|     58 zenbakia, 1983ko apirila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

MARKESAREN ALABA

 

        Mutriku'ko Sebero Iturrino'k, bear ba da Sebero Mutrikuarra deiturarekin ezagunago izan zanak, ba zekan bertso onak egiten.

        Erra eta ugari zabaltzen ziran bereak itxas-ertzean eta baserrietan.

        Markesaren alaba baten auziari asmatuta zortziko txikian egin zitun ogei ta bat aapaldiak, estrofak, sekulako arrera euki zuten.

        Gaur ere, itxas-ertzean, bertako lantegietan nai sare konpontzen nasa eta kantoietan batzen diran emakume aldretan, sarri gogoratzen dituez eta maitasunez eta biotz ikutuz abestu.

        Ogei ta batetik iru dira gaiaren joera osoaren aria erakusten dutenak:

 

                        3)

                Markes baten alaba

                interesatua,

                mariñeruarekin

                enamoratua;

                deskubritu gaberik

                bere sekretua,

                amoriua zeukan

                barrena sartua.

 

                        11)

                Amaren malezia!

                Korreora juan ta

                Antonio il zala

                egin zuen karta.

                Juanitaren tristura

                berri ura jakinda!

                engaiñatua bestek

                gezur bat esanda.

 

                        15)

                Denpora kumpliturik

                galaia abian,

                zer pasatu ote zan

                aren memorian?

                kartarik artu gabe

                juan dan aspaldian,

                inozente sartu zan

                jaio zan errian.

 

        Entzutetik ala irakurtzetik artu ote zun Olaizola'k bertso orrein gogoa antzerkira eramateko gogoa?

        Berak, antzerkiaren sarreran au dio: «Jostirudi onen gaia, Gipuzkoa guziyan (eta Bizkaian alderdi batean ere baietz uste det) abestutzen (kantatzen) diran bertso zar batzuetatik artu det. Esaten danez Motriko'n gertatu da...»

        Olaizola'k, bere garbi zaletasunak eraginda, aldaketa txiki batzuk sartu zitun izenetan:

        Bertsotako Juanita zana, Iziartxo aldatzen da antzerkira.

        Ango Antonio Mari, Andoni.

        Markesa, orretan gelditzen da soil-soil.

        Baiña or datoz Iñaki, Koldobika, Polentze...

        Giro berri baten eskabideak dira.

        Olaizola eusko abertzaletasunaren lenengo giroko euskaltzale zan.

        Gai bigun eta samurra da. Errukitsu ta errukiorra.

        Gure giroko jendeak ainbat negar ixil egitekoa.

        Jende on, zintzo, langille eta jatorrak, itxas gizonak alde baten.

        Zintzotasunaren ikutuz, eragiñez, maitasuna sortu, gartu eta zotin eragiten ekienak. Batez ere gazten artean.

        Bestetik itxura, aundinaikeria, nortasun berezi bat zaindu naikoena. Ezaupide ona bestentzako, baiña norberetik irten gabe, itxurarik galde gabe, bitartea bitarteko.

        Ortik bizitzako gertaera ugaritako naigabeak, ittotasunak eta zitalkeriak, ostopoak, mugak.

        Lau itzetan, itz lauetan esan da, jokabidea au da:

        Bertsotako Juanita, antzerkiko Iziartxo, erriko mutil batekin, «mariñeru batekin», bertsotako Antonio Mari, geroko Andoni'kin maite mindu zan. Eta ezkontzako ametsak egiten asi.

        Ama, markesa, sartzen da jokoan. Amak, alabaren ondasun gaiñetik, markesaren egoera, nortasuna ikusten du. Gizabideko bitartea.

        Aitzaki oiak: mutilla ez jakiña data, etxera eramateko eskola ikasi bearra, itxuratu bearra, txukundu bearra. Ortarako une beterako erbestera joatea komeni, «gizon egite»ra.

        Luzatu, satorkeriari bidea emateko.

        Neska, alaba, berean dago. «Esposatu nai nuke kariño onian Antonio Mari etortzen danian».

        Baiña ama zurra da. Ba daki zetan jokatu. Etxeko mirabea izango du azpi-lagun.

