|     75 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


SEIGARREN KOADROA

 

Dekoratua: Sala handi batera ematen duen saloi bat, jan-edanerako moldatua. Ezkerretara leiho bat erdi irikita. Gaua da. Atzekaldean, sala handira ematen duen ate bat zabalik. Leihoaren eta atearen artean, zamau txuriz estalitako mahai handiak jarriak daude. Sandwich eta pastak plateretan. Urruneko atearen atzekaldean gonbidatuak pasatzen ikusten dira: sala handian jendetza ikaragarria dago. Batzuk saloi ttipiko atetik sartu gabe pasatzen dira, beste batzuk sartu, mahaitik zerbait hartzen dute. Eskuinetara ate bat itxita. Zenbait altzari. Besaulkiak, mahaiak; baina oso gutxi: gonbidatuak lasai ibil daitezen lekua egina dago.

 

 

I. AGERRALDIA

 

BOUNOUMI ANDREA, BAUDOUIN, CHAPUIS, GONBIDATU TALDEAK

 

BAUDOUIN: (BOUNOUMI ANDREA geldiarazi eta CHAPUIS aurkeztuz) Chapuis.

CHAPUIS: (BAUDOUIN aurkeztuz) Baudouin.

 

(BAUDOUIN eta CHAPUISek beren agiriak batera atera eta aurkeztuz).

 

BAUDOUIN eta CHAPUIS: Lurraldearen Defentsarako Inspektoreak.

BAUDOUIN: Lehendakariak berak agindurik mandatu hau dugunak.

CHAPUIS: Nekrassov zaintzea.

BAUDOUIN: Iritsi al da?

BOUNOUMI ANDREA: Oraindik ez.

CHAPUIS: Sarrerako atetik sarraraztea burugabekeria litzateke.

BAUDOUIN: Eta, zure baimenarekin, behar diren aginduak emango ditugu...

CHAPUIS: Zerbitzu atetik sar dadin.

BAUDOUIN: (Eskuineko atea seinalatuz) Ate horrek honaxe ematen baitu.

BOUNOUMI ANDREA: Zer dela eta ibili behar dugu horren erne?

CHAPUIS: (Ahapeka) Atentatu baten posibilitatea ez dago bazterturik.

BOUNOUMI ANDREA: (Inpresionaturik) A!

BAUDOUIN: Ez izutu, Andrea.

CHAPUIS: Gu hemen gaude!

BAUDOUIN: Gu hemen gaude.

 

(Desagertu, egiten dira. Gonbidatu batzuk sartu dira: PERDRIERE, JULES, NERCIAT haien artean).

 

 

II. AGERRALDIA

 

BOUNOUMI ANDREA, PERDRIERE, JULES PALOTIN, NERCIAT, GONBIDATUAK, FOTOGRAFOAK, PERIGORD

 

NERCIAT: (Besoaz PERDRIERE inguratuz) Hona hemen seme hondatzailea. Perdrièreri, topa

DENAK: Perdrièreri.

PERDRIERE: Jaun-andreok, astotxo bat izan naiz. Begiak ireki dizkidan gizon probidentzialari, topa!

JULES: (Irribarrez) Eskerrik asko.

PERDRIERE: (Entzungor eginez) Nekrassovi.

DENAK: Nekrassovi.

JULES: (Iraindurik, NERCIATi ) Nekrassov! (Bizkarrak uzkurtuz). Zer ote litzateke ni gabe (Urrundu egiten da).

NERCIAT: (PERDRIEREri) Palotin aipa ezazu.

PERDRIERE: Palotini, topa! Zere... zeren Nekrassoven agerpenak argitaratzeko kemena izan baitu.

ZENBAIT GONBIDATU: Palotini!

JULES: (Mindurik) Jendeak ez du prentsaren indarra ezagutzen.

PERDRIERE: Aukera eder hau aprobetxatuz, nere kaskagogorkeria, nere itsukeria inozoa eta nere zera guztiak barkatzeko eskatu nahi nizueke. (Negarrez hasten da, denek inguratzen dute).

BOUNOUMI ANDREA: Perdrière zintzo hori...

PERDRIERE: (Gainetik kendu nahiz) Barkamena eskatzen dut, barkamena!...

BOUNOUMI ANDREA: Iragana ahantz dezagun. Besarka nazazu! (Berak besarkatu egiten du)

JULES: (Fotografoei) Argazkiak! (PERIGORD baso bat eskuan duela pasatzen da. JULESek besotik heltzen dio. Basokoa isuri egiten da). Horratx!

PERIGORD: Ideia, jauna?

JULES: Bai, ideia. Apunta ezazu esango dizudan guztia (Denei). Adiskide maiteak... (Isildu egiten da jendea). Bai zuek, bai ni, bai Perdrière: hemen, denok, Fusila-Gaiak gara. Gaujai gogoangarri hau giza kontzientziaren benetako mementu bihurtu nahi al duzue? Fusila-Gaien elkartea sor dezagun bertan.

DENAK: Hori duk eta! Gora Fusila-Gaiak!

JULES: Gaujai honetan bertan estatutuak idazteko behin-behineko batzorde bat aukeratuko dugu. Nik nere burua Presidentetarako proposatzen dut (Txaloak, PERIGORDi). Bihar aurrekaldeko orrialdean nere argazki eta guzti (MOUTON sartzen da). Zer da hau? Mouton? (NERCIAT eta BOUNOUMI ANDREArengana joaten da). Ikusi al duzue?

 

 

III. AGERRALDIA

 

Lehengoak, MOUTON eta DEMIDOV

 

BOUNOUMI ANDREA: O!

NERCIAT: Nork gonbidatu du hori?

BOUNOUMI ANDREA: Nik ez behintzat. Norekin dator?

JULES: Demidovekin.

NERCIAT: Errusiar hori? Hori aurpegia, hori!

BOUNOUMI ANDREA: Jaungoiko santua! Atentatua!

NERCIAT: Zer esan duzu?

BOUNOUMI ANDREA: Atentatu baten posibilitatea ez dago bazterturik.

NERCIAT: Beraz, horretara etorri ote...

BOUNOUMI ANDREA: A! Nik ez dakit ezer baina hor aldamenean bi inspektore dauzkat eta badaezpada ere, haiei abisua ematera noa.

 

(Elkarrizketa hau gertatzen ari den bitartean, MOUTON gonbidatuen tartean jarri da, erdian. Bakoitzari irribarre egiten dio, edo eskua ematen. Baina jende guztiak atzea bihurtzen dio. BOUNOUMI ANDREAren aurrean makurtu egiten da).

 

MOUTON: Andrea...

BOUNOUMI ANDREA: Ez, jauna. Ez! Gu, geu, hiltzera goaz, zuri berriz, luzaro bizi zaitezela opa dizugu eta ez zaitugu agurtzen!

GONBIDATUAK: (Irteterakoan) Gora Fusila-Gaiak! (MOUTONi ziria botaz). Behera Fusilatzaile Gaiak! (Irteten dute).

 

 

IV. AGERRALDIA

 

MOUTON, DEMIDOV

 

(DEMIDOV barrara joan eta kankarro dezentea prestatzen du)

 

MOUTON: Harrera makur samarra egin digute.

DEMIDOV: (Janez) Ez naiz ohartu.

MOUTON: Zu ez zara behin ere ezertaz ohartzen.

DEMIDOV: Behin ere ez. Ni hemen sobietar erregimena salatzeko nago ez Mendebaldeko ohiturei erreparatzeko (Jan eta edan egiten du).

MOUTON: Komunistatzat hartzen naute.

DEMIDOV: Harritzekoa da.

MOUTON: Ez, ez da harritzekoa: tragikoa da, baina harritzekoa ez: beraien lekuan jarri behar da (Bapatean). Fiodor Petrovitx!

DEMIDOV: E?

MOUTON: Zerrenda hori faltsoa da, ez da?

