JOSE OLAIZOLA GABARAIN 27-I-1883'n Ernani'n jaio eta 1969-VI-6'n Donosti'n il. Bizitzako larogei ta sei urteei ikas-urteak kenduta, or besteak, ia irurogei ta amar, euskal lanean. Euskal lana dira musika, antzertia, erri-lana. Eta gerra ondoreneko erbesteko egoera ez al zan euskal lana? Euskal pentsabide, irudipen, itxurapen eta jokabidea zitun bere elburu nausi. Iñok ukatu eta eztabaidatu eziña da. Nai ta uriburuan bizi, arrozkeriak kutsutu gabeko gizona zan. Lenengo ta bein, musikalari. 1904'n Donostiar kaieko Pedro deunaren eleizan ezagutzen da organu jotzaille. Urte bete geroago, eta azkenak emon arte, Donosti'ko Andre Mari eleiz nagusian. Iru agertu ziran, Santesteban il zanean, ardura ontako leiaketara: Buenaventura Zapirain, lekeitiarra sortez eta donostiarra bizitez, «Txanton Piperri»ren egillea, Juan Mari Ugarte, errezildarra, Zamora'ko katedralean abeslarien zuzendari zana, eta Jose Olaizola. Eta onek irabazi. Benetako itzala lortu ta zaindu zun orretan. Organoan ekitaldi asko egiten ekian. Joten eta ikasten. Irudimen andiko. Ortik bere musika sortze eta egite ta ornitze ugari. Sinismen gartsuko gizona, ainbat abestitan biotza nasaitu ta fedearen sentimenei indar emoten alegindu zan. Erreskada luzea dauka eleiz abestietan. Musika koloretzat artuta, euskal margolari zan. Berak bizi eta sendo, egoki eta artez, garbi eta argi, aspergabe jo eta aidean sortu, eratu, batu eta tajutzen zitun doiñuak, bere euskal ikuspegiak dotoretu eta bizi eragiteko erabiltzen zitun. Euskal bizitzako lauki bat, kuadru bat ikusi edo igarri orduko, musikara eroaten alegintzen zan, ikuspegi eta doiñuz eta euskal jantziz kalera aterateko. Pautadun orri bat naiko izaten eban «Airerik ederrenetan daigun danok kana» egi biurtzeko. Berberak esaten ekian ertilari, artista, sentiduten zala. Orrela, euskal ertilari zalako sortu zitun ainbat abesti. Abesti eta irudi, esan bear. Gogoratu «Angulariak» (Anguleros del Nervión), Orfeon Donostiarra'k bere aukeratuetan artua. Gogoratu «Pasaiko batelerak». Ez dira gaurkoak. Magallanes'en ibillaldian Maria del Pasaje bat ezaguna zan. D'Auloy kondesak 1679 urtean aipatu zitun, ur-lapur alaien irudian. Delaparte frantzetarrak, gizaldi bat geroago, «batelera zoragarriak, kai batetik bestera txorien antzera kantari ibilten» agertu zitun. Ezaguna da Breton de los Herreros'en antzerkia. Eta Olaizola'k euskal ikuspegi sartu nai izan eutsen bere irudi zoragarrian. Or «Sorgiñeta». Sorgiñak eta akelarreak euskal irudimena asko berotu, aizetu, leratu eta zoratu dituen egoerak izan ziran argirik gabeko Euskalerrian. Gure bizitzako egite, jolas, gertaera, zoritxar eta bat-bateko asko sorgiñen mundo zarrean sortu, oiñarritu edo gertatu ziran. Eta bera, Olaizola, bere ametsen munduan, akelarretan ibili zan sorgiñekin jostari eta dantzan, beretik urtenda, sorgintsutan. Eta sorgiñak kantari eta dantzari erabilten jolastu zan. Astoaka, esaten da, arrantzaka ibilten diralado. Olaizola'k astoak dantzan ipini zitun. Eurekin dantza neurtuan ibili zan, arre-arreka jolasean, eta olgeta-benetan, arrantza zatar ordez, kantari. Or balet jolasen artean sartzen dan «Asto Ipuinlaria». Eta gogoratu baita bizitza paketsu eta izadiaren maitale danaren agergarri batzuk: «Uso bat eldu zait», «Il da txoria», «Larratxoria», «Eperraren goiz abestia» eta abar. Gogoratu oraintsuko «Mendietan» eta «Udazkenean». Musikatik osoan urten barik, goazen Olaizola euskal idazle ikusten. Olaizola idazle fin, bigun, biozkor agertzen da; samur eta errukitsu. Idazle zeatz, txukun, eder zale, poeta. Berberak agertua da idazteko garretan egoten zala. Jatorra da, ez bizia. Bakoitzari berea. Eresietan adimen eta gogoz ederraren billa gelditzen diran antzera, ala gelditu egiten dala dirudi bere lan batzutan, plastikatuta, egoerekin atsegindu, jolastu gabe. Eta bildurtu... Bizar baltz eta betaurreko baltzez ikusten gendun gizon lerdena, zuri-zuria da biotz eta gogoz eta bildurtia, idazten eta irudiak sortzen. Gordinkerietatik igesi dabil beti. Bera, beste askoren antzera, Euskalerri bedeinkatu eta garbi baten goratzaille da, nai ta jokabide batzuen ondoreneko erruki billa ibili. Orrela agertzen da «Markesaren alaba» antzerkian. Deitura orretako bertso errukitsuak sortu erazi eutsen lan au. Eibar'en saritu ta Donosti'n antzeztu zan 1908 urtean. Bertsoakarrukira beitu ta Olaizola'n antzerki-irudiz negar ugari atera eragindako lana. «Ingelesaren euritakoa» Ernani'ko euskal jaietan antzeztu zan lenengoz. Ez dot bera ezagutzeko aukerarik euki. «Zorigaiztoko eguna». Lan onetan Abelino Barriola'ren itzak berak doiñuz apaindu zitun. Beraz Olaizola eta Barriola bikotearen lan txalogarria dala esan bear. «Biar arte? Ja, jai!» Komedi txikia da. Zati batekoa Irritsua. Ez da gaiñera bere-berea. Quintero'ren «Mañana de sol»en daukaz sustarrak. Geiago esanda, giarra ere bai. «Gora gora antxiñako legeak». Gerra aurretxoan irakurri neban, eta bizkaieraz ipinten ibili nitzan, gure erako antzerki egokia ikusten gendulado. Giroko gaia zan. Atsegin izan jakun irakurtean. «Oleskari zarra». Lenengotan antzerki soil. Gero musikadun. Zer dan Oleskari zarra? Euskal biozkada bat. Oleskari, poeta baten lana. Artzai kantu bat. Geldi xamarra, irudi eta itzak sentimenean irarri nairik. «Oleskari zarra», irudiz eta bizi, egituraz eta musikaz, barru eta kanpoz, euskal biziaren agergarri zintzo eta jatorra da. Egilleak Ernio azpiko bere ibilleretan gogoratu eta asmatua, Ango bakartade sakonetan iruditua. Sortzez eta egitez, euskalduna. Txapel eta atorrez. Aia'ko Alzola'n pentsatu eta Aizama'ko Santa Ingartziko «Angelux» eko bake eta kontzientziari deian osotua. Lan au, sortu barri, lenengo eran, Oñate'n antzeztu zan 1918 urtean, Eusko Ikaskuntzak an egin zitun batzarretan. Arrieta andereñoa, Gabriel, Jose'ren anai ezaguna, Etxeberria, Egileor eta abar izan ziran lenengo antzezlariak Baiña ordutik ona asierako utsunak bete, musikaz aberastu eta edertua da. Orra, gain gaiñetik, Jose Olaizola nire ikuspegian. Gaitza da zeatz aztertutea. Ikusteko litzakez aren paperak eta aren oarrak, apunteak. Ikusteko aren doiñu asierak, aren melodiak, zeinbait abesti eta eresientzako oarrak. Eta antzerki gizan iruditzeko berak maite zitun Saski Naskietarako gertaerak Olaizola, nik, geienbat, gerra aurreko giroan ezagutu neban. Euskal jai guztietan bere nortasuna sartzen, bere lotsa emoten eta bere itzala eskintzen. Bere nortasuna laga eban gure euskal bizitzan. AGUSTIN ZUBIKARAI |