|     75 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


LEHEN KOADROA

 

Dekorazioa: Senaren ur-bazterra, zubi baten ondoan. Ilargiaren argitara.

 

 

I. AGERRALDIA

 

ARLOTEA lotan, ARLOTESA eserita eta ameslari

 

ARLOTESA: O!

ARLOTEA: (Erdi iratzarririk) E!

ARLOTESA: Bai polita dela!

ARLOTEA: Zer?

ARLOTESA: Ilargia.

ARLOTEA: Ilargia ez dun polita: egunero ikusten den gauza dun.

ARLOTESA: Polita duk biribila duk eta.

ARLOTEA: Nolanahi ere, aberatsentzat dun. Eta izarrak ere bai. (Berriro etzan eta loak hartzen du).

ARLOTESA: Aizak! Esna hadi! (Astindu egiten du).

ARLOTEA: Pakean utziko al naun?

ARLOTESA: (Zeharo aztoraturik) Hara! Hara! Hara!

ARLOTEA: (Begiak garbituz) Non?

ARLOTESA: Zubi gainean, farolaren ondoan. Horietako bat duk!

ARLOTEA: Ez huke bat ere harritzekoa izango. Orain dun urte-garaia.

ARLOTESA: Ilargiari begira zegok. Gustatzen zaidak hori, zeren ni ere arestian hari begira bainengoen. Jaka eranzten dik, tolestatu. Aizak, ez zegok bat ere gaizki!...

ARLOTEA: Nolanahi ere, gizarajo bat dun.

ARLOTESA: Zer, ba?

ARLOTEA: Ito egin nahi din eta.

ARLOTESA: Ba, nik ere itotzea aukeratuko nikek. Ez murgiltzekotan. Hortzaz gora etzango nindukek, zabal-zabal eginda jarri, eta ura alde guztietatik sartuko litzaidakek maitale bat bezala.

ARLOTEA: Hori emakumea haizelako dun. Benetako ar batek, mundu hau uzten duenean, zalaparta egin behar din. Mutil hori malgu samarra izatea ez ninduken bat ere harrituko. (Berriro etzan egiten da).

ARLOTESA: Ez al duk salto egin arte itxaron behar?

ARLOTEA: Bagauden puska baterako. Erabakia hartzen duenean, iratzarri. (Berriro loak hartzen du).

ARLOTESA: (Bere buruarekin hizketan) Hauxe da neri gehien gustatzen zaidan mementua! Murgildu baino lehentxeagokoa. Zintzo aurpegia dute. Makurtu egiten da, ilargiaren isladari begiratzen dio. Ura badoa, ilargia ez. (ARLOTEA astinduz) Han ziek! Han ziek! (Murgiltze hotsa) Nola murgildu, gainera!

ARLOTEA: Ba! (Jaiki egiten da).

ARLOTESA: Nora hoa?

ARLOTEA: Jakaren bila. Han goian gelditu dun.

ARLOTESA: Itotako horrekin ez nauk bakarriko utziko, ez da?

ARLOTEA: Lasai egon hinteke. Hondoan zegon. (Irtetera doa). Kaka zaharra! Ez dun hil!

ARLOTESA: Zer!

ARLOTEA: Ez dun ezer: burua ur gainera atera din. Burua besterik ez: normala. (Berriro eseri egiten da). Pixka bat itxarotea aski dinat. Bizi den bitartean ez dinat jakarik ukituko: lapurreta izango huke. (Mingainaz gaitzespena adierazteko hotsa eginez). Ttttttt!

ARLOTESA: Zer dugu?

ARLOTEA: Hau ez zaidan batere gustatzen.

ARLOTESA: Zer baina?

ARLOTEA: Igeri zebilen!

ARLOTESA: A! Hi behin ere ez haiz konforme!

ARLOTEA: Txoropitoak ez zaizkidan gustatzen!

ARLOTESA: Txoropitoa ala ez, horrenak egin dik!

ARLOTEA: Berdin zaion: txoratuta zegon! Eta jakarekin jai zeukanagu. Nik, behintzat, ito arte, ezta ukitu ere. Baina apustu egingo ninake zubitik pasatzen den lehendabizikoak ez duela horrelako jendetasunik. (Amarratzeko eskora batera hurbiltzen da eta soka askatzen du).

ARLOTESA: Robert, zer ari haiz?

ARLOTEA: (Soka hartuz) Soka hau askatzen.

ARLOTESA: (Lehengoan jarraituz) Zertarako?

ARLOTEA: (Lehengoan jarraituz) Hari botatzeko.

ARLOTESA: Eta zertarako bota nahi diok?

ARLOTEA: Hark heltzeko!

ARLOTESA: Geldi egon hadi, gizagaixoa! Ofiziokoei utzi lan hori. Guk arloteok lora-taulen bat izan behar diagu. Aurren muturrean bahabil, igarriko diok.

ARLOTEA: (Komentziturik) Liburu bat dirudin, atsoa.

ARLOTESA: Beraz, ez bota sokarik.

ARLOTEA: Bota egin behar zionat.

ARLOTESA: Zergatik?

ARLOTEA: Igeri dabilelako.

ARLOTESA: (Moila ertzera hurbilduz) Egon hadi geldi! Geldi egon hadi! Ikusten? Beranduegi: hondora joan duk. Ondo joan!

ARLOTEA: (Ingurura begira) Kaka ez diagu balio! (Etzan egiten da berriro).

ARLOTESA: Eta jaka? Ez al duk jaso behar?

ARLOTEA: Ez dinat horretarako kemenik. Horra laguntzarik ez zuelako hit den bat; nitaz pentsarazten zidan: lagundu izan balidate, bizitzan... (Ahozabalka).

ARLOTESA: Azkar, Robert, azkar!

ARLOTEA: Lo egiten utz iezadan!

ARLOTESA: Azkar, baina! Soka! Ur gainean duk berriro. (ARLOTEA altxatzen du). Zerria halakoa! Gizona itotzen utziko ote duk?

ARLOTEA: (Ahozabalka jaikitzen da) Iritziz aldatu al haiz?

ARLOTESA: Bai.

ARLOTEA: (Soka askatzea bukatuz) Zergatik?

ARLOTESA: Ur gainera atera delako.

ARLOTEA: Erreza zegok emakumeak ulertzen! (Soka botatzen du).

ARLOTESA: Punteri ona! (Haserre) Ikusten al duk hori? Ez ziok heltzen.

ARLOTEA: (Soka bilduz) Denak igoalak ditun! Gizon batek bere burua uretara bota eta txintik atera gabe ateratzen uztea uste al huen? Ohorea zer den ez dakin? (Soka berriro botatzen du).

ARLOTESA: Heldu ziok! Heldu ziok!

ARLOTEA: (Dezepzionaturik) Sino-mino eta berriketa gutxirekin gainera. Esan dinat hori erdi malgua dela.

ARLOTESA: Bere gisa ari duk halatzen. Salbatua duk! Ez al haiz hire buruaz harro sentitzen? Ni, bai: haur bat egin bahit bezalaxe.

ARLOTEA: Ikusten! Gaiztoak bakarrik ez zeuden munduan. Nik ere, neu bezalako batekin topo egin, eta kakatzetatik atera izan banindu... (GEORGES uretatik blai eginda ateratzen da).

 

 

II. AGERRALDIA

 

GEORGES: (Haserre bizian) Babo arraioak!

ARLOTESA: (Triste) Hara, berriz!

ARLOTEA: Horra gizonaren eskertxarra.

GEORGES: (Jakatik arloteari heldu eta astinduz) Zertan sartzen haiz besteren galtzatan, zorri fardela? Nor haizela uste duk, Probidentzia?

ARLOTEA: Guk zera uste genuen...

GEORGES: Hago isilik! Eguna bezain argi zegok gaua eta nere asmoez ezin deskuidatu hintzen. Nik nere buruaz beste egin nahi nian, aditzen al duk? Hiltzeko zorian dagoenaren azken nahia ere ez ote duzue errespetatu behar? Ondo baju erori zarete.

ARLOTEA: Zu ez zeunden hiltzeko zorian.