        Berak gezur kartak egin, mirabeak ixilleko bezela ta karteruagandik zuzen bezela Iziartxo'ri eman ta saltsa ta nastea, mutilla il data sinistu eragiñez, bitartean etxera ekarten alegindu dan bere giroko mutil baten ezaupidean eman, sartu eta beartuz.

        Eta amak presaka bultzatuta maitasun gabeko ezkontza dator.

        Ain zuzen maitasuna zarra zintzo eta kezkari erriratzen dan garaian.

        Or dago drama: Andoni biotz miñez erori ta Iziartxo elizara ezkontzeko asmotan duala, kalean ondes eginda nor dan konturatzen danean...

        Luzeago esan-da.

        Iturrino'ren estrofak, zortziko txikiko aapaldiak, Olaizola'k iru ekintza eta bost antzeskitan banatzen ditu. Antzeski itza «cuadro» bezela erabiltzen du berak.

        Lenengo egintza: Bost irudiduna. Markesaren jauregi aurre eta lorategian. Morroia bitarteko dala, neska ta mutillaren agurrak.

        Bigarren egintza, zati bikotza da. Jauregiko gela nausian. Ama asia da satorkerian. Kartak nola egin, mutil berri bat etxeratzen alegindu ta abar. Ala lenena, ta bigarrenean, loretegian, zapukerizko kartaren zotiña oartzen, Andoni il dala ta abar alabari sinistu eraziten.

        Irugarren egintza, berriz ere jauregiko gela nagusian Iñaki'ren gana alaba samurtzen lenengo aldian. Gero, kalean, ezkontz eguna, eleizarako bidean. Ta ordurako erriratu dan ezer ez dakian Andoni'ren kaleko ondesa, ta orrekin konturatuta Iziartxo'ren zoro-aldia, jantzi'ta illeak urratzen.

        Beraz antzertiko leku irudigarriak, Jauregiko gela, jauregiko aurre ta loretegia, eta erriko kalea dira.

        Agirian dago, lengo oiturei jarraituz, antzerki erreza egin nai izan zula Olaizola'k.

        Zailtasuna gabea.

        Erritxikietan tziki, baiña apain agertzeko erako.

        Erri aundietan, aundi. Or dagoz betegarri diran Iziartxo'ren lagunak arrantzaleak, mutil koxkorrak emakume zar edo atsuak, erritarrak, ttunttuna eta abar, antzeztokia aberats beteteko aiña.

        Gain-gaiñetik errikoia da. Sentimentuei erraz ikutu eraginkorra.

        Ez alperrik billatu zailtasunik. Ez dauka. Ez egituran, ez agerbidetan, ez jardunaldietan.

        Antzes-lagunak euren izketako esaera edo jardunaldi luzetxoen bat ba dauka; ordez, irudi batzuk ariñegi igaroten dira. Iziartxo'ren aldetik, azken unean, illeak eta jantziak urratzea, bat bateko zoroaldi bezela ikusten da. Erabakirik artzen ausartu ote zan? Antzezlaria ez da ausartu bertsolariari jarraitzen. A luzeago dua. Begira emeretzigarrena:

 

                Penarekin lerturik

                Antonio il zan,

                akonpañatu zuen

                Juanitak elizan.

                Maitasuna ba zion

                esan dedan gisan,

                geroztikan etzuen

                osasunik izan.

 

        Baiña antzerki-egilleak bere neurriak ditu. Bertsolariak irudimenez luzeago jokatzeko aukera.

        Itzetan, euskera kontuan, giroko orrazia sartuta egonarren, euskera errikoia darabil, erraza, euskal pentsabideduna.

        75 urte dira Olaizola'k antzerki au idatzi zuala. 1908 urtean antzeztu zan lenengoz, Donosti'n, aurrez Eibar'ko Euskal jaietan saritua izan ondoren.

        Beraz «diamantezko brintzak»in ospatu bear bere argitapenaren gertaera au, ain zuzen egillearen jaiotzako eungarren urtean.

AGUSTIN ZUBIKARAI

 

aurrekoa | hurrengoa