DEMIDOV: Zein zerrenda?

MOUTON: Fusila-Gaiena.

DEMIDOV: Nik horretaz ez dakit ezer.

MOUTON: (Asaldaturik) Nola?

DEMIDOV: Nekrassov ikusten dudanean jakingo dut.

MOUTON: Baliteke, orduan, egitazkoa izatea?

DEMIDOV: Bai, Nekrassov benetan Nekrassov baldin bada.

MOUTON: Galdua nintzateke (DEMIDOVek bizkarrak uzkurtuz). Malapartatuak! Errusiarrek barkatzen badidate, haien zerbitzutan ari naizelako seinalea da.

DEMIDOV: Noski.

MOUTON: Baina hori absurdua da, gizona! Fiodor Petrovitx, zuk ezin sinets dezakezu...

DEMIDOV: Nik ez dut ezer sinesten.

MOUTON: Nere bizitza dago lekuko. Haien kontra'borrokatzea besterik ez dut egin.

DEMIDOV: Zuk zer dakizu?

MOUTON: (Porrot eginik) Hori da! Nik zer dakit? Egia esateko batzuetan norbaitek manejatzen nauela uste dut; gertaera kezkagarriak ditut gogoan... (Geldiunea). Nere sekretaria komunista zen; ohartu nintzenean, kalera bidali nuen.

DEMIDOV: Izan al zen istilurik?

MOUTON: Bai.

DEMIDOV: Haientzako mesedea.

MOUTON: Zu ere iritzi horretakoa al zara? Nik neure buruari aitortzeko ausardiarik ez nuen (isilunea). Azkeneko grebetan, nere lanbideko guztien artean ni bakarra izan nintzen ezer eman ez zuena. Ondorioa: handik hiru hilabetetara, hauteskunde sindikaletan...

DEMIDOV: Langile guztiek CGT ri eman zioten botoa.

MOUTON: Nolaz dakizu?

DEMIDOV: Betiko kontua da.

MOUTON: Laburtuz, jarraitzailez hornitzen lagundu diet. (DEMIDOVek baiezko keinua egiten du). Horratx! (Isilunea). Fiodor Petrovitx: gizon prestuaren aurpegia al daukat?

DEMIDOV: Mendebaldeko gizon prestuarena.

MOUTON: Aitonaren aurpegi ederra, esango al zenuke?

DEMIDOV: Mendebaldeko aitonarena.

MOUTON: Aurpegi honekin komunista izan al naiteke?

DEMIDOV: Zergatik ez?

MOUTON: Ni ukabilak estutuz igo naiz gora. Nere lanari esker

DEMIDOV: Eta suerteari esker ere bai.

MOUTON: (Irribarre labur bat bere oroitzapenei) Eta suerteari esker ere bai.

DEMIDOV: Beraiek eman dizute suertea.

MOUTON: (Asaldaturik) Beraiek?

DEMIDOV: Baliteke haiek zuri suertea ematea, zu oharkabean beraien tresna zinela eta. Edo beharbada, zure egintza bakoitzak zuk nahi zenuenaren ordez Moskuk nahi zuen ondorioa ekar zezan moldatu dituzte gauzak.

MOUTON: Eta nere bizitza goitik hasi eta beheraino trukatua ote da? (DEMIDOVen baiezko keinua. Bapatean). Zintzoki erantzun iezadazu: mundu guztiak iraultzailetzat banauka eta beti Alderdiak agintzen duen gisan ari banaiz, zerk bereizten nau apuntatutako militante batengandik?

DEMIDOV: Zu? Ezerk ez. Komunista objektibo bat zara.

MOUTON: Objektiboa! Objektiboa! (Musuzapia atera eta kopeta xukatuz). A! Deabruak harturik nago! (Bapatean musuzapiari begiratuz). Zer da hau? Biok elkarrekin hizketan ari ginen eta zer ari naiz ni hemen painelua astintzen? Nola heldu da nere eskuetara?

DEMIDOV: Poltsikotik atera duzu.

MOUTON: (Galdurik) Orduan nik...! A! Nik uste baino okerragokoa da. Seinalea neronek eman dezadan moldatu dute dena. Zein seinale? Norentzat? Zuretzat, beharbada! Nork esan diezadake zu haien agentea ez zarela? (DEMIDOVek sorbaldak goratu). Ikusten? Erotzen ari naiz. Fiodor Petrovitx, arren bai arren, deskomunista nazazu!

DEMIDOV: Nola?

MOUTON: Mixerable horri maskara ken iezaiozu.

DEMIDOV: Iruzurtia bada kenduko diot.

MOUTON: (Kezkaturik) Eta benetan Nekrassov balitz?

DEMIDOV: Denen aurrean irainduko nuke.

MOUTON: (Buruari eraginez) Iraindu...

DEMIDOV: URSSetik nere ondoren alde egin duten guztiak erregimenaren konplizetzat dauzkat (Atzekaldean Goblet azaltzen da).

 

 

V. AGERRALDIA

 

MOUTON, DEMIDOV, GOBLET

 

MOUTON: Iruzurtitzat salatzea efikazagoa litzateke, nolanahi ere den.

DEMIDOV: Ez (MOUTONen keinua). Ez berriz ere esan: ni erosezina naiz (MOUTON hasperenka). Tira, ba. Zeren zai gaude? Goazen haren bila.

MOUTON: Suretéko inspektore bat deitu dut. Badaezpadako Nekrassov hori iruzurti bat bada, nahitaez nazioarteko hanpaideren bat izan behar Bere bizi guztirako itzalera bidaliko dut (GOBLET sumatuz). Kaixo, Goblet. Sar zaitez (GOBLET hurbiltzen da). Nik esango dizudan gizonari ongi erreparatu! Fitxatutakoren bat bada, besterik gabe atxilotu!

GOBLET: Denen aurrean?

MOUTON: Noski.

GOBLET: Ederra al da?

MOUTON: Ez dago gaizki.

GOBLET: (Goibeldurik) Berriro ere konparaketak izango dira.

MOUTON: Zer konparaketa?

GOBLET: Haren aurpegia eta nerearen artekoak.

MOUTON: Ez zara orain, hurrena, ez duzula atxilotu nahi eginez hasiko?

GOBLET: Ni ez naiz ezertan hasi. Itsusiak atxilotzea gehiago gustatzen zait eta kitto.

 

 

VI. AGERRALDIA

 

MOUTON, DEMIDOV GOBLET BAUDOUIN, CHAPUIS, azken hauek sartu berriak

 

BAUDOUIN: (Bere karneta MOUTONi erakutsiz) Lurraldearen Defentsa. Paperak?

MOUTON: Ni Charles Mouton naiz.

CHAPUIS: Nola ez! Susmagarria. (MOUTONek sorbaldak altxatzen ditu eta nortasun agiria ateratzen du).

BAUDOUIN: Ondo da (DEMIDOVi). Hi ezagutzen haugu. Hoa hemendik eta ez ahaztu Frantzian gonbidatu haizenik.

CHAPUIS: Urrun zaitez, Goblet inspektoreari hitz erdi bat esan behar diogu eta.

MOUTON: (GOBLET!) Saloietan buelta bat ematera goaz, gure gizona heldu ote den edo.. Itxaron hemen.

 

(DEMIDOV eta MOUTONek irten egiten dute).

 

 

VII. AGERRALDIA

 

BAUDOUIN, CHAPUIS, GOBLET

 

BAUDOUIN: (Bidea ixteko parean jarriz) Zer arraio habil hemen, konpañero?

GOBLET: Gonbidatu egin naitek.

CHAPUIS: Gonbidatu? Mutur horrekin?

GOBLET: Zuenekin zuek gonbidatu bazaituzte, zergatik ez naute ni gonbidatuko nerearekin?

CHAPUIS: Gu ez gaituk gonbidatuak: gu lanean ari gaituk.

