sendo, garratz. Argi berde motel batek uxatzen du iluna ozta-ozta. Dana geldi, illun, barne-bilgarri. Gazte, laiñotsu, bere artzai-makila luzeaz. Soiñekoak zarpil zikin; ile luzeok narras; oiñetako ta erastunik ez. AGERRALDI BAKARRA Gazte bakarrik. GAZTE: (Oiala jasotzerakoan, aritzondo batean jarrita agertzen da, buru-makur. Geroxeago jaiki ta ibilli bedi. Alik eta biotzondo ta egi-usain aundienaz esan bitza bertsook.) Baso, entzun ik beintzat nere deadarra. Entzun, biotz gaixo onen ulu ta negarra! Utzi ba'nitun utzi etxe ta aita zarra, orduz gero nunaitik dizut ezbearra... Gazte ta diru-jabe, uste nizun zoro nere morroe izango nizkitzula oro. Munduan sartu nintzan; ar nindun gozoro... Ez nekin eingo nunik oin negar goizoro. Lagunak izan nitun... Madarikatuak! Aiek galdu ninduten! Zorion, diruak,.. Gorputz ta biotz ditut aiek ustelduak... Erre, kixkaldu bitza inpernuko suak!... Aieri ikasi nien jokorako griña. Aiek ziri ta ziri, nik buru ariña, diruak ostu eta beartsu egiña utzi ninduten, bakar... iñora eziña... Azkatasuna nizun nik ames kutuna. Ez nuen nai etxeko lokarri biguna. Griñen esku utzi nuen nagusitasuna... Aren ondorena det morroitza aztuna. Baso, zuk badakizu zer den ler-bearra. Baso, zuk badakizu zein beltz den bakarra. Baso! Biotza ixurtzen utzi parra-parra... Utzi zerbait arintzen nere zoritxarra. Goizeko izarra bezain eder ta lerdena mundura atera nintzen irrits ta ames dena. Geroztik zer gerta den, emen azalpena: ikus nola nagoen len izar nintzena. Jantziak uratuta, oiñazpiak miñez; erestuna saldu nun atsegin-ordaiñez; Saiets ezurrak larri, gosea il eziñez... Au ikusita nola negarrik egin ez? (erdi-negar geldi-unetxo bat) Zenbat aldiz egon naiz txarrien aurrean; ta nasai ezkur-jaten aiek ikustean, ezkur aiek jan naia sortu zait barnean... Ezin! Ni ez naiz iñor txarrien aldean!... Baso, baso! Zer diok? Ez al dik zaiñetan irakiten odolak? Gogaketa auetan jartzen naukenean ni, buru ta oiñetan ikara sartzen-zaidak batera-batetan. Arnasa ere estutu, intziria larri; bularrak puztu eta itxia eztarri; masail-begietatik negar-malko iturri... Zeru-lurrak iguiñez jaurtikia naiz ni!... (geldi-unetxo bat) Iñoiz gogoratzen zait jaiki ta joatea. Zabaltzen didatenez etxeko atea. Aitari negar-malkoz barka eskatzea. Biotzak baietz dio... Lotsa naiz ordea! Aita zar gaixoari nik egin niona, ta orain barka eske! Ez diteke iñola!... Bizi dala baneki... ene aita ona!... Barkatuko lidake!... Zer poza biona!... Gurean zenbat morroik nai aiña janari! Ta ni goseak iltzen!... Biotz, piztu adi! Jaiki ta goazen bizkor!... Baiñan, au lotsari! Zer esango zioat nik nere aitari? Bai, biotz! Arpegia josita lurrean; «Aita esango diot intziri batean »pekatari naiz zeru »ta zure aurrean!» «Semetzat ez, ar nazu »morroitzat etxean!»... Ez dit ezer esango... Esango balit, zer? Ez ote det merezi nik orain edozer?... Ez dagoke neretzat lan garratzik ezer; dana egingo diot esan bezain laster. Lenago ni ninduan semerik maitena. Ta artu banuen ere galbide beltzena, ikusiko du ondo damutu naizena.., arena dudala nik biotz au den-dena! Noan! Zuzenbidean beingoz nadin jarri! Agur, agur baso itzal, lurralde ta txarri! Deika naukazu, aita, deika zure egarri!... Artu nazu, aitatxo...! Bioen pozgarri!... (abiatu) POLIKI-POLIKI OIALA BERA |