|     75 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


HIRUGARREN KOADROA

 

Dekoratua: Egongela. Gaua da.

 

 

I. AGERRALDIA

 

GEORGES ETA VERONIQUE

 

(GEORGES leihotik sartzen da, eta ia-ia apaingarritarako pitxer bat botatzen du, nola edo hala azkenean helduz. Txistu hotsak. Hormaren kontra estutzen da. Polizia batek kontraleihoetatik burua agertzen du, eskuargiaz barnealdea argitzen du. GEORGESek arnasari eutsiz itxaroten du. Polizia desagertu egiten da. GEORGESek arnasa hartzen du. Handik berehala doministiku egiteko beharrari eusten ari dela ikusten da. Sudurrari zimiko egiten dio, ahoa irekitzen du eta azkenean sekulako zalapartaz doministiku egiten du).

 

VERONIQUE: (Urruneko ahotsa) Zer gertatzen da?

 

(GEORGES:ek berriro doministiku egiten du. Leihora doa presaka eta barandaren gainetik hanka pasatzen du. Oso bertan txistu hotsak entzuten dira. GEORGES korrika eta presaka gelara itzultzen da. Mementu horretan bertan VERONIQUE sartzen da eta argia pizten du. GEORGESek atzera egiten du eta hormaren ondoan jartzen da).

 

GEORGES: (Eskuak gora altxata) Izorratua naiz!

VERONIQUE: Nor da izorratua? (GEORGESi begira). Hara! Lapurra.

GEORGES: Lapurra? Non?

VERONIQUE: Zu ez al zara ba, lapurra?

GEORGES: Ezta hurrik eman ere: ni zu bisitatzera nator

VERONIQUE: Garai hauetan?

GEORGES: Bai.

VERONIQUE: Eta zergatik jarri dituzu eskuak gora altxata?

GEORGES: Noski, gaua da eta. Gauezko bisitariak ustekabean harrapatzen dutenean eskuak alxatzen ditu; hori da usadioa.

VERONIQUE: Ba, ondo dago, usadioa bete duzu; jaits itzazu.

GEORGES: Hori ez litzateke bat ere zuhurra izango.

VERONIQUE: Orduan altxa zeruraino, etxean bazeunde bezala. (VERONIQUE eseri egiten da. Eseri eta ukalondoak siloiaren besoen gainean jar itzazu; erosoago egongo zara. (GEORGE eseri egiten da eskuak gora altxata dituela. VERONIQUE arretaz begira gelditzen zaio). Arrazoi duzu: ez zintudan instant batez ere lapurtzat hartu behar

GEORGES: Eskerrik asko.

VERONIQUE: Ez horregatik.

GEORGES: Bai, bai. Itxura nere kontra dago, baina poztutzen nau zuk sinesteak.

VERONIQUE: Zure eskuei begiratu besterik ez dago. Itxura zozoa dute: hamar behatz horiekin zuk ez duzu sekula ezertxo ere egin.

GEORGES: (Hortz tartetik) Nik mingaina erabiltzen dut lanerako.

VERONIQUE: (Jarraituz) Alderantziz, lapurraren eskuak bizkorrak dira, urduriak, izpiritualak...

GEORGES: Zuk zer dakizu?

VERONIQUE: Auzitegian aritua naiz.

GEORGES: Benetan? Ba, ez zaitut zorionduko.

VERONIQUE: Bi urtez aritu naiz. Orain kanpo politika sailean nago.

GEORGES: Kazetaria?

VERONIQUE: Hori da. Eta zu?

GEORGES: Ni? Nolabait esateko karrera artistikoek tiratzen naute.

VERONIQUE: Zertan aritzen zara?

GEORGES: Bizitzan? Hitz egin egiten dut.

VERONIQUE: Eta egongela honetan?

GEORGES: Egongela honetan ere bai.

VERONIQUE: Orduan, hitz egin ezazu.

GEORGES: Zertaz?

VERONIQUE: Zuk jakingo duzu. Esan behar duzuna esan.

GEORGES: Zuri? Ez, Ez! Dei ezazu zure senarra.

VERONIQUE: Dibortziatua naiz.

GEORGES: (Mahai gaineko pipa bat seinalatuz) Zuk erretzen al duzu pipa?

VERONIQUE: Ez, nere aitak.

GEORGES: Berarekin bizi al zara?

VERONIQUE: Beraren etxean bizi naiz.

GEORGES: Dei ezazu.

VERONIQUE: Egunkarian ariko da lanean.

GEORGES: A! Biok zarete kazetariak orduan?

VERONIQUE: Bai, baina egunkari desberdinetan.

GEORGES: Beraz, biok bakarrik gara etxean.

VERONIQUE: Molestatu egiten al zaitu horrek?

GEORGES: Egoera faltsoa da: zuretzat konprometigarria, eta neretzat ere ez oso atsegina.

VERONIQUE: Ez zait konprometigarria iruditzen.

GEORGES: Orduan eta ezatseginagoa neretzat.

VERONIQUE: Ederki, gabon. Nere aita datorrenean itzul zaitez.

GEORGES: Gabon! Gabon! (Gogorik gabe jaikitzen da. Kanpoan txistu hotsak entzuten dira. Berriro eseri egiten da). Ez bazaitut nekarazten hemen itxarongo dut.

VERONIQUE: Ez nauzu nekarazten, baina irtetera nindoan. Ez zait axola zu etxean bakarrik uztea, baina gutxienez zertara etorri zaren jakitea gustatuko litzaidake.

GEORGES: Eskubide osoa duzu... (Isilunea) Hona hemen... (Isilunea).

VERONIQUE: Eta? (GEORGESek doministiku egiten du eta oinaz lurra jotzen ostikoz).

GEORGES: Katarroa! Hauxe da ekintza frustratu baten arrasto bakar eta barregarria: hoztu egin nahi nuen eta azkenean ederki hoztu.

VERONIQUE: (Painelu bat luzatuz) Zintz egin ezazu!

GEORGES: (Eskuak altxata jarraitzen duelarik) Ezin dut!

VERONIQUE: Zer ba?

GEORGES: Ezin baititut eskuak behera jaitsi.

VERONIQUE: Altxa zaitez. (GEORGES altxatzen da eta VERONIQUE besoetatik zintzilik jartzen zaio beheratzerik lortu gabe). Perlesiak jota al zaude?

GEORGES: Mesfidantzaren ondorioa da.

VERONIQUE: Ez al zara nerekin fidatzen?

GEORGES: Emakumeekin ez naiz fio.

VERONIQUE: (Lehor) Ondo dago (Painelua hartzen du eta mukiak ziztutzen laguntzen) Zintz! Fuerteago! Horrela. (Painelua tolestatzen du eta poltsikoan sartzen dio GEORGESi).

GEORGES: (Amorrazioz) Nazkagarria benetan! Zein nazkagarria den hau!

VERONIQUE: Jar zaitez lasai, patxadan.

GEORGES: Hori esaten errazagoa da.

VERONIQUE: Burua atzera bota, begiak itxi eta milaraino kontatu.

GEORGES: Eta zuk zer egingo duzu begiak ixten ditudanean? Poliziari dei egitera ihes egin edo kajoiren batean pistola bila hasi...