GOBLET: A bai? Ni ere bai!

BAUDOUIN: Baten bat en bila al habil, ala?

GOBLET: Hori ez zaizue axola.

CHAPUIS: Baina esan ezak, motel...

BAUDOUIN: Uztak bakean! misteriozale bat duk (GOBLET!). Nahi duana bila ezak, baina gure paretik ken hadi!

GOBLET: (Tontaturik) Zuen paretik?

CHAPUIS: Nekrassov bakean uztakl

GOBLET: (Tontaturik) E?

BAUDOUIN: Bakean uzteko, konpañero, eguneroko ogi-kozkorra irabazten segi nahi baduk.

GOBLET: (Oraindik ere ulertu nahian) Nekrassov?

CHAPUIS: Nekrassov, bai. Hori ez ukitu!

GOBLET: Nik ez dut zuengandik datorren agindurik zertan bete, aizue!: Ni PJkoa naiz eta nere buruzagien esanak egiten ditut.

CHAPUIS: Balitekek, baina hire buruzagiek gureen esanak egiten ditiztek. Hurrenarte, konpañero.

BAUDOUIN: (Irribarrez) Hurrenarte! Hurrenarte!

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

GOBLET bere gisa, gero zenbait gonbidatu

 

GOBLET: (Hortz tartetik hizketan) Zoazte popatik hartzera! (Ameslari) Nekrassov: izen hori nik egunkarian ikusia dut ba...

 

 

IX. AGERRALDIA

 

GOBLET, GEORGES, SIBILOT, BI ZAINTZAILEAK, GONBIDATU BAT

 

GEORGES: (Bi zaintzaileei) Zoazte jolasera (Haien atzetik atea ixten du. SIBILOTi) (Ileak banatzen dizkio). Axolakabe. Holaxe!

SIBILOT: Goazen barrura (GEORGESek eusten dio). Zer duzu?

GEORGES: Gailurretako gaitza. Sartu eta nere oinetara botako dira, gero eskuak musukatuko dizkidate: horrek zorabiatu egiten nau. Nola liteke gizon bakar batek maitasun hori guztia, gorroto hori guztia jasan behar izatea? Kezkak uxa iezazkidazu, Sibilot: ez naiz ni maite dutena, ezta gorroto dutena ere; ni irudi bat besterik ez naiz.

 

(MOUTON eta DEMIDOV atzekaldean pasatzen dira).

 

SIBILOT: Zuk... (MOUTON dela ohartuz). Itzul zaitez!

GEORGES: Zer dugu?

SIBILOT: Itzul zaitez, eta kasu egin ezazu, edo galduak gora! (GEORGES itzuli egiten da, eskenara begira). Mouton oraintxe pasa da Demidovekin. Zure bila dabiltza.

GEORGES: Bost axola zait neri Demidov. Jules eta Nerciat dira orain zaindu beharrak. Inozo horiek hariak mugitzen dituztela uste dute.

SIBILOT: Entzun, Nikita...

GEORGES: Ixo! Nik erakutsiko diet nork agintzen duen. Castagnie andreak bihar bere lanpostua berreskuratuko du, bestela... (Amorruz lurra ostikatuz). Deabruak naramala!

SIBILOT: Zer dugu orain?

GEORGES: Gaur arratsean partida erabakikorra jokatu behar dut, eta irabazteko umorerik ez daukadala, horixe dugu. Zer zen hori?

 

(Gonbidatu bat balantzaka sartu berria da. Barra ondoko mahaia euskarritzat hartzen du, basokada bat edan eta toga egitera balihoa bezala eusten du basoa aidean).

 

GONBIDATUA: Iskiluak desta! Su! Gora Frantzia! (Ziplo erortzen da)

GOBLET: (Berarengana salto batean hurbilduz) Gizarajoa! (Ondoan belaunikatzen da).

GONBIDATUA: (Begi bat irekiz) Hori duk, hori, muturra! Errematea eman iezadak!

 

(Loak hartzen du. GOBLETek amorraturik, barra azpira bultzatzen du, eta zamaua gainean jartzen dio. GEORGES ohartu egiten da).

 

GEORGES: (SIBILOTi) Goblet! (Berak GOBLET atzea ematen dio bapatean).

SIBILOT: Non?

GEORGES: Zure atzean. Ederki hasi gaituk!

SIBILOT: (Bere buruaz ziur) Utzi nere kontu.

GEORGES: Zure kontu?

SIBILOT: Berak maite nau (Besoak zabaldurik inspektorearengana doa). Hator, nere besoetara!

GOBLET: (Izuturik) Ez zaitut ezagutzen!

SIBILOT: Nahigabe ederra ematen didak! Ni Sibilot nauk, motel. Ez al haiz gogoratzen?

GOBLET: (Mesfidantzaz oraindik) Bai.

SIBILOT: Orduan? Ea, besarkada hori!

GOBLET: Ez.

SIBILOT: (Biziki kexu) Goblet!

GOBLET: Zu ez zara lehengoa bera.

SIBILOT: Tira, tira!

GOBLET: Trajea aldatu duzu.

SIBILOT: Hori besterik ez? Nere zuzendariaren aginduz negok hemen eta itxura ona emateko jantziak utzi zizkidaten!

GOBLET: Baina aurpegia ez dizute utzi!

SIBILOT: Zer du nere aurpegiak?

GOBLET: Berrehun billeteko aurpegia dela.

SIBILOT: Erotu al haiz? Traje honi dagokion aurpegia duk (GOBLETi besotik heltzen dio). Ez haut gehiago utziko. Egarri al haiz?

GOBLET: Bai, baina ez zait ezer sartzen.

SIBILOT: Zintzurra, ez da? Ezer ezin pasa! Bazekiat zer den hori. A! Gu lekuz kanpora gaudek. Ba al dakik zer egin behar genukeen? Sukaldea argia duk, zabala, aireztatua, neskame politez besea: goazemak hara trago bat hartzera.

GOBLET: Baina ni zeraren zain nago...

SIBILOT: Trago bat, motel, trago bat. Gure etxean bezala aurkituko gaituk. (Eramanarazten du).

 

 

X. AGERRALDIA

 

GEORGES bere gisa, gero BAUDOUIN eta CHAPUIS

 

GEORGES: (Bere gisa) Puf!!

CHAPUIS: (Ate batetik agertuz) Txxisst! Txxisst!

BAUDOUIN: (Beste atetik) Txxisst! Txxisst!

GEORGES: E?

BAUDOUIN: Gu Lurraldearen Defentsako inspektoreak gaituzu.

CHAPUIS: Eta ongi etorria eman nahi dizugu...

BAUDOUIN: Guk zaintzen dugun lurralde honetan.

GEORGES: Eskerrik asko.

CHAPUIS: Batez ere ez larritu.

BAUDOUIN: Gugan konfiantza osoa jar dezakezu.

CHAPUIS: Hor gaituzu, arrisku garairako.

GEORGES: Arrisku garaia? Ba al da ba, arriskurik?

BAUDOUIN: Atentatu baten posibilitatea ez dago bazterturik.

GEORGES: Noren kontrako atentatua?

BAUDOUIN: (Irribarrez) Zure kontrakoa!

CHAPUIS: (Lasai barrez) Zure kontrakoa!

GEORGES: A, bai! Baina esan iezadazue...

BAUDOUIN: Ixo! Ixo! Gu erne gaude!

CHAPUIS: Erne gaude! (BOUNOUMI ANDREA sartzen den une berean desagertu egiten dira.

 

 

XI. AGERRALDIA

 

GEORGES, BOUNOUMI ANDREA, NERCIAT, JULES, PERDRIERE, GONBIDATUAK (gizonezkoak eta emakumeak), FOTOGRAFOAK

 

BOUNOUMI ANDREA: Hemen dugu gure salbatzailea!

DENAK: Gora Nekrassov!

