ZEZENA PLAZAN «Pasaiako plazatik dator notizia zezen bat atera da jenioz bizia...»
Xenpelarren bertso hau izan da gure ipuinaren abiapuntua. Beste batzuetan bezalaxe geure folklore, geure poesia izan dugu inspirazio-iturri. Kasu honetan, Xenpelarren zezena hasieratik bertatik gustatu zitzaigun eta lehen unetik izan zen gure adiskide, eta agian horregatik ahalegintzen gara jendeari erasotzeko zezenak zituen arrazoiak ulertzen. Eta hala gure begien aurrean, banan-banan pasa ziren jaietan dagoen edozein herritako irudimenezko petsonaiak. Txarangek amorraziorik zeukaten erretxina, egunari «probetxua» ateratzen ari zen dendaria; mundu guztiarekin jartzen den harroskoa; beren burua besteak baino gehiagotzat dauzkaten herriko «dotoreak», eta guzti hauen kontra eragotzen du gure zezentxoak, gangarrak apaleraziz eta justizia eginez. Obra honetako giroa, herriko festetan gertatzen denez, jai giroa da. Kolore biziko dekoratuak pertsonaia ausartak eta osagai garrantzitsu gisa herriko plaza eta kaleetan zehar gora eta behera dabilen txaranga. Baina erdi-erdian, protagonista naguzitzat ZEZENA, trapuzko zezentxoa, txikia, beltza, asmo txarrekoa baina irribarretsua, gure neska-mutikoren bihotz-bihotzeraino iritsi dena. Egileak: Enkarni Génua eta Manolo Gómez. 1980.ean estreinaturiko obra. BANAKETA: ZEZENA AMA ESKONGAI AITA MARTZELO DENDARIA ETXEKOANDRE JON KORTA TXINTXORRERO PIRULERO MUTIKOA AMONA TXARANGA (Antzezpena hasi aurretik, Pasaiako plaza ikusten da argi lauso batekin, egunsentia izan liteke.) ENKARNI eta MANOLO eszenategian alde banetan daude eta filarmonikaren soinu eztia entzuten da «pasaiako plazatik...» joz. Bi aldiz, bigarrenean tonua jasotzen du. Bukatzean Enkarnik parte hartzen du esanez: ENKARNI: Pasaiako plazatik dator notizia, zezen bat atera da jenioz bizia, kontatutzera noa bistaz ikusia, kontsolatzeko triste dagoen guzia. MANOLO: (Abestuz) «Pasaiako plazatik»... (Desagertzean argia areagotu egiten da. Bizkor.) ZEZENA: Egun on!... Arratsalde on!... Gabon! neska-mutilak. Egun on!... Arratsalde on!... Gabon denoi. Ummmmm... ziur nago. Ni hemen azaldu bezain laster bizikleta bat naizela konturatu zaretela! Baietz! Ja, ja, ja, oker zaudete. Ez, ez, ez ni ez naiz bizikleta bat, elefante bat baizik. Ja, ja, ja, berriz ere gezurra esan dizuet. Ez, ez naiz elefante bat... ni naiz... ni naiz... Zezen bat! Zezen biurri bat baina jatorra! Ziur nago, bein baino geiagotan nere historia entzun duzuela! Enparantza honetan gertatu zen, Pasaiako enparantzan. Baina egia esateko beste edozein enparantzatan gerta zitekeen. Nere historia herriko jaietan gertatu zen... Herri guztia jaietan zegoen... Ikusiko duzue!... (Txaranga ateratzen da. Aurretik musika entzuten da urrunean eta txaranga abesti batekin dantza eginez agertzen da. Argia goraka. Plazaren erdian gelditu eta beste doinu bat jotzen du. Alde egitean Txintxorrero agertzen da eta nola doazen ikusten du.) (Atzeko etxetik.) AMA: Gaur nere alaba eskontzen da... Nere alaba... nere alaba herri honetako neskarik politena da... Ze herri honetakoa!... Inguruetako neskarik politena da. Ze inguruetako... Herri guztietako neskarik politena da! Gaur nere alaba eskontzen da. NESKA: Ama! Ama! Apain nago? AMA: Oso... oso apain! Herri hontako neskarik politena zara... Herri honetako eta inguruetako neskarik politena zara... AITA: Azkar, azkar... berandu abiatuko gara elizara!... AMA: Bai, bai... zezena atera baino lehen elizara iritxi behar dugu! NESKA: Ui!... ui!... Oso apain nago, oso apain nago!... AMA: Herri honetako neskarik politena zara. NESKA: Politena naiz! AMA: Politena zara! AITA: Politena da! ZEZENA: (Beste atetik) Je, je, je. Neska mutillok ikusi al dituzue arroputz hoiek? Pasaiako plazatik dator notizia zezen bat atera da jenioz bizia kontatutzera noa bistaz ikusia kontsolatzeko triste dagoen guzia. DENDARIA: (Globoekin denda ekarri eta bertan jartzen du). Herri honetako jendeak ezertarako balio ez duten gauzak erosten ditu. Eta horregatik gu biok bizi garen bezala, bizi gaitezke! Beno... Zu..., ni... eta neri saltzen didana, eta horri saltzen diona, eta gure saltzaileari saltzen dionari saltzen diona, eta abar eta abar eta abar... ETXEKOANDRE: ...Esan... esan... ez dut ondo ulertzen. DENDARIA: Oso erraza, ikusten duzu andromandojo hau? Ba hemen mahai gainean ipintzen dut beste andromandojoaren aldamenean... eta asten naiz oihuka. andromandojo recio andromandojo lacio andromandojo necio berehala lau edo bost lagun etorriko dira, eta nere andromandojoa ikusten, ahoa zabalik geldituko dira. andromandojo recio andromandojo lacio andromandojo necio. ETXEKOANDRE: Eta zertarako balio dute? DENDARIA: Zertarako... zertarako... Ezertarako ere ez! Baina nik gauza pila baterako balio dutela esango diet... belarrietan hazka egiteko! galtzerdiak orrazteko! babarrunak kontatzeko! gauza pila baterako! Orduan danak aho zabalik daudenean, prezioa esango diet lau erreal, alegia bost duro... tira ehun pezta... ETXEKOANDRE: Nola... nola... lau erreal... bost duro... ehun pezta...! DENDARIA: Gezurra da!... Baina ikusiko duzu iñuzente horiek nola pikatzen duten... ja... ja... ja... ZEZENA: Entzun al dituzue lotsagabe horiek!... Pasaiako plazatik... dator notizia... JON KORTA: Ezagutzen al nauzue!... Noski baietz!... Ni Jon naiz... Herri honetako indartsuena! ... Ni Jon Korta naiz... Herri honetako azkarrena... korrikalari onena... futbolista onena... Ez da, ez, nik esaten dudalako, bainan ni bezalakorik, ni bezalakorik... ez da oraindik besterik sortu... Ni... Ni Jon naiz...! ZEZENA: Baita baita... Hemen beste bat dugu...! Jope...! Pasaiako plazatik... dator notizia (TXARANGA DATOR. EZ DA IKUSTEN, ENTZUN BAKARRIK) TXINTXORRERO: Aspertuta nago! aspertuta! Hainbeste jai, ta hainbeste... Urtero berdin! Honeraino txaranga etortzen da, nere leiho azpian jartzen dira eta jo ta ke musika... Neska mutilak dantza ta kanta... Gazteek barre! eta jende nagusia alde batetik bestera paseatzen... Hau... hau... nazkagarria da! Eh! (haurrak daudela ohartzen da) Zer egiten duzue hor! Zuei jaiak gustatzen al zaizkizue...? Brrrrr. Nazkagarria da. Hemendik pasatzen direnean, zas! zapata bat botako diet. Bat... edo... bi... edo... (TXARANGA ATERATZEN DA ETA TXINTXORRERO BARRUTIK ZAPATAK BOTATZEN HASTEN DA. ETA TXARANGA BESTE ERTZEAN JARTZEN DA ETA PIEZA JOTZEA BUKATZEN DA. HAURRAK ATZETIK DOAZKIO, DANTZA EGINEZ.) DENDARIA: (OIHUKA) Andromandojo... Andromandojo... Andromandojo... andromandojo lacio andromandojo necio andromandojo recio. PIRULERO: Piruli de La Habana... Piruli de La Habana... el que no lo compra no lo jama... Piruli de La Habana. AITA: Zer nahi duzu? NESKA: Piruli bat. AITA: Pirulero... pirulero... Piruli bat! Zenbat da? PIRULERO: Pezeta bat. AITA: Tori, ezkerrik asko. (AITA, NESKA ETA PIRULERO ATERATZEN DIRA) PIRULERO: Piruli de La Habana. DENDARIA: Andromandojo... andromandojo. (AMA ETA MUTILA ATERATZEN DIRA) MUTIKOA: Ama globo bat nahi dut... globo bat nahi dut... AMA: Bai... bai... bilatzen dugunean erosiko dizut. MUTIKOA: Globo bat nahi dut... globo bat nahi dut... AMA: Bai... Mesedez emaiozu globo bat! DENDARIA: Tori! MUTIKOA: Hori ez... hori ez... hori ez... DENDARIA: Tori! MUTIKOA: Hori ez... hori ez... hori ez... DENDARIA: Tori gorri hau. MUTIKOA: Hori ez... gorri ez... hori ez... Nik haundi hura nahi dut! Haundi hura... AMA: Hura haundiegi da... MUTIKOA: Hura nahi dut... hura nahi dut... hura nahi dut... DENDARIA: (Haserre) Tori! (GLOBOA OSO HANDIA DA ETA HAURRA ERAMATEN DU) (JENDEA KORRIKA... ) Zezena dator... zezena dator... (MUNDU GUZTIA IZKUTATZERA DOA, BAITA DENDARIA ERE) JON KORTA: (Plaza erdian) Jo, jo, jo... Beldurtiak! Ikusi al duzue nola ikaratu diren? Eta total zergatik? Zezen kaskajo batengatik. Ni hemen erdi-erdian geldituko naiz, eta zezena datorrenean alde honetatik etortzen bada, ni beste alderuntz mugitu pixka bat eta... oléeee! Honuntz etortzen bada ere, beste aldera mugitu eta... oléeee! (ZEZENA DATOR ETA... KATAPLUM. JON HANKAZ GORA) JON KORTA: Ejem, ejem... hori ez da ezer... ohitura haundirik ez dut eta. Baina orain ondo neurtuko dut eta ikusiko duzue... Hau behin gertatu zait, bainan bigarrenean... Ba dator..., ba dator! Ikasi neska-mutilok! (ZEZENA DATOR... KATAPLUM!!!!!!) JON KORTA: (Haserre) Kaguen sos! Ikusiko du zezen kaskajo horrek. Nik astinduko dizkizut hautsak. (ZEZENA DATOR... KATAPLUM! JON URETARA) ZEZENA: (Barrez) Jo, jo, jo. Gero jenio bizia dudala esango dute. Baina arraioa! Fantasma horrekin!!! (BADOA) (MARTXELO BERE LEKURA BERRIZ) AMA: Eh! Martxelo...! Martxelo...! DENDARIA: Iepa! AMA: Ba al dakizu gaur gure Fermina ezkontzen dala? DENDARIA: Bai, bai zerbait entzun dut... AMA: Ez dakizu zein apain dagoen! Ez da ez nere alaba delako baina... herri honetako neskarik politena da. Ze herri honetako, inguruetako neskarik politena! AITA: Baina, andrea, berandu da! AMA: Ba noa, ba noa... Pruden... Pruden... Ikusi al duzu gure Fermina? Ez da ez ni bere ama naizelako, bainan herri honetako neskarik politena da...! (ZEZENA IRTEN DA) ZEZENA: Hau da hau... Adarretako minez nago! Bai lata ederra ematen ari dela! AMA: Presen..., Presen... Aitor ñaki..., Idoia..., Amaia..., Miren...! Neska-mutilak! Ikusi al duzue gure Fermina? Ez da ez ni bere ama naizelako, bainan herri honetako neskarik politena da. Ze herri honetako, inguruetako neskarik politena da. AITA: Ene, andrea, goazen ba! ZEZENA: Orain... Orain nere txanda da. (AMA, AITA ETA FERMINA ATERATZEN DIRA KANTARI) Neska politena naiz. Neska politena zara. Neska politena da. (ZEZENA ATZETIK...! PUMBA! LURRERA! AMARI TXAPELA ETA GUZTI KENTZEN DIO) AMA: Ai, ai, ai... lotsagabea, ai, ai, ai... ZEZENA: Gero jenio bizia dudala esango dute! Baina, jope! Koadrila honekin! (TXARANGA DATOR) (MUSIKA) TXINTXORRERO: (Leihoan) Berriz txaranga! Aspertuta nago... hainbeste jairekin! Egun guztia tatxun... tatxun... Eh mukitxuok, Eh mukitxuok. Zuek ez zerate aspertzen hainbeste jairekin? Gure etxe aldamenetik pasatzen direnean, zas! zapata guztiak botako dizkiet...!!! (TXARANGA PASA ETA BESTE ALDEAN JARTZEN DA, TXINTXORREROK ZAPATAK BOTATZEN DIZKIE BITARTEAN, HAURRAK SALTOKA. TXARANGAK HAURREKIN ALDEGITEN DU. BAKARRA AGERTZEN DA) MARTXELO: Andromandojo lacio Andromandojo recio Andromandojo necio! Ta... Mutil koskorra dator! Inuxente hori engainatuko dut! Eh mutiko! Andromandojo bat nahi al duzu? MUTIKOA: Andromandojo! eta zertarako da hori? MARTXELO: Ui, hori oso gauza interesgarria da... Zuk erosi eta gero explikatuko dizut... MUTIKOA: Eta zenbat balio du? MARTXELO: Ba, oso gutxi... erreal bi. MUTIKOA: Erreal bi? MARTXELO: Bai, erreal bi, alegia lau pezta... Beno bost duro. Ekarri dirua... eta tori andromandojoa! Ja, ja, ja... MUTIKOA: (Erdi negarrez) Bainan... honek... honek zertarako balio du? Ekarri nere dirua! MARTXELO: Bai zera! andromandojo lacio andromandojo recio andromandojo necio. MUTIKOA: (Badoala) Nere dirua... nere dirua... ! ZEZENA: Zer gertatzen zaizu? (Haurrei) Zer gertatzen zaio? Gezurra esan al dio? Gezurra esan dizu! Bai! Ikusiko du orain. Andromandojo lacio ta andromandojo recio horrek. (ETA PUMBA TENDERETE GUZTIA HANKAZGORA) ZEZENA: Gero esango dute jenio bizia dudala... Baina... noski! Jende maltzur honekin! Zer erremedio! (TXARANGA DATOR) (MUSIKA ENTZUTEN DA) TXINTXORRERO: Berriz ere txaranga... berriz ere! Puñeta, Arraioa! Ospas, tren! ZEZENA: Bai temosoa dela gizon hori bere txarangarekin! Neri musika asko gustatzen zait... eta zuei ere bai noski. Nahi baduzue adarra joko diogu pelma horri... Bale? Eh, Feliziano! TXINTXORRERO: Zer gertatzen da? ZEZENA: Ba jaitsi zaitez. Gu biok elkarrekin hitzegin behar dugu. TXINTXORRERO: Ba noa! ZEZENA: (Haurrei...) Ikusiko duzue zenbat barre egingo dugun! TXINTXORRERO: Zer nahi duzu. ZEZENA: Begira txaranga horrekin aspertuta zaudela konturaturik proposamen bat egin nahi dizut. TXINTXORRERO: Esan ba! Ni txaranga hori izorratzeko edozer gauza egiteko prest nago. ZEZENA: Ba... bla, bla, bla, bla... eta txaranga hemen azaltzen denean deitu neri... Nere lana izango da uretara bialtzea. Konforme? TXINTXORRERO: Konforme. ZEZENA: Hemen izkutatuko naiz. (TXARANGA DATOR) TXINTXORRERO: Zezena! zezena! ZEZENA: Orain ikusiko du txintxorrero horrek. Ba noaaaaaaaa! (ETA PUNBA TXINTXORRERO URETARA DOA) TXINTXORRERO: Ai, ai, ai... Madarikatua... lotsagabea! ZEZENA: Noski gero berriz jendeak kantatuko du «Pasaiako plazatik...» Jenio bizia bai... bainan beharrezkoa, ezta? Edo bestela zuen herriko jaiak antolatzen dituzuenean deitu... deitu nazazue... beharra baldin baduzue (TXARANGA IRTETEN DA). Eta orain... Jaiek jarrai dezatela. Musika, maestro! |