VERONIQUE: Zer nahi duzu, neu ere eskuak altxata jartzea? (Eskuak altxatzen ditu. GEORGESek bereak poliki poliki beheratzen ditu). Bazen garaia! Hobeto al zaude?

GEORGES: Bai. Lasaiago behintzat.

VERONIQUE: Orduan, erantzuteko gauza izango al zara?

GEORGES: Noski. Zeri?

VERONIQUE: Bada ordu bete pasatxo hemen zer zabiltzan galdezka ari natzaizula.

GEORGES: Zer nabilen hemen? Munduko gauzarik sinpleena. Baina, tira, besoak behera itzazu, eraman ezina da. Ezingo naiz mintzatu besoak altxata dituzun bitartean. (VERONIQUEk besoak jaisten ditu). Ederki.

VERONIQUE: Entzuteko nago.

GEORGES: Zure aita hemen ez egotea zein mingarri zaidan! Emakumeak gustatzen zaizkit, pitxiz eta ferekuz betetzea oso gogoko dut; dena emango nieke gustora... esplikazioak ezik.

VERONIQUE: Benetan harrigarria da hori. Zer ba?

GEORGES: Ulertzen ez dituztelako, andrea. Begira, konparazio batera, noski, nik hau esango banizu: «Estafagile bat naiz, polizia atzetik segika dut, leihoa irekita ikusi dut eta barrura sartu naiz». Gauza argi eta xinplea benetan. Ea, ba. Zer ulertu duzu zuk?

VERONIQUE: Zer ulertu dudan? Ez dakit bat, nik...

GEORGES: Ikusten? Jakin ere ez dakizu!

VERONIQUE: Zu estafagilea zarela ulertu dut.

GEORGES: Hori besterik ez?

VERONIQUE: Ez al da hori funtsezkoena? (Isilune ttipia). Tamala benetan.

GEORGES: Lapurrak nahiago al dituzu?

VERONIQUE: Bai, haiek eskuak erabiltzen dituzte lanean.

GEORGES: Obrerista al zara? (Isilunea) Nolanahi ere esperientzia erabakikorra da. Dena aldrebes ulertu duzu.

VERONIQUE: Ez al zara estafagilea?

GEORGES: Ez! Hori ez da funtsezkoa. Funtsezkoena poliziak atzetik segika ditudala da, eta eskua eransteko gogoz. Gizonezkoak ederki ulertuko zuen. (Bapatean oihuka). Txakurrek eskuak erantsi nahi dizkidate. Ulertzen?

VERONIQUE: Bueno, bueno, ez builarik egin! (Isilunea).

GEORGES: Eta? Zer egin behar duzu?

VERONIQUE: Gortinak itxi. (Leiho aldera joan eta itxi egiten ditu).

GEORGES: Eta nerekin?

VERONIQUE: Zurekin? Zer egin dezaket? Zer zara ba, gitarra, jotzeko? Edo mandolina, sokak haztatzeko? Edo iltzea, buruan jotzeko?

GEORGES: Orduan?

VERONIQUE: Orduan, ezer ez. Zurekin zer eginik ez dut.

GEORGES: «Ezer ere ez» bat ere zehaztasunik gabeko erantzuna da. «Ezer ere ez», horrek edozer adieraz dezake. Edozer gerta daiteke, negarrez has zintezke edo sonbrero orratz horren bidez begiak atera diezazkidakezu. A! Zergatik ez ote dut zure aitarekin topo egin? Ba al dakizu zer erantzungo zidan?

VERONIQUE: Poliziaren eskutan jarriko zaitut.

GEORGES: (Asaldaturik) Poliziaren eskutan jarriko nauzula?

VERONIQUE: Ez, nere aitak erantzun izango zizuna esaten dizut.

GEORGES: Ederra erantzuna! Hori da gizona, hori!

VERONIQUE: Baliteke, baina bera hemen izan balitz, eskuak altxata edukiko zenituzke honezkero.

GEORGES: Ez, horixe.

VERONIQUE: Ezetz?

GEORGES: Horixe ezetz. Nik badakit gizonak komentzitzen. Izpiritu logikoak dira; logikari esker beraien pentsamentuak telegida ditzaket. Baina zu, andrea, zu! Non da zure logika? Non da zure zentzua? Oker ez banago, ez duzu ni poliziaren eskutan jartzeko asmorik.

VERONIQUE: Oso ongi ulertu duzu.

GEORGES: Horrexegatik entregatuko nauzu. Ez protestan hasi; zu emakume guztiak bezalakoa zara: odolberoa eta zirt edo zartekoa; irribarre egingo didazu, zurikerian hasi, eta gero nere belarriek edota nere sudurreko ileren batek bildurtuko zaitu eta garrasika hasiko zara.

VERONIQUE: Hemen aurkitu zaitudanean garrasika hasi al naiz?

GEORGES: Izan ere! Oihu baten atzerapena daramazu. Eta nik emakumeak ezagutzen dizut. Egin behar dituzten oihu guztiak, egin egiten dituzte, bat ere barkatu gabe. Zuk bat gorderik daukazu, baina aski izango da poliziak atean jotzea; orduantxe gustora botako duzu. Hau zorigaitza, zu gizona ez izatea: nere zoriona izan zintezkeen. Baina emakume izanik, nahi eta nahi ez nere patua izango zara.

VERONIQUE: Ni zure patua?

GEORGES: Zer ba? Ixten den atea, estutzen den korapiloa, erortzen den gilotina: beti emakumea izan ohi da.

VERONIQUE: (Haserre bizian) Okerreko bizitzara etorri zara: Patuaren bila bazabiltza Joan zaitez bigarreneko andrearengana, horrek bi etxeko jaun hondatu ditu. Nik ate guztiak zabalik uzten ditut eta... (Gelditu eta barrez hasten da). Ia-ia harrapatu ninduzun...

GEORGES: Zeer?

VERONIQUE: Bi jokabide erabiltzen dira: arrazonamendua gizonekin eta desafioa emakumeekin. Emakume guztiak berdinak garela uste delako itxura egiten da, gutako bakoitzak inor ez bezalakoa izan nahi duela uste baita. «Zu emakumea zara, beraz, poliziaren eskuetan jarriko nauzu». Zuk zure jokoan sartuko nintzela uste zenuen, inoren antzik ez dudala zuri frogatzea ohore kontua eginez. Alfer lana, adiskide: ez dut bakarra izateko bat ere gogorik, emakume guztien antzekoa naiz eta horrelako izateaz oso pozik nago. (Txirrin hotsa)

GEORGES: Zera al da...?

VERONIQUE: Oker ez banago... (GEORGESek besoak jasotzen ditu).

GEORGES: Entregatu egingo al nauzu?

VERONIQUE: Zuk zer uste duzu? (Besoak altxata dagoela ikusten du). Esku horrek behera, nerbioak saltatuta jartzen dizkidazu. (GEORGESek eskuak poltsikoetan sartzen ditu).

GEORGES: Zer asmotan zara?

VERONIQUE: Emakume guztiek horrelakoetan egingo luketena egiteko asmotan (Isilunea) Zer egingo lukete?