GONBIDATU BATEK: Jauna zu gizon bat zara!

GEORGES: Jauna, zu beste bat.

GONBIDATU BATEK (emakumea): Bai ederra zaudela!

GEORGES: Zure gustoa egiteko da.

BESTE GONBIDATU BATEK (emakumea): Jauna, zure haur bat gustora izango nuke.

GEORGES: Horretaz ere pentsatuko dugu, andrea.

BOUNOUMI ANDREA: Adiskide maitea, hitz batzuk esan beharko dituzu?

GEORGES: Pozik (Ahotsa sendotuz). Jaun-andreak, zibilizazioak hilkorrak dira, Europak ez du gehiago askatasunaren arauera pentsatzen, halabeharraren arauera baizik; greziar miraria arriskuan dago: salba dezagun.

DENAK: Greziar mirariaren alde bizia eman dezagun! Greziar mirariaren alde odola isur dezagun (Txaloak. BOUNOUMI ANDREAk, PERDRIERE, GEORGESengana bultzatzen du).

BOUNOUMI ANDREA: (GEORGESi) Miresten zaituen bat aurkezten dizut.

GEORGES: Zuk miresten nauzula, jauna? Hori nahikoa da, nik maite zaitzadan. Nor zaitut?

PERDRIERE: Orain eta bizitza osoan zuri eskerrak eman beharrean aurkitzen naiz.

GEORGES: Nik inor behartu al dut ha, ezertara?

PERDRIERE: Erretiratzera behartu nauzu.

GEORGES: Perdrière: (PERDRIEREk eskuan muin eman nahi dio. GEORGESek eragotzi egiten dio). Elkar besarka dezagun!

 

(Elkar besarkatzen dute).

 

BOUNOUMI ANDREA: Argazkiak! (Flash. ANDREAk GEORGES beso batetik eta PERDRIERE bestetik hartzen ditu). Orain gu hirurok! Taldearena, atera ezazue.

JULES: (Biziro) Mesedez! (PERDRIERE hartzen du besotik).

GEORGES: Ez, gaixo hori, ez. Berehalaxe.

JULES: Zergatik ez duzu inoiz nerekin argazkirik atera nahi?

GEORGES: Dardarizoa daukazunez; pelikula alferrik galtzea litzatekeelako.

JULES: Utz iezadazu...

GEORGES: Ez, adiskidea; nik nire publikoa daukat: zure paper txar hori nere argazkia ebakitzeko erosten dutenek, gutxienez merezi dute...

JULES: Baliteke zuk zure publikoa izatea. Baina nik nere fotografoak dauzkat eta nere argazkiak ateratzen ez uztea ezin dut ametitu.

GEORGES: Azkar bat (Flash). Hori da, hori da! Bale! Eta zatoz nerekin mintzatzera (Eskenategiaren aurrekaldera eramaten du).

JULES: Zer nahi duzu nerekin?

GEORGES: Kalera bola dituzun zazpi langileak beren lanpostuetara bihurrarazi ditzazula nahi dut.

JULES: Berriz? Hori zuri ez dagokizun arazoa da, adiskidea! Barne arazo bat da bete-betean.

GEORGES: Egunkariaren arazo guztiak dagozkit neri.

JULES: Nor da zuzendari? Zu ala ni?

GEORGES: Zu: baina martxa honetan ez luzarorako. Zure lepoa eskatuko diot Kontseiluari.

JULES: Hara, ba, hortxe duzu Nerciat, ostegunaz geroz Moutonen ordez kontseiluburu hautatua: berarengana zuzendu besterik ez duzu. (GEORGES, NERCIAT besotik hartuz eta JULESengana eramanez). Nerciat Maitea...

NERCIAT: Nekrassov maitea...

GEORGES: Mesede bat eska al dezaket?

NERCIAT: Aurretik emana dago.

GEORGES: Castagnie izeneko andre gaixo hura gogoan al duzu?

NERCIAT: Ez, ba.

GEORGES: Kalera bidali duzun sekretaria.

NERCIAT: A! Bai, noski. Komunista zen.

GEORGES: Alarguna da, Nerciat maitea.

NERCIAT: Bai. Komunista baten alarguna.

GEORGES: Alaba elbarri bat dauka.

NERCIAT: Elbarritua? Erretxina! Komunista hazia.

GEORGES: Bere soldata besterik ez zeukan bizitzeko. Gasa ireki behar ote du?

NERCIAT: Bi komunista gutxiago izango lirateke (Isilunea). Zer nahi duzu?

GEORGES: Hari bere lanpostua bihurtzea.

NERCIAT: Baina, Nekrassov maitea, nik nere gisa ezin dut ezer egin. Zure eskabidea Administrazio Kontseiluari jakinaraziko diot, benetan (GEORGES amorru bizian dago, baina bere buruari gogor egiten dio). Hori al da dena?

GEORGES: Ez (Soir à Paris-en ale bat poltsatik ateraz). Zer da hau?

NERCIAT: (Irakurriz) «Nekrassovek deklaratua: pertsonalki ezagutzen ditut Duval eta Maistre kazetariak». Eta? Zuk egindako deklarazio bat da.

GEORGES: Ez, ba.

NERCIAT: Ez al da zuk egina?

GEORGES: Ezta pentsatu ere.

NERCIAT: O! O! (JULESi, gogor) Jules, maitea, harritu egiten nauzu. Ezagutzen duzu egunkariaren ikurra: «Egia hutsa».

JULES: (Pasadan PERIGORD harrapatuz) Perigord! (PERIGORD hurbiltzen da). Zeharo harrituta gelditzen naiz: Horra hor Nekrassovek egin ez dituen deklarazioak, berari erantsita.

PERIGORD: (Egunkaria hartu eta irakurri egiten du) A! A! Tapinois gaxte horren lana izango da.

JULES: Tapinois gaxtea!

PERIGORD: Ustez onerako egingo zuen.

JULES: Ez dut horrelakorik nahi gure artean. Egia hutsa. Tapinois hori airoso kalera bota ezazu.

GEORGES: Ez dut hori eskatu.

JULES: Kalera! Kalera!

GEORGES: Ez, Jules, benetan. Aski dugu!

JULES: Orduan, erretolika on bat bota, eta bere lanpostua gordetzen badu, Nekrassov beraren erreguei esker dela jakinarazi iezaiozu.

GEORGES: Hori da (Isilunea). Neri dagokidanez, zuzenketa bat aski izango da.

JULES: Zer zenukeela aski?

GEORGES: Bihar argitaratuko duzun zuzenketa bat.

JULES: Zuzenketa bat?

NERCIAT: Zuzenketa?

PERIGORD: Zuzenketa?

JULES: Baina, Nikita, hori hankasartzerik handiena litzateke.

PERIGORD: Jendea zer hasi garen galdezka hasiko litzateke.

NERCIAT: Ikusi al duzu inoiz egunkaririk, tribunalek hartara behartu ezean bere informazioak gezurtatzen dituenik?

JULES: Jendearen atentzioa ditxosozko zuzenketa horretara erakarriko genuke.

PERIGORD: Inork irakurri ez duena, bestalde, horreaaz ziur nago.

JULES: (NERCIATi) Zu ohartu al zara?

NERCIAT: Ni? Ez, horixe. Eta hori, aurreneko muturretik hasi eta azkeneko lerroraino egunero egunkari osoa irakurtzen dudalarik!

JULES: Berriketan horrela hasten bagara, gero nola gelditu? Ale bakoitza aurrekoa gezurtatzera dedikatu beharko da.

GEORGES: Ondo dago. Zertan zarete orduan?

NERCIAT: Zeri buruz?

GEORGES: Deklarazio horiei buruz.

JULES: Gehiago ezta aipatu ere: berri hori, hurrengo eguneko berrien azpian lurperatu. Hori da oraindik metodorik onena. Gure irakurleek egun batetik besterakoa gogoan dutela uste al duzu? Baina, gizona, oroimenik balute, eguraldiaren gorabeherarik ere ezin argitaratuko genuke!

