|     75 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN KOADROA

 

DEKORATUA: Jules PALOTIN Soir à Paris-en zuzendariaren bulegoa. Idazmahai luze bat berarentzat eta ttipiago bat sekretariarentzat. Aulkiak, telefonoa, etab. ... Soir à Paris-en bi kartel. Horman zintzilik Palotinen hiru argazki.

 

 

I. AGERRALDIA

 

JULES, SEKRETARIA

 

JULES: (Bera agertzen den argazkiei begira) Nere antz ikaragarria dute, ez da hala?

SEKRETARIA: Neri hura gustatzen zait gehiena.

JULES: Txintxetaren batzuk ekar itzazu. Horman zintzilikatuko ditugu. (Horman jartzen dituzte).

SEKRETARIA: Administrazio Kontseilua bildu zen.

JULES: Noiz?

SEKRETARIA: Atzo.

JULES: Neri abisatu gabe? Usai txarra hartzen diot nik horri. Zer esan zuten?

SEKRETARIA: Luziano entzuten saiatu zen, baina ahapeka hitzegiten zuten. Irteterakoan zu ikustera pasako zela esan omen zuen. Presidenteak.

JULES: Usai txarra hartzen diot nik horri, Fifi, usai txarra! Agure zeken horrek kalera bidali nahi nau. (Telefonoa).

SEKRETARIA: Alló!, bai, ederki Presidente jauna. (JULESi). Zer esan dizut? Bera da. Hemendik ordu betera harekin egon zintezkeen galdetzen du.

JULES: Noski, zer eragozpen jar dezaket?

SEKRETARIA: Bai, Presidente jauna. Ondo da, Presidente jauna. (Telefonoa zintzilikatzen du).

JULES: Zuhurra! Zikoitza! Apoa alena! (Ate joka ari dira) Zer pasatzen da? (Atea irekitzen dute eta SIBILOT sartzen da).

 

 

II. AGERRALDIA

 

SIBILOT JULES, SEKRETARIA

 

JULES: Zu al zara, Sibilot? Pasa. Zer nahi duzu? Hiru minutu dituzu. (SIBILOT sartu egiten da). Eseri (JULES ez da inoiz esertzen. Gelan harantz eta honantz ibiltzen da). Eta? Zer dugu?

SIBILOT: Nagusi jauna, orain dela zazpi urte zuk bostgarren orria propaganda komunistari gogor egiteko erabiltzea erabaki zenuen, eta nere eskuetan oso-osorik uztea ohore bat izan zen neretzat. Harrezkero jotake aritu naiz lanean: osasuna, ilea, umorea galdu baditut ere, ez zait batere axola, eta zure zerbitzutan oraindik tristeago, oldetsuago bihurtu beharko banu ere, istant batez ere ez nintzateke zalantzatan ibiliko. Baina bada alde batera utzi ezin dudan zerbait, izan ere egunkariak berak jasan beharko bailituzke kalteak: diru kezkarik ez izatea, alegia. Separatisten kontrako borrokarako buru argia, zorroztasuna, sentsibilitatea behar dira; irakurleengan inpaktorik egitez geroz, aztibegia behar dela esatera ausartuko nintzateke. Alderdi horiek baditut, baina nola gordeko ditut kanpoko kezkek jaten banaute? Nola aurkitu ziririk zorrotzena, pozoinez betetako ateraldiak, esaldirik gogorrenak, nola agertu gainean dugun Apokalipsia eta munduaren akabera nola profetizatu, zapatak urez betetzen zaizkidanean zoluerdiak eman ezin badizkiet?

JULES: Zenbat irabazten duzu?

SIBILOT: (Mekanografa seinalatuz) Esaiozu ireteteko (JULES harriturik gelditzen zaio begira). Mesedez, minutu bat besterik ez da.

JULES: (SEKRETARIAri) Lehenengo orrialdearen azkeneko entseiuaren bila joan zaitez. (Irteten da). Zer eragozpen duzu beraren aurrean hitz egiteko?

SIBILOT: Zenbat irabazten dudan esateak lotsa ematen dit.

JULES: Zer ba? Gehiegi al da?

SIBILOT: Gutxiegi.

JULES: Zenbat?

SIBILOT: Hirurogeita hamar mila libera.

JULES: Urtean?

SIBILOT: Hilean.

JULES: Baina, zer diozu? Jornal polita da hori. Ez dakit nola lotsatzen zaren.

SIBILOT: Denei ehun mila irabazten dudala esaten diet.

JULES: Ba, segi horrela. Entzun: ehun eta hogeiraino altxatzeko baimena ematen dizut; horrela gutxienez larogeita hamar irabazten duzula pentsatuko dute.

SIBILOT: Eskerrik asko, nagusi jauna... (Isilunea). Baina hitzez ez ezik, benetan ezin al dizkidazu eman?

JULES: (Aztoraturik) Ehun eta hogei horiek?

SIBILOT: Ez! Ez! Larogei. Orain dela bost urte nere emaztea klinikan dago eta gastuei ezin diet aurre egin.

JULES: (Bekokia ikutuz) Zer dago? (SIBILOTek baietz buruaz). Erremediorik gabe? (Berriro baiezkoa buruarekin). Sibilot gizarajoa! Eta zure alaba? Nik laguntzen zintuela uste nuen.

SIBILOT: Ahal duena egiten du, baina oso gutxi irabazten du. Eta gainera iritzietan nigandik oso urrun dabil.

JULES: Tira! Diruak ez du ideiarik bereizten, gizona.

SIBILOT: Kontua zera da... progresista horietakoa dela.

JULES: Lasai, gizona! Pasako zaio:

SIBILOT: Baina bitartean nere presupuestoa osatzeko Moskuko urrea behar dut nik. Lanbidetzat antikomunismoa daukanarentzat gogor samarra dela aitortu beharko didazu.

JULES: Alderantziz: zure eginbeharra betetzen duzu. Urre hori zure eskuetara doan bitartean ez da kaltegarri izango.

SIBILOT: Moskuko dirua eta guzti ere hilaren azkenak luze egiten dira.