GEORGES: Ez dakit ba...

VERONIQUE: Ez al zaizu iruditzen oihuka hasiko liratekeela?

GEORGES: Esan dizut ez dakidala.

VERONIQUE: Arestian seguruago zeunden. (Atean deika berriz) Hitz erdi bat atera eta ikusiko duzu nola berotzen zaidan odola eta zirt edo zart hasten naizen.

GEORGES: Nere etorkizuna emakume baten eskutan! Ez naiz hain lur jota inoiz aurkitu!

VERONIQUE: Keinu bat aski izango da gizon horren eskutan jar zaitzadan. (Atea jotzen dute: «Ireki, polizia»).

GEORGES: (Erabakia hartuz) Ezer ez dizudala zor argi utzi nahi dut aurretik.

VERONIQUE: Argi dago.

GEORGES: Ez duzula ezta nere esker onik ere izango...

VERONIQUE: Ez nago burutik horren gaizki.

GEORGES: Eta nik onaren truke txarkeria bihurtuko dizudala.

VERONIQUE: Ulertzen dut.

GEORGES: Orduan, gorde nazazu. (Bapatean, ikaraturik). Azkar! Zeri begira zaude?

VERONIQUE: (Bere gelako atea erakutsiz) Sar zaitez hor. (GEORGES desagertzen da eta VERONIQUE irekitzera doa. GOBLET INSPEKTOREAk burua sartzen du ate erdi irekitik barrura).

 

 

II. AGERRALDIA

 

VERONIQUE eta GOBLET INSPEKTOREA

 

INSPEKTOREA: Andrea, zuk ez zenuen, noski, metroa eta hirurogeita hemezortziko gizon beltzaran bat ikusiko...

VERONIQUE: Ez horixe!

INSPEKTOREA: Seguru nengoen. (Makurtu eta desagertu egiten da. VERONIQUEk atea ixten du).

 

 

III. AGERRALDIA

 

VERONIQUE eta GEORGES

 

VERONIQUE: Atzera etor zintezke. (GEORGES manta gorri batean bilduta sartzen da. VERONIQUE algaraka hasten da).

GEORGES: (Gizonki) Ez dut barrez hasteko motiborik ikusten. Berotzen saiatzen naiz. (Eseri egiten da). Gezurra esan duzu!

VERONIQUE: Hara berriz!

GEORGES: Gezurrak esatea ondo irudituko zaizu?

VERONIQUE: Zuregatik esan dut gezurra.

GEORGES: Horrek ez du ezer konpontzen.

VERONIQUE: Hau gehiegi da. Eta zuk ez al duzu gezurrik esaten?

GEORGES: Nere kasua desberdina da: ni ez naiz zintzoa. Baina jende prestuak zuk bezala egingo balu...

VERONIQUE: Zer?

GEORGES: Ordena soziala poliki ibiliko litzateke!

VERONIQUE: Ba!

GEORGES: Nola, «Ba!»? «Zer esan nahi duzu «Bah» horrekin?

VERONIQUE: Ordena hori...

GEORGES: Hoberik ezagutzen al duzu?

VERONIQUE: Bai.

GEORGES: Zein? Non?

VERONIQUE: Luze joko luke hori esplikatzeak. Begiko ez ditudalako esan diet gezurra eta kitto.

GEORGES: Zer zara ba, urdangen gremiokoa? Edo kleptomanoa?

VERONIQUE: Esan dizut kazetaria eta ondratua naizela.

GEORGES: Orduan begiko izan behar dituzu. Gizonari berez gustatzen zaio polizia.

VERONIQUE: Zergatik maite behar ditut?

GEORGES: Babesten zaituztelako.

VERONIQUE: Ez dut uste gehiegi babesten nautenik. Joan den astean bertan pasada ederra eman zidaten. (Besoak azituz). Begira ubeldu hauek.

GEORGES: O!

VERONIQUE: Hori da egin zidatena.

GEORGES: (Harriturik) Hankasartzeren bat?

VERONIQUE: Ez.

GEORGES: Orduan errua zurea zen?

VERONIQUE: Manifestazio batean genbiltzan.

GEORGES: Nor? Zu?

VERONIQUE: Ni eta beste batzuk.

GEORGES: Eta zer agertzen zenuten?

VERONIQUE: Gure deskontentamendua.

GEORGES: Ezin dut sinestu. Begira zeure buruari eta gero neri, eta esan biotatik nork duen deskontentu egoteko eskubide! Ba, begira, ni ez nago. Urrutitik ere: ez naiz inoiz kexatu, ez naiz nere denboran manifestatu. Kartzela eta heriotzaren atarian nagoen honek mundua onartzen dut; zuk hogei urte dituzu, librea zara eta arbuiatu egiten duzu. (Susmati) Laburtuz, gorria zara.

VERONIQUE: Larrosa.

GEORGES: Askoz hobeto. Eta zure aitak? Zer dio honi buruz?

VERONIQUE: Etsita dago, gizarajoa.

GEORGES: Beste aldekoa al da?

VERONIQUE: Soir à Paris-en idazten du.

GEORGES: Zoragarria benetan, nere egunkaria da. Zure aita gizon prestua izango da, nahitaez. Alderdi ahul bat bakarra dauka: Zu. (Dardarka hasten da, doministiku egin eta mantaz hobeto estaltzen da). Arrats zoragarria! Bizia halabeharrezko egintzetarako joera duen arlote bati zor diot eta askatasuna gizadiaren kultoa praktikatzen duen iraultzaile bati: Bihotz onari eskainitako astea izango dugu hau! (Isilunea) Pozik egongo zara: desordena zabaldu duzu, zure klaseari traizio egin, zure babesle naturalei ziria sartu, ar bat umilarazi.

VERONIQUE: Umilarazi!

GEORGES: Ez, zera! Objektu huts bihurtu nauzu. Zure Filantropiaren objektu errukarria.

VERONIQUE: Txakurren eskuetan ere ez al zinateke objektu izango?

GEORGES: Bai, baina gutxienez gorrotatu egingo zintuzket eta nere barnean sarturik babesa aurkituko nuke. Ai! Ederra egin didazu!

VERONIQUE: Nik?

GEORGES: Benetan, ederra egin didazu! Zure sudur puntatik aurrera ez duzu ezer ikusten. Baina nik pentsatu egiten dut. Etorkizuna kontsideratzen dut. Iluna da, etorkizuna oso iluna da. Kakoa ez datza jendea salbatzean, bizibidea ematean baizik. Galdetu al diozu zeure buruari zer gertatuko zaidan neri?

VERONIQUE: Estafagintzan jarraituko duzu, seguru aski.

GEORGES: Ez, ba!

VERONIQUE: Nola? Zintzotzekotan al zara?