NERCIAT: (Eskuak igurtziz) Hara, dena konpondua!

GEORGES: Ez.

NERCIAT: Ezetz?

GEORGES: Ez! Zuzenketa bat argitaratzea exijitzen dut.

NERCIAT: Exijitu egiten duzula?

GEORGES: Bai. Egindako zerbitzuen truke...

NERCIAT: Ederki ordaindu dizkizugu.

GEORGES: Lortu dudan ospearen izenean...

JULES: Zure ospea, Nikita gaixo hori, ez nizun esan nahi, baina behera doa. Joan den ostegunean gailurra jo dugu 2 milioi ale salduz, baina harrezkero berriro 1.700.000era jaitsi gara.

GEORGES: Hala ere zuen ohizko tiraden oso goitik dabil.

JULES: Zaude, datorren astera arte.

GEORGES: Datorren astean, zer?

JULES: Berriro 900.000 zara jaitsiko gara; eta zer izango zara orduan guretzat? Noizpaiteko salmenten gorakada latza, beherakada latzagoa, eta gero, hutsa: heriotza.

GEORGES: Ez horren azkar: azalpen harrigarriak dauzkat gordeta oraindik!

JULES: Beranduegi: aurreneko kolpea da balio duena. Irakurlea lepahezurreraino betea dago: errusiarrek beren haurrak jaten dituztela jakinaraziko bazenu ere, inori ez lioke meilarik egingo.

 

(MOUTON eta DEMIDOV sartzen dira)

 

 

XII. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK BERAK, MOUTON, DEMIDOV

 

MOUTON: (Ahots sendoz) Jaunak! (Mundu guztia isildu eta berarengana bihurtzen da). Traizio egin dizuete (Zurrumurruak. Gonbidatuak asaldatu egiten dira).

NERCIAT: Zertara etorri zara hona, Mouton?

MOUTON: Traidore bati maskara kentzera (DEMIDOV seinalatuz). Hona hemen Demidov, sobietar ekonomista, hamar urtez Kremlinen lan egin duena. Esatera doana entzun ezazue. Ondo errepara iezaiozu bera Nekrassov dela sartu nahi digun gizon horri: ezagutzen al duzu?

DEMIDOV: Betaurrekoak aldatu behar ditut (Jarrita dauzkanak kendu eta beste batzuk jartzen ditu. Ingurura begiratzen du). Non dago?

GEORGES: (Salto batean berarengana joan eta besarkatuz) Bazen garaia! Horrenbeste denbora hire bila! (MOUTONek atzera eramaten du tiraka).

MOUTON: (DEMIDOVi) Ezagutzen al duzu?

GEORGES: Denok kanpora: berarentzako isilpeko mezu bat dakart.

MOUTON: Arazoa konpondu arte ez dugu irtengo (Lurraldearen Defentsarako inspektoreak sartuak dira).

BAUDOUIN: (MOUTONen aurrean bapatean agertuz) Bai, horixe, jauna, irten beharko duzu.

MOUTON: Baina nik...

BAUDOUIN: Lurraldearen Defentsa. Agindu bat da.

CHAPUIS: (Besteei) Zuek ere bai, jaunak, mesedez (Gonbidatuak irtenarazten dituzte. GEORGES eta DEMIDOV bakarrik gelditzen dira).

 

 

XIII. AGERRALDIA

 

DEMIDOV: (Behin eta berriz erreparatu dio GEORGESi baina ez da ezertaz ohartu) Gizon hori ez da Nekrassov.

GEORGES: Lasai, motel: beste inor ez zegok.

DEMIDOV: Hi ez haiz Nekrassov. Nekrassov ttipia duk, sendoa, eta herren pixka bat egiten dik.

GEORGES: Herrena dela? Nahiago nian lehenago jakin izan banu! (Isilunea). Demidov, aspaldidanik banian hirekin hitz egiteko gogoa.

DEMIDOV: Ez haut ezagutzen.

GEORGES: Nik, berriz, oso ongi ezagutzen haut: hitaz informazioa bildu diat. Frantziara 1950.ean iritsi hintzen: garai hartan, lenindar-boltxevikea hintzen eta oso bakar sentitzen hintzen. Mementu batez troskistengana hurbildu hintzen eta troskista-boltxevike bihurtu hintzen. Haien taldea desegin zenean, Titorengana bihurtu hintzen eta titotar-boltxevike izendatu huen hire burua. Yugoslavia Sobiet Batasunarekin berriro adiskidetu zenean, hik Mao-Tse-Tungengan jarri hituen hire esperantzak eta maotiar-boltxevike deklaratu hintzen. Txinak Sobietarrekin harremanak moztu ez dituenez, haiengandik ere urrundu haiz eta boltxevike-boltxevike izendatzen. Zuzen ari al naiz?

DEMIDOV: Zuzen ari haiz.

GEORGES: Aldaketa izugarri horiek hire buruan bakarrik gertatu dituk eta beti bakarrik ibili izan haiz. Garai batean, Soir à Paris-ek hire artikuluak argitaratzen zitian orain berriz, inork ez ditik ikusi ere egin nahi. Ganbara batean bizi haiz, kardintxulo batekin. Laster kardintxuloa hilko duk, hire etxe jabeak kalera bidaliko hau eta Salbazioko Armadaren txanelera joan beharko duk lotara.

DEMIDOV: Mixeriak ez naik izutzen; helburu bakarra diat, sobietar burokrazia desegitea.

GEORGES: Hara, ba! Hireak egin dik, gizarajoa. Mendebaldeak jan hau: ez duk deus ere balio.

DEMIDOV: (Lepotik helduz) Sugegorri likitsa!

GEORGES: Utzi, Demidov, utzi. Arazoa konpontzeko bidea erakutsiko diat.

DEMIDOV: (Askatuz) Alferrik.

GEORGES: Zergatik?

DEMIDOV: Hi ez haiz Nekrassov eta ni hori esateko negok hemen.

GEORGES: Ez ezak esan, gizarajo horrek: hire etsaiei lagunduko hieke. Hire Sobietenganako gorrotoa ondo ahula duk, higan egizaletasuna isilarazi ez badu oraindik. Ondo pentsa ezak! Moutonek ahanzturatik atera bahau, ni ipurdia agirian dudala uzteko egin dik; lan hori egin orduko, berriro bazterrera botako hau. Egunen batean, hor aurkituko haute bide bazterren batean, ezintasunez eta gorroto ozpinduz hilda, eta nor lehertuko duk barrez! Errusia guztietako burokratak!

DEMIDOV: Hi ez haiz Nekrassov. Nekrassovek herren pixka bat egiten dik...

GEORGES: Bai, bazekiat (Isilunea). Demidov, nik alderdi boltxebike-boltxebikean sartu nahi nikek.

DEMIDOV: Hik?

GEORGES: Bai, nik. Ohartzen al haiz zenbateko pausoa ematen duan aurrera? Alderdi batek partaide bat besterik ez duenean, bi izateko aukera handirik ez dik. Baina, bi baldin baditu, nork eragotz liezaioke bihar milioi bai izatea? Konforme al haiz?

DEMIDOV: (Berri horrek txunditurik) Nere alderdiak bi lagun izango lituzkeela?

GEORGES: Bai, bi.

DEMIDOV: (Fidakaitz) Ba al dakik gure oinarria zentralizazioa dela?

GEORGES: Bai, bazekiat.

DEMIDOV: (Lehengoari lotuz) Eta gure legea, demokrazia autoritarioa dela?

GEORGES: Bazekiat, bai.

DEMIDOV: Buruzagia ni nauk.

GEORGES: Ni behe mailako militantea izango nauk.

DEMIDOV: Zatiketa egintzarik txikiena aski izango duk alderditik kanpora hi bota ahal izateko.