JULES: (Susmati) Begira iezadazu Sibilot. Begietara zuzen. Ofizioa gogoko al duzu?

SIBILOT: Bai, jauna.

JULES: Hum! Eta ni, semetxo, maite al nauzu?

SIBILOT: Bai, nagusi jauna.

JULES: Ba, esan ezazu, gizona!

SIBILOT: Maite zaitut!

JULES: Zera pixka bat gehiagorekin ezin al duzu esan?...

SIBILOT: Maite zaitut.

JULES: Hotz irteten dizu. Hotz! Hotz! Begira, Sibilot, gure egunkaria maitasun egintza bat da, klase sozialen batasunarako agerkaria eta nik nere lankideek bertan maitasunak bultzaturik lan egitea nahi dut. Ez nizuke nere ondoan minutu bat gehiagoz egoten utziko zure lana diru goseak bultzaturik egiten duzuneko errezeloa banu.

SIBILOT: Badakizu, jauna, bostgarren orrian ez dela maitasunari buruz hitz egiteko aukera handirik izaten.

JULES: Oker zaude, Sibilot. Bostgarrenean maitasuna lerroen tartean dago. Maitasunari diozun maitasunaz egiten duzu borroka klaseen arteko elkar hartzeari oztopoak jarriz burgesiak proletargoa integratzea behaztopatu nahi duten malapartatuen kontra. Eginkizun latza da: hori debalde betetzea eginbehartzat hartuko lukeen bat baino gehiago ezagutzen dut. Eta zuk, berriz, helbururik jatorrenaren alde borrokatzeko suertea izanik, gainera poliki kobratzen duzun horrek, jornal igoera eskatzeko ausardia duzu! (SEKRETARIA egunkaria eskuan duela sartzen da). Zoaz! Zure kasoa bihotz onez aztertuko dut.

SIBILOT: Eskerrik asko.

JULES: Ez dizut ezer agintzen.

SIBILOT: Eskerrik asko, jauna.

JULES: Erabakia hartzen dudanean deituko zaitut. Agur adiskide.

SIBILOT: Agur, nagusi jauna. Eta eskerrik asko. (Irteten da).

 

 

III. AGERRALDIA

 

JULES, SEKRETARIA

 

JULES: (SEKRETARIAri) Hirurogeita hamar irabazten ditu eta oraindik jornala altxatzeko eginez, zer iruditzen zaizu?

SEKRETARIA: (Haserre) Alajaina!

JULES: Ez dadila begien bistan gehiago azaldu. Zure kontu! (Egunkaria hartu eta begiratu bat ematen dio). Et! Et! Et! (Bulegoko atea irekitzen du). Tavernier! Perigord! Lehendabiziko orrialdea erabakitzeko bilera. (TAVERNIER eta PERIGORD sartzen dira SEKRETARIAk irten egiten du).

 

 

IV. AGERRALDIA

 

JULES: Zer dugu, mutilak! Amodiozko penak? Osasun pattala?

TAVERNIER: (Harriturik) Ez, benetan ez...

PERIGORD: (Harriturik) Ez dut uste.

JULES: Orduan ez nauzue ja maite.

TAVERNIER: Zaude isilik, gizona!

PERIGORD: Badakizu ongi aski denok bihotzez maite zaitugula.

JULES: Ez, zuek ez nauzue bihotzez maite. PiXka bat bai, maitagarria naizelako, baina bihotzez maitatu ez. Arretarik ez zaizue falta, baina garra falta zaizue. Hau da nere zorigaitza: zainetan sua dabilkit eta odolik gabeko jendez inguraturik nago.

TAVERNIER: Baina Jules, zer egin dugu?

JULES: Azpijana egin didazue, papuatarrak ere barrez leherraraziko dituen titularrez aurrekaldeko orria betez.

PERIGORD: Zer jarri behar nuen, jauna?

JULES: Hori da galdetzen dizuedana. Egin proposamenak! (Isilunea) Bila ezazue: lokomotora bezalako titularra nahi dut, titular atomikoa. Zortzi egun badaramatzagu ez atzera eta ez aurrera.

TAVERNIER: Marokoko arazoa dago.

JULES: Zenbat, hilak?

PERIGORD: Hamazazpi.

JULES: Tira! Atzo baino bi gehiago. Bigarren orrialderako. Jar ezazue hau letra handitan: «Marrakech: Leialtasun manifestapen hunkigarriak!» Eta azpititulu gisa: «Herriko jende jatorrak, erreboltariak gaitzesten ditu». Sultan ohia bolaka ari deneko argazkirik ba al dugu?

TAVERNIER: Artxiboetan dago.

JULES: Hori aurrekaldeko orrian. Eta oinean: «Marokoko Sultan ohia bere egoitza berrian ohitzen hasia omen).

PERIGORD: Hala ere, horrek titular nagusia ez digu ematen.

JULES: Egia. (Pentsatzen jartzen da). Eta Adenauer?

TAVERNIER: Atzo erretolika ederra mugitu zigun.

JULES: Dagoela, ba: ezta hitzik ere. Eta gerra? Zertan da gaur? Hotz ala bero?

PERIGORD: Ondo.

JULES: Epel, labur esateko. Zuen antzera. (PERIGORDek behatza altxatzen du). Hor al duzu titularra?

PERIGORD: «Gerla aldenduz doa».

JULES: Ez, Jainkoagatik, ez! Nahi duen guztia alden dadila. Baina aurrekaldeko orrian, ez. Aurreneko orrian gerrak hurbilduz doaz. Eta Washingtonen? Ez al du inork txintik atera? Ike? Dulles? Zertan dira?

PERIGORD: Mututurik.

JULES: Zer arraio dabiltza? (TAVERNIERek behatza altxatzen du). Esan.

TAVERNIER: «Amerikaren isilune kezkagarria».

JULES: Ez.

TAVERNIER: Baina...

JULES: Amerikak ez du kezkatzen: lasaitu egiten du.

PERIGORD: «Amerikaren isilune lasaigarria».

JULES: «Lasaigarria!». Baina, adiskidea, ea noiz ikasten duzun nere gisa ez naitekeela ari, akzionistekiko betebeharrak ere baditudala. Jendeak urrutitik ikusteko moduan letra handiz «lasaigarri» jarri eta lasai geldituko naizela uste al duzu? Aldez aurretik lasaitzen badira, zertarako erosi behar didate egunkaria?

TAVERNIER: (Behatza altxaz) «Sobiet Batasunaren isilune kezkagarria».

JULES: Kezkagarria? Sobiet Batasunak kezkatzen al zaitu hurrena? Eta orduan H bonba zer da? Txorikaka?

PERIGORD: Gaintitulo bat proposatzen dut: «Amerikak ez du tragikoki hartzen...» eta azpian «Sobiet Batasunaren isilune kezkagarria».

JULES: Ez hasi Amerikari harpa jotzen, zirikatzen ez hasi.

PERIGORD: Ni?

JULES: Arrania polatu! Isilune hori kezkagarria bada, Amerika oker dabil ez kezkatzean.

PERIGORD: «Washingtonek ez du ez tragikoki eta ez arinki hartzen URRSen isiltasun kezkagarria».

JULES: Eta hori zer da? Egunkari titularra ala elefante basatien erasoa? Erritmo pixka bat, Jainkoagatik, erritmo pixka bat. Azkar ibili behar da! Arin! Arin! Dantza egiten den bezala idatzi behar da egunkaria. Ba al dakizu yankitarrek nola idatziko luketen zure titularra? «URSS: Isilik. USA: Irribarrez». Swing hori da! A! Amerikar lankideak baneuzka! (SEKRETARIA sartzen da). Zer dugu?

SEKRETARIA: Travadjako alkatea.

JULES: (PERIGORDi) Hor al dira fotografoak?

PERIGORD: Ez.

JULES: Nola! Ez al dituzu fotografoak deitu?

PERIGORD: Ez bainekien...

JULES: Dagoela pixka batean. Etxeko fotografo guztiak ekarrarazi itzazue. (PERIGORDi) Zenbat aldiz esan dizut egunkari gizatiarra nahi dudala (SEKRETARIAk irten egiten du). Irakurlearengandik urrunegi gabiltza: hemendik aurrera jendearen oroitzapenetan Soir à Paris-ek aurpegi ezagun, irritsu, bigun batekin lotua egon behar du. Zein aurpegi, Tavernier?

TAVERNIER: Zurea, Jules.

JULES: (PERIGORDi) Travadja elur-lauso batek desegin du eta bertako alkatea guk eratutako diru bilketaren bitartez osatutakoa jasotzera dator; nola ez duzu ulertu, Perigord, neretzat hau dela gure bezeroen aurrean azaltzeko eta beraien esku zabala isladatzeko lehendabiziko aukera? (SEKRETARIA sartzen da).

SEKRETARIA: Fotografoak hor dira.

JULES: Alkatea sarrarazi ezazue. (SEKRETARIA irteten da). Non dago Travadja? Azkar!

PERIGORD: Perun.

JULES: Seguru? Nik Txilen zegoela uste nuen.

PERIGORD: Zuk nik baino hobeto jakingo duzu.

JULES: Eta zuri zer iruditzen zaizu?

TAVERNIER: Nik Perun dagoela esango nuke, baina seguru aski arrazoi duzu: hau da...

JULES: Zurikeria gutxi! Ez naiz autodidakta izateaz lotsa! Ekarri mapamundia! (Ekartzen dute. JULES haren aurrean belaunikatzen da). Ez dut Peru aurkitzen.

TAVERNIER: Gora eta ezkerretara. Ez horren gora: hor!

JULES: Alajaina! Hau painelu bat da. Eta Travadja?

TAVERNIER: Puntu beltz hori da, eskuinean.

JULES: (Lehor) Nik baino bista hobea duzu, Tavernier.

TAVERNIER: Barkatu, Jules (Travadjako ALKATEA, fotografoak darraizkiola sartzen da).

 

 

V. AGERRALDIA

 

TRAVADJAKO ALKATEA, JULES, TAVERNIER, SEKRETARIA, INTERPRETEA, FOTOGRAFOAK

 

JULES: Zer arraio! Non ote da txekea? (Bere burua miatuz).

TAVERNIER: Zure jakan.

JULES: Baina, non da nire jaka?

ALKATEA: (Mintzaldia hastera balihoa bezala) Na...

JULES: (Presaka) Egunon, jauna. Jar zaitez hor (FOTOGRAFOei). Dena zuentzat. Ondo aprobetxatu.

ALKATEA: Na... (FOTOGRAFOek inguratzen dute. Magnesiozko argiak).

JULES: Tavernier! Perigord! Lagun nazazue! (Lau hankan dabil mahaipean).

JULES: (Mahaipetik jaka ateratzen du eta handik txekea. Garaipenezko oihua) Hemen dut!

ALKATEA: Na... (Argazkiak). Oujdja! (Negarrez hasten da).

JULES: (FOTOGRAFOei) Aurrera! Aurrera! (SEKRETARIAri) Azpian hau jar dezatela: «Travadjako alkateak esker onez gure zuzendariaren aurrean negar». (FOTOGRAFOek beren argazkiak egiten dituzte. ALKATEAk negarrez jarraitzen du. Interpreteari). Esaiozu aski dela. Argazkiak egin dituzte...

INTERPRETEA: O ca ri.

ALKATEA: Ou pe ca mi neu.

INTERPRETEA: Hegazkinean mintzaldia prestatzen aritu omen da eta botatzen uzten ez diotela eta, ari da negarrez.

JULES: Zuk itzuli eta guk in extenso argitaratuko dugu.

INTERPRETEA: Ra ca cha pour

ALKATEA: Paim - Pom!

INTERPRETEA: Mintzatu nahi duela dio tematsu. Barkatu, baina ohar hau egin nahi nizuke. Travadjako hiria 3.810 metrotako alturan dago, eta airea han oso urria da. Hizlariak arnasestuka aritzen dira, eta hori dela eta, labur mintzatzen ikasi dute.

JULES: Azkar! Azkar orduan!

ALKATEA: (Geldiro) Ya vo ki. No vo ka. Ke ko re.

INTERPRETEA: Travadjako seme-alabek ez dute inoiz ahantziko frantses herriaren eskuzabaltasuna.

JULES: Eta zer gehiago?

INTERPRETEA: Besterik ez.

JULES: (Txaloka hasteko keinu eginez) Ederra mintzaldia! (PERIGORDi). Betegarri pixka bat sartu beharko zaio. (ALKATEAri) Orain gu biok, Travadja! (Txekea luzatzen dio). (ALKATEAk hartu egiten du). Har ezazu berriro! Azkar! Fotografoentzat da (ALKATEAri txekea berriro kentzen diote).

FOTOGRAFOA: (Listin bat lurrean jarriaz) Jules...

JULES: Zer?

FOTOGRAFOA: Mesedez listinaren gainera igoko bazina?..

JULES: Zer, ba?

FOTOGRAFOA: Eskuzabalak goitik behera aritzen dira...

JULES: Orduan bi listin jar itzazue. (Listinen gainera igo eta txekea luzatzen dio. ALKATEAk hartu egiten du. Flash).

FOTOGRAFOA: Berriz! (ALKATEAri txekea kentzen dio berriz. JULESi luzatzen dio. Behin eta berriro gauza bera). Beste bat! (ALKATEA negarrez hasten da).

JULES: Aski da! Aski da! (Txekea ALKATEAren eskuan jartzen du). Nola esaten da «ikusi arte»?

INTERPRETEA: La pi da.

JULES: (ALKATEAri) Lapida!

ALKATEA: Lapida (Elkar besarkatuz).

JULES: (ALKATEA hertsiki besarkatuz) Semetxook, negarrez ari naizela uste dut. Azkar flash bat! (Argazkia. JULESek malko bat xukatzen du eta irribarrez behatz bustia ALKATEAri erakusten dio. ALKATEAk gauza bera egiten du eta bere behatzaz JULESena ikutzen du. Argazkia).

JULES: (FOTOGRAFOei) Paseatzera atera ezazue. Sacre-Coeur, Gudari Ezezaguna, Folies Bergère. (ALKATEAri) Lapida!

ALKATEA: (Atzeraka eta makurtuz irteten da) La pi da La pi da. (FOTOGRAFOak eta interpretea irteten dira).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

JULES, TAVERNIER, SEKRETARIA

 

JULES: Mutilak, ba al da ongia egiten baino gozamen handiagorik?

PERIGORD: (Kezkati) Jules.

JULES: Ixo, mutilak: ideia bat badatorkidala sentitzen dut.

PERIGORD: (SEKRETARIAri) Geldi, Fifi, geldi: hona hemen Ideia. (Isilunea. JULES gelan batetik bestera paseiatuz ari da).

JULES: Zer egun da gaur?

PERIGORD: Asteartea.

JULES: Ederki. Bihotz ona agertzeko egun bat nahi dut astean: asteazkenez. Zure laguntzarekin, Perigord: ostiraletik aurrera errefuxiatuak, naufragoak, bizirik geldituak, larrugorrian gelditutako umezurtzak bila iezazkidazu. Larunbatero diru bilketa hasi eta asteazkenero emaitzak jakinarazi. Ulertzen, mutikoa? Zer prestatu behar diguzu datorren asteazkenerako?

PERIGORD: Ba..., nik... Zergatik ez etxerik ez dutenak?

JULES: Etxegabeak? Ederki. Non bizi dira zure etxegabe horiek? Caracasen? Puerto Ricon?

PERIGORD: Nik gure tartekoak nituen gogoan.

JULES: Erotu al zara? Gure arteko kaltetuek bere-berezko hondamendiak jasandakoak bakarrik izan behar dute; bestela maitasuna gizarte injustiziazko istorio zikinetan kakaztuko dugu. Gogoratzen al zaizue «Mundu guztia zoriontsu da» izeneko gure kanpaina hura? Ez genuen mundu guztia komentzitu orduan. Ederki. Baina aurten, «Mundu guztia ona da» kanpaina bat egiten badugu, ikusiko duzue nola mundu guztiak sinetsiko digun. Horra hor, nere ustez, komunismoaren aurkako propagandarik hoberena. Goazen titular horren bila, mutilak! Zer proposatzen ari zineten?

TAVERNIER: Guk ez genuen ezer proposatzen, txotxoloturik geunden.

PERIGORD: Marokoar hamazazpi horiez gain...

TAVERNIER: (Jarraituz) ... bi suizidio, mirari bat Trouvillen, ohar diplomatikoen trukaketak, pitxi lapurreta bat...

PERIGORD: (Jarraituz) ... lau bide istripu, eta bi muga intzidente...

TAVERNIER: (Jarraituz) ... horrez gain ez da beste ezertxo ere gertatu.

JULES: Berririk ez! Eta kexu zarete? Zer behar duzue? Bastillaren hartzea? Jeu de Paume-ko Zina? Nik, enetxook, gobernuaren aldeko egunkari bat egiten dut, eta ez naiz ni historia idatziko dudana, Gobernua ez egiten ahalegintzen baita eta publikoari bost axola baitzaio. Bakoitzari berea: Historia handia historigileentzat, eta egunkari handientzat eguneroko gertaerak. Eta egunerokoa berrikuntzaren aldez kontrakoa da: egunero egunero mundua mundu denetik errepikatzen dena da: hilketak, lapurretak, gazteen galbideratzeak, itxura politak, eta birtute sariak. (Telefonoa) Zer dugu?

SEKRETARIA: (Telefonoa hartu ondoren) Lancelot da, jauna.

JULES: Alló! A! Zer ordutan? Bueno, bueno, bueno. (Telefonoa zintzilikatuz). Hor duzue titularra, mutilak: Georges de Valerak ospa egin du arestian.

PERIGORD: Estafagilea?

TAVERNIER: 50 milioiak altxatako gizona?

JULES: Berbera. Mende honetako jeinua da. Lehendabiziko orrialdean jar ezazue haren argazkia nerearen ondoan.

TAVERNIER: Ongia eta Gaizkia, nagusi jauna.

JULES: Bihozperatasuna eta amorrua sentipen dijestiboak dira: ez ahaztu gure egunkaria bazkalondoan ateratzen dela. (Telefonoa) Zer? Zer? Zer? Ez! Ez! Ez al da beste xehetasunik? Ene! Ondo da! (Telefonoa zintzilikatuz) Madarikatua! Madarikatu alena!

TAVERNIER: Harrapatu al dute?

JULES: Ez, baina titular handiak ez dira inoiz banaka etortzen. Arestian faltan nituen, orain bat sobran dut.

TAVERNIER: Zer gertatu da?

JULES: Sobietar Barne Ministroa desagertu egin da.

PERIGORD: Nekrassov? Itzalera sartu al dute?

JULES: Askoz barregarriagoa; askatasuna aukeratu duela dirudi.

PERIGORD: Zer dakigu horretaz?

JULES: Ia ezer ere ez, eta hori da okerrena. Joan den asteartean Operan ez zen izan, agi denean,eta geroztik ez du inork ikusi.

TAVERNIER: Nondik dator berria?

JULES: Reuter eta France-Pressetik.

TAVERNIER: Eta Tassek zer dio?

JULES: Txintik ere ez.

TAVERNIER: Hum!

JULES: Bai, bai: hum!

TAVERNIER: Orduan? Zer egingo dugu? Nekrassov ala Valera?

JULES: Nekrassov. «Nekrassov desagertua» jar ezazue eta azpititulu gisa: «Sobietar Barne Ministroak askatasuna aukeratu du, agi denean». Ba al duzue argazkirik?

PERIGORD: Badakizu zein, Jules. Eskuineko begian partxe beltza daramana, itsaslapurra dirudien hura.

JULES: Nerearen ondoan jarriko duzue. Ongia eta Gaizkiaren arteko kontrasteari eusteko.

PERIGORD: Eta Valerarena?

JULES: Laugarrenera! (Telefonoa) Beste titular handiren bat bada, ezegiteko bat egingo dut.

SEKRETARIA: Alló! Bai, bai Presidente jauna. Bai. Bai Presidente jauna. (JULESi) Administrazio Kontseiluko Presidente jauna da.

JULES: Lukur hori igo dadila!

SEKRETARIA: (Tresnari) Bai, Presidente jauna. Berehala Presidente jauna. (Zintzilikatu egiten du).

JULES: (TAVERNIER eta PERIGORDi) Ospa hemendik, mutilak. Gero arte.

 

(PERIGORD eta TAVERNIER irteten dira. JULES harriturik bere jakari begira gelditzen da; gero zalantza une baten ondoren, jantzi egiten du).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

JULES, MOUTON, SEKRETARIA

 

JULES: Egun on, Presidente maitea.

MOUTON: Egun on, Palotin maitea. (Eseri egiten da). Eser zaitez.

JULES: Ez bazaizu axola, nahiago dut zutik gelditu.

MOUTON: Noski axola zaidala. Nola nahi duzu hitz egitea bulegoan zehar etengabe zure bila ibili behar badut?

JULES: Nahi duzuna! (Eseri egiten da).

MOUTON: Berri eder bat ematera natorkizu: Barne Ministroak atzo deitu ninduen eta Lan Eskaintza Iragarkien esklusiba guri ematea pentsatzen ari zela adierazi zidan.

JULES: Lan Eskeintza Iragarkiak. Hori... ez genuen espero!

MOUTON: Ez da hala? Hizketa horren ondoren Kontseilua bilarazi nuen. Gure lagun guztiak erabaki honen garrantzia azpimarratzean bat datoz: gastuak ttipiagotuz egunkaria hobetzea lor dezakegu.

JULES: Hogei orrialde aterako ditugu. Paris-Presse eta France-Soir pikutara bidaliko ditugu.

MOUTON: Kolorekiko argazkiak argitaratuko dituen lehen egunkaria izango da gurea.

JULES: Eta zer eskatzen du Ministroak ordainetan?

MOUTON: Baina, adiskide! Ezer ez. Ezertxo ere ez! Guk mesedeak gure lanaren balioaren aitorpena direnean onartzen ditugu, eta kontzientziak erosi nahi dituztenean arbuiatu egiten ditugu. Ministroa gaztea da, sutsua, kementsua: bere kideak berotu nahi ditu, benetako gobernu modernoa egin. Eta Soir à Paris-i, gobernuaren aldeko egunkaria denez, berriztatzeko bideak ematen zaizkio. Ministroak berak esan ditu hitz goxo hauek: Paper txar hori, bihur dadila eraso orri! [feuille de chou eta feuille de choc-en bidez egindako hitz-joakoa. Feuille de chou: «egunkari kaskarra» da]

JULES: (Algaraka, gero bapatean serio) Paper txartzat hartu al nau?

MOUTON: Txantxetan zen. Baina zera esan behar dizut, nere kideko batzuek Soir à Paris lokartzen ari dela adierazi didate. Egunkariaren itxura ezin hobea da, baina orain ez du lehengo eztenkada pozointsurik, irakurlegoa sututa jartzen zuen joera zirikatzaile hura ere ez.

JULES: Nazioarteko tentsioaren lasaialdia kontutan hartu behar da. Perigordek arrazoi handiz ziostan arestian ez dela ezer ere gertatzen.

MOUTON: Noski! Noski! Badakizu beti zure alde irteten dudala. Baina ministroaren arrazoiak ulertzen ditut. «Sumindura izango da frantses politikaren new look-a», esan zidan. Eta berak gure kidekoen ondoan abantailazko egoeran jarriko gaitu, merezi dugula erakusten badiogu. Hona hemen behar den «sumindura» badugula erakusteko aukera. Funtsean entzun Ministroak jakinarazi didana: Seine-et-Marnen hauteskunde partzialak egitekoak dirva. Komunistek beren indarra agertzeko aukeratu duten eskualdea da. Kabineteak haiek botatakoa altxa egin du. Hauteskundeak Alemania berrarmatzearen alde ala kontra izango dira. Zuk Bounoumi Anderea ezagutzen duzu: Gobernuaren hautagaia da. Hamabi seme-alabaren ama izateaz gainera, denak bizi dituen emazte kristau honek, frantses giza uholdeen bihotzen taupadak bere bezala sentitzen ditu. Egiten duen propaganda zuzen eta hunkigarriak gure politikoentzat eta egunkari handien zuzendarientzat eredu izan behar luke. Begira kartel hau. (Karteratik kartel bat atera eta askatzen du:«Berrarmatzearen bitartez Anaitasuna lortzera» irakur daiteke eta beherago: «Bakeari eusteko bitarteko guztiak dira on gerra ere bai»). Zein zuzenekoa den! Zure bulegoko horman ikusi nahi nuke.

JULES: (SEKRETARIAri) Fifi! Txintxetak. (SEKRETARIAk txartela horman zintzilikatzen du).

MOUTON: Merezimenduak beti irabaziko balu, Bounoumi Anderea lan handirik gabe nagusituko litzateke. Zoritxarrez, egoera ez da oso argia: hasteko, hirurehun mila boto besterik ez dugu; komunistek beste horrenbeste dituzte, zerbait gehiago beharbada; ohi bezala, gutxienez bozemaileen erdiek ez dute botorik emango. Beste ehun mila boto gelditzen dira, hautagai radikalari, Perdrièreri joango litzaizkiokeenak. Bigarren buelta izango dela esan nahi du horrek eta hor komunistak irabaz dezake.

JULES: (Ongi ulertu gabe) A! A!

MOUTON: Ministroak bildurrik gabe desastrea deitzen duenetik libratzeko bide bakarra ikusten du. Perdrière Bounoumi Anderearen alde erretiratzea, alegia. Baina, horra arazo bakarra: Perdrièrek ez du nahi.

JULES: Perdrière? Nere ezaguna da eta: sobietarren etsai amorratua, inor bada. Elkarrekin bazkalduak gara.

MOUTON: Nik hobeki ezagutzen dut. Nere txaletaren aldamenean berak berea dauka.

JULES: Oso gauza zentzuzkoak esan zizkidan.

MOUTON: URSSen politika gaitzesten zuela esan nahi duzu?

JULES: Bai, horixe.

MOUTON: Hori duzu gizona! Komunistak higuin ditu eta Alemaniaren berrarmatzerik ez du nahi.

JULES: Kontraesan harrigarria!

MOUTON: Beronen jarrera sentimendu hutsezkoa da. Ba al dakizu zein den arazoaren funtsa? Alemanek 1940.ean etxaldea desegin zioten eta 1944.ean atzerrira bidali.

JULES: Orduan?

MOUTON: Besterik ez. Ez du ez ezer ikasi, ez ahaztu nahi.

JULES: O!

MOUTON: Eta entzun ongi, atzerriratze labur bat besterik ez zen izan, zortzi edo hamar hilabetekoa besterik ez.

JULES: Frogatarako, itzulia dela.

MOUTON: (Bizkarrak uzkurtuz) Ba, hara, oroitzapenetatik ez duela inork aterako; germanofobo bat egina dago. Oraindik absurdoago dena, historia ez baita errepikatzen: hurrengo Mundu Gerratean errusiar lurraldea izango da alemanek errautsiko dutena, eta errusiarrak atzerriratuak.

JULES: Alajaina!

MOUTON: Hori dena ongi aski dakiela seguru pentsatu.

JULES: Eta ez al du amor ematen?

MOUTON: Bai zera! Errusiarrak Buchenwalden sartzerik ez omen luke ametituko. (Irribarretxoa). Alemanei buruz hitzegiten zaionean amorratu egiten da. (JULESen gizalegezko irribarrea). Hara ba! Hau da kontua! Badakizu: Perdrièrek alemanei bedur handiagoa die errusiarrei baino; eta alemanei baino, errusiarrei beldur handiagoa izan behar zaiela buruan sartzen badiozu bakarrik erretiratuko da.

JULES: Baina sartzen badio... Nork?

MOUTON: Zuk.

JULES: Nik? Nola nahi duzu nik hori egitea? Ez daukat harengan eragin handirik.

MOUTON: Lortu egin behar.

JULES: Zeren bitartez?

MOUTON: Haren ehun mila bozemaileek Soir à Paris irakurtzen dute

JULES: Eta?

MOUTON: Suminkor izan zaitez. Bildurra sar iezaiezu.

JULES: Bildurra? Besterik egiten al dut, ba? Nere bostgarren orrialdea gorriengandiko arriskua aldarrikatzeko dago oso osorik.

MOUTON: Horretaz mintzatu nahi nuen. (Isilune motx bat). Palotin adiskidea, Kontseiluak agindu hau eman dit, zure bostgarren orriak ez duela ja bat ere balio esateko. (JULES jaiki egiten da). Adiskide, eserita geldi zaitez mesedez. (Indar handiagoz). Mesedez, zaude eserita. Garai batean bostgarrena irakurtzean zerbaiten probetxua ateratzen genuen. «Bihar Gerra» inkesta bikain hura datorkit gogora. Ezinegonak izerditan jartzen gintuen. Eta argazki trukatu haiek: Stalin zaldi gainean sutan jarritako Notre-Damen sartzen. Maisulan nabariak. Baina duela urte betetik honantz utzikeria susmagarria nabari dut, ahanztura barkaezinak. Zuk lehen Sobiet Batasuneko goseaz hitz egiten zenuen, orain ez. Errusiarrek nahikoa jaten dutela adierazi nahi al duzu?

JULES: Nik? Ederki samar begiratzen dut nere burua horretatik.

MOUTON: Lehengo egunean argazki bat ikusi nuen. «Sobietar etxekoandreak janari almazen baten aurrean errenkadan zain» eta harri eta zur gelditu nintzen haietako batzuk barrez ari zirela eta soinean zapatak zituztela ikustean. Zapatak, non eta Moskun! Inondik inora, sobietar propagandak egindako argazkia zen, eta zuk konturatu gabe AFPko argazkitzat hartu zenuen. Zapatak! Jaungoiko Santua! Gutxienez hankak moztu, gizona! Eta irribarreak! Non eta Sobiet Batasunean! Irribarreak!

JULES: Ezin moztuko nien burua...

MOUTON: Zergatik ez? Esango ote dizut? Iritziz aldatu ote zaren galdetzen nion nere buruari.

JULES: (Duintasunez) Ni egunkari objektibo baten zuzendari naiz, egunkari gobernutarra, eta nere iritziak aldaezinak dira gobernuak bereak aldatzen ez dituen bitartean.

MOUTON: Ederki. Oso ederki! Eta ez al zara kezkatzen hasi?

JULES: Zer dela eta?

MOUTON: Jendea lasaitzen hasia dela eta.

JULES: Lasaitzen? Presidente maitea, ez al zaizu iruditzen hori gehiegi esatea dela?

MOUTON: Nik ez dut sekula ahoberokeriarik esaten. Orain bi urte dantzaldi bat zen Rocamadouren, kanpoan. Tximistak ustekabean handik ehun metrotara lurra jo zuen. Hezurretaraino ikaratu ziren. Ehun izan ziren hilak. Bizirik gelditu zirenek sobietar hegazkin batek bonbardeatu zituela uste zutela deklaratu zuten. Horrek zera frogatzen du, prentsa objektiboak bere lana tajuz egiten zuela. Bueno. Atzo IFOPk azkeneko inkestaren emaitzak argitara eman dituen. Ezagutzen al dituzu?

JULES: Oraindik ez.

MOUTON: Inkestagileek klase eta egoera guztitako hamar mila laguni egin dizkiote galderak. «Non hilko zara?» galderari %10ek ez zekiela eta gainontzekoek —hau da, ia denek— «ohean» erantzun zuten.

JULES: Ohean?

MOUTON: Bai, bakoitza bere ohean. Eta erdi mailako frantsesak ziren, gure egunkariaren irakurleak. Ai! Zein urrun dagoen Rocamadour, eta hara zer atzerakada bi urtetan!

JULES: Eta, errautsirik, kiskalirik, txikiturik hilko zela esan duen bat bakarrik ere ez al da izan?

MOUTON: Ohean!

JULES: Nola? Bat bakarrak ere ez al du H Bonba, tximista hilgarria, laino erradiaktiboak, herio errautsak, mitriolu euriak edo horrelakorik aipatu?

MOUTON: Bakoitza bere ohean. XX. mendearen erdian, teknikaren aurrerapen harrigarriak eta guzti, eta hala ere Erdi Aroan bezala ohean hilko direla uste dute. Ai, Palotin maitea, adiskidetasun osoz, baina zera esan behar dizut, zu zarela errudun handienetako bat.

JULES: (Jaikiz) Baina, nik ez dut guzti horrekin zerikusirik!

MOUTON: (Hau ere jaikirik) Zure egunkaria geldoa da! Epela! Gatzik gabekoa! Negartia! Atzo bertan bakeaz ari zinen.

JULES: (Atzera eginez) Ez.

MOUTON: (Aurrera eginez) Bai! Aurrekaldeko orrialdean!

JULES: (Atzera eginez) Ez, ez nintzen ni, Molotov zen: nik haren mintzaldia argitaratu besterik ez nuen egin.

MOUTON: (Aurrera eginez) In extenso argitaratu zenuen. Laburpen bat nahikoa zen.

JULES: Informazioaren betebeharrak...

MOUTON: Zer axola zaizkigu betebehar horiek Unibertsoa arriskuan dagoenean? Mendebaldeko potentziak bildurrak elkartzen ditu. Segurantzia bihurtzen badiezu nondik aterako dituzte gerra prestatzeko indarrak?

JULES: (Bere mahaiaren kontra bazterturik) Gerra? Zer gerra?

MOUTON: Hurrengoa.

JULES: Baina nik ez dut gerrarik nahi.

MOUTON: Nola ez duzula gerrarik nahi? Aizu, Palotin: non hilko zarela uste duzu?

JULES: Nere...

MOUTON: Zure...

JULES: Zera bakean... Nola nahi duzu nik hori jakitea?

MOUTON: Zeure burua ezagutzen ez duzun neutralista zara, pakezale lotsatia, ilusio merkataria.

JULES: (Jauzi eginez eta oihuka) Utz nazazu bakean. Bakea! Bakea! Bakea!

MOUTON: Bakea! Ikusten duzu nola deseatzen zauden? (Isilunea. JULESek zoruaren gainean salto egiten du). Tira, eseri eta lasai gaitezen. (JULES eseri egiten da). Denok ezagutzen ditugu zure alderdi onak. Atzo bertan esan nuen Kontseiluaren aurrean zu Informazio Objektiboaren Napoleon zarela. Baina suminduran beste horrenbeste izango ote zara?

JULES: Izango naiz.

MOUTON: Froga iezadazu.

JULES: Nola?

MOUTON: Perdrière erretiratzea lor ezazu. Kanpaina ikaragarria, erraldoia martxan jarri eta zure irakurlegoaren amets gaiztoak haiza itzazu. Frantziaren superbizitze materiala Armada alemanaren eta amerikarren gailentasunari lotua dagoela frogatu. Bizitzeko bildurra hiltzekoa baino barnerago sar iezaguzu.

JULES: Horre... Horrela egingo dut.

MOUTON: Eginkizunak bildurtzen bazaitu oraindik garaiz zabiltza atzera egiteko.

JULES: Ez nau izutzen (SEKRETARIAri). Sibilot igo dadila berehala.

SEKRETARIA: (Telefonoz) Sibilot bidal ezazue.

JULES: A! Gizagaixoak! Gizagaixoak!

MOUTON: Nortzuk?

JULES: Irakurleak! Arrantzuan lasai aritzen dira, gauero kartetan, eta amodioaren eztitasunak astean bi aldiz gozatzen dituzte ohean hiltzeko esperantzatan. Aterako dizkiet nik, bai, oherako gogoak!

MOUTON: Ez zaitez bigundu, adiskide maitea. Zeure burua kontutan izan ezazu, arrisku handitan zaude eta ni ere kontutan izan nazazu, etengabe zure alde egiten baitut. Gure herria izan gogoan den en gainetik! Bihar goizeko hamarretan Administrazio Kontseilua biltzekoa da: zure asmo berriak guri agertzea komeni litzateke. Ez, ez, geldi hor eserita. Ez nazazu lagundu. (Irteten da. JULESek salto egin eta ia korrika hara eta hona hasten da gelan barren).

JULES: Kaka zaharra! Kaka zaharra! Redios!

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

JULES: Hurbil zaitez!

SIBILOT: Eskerrik asko, jauna.

JULES: Ez eskerrik eman, ez oraindik.

SIBILOT: A! Aldez aurretik eman nahi dizkizut, zure erabakia zein den ere jakin gabe. Ez nuen uste horren azkar deituko ninduzunik.

JULES: Oker zeunden.

SIBILOT: Oker nengoen. Maitasun faltaz nengoen oker Gaizkia salatzearen poderioan bazter guztietan ikusten dut orain eta gizakien eskuzabalean ez nuen federik. Dena esateko, Gizona da, jauna, Gizona bera, susmagarri bihurtzen ari zaidana.

JULES: Lasaitu al zara?

SIBILOT: Erabat. Mementu honetatik bertatik gizona maite dut eta berarengan dut fede.

JULES: Zorionekoa zara. (Gelan hara eta hona jarraituz). Adiskidea, gure elkarrizketak begiak ireki dizkit. Ez al didazu esan zure atalean asmatzeko ahalmena beharrezkoa dela?

SIBILOT: Bai, horixe!

JULES: Eta sentsibilitatea, esku fina eta areago oraindik, poesia ere?

SIBILOT: Noski, baietz!

JULES: Laburtuz —ez gaitezen hitzen beldur izan— nolabaiteko jeinu bat?

SIBILOT: Ni ez nintzen horrenbestekorik esatera ausartzen.

JULES: Ez lotsatu!

SIBILOT: Ba, begira, nolabait esateko...

JULES: Ederki (Geldiunea). Horrek zera frogatzen du, ez zarela behar dudan gizona. (SIBILOT mozturik jaikitzen da). Zaude eserita! Hemen ni bakarrik ibiltzen naiz hara eta hona, nagusia naiz eta. Eta nahi badut bihar arte ibiliko naiz bueltaka.

SIBILOT: Zer esaten ari zinen?

JULES: Eser zaitez! (SIBILOT berriro esertzen da). Azpijokoan zabiltzan tranposo inutil bat besterik ez zara. Esku fina? Zuk, finezia? Larruzko abrigoekiko sobietar emakumeak dakartzaten argazkiak pasatzen uzten dituzu, erreginarenak bezalako oinetakoak soinean dituztela eta belarritik belarrirainoko irribarrez. Benetan Sibilot, entxufe bikaina, aurkitu duzu, mauka ederra, zahartzarorako erretiro erosoa. Soir à Paris-en bostgarren orria zahar etxetzat hartu duzu. Eta zure 70 billeteen gainkaldetik lanean lehertzen diren zure lankideak mespretxatzen dituzu. (SEKRETARIAri). Zera irabazten duelako...

SIBILOT: (Oihu ikaragarria) Ez iezaiozu esan, jauna.

JULES: (Bigundu gabe) 70 billete hilean, nere egunkarian Sobietar Batasunari koipea emateagatik!

SIBILOT: Hori ez da egia.

JULES: Noizbehinka infiltraturen bat ez ote zaren etortzen zait burura.

SIBILOT: Zin egiten dut...

JULES: Satorra, txibatoa, submarinoa!

SIBILOT: Nahikoa da, nagusi jauna. Erotuko naiz bestela.

JULES: Ez al didazu zerorrek aitortu moskutar dirua hartzen duzula?

SIBILOT: Baina nere alaba da...

JULES: Bai, bai, zure alaba! Eta zer? Norbaitek eman behar! (SIBILOTek altxa nahi du). Zaude eserita! Eta aukeratu: salduta zaude ala ez zara gai lan horretarako.

SIBILOT: Ez bata eta ez bestea, nere hitza duzu.

JULES: Froga iezadazu.

SIBILOT: Nola?

JULES: Bihar bertan hasiko dut Alderdi Komunistaren kontrako kanpaina bat, hemendik bi aste barru belaunikaturik ikusi nahi dut. Lehen mailako txikiziogile bat behar dut, zanpatzaile bat, egurra partitzeko makina. Zu izango al zara?

SIBILOT: Bai, jauna.

JULES: Oraintxe bertan eman beharko didazu ideia bat, sinestea nahi baduzu.

SIBILOT: Ideia bat... kanpaina horretarako...?

JULES: 30 segundo dituzu.

SIBILOT: 30 segundo ideia bat ateratzeko?

JULES: Orain 15 bakarrik dauzkazu. A! Ea asmamena duen gizona zaren.

SIBILOT: Ba... Stalinen bizitza irudiz emana...

JULES: Stalinen bizitza irudiz? Eta zergatik ez Mahomarena? Sibilot, 30 segundoak joan dira. Despediturik zaude.

SIBILOT: Nagusi jauna, arren eskatzen dizut, ezin nauzu... (Geldiunea). Ezkondua naiz, alaba bat dut.

JULES: Alaba bat. Zer duzu, gizona, berak mantentzen zaitu eta.

SIBILOT: Entzun ondo zer esatera noakizun. Kalera bidaltzen banauzu, etxera joan eta gasa irekiko dut.

JULES: Ez litzateke gauza handirik galduko! (Geldiunea). Bihar arteko epea emateko prest nago. Baina bihar hamarretan ideia harrigarri bat aurkituta ez bazatoz, hasi maleta prestatzen.

SIBILOT: Bihar goizean?

JULES: Gau osoa duzu zure aurrean. Alde hemendik!

SIBILOT: Zuk zeure iritzia izango duzu. Baina nik jadanik ez dudala Gizonarengan federik esan behar dizut.

JULES: Egitera zoazen lanerako, harengan federik ez izatea komenigaria izaten da. (SIBILOT badoa, zanpaturik).

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa