|     60 zenbakia, 1983ko uztaila [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


SUGEA, GIZONA ETA AZERIA

 

        Beti izaten al dute saria egintza honek? Edota sarritan, oso sarritan, egintza honek ez al dute ostiko pare baten saria izaten?

        Hauxe duzue, Joxe Migel Barandiaranek Goierrin bildu eta guk txotxongiloekin antzezteko egokitu dugun alegi zahar honetako galdera nagusia.

        Ipuin honetan zehar bizitzaren izate latza ikusiko duzue. Ez, ez. Beti ez du izaten ordain onik; beti ez du jasotzen saria ongi eginiko lanak, eta bestela galdetu astoari, gure alegiko txakurrari, eta suge maltzurrari.

        Azeriak egingo du justizia bere maltzurtasun eta zorroztasun guztiarekin honexek jarriko du gauza bakoitza bere lekuan eta bukaerak, arrazoizkoa bada ere, badu bere mingostasuna. Baina ez gaitezen aurreratu!... Oihala altxatzera doa!

 

Egilea: Enkarni Génua.

Txotxongilo teatrorako egokituriko herri-alegia.

1976.an estreinaturiko obra.

 

BANAKETA:

        GIZONA

        SUGEA

        TXAKURRA

        ASTOA

        AZERIA

 

        Ipuin hau antzinan gertatu zen, azeriak, sugeak, zakurrak, eta animali guztiek, eta belarrak, arbolek, hitzegiten zutenean...

 

ZUHAITZA: Ni zuhaitz zahar bat naiz... Enarak alde batetik bestera igarotzen larogeitalau aldiz gutxienez ikusi ditut.

        Nere itzala, udan oso atsegina zen... Udazkenean, berriz, hainbeste aldiz ostoak galdu ondoren, azkenean betirako ostorik gabe gelditu naiz.

        Eguzkia, hodeiak, ilargia eta izarrak, neure lagun ditut... Gazte nintzenean... Huraxe bai garai ederra!... Gizonek, orain baino gutxiago hitzegiten zuten... Abereek berriz, orain baino gehiago... Haietxek bai garai ederrak!...

        Harriak nere lagunak ziren, eta askotan nerekin jolastu ziren... (eskuak mugitzen dira)...

        Eta egun zoriontsu haietako batean, gure Jaxinto, bere etxaldeko artoak ikustera abiatu zen, eta baita oso pozik gelditu ere artoen itxura ederra ikusi eta gero!...

        Halako batean ordea...

SUGEA: Mesedez!... Lagunidazu gizona!... Mesedez!...

JAXINTO: Nork deitzen nau?... Ez dut ezer ikusten!...

SUGEA: Hemen nago... Mesedez!...

JAXINTO: Umeok, zerbait ikusten al duzue...?

        Ai Ba!... Badakizue zer den?... Sugea!...

        Zer gertatzen zaizu?...

SUGEA: Harri honen azpian sartu naiz eta, ezin naiz atera!... Hiru egun daramat hemen... Goseak nago... Oso gose naiz... Atera nazazu hemendik!...

JAXINTO: Bai... bai... Lagunduko dizut!...

        Ez... ez...

SUGEA: Mesedez!...

JAXINTO: Bai... bai... bai... Lagunduko dizut!...

        Ez... ez... ez...

SUGEA: Mesedez...

JAXINTO: Bai, bai, bai,... Lagunduko dizut!...

        Ez... ez... ez...

SUGEA: Laguntzen ba didazu, merezi duzun bezala ordainduko dizut...

JAXINTO: Aizu, aizu... Ba al dakizu ez nagoela oso prest zu hortik ateratzeko?

SUGEA: Mesedez!...

JAXINTO: Eta gero jaten ba nauzu... Hain haundia zara!... Beldurtu egiten nauzu!... Aizue, umeok... Zuek zer egingo zenukete nere tokian ba zeundete?... Atera bai, ala ez?...

        Zuek ba al dakizue zeinen haundia den?...

SUGEA: Zuek ba al dakizue hiru egun daramadala jan gabe?...

JAXINTO: Bai...

SUGEA: Eta jan gabe ezin litekeela bizi?...

JAXINTO: Bai, bai.

SUGEA: Eta harri honek lehertu egiten naula?...

JAXINTO: Bai, bai, bai,...

SUGEA: Orduan gizon... atera nazazu!...

JAXINTO: Ez!...

SUGEA: Ateratzen ba nauzu, merezi duzun bezala ordainduko dizut... Sei untxi eta ardia emango dizkizut...

        Sei untxi eta ardi haundi bat emango dizkizut!...

JAXINTO: Beno, konforme! ... Nere etxeko andrea bai pozik jarriko dela jakiten duenean...

SUGEA: Ai, ai, ai... Hemendik ez... mihitik ez!...

        Ai, ai, ai... lepotik ez...

JAXINTO: Nondik ba?

SUGEA: Lehengo harria jaso behar duzu... Bestela ezin naiz irten...

JAXINTO: Umeok, zuen arteko indartsuenak lagunduko al dit?. Motelak, ez eh!...

        Egia esan ez dakit hemengo haurrak nolakoak diren, motel edo indartsuak. Nola?...

        Ia ba, indartsuak zareten ala ez! Hatz bat jaso al dezakezue? Ia hiru esaten dudanean...

        Eta esku osoa jasoko bazenute?... Bat... bi... hiru... Oso ederki!...

        Goazen ba denok elkarrekin harria jasotzera!...

SUGEA: Jango zaitut!...

JAXINTO: Zer egin behar duzu? ...

SUGEA: Jan egin behar zaitut... Nerea zara ta...

JAXINTO: Eta zuk emandako hitza?...

SUGEA: Beteko dut?... Esan dizut merezi duzun bezala ordainduko dizudala.

JAXINTO: Eta hori al da ordainketa egiteko era?...

SUGEA: Bai... ondo egindako gauzek, ordainketa txarra merezi dute!...

JAXINTO: Bai zera!... Ondo egindako gauzek ordainketa ona merezi dute!...

SUGEA: Ez, ez, ondo egindako gauzek ordainketa txarra merezi dute!...

JAXINTO: Ez, ez, ondo egindako gauzek ordainketa ona merezi dute!...

SUGEA: Gizagaixoa!... Non ikasi duzu horrelako astakeria hori?

JAXINTO: Astakeria?... Hori mundu guztiak daki!...

SUGEA: Oker zaude!...

JAXINTO: Bai zera!... Ondo egindako gauzek, ordainketa on merezi dute.

SUGEA: Ordainketa txarra!...

JAXINTO: Ordainketa ona!... Txarra!...

        Ona... Txarra... Ona...

        Ia, ia, umetxoen iritzia jakin nahi dut nik... Ia neska mutilak: ondo egindako gauzek zer ordainketa merezi dute?

SUGEA: Proba egingo dugu. Aurrena hemendik pasatzen diren hiru bizidunei galdetuko diegu ondo egindako gauzek nolako ordainketa merezi duten beren ustez. Eta haiek esandakoa egingo dugu, konforme?

JAXINTO: Konforme!...

        Eh!... txakur bat dator!...

SUGEA: Aizu!...

TXAKURRA: Zer?...

SUGEA: Ondo egindako gauzek zer ordainketa merezi dute?...

TXAKURRA: Txarra!...

JAXINTO: Zergatik?...

TXAKURRA: Begira. Hamar urtetan nagusiarentzat lan pila bat egin dut. Mendira joaten ginen nagusia eta biok ardiekin!... Guau, guau, guau!... Pintoooo! Gora... Pintoooo... honera, guau, guau, guau!... Baina orain... Zaharra naiz, eta ezin dut hainbeste lan egin!... Eta ba al dakizu zer egin duen orain nere nagusiak?... Bere etxetik kanpora bidaldu nau!... Ez... ez... ez... Ondo egindako gauzek ordainketa txarra merezi dute!... guau, guau...

SUGEA: Bat eta huts!... Bat, bi iru lau, bost sei zazpi, suge honek txapelketa hau irabazi bai bai (Kantari).

JAXINTO: Astoa dator... Berak esango digu bai...

SUGEA: Aizu... Zuk oso burutsua eta bizkorra dirudizu... Ondo egindako gauzek nolako ordainketa merezi dute?

ASTOA: Ostiko pare bat!...

JAXINTO: Tira ba!... Astakeririk ez esan!...

ASTOA: Kontxo!... Hor al zaude zu?... Pozten naiz... Iritzi hori ez da nerea ez!...

JAXINTO: Ez eh!... Hala ematen zuen!...

ASTOA: Bai... ba zergatik?

JAXINTO: Astakeria haundi bat zelako!...

ASTOA: Ba gizon batena da!... Begira... Asto eder bat dut, esaten zuen nere nagusiak gazte nintzenean... Eta orain... zahartu naizenean... Gaur goizean ikuiluko atea ireki ondoren... Tira!... Hiru makilkada eman dizkit eta berriz ez etortzeko esan.

        Ez, ez, ez, ez. Ondo egindako gauzek ordainketa txarra merezi dute...

SUGEA: Bi eta huts!...

        Bat, bi, hiru, lau... (kantari).

JAXINTO: Bat, bi, iru, lau... (kantari).

SUGEA: Jaxinto, ikusten duzun bezala irabazi dut... Jango zaitut!...

JAXINTO: Itxaron pixka bat... Hirugarrenak ia zer esaten duen!...

SUGEA: Alferrik da!... Denek gauza berdina esaten dute!... Jango zaitut!...

JAXINTO: Itxaron!...

SUGEA: Zertarako?... Zenbat eta lehenago jan, denentzako hobe!... Jango zaitut!...

JAXINTO: Ezetz esan dizut... Hiru bizidunei galdetzea erabaki dugu!...

SUGEA: Zuretzat okerrago izango da...

JAXINTO: Ai, ai, ai,... Azeria dator...

SUGEA: Atoz, atoz hona... Ia zuk duzun bizkortasun horrekin gauzatxo bat erabakitzen laguntzen diguzun...

AZERIA: Benga!...

SUGEA: Benga, azkar hori!...

AZERIA: Tira... alde egin ezazu!...

SUGEA: Zuk esango diguzu bai... Ondo egindako gauzek zer ordainketa merezi duten?...

AZERIA: A zer galdera! ... Eta nork erantzungo lioke galdera honi besterik gabe?...

SUGEA: Ba beste batzuek erantzun dute... Eta zuk azkar horrek ez al dakizu erantzuten?... Tira ba... tira ba...

AZERIA: Ixilik egon, berritsua. Nik neure iritzia ez dut ematen gauza guztia ondo jakin arte.

SUGEA: Ba al dakizu zer gertatu den?... Ba...

AZERIA: Egon... Ni haur hauekin konponduko naiz eta...

SUGEA: Bai zera!... Neska-mutil hauek ez dakite zer gertatu den hemen...

AZERIA: Badakite!...

AZERIA: Ia... neska-mutilok... Zer gertatu da?... Non zegoen sugea?... Zer esan dio sugeak Jaxintori?... Zer egin du Jaxintok?... Eta sugeak gero?...

JAXINTO: Eta nik esaten dut ondo egindako gauzek ordainketa ona merezi dutela...

SUGEA: Eta nik esaten dut ondo egindako gauzek ordainketa txarra merezi dutela ona... txarra...

AZERIA: Ondo dago... Bainan orain zuri galdera batzu egin nahi dizkizut. Zein harri azpitan zinen zu?...

SUGEA: Harri haundi honen azpian...

AZERIA: Eta burua kanpoan al zenuen?...

SUGEA: Bai... burua bai!...

AZERIA: Eta gorputza osoa harri-azpian?

SUGEA: Osoa!...

AZERIA: Ederki!... Atoz hona. Jar zaitez lehen zeunden bezala nik ikusteko.

SUGEA: Baina zertarako?...

AZERIA: Nik ikusteko!...

SUGEA: Ba begira nola nengoen... Hola!...

AZERIA: Ui, ui, ui,... Nik uste apostua irabazten ari zarela... Eta harri haundi hori zure gainean zegoela esaten al duzu eh?

SUGEA: Bai...

AZERIA: Hobe... Bai, bai irabaziko duzu... Ia gizon, ipinezazu harria zegoen bezala... Honela al zeunden?

SUGEA: Askoz gehiago estutzen ninduen...

AZERIA: Zapaldu gehiago gizon!... Hola?...

SUGEA: Pittin bat gehiago!...

AZERIA: Estutu gehiago, gizona, estutu!... Hola?...

SUGEA: Bai, bai, ai, ai, ai,... Hola zegoen... Atera nazazu... ai... ai...

AZERIA: Bai eh!... Ba hola ba zeunden, «hola jarraitu... Ez du asko merezi zu bezala dabilenak!... Goazen!...

 

(MUSIKA)

 

aurrekoa | hurrengoa