GEORGES: Hago lasai: zintzoa izango nauk. Baina ez diagu galtzeko denborarik. Gaur ni ospetsua nauk: bihar ez jakin, beharbada ahaztua izango nauk. Aukera hau aprobetxa ezak, azkar! Nere artikuluek mundu osoari buelta ematen ziotek: hik diktatu ahala idatziko ditiat. Iraultzaile zaharrak baztertu dituen teknikarien belaunaldia salatuko al duk?

GEORGES: Lerro bakoitzean.

DEMIDOV: Orlovi buruz dudan iritzi gaiztoa azalduko a! duk?

GEORGES: Nor da Orlov?

DEMIDOV: Nere bulegoburu izandakoa. Zakur amorratu bat.

GEORGES: Bihar Europa guztiaren ahogozagarri izango duk.

DEMIDOV: Ederki (Eskua luzatzen dio). Bota bosteko hori, Nekrassov.

 

(GEORGESek bostekoa ematen dio. Gonbidatuek bildurti antzean ate aurrean azaltzen dira).

 

 

XIV. AGERRALDIA

 

GONBIDATUEK, GEORGES, DEMIDOV MOUTON, BAUDOUIN, CHAPUIS

 

MOUTON: Ea, ba, Demidov, nor da gizon hau?

DEMIDOV: Hau? Nekrassov da (Txalo eta oihuak.)

MOUTON: Gezurra! Zer trikimailu ibili duzue hor?

GEORGES: Sobiet Batasunean antolatzen ari den isilpeko erresistentziari buruzko berriak eman dizkiot.

MOUTON: Iruzurtia!

GEORGES: (Gonbidatuei) Morroi honek komunisten jokoa egiten duela zuek jartzen zaituztet lekuko.

GONBIDATUEK: (MOUTONi) Moskura! Moskura!

MOUTON: Suizidiora bultzatzen nauzu, gizatxar horrek, baina nerekin batera eramango zaitut zulora arrastaka (Pistola bat atera eta GEORGESi apuntatzen dio). Eskerrak eman iezazkidazue, jaun-andreok: gizatxar eta komunista objektibo batengandik libratzen dut lurra!

BOUNOUMI ANDREA: Atentatua! Atentatua! (BAUDOUIN eta CHAPUIS MOUTONengana oldarrean doaz eta arma kentzen diote. Bi zaintzaileak eskuineko atetik korrika sartzen dira).

CHAPUIS: (Bi zaintzaileei, MOUTON seinalatuz) Eraman ezazue gizon hau.

MOUTON: (Borrokatuz) Utzi bakean! Utzi bakean!

GONBIDATUEK: Moskura! Moskura! (Zaintzaileek lurretik airean altxa eta eskuineko atetik eramaten dute)

BAUDOUIN: (Gonbidatuei) Atentatu hau aurreikusia geneukan. Jaun-andreok, ez dago ezeren arriskurik: zoazte saloietara lasai. Mementu batez zuen lagunartetik Nekrassov jauna eramango dizuegu, berarekin zaintzeko modurik onena erabakitzeko, baina ez ikaratu; berehala itzuliko dizuegu (Gonbidatuek irten egiten dute).

 

 

XV. AGERRALDIA

 

GEORGES, BAUDOUIN, CHAPUIS

 

BAUDOUIN: Zure aingeru guardakoak garela aitortu beharko duzu, jauna.

CHAPUIS: Eta gugatik izan ez balitz, gizatxar horrek honezkero ziplo garbitu zintuela.

GEORGES: Eskerrik asko, jaunak.

BAUDOUIN: Ez horregatik; gure betebeharra bete besterik ez dugu egin.

CHAPUIS: Eta larrialdi horretatik ongi ateratzeaz benetan pozten gara. (GEORGESek begirunezko makurtu bat egiten du eta irtetera doa) BAUDOUINek besotik heltzen dio.

GEORGES: Baina...

CHAPUIS: Guk ere gure arazoak dauzkagu, ez pentsa.

BAUDOUIN: Eta zure laguntza ez litzaiguke bat ere gaizki etorriko.

GEORGES: (Eseriz) Zer laguntza klase? (Inspektoreak eseri egiten dira).

CHAPUIS: Ba... hara!...: desmoralizazio nazionala, arazo larri horren aurrean aurkitzen gara.

GEORGES: Frantzia desmoralizaturik ote dago, ba?

CHAPUIS: Ez oraindik, jauna: gu erne gaude!

BAUDOUIN: Baina kontua zera da, morala desegiteko azpijokoan ari zaizkiola.

GEORGES: Frantzia gaixoa! Eta nor da horretara ausartzen?...

CHAPUIS: Bi kazetari.

GEORGES: Bi berrogei milioi biztanletatik? Ez dago herri hauxe lur jota uzten oso zaila!

BAUDOUIN: Bi gizon horiek sinboloak besterik ez dira. Eta Gobernuak horiek zigortuz irakurleak engainatzen dituen prentsa nazkagarriari pasada bat eman nahi dio.

CHAPUIS: Azkar eta gogor egurtu behar dira.

BAUDOUIN: Bihar bertan atxilotzea uste dugu. Etzi beranduenik.

CHAPUIS: Baina desmoralizazio nazionalerako ekintzan jakinaren gainean aritu direneko froga eskatzen digute, bi akusatu horien kontra...

BAUDOUIN: Gure iritzian erabat alferrikakoa dena...

CHAPUIS: Baina legegileak beharrezkotzat jo duena.

BAUDOUIN: Eta behingoagatik suertea gure alde daukagu...

CHAPUIS: Zu hemen zaude!

GEORGES: Ni hemen nagoela?

BAUDOUIN: Ez, ala?

GEORGES: Bai, jauna, bai. Hemen egon naitekeen neurrian, hemen nago.

CHAPUIS: Beraz, lekukotarako hartuko zaitugu.

BAUDOUIN: Sobietar ministro gisa, seguru aski kazetari horiek erabiliko zenituen.

CHAPUIS: Eta hori baieztatzea biziki eskertuko genizuke.

GEORGES: Zer izen dute?

CHAPUIS: Robert Duval eta Charles Maistre.

GEORGES: Maistre eta Duval... Duval eta Maistre... Ez, ba! Ez ditut ezagutzen.

BAUDOUIN: Ez da posible!

GEORGES: Zer ba?

CHAPUIS: Atzo bertan, Soir à Paris-en ongi aski ezagutzen zenituela agertzen zenuen.

GEORGES: Inoiz egin ez ditudan deklarazioak erantsi dizkidate.

BAUDOUIN: Baliteke. Baina artikulua hor dago. Eta gainera, nolanahi ere, komunistak dira: Duval PCko buruetako bat da.

CHAPUIS: Bail gizona, Duval, ezagutu behar duzu.

GEORGES: Sobiet Batasunean, ministro bakoitzak bere agente pertsonalak dauzka, besteek ezagutzen ez dituztenak. Propagandan, Informazioan edo Kanpo Arazoetan bila ezazue. Ni, dakizuen bezala, Barne Arazoetan aritzen nintzen.

BAUDOUIN: Guk zure kezka eta narrioak ulertzen ditugu...

CHAPUIS: Eta guk ere, zure lekuan bageunde gauza bera sentituko genuke.

BAUDOUIN: Baina Duval komunista izaki...

CHAPUIS: Haren izena zeure begiez ikusi izana ez da beharrezkoa.

BAUDOUIN: Eta sobietar agentea delako ziurtasun morala baduzu.

CHAPUIS: Beraz, bere lana egiteko ordaindu egin zaiolako lekukotasuna lasai aski eman dezakezu.

GEORGES: Sentitzen dut, baina ez dut lekukotasunik emango (Isilunea).

BAUDOUIN: Ondo dago.

CHAPUIS: Ederki!