GEORGES: Bai, ba. Hiltzera nindoaan eta

ARLOTEA: Ez zindoazen hiltzera, ez zara hil eta.

GEORGES: Nere azken xedea hautsi duzuelako negok bizirik.

ARLOTEA: Zein xede?

GEORGES: Hiltzekoa.

ARLOTEA: Ez zen azkenekoa.

GEORGES: Baietz!

ARLOTEA: Ez, igeri egin duzu eta.

GEORGES: Ederra arrazoia! Hondoratu bitartean pisxka bat igeri hasi besterik ez diat egin. Soka bota ez bazenute...

ARLOTEA: Eta zuk heldu ez bazenio...

GEORGES: Beharturik heldu zioat.

ARLOTESA: Zerk beharturik?

GEORGES: Hara, berriz: giza naturak. Suizidioa naruraren arauez kontrakoa dun.

ARLOTEA: Ikusten?

GEORGES: Zer ikusi behar dut? Naturazalea al haiz, ba, hi? Nik banekian nere naturak protesta egingo zuela, baina beranduegi has zedin moldatua ninduan: hotza ni sorgortzez enkargatuko huen, eta ura nire ahoa tapatzez. Dena aurrez pentsatua neukaan, dena, agure inozo bat nere sen gaiztoekin jokatzen hasiko zela izan ezik.

ARLOTEA: Ez dugu asmo txarrez egin.

GEORGES: Horregatik naiz kexu zuen kontra. Mundu guztia dago asmo txarrez beteta: hik ezin al huen mundu guztiak bezalaxe egin? Zubi gainera ixilka-mixilka igo, han utzi dudan jaka jaso eta hiru laguni poz ederra emango hien: neri, hilda egongo bainintzen, eta zuek bioi, hiru mila libera eskuratu izango baitzenituzten.

ARLOTEA: Jakak hiru mila libera balio dituela? (Itzuri egin nahi du, GEORGESek heldu egiten dio).

GEORGES: Hiru mila, gutxiena jota: beharbada lau. (Berriro itzuri nahi du, GEORGESek harrapatu egiten du). Geldi hor! Bizi naizen artean, nere jantziak nereak dituk!

ARLOTEA: Ai!

GEORGES: Jaka berri-berria, ederra, beroa, azken modakoa, zetaz forratua, fatrikara eta guzti! Orain ez zegok, ba: neurekin eramango diat zulora. Ulertzen, txoroa? Hiri benetan komeni zitzaiana, ni hiltzea huen.

ARLOTEA: Banekien, jauna, ni zutaz bakarrik arduratu nail.

GEORGES: (Zakar) Zer diok, gezurti horrek?

ARLOTEA: Hobeto beharrez egin dut.

GEORGES: Gezurra! (ARLOTEAk protesta egin nahi du) Hartu nahi ez baduk, isilik egon hadi.

ARLOTEA: Jo aspertu arte, baina egia hutsa esaten ari naiz.

GEORGES: Hara, zaharra. Hogeita hamabost urte ditiat, apalkeria guztiak ezagutu ditiat eta gizonaren bihotza ezagutzen nuela uste nian. Baina azken egunera arte itxaron behar izan diat gizaki batek muturrera eta (ibaia seinalatuz) nere herio ohatzearen aurrean nere hobeto beharrez aritu dela bota ziezadan. Inork ere ez ziok behin ere besteri mesederik egin, aditzen al duk? Inork ez. Eskerrak! Burutik pasa a! zaik hire zordun gelditu izango nintzatekeela? Ni, hire zordun? Ikusten: grazia ematen zidak. Nahiago diat barre egin (Susmo batek harturik) Zalantzatik atera nazak: menturaz, bizia zor diadala iruditzen al zaik? (Astindu egiten du). Erantzun!

ARLOTEA: Ez, jauna, ez.

GEORGES: Norena da nere bizia?

ARLOTEA: Zeurea duzu. Osorik zeurea.

GEORGES: (ARLOTEA laxatuz) Bai, zaharra, bai. Nerea duk; ez zioat inori zor, ezta gaizki kalkulatu zuten nere gurasoei ere. Nork hazi nau? Nork hezi? Nork gozatu ditu nere lehen negarrak? Nork begiratu nau munduko arriskuetatik? Neuk, eta ez bestek. Neure buruari bakarrik eman behar dizkiot kontuak. Nere egiteen seme naiz. (Berriro lepazamarretik heltzen dio arloteari). Esan iezadak honetara bultza hauen benetako arrazoia! Hil baino lehen jakin nahi diat. Dirua, ezta? Dirua emango nizuela uste zenuten?

ARLOTEA: Jauna, batek bere burua hiltzen duenean, dirurik ez duen seinalea.

GEORGES: Beraz, beste zerbait izan behar du. (Bapatean argiturik) Alajainkoa! Harrokeriaz puzturik zaudete!

ARLOTEA: (Seko harriturik) Gu?

GEORGES: Hik hire buruari hau esan diok: Horra hor gizon haundi bat, ondo jantzia, itxura onekoa, eta aurpegiz oso ederra ez bada ere, azkarra eta kementsua dirudiena: dudarik gabe gizon horrek zer nahi duen bazekik: bere egunak horrela bukatzea erabaki badu, arrazoi sendoak izango ditik Baina nik, arratoi nazkagarri honek, labezomorro honek, muinak usteldutako sator zikin honek, gizon horrek baino argiago ikusten ditiat gauzak, berak baino hobeto ezagutzen diat komeni zaiona, eta beraren ordez bizi egingo dela erabakitzen diat. Hori ez al da harrokeria?

ARLOTEA: Benetan...

GEORGES: Neronek arrainei botatzeko erauzten zizkiean beren andreak esklaboei; eta hik, hura baino basaago haizen horrek, arrain tartetik ateratzen nauk, gizakiengana botatzeko. Gizonek nitaz zer egin nahi zuten heure buruari galdetu ere egin al diok, ba? Ez: hik heure kasketaldiari leku eman behar. Frantzia Gaixoa! Zer bilakatuko ote haiz hire Arloteek Erromatar Enperadoreen plazerrak dastatuz erregalotan bizi badira!

ARLOTEA: (Izuturik) Jauna...

GEORGES: Erromatar Enperadorearenak, Bai! Zuen gozamenik handiena, bizitza alferrik galdu dutenei, heriotza galaraztea. Ilunpetan gordeta eguneroko desesperatuaren zelatan jartzen zarete, hariak manejatzeko.

ARLOTEA: Zein hari?

GEORGES: Etzak ezjakinarena egin, Caligula! Denok zeuzkagu geure hariak, eta mugitzen dakizkienak dantzan jartzen gaitik. Ondotxo zekiat nik hori: hamar urtez joko horretan ihardun diat, Baina ni ez nauk ibili zuek zabiltzaten bezala haur martiriei, neskato engainatuei edo lainezean dauden etxeko jaunei oldartuz. Ni aberatsen etxeetara joaten ninduan, beraien boterearen gailurrera eta haizea saltzen niean. A! Bizitza poker partida bat da eta bertan zazpiko pare batek, bateko pikari irabazen dio, Caligula zorritsu batek, mundu honetako haundi-maundiak manejatzen nituena, ilargi-xuritan dantzan jarri bainezake. (Geldiunea). Ondo da! Ederki! Orain itotzera noa. Gabon.

ARLOTE BIAK: Gabon.

GEORGES: (Harengana bihurtuz) Ez al zarete berriz hasiko...?

ARLOTESA: Berriz hasi?

GEORGES: Bai! Soka hori, ez zarete, noski...

ARLOTEA: O! Ez, horixe. Ez zaigula horrelakorik berriz gertatuko, zin egiten dizut.

GEORGES: Eta zalapartaka hasten banaiz?

ARLOTESA: Gu gustora, txaloka hasteko prest!

GEORGES: Eta laguntza eske oihuka hasten banaiz?

ARLOTESA: Gu zure ahotsa tapatzeko kantari hasiko gara.

GEORGES: Ederki! Ederki dago! (Ez da mugitzen)

ARLOTEA: Gabon!

GEORGES: Hau denbora galtzea! Orain dela hamar minutu hilda egon behar nuen.

ARLOTEA: (Bildurti) O! Jauna, hamar minutu zer da, ba?

ARLOTESA: Batek, zuk bezala, eternitate osoa aurretik daukanean.

GEORGES: Hor ikusi nahi zintuzteket! Eternitatea nere aurrean zegoen, hori egia da. Baina zuen erruagatik izkutatzen utzi dut, eta orain ez dakit nola harrapatu.

ARLOTEA: Ez da oso urruti joana izango.

GEORGES: (Ibaia erakutsiz) Ez ezazue bila! Han dago. Kontua zera da, berarekin nola elkartu. Konpreni nazazue: oso gutxitan suertatzen dena gertatu zait, zubi baten gainetik pasatzerakoan desesperaturik egotea: egokiera horiek ez dira maiz gertatzen. Frogatarako, ja ez nagoela zubi gainean. Eta zera espero dut —espero dut, diot— oraindik ere etsirik egotea. A! Horra hor non diren!

ARLOTEA: (Asaldaturik) Nor?

GEORGES: Nere hiltzeko arrazoiak. (Behatzez kontatuz) Denak hor daude.

ARLOTEA: (Azkar) Ez zaitugu gehiago atxiki nahi; jauna, baina aurkitu dituzunez gero...

ARLOTESA: (Azkar) Behar ez den lekuan sartzea ez bada...

ARLOTEA: (Azkar) Zeintzuk diren jakitea gustatuko litzaiguke.

ARLOTESA: (Azkar) Azkenaldi honetan itotzen jende asko ikusten dugu...

ARLOTEA: (Azkar) Baina ez da beraiekin hitz egiteko aukera egunero izaten.

GEORGES: Iraul zaitezte, izarrak! Zerua, hire ilargia eraman ezak! Bi eguzki behar dira giza-inozokeriaren hondoa argitzeko. (ARLOTEEI) Egiaz hiltzeko ditudan arrazoiak galdetzera ausartzen zarete? Nik, nik galdetu behar nizueke bizitzeko zeintzuk arrazoi dituzuen, gizagaixoak!

ARLOTEA: Gure arrazoiak... (ARLOTESAri) Hik, ba al dakizkin?...

ARLOTESA: Ez.

ARLOTEA: Bat bizi egiten da... horrela da.

ARLOTESA: Behin hasiz gero, jarraitzea hobe.

ARLOTEA: Nolanahi ere iritsiko gara, beraz, zertarako martxan salto egin?

GEORGES: Iritsiko zarete: baina zein egoeratan? Hilotz baino lehenago haragi ustela izango zarete. Eskaintzen dizuedan aukera aprobetxa ezazue: eskua eman iezadazue eta jauzi egin dezagun: hirurentzako heriotzea plazerezko joko bilakatzen da.

ARLOTESA: Baina zergatik hil?

GEORGES: Eroriak zaudetelako. Bizitza, suak hartutako teatroan sortzen den izu-ikara da. Mundu guztiak irteera bilatzen du, inork ez du aurkitzen, mundu guztiak batak bestearen kontra oztopoz egiten du. Zorigaitzekoak erortzen direnak: berehala zanpatuak izaten dira. Muturra zanpatzen dizueten 40 milioi frantsesen pisua sentitzen al duzue? Nerea ez du inork zanpatuko. Nik nere inguruko guztiak zanpatu ditut; gaur lurrean nago: ondo da, gabon! Zoluak jan baino, harrei banketea eman nahiago dut. Ba al dakik luzaro eraztunaren begian pozoioa eraman izan dudala? Hura arintasuna!: Aldez aurretik hilik, gizatasunaren gainera hegaldaturik, artistaren urruntasunaz begiratzen nituen gauzak. Eta hura harrotasuna!. Nere heriotza eta jaiotza, dena nigandik atera nukeen. Nere egintzen seme, neronen parrizida natzaizue. Jauzi egin dezagun adiskideok: gizonaren eta animalien arteko diferentzia bakarra, zera da: hark bere buruaz beste egin dezakeela, eta hauek, berriz, ezin dutela. (ARLOTEA arrastaka eramaten saiatzen da).

ARLOTEA: Aurrena zeuk salto egizu, jauna: nik pentsatzeko denbora behar dut.

GEORGES: Ez haut, beraz, komentzitu?

ARLOTEA: Erabat, ez.

GEORGES: Badiat paretik kentzeko garaia: beheraka noak. Garai batean, nik hitz egitea aski nian edonor komentzitzeko. (ARLOTESAri). Eta hi?

ARLOTESA: Ez.

GEORGES: Ezetz?

ARLOTESA: Benetan, ez.

GEORGES: Hator ba. Artista baten besoetan hilko haiz. (Arrastaka eramaten hasten da).

ARLOTEA: Nere atsoa, redios. Nere atsoa! Nerea da; nere andrea da. Hel niri! Lagundu!

GEORGES: (ARLOTESA laxatuz) Hago isilik. Entzun egingo diate! (Zubi gainean eta urrunean argiak. Txistu hotsak).

ARLOTEA: (Eskuargiak ikusiz) Txakurrak!

GEORGES: Nere atzetik zebiltzak!

ARLOTEA: Lapurra al zara?

GEORGES: (Mindurik) Lapur fiura al daukat nik, gizonttoa? Ni estafagilea nauk. (Txistu hotsak. Hausnarrean). Heriotza ala bost urtetarako itzala. Horra, kontua.

ARLOTEA: (Zubiari begira) Jaitsi nahi dutela dirudi.

ARLOTESA: Zer esan diat, Robert? Honen konplizetzat hartuko gaitiztek eta kristoren pasada emango zigutek. (GEORGESi) Mesedez, jauna, oraindik zeure burua hiltzeko asmotan bazara, gugatik lasai. Eta takurrak gainera etorri baino lehen erabakia hartuko bazenu, biziki eskertuko genizuke. Jauna, arren, mesede hori egin iezaguzu.

GEORGES: Behin ere ez diot inori mesederik egin eta nere heriotzeko egunean ezin hasiko naiz.(ARLOTE biak begiradaz elkar kontsultatzen dute, eta ondoren uretara botatzeko asmotan, GEORGESi oldartzen zaizkio). E, zuek! Zer ari zarete?

ARLOTEA: Zuri bultzadatxo bat ematen, jauna!

ARLOTESA: Lehendabiziko pausoa izaten omen da gogorrena... eta...

ARLOTEA: Lana erraztu nahian.

GEORGES: Laxatuko al nauzue?

ARLOTEA: (Bultzaka) Lurrean eroria zaudela ez ahaztu!

ARLOTESA: Eroria, porrot egina, akitua!

ARLOTEA: Eta muturra zanpatuko dizutela.

GEORGES: Zuen haurra itotzera al zoazte?

ARLOTESA: Gure haurra?

GEORGES: Ni zuen haurra naiz. Hik esan dun lehentxoago. (Bultza eta lurrera botatzen ditu). Nik zuen gain nere eskubideak ditut, infantizidak! Beraren borondatearen kontra mundura ekarri duzuen semearekiko zuen betebeharrak dauzkazue. (Ezker-eskuin begiratuz) Ihes egiteko denborarik ba al dut?

ARLOTEA: Bi aldeetatik datoz.

GEORGES: Harrapatzen banaute, egurtu egingo zaituzte: beraz, nere interesak eta zuenak bat datoz. Horra neri gustatzen zaidana: ni salbatuz, zuek ere salbatuko zarete eta ez naiz zuen zordun geldituko: esker onik ere ez duzue izango. Zer da hori? (Moila gaineko islada ilun bat erakutsiz).

ARLOTEA: Nere errepuestoko trajea.

GEORGES: Ekar ezak! (ARLOTEAk eman egiten dio). Ederki (Bere galtzak kendu eta trajea jazten du). Hau kuixidadea: zorriz betea zegok. (Bere galtzak Senara botatzen ditu). Hazka egin iezadazue!

ARLOTEA: Gu ez gara zure morroiak.

GEORGES: Zuek nere aita-amak zarete. Hazka egin iezadazue, bestela jo egingo zaituzte. (Hazka egiten diote) Hor dira. Ni etzan eta lokartzera noa. Zuen semea naizela esan iezaiezue. (Etzan egiten da).

ARLOTEA: Ez digute sinestuko.

GEORGES: Zuen bihotzari mintzatzen uzten badiozue sinestuko dizuete.

 

 

III. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, GOBLET INSPEKTOREA, BI GUARDIA

 

INSPEKTOREA: Egunon, bihotzak!

ARLOTEA: (Zehaztasunik gabeko kurrinka antzekoa) Hon!

INSPEKTOREA: Nork egin du oihu?

ARLOTESA: Noiz?

INSPEKTOREA: Lehentxeago.

ARLOTESA: (Gizona seinalatuz) Hau zen.

INSPEKTOREA: Zergatik egin du oihu?

ARLOTESA: Jo egin dut.

INSPEKTOREA: Egia al da hori? Erantzun ezak! (Astindu egiten du).

ARLOTEA: Ez ukitu! Errepublikan bizi gara eta nere andreak jotzen nauenean garrasi egiteko eskubidea dut.

INSPEKTOREA: Ixo! Ixo! Lasai, poliki: ni polizia nauk.

ARLOTEA: Nik ez diot poliziari bildurrik!

INSPEKTOREA: Oker habil horretan.

ARLOTEA: Zergatik? Ez dut ezer txarrik egin.

INSPEKTOREA: Froga ezak.

ARLOTEA: Zuk frogatu behar duzu errudun naizela.

INSPEKTOREA: Gustatuko litzaidakek baina polizia pobrea duk: aitorpenak nahiago izaten ditiagu frogantzak baino, hauek garestiegiak baitira eta haiek, berriz, debalde.

ARLOTEA: Nik ez dut aitorpenik egiten.

INSPEKTOREA: Lasai, egingo dituk: dena lege barruan gertatuko duk. (Guardiei) Hauek, barrura.

1. GUARDIA: Zer aitorrarazi behar zaie, jauna?

INSPEKTOREA: A!, Ba... Pontoiseko hilketa eta Charentongo lapurreta. (ARLOTEAk arrastaka eramaten dituzte) Geldi! (ARLOTEengana joaten da. Hitz goxoekin). Ezingo ote genuke lagun artean konpondu? Benetan sentituko nuke norbaitek zuei pasada bat ematea.

ARLOTESA: Horixe nahi genuke.

INSPEKTOREA: Gizon baten atzetik nabil. Hogeita hamabost urte, metro bat eta hirurogei ta hemezortzi luze, ile beltza, begi grisak, tweedezko trajea. Oso dotore jantzia, ikusi duzue?

ARLOTESA: Noiz?

INSPEKTOREA: Gaur gauean.

ARLOTESA: Ez horixe. Horrelako gizon xarmantari erreparatuko nion, pentsa! (GEORGESek ur-zintz egiten du).

INSPEKTOREA: Nor da hori?

ARLOTESA: Gure semea da.

INSPEKTOREA: Zergatik hortz zarata hori?

ARLOTESA: Lo dagoelako.

ARLOTEA: Lo dagoenean, hortz zarata egiten du; txikitandik.

INSPEKTOREA: Astin ezazue! (GEORGES astintzen dute eta hau, jaiki eta begiak garbitzen hasten da).

GEORGES: Zuek bezalako aurpegia duenak bapatean jendea esnaraztea debekatua eduki behar luke.

INSPEKTOREA: (Bere burua aurkeztuz) Goblet inspektorea. Zuzen hitz egin ezak!

GEORGES: Zuzen? Ez dut ezer egin: zintzoegia naiz zuzen aritzeko. (ARLOTESAri). Ametsetan ari nintzen, ama.

INSPEKTOREA: Hire aitaren oihuek ez al haute esnatu?

GEORGES: Oihuka aritu al da?

INSPEKTOREA: Labana sartzen ari zaion txerria bezala.

GEORGES: Egun guztian hola aritzen da: ohituta nago.

INSPEKTOREA: Egun guztian? Nola?

GEORGES: Nere ama egun guztian jo eta jo aritzen zaio eta.

INSPEKTOREA: Jo eta jo aritzen zaiok eta hik, utzi? Nolaz?

GEORGES: Ni amaren aldekoa naizelako.

INSPEKTOREA: Morroi luze, beltzaran, begi-gris bat, tweedezko trajea jantzita, ikusi al duk?

GEORGES: Zerri hori ikusi al dudan? Uretara bota nahi ninduena da.

INSPEKTOREA: Noiz? Non?

GEORGES: Nere ametsean.

INSPEKTOREA: Babo arraioa! (GUARDIA bat korrika sartzen da).

1. GUARDIA: Haren jaka zubi gainean aurkitu dugu.

INSPEKTOREA: Murgil egin duen seinalea. Edo hori sinetsarazi nahi digu, bestela. (ARLOTEEI). Ez al duzue ezer entzun?

ARLOTESA: Ez.

INSPEKTOREA: (GUARDIEI) Zuek ito egin dela uste duzue?

1. GUARDIA: Ez dut uste.

INSPEKTOREA: Nik ere ez. Lehoia da morroi hori: azken arnasara arte ahaleginak egingo ditu. (Ur ertzean esertzen da). Eser zaitezte, mutilak. Bai, bai, eseri: frakasoaren aurrean denok berdinak gara. (GUARDIAk eseri egiten dira). Naturaren ikusmiran kontsola gaitezen! Hau ilargia, hau! Artzaina Makoarekin ikusten al duzue? Eta Zazpi-izarrak! Holako gau giro ederrean, giza ihiziak gauza atsegina izan behar luke.

1. GUARDIA: Ai!

INSPEKTOREA: Buruzagiari zer esan diodan badakizue. «Jauna, nahiago dut ez dudala harrapatuko esan», hori esan diot. Ni erdipurdiko horietakoa naiz eta ez naiz lotsatzen horregatik: erdipurdikoak dira lurreko gatza. Erdipurdiko hiltzaile bat aurrean jar iezadazue, eta aitaren batean erantsiko diot eskua: erdipurdikook elkar ulertzen dugu, eta asmoei aurretik antz ematen diegu. Baina gizon hori, zer nahi duzue? Nik ez diot trazarik hartzen: mende honetako estafagilerik trebeena da, aurpegirik gabeko gizona: ehun eta bi estafa egin, eta kondenarik bat ere ez. Zer egin dezaket? Jeinuak gaizkitu egiten nau: ezin aurrikusi dut. (GUARDIEI). Non da? Zertan ari da? Zein erreakzio ditu? Nola nahi duzue nik jakitea? Jende klase hori ez da gu bezala egina. (Makurtu egiten da). Hara! Zer da hau? (Frakak uretatik ateratzen ditu). Haren frakak.

1. GUARDIA: Igeri egiteko traba egiten ziotela eta, erantzi egingo zituen.

INSPEKTOREA: Ezinezkoa da, hirugarren mailan topatu ditut, uretatik urrun. (GEORGES ezkerretik arrastaka itzuri egiten da). Itxaron pixka batean..., hark hemen erantzi ditu, aldatzeko jantziak aurkituko zituen inondik ere... Eta jantzi hauek? Arraio demonio! (GEORGESek utzi duen lekura bihurtzen da). Harrapa ezazue, harrapatu! (GUARDIAk korrika hasten dira).

ARLOTEA: Irma!

ARLOTESA: Robert!

ARLOTEA: Ulertu dun?

ARLOTEA: Ulertu diat. Eskua emaidak!

ARLOTEA: Agur, Irma.

ARLOTESA: Agur, Robert.

INSPEKTOREA: (ARLOTEengana itzuliz) Zuei, zerri alenoi, berriz... (Bi ARLOTEAk zutik uretara botatzen dira eskutik helduta. INSPEKTOREAk bekokia xukatzen du). Esan dut argi aski, ez nuela harrapatuko!

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa