LAUGARREN KOADROA Dekoratua: Jules PALOTINen bulegoa I. AGERRALDIA JULES, TAVERNIER, PERIGORD, SEKRETARIA JULES: Zer ordu da? TAVERNIER: Hamarrak bi minutu gutxi. JULES: Ez al da SIBILOT etorri? TAVERNIER: Ez. JULES: Beti orduz aurretik iristen zen... PERIGORD: Oraindik ez du atzerapenik. JULES: Ez. Baina honezkero aurrerapenik ere ez. Ez dut laguntzarik. (Telefono hotsa). SEKRETARIA: (Telefonoz) Bai, esan. Bai, bai presidente jauna. (JULESi). Administrazio Kontseilua oraintxe bildu da. Presidenteak berririk ba al den galdetzen du. JULES: Berririk? Doala antzarak ferratzera! Irten egin dudala esan iezaiozu. SEKRETARIA: Ez, Presidente jauna: tailerrean izango da (JULESi). Ez dirudi oso pozik dagoenik. JULES: Sorpresa on bat prestatu diodala esan iezaiozu. SEKRETARIA: (Telefonoz) Bulegotik irtetzerakoan zuretzat sorpresa handi bat prestatua duela esan du. Ondo da. JULES: Zer erantzun du? SEKRETARIA: Kontseilua zure deiaren zain egongo dela. JULES: Apoa! Agure zuhurra! Ikusiko duk nolako sorpresa. (SEKRETARIAri). Dei ezazu Sibilot, datorrela berehala. SEKRETARIA: (Telefonoz) Sibilot, nagusiak deitzen zaitu. (JULESi) Ez da oraindik iritsi. JULES: Zer ordu da? SEKRETARIA: Hamarrak eta bost. JULES: (Besteei) Esan dizuet; aurreraturik ez iristen hasi eta atzeraturik iristen bukatu. (Geldiunea). Ederki! Ederki! Itxarongo dugu. (Eseri eta jarrera lasaia hartzen du). Itxarongo dugu lasai. (Beste jarrera lasai bat hartzen du). Patxada ederrean. (TAVERNIER eta PERIGORDi). Egon lasai. (SEKRETARIA makinaz idazten hasten da. JULESek garrasi egiten du). Lasai esan dut! (Bapatean salto eginez). Ez naiz itxaroteko jaioa. (Ibiliz). Norbait hiltzen ari dira! TAVERNIER: Non, jauna? JULES: Auskalo! El Cairon, Hamburgon, Valparaison, Parisen. Erreakzio hegazkin bat Bordele gainean lehertzen da. Nekazari batek bere lurretan martetar baten arrastoak aurkitzen ditu. Ni aktualitatea naiz. Aktualitateak ez du itxaroten. (Telefono hotsa) Sibilot al da? SEKRETARIA: (Telefonoz) Bai. SEKRETARIA: (Telefonoz) Bai, esan. Bai? Bai, ministro jauna... (JULESi). Barne Arazoetako Ministroa da. Berririk ba al den galdetzen du. JULES: Ez nagoela. SEKRETARIA: Ez, ministro jauna, zuzendari jauna ez dago. (JULESi). Haserre bizian dago. JULES: Esan iezaiozu sorpresa bat gordetzen diodala. SEKRETARIA: Zuzendariak sorpresa bat gordetzen dizula esan du arestian. Ederki, jauna. (Telefonoa zintzilikatzen du). Ordubete barru deituko duela. JULES: Ordu bete! Ordu bete sorpresa hori aurkitzeko... PERIGORD: Aurkituko duzu, Jules! JULES: Nik? Neu izango nintzateke harrituena. (Ibiltzeari uzten dio) Patxadaz har dezagun. Arrania polatu! Beste zerbait pentsatzen saia gaitezen (Isilunea). Eta? TAVERNIER: (Harriturik) Eta? Zer? JULES: Pentsa ezazue! PERIGORD: Bai, jauna. Zertan? JULES: Esan dizuet: beste zerbaitetan. PERIGORD: Pentsatzen ari gara. JULES: Entzuteko moduan pentsatu. PERIGORD: (Pentsatuz) Jabeak teilatua konponduko ote du? Nere abokatuak auzitara eramateko esaten dit. Auzia irabazia daukadala esaten dit, baina ni ez nago hain ziur.. TAVERNIER: (Pentsatuz) «Metro»ko txartel takoa non sartu ote dut? Poltsiko guztiak miatu ditut. Eta hala ere, oraintxe bertan balitz bezala ikusten dut nere burua, «Metro»ko leihatilaren aurrean gaur goizean: bueltak eskuinaz hartu eta ezkerraz... JULES: Lapurrak! TAVERNIER: (Asaldaturik errealitatera itzuliz) Zer dugu? JULES: Azkenean barruan zer darabilzuen ikusi dut; eta zer aurkituko? Eta... teilatuak eta Metro txartelak. Zuen pentsamenduak nereak dira: nik ordaintzen ditut eta zuek ostu egiten dizkidazue! (SEKRETARIAri). Sibilot etor dadila! Etxera dei iezaiozu. SEKRETARIA: Ondo da, Jules. (Zenbaki bat markatuz. Itxaron egiten du. JULESek ibiltzeari utzi eta berak ere itxaron egiten du). Ez da erantzunik. JULES: Ostiko bat eman eta kalera bidaliko dut! Ez, ez, ez dut ezer entzun nahi! Kale gorrian utziko dut! Nor jarriko ote dut haren lekuan? TAVERNIER: Thierry Maulnier? JULES: Ez. TAVERNIER: Gizon prestua da, komunismoari bildur ikaragarria diona. JULES: Bai, baina duen bildurra ez da kutsakorra eta haren artikuluak irakurtzeak zuzenean PCn sartzera bultza dituen bi lagun gutxienez ezagutzen ditut (Bapatean). Eta Nekrassov? Zer berri dago? PERIGORD: Erroman dela diote. JULES: Erroman? Izorratuak gaituk! Kristau demokraziak eskuratuko du. TAVERNIER: Bestalde, Tassek gezurtatu du; dirudienez badira hamabost egun Krimean dela. JULES: Zergatik ez? Ez dezagun horretaz gehiegi hitz egin oraingoz. Baieztapena itxaron eta batez ere ez. Erroman dagoenik esan: frantziar hotelen krisis garaian ezin hasiko gara italiar turismoari propaganda egiten. Ea, mutilak: gaiari muinetik hel diezaiogun. TAVERNIER eta PERIGORD: Horretan ari gara, Jules. JULES: Zer behar da kanpaina bat hasteko? PERIGORD: Kapitala. JULES: Badugu. Besterik? TAVERNIER: Biktima bat! JULES: Hori ere badugu. Zer gehiago? PERIGORD: Gai bat. JULES: Gai bat. hori duk arrazoia. Gai bat! TAVERNIER: Baztarrak astintzeko modukoa! PERIGORD: Zalapartaria! TAVERNIER: Sex-appeal eta izua! PERIGORD: Eskeletoa eta tamainako ipurdia! JULES: A, bai! Gai hori ikusten dut, bai horixe! TAVERNIER: Guk ere bai, jauna... JULES: Hemen dut! PERIGORD: Hemen dugu! Hemen dugu! JULES: Zuek ere bai? TAVERNIER: Alajainkoa! JULES: Ea ba, esan iezadazue zer den. PERIGORD: A! Ikuspegi orokorra, ez da? TAVERNIER: Nekez zertu daitekeen batasun bat da... PERIGORD: Zertzeko norbait aurkitu beharko litzateke... TAVERNIER: Estooo, zera zertzeko... JULES: Hori da! (Etsita, eseri egiten da. Bapatean). Neri barrez? TAVERNIER: (Gaitziturik) Ez, Jules. Burutik pasatzea ere!... JULES: Zuentzat okerrago barrez ari bazarete: neri ostikoa ematen badidate, zuei ere beste horrenbeste. (Telefono hotsa). SEKRETARIA: Bai? igo dadila berehala! (JULES!). Sibilot da. JULES: Ez nahi orduko! (Laurok geldi-geldi geratzen dira begirada atean finkaturik. Hau irekitzen denean, JULESek TAVERNIER eta PERIGORDi irteteko keinu egiten die. SEKRETARIA atzetik dutelarik irteten dute). II. AGERRALDIA JULES PALOTIN, SIBILOT, GEORGES JULES: Sibilot zintzo hori. Ba al dakizu zure zain egon naizela? SIBILOT: Barkatu egin beharko didazu, jauna! JULES: Bueno, bueno. Ahaztuta dago. Nor da gizon hau? SIBILOT: Jaun bat. JULES: Bistan dago. SIBILOT: Berehala hitz egingo dizut berari buruz. JULES: Egun on, jauna (GEORGESek ez du erantzuten). Gorra al da? SIBILOT: Frantsesez ez daki. JULES: (GEORGESi, siloia eskainiz) Eser zaitez (Esertzeko keinua egiten du. GEORGESek berean jarraitzen du). Keinuak ere ez al ditu ulertzen? SIBILOT: Izan ere, zuk frantsesez egiten dituzu eta! (GEORGES urrundu egiten da eta mahaitik titulu handitan «Nekrassov Desagertu» dakarren egunkaria hartzen du). JULES: Irakurtzen ari al da? SIBILOT: Ez, ez, ez. Argazkiei begira dago. JULES: (SIBILOTi eskuak bizkarrean jarriaz) Beraz, adiskide, zer dugu? SIBILOT: (Ulertu gabe) Beraz, zer? JULES: Zure ideia? SIBILOT: A, bai. Nere ideia... (Isilunea) Nagusi jauna, erabat ikaraturik nago. JULES: (Haserre bizian) Ez duzu ideiarik? SIBILOT: Zera... (GEORGES, zein JULESen atzean baitago, hizketan hasteko keinuka ari zaio) A, bai. Horixe, baietz. JULES: Ez dirudi gehiegi harrotzen zaituenik. SIBILOT: Ez (GEORGESen keinua). Zera gertatzen da... ni gizon apala naizela. JULES: Ona izango da, gutxienez? (GEORGESen keinua). SIBILOT: (Murmurio antzean) O! Onegia! JULES: Eta kexu zara oraindik? Sibilot, ez da zu bezalakorik. (Isilunea). Ikus dezagun, ba. (SIBILOT isilik). Baina ez al duzu ezer esan behar? (GEORGESen aholkuak, keinua, SIBILOT isilik). Badakit zeren atzetik zabiltzan: soldata altxatzea nahi duzu. Entzun, adiskide. Altxako dizut, agindu bezala. Zure ideia gustatzen bazait, altxako dizut. SIBILOT: Ez, ez, ez. JULES: Zer dugu orain? SIBILOT: Nik ez dut soldata igoerarik nahi!. JULES: Tira, ba. Ez dizut altxako. Pozik al zaude? (Amorraturik) Esan behar al didazu, bai ala ez? (SIBILOTek behatzez GEORGES seinalatzen du). Eta zer? SIBILOT: Hori da. JULES: Zein, hori? SIBILOT: Bera. JULES: (Ulertu ezinik) Bera al da ideia? SIBILOT: Bai bera da, ideia. JULES:- Zure ideia, bera dela? SIBILOT: Ez ez da nire ideia! Ez, ez, ez! Ez da nire ideia! JULES: Orduan berarena al da? (GEORGESek ezezko keinua egiten dio). SIBILOT: (GEORGESi obedituz) Ezta ere. JULES: (GEORGES seinalatuz) Bueno, nor da? SIBILOT: Zera... atzerritar bat. JULES: Zein nazionalitatetakoa? SIBILOT: A! (Begiak itxiz). Sobietarra. JULES: (Dezepzionaturik) Ulertzen dut. SIBILOT: (Akuilaturik) Burdinazko hesia zeharkatu duen sobietar funtzionario bat. JULES: Goi mailakoa? (GEORGESek baietz esateko keinu egiten dio). SIBILOT: Bai... (Berriro izuak hezurretaraino harturik) Hobeto esateko, ez. Erdi mailakoa. Erditik beherakoa. Garrantzi txikiko funtzionarioa. JULES: Laburtuz, hutsaren pareko ezdeus bat. SIBILOT: Hori da! (GEORGESen amorraziozko keinuak) JULES: Eta zure funtzionarioarekin zer nahi duzu egitea, adiskide? SIBILOT: Ezer ez, jauna, ezertxo ere ez. JULES: Nola ezer ez? Orduan zertarako ekarri didazu? SIBILOT: (Errekuperatuz) Nik beronen bitartez zerak lortu ahal izango genituela uste nuen... JULES: Zer zerak? SIBILOT: Informazioak. JULES: Informazioak! Zeri buruz? Sobietar idazmakinez? Bulego lanpara edo haizagailuez? Sibilot, estilo handiko kanpaina bat martxan jartzea enkargatu dizut eta zuk, berriz, Paix et Liberté-k berak ere argitaratu nahiko ez lituzkeen esamesak eskaintzen dizkidazu. Kravtxenkoren aferaren ondoren ba al dakizu zenbat sobietar funtzionario pasatzen ikusi ditudan? Ehun eta hogeita bi, egitazkoak edo gezurrezkoak, adiskide. Enbaxada txoferrak, haurtzainak, linternero bat, hamazazpi pelukero ikusi ditugu, eta Figaroko nere lagun zahar Robineti pasatzeko ohitura hartu dut, hark ez baitu informaziorik gutxiesten. Ondorioa: Kravtxenkoren aldean beherakada nabarmena. Azkenekoa, Demidov izeneko bat, administradore aparta, ekonomista ospetsua; ez dakit lau artikulu koxkor ere idatzi ote dituen eta Bidault berak ere ez du afaritara gonbidatzen (GEORGESengana abiatzen da). A! Jaun honek Burdinazko Hesia zeharkatu du. A! Askatasuna aukeratu du! Ederki, platerkada zopa emaiozu eta nere partetik Salbaziorako Armadakoengana bidal ezazu. SIBILOT: Hori duk eta! JULES: E! SIBILOT: Ez dakizu nolako poza ematen didazun! (GEORGESi, mendeku hartuz). Salbaziorako Armadakoengana! Salbaziorako Armadakoengana! JULES: Hori al da dena? Ez al duzu beste ideiarik? SIBILOT: (Eskuak igurtziz) Bat ere ez! Ezta bat ere! JULES: Babo arraioa! Despediturik zaude! SIBILOT: Bai, jauna. Eskerrik asko, jauna. Hurrenarte, nagusi jauna! (Kanpora abiatzen da. GEORGESek geldiarazi eta eskenategi erdira eramaten du). GEORGES: Zuen baimenarekin. JULES: Orduan, frantsesez badakizu? GEORGES: Nere ama frantsesa zen. JULES: (SIBILOTi) Eta gainera gezurtia atera zaigu! Alde begien bistatik! GEORGES: (SIBILOT!) Badaezpadaere izkutuan gorde dut. JULES: Gure hizkuntza horren ondo erabiltzeagatik nere zorionak, jauna, baina nahiz frantsesez, nahiz errusieraz niri denbora galarazten ari zara, eta nere bulegotik lehenbailehen alde egitea eskertuko nizuke. GEORGES: Asmo horretantxe nintzen. (SIBILOTi). France-Soir-era goazen, azkar! JULES: France-Soir-era, zergatik? GEORGES: (Irteerara abiatuz) Zure denbora horren baliotsua denez, ez zaitut gehiago enparaziko. JULES: (Beraren aurrean jarriaz) Lazarev nere lagun zaharra ongi aski ezagutzen dut, eta seguru dakit zure alde ez duela ezer egingo. GEORGES: Etsita nago; ez dut inorengandik ezer espero eta inork ezin nau lagundu. Baina haren egunkariaren eta zure herriaren alde asko egin dezaket. JULES: Zuk? GEORGES: Nik. JULES: Zer egin dezakezu? GEORGES: Denbora galduko duzu. SIBILOT: Bai, jauna, bai: denbora galduko duzu (GEORGES!). Goazen. JULES: Sibiloti. Zer arraio! (GEORGESi) Azken finean bost minutu baditut; entzun gabe gizon bat bota dudala ezin esango da horratik. GEORGES: Zuk eskatzen didazu, beraz, gelditzeko? JULES: Bai, nik eskatzen dizu!. GEORGES: Tira, ba. (Mahaipera sartzen da eta lau-hankan ibiltzen) JULES: Zer ari zara? GEORGES: Ezkutuko magnetofoirik ez al da? Mikrofonorik? Bueno (Jaiki egiten da). Ausarta al zara? JULES: Ustez bai, behintzat. GEORGES: Nik hitz egiten badut hiltzeko arrisku bizian jartzen zaitut. JULES: Herio arriskua! Ez hitz egin! Bai, hitz egin! Azkar gainera. GEORGES: Begira iezadazu. Geldiroago (Isilunea). Eta? JULES: Eta, zer? GEORGES: Nere argazkia zure egunkariaren aurrekaldeko orrian atera duzu. JULES: Badakizu, argazkiak... (Begiratuz). Ez dizut ba inoren antzik hartzen. GEORGES: (Partxe beltz bat eskubiko begian jarriz) Eta hola? JULES: Nekrassov! GEORGES: Oihuka hasten bazara galdua zara! Zure bulegoetan zazpi komunista armatu daude. JULES: Izenak esan iezazkidazu. GEORGES: Geroago. Arriskua ez dago hain hurbil. JULES: Nekrassov! (SIBILOTI) Eta zuk ezer esan ez! SIBILOT: Ez nekien, jauna, zinez diotsut. Benetan! JULES: Nekrassov! Nere lagun zahar, Sibilot, jeinu bat zara! SIBILOT: Jauna, ni ez naiz nor, ez naiz nor! JULES: Nekrassov! Bihotzez maite zaitut! (Musu ematen dio) SIBILOT: (Besaulki baten gainean eroriz) Guzia konplitu da! (Konortea galtzen du) GEORGES: (Mespretxuz begiratuz) Noizpait ere, bakarrik! (JULESi). Mintza gaitezen. JULES: Ez zintuzket mindu nahi, baina... GEORGES: Nahita ere ezingo zenuke. JULES: Zerk frogatzen dit Nekrassov zarela? GEORGES: (Barrez) Ezerk ez dizu frogatzen! JULES: Ezerk ere ez? GEORGES: Ezertxok ere ez! Mia nazazu ondo. JULES: Nik ez nuen... GEORGES: (Gogor) Miatzeko esan dizut. JULES: Bueno! Bueno! (Miatzen du) GEORGES: Zer aurkitu duzu? JULES: Ezer ez. GEORGES: Hori duzu bueltarik ez duen froga. Zer egingo luke iruzurti batek? Bere pasaportea, famili liburua, sobietar nortasun agiria erakutsiko lizkizuke. Baina, zu Palotin, Nekrassov bazina eta Burdinazko Hesia zeharkatu nahiko bazenu, paper guziak zerorrekin ez zenituzke eramango. Ez zara horren inuxentea. JULES: Ez horixe. GEORGES: Hori zen frogatu behar zena. JULES: Argitsua da (Kezkaturik) Baina horrela, edozeinek esan lezake... GEORGES: Ez deus baten aurpegia al daukat nik? JULES: Dagoeneko Italian zarela esan dute... GEORGES: Eta bihar Grezian naizela, edo Espainian edo Mendebaldeko Alemanian naizela esango dute. Baina badireneko horiek etor daitozela. Datozela denak eta egiak itsuturik utziko ditu. Benetan Nekrassov dena hogeita hamabost urtez bizitu da Infernu Gorrian: oso urrutitik datorrenaren begiak dauzka. Begira nere begiak. Egiazko Nekrassovek bere atzaparrez ehun eta hemezortzi lagun, hil ditu. Begira nere eskuak! Egiazko Nekrassovek izua eta ikara jarri ditu hamar urtez agintari! Nere izena lapurtu didaten gezurti horiek dei itzazu, eta gutako zein den bildurgarriena ikusi ahal izango duzu (Zakarki, JULES!). Bildurturik al zaude? JULES: Ni... (Atzera egin eta maletarekin ia oztopo egiten du) GEORGES: Gizarajoa! Ez maletarik ukitu! JULES: (Oihuka) A! (Maletari begira). Zer du barruan? GEORGES: Geroago jakingo duzu. Urrun zaitez. (JULES bazter batean jartzen da). Ikusten? Bildurrak zaude. Bai! A! Denak bidurrak akabatzen jarriko ditut eta ikusiko duzu Nekrassov naizen ala ez! JULES: Bildurrak nago, baina zalantzatan oraindik. Zuk ziria sartuko bazenit... GEORGES: Zer? JULES: Akabo egunkaria! (Telefono hotsa. Hartu egiten du). Bai, esan. Egun on, ministro maitea. Bai. Bai. Noski! Kanpaina hori baino arreta handiagoz ezin dut beste ezer hartu. Bai. Bai. Ezta pentsatu ere; ez ez nago gogogabeturik. Ordu batzuk bakarrik eskatzen dizkizut. Bai, zerbait berri. Ezin dizut telefonoz esan. Baina, mesedez, ez... zintzilikatu egin du (Berak ere zintzilikatu egiten du). GEORGES: (Ironiaz) Ni Nekrassov izateko behar gorria daukazu! JULES: Ai! GEORGES: Beraz, hala naiz. JULES: Nola? GEORGES: Dotrina ahaztu al zaizu? Jainkoa badela, gizonak hartaz duen beharretik ateratzen da. JULES: Dotrina ere ba al dakizu? GEORGES: Guk dena dakigu. Tira, Jules, ministroak zer esan duen entzun duzu; ni Nekrassov ez banaiz, zu ez zara gehiago Palotin, prentsaren Napoleon. Zu Palotin al zara? JULES: Bai. GEORGES: Orduan, ni Nekrassov naiz. SIBILOT: (Bere onera bihurtuz) Gezurra da hori, jauna, gezurra! JULES: (Oldarrean gainera salto eginez) Babo arraioa! Inutila! lnozoa! Nork agintzen dizu besteren galtzetan sartzen? Gizon hau Nekrassov da eta arestian frogatu dit. SIBILOT: Frogatu dizula? JULES: Bueltarik ez duen eran. SIBILOT: Baina nik zinez diotsut... JULES: Alde hemendik. Berehala! GEORGES: Zoaz, nere lagun Sibilot. Itxaron iezadazu kanpoan (Bultzaka aterarazten dute). SIBILOT: (Desagertuz) Nik ez dut ezeren erantzukizunik! Arazo honetan eskuak garbitzen ditut! (Atea beraren atzetik ixten da). III. AGERRALDIA GEORGES, JULES GEORGES: Has gaitezen lanean! JULES: Zuk dena dakizu, ez da hala? GEORGES: Zertaz? JULES: Sobiet Batasunaz. GEORGES: Pentsatzen ahal duzu! JULES: Eta... bildurgarria al da? GEORGES: (Doinu misteriosoz) A! JULES: Esango al zenidake...? GEORGES: Ez. Administrazio Kontseilua dei ezazu: nere baldintzak jarri behar ditut. JULES: (Telefonoa hartuz) Allò! Presidente maitea, sorpresa hernen da. Zure zain dago. Bai, bai, bai. Baietz, ba. Nik beti betetzen ditut agindutakoak, ikus dezakezunez (Zintzilikatuz). Agure nazkagarri hori haserre bizian dago! GEORGES: Zer du ba? JULES: Ostikoa eman eta ni kalera bidaltzea uste zuen. GEORGES: Zer izen du? JULES: Mouton. GEORGES: Gogoan hartuko dut (Isilunea). JULES: Hala eta guztiz ere, haiek etorri baino lehen zera gustatuko litzaidake... GEORGES: Nik dakidanaren agerpen bat. Bueno. Ondo da; Mundu Gerraterik bada, Frantzia hartzeko D plan famatua zehatz-mehatz azal diezazuket. JULES: Ba al da, ba, Frantzia hartzeko D planik? GEORGES: Joan den urtean zerorrek azaldu zenuen zure egunkarian. JULES: Bai? A! Bai... Baina... zuk konfirmatzea nahi nuke. GEORGES: Ez al zenuen orduan D planak fusilagaien zerrenda zekarrela idatzi? Horra ba, arrazoi zenuen. JULES: Frantsesak fusilatuko al dituzte? GEORGES: Ehun mila! JULES: Ehun mila! GEORGES: Hori idatzi zenuen, bai ala ez? JULES: Badakizu, horrelako gauzak horrela idazten dira, gehiegi pentsatu gabe. Eta zerrenda ba al daukazu? GEORGES: Aurreneko hogei mila izenak buruz dakizkit. JULES: Batzuk esan iezazkidazu. Nor fusilatuko dute? Herriot? GEORGES: Noski. JULES: Eta hori, zuekin beti ondo konpondu delarik hobeto esanda, haiekin!. Dibertsio ederra aurkitu dut! Nor gehiago? Ministro guztiak, baldin bait ere. GEORGES: Eta ministro ohi guztiak. JULES: Beraz, lau diputatutatik bat. GEORGES: Barkatu! Lau diputatutatik bat ministro ohi gisa joango da hormara. Beste hirurak beste arrazoi batzuengatik garbituak izan daitezke. JULES: Ikusten da: Biltzar guztia, komunistak kenduta, paretara orduan? GEORGES: Zergatik komunistak kenduta? JULES: A! Orduan, komunistak ere bai...? GEORGES: Ixo! JULES: Baina... GEORGES: Zu ez zaude egia soportatzeko behar adina zailduta! Nere agerpenak pixkanaka egingo ditut. JULES: Perdrière ezagutzen al duzu? GEORGES: Perdrière? JULES: Zerrendan egotea gustatuko litzaiguke. GEORGES: Alajainkoa! Zergatik? JULES: Hargatik! Berriketak utz ditzan. Ez badago, zer egingo zaio ba! GEORGES: Bi Perdrière ezagutzen ditut. Batek Rene du izena... JULES: Ez, hori ez da. GEORGES: Hobe, hori ez baitago zerrendan. JULES: Gurea Henri da. Radikal-sozialista bat. GEORGES: Henri? Hori da! Ezagutzen dut. Diputatua al da? JULES: Ez. Izandakoa. Baina orain ez da. Seine-et-Marneko partzialetara aurkezten da. GEORGES: Bera da. Ez diotela barkatuko seguru pentsatu. Gehiago oraindik, lehendabiziko labekadan dagoela uste dut. JULES: Gustatzen zait hori. Eta Kazetaritzatik? Nortzuk? GEORGES: Jende asko. JULES: Baina, adibidez, nor? GEORGES: Zeu! JULES: Ni? (Telefonora tximista bezala). Perigord, sei kolumnatako titularea: «Nekrassov Parisen: gure zuzendaria zerrenda beltzean». Poliki dago, e? Jolas polita? (Zintzilikatu egiten du. Bapatean) Ni? Hormara! Hori... pairaezina da! GEORGES: Bah! JULES: Baina ni egunkari gobernutar batean nago, zer arraio! Eta Sobietarrek Paris hartzen dutenean gobernua ezarri beharko dute! GEORGES: Dudarik gabe. JULES: Orduan? GEORGES: Soir à Paris gordeko dute, baina bertako langileak garbitu egingo dituzte. JULES: Fusilatua. Barregarriena zera da, ez zaidala hain gaizki iruditzen. Horrek nolabaiteko kategoria ematen du, halako maila bat. Bat hazi egiten da (Ispiluaren aurrean jarri eta bere burua seinalatuz). Fusilatua! Fusilatua! Horrako gizon hori (Bere burua ispiluan seinalatuz) fusilatu egingo dute. E! Beste begi batzuekin ikusten dut nere burua. Ba al dakizue zer gogorarazten didan? Ohorezko Legioa hartu nuen eguna (GEORGESengana bihurtuz). Eta Administrazio Kontseilua? GEORGES: Aski duzu bakoitzaren izen-deiturak esatea eta zer atarramendu izango duten esango dizut. JULES: Horra non dituzun! (Administrazio Kontseiluaren partaideak sartzen dira). IV. AGERRALDIA MOUTON: Palotin maitea... JULES: Jaunak, hona hemen nere sorpresa! DENAK: Nekrassov. JULES: Bai, Nekrassov! Nor den bueltarik gabe frogatu, frantsesez dakien, eta munduari agerpen harrigarriak egiteko prest dagoen Nekrassov jauna. Beste zenbait gauzaren artean Sobietar Armadak Frantzia hartzen duenean fusilatzeko asmotan den hogei mila lagunen izenak buruz dakizki. KONTSEILUKOEK: (Zurrumurruak) Izenak! Izenak, azkar! Gureak ere azaltzen al dira? GEORGES: Jaun hauetako bakoitza bere izenez ezagutu nahi nuke. JULES: Noski (Hurbilen dagoena izendatuz). Lerminier jauna. LERMINIER: Urte askotarako! GEORGES: Hau, hormarako! JULES: Charivet jauna. CHARIVET: Urte askotarako! GEORGES: Hau, hormarako! JULES: Nerciat jauna. NERCIAT: Urte askotarako! GEORGES: Hau, hormarako. NERCIAT: Hori, nere ohoretarako da, jauna. JULES: Bergerat jauna. BERGERAT: Urte askotarako! GEORGES: Hormarako! BERGERAT: Horrek, jauna, frantses prestua naizela frogatzen du. JULES: Eta hona hemen, gure lehendakaria, Mouton jauna. GEORGES: Mouton? JULES: Mouton. GEORGES: A! MOUTON: (Aurreratuz) Urte askotarako! GEORGES: Urte askotarako! MOUTON: Nola esan duzu? GEORGES: Urte askotarako, esan dut. MOUTON: (Barrez) Lapsus bat izango da. GEORGES: Ez. MOUTON: Zuk zera esan nahi zenuen: hormarako. GEORGES: Nik esan dudana esan nahi nuen. MOUTON: Tira, Mouton. Mou-ton. Frantsesez. Haria bezala! JULES: M Mariarena, O Oktabiorena... GEORGES:Alferrik da, Mouton jauna ez dago zerrendan. MOUTON: Ahaztu egingo zitzaizun. GEORGES: Neri ez zait ezer ahazten. MOUTON: Esango al didazu orduan zergatik ni garbitzeko bezain gizon ez diren? GEORGES: Ez dakit. MOUTON: A, ez. Errazegia litzateke. Nik ez zait ezagutzen, irainez betetzen nauzu eta esplikaziorik eman nahi ez. Berehala eman beharko... GEORGES: Prentsarako zerrenda beltza inolako komentariorik gabe helarazi zigun ministroak... NERCIAT: Mouton maitea... MOUTON: Broma bat da, jaunak, broma bat besterik ez. GEORGES: Sobietar ministro bat ez da sekula txantxetan ibiltzen. MOUTON: Hau benetan nardagarria da! Ea, adiskide maiteok, esaiozue Nekrassov jaunari nere zerbitzu orriak Sobietar Gobernuarentzat biktimarik aproposena bihurtzen nauela: 14ko gudari izana, Gerra Gurutzea, lau Administrazio Kontseilutako Presidente, eta... (gelditu egiten da). Zuek ikusi, zerbait esaiozue!... (Isilune tirantea) Palotin, zerrenda hori argitaratzeko asmotan al zara? JULES: Zuek erabakitzen duzuena egingo dut. BERGERAT: Noski argitaratuko dugula. MOUTON: Ondo da. Ba mesedez, nere izena sar ezazue. Irakurleek ni ahaztea ez luteke ulertuko. Protestak izango lirateke! (GEORGESek sonbreroa hartzen du eta alde egiteko prestatzen da). JULES: Nora zoaz? GEORGES: France-Soir-era. NERCIAT: France-Soir-era? Baina... GEORGES: Nik ez dut sekula gezurrik esaten. Hori da nere alderdirik sendoena. Nere deklarazioak aldatu gabe ateratzen ez badituzue, banoa besterengana. MOUTON: Zoaz zakurraren ipurdira! Ez dugu zure beharrik! NERCIAT: Zu erotu zara, adiskidea! CHARIVET: Seko jota zaude! BERGERAT: (GEORGESi) Mesedez, barka iezaguzu jauna! LERMINIER: Gure Presidentea oso gizon urduria da. CHARIVET: Eta beraren bihotz herstura ulertzekoa. NERCIAT: Baina guk Egia nahi dugu. BERGERAT: Egia Osoa. LERMINIER: Egia hutsa. JULES: Eta nahi duzun guztia argitaratuko dugu. MOUTON: Gizon hau inpostore bat dela diotsuet. (Ez onartzea agertzen duten zurrumurruak). GEORGES: Jauna, nik zure lekuan ez nuke horrelakorik esango. Azken finean, zu baztertu zaituzte zerrenda beltzetik, eta ez ni. MOUTON: (Kontseilukideei) Zuen Presidentea laidoz betetzen utzi behar al duzue? (Isilunea). Gizonaren bihotza hutsik dago eta zaborrez beterik: zuek orain dela hogei urte ezagutzen nauzue, baina zer axola du horrek? Ezezagun batek esandako hitz bat nahikoa da nirekin ez fidatzeko. Nirekin, zuen adiskide naizen honekin! CHARIVET: Mouton maitea... MOUTON: Utikan! Zuen anima diru goseak usteldurik dago! Azalpen harrigarriz eta funtsik gabekoz kontakatiluak txunditurik utzi nahi dituzue, salmentak direnetik halako bitara pasatzeagatik, hogei urtetako adiskidetasuna urrezko zekorraren truke saltzeko prest zaudete! Ondo dago, jaunok! Egin itzazue azalpen horiek, egin itzazue, bai! Hor uzten zaituztet eta banoa gizon hau, gezurti, iruzurti eta estafagile bat dela froga dezakeenaren bila. Mundu osoa zuen erokeriaz barrez leher dadin baino lehen aurki dezadala eska iezaiozue Jainkoari. Hurren arte! Hurrena elkar ikusten dugunean errautsez betetako poltsa bat buruan duzuela eta bularrean kolpeka neri harkazio eske ariko zarete! (Irten egiten du). V. AGERRALDIA Lehengoak berak, MOUTON izan ezik. JULES PALOTINen SEKRETARIA NERCIAT: To! CHARIVET: Hara! LERMINIER: Hara ba! BERGERAT: Hara! GEORGES: Makinatxo bat gauza ikusteko zaudete. NERCIAT: Horixe nahi dugu, ba: ikusi. BERGERAT: Mintza! Mintza zaitez, agudo! GEORGES: Zaudete, pixka batean. Badut egiteko azalpenik, eta jartzeko baldintzarik ere bai. LERMINIER: Entzuteko gaude. GEORGES: Nahasketarik izan ez dadin, argi utzi nahi dut zuek mespretxatu egiten zaituztedala. NERCIAT: Noski, gizona! Esan beharrik ere ez dago! BERGERAT: Eta horrela ez izatea ez genuke ulertuko. GEORGES: Neretzat zuek kapitalismoaren sostengurik nardagarriena zarete! CHARIVET: Hori duk eta! GEORGES: Kremlineko buruek iraultzaren oinarriak oinperatu dituztela ikusi dudalako alde egin dut nere herritik, baina ez itzazue zuen buruak engaina: komunista izaten jarraitzen dut, he-zu-rre-ta-rai-no. LERMINIER: Hori zeure ohoragarri duzu! NERCIAT: Eta zure zintzotasuna eskertzen dizugu. GEORGES: Sobietar errejimena suntsitzeko bideak zuen eskutan jarriz burges gizartea mende batez luzatzen dudala ondotxo dakit. DENAK: Hori duk eta! Ederki! Ederki! GEORGES: Samindurik jasan beharko dut hau, nere helburua mugimendu iraultzailea garbitzea baita. Hil bedi, beharrezkoa bada: ehun urte barru, bere errautsetatik jaioko da; orduan, berriro aurreranzko martxa hartuko dugu eta orduan irabaziko dugula esan behar dizuet. NERCIAT: Hemendik ehun urtetara, hori da! CHARIVET: Hemendik ehun urtetara, denok burusoil! NERCIAT: Nik behintzat, beti esan izan dut sozialismorantz goazela. Kontua, poliki joatea da. BERGERAT: Ordura arte URSS likidatzea beste eginkizunik ez dago guretzat. CHARIVET: URSS likidatzea, hori duk eta! LERMINIER: URSS likidatzea! URSS likidatzea! Frantziako Alderdi Komunista zanpatzea! (Sekretariak txanpain kopak ekartzen ditu bandeja batean). NERCIAT: (Toparako kopa altxaz) Gure etsai maiteari! Topa! GEORGES: Zuei! (Topa egin eta edan egiten dute). Hona hemen nere baldintzak. Neretzat ez dut ezer nahi. LERMINIER: Ezer ez? GEORGES: Ezer ez: «GEORGES V»ean apartamentu bat, bi zaintzaile, tajuzko trajeak eta gastu arruntetarako diru pixka bat. NERCIAT: Ondo da. GEORGES: Nere azalpenak eta oroitzapenak kazetari trebatu bati diktatuko dizkiot. JULES: Cartier izatea nahi duzu? GEORGES: Sibilot izatea nahi dut. JULES: Ederki. GEORGES: Eta soldata igo egin behar zaiola uste dut. Zenbat irabazten du? JULES: O! Hirurogeita hamar billete hileko. GEORGES: Esplotatzailea! Halako hiru emango diozu. JULES: Agindurik dago. GEORGES: Lanera, ba! JULES: Eta zazpi komunistak? GEORGES: Zein komunista? JULES: Nere bulegoetan armaturik daudenak. GEORGES: A... A... bai. NERCIAT: Soir à Paris-en komunistak al daude? JULES: (GEORGESi) Zazpi. Ez al da hala? GEORGES: Bai. Bai. Zifra hori eman dut. NERCIAT: Sinetsezina da! Nola infiltratu ote dira...? GEORGES: (Barrez) Ja. Ja. Ja! Zein ingenuoak zareten! LERMINIER: Armaturik! Zein armaz? GEORGES: Arma sail arrunta: granadak, plastikoa, pistolak. Eta solairupean ametrailadoraren bat izatea ere baliteke! NERCIAT: Baina hori arrisku handia da. GEORGES: Bai, zera! Oraingoz ez, behintzat. Has gaitezen gure asuntoarekin. BERGERAT: Baina horixe da, hain zuzen ere, gure asuntoa. NERCIAT: Eta uzten badidazu zera esango dizut, zure lehendabiziko eginkizuna Administrazio Kontseiluaren hilketa eragoztea dela. GEORGES: Ez dute horrelako asmorik. NERCIAT: Zertarako dituzte orduan arma horiek? GEORGES: Ixo! NERCIAT: (Harriturik) Ixo? GEORGES: Gauza bakoitza bere garaian jakinaraziko zaizue. JULES: Nolanahi ere den, langileetan garbiketa bat egin beharra dago. Nekrassov jaunak zazpi izen horiek emango dizkigu. LERMINIER: (Barrez) Emango dizkigula? Bai, horixe. Bai pozik eman ere! BERGERAT: Aluak! Aluak! Zerri alenak! Urdeak! LERMINIER: Gaur goizean bertan kalera botako dituzu. JULES: Eta tiroka hasten bazaizkit? BERGERAT: Polizia deitu eta inspektore brigada bat eska ezazu! NERCIAT: Keinurik ttipiena egin orduko, barrura! CHARIVET: Bistakoa da, ez direla ezertan ausartuko. LERMINIER: Hala eta guztiz ere, beraien helbideak Barne Ministerioari jakinaraztea ondo legoke: deskuidatu behar ez den haria da hori. NERCIAT: Jakina: Palotin, arratsaldeko eta goizeko beste egunkariei dei egin iezaiezu eta zerrenda eman: zirtzil horiek ogibide honetatik kanpora botako ditugu. LERMINIER: Desager daitezela. CHARIVET: Goseak hil daitezela, lapur horiek? BERGERAT: Zoritxarrez beren alderdiak jaten emango die. CHARIVET: Beren alderdiak? «Erreta» daudela jakin orduko abandonatuko ditu. NERCIAT: Mendeku hartuz bonbaren batzuk botako dituzten beldur ez al zarete? CHARIVET: CRSkoek etxe osoa zain dezatela eskatuko dugu. LERMINIER: Armada, beharrezkoa bada. CHARIVET: Sei hilabetez. LERMINIER: Urtebetez! Urtebetez. BERGERAT: A! Jaun horiek zalaparta nahi dute; ondo dago. Izango dutela pentsatzen ahal dute! NERCIAT: (GEORGESengana itzuliz) Entzuteko gaude, adiskide maitea. GEORGES: Zera... denak... gogoan ez ote ditudan beldur naiz... JULES: (SEKRETARIAri) Fifi! Langile zerrenda ekar ezazu! (Fifik langileen zerrenda ekartzen du. JULESek hartu eta GEORGESi) Honek gogoa ernatuko dizu. Puntu batez markatu besterik ez duzu. (Zerrenda mahai gainean jarri eta GEORGESi esertzeko keinu egiten dio. GEORGES mahaiaren aurrean esertzen da. Isilune luzea). BERGERAT: Eta? GEORGES: (Gogoz kontra) Ni ez naiz txibatoa. LERMINIER: Nola esan duzu? (Harriturik) GEORGES: (Segadan harrapaturik) Zera esan nahi dut... BERGERAT: (Susmoz beterik) Ez dituzu izenak eman nahi? GEORGES: Nik? Izenak milaka izango dituzue. Baina ume batzuk zarete: etsai taldetxo bat desenmaskaratzeagatik gainontzeko guztiak erne jarriko dituzue. Zuek uste baino larriagoa da arazoa. Jakin ezazue Mundua trukaturik dagoela, tronpaturik bizi izan zaretela eta halabeharrak zuen bidean jarri ez banindu, inorantzian hilko zinetela. BERGERAT: Zeren inorantziatan? GEORGES: A! Nola ulerraraziko nizueke? Ez zaudete egia jakiteko prestaturik eta nik ezin agertu dizuet dena kolpetik (Zakarki). Errepara iezaiozue maleta horri (Maleta hartu eta JULESen mahaiaren gainean jartzen du). Zer berezitasun du? JULES: Bat ere ez. GEORGES: Barkatu! Duen berezitasuna zera da, gainontzeko maleten antzekoa izatea. NERCIAT: Frantzian egina dela esan daiteke. GEORGES: Ez da, ba, Frantzian egina. Baina Herriko Etxeko Bazarrean antzeko bat eskura dezakezue. Hiru mila eta bostehun liberatan. LERMINIER: (Harriturik) O! BERGERAT: Hori izugarria da! GEORGES: Gauza beltz, neutro eta hotz hau, bereizgarririk ere ez duen hau, benetan izugarria al da? Susmagarri bihurtzen da, hain du itxura arrunta; bere ezdeuskeriak ikerketetatik, klasifikazio fitxetatik libre uzten du, ikuste hutsak ikara sortzen du baina azkar ahazten dira duen kolorea, eta forma ere. (Isilunea). Badakizue zer sartzen den hor? Zazpi kilo polbora erradiaktibo. Zuen hiri bakoitzean honen antzeko maleta bat duen komunista bat dago bizitzen. Sakristaua edo Finantza inspektorea, dantza eta gizalege irakaslea, nahiz bere katu edo txoriekin bizi den neskazaharra izan daiteke. Maleta ganbaran gelditzen da, beste zenbait maletaren azpian, kutxa, labexka zahar eta zumezko manikien artean. Nori bururatuko zaio haren bila hara joatea? Baina egun jakina iristen denean, mezu zifratu bera banatuko da Frantziako hiri guztietan eta maleta horiek guztiak batera irekiko dituzte. Asma ezazue zer gertatuko den: eguneko ehun mila hil. DENAK: A! GEORGES: Zeuek ikustea hobe izango duzue. (Maleta irekitzera doa). BERGERAT: (Oihuka) Ez ezazula ireki! GEORGES: Lasai, hutsik dago! (Ireki egiten du) Hurbil zaitezte, begira ezazue etiketa, lokarriei errepara iezaiezue, hauspoak uki itzazue (Kontseilukideak banan-banan hurbildu eta bildurrez ukitu bat ematen diote). BERGERAT: (Ukituz) Egia da! Egia! LERMINIER: (Gauza bera eginez) Hau lanteria! CHARIVET: Zerriak halakoak! NERCIAT: Zerri alenak! Zerriak! Aluak! BERGERAT: A! Gorroto diet, bai! LERMINIER: Hala ere, ez gaituzte hain aise arratoiak bezala lehertuko! Zer egingo ote dugu? GEORGES: Detektagailuak egin: oraindik hilabete batzuk badauzkagu (Geldiunea). Ulertzen al didazue? Borroka oso gogorra izango dela eta garrantzirik gabeko behe mailako batzuengatik dena arriskuan jar dezakezuela etsita al zaudete? CHARIVET: Hala eta guztiz ere, haien izenak eman iezazkiguzu. LERMINIER: Ez zaiela ezer egingo agintzen dizugu. BERGERAT: Baina jokoan norekin gabiltzan jakin nahi genuke. NERCIAT: Eta arriskua aurrez aurre begiratu. GEORGES: Bueno. Ondo dago. Baina nere aginduak hitzez hitz beteko dituzue. Oraintxe bururatu zait zeren bitartez geldirik edukiaraziko ditugun. BERGERAT: Zeren bitartez? GEORGES: Soldata altxaz (Zurrumurruak). Bazter guztietan horien zerbitzuez oso pozik zaudetela eta berorien jornala dezente igotzeko asmoa duzuela barrea ezazue. BERGERAT: Erosteko modukoak direla uste al duzu? GEORGES: Ez, baina beren buruzagien aurrean lotsagarri utziko dituzue. Fabore ulertezin horrek saldu egin direla pentsaraziko die. LERMINIER: Seguru al zaude? GEORGES: Erabat. Argi baino argiago dago. Bapatean horiengatik gehiago kezkatu beharrik ez duzue izango. Moskuk berak bere kabuz garbituko ditu. (Mahaira hurbildu, eseri eta zerrendako zazpi izen seinalatzen ditu puntu batez). NERCIAT: Nik ez dut nahi alu horiei soldata altxatzerik! LERMINIER: Beroien galbiderako onena dela esaten dizutenez gero... CHARIVET: Itotzeko besarkatzen ditugu. NERCIAT: Bueno! Nahi duzuena egin ezazue! (GEORGES jaiki eta zerrenda luzatzen die). JULES: (Irakurriz) Samivel? Ez da posible! BERGERAT: Castagnie anderea? Nork pentsa zezakeen? GEORGES: (Keinu batez iharduna etenez) Hori huskeria bat da. Estalkiak banan-banan kenduko ditut eta mundua nolakoa den ikusiko duzue. zuen andrearekin, semearekin, edo aitarekin ere ez fidatzen hasten zaretenean; ispiluan begira jarri eta jakin gabe komunistak ote zareten zeuen buruei galdezka hasten zaretenean, egia zein den antzematen hasiko zarete (JULESen mahaian eseri eta esertzeko esaten die). Eseri jaunak, eseri eta has gaitezen lanean: ez dugu denborarik sobera Frantzia salbatu nahi badugu. OIHALA |