GEORGES: Ez dut hori esan. Zintzo ez izateko biderik ez zaidala gelditzen diot. Estafagintzak nolabaiteko kapitala, inbertsio apur bat eskatzen du: bi traje, smoking bat, ahal izanez gero frak bat, dozena bat alkandora, sei galtzontzilo pare, dozenerdi bat galtzerdi pare, hiru zapata pare, gorbata sail bat, urrezko orratza, larruzko kartera, kontxazko betaurrekoak. Nik zarpa zahar hauek besterik ez daukat eta xentimorik ere ez. Zer egitea nahi duzu horrela? Fiura honekin Frantziako Bankuaren zuzendariarengana azalduko al naiz? Beheregi bota naute. Bururik altxatzeko beheregi. Dena zure errua da: itzaletik libratu eta doilorkerian suntsiarazi nauzu. Kartzelan nere itxura gorde nezakeen; arlote bihurturik ez naiz lehengoa. Arlotea, ni? Ez dizut bat ere eskertzen, andrea.

VERONIQUE: Eta nik lana bilatuko banizu?

GEORGES: Lana: hilean hogeitamar mila libera, lana eta nagusi bat? Gorde itzazu: nik ez dut nere burua saltzen.

VERONIQUE: Zenbat diru beharko zenuke jantziteria osatzeko?

GEORGES: Ez dakit ba...

VERONIQUE: Hemen badut diru pixka bat...

GEORGES: Ezta pentsatu ere. Dirua gauza sakratua da; nik ez dut inoiz bestek emana hartzen, neronek hartu egiten dut.

VERONIQUE: Har ezazu.

GEORGES: Ezin dut hartu, ematen didazunez gero. (Gogorki) Negozio bat proposatzen dizut. Negozio garbia, noski, baina besterik ezean hortik pasa behar. Interview bat esklusiban eskaintzen dizut.

VERONIQUE: Zuk? Neri?

GEORGES: Zu kazetaria zara. Galderak egin.

VERONIQUE: Baina zertaz?

GEORGES: Nere abildadeei buruz.

VERONIQUE: Ni, ordea, kanpo politika sailean aritzen naizela esan dizut! Gainera nere egunkariak ez du bat ere interesik estafagileekin.

GEORGES: Alajaina! Egunkari progresista! Ondo aspergarria izango da, bai! (Isilunea) Ni Georges de Valera naiz.

VERONIQUE: (Hala eta guztiz ere harriturik) Valera...

GEORGES: Valera Ospetsua, bai.

VERONIQUE: (Zalantzan) Kasu horretan...

GEORGES: Zure egunkari kaxkar hori pobrea izango da.

VERONIQUE: Pobre samarra, bai.

GEORGES: Traje pare bat, dozenerdi bat alkandora, hiru gorbata eta zapata pare bat besterik ez dut eskatzen. Dirua ez ezik, jantziak berak ere ametitzen ditut. (Jaiki egiten da) 1919an haur «urdin» bat jaio zen Moskun, guardia beltz baten eta errusiar ama zuri batengandik...

VERONIQUE: Ez.

GEORGES: Ez al zaizu interesatzen?

VERONIQUE: Ez dut denborarik: irtetera nindoala esan dizut.

GEORGES: Eta geroago?

VERONIQUE: Ez, benetan, ez. Estafagileak, jenialak edo jenial ondokoak...

GEORGES: Zoaz pikutara! (Sarrerako atearen hotsa entzuten da) Zer zen hori?

VERONIQUE: Arraioa! Nere aita da.

GEORGES: Zer egin...

VERONIQUE: Ikusten bazaitu, galdua zara. Sar zaitez hor pixka batean. Manejatuko dut nik. (Atea irekitzen den une berean gordetzen da GEORGES)

 

 

IV. AGERRALDIA

 

VERONIQUE, SIBILOT

 

SIBILOT: Oraindik hemen al zara?

VERONIQUE: Alde egitera nindoan. Ez nuen uste horren azkar etorriko zinenik.

SIBILOT: (Garratz) Nik ere ez.

VERONIQUE: Aizu, aita, zera esan behar nizun...

SIBILOT: Txerri alenak!

VERONIQUE: Nortzuk?

SIBILOT: Mundu guztia. Gizon izateaz lotsa naiz. Ekarri edateko zerbait.

VERONIQUE: (Zerbitzatuz) Pentsa...

SIBILOT: Eskertxarrekoak, gezurteroak, koldarrak eta gaiztoak, horixe besterik ez gara. Gizakumearen justifikazio bakarra, animalien babestea da.

VERONIQUE: Arestian ari nintzen...

SIBILOT: Zakurra izan nahi nuke! Animalia horiek maitasun eta fidelitate kontuetan guretzat eredu dira. Baina, ezta hori ere; zakurrak gizonaren biktimak dira, gu maitatzerainoko inozokeria egiten dute. Katua izan nahi nuke. Ez, katu ere ez: ugaztun guztiak antzekoak dira; nahiago nuke marrazoa banintz, itsasontzien norabidea jarraitu eta arrantzaleak irensteko!

VERONIQUE: Zer egin dizute oraingoan, nere aitatxo gaixoa?

SIBILOT: Ostikoz kalera bota naute, alabatxo.

VERONIQUE: Hamabostero jartzen zaituzte kalean.

SIBILOT: Oraingoan benetan bota naute. Veronique, ia hamar urtetik honantz komunisten etsai amorratua naizela ongi aski dakizu. Komunistajale amorratua izan naiz, zu zara lekuko. Makina bat aldiz jakiz aldatu nahi izan dut, apaizak jan, edo framazonak, edo milionarioak edo emakumeak! Dena alferrik; menu hori betirako jarria daukat. Inoiz ez naiz nere lanean marmarrean aritu. Malenkoven dijestioa egiterako Jruschovekin hasi beharra neukan. Kexatu al naiz bat ere? Egunero saltsa berria sortzen nuen; nork egin zuen Dixmudearen kontrako sabotaia? Nork prestatu zuen konplot antinazionala? Eta uso mandatarien kontua? Nik, beti nik. Badaramatzat hamar urte Europa babesten Berlindik hasi eta Saigoneraino; vietnamdarrak irentsi ditut, txinatarrak, sobietar armada bere hegazkin tanke eta guzti irentsia dut. Eta, horratx! Pentsa gizakumeon esker gaiztoa norainokoa den: nere estamuaren lehendabiziko pattalaldia etorri orduko, nagusiak kalera bota nau.

VERONIQUE: Benetan kalera bidali zaitu?

SIBILOT: Zakurra banintz bezala. Gaurtik biharrera bitartean ideia bat aurkitu ezean behintzat.

VERONIQUE: (Inolako begikotasunik gabe) Aurkituko duzu, ez larritu.

SIBILOT: Ez, oraingoan ez. Zer nahi duzu, ez naiz titan bat, hileko hirurogeita hamar mila liberatan burua hustu duen gizon arrunta naiz. Hamar urtetan zehar tente ibili naiz, egia da; pegaso bat nintzen, hegoak eta guzti. Hegoak erre egin dira; asto zahar bat, mataderiarako ez bestetarako gauza ez den asto zahar bat besterik ez da gelditzen. (Egongelan atzera eta aurrera dabil). Hamar urteren buruan egindako zerbitzu leialen ondoren, hitz samur bat, esker onaren adierazgarriren bat espero zitekeen gutxienez. Ezer ez, kargu hartzea eta mehatxuak. Hori da dena. Azkenean zure komunista horiek gorrotatu beharko ditut. (Lotsati) Alabatxo!

VERONIQUE: Zer nahi duzu, aita?

SIBILOT: Ez ote duzu zuk —zerbait esatearren diot hau—, ez ote duzu ideiarik? Haien kontrako zerbait jakingo duzu...

VERONIQUE: Baina, aita!

SIBILOT: Entzun, alaba: inoiz ez diet zure harremanei eragozpenik jarri, nahiz eta ni konprometitu eta beharbada nere zorigaitzaren jatorria hor egon. Beti libre utzi zaitut, zure ama gaixoaren gaitzaz geroz eskatu dizudan gauza bakarra zera izan da, zure lagunek boterea hartzen dutenean zulotik libratzea. Nere tolerantziaren ordainetan ez al duzu ezer egin behar? Zure aita gizarajoa kakatzetan itotzen utzi behar al duzu? Pixka bat saiatzea besterik ez dizut eskatzen, pixka bat ahalegintzea besterik ez. Zuk bertatik ikusten dituzu komunistak: honezkero ederki nazkatu ere egingo zinen...

VERONIQUE: Ez, aita...

SIBILOT: Tira, tira...

VERONIQUE: Nere lagunak direla, ba!

SIBILOT: Hobe. Zein akats ezagutuko dituzu lagunarenak baino hobeto? Nik egunkarian denak lagunak ditut. Bueno, ba, hitz egiteko gogorik banu, benetan diotsut... Begira, trukea proposatzen dizut: zuk Duclosi buruz dakizuna esan eta nik Jules-Tirantesi buruz dakidan guztia esango dizut; zure egunkarirako gai izugarria izango duzu. Bale?

VERONIQUE: Ez, aita.

SIBILOT: Ni Job naiz. Nere alabak berak ere simaur pilan abandonaturik uzten nau. Zoaz hemendik!

VERONIQUE: Banoa, banoa. Baina zera esan nahi nizun...

SIBILOT: Veronique! Badakizu hilzorian dagoela? Gizona: Lana, Familia, Aberria, dena pikutara doa. Hara, hori bai dela gai polita: Gizonaren Hondamendia. Zer iruditzen zaizu?

VERONIQUE: Hori hilero irakur dezakezu Preuves-en.

SIBILOT: Arrazoi duzu. Doala antzarak ferratzera!

VERONIQUE: Nor?

SIBILOT: Gizona! Hilean hirurogeita hamar mila libera irabazteko ito beharrean aritu, eta horratx! Azken finean, komunistek ez didate ezer egin. Soldata horrekin haien alde egotea ere bidezkoa litzateke.

VERONIQUE: Nik ez zaitut hori esatera behartzen.

SIBILOT: Ez, alaba, ez: ez hasi tentatzen. Ni antigoalekoa naiz; askatasuna gehiegi maite dut, giza duintasunari begirune handiegia diot. (Bapatean zutituz). Ederki zegok giza duintasunari zor zaion errespetoa, ederki dagoen bai! Zakurra bezala kalera bola naute! Ofizioan ongi trebatua naizena! Guraso bat botatzen dute kalera, hilabeteko soldata hutsarekin, erretirorik gabe!... Hara, hori izan daiteke gaia: Sobiet Batasunean langile zaharrek ez dute erretirorik. (Ileei ispiluan erreparatuz) Haien ile zurituei buruz zerbait esan beharko litzateke.

VERONIQUE: Badute erretiroa, ordea.

SIBILOT: Ixo: utz iezadazu pentsatzen. (Geldiunea) Ez, ez. Irakurleak hau erantzun ahal izango liguke: «Beharbada errusiar langileak ez du erretirorik izango, baina hori ez da Alemania berrarmatzeko arrazoia» (Isilunea) Veronique, Alemania berrarmatu behar da. Baina zergatik? Zein da arrazoia?

VERONIQUE: Ez dago arrazoirik.

SIBILOT: Bai, alaba, bada bat! Eta hauxe da: ni nere denboran gibelak ahotik bota beharrean erruso bat bezala aritu eta leporaino eginda nagoela: orain gibelak botatzeko txanda besteri egokitzea nahi dut. Eta botako dituzte, berrarmatuz gero, benetan esaten dizut. Armatu, armatu berriro Alemania eta Japonia, su eman munduari lau aldeetatik. Hirurogeita hamar mila libera Gizona defendatzeagatik, konturatzen al zara? Prezio horretan gizon guztiak leher daitezela!

VERONIQUE: Zerorri ere lehertuko zara.

SIBILOT: Hobe! Nere bizitza segiziorik gabeko hileta luze bat besterik ez da izan. Baina nere heriotza, ai! Igoaleko sona izango du nere heriotzak. A zer eromena! Bost axola zait kohete atomikoan tximista bezala ateratzea, Jules alu hori nere buru gainetik txinpartak botaz baldin badoa! Hirurogeita hamar mila libera hilean, hirurogeita hamar ipurtzuloko egunean! Leher gaitezen denok batean eta gora gudua! (Kontrako eztarritik zerbait joan balitzaio bezala eztulka hasten da)

VERONIQUE: Edan ezazu (Edaten ematen dio)

SIBILOT: Uf.

VERONIQUE: Arlote bat dago nere gelan.

SIBILOT: Komunista al da?

VERONIQUE: Ezta pentsatu ere.

SIBILOT: Orduan bost axola zait.

VERONIQUE: Polizia segika ari zaio.

SIBILOT: Orduan, Komisaldegira deitu eta eramateko esan.

VERONIQUE: Baina, aita, nik gorde egin nahi dut.

SIBILOT Zer egin du sujeto horrek? Lapurreta egin badu, zigortu beharra dago.

VERONIQUE: Ez ez du lapurretarik egin. Ez izan gaiztoa: utz ezazu bakean. Zure ideia lasai bila ezazu. Goizean isilik joango da eta ez dugu gehiago ikusiko.

SIBILOT Ondo dago! Geldi-geldi egoten bada, begiak itxiko ditut, bera hor egoteari buruz. Baina Polizia bila etortzen bada, ez pentsa nik gezurrik esango diedanik.

VERONIQUE: (Bere elako atea erdi irekiz) Banoa. Gau osoan hor geldi zintezke, baina ez zaitez nere gelatik atera. Agur! (Atea ixten du). Bihar arte, aita. Eta ez kezkarik izan ideia hori dela eta; beti ideia baten zerbitzutan ari zarete, beraz, nahi eta nahi ez zeure buruarekin topo egingo duzu.

 

 

V. AGERRALDIA

 

SIBILOT, GEORGES

 

SIBILOT: Zoaz pikutara. (Alabak irten egiten du). Ideia berbera! Noski ideia bera dela. Eta zer? Zer konpontzen dit horrek aldiero jazki desberdinez jantzi beharra badaukat? (Burua eskuartean hartuz) Stalinen bizitza iruditan... Ez dute nahi, babo arraio horiek, ez dakit zergatik. (GEORGESek Doministiku egiten du, SIBILOTek, entzun egiten du eta gero bere pentsakizunetan murgiltzen da). Azpijana..., konplota..., traizioa..., ikara... (Hitz bakoitza une batez hausnartzen du eta burua mugitzen). Gosea... Gosea? E! (Isilunea) Ez; erabiliegia, 1918z geroz erabiltzen da. (Zenbait egunkari hartu eta pasada bat ematen die). Zer egin dute errusiarrek? (Periodikoei gainbegirada bat emanez). Ezer ez? Nori sinetsaraziko zaio egunero bidegabekeria bat edo azpikeriaren bat ez dela egiten berrehun milioi biztanle dituen lurraldean? Horra hor Burdinazko Hesia! (Berriro pentsatuz). Azpijana... Konplota (GEORGESek doministiku egiten du. Amorruz beterik) Gutxienez lana lasai egin ahal izango banu... Traizioa... Konplota... Har dezagun beste aldetik. Mendebaldeko kultura... Europaren Eginkizuna... Izpirituaren Eskubideak... (GEORGESek doministiku) Aski da! Aski da! (Berriro hausnarrean) Stalinen bizitza iruditan (Kanpoan txistu hotsak. Erabat amorraturik). O! (Berriro burua esku artean hartuz). Stalinen bizitza irudirik gabe... (GEORGESek doministiku berriz ere). Morroi hau, jo eta garbitu egingo dut oraindik.

GEORGES: (Saihetsetik) Redios! Madarikatua!

SIBILOT: Gainetik ken diezadatela. Jaungoiko Santua. (Telefonorantz abiatzen da, zenbaki bat markatuz). Aizu? Komisaldegia? Hemen René Sibilot, kazetaria; Goulden kalea, 13, behea, ezkerretara. Norbait sartu zait etxean. Dirudienez polizia segika ari zaio. Hori da. Norbait bidal iezadazu. (Hitz hauek esaterakoan bertan atea ireki eta GEORGES azaltzen da).

 

 

VI. AGERRALDIA

 

SIBILOT, GEORGES

 

GEORGES: Noizbait ere! Behar den bezalako erreakzio bat! Aizu, zu gizon normal bat zara. Bosteko hori ekar ezazu. (Eskua luzaturik aurrera egiten du).

SIBILOT: (Atzera saltoeginez) Hel! Hel neri laguntzera!

GEORGES: (SIBILOTengana oldarrean) Xxxx! Ixo! (Ahoa eskuaz itxiz). Hiltzaile aurpegia al daukat ala? Hori hankasartzea, hori! Nere mirespena agertzen dizut eta zuk lepoa moztera noakizula uste duzu. Bai, benetan miresten zaitut; zure dei hori goi mailakoa izan da; liberalismo nahasi batek desbideraturik, bere eskubideen kontzientzia galtzen ari den jende guzti horrek eredutzat hartu behar luke zure jokabidea. Ez bildurrik izan, ez dut alde egingo; zure sona handiagotzen lagundu egin nahi zaitut: egunkariek bihar zure etxean harrapatu nautela aldarrikatuko dute. Zuk sinesten didazu, ez da hala? Sinesten al didazu? (Ahoa bozatua duelarik SIBILOTek baiezko keinua egiten du). Ondo dago! (SIBILOT askatu eta pauso bat atzera egiten du). Utz iezadazu gizon prestua bere haunditasun osoan geldiro begiratzen! (Isilunea). Eta arestian nere atzetik segika nituenengandik ihes egiteko nere burua hiltzen saiatu naizela esango banizu zer?...

SIBILOT: Ez zaitez hasi ni bigundu nahian!

GEORGES: Ederki! Eta nere zarpa zaharretatik hauts poltsatxo bat atera eta irentsiko banu, zure oinetan hilda eroriko banintz, zer?

SIBILOT: Zer?

GEORGES: Zer esango zenuke zuk?

SIBILOT: «Gixaxoak justiziari lana aurreratu dio» esango nuke.

GEORGES: Tatxarik gabeko kontzientziaren segurantzia eta lasaitasuna! Hor ikusten da zuk, jauna, ez duzula Ongiaz inoiz zalantzarik izan...

SIBILOT: Alajaina!...

GEORGES: ...eta gaizkilea gizartearen ondorio dela esaten duten dotrina subertsiboei ez diezula kasurik egiten.

SIBILOT: Gaizkilea gaizkilea da eta kitto.

GEORGES: Hori duk arrazoia! Gaizkilea gaizkilea da eta kitto!: ezin hobeto esan! A! Nere haurtzaro zorigabearen oroipenez ere ez zintuzkedala bigunduko apustu egingo nuke.

SIBILOT: Alfer lana litzateke; ni haur martiria izan nintzen.

GEORGES: Eta zuri bost axola, ez da hala? Ni lehendabiziko Mundu Gerratearen, Errusiar Iraultzaren eta gizarte kapitalistaren biktima izatea, zuri bost axola.

SIBILOT: Guzti horren biktima den makina bat jende badago..., ni esate baterako..., eta hala ere lapurretan hasten ez direnak.

GEORGES: Ate guztientzat maratilak bilatzen dituzu. Zure iritziak ez dira kolokan jartzen samurrak! Ai, Jainkoa, brontzezko kopeta hori, esmaltzeko begi horiek eta harrizko bihotz hori duenak, antisemita izan behar, nahi eta nahi ez.

SIBILOT: Nola ez zait lehenago bururatu? Judutarra al zara?

GEORGES: Ez, jauna ez, Eta, egia esateko zure antisemitismoarekin bat nator (SIBILOTen keinu baten aurrean). Ez, ez zaitezela mindu: partaide izatea gehiegi esatea da, nik hondarrak biltzen ditudala eman dezagun. Zintzotasunaren poza ezagutzen ez dudanez, zure ziurtasuna ere arrotz egiten zait. Zalantzatan ibiltzen naiz ni, zalantzatan bakerik gabeko arimetan oso arrunta da. Ni, hala nahi baduzu, antisemita probabilista naiz. (Adiskidantzaz). Eta moroak, higuin dituzu, ez al da hala?

SIBILOT: Nahikoa dugu! Zure hitz jarioa aditzeko ez denbora eta ez gogorik daukat. Mesedez zoaz berehala gela horretara eta itxaron hor, zaratarik egin gabe, polizia etorri arte.

GEORGES: Banoa! Banoa zure geletara! Esaidazu moroak higuin dituzula bakar bakarrik.

SIBILOT: Ba, bai.

GEORGES: Esan zerbait gehiago. Neri gustoa egitearren. Azkeneko galdera dela zinez diotsut.

SIBILOT: Han gelditu besterik ez dute.

GEORGES: Miragarria! Zure aurrean sonbreroa kentzeko baimena eman iezadazu, jauna. Zure zintzotasuna parerik gabekoa da. Elkarrizketa hau hasi orduko gure ikuspegion hurbiltasuna nabaria da eta ez naiz bat ere harritzen: ondo jende prestua izango ginateke gu alprojak, zuen poliziak horretarako behar adina denbora utziko baligu!

SIBILOT: Ez al duzu ospa egin behar?

GEORGES: Hitz bat oraindik, jauna, hitz bakar bat eta banoa. Hara! Zu, frantsesa, frantses nekazarien seme eta biloba, eta ni, aberrigabea, behin-behineko Frantziaren gonbidatua; zuk, prestutasuna bera zaren horrek, eta nik, gaiztakeria bera naizen honek, bizio eta birtute guztien gainetik elkarri bostekoa ematen diogu, batera judutarrak, komunistak eta ideia subertsiboak gaitzesten ditugu. Gure akordioak esanahi sakona izan behar du. Nik esanahi hori ezagutzen dut eta esango dizut: biok jabego pribatua errespetatzen dugu.

SIBILOT: Zuk jabego pribatua errespetatzen duzula?

GEORGES: Nik? Noski, horretatik bizi naiz eta, nahi litzake! Aizu, begira, zure alabak salbatu egin nahi ninduen; zuk salatu egin nauzu, baina ni zugandik hurbilago sentitzen naiz harengandik baino. Hemendik ateratzen dudan ondorio praktikoa, zera da, biok elkarrekin lan egitera beharturik gaudela.

SIBILOT: Elkarrekin lan egitera? Nortzuk? Gu biok? Zu erotuta zaude!

GEORGES: Nik mesede handia egin diezazuket.

SIBILOT: Harritzen nau horretxek.

GEORGES: Lehentxeago ate ondotik alabari esaten ari zinena aditzen egon naiz, arretaz gainera. Ideia baten bila zenbiltzala uste dut. Hara ba, nik eman diezazuket.

SIBILOT: Ideia bat? Komunismoaz?

GEORGES: Bai.

SIBILOT: Gaia ezagutzen al duzu?

GEORGES: Estafagile batek denetik jakin behar du.

SIBILOT: Bueno, ba eman iezadazu ideia hori azkar eta tribunalari zutaz erruki dadila eskatuko diot.

GEORGES: Horrela ezin dut.

SIBILOT: Zer ba?

GEORGES: Eskuak libre badauzkat bakarrik lagun zaitzaket.

SIBILOT: Polizia...

GEORGES: Polizia, bai. Badator. Bi minutu barru hemen izango da. Beraz, nor naizen azaltzeko adina denbora dut: umezurtza naiz, haurtzarotik adimen argitasuna ala heriotza hautatu beharrean aurkitu naiz, beraz, ez da meritu handiegia argitasuna aukeratu izana. Jeniala naiz, jauna, zu zintzoa zaren bezalaxe. Oparotasun izugarri berdinaz. Inoiz pasa al zaizu burutik argitasuna eta prestutasuna, inspirazioa eta burugogorkeria, argia eta itsumena elkartuz zer lortu ote litekeen? Munduaren jabe egingo ginateke. Nik ideiak dauzkat, minutuero dozenaka etortzen zaizkit: zoritxarrez, ez dute inor komentzitzen; ez naiz horretan behar adina saiatzen. Zuk ez dauzkazu, beraien mende zaude; atzaparretan zauzkate, kaskezurra estutzen dizute eta begiak estaltzen; horrexegatik komentzitzen dituzte besteak; harrizko ametsak bezalakoxeak dira, harri bihurtzearen nostalgia duten guztiak liluratzen dituzte. Eman dezagun orain nigandik ideia berri bat ateratzen dela eta zu hartzen zaituela: gaixoak berehala zure zigilua hartuko luke, eta hain itxura gogor, zozo eta egiazkoa, non unibertsoaren jabe egingo litzateke. (Atea jotzen dute. SIBILOT, liluraz entzuten ari zena, asaldatu egiten da).

SIBILOT: Zera da...

GEORGES: Bai, zure esku dago. Entregatzen banauzu, gaua esna igaro beharko duzu eta bihar goizean kalera botako zaituzte. (Berriro ate joka) Salbatzen banauzu, nere jeinuak aberats eta ospetsu bihurtuko zaitu.

SIBILOT: (Kilikaturik) Nork frogatzen dit zu jeinua zarela?

GEORGES: (Azkeneko gelan sartuz) Galde iezaiozu inspektoreari. (SIBILOT irekitzera doan bitartean desagertu egiten da).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

SIBILOT, GOBLET INSPEKTOREA

 

INSPEKTOREA: Sibilot jauna?

SIBILOT: Bai, ni naiz.

INSPEKTOREA: Non dago?

SIBILOT: Nor?

INSPEKTOREA: Georges de Valera.

SIBILOT: (Txunditurik) Georges de Valeraren bila al zabiltza?

INSPEKTOREA: Bai. O! Ez dago esperantzarik. Aingira bezalakoxea da. Eseri al naiteke? (Eseri egiten da). Ez al duzu piano luzerik? Zorionak.

SIBILOT: Ez al zaizkizu piano luzeak gustatzen?

INSPEKTOREA: Gehiegi ikusi ditut.

SIBILOT: Non?

INSPEKTOREA: Aberatsen etxeetan. (Nor den adierazten du) Goblet Inspektorea.

SIBILOT: Pozten naiz. Urte askotarako!

INSPEKTOREA: Zure etxea asko gustatzen zait. Ondo penaturik joango naizela hemendik uste dut.

SIBILOT: Are etxean zaude.

INSPEKTOREA: Pentsatzen ahal duzu!. Ez dakizu dena: zure egongela nerearen errepika zehatza da. Mila bederatzirehun eta hogeita bost?

SIBILOT: Nola?

INSPEKTOREA: (Ingurua adierazteko keinua) Altzariak: Mila bederatzirehun eta hogeita bost estilokoak al diren.

SIBILOT: A! Mila bederatzirehun eta hogeita bost? Bai, noski.

INSPEKTOREA: Arte dekoratiboen erakusaldia, gure gazte denbora...

SIBILOT: Ni ezkondu nintzeneko urtea.

INSPEKTOREA: Eta ni ezkondu nintzenekoa. Gure emazteek beren amekin aukeratu zituzten al tzariak; guk ez genuen zer esanik, aitaginarrebak eta, dirua aurreratzen zuten. Mila bederatzirehun eta hogeita bost estiloko sillak gustatzen al zaizkizu?

SIBILOT: Badakizu, denboraren poderioan ikusi ere ez dituzu egiten (Buruari eraginez). Neretzat hau behin-behineko instalazioa zen...

INSPEKTOREA: Noski! Behin-behinekoa ez denik ba al da, ba, ezer? Eta gero, egunen batean, handik hogei urtetara...

SIBILOT: Laster hiltzera zoazela ohartzen zara eta behin-behinekoa betirakoa zela.

INSPEKTOREA: Bizi garen bezalaxe hilko gara: mila bederatzirehun eta hogeita bostean. (Bapatean jaikitzen da). Zer daukazu hor? Maisuren baten koadroa?

SIBILOT: Ez aldaki bat da.

INSPEKTOREA: Hobe. Maisu handien koadroei eta automobilei benetan gorroto diet, aberatsei bildumak egitea gustatzen baitzaie, eta gu marka guztiak ezagutzera behartzen gaituzte.

SIBILOT: Nortzu, zuek?

INSPEKTOREA: Bai, gu, Haundi-Maundien sailekook.

SIBILOT: Zertarako?

INSPEKTOREA: Elkarrizketan atseginak izateko. (Koadrora hurbilduz). Hau Constable bat da. Harritzen naiz zuri Constableak gustatzeaz.

SIBILOT: Hezetasunaren lizunduak baino nahiago ditut...

INSPEKTOREA: A! Constablearen atzean orduan...

SIBILOT: Aizu!

INSPEKTOREA: Hezetasuna, ez da hala?

SIBILOT: Sena hemen bertan baitago.

INSPEKTOREA: Ez aipatu ere egin: ni Gennevilliersen bizi naiz (GEORGESek zenbait aldiz doministiku egiten du eta biraoka hasten da). Zer zen hori?

SIBILOT: Bizilaguna. Hezetasuna ezin eraman du: katarroa harrapatzen du.

INSPEKTOREA: Gaizkixe zaude katarroa bizilagunak harrapatzen duen bitartean. Gennevilliersen neuk harrapatzen dut. (Berriro eseriz). Ai, Jainkoa! Gizona animalia bitxia da: zure etxea biziki gustatzen zait, gorroto dudan beste bat gogorarazten didalako: nerea.

SIBILOT: Harrapa ezak!

INSPEKTOREA: Noski, lanbidez aberaskumeen auzoetan ibili behar dut. Garai batean ni Haundi-Maundien sailekoa ninduzun; J-3 trajikoak eta estafagileak nere ardurapean jarri dituzte: honek Passyra garamatza. Lana nere bizimoldetik gora dagoen inguru batean egin behar dut, eta hori sumatu egiten da. Zerbitzu iskilaran gora igo behar da, piano baten eta landare baten tartean zain egon, tertziopelozko larruz jantzitako andereei eta morroia banintz bezala tratatzen nauten jaun perfumatuei irribarre egin; eta bitartean, bazter guztietan ispiluak jartzen dituztenez, nere mutur zikina horma guztietan ikusi behar.

SIBILOT: Ezin al dituzu dagokien lekuan jarri?

INSPEKTOREA: Nola dagokien lekuan? Bertan daude. Ni naiz lekuz kanpo dagoena. Baina zuk ere zure lanbidean hori guztia ezagutuko duzu seguru aski.

SIBILOT: Nik? Egunero zuzendariari ipurdia miazkatuz ibili behar dudala esaten badizut...

INSPEKTOREA: Ez da posible! Behartu egiten al zaituzte?

SIBILOT: Esaera bat dat.

INSPEKTOREA: Esaerak, bai, ondotxo dakit nik esaerak eta hizketa moldeak zer diren, eta, hemen zurekin hizketan ari den honek mila aldiz gutxienez miazkatu behar izan dio Seguritate zuzendariari. Aizu, zure etxean gustatzen zaidana zera da, hemen eskasia eta apaltasun harroa nabari dela. Behingoagatik nere pareko baten etxean ari naiz ikerketan; neure etxean, nolabait esateko. Hemen libre sentitzen naiz. Zu itzalera bidaltzea edo bizkarreko on batzuk ematea bururatuko balitzait inork ez luke txintik aterako.

SIBILOT: Hori egiteko asmotan al zara?

INSPEKTOREA: Jainko guztiengatik, ez! Aurpegiz sinpatikoegia zara horretarako. Nerea bezalakoxe aurpegia duzu. Hilean hirurogei mila liberatakoa.

SIBILOT: Hirurogeita hamar

INSPEKTOREA: Hirurogeita hamar edo hirurogei, berdintsu da. Ehun billetetatik gora aldatzen da aurpegia (Hunkiturik). Sibilot gizarajoa!

SIBILOT: Inspektore gizarajoa! (Bostekoa elkarri ematen diote).

INSPEKTOREA: Geuk bakarrik neur dezakegu gure mixeria eta gure handitasuna. Emaidazu zerbait edaten.

SIBILOT: Pozik gainera. (Basoak betetzen ditu).

INSPEKTOREA: (Topa eginez) Mendebaldeko kulturaren zaintzaileei. (Edan egiten du).

SIBILOT: Maitatu gabe aberatsak defendatzen dituztenen garaipenari. (Edan egiten du). Aizu! Ideiaren bat ba ote duzu?

INSPEKTOREA: Noren kontra?

SIBILOT: Komunisten kontra.

INSPEKTOREA: A! Zuk propaganda sailean lan egiten duzu! Ba entzun, ez duzu aurkituko. Zuretzako makurregia da. Nik Valera aurkituko ez dudan bezalaxe.

SIBILOT: Maltzurregia al da?

INSPEKTOREA: Hori? Hitz handiegiak erabiltzearen bildur ez banintz, jeinu bat dela esango nuke. Aizu, ez al didazu esan zure etxean gordea zela?

SIBILOT: Nik... nik tipo bat sartu dela esan dut...

INSPEKTOREA: Bera da dudarik gabe. Lehentxeago hemen bazen, orain ere hemen behar du: etxea buelta guztian guardiaz josirik dago. Trantsitoan eta eskaileran ere jarriak dauzkat. Bueno. Ederki, zein trebetzat daukadan azalduko dizut: gela hori ez dut miatuko, eta besteetan sartu ere ez naiz egingo. Eta ba al dakizu zergatik? Ezagutua ez izateko era aurkitu duela, edota alde egina dela badakidalako. Nork daki honezkero non den? Eta zein maskaraz? Agian zeu zara.

SIBILOT: Ni?

INSPEKTOREA: Lasai: erdipurdikeria ez da imitatzen. Alde batera utz dezagun hau, adiskidea. Bi hitz esan iezazkidazu informerako. Sumatu duzu; telefonora itsumustuan joan zara eta berak deskuido horretan ospa egin du. Ez da hala?

SIBILOT: Nik...

INSPEKTOREA: Ederki! (Isilunea) Istant laburregi hauen oroipen ederra gogoan dudala alde egin behar. Berriro elkar ikusi behar genuke.

SIBILOT: Pozik gainera.

INSPEKTOREA: Noizean behin deituko zaitut, ausardia handiegia ez bada behintzat. Biok libre garenean zinera joango gara, ezkongabeen antzera. Geldi zaitez bertan. (Irteten da).

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

SIBILOT, GEORGES

 

SIBILOT: (Gelako atea irekitzera doa) Zure ideia eman eta ospa hemendik.

GEORGES: Ez!

SIBILOT: Nola ezetz?

GEORGES: Ni gabe nere ideiak zimeldu egiten dira. Berezi ezinak gara.

SIBILOT: Horrela bada, zu gabe moldatu beharko dut. Ospa!

GEORGES: Baina ez al duzu entzun inspektoreak esan dizuna? Jeinu bat naiz, aitatxo!

SIBILOT: (Etsita) Orduan zer behar duzu?

GEORGES: Ezer gutxi. Poliziak inguruotatik alde egin arte zure ondoan gordetzea.

SIBILOT: Eta ondoren? Dirurik ez al duzu eskatzen?

GEORGES: Ez. Baina zure traje zaharretako bat utziko didazu.

SIBILOT: Ondo dago. Geldi zaitez. (Isilunea). Benga, bota ideia hori.

GEORGES: (Esertzera doa; basokada bat ardo ateratzen du, eta bat ere presarik gabe, SIBILOTen pipetatik bat pizten du) Ba, hona hemen...

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa