IV. EKITALDIA Etorrera Agertokian: ikusleen eskuira ta ber-bertan, etxeko sarrera dotore bat; atzeraxeago, munotxo bat ezkutatik igotzekoa. Ezkerraldean, zugatz aundi eder bat ber-bertan; atzerago, urruti, mendiak; bien bitartean, etxeko bidea. LENENGO AGERRALDIA Aita zarra, Mikel ta Yosue. (Aita, zar-zarra, bi morroek (Mikel ta Yosuek) erdian arturik eta lagundurik makillaz, narraz eta makur ateratzen da etxetik eta eskuiko munoruntz dijoaz irurak geldi-geldi ta itzalkiro. Goizeko amaikak edo) MIKEL: Egun ederra degu. Eskerrak Jaunari. YOSUE: Eguzkia jaiki da mendien gaiñetik. AITA: (ilun) Bai, beste egun bat... Atzo ere ez zan ageri... Gaur ere... MIKEL: Bear bada... Gaixoak baleki ni nola bizi naizen bera joan zanetik!... YOSUE: (poztu nairik) Etorriko da! MIKEL: Bai, bai! AITA: Egunero berdin: igo, mendian jarri, zai egon... ta alperrik! Illuntzean etxera betiko bidetik. YOSUE: Goazen! MIKEL: Goazen mendira poliki-poliki... (ezkutatu irurak eskui aldetik. Laster agertu mendiari gaiña artzen) MIKEL: (onean) Ezetz! Ikusiko du... AITA: (gaiña artzean, urrutiko bidera begira zutik (besoak zabalik edo) laiñotsu) Semetxo, nun abil? Bide-baztarren baten agian erdi-illik... Edo bildots galdua bezela, larretik iñola urten ezinda... Semetxo, atorkit! Emen aitatxo zai-zai besoak zabalik!... MIKEL: Nekatu egingo da, Jauna, jarri bedi. AITA: (jarriaz) Jaunak biotz barruan baietz esaten dit, ikusiko didala etxean oraindik... Mundu zabal guztia dakuszun eguzki, esan zaidazu nun dan neu billa joan nadin!... (illun, tinko, sorgor, bidera begira; beroxeago bat-batera) Ara! Beltzunetxo bat dakust an urruti... Bera det!... MIKEL: (beretzat errukiz) A gizaixo! Ortan gera beti! YOSUE: Jauna, bidezkoren bat izango da. AITA: (biotz-miñez) Mutil, ez zaidak ori esan... Au une lazgarri! (biotzgabetuta) Ez, ez! Nere semea orrek ez dirudi... jaso liraiñagorik zizun arek, noski, MIKEL: (poztu naiaz) Bai. Baiña zorionak ez du berandurik; itxoin beza, Jauna, ta noizbait nunbaitetik... AITA: (berriro poztuaz) Bera det! Bera det, bai! Ez esan ezetzik! (obeto begiratuaz) Bera diat! Au poza! Ez, ez! Ixil adi! (gero beroago) Gaur ez diat begi zar motz auen bearrik! Ez al didak somatzen biotz au dardarti? Ez al diok igartzen gorputz zar oneri piztuaz dijoala neuk ustegaberik? Goazen bidera!... (besteak eraman naiaz) MIKEL: (baretu naiaz) Baiña, nolaz ain urruti...? AITA: (berean bero) Bai, Mikel, begi auek badituk oraindik semearen dirdira artzeko nunnaitik! (begira berriz ere) Bera diat!... Gaixoa! Nundik aiz ibilli? Ez dakarrek gizajo lengo aren antzik! Ez kapa, ez buruko, soiñekoa zarpil, burua makur... Ator, ator, seme, arin! Besoak zabal-zabal bide erdira nadin! (Ekin bera bakarrik joaten, iñor berakin dagoenik oartu ere gabe. Mikel ta Yosue alderatzen zaizkio ta, itzalez, ixil laguntzen diote. Au guztia biotz-beroz. Eskui-aldetik ezkutatu ta lester agertu. Aita, narrasean arin. Agertokiaren beste muturrera orduko, azaltzen da Gazte III'gn. ekitaldian bezela, dana zarpil. BIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Gazte. AITA: (agertoki muturrera dijoala, biotz-eragiñaz estu ta sorgor) Seme!... Seme!... Ator bai... GAZTE: (oiñetara negar-intziriz) Aita, pekatari... AITA: (lurretik jasoaz ta besarkatuaz) Bai, etorriko intzana banekiken! Ez dik aiten biotzak iñoiz esaten gezurrik!... (geldiunetxoa besarkatuz) (morroiai deika. Gazte, lotsaz erdi-intziriz) Mikel! Josue! Onen jantzia ekarri... Erestun, oiñetako... Dana... zekor bat il... Txistulariei deitu... dagigun jai aundi! MIKEL: Bai jauna. YOSUE: Ointxe gatoz. (joan biak) IRUGARREN AGERRALDIA Aita ta Gazte. AITA: Semetxo au illik (berriro besarkatuz) bainuen ta bizi det, galduta aspalditik ta gaur berriz etxean. (Gazte'ri oartuz ta alaitu naiaz) Negarrez oraindik? Tira, seme, malko oiek ezkutatu egizk. Negar aroa joan dek betiko. Gaur berriz etxeratu aiz eta pozez jantzi adi!... Baekikek semetxo zer poz daukadan nik!... Ikusi audanean menditxo orretatik, biotz nekatu zar au dantzan zaidak jarri; ta andik ire bidera, antxumea irudi, etorri nauk. GAZTE: (bere oneratuaz ta sinistu-eziñik lotsati) Aita, ta dana barkatzen dit? AITA: Bai, seme, ez izan geigo gauz orren kezkarik. Ire aitak biotza zabal-zabala dik. Itxasoan arria ez al dek ikusi nola ondoratzen dan ezeren aztarnik utzi gabe? Ba nere biotzean, berdin. LAUGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Yosue. YOSUE: (Jantzi zuri, oiñetako ta ereztunaz dator) Jauna, emen guztia. AITA: E? A bai! Ederki! Tira, seme, sartu zak jantzi au gaiñetik. (egin) Jantzi zuri garbia;.. I joan intzanetik ortxe egon dek ire zai. GAZTE: (apal) Bai, aita, bai, gaurtik ez det berriz galduko. AITA: Erestuna jarri... (egin) Oiñetakoak sartu... (egin) Orra gizon berri! Ator, seme, laztan bat! GAZTE: Bai, aita, poz-pozik! (laztandu) BOSGARREN AGERRALDIA YOAN: (etxe barrutik dator) Agur, nagusi jauna! AITA: Eu intzan? Zer berri dakark? YOAN: Txistulariak dirala etorri; eta gertu dagola gaiñera bazkari. AITA: Ori on! Eta seme zarrena alorretik agertu al dek? YOAN: Jauna, nik ez det ikusi; baiña emen ez bada, laster da; eguzki zeru erdira igoa bait degu, nagusi. AITA: (alai) Ondo da! Seme, ator barrura nerekin. Nere ames gozoa Jainkoak bete dik. GAZTE: Aita, zein ona zeran! Nik ez det merezi... AITA: Oraindik ere ortan? Utzi zak bein ori! Aspaldiko ordez au dek jatordu pozgarri! Biok eskerrak eman Goiko Jaun onari, ta agiñak zorroztuta ekin jateari! ... Ta geigo ez aittatu kontu zar illunik! Ator, ator barrura aitaren besotik... (joan biak) SEIGARREN AGERRALDIA Yosue ta Yoanes. YOAN: I, Yosue, nor uan ori? YOSUE: Ez al dakik? Orixe dek ba Gazte, etxetik igesi luzaro ibilli dana... YOAN: A! Ura dek ori? YOSUE: (txistulariak barruan jotzen ekin; ozta-ozta entzun bedi, esaten dutena garbi jaso al izateko). Bai, gizona. Etziok poz makala egin gure nagusi zarrak... Ea pentsa egik: gaur goizean mendian, erdi-itxu egonik, urrutira beorrek lenen ezautu dik. Guk besteren bat zala Mikelek eta nik, ta berak ezetz, ezetz! Ta bera bakarrik iñoizkorik ariñen jetxi dek menditik. YOAN: Ez dek arritzekoa... (batera) Emen zetorrek i. seme zarrena. Goazen! YOSUE: Oneskero berdin ziok, ikusi gaituk eta... ZAZPIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Zarrena. ZARRA: (nekazari antzean) Zer? Eguerdi ta emen lasai-lasai? Ez al dago lanik? (soiñuari oartuz) Baiña zer soiñu dituk oiek? YOSUE: Ez al daki? ZARRA: Zer jakin gero? YOSUE: Ba gaur agertu da azkenik, jauna, bedorren anai gaztea. ZARRA: (erreta) Zein? Ziztrin, mozola arpegidun, zoro, ameslari, diru goze zitala? (gero aserreago) Ta zer? Orregatik al dituk soiñu oiek? YOSUE: Bai, jauna; jai aundi egin bear degula esan du nagusik. ZARRA: (asarre) Baiña... YOAN: Zekor gizena iltzeko... ta oindik ointxe asiko ziran bazkaltzen. Sar bedi! ZARRA: Ni or barrura sartu? Anai txar orrekin jan baiño naigo diat bertan goseak il! YOSUE: Ta aserretzen bazaio bedorren aitari? ZARRA: Aserratu? Neu ñagok ortarako neurriz! Beti etxean zintzo... YOSUE: Jauna, barka begist... ZARRA: Zer? YOSUE: Ba bedorren galdez or sartu aurretik jardun duan ezkero, emen dala jakin naiko luke. ZARRA: Esaiok nai badek. Burutik (Yosue'k erten Aitari esatera) egin duana ointxe dakuskiat garbi. Senipartea artuta joan uan igesi, Diruak galdu, bera Jaungoikoak daki nun ta nola ibilli dan... ta orain arpegi (txistulariak ixildu) bere etxera berriro etortzeko izan dik? Aitak ere negarrok laster astu dizkik! ZORTZIGARREN AGERRALDIA Lengoak eta Aita. AITA: (sartuaz, maitez) Baiña zer abil, seme? ZARRA: (bizi) Ni ez, ni ez nabil! Bedorrek ditu emen bazterrok nasturik. AITA: (onean) Zer ba? ZARRA: Zer ba? Ni emen zintzo-zintzo beti bedorren esan danak gazte-gaztetandik betetzen, ta bildotsik ere aman ez neri ostatuan jateko nere lagunekin; ta gaur, bedorren seme alprojazar, zikin, diruak eta izen ona bere nasaikeriz galdu dituan ori zaiola etorri, ta gaur, ori dala- ta zekor gizena il? AITA: (onez) Baiña, seme... ZARRA: (bizi) Zer seme! AITA: Ara: entzun egik. Ontan ez dek iretzat ezeren kalterik; ta jai au egitea... zer bidezkoagorik? I beti ago emen ementxe aiz bizi. Zer dek onen aldean bein-beingo bazkari? Nere guztia ire dek; jabe ta nagusi eu aiz, aitak begiak ixten ditunetik. ZARRA: A! Olan... AITA: Baiña anaia damututa ikusiz ez al zaik ba biguntzen biotza errukiz? ZARRA: Ba! Berak ere ez zeukan zintzo ibilli baizik.. AITA: (bigundu naiaz) Gizaixo! Ikusi ba'u negar eta intziriz belauniko; barkapen eske gaur goizetik! Ardi galdua artzaiak sastraka tartetik ateratzen dunean, seme, ez el dakik sorbaldetan artuta txabolan zein pozik sartzen duan berriro? Esan zaidak egiz: ez al uan eorrek gaur egingo berdin? ZARRA: (erdi bigunduta) Bai... ori, jakiña ba, anaia dalarik... BEATZIGARREN AGERRALDIA Lenengoak ta Gazte. GAZTE: (bat batera etxetik urten eta Zarrenaren oiñetaratuaz edo eskua emanaz, eskerronez. Zarrenari, baterakoan zarradatxo bat anaia ikustean). Eskerrikasko anai biotz onagatik! Ortxe egon nauk atean dana aditzen larri. Anai, anai aizenez maiteko aut beti. Aita, ni seme zintzo (besarkatuz) izango naiz gaurtik! OIALA BERA |