BAUDOUIN: Frantzia askatasunaren gordailua da: gurean, bakoitzak hitz egiteko edo isiltzeko askatasuna dauka.

CHAPUIS: Makurtzen gara, makurtzen!

BAUDOUIN: Eta gure buruzagiak ere beren aldetik makur daitezen nahi dugu.

BAUDOUIN: (CHAPUISi) Makurtuko ote dira?

CHAPUIS: (BAUDOUINi) Ez jakin. Okerrena zera da, Nekrassov jaunak etsai gehiegi duela.

BAUDOUIN: (GEORGESi) Zure ospeak gaizkitzen duen jendea...

CHAPUIS: (GEORGESi) Eta Moskuk bidalia zarela dioena...

GEORGES: Hori absurdua da!

CHAPUIS: Noski (Jaiki eta alde banatan jartzen zaizkio).

BAUDOUIN: Baina kalumniak isilarazi behar dira.

CHAPUIS: Serioski engaiatzen zaituen egintza batez.

BAUDOUIN: Azken finean, joan den hilean, zu oraindik gure herriaren etsai amorratua zinen...

CHAPUIS: Eta hala izateari utzi diozunik ez digu ezerk frogatzen...

BAUDOUIN: Gure betebeharrak zabar betetzen ari ginela sarritan esan digute...

CHAPUIS: ... eta zu mugan jartzea lehenbailehen egin beharrezko gauza zela.

BAUDOUIN: Pentsa ezazu, sobietar poliziaren eskutan jartzen bazaitugu...

CHAPUIS: Egin dituzun deklarazioen ondoren, giro izango da han!...

GEORGES: Horretarainoko barrenik izango al zenukete, frantziar abegikortasunaz fidatu naizen hau, botako al zenukete?

CHAPUIS: (Barrez) Ja! Ja!

BAUDOUIN: (Barrez) Abegikortasuna!

CHAPUIS: (BAUDOUINi) Eta zergatik ez asilo eskubidea.

CHAPUIS: Erdi Aroan gaudela uste dik honek!

BAUDOUIN: Lord ingelesei egiten diegu guk abegi on...

CHAPUIS: Alemaniar turistei...

GEORGES: Amerikar soldaduei...

CHAPUIS: Eta egoitza eragotzitako belgikarrei...

BAUDOUIN: Baina benetan ez zenuen pentsatuko Sobiet Batasuneko hiritarrei ere egingo genienik!

GEORGES: Laburtuz, hau xantaia da.

CHAPUIS: Ez, jauna: dilema da.

BAUDOUIN: Gehiago esango nuke: alternatiba bat (Isilunea).

GEORGES: Fronterara eramanaraz nazazue (Geldiunea).

BAUDOUIN: (Doinua aidatuz) Beraz, Georges polit hori? Gaiztakeriatan hasi behar al duzu?

CHAPUIS: Gandorra altxata, bortitzarena egiten?

GEORGES: (Bapatean altxata) Zer?

BAUDOUIN: Eser hadi! (Eserrarazten dute).

CHAPUIS: Ez gaituk bat ere bildurtzen, ba al dakik?

BAUDOUIN: Guk bai, benetako potrodunak ezagutu ditiagu. Benetako gizonak.

CHAPUIS: Estafagile bat, mundu guztiak zekik txoropito bat dela.

BAUDOUIN: Malgu bat.

CHAPUIS: Eta kilimatzen hasi orduko...

BAUDOUIN: Parrastadan kantatuko huke dena.

GEORGES: Ez dut ulertzen zer esan nahi duzuen.

CHAPUIS: Bai horixe, ederki asko ulertzen duk!

BAUDOUIN: Hi Georges de Valera haizela, alegia, lapur internazionala, eta berehala Goblet inspektorearen eskutan jartzea ez zaigula bat ere kostatzen, atzetik dabilkik eta.

GEORGES: (Barre egiteko ahaleginak eginez) Georges de Valera? Deskuidatuta zaudete! Oso deskuido barregarria. Nik...

CHAPUIS: Ez bururik berotu. Badituk bost egun hire zaintzaileak lau aldeetatik argazkiak hartzen dabilzkiala. Hire hatz markak ere hartu ditiztek. Hire fitxa antropometrikoarekin konparatzea aski izan duk. Galdua haiz (Isilunea).

GEORGES: Kaka zaharra!

BAUDOUIN: Kontutan har ezak: gu ez gaituk hain gaiztoak.

CHAPUIS: Eta gainera, estafa ez duk gure atala.

BAUDOUIN: PJkoen arazoa duk. Eta PJkoak, gure artean ez zeudek ongi ikusiak.

CHAPUIS: Goblet inspektorea, hik dakian lekutik pasatzen diagu.

BAUDOUIN: Bi kazetari horiei gibela eguzkitara atera nahi zieagu. Besterik ez.

CHAPUIS: Eta hik ekartzen badiguk, nahi duan arte Nekrassov izango haiz.

BAUDOUIN: Mesederen batzuk egingo dizkiguk noizean behin.

CHAPUIS: Noizik eta behin holako edo halako aurkeztuko diagu.

BAUDOUIN: Eta hik ezagutzen duala esango duk: guri gustoa emateko.

CHAPUIS: Eta guk esker orde, mingaina jango diagu.

BAUDOUIN: Guk beste inork ez baitaki ezer, ulertzen?

CHAPUIS: Kontu egin ezak, Kontseiluburuari esan zaiok.

BAUDOUIN: Baina berak ez dik ezer egiten: ezertxo ere ez zekik.

CHAPUIS: «Ez dut jakin nahi» esan dik.

BAUDOUIN: Eta gizon horrek, zer nahi duen ederki asko zekik!

CHAPUIS: Ulertzen al duk katramila, txoriburu horrek?

BAUDOUIN: Ostegunean, hire bila etorriko gaituk eta epailearengana eramango haugu.

CHAPUIS: Duval ezagutzen al duan galdetuko dik...

BAUDOUIN: Eta hik, baietz erantzungo duk: beste erremendiorik gelditzen ez zaialako.

CHAPUIS: Gabon, kuttun hori: hire nahia!

BAUDOUIN: Osteguna arte, potrozorri. Ez ahaztu! (Irten egiten dute).

 

 

XVI. AGERRALDIA

 

GEORGES bera bakarrik; gero DEMIDOV

 

GEORGES: Bueno!... Bueno, bueno, bueno... (Ispilura joaten da). Agur haurtzaroko errusiar estepa, agur ospea! Agur, Nekrassov! Agur, gizarajo horri! Agur, traidore, zaborreria, agur, gizatxarra! Gora Georges de Valera! (Patrikak miatuz) Zazpi mila libera. Mundua azpikoz gora jarri eta horrek zazpi mila libera besterik ez dit eman: ofizio kaxkarra (Ispiluari. Georges, lagun zahar Georges, ez dakik zer poz ematen didan hi aurkitzeak! (Berriz igotzen da). Jaun-andreok, Nekrassov hil denez gero, Georges de Valera ondo bizi esan eta hanka egitera doa (Hausnartuz). Sarrerako atea: inolaz ere ez; txakurrak zaintzen daude. Zerbitzu sarrera... (Eskuineko atea irekitzera joaten da). Kaka zaharra: nere bi zaintzaileak trantsitoa zainizen ari dira (Sala zeharkatzen du). Leihotik? (Burua ateratzen du). Lurretik hamar metrora dago: lepoa hausteko ere! Zorrotenik ere ez dago begien bistan (Leihoaren ertzera igotzen da). Urrunegi. Jainkoa, nere bi zaintzaileak entretenitzeko biderik aurkituko banu... (DEMIDOV sartua da, gerritik heldu eta lehotik jaitsarazten du).

DEMIDOV: Hori ez, burkide. Nik debekatzen diat.

GEORGES: Nik...

DEMIDOV: Suizidioan lehendabiziko hiru hilabeteetan pentsatzen duk. Gero ikusiko duk, bat jarri egiten duk. Hortik pasea nauk (Konfidentzia gisa). Sala haunditik pixka bat edan dudalako alde egin diat. Ez diat kazkartu behar burkide. Hire kontu. Ni kazkartzen naizenean, bildurgarria nauk.

GEORGES: (Arreta handiz) A! Bai?

DEMIDOV: Bai.

GEORGES: Benetan bildurgarria?

DEMIDOV: Dena txikitzen diat. Baten bat garbitu ere bai batzuetan.

GEORGES: Interesgarria benetan, esaten ari haizena! (GONBIDATUAK eta BOUNOUMI ANDEREA tropoiloan sartzen dira).

 

 

XVII. AGERRALDIA

 

GEORGES, DEMIDOV, BOUNOUMI ANDREA, PEDRIERE, GONBIDATU GUZTIAK

 

BOUNOUMI ANDREA: (GEORGESi) Noizpait ere zuregana hurbil gaitezke! Ez zara oraindik joatekoa izango, noski? Lagunarteko jolasei hasiera ematera goaz.

GEORGES: Lagunarteko jolasak?

BOUNOUMI ANDREA: Bai!

GEORGES: Kremlineko jende guztia barrez leherrarazten zuen joko bat ezagutzen dut.

BOUNOUMI ANDREA: Ezagutzeko gogoa sartu didazu: zer da?

GEORGES: Ba, hara: umore onean geunden egunetan Demidovi trago batzuk harrarazten genizkion. Ez zenituzkete sinestu ere egingo edaten duenean burutik pasatzen zaizkion ideia zoragarriak. Egiazko poeta bat da.

BOUNOUMI ANDREA: Baina, beretan xarmanta da! Probatuko bagenu?

GEORGES: Zuek hotsa atera ezazue, gainontzekoa nere kontu.

BOUNOUMI ANDREA: Demidov mozkortu behar da: edan duenean nahiko barre egin omen daiteke beraren kontura (GONBIDATUEek kontsigna pasatzen dute).

GEORGES: (DEMIDOVi) Gure lagunek hirekin topa egin nahi ditek.

DEMIDOV: Tira, ba (Zerbitzari batek bandeja batean dakartzan basoei begira). Zer da hori?

GEORGES: Dry Martini.

DEMIDOV: Amerikar edaririk ez. Vodka!

BOUNOUMI ANDREA: (Zerbitzariei) Vodka!

DEMIDOV: (Basoa altxatzen du) Sobietar burokraten deuseztapenari, topa!

BOUNOUMI ANDREA eta GONBIDATUAK: Burokraten deuseztapenari!

GEORGES: (Bandejatik baso bat hartu eta DEMIDOVI eskainiz) Teknokratak ahazten zaizkik

DEMIDOV: Teknokraten desegiteari! (Edan egiten du).

GONBIDATUEK: Teknokraten desegiteari!

GEORGES: (Beste baso bat luzatuz) Eta Orlov? (GONBIDATUEi). Bere bulego burua du.

DEMIDOV: (Edanez) Oloven urkatzeari!

GONBIDATUEK: Orloven urkatzeari!

GEORGES: (Baso bat luzatuz) Alderdi boltxevike-boltxevikearen alde topa egiteko aukera egokia duk hauxe.

DEMIDOV: Hala uste al duk?

GEORGES: Noski! Horrela ezagutaraziko duk: publizitatean pentsatu beharra zegok.

DEMIDOV: Alderdi boltxevike-boltxevikeari!

GONBIDATUEK: Alderdi boltxevike-boltxevikeari! (Gehienak nahiko mozkortuta daude. Paperezko sonbreroak, txilibituak, serpentinak azaltzen ikusten dira. Hurrengo agerraldian DEMIDOVen erretolikak txilibituen hotsez lagunduko dira).

DEMIDOV: (GEORGES!) Zeri egin behar dut orain topa?

GEORGES: (Baso bat emanez) Hire kardintxuloari.

DEMIDOV: Nere kardintxuloari!

GONBIDATUAK: Beraren kardintxuloari! (GEORGESek beste baso bat ematen dio)

DEMIDOV: Eta orain?

GEORGES: Ez zekiat, baina... beharbada Frantziari; gizalegearekin betetzeko.

DEMIDOV: Ez (Basoa altxaz). Artzain gaiztoek preso daukaten errusiar herri onari!

GONBIDATUEK: Errusiar herriari!

DEMIDOV: Zuek askatuko duzue, ez al da hala? Nere errusiar herri gaixoa askatuko duzue?

DENAK: Askatuko dugu! Askatuko dugu! (Txilibitu hotsak).

DEMIDOV: Eskerrik asko. Nere herriaren gainera etorriko den burdin eta suzko uholdeari, topa egingo dut.

DENAK: Uholdeari! Uholdeari!

DEMIDOV: (GEORGESi) Zer ari naiz edaten?

GEORGES: Vodka!

DEMIDOV: Ez!

GEORGES: Hara! (Botila hartu eta erakusten dio).

DEMIDOV: Ahal duenak, alde! Vodka hau frantsesa da. Ni traidore bat naiz.

GEORGES: Tira, Demidov!

DEMIDOV: Ixo, militantea! Vodka frantsesa edaten duen errusiarra, bere herriarekiko traidorea duk. Garbitu egin behar nauzue! (Denei). Bra! Zeri begira zaudete?

BOUNOUMI ANDREA: (Baretu nahian) Demidov maitea, ez zaigu ezta burutik pasatzen ere!

DEMIDOV: (Gaizki hartuz) Orduan denak aska itzazue, denak. Errusiar guztiak! Bizirik bat bakarra gelditzen bada, bere behatzaz ni markatzera etorriko da eta bularrean jarriz hauxe esango dit: Fiodor Petrovitx, vodka frantsesa edaten aritu haiz (Irudipenezko solaskide bati erantzunez). Orloven errua da, aitatxo: nik ezin nuen eraman! (Edan egiten du). Bonba askatzaileari! (Isilune bildurgarria. PERDRIEREri mehatxuzko doinuan). Edan ezak, hi!

PERDRIERE: (Erdi itoan) Bonbari!

DEMIDOV: (Mehatxuka) Zein bonbari!

PERDRIERE: Nik zer dakit ba... H bonbari!

DEMIDOV: Putrea! Zakur amorratua! Lehergailu batekin historia geldiaraziko duala guri sartzea uste al duk?

PERDRIERE: Nik ez dut gelditzerik nahi, ordea!

DEMIDOV: Nik berriz, gelditzea nahi dut, eta berehala gainera. Nork idazten duen bai baitakit! Nere herri gaisoak bere artzai gaiztoekin. Ulertzen? Orlovek berak idazten du historia eta ni bertatik kanpora gelditu naiz habiatik erortzen den txoria bezala (Sala abiada ikaragarrian zeharkatzen duen objektu ikusezin bati begiez jarraikiz). Hori abiada daramana! Geldi ezazue, geldi azkar (Baso bat hartuz). Lurra desegingo duen bonbari edaten dut (PERDRIEREri). Edan ezak!

PERDRIERE: (Ia ito beharrean) Ez.

DEMIDOV: Ez al duk nahi lurrak zart egin dezan?

PERDRIERE: Ez.

DEMIDOV: Eta nola geldiaraziko duk gizonen historia gizadia desegiten ez baduk?. Leihoari. Begira ilargia. Antzinan, lur bat zen. Baina ilargiko kapitalistak zuek baino kementsuagoak izan ziren; asuntoari usain txarra hartzen hasi zirenean kobaltozko zanbatekoka beren atmosfera irentsi zuten. Horrek esplikatzen du zeruetako isiltasuna: milioika ilargi ari da espazioan itzulinguruka, milioika erloju historiaren ordu berean gelditurik. Eguzkