BEHIN BATEAN TXINDOKI MALDAN Nork ez ditu entzun bere haurtzaroan Pernando Amezketarraren gertaerak? Nork es du noiz edo noiz barre egin haren ateraldiekin? Pernando, pertsonaia maitagarria, zorrotza, azkarra, joan den mendean Txindokiren maldako baserri batean bizi izan zinen hori. Pernando, urrun zaude denboran baina gugandik hurbil-hurbil! Geure amonen eta haurren ahotik zure irudia atera eta zurezko bihotzarekin trapuzko panpina bihurturik eraman nahi izan zaitugu, zure baimenarekin, plazarik plaza, gure zaharrei irribarre maliziatia eragiteko eta gure neska-mutikoei barre-algarak. Eta obra honen bitartez omenaldia egin nahi diegu gure Euskal Herri-honetako baserritar argi eta azkar guztiei; baita Amezketari, zure baserria bezala Txindokiren maldan dagoen herri horri ere, bertan ikasi bait genuen euskara Manolok eta biok. Egileak: Enkarni Génua eta Manolo Gómez. 1981.ean, Pernando Amezketarraren gertaerak txotxongilo-teatrorako egokituak: «Elkarri ezin ikusi». «Erretorearen txerria». «Hil eta piztu». «Zapaburuak ardotan». «Non utzi duzu semea?». BANAKETA: AMONA PERNANDO JOXEPA APAIZA ASTOAK PELLO TXERRIA BEATA ELKARRI EZIN IKUSI AMONA: Kaixo, lagunok! Zuek Amezketa ezagutzen duzue, ezta? Eta Amezketako mendia? Txindoki da, bai, bai. Hor Txindoki maldan bizi omen zen ipuin honetako pertsonaia. Pernando zuen izena, eta Amezketan jaio zelako Pernando Amezketarra deitzen zioten. Oso xelebrea zen, beti txantxetan eta barrez zebilen eta herri jakinduria ondo ezagutzen zuen. Haren bizitza eta gertakariak ondo ezagutzen zituen herriko jendeak eta ahoz-ahoz zabaldu ziren... Eta horregatik, Amezketatik honera etorri naiz Pernandoren xelebrekeriak kontatzera... prest al zaudete? Aurrera ba!... Pernandok ikuiluan asto itsu bat zuen. Asto hura inork ez ziola erosiko Amezketan guztiek bazekiten... Zertarako erosiko zion bada inork asto itsua... Halako batean, Pernandok beste asto bat erosi zuen eta... Itsua hura ere!!! Pernando gizajoa!!! Txoratuta zegoela uste izan zuten amezketarrek... Baina... Bai zera txoratuta!!! Hurrengo feri eguna etorri zenean hartu zituen bi asto itsuak eta joan zen Tolosara... PERNANDO: Etorri, etorri, Aide, aide. Benga, benga. Tira, tira. Ai, ai, ai. Atoz honera. Asto hauek... Ai, ai, ai. Zu nora zoaz, etorri honera (Erreskadan jartzen ditu). JOXEPA: Gero eta tontoagoa zara... Bi asto erosi eta itsuak biak! Zer egingo duzu orain bi asto itsurekin...? PERNANDO: (Ahapean kantari). JOXEPA: Bai, bai axolagabea, axolagabea!... Ni hemen egun guztian lan eta lan eta zu... Ai, ai, ai axolagabe! PERNANDO: Gero arte Joxepa (Astoekin ateratzen da) Arre-arre mandako bihar Tolosarako etzi Iruñerako Handik zer ekarriko zapata ta gerriko. Laralalalala. APAIZA: Hor doa Pernando gizajoa... txoratu da... Hainbeste broma egin eta azkenean burua galdu du... PERNANDO: (Ahapean kantari, apaizari hurbiltzen zaio.) APAIZA: Ea suerte pixka bat duzun eta beste asto itsua ez duzun erosten eh?... PERNANDO: Agur! Arre, arre mandako bihar Tolosarako etzi Iruñerako Handik zer ekarriko zapata ta gerriko. ANDREA: Agur Pernando! PERNANDO: Agur! ANDREA: Agur astoak! PERNANDO: E?... (Kantari berriz ere) Sooooooooo astoak... Izkina honetan geldituko gara... Sooo hemen bai hemen. Atoz honera! GIZONA: Ieeeeepa Pernando. PERNANDO: Kaixo! GIZONA: Kaixo, asto horiek saltzeko al dauzkazu Pernando?... PERNANDO: Halaxe dauzkat ba... GIZONA: Ea, ea. Ez daukate itxura txarra... Ea, ea, Ez! ez! Aizu ez al dute akatsik?... PERNANDO: Akatsik?... Ez, ez denbora askotxoan elkarrekin ikuilu berean egon direla eta elkar ezin ikusia, besterik ez. GIZONA: Elkar ezin ikusia? PERNANDO: Bai. Elkar ezin ikusia. GIZONA: Hori besterik ez baldin bada... PERNANDO: Hara!... Elkar ezin ikusia, besterik ez... GIZONA: Beno, Pernando, zenbat? PERNANDO: Hogei duro bakoitza. ESKONGAI: (Etxerako bidean txistua eta kantari) Txin txin, txin txin Diruaren hotsak Horretxek ematen dit Maitia, bihotzian poza Txin txin, txin txin (Bere etxe-ondoan gelditzen da kantari.) GIZONA: Benga, benga, asto madarikatuak, atoz, atoz! Pernando... Pernando... Pernando...! PERNANDO: Zer nahi duzu, kontxo, zer nahi duzu? GIZONA: Baina gizona... Zer asto saldu dizkidazu? PERNANDO: Oso bikainak dira. GIZONA: Itsuak dira... Ekatzu berriz dirua eta hartu asto zahar horiek! PERNANDO: Ez, konpañero, ez, ez, ez... Astoak erosi baino lehen nik argi eta garbi esan nizun ezin zutela elkar ikusi. GIZONA: Bai zera! PERNANDO: Bai zera, bai zera!. Hala ere erosi egin zenizkidan!... Orain, hor konpon marianton... Lan egiteko gauza ez badira lukainka egiteko saldu... Alde hemendik. (Astoak eraman ezinean eta marmarrean aldegiten du.) Txin, txin, txin, txin (TXISTUKA). AMONA: Eta hola bazan edo ez bazan sar dadila kalabazan, eta atera dadila Derioko plazan... ERRETOREAREN TXERRIA AMONA: Bai, xelebrea zen gure Pernando... Egun batean... Jakin nahi al duzue zer gertatu zitzaion erretorearen txerriarekin?... Bai?... Urtero bezala erretore jaunak txerria hil behar zuen... Txikia zen ordea eta ohiturari jarraituaz etxez-etxe odolkia zabaltzen hasita, beretzat batere gabe geldituko zen... Ez banatzea, berriz, txartzat hartuko zuten herrian... Zer egingo ta zer ez egingo... Orain ikusiko duzue... APAIZA: Txerria hiltzeko garaia heldu da eta... gaur lan ederra dut... Arin lanera!... Egia esateko aurtengo txerria ez da oso ederra ez!... Baina tira!... Zer egingo dugu! Baina... non sartu da txerria?... Txikia da, baina ez hainbeste. Atzo hemen bertan utzi nuen... Zuek txerria ikusi al duzue? Kontxo hau da hau!... Non ote dago sartuta txerri hori? Arraioa! Gaizki hasi dut eguna... Nerekin jolastu nahi duzu e?... Kaka! Ai! Txikia baina... Jope! Begira nola jarri nauen! Beno, beno... Orain dator txarrena... Txerria oso txikia da eta asten banaiz etxez-etxe zabaltzeri, ni probatu gabe geldituko naiz... Hori da komeria... E! Pernando. PERNANDO: Zer dugu apaiz jauna? APAIZA: Hemen nauzu kezkatuta! PERNANDO: Bai kezkatuta eta kristo bat eginda. APAIZA: Ehem... Hori ez da ezer!... begira txerria hil dut eta ohiturari jarraituz etxez-etxe odoldiak zabaltzen hasten banaiz, neretzat batere gabe geldituko naiz. Hemen nago zerbait asmatu nahi eta ezin asmatu... PERNANDO: Erremedio erraza duzu erretore jauna... APAIZA: Ia ba, ia ba? PERNANDO: Hil duzun txerri txiki hori jarezazu ate ondoan guztiek ikusteko, eta bihar esan ezazu ostu, lapurtu egin dizutela. Bitartean, txerri osoa euretzat gorde! APAIZA: Arrano, arranoa! Ez dago gaizki! Apaiz batek gezurra esatea ez da egokia baina... Gauza txikia da eta horixe egingo dut. PERNANDO: Neri odolki bat behintzat emango didazu, eh? APAIZA: Beno, beno... Konforme! Hemen, hemen utziko dugu. PERNANDO: Kontuz, eroriko dela. Oso ederki. Bihar arte, erretore jauna. APAIZA: Tralari... tralara... Hemen utziko dut txerria... Tralari... tralara... Bai jakintsua dela gure Pernando... BEATA: Oso pozik zaude erretore jauna... APAIZA: Bai, txerria hil dut eta... BEATA: Arratsaldeon erretore jauna. Errosario errezatzera noa. Bihar arte erretore jauna. APAIZA: Tralari, tralara... Txerri osoa neretzat Tralari, tralara... Oso pozik nago. PELLO: Zer dugu erretore jauna. APAIZA: Hemen nauzu, seme. PELLO: Txerri txikia duzu. APAIZA: Jaungoikoaren borondatera izan da eta konformatu egin beharko dugu. Dena dela, bihar ohiturari jarraituaz odolkiak banatuko ditut... PELLO: Ondo dago... Bihar arte, erretore jauna. APAIZA: Tralari, tralara... txerri osoa neretzat!! Eta orain... lotara. Gero eguna argitu bezain laster aterako naiz, eta nik neronek gordeko dut txerria... ja, ja, ja. (Gautzen ari da.) PERNANDO: Tralari, tralara... Orain, orain da nere txanda... Poliki, poliki. Erretore esnatuta ote dago... Ez, Pernando, ez aurrera... Jope! Ikaratu nau... Poliki, poliki... eta txerria neretzat. KIKIRIKIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIIII APAIZA: Kontxo, lo gehiegi egin dut... Korrika jaitsiko naiz eta txerria gordeko dut... Txerria.. nere txerria? Kontxo, hemen zegoen nere txerria. Hau duk hau!... Jaungoikoaren Zigorra izan da hau... Zuek norbait ilusi al duzue?... Lapurrak!!! lapurrak!!! PERNANDO: Egun on... APAIZA: Pernando, ez dakizu zer gertatu zaidan... Gaur gauean txerria ostu didate, lapurtu didate... PERNANDO: Hori, hori... horixe esan behar duzu... APAIZA: Ezetz Pernando, ez dela gezurra. Benetan harrapatu didatela... PERNANDO: Hori... hori... Eutsi hitz horri. Horrela esanez, denek sinestuko dizute... APAIZA: Benetan Pernando... Egia da... Txerria ostu didate... Entzun al duzu!... Lapurtu... Eta gainera, ez dakit, ez dakit, baina zure etxetik oso urruti ez dela egongo pentsatzen ari naiz. PERNANDO: Nere etxean??? Erretore jauna!!!! etorri eta zuk zerorrek ikusiko duzu!!! APAIZA: Bai, Meza bukatu ta gero joango naiz... Aizue, neska-mutilok zuek norbait ikusi al duzue etxe inguruan??... Ez zen Pernando izango eh?... Ez dakit ba, ez ote den Pernando izan, nere txerria eraman duena... PERNANDO: Erretore jauna!!! APAIZA: Beno, beno... Meza bukatu ondoren joango naiz. PERNANDO: Joxepa!! Joxepa!! Apaiz jauna dator eta txerria ezkutatu egin behar dugu... JOXEPA: Ai, Pernando... Beti berdin zurekin!!! Erretore jaunak txerria aurkitzen badu... Hau lotsa!!! ... PERNANDO: Ez larritu... Ekar ezazu seaska... Nik ekarriko dut. Hementxe jarriko dugu. Ekar ezazu orain txerria... Nik ekarriko dut... Hemen seaskan sartuko dut. JOXEPA: Seaskan??? PERNANDO: Bai andrea. Orain ekar ezazu zapia... Nik ekarriko dut. (Kantari. ) APAIZA: Egun on, Pernando. PERNANDO: Aurrera, aurrera... Joxepa lagundu erretore jauna. Txoko guztietan begira ezazu eh? APAIZA: Eta zu zer?... Semearekin eh? PERNANDO: Bai... ea lo hartzen duen (Kantari). APAIZA: Mutiko mardula duzu eh? (Badoa). PERNANDO: Ufff... hau beldurra. Ia laster bere etxera joaten den. APAIZA: Hemen nauzu berriz ere. PERNANDO: Eta zer... zerbait aurkitu al duzu??? APAIZA: Ez Pernando ez... eta barkatu eh? PERNANDO: Ba, ez da ezer. APAIZA: Mutiko, aitak bezain txintxoa izan behar duzu eh! Oso mutil ederra duzu... Zure antza handia du eh!!! PERNANDO: Ehem... ehem... bai... ba. APAIZA: Baina, aizu belarriak luze samarrak ditu, ezta? PERNANDO: Bai, hola jaio zen eta ez dizkiogu moztuko... APAIZA: Aizu eta hankak ere... lodi xamarrak ditu eh!!! PERNANDO: Arrazoia duzu... Futbolista izango da... APAIZA: Agur ba... Ez dakit, ez dakit, zuek neska-mutilok txerri usainik hartzen al duzue?... Ez dakit ba, txerri-usaina dagoela inguruan esango nuke.. PERNANDO: Gabonetatik hona hankak garbitu gabe nago eta... APAIZA: Bai... hori izango da... Agur! PERNANDO: Iuuupiiiiiii. Txerri txikia seaskan Pernandoren tripa beteta... (Seaska, txerri eta guzti hartu eta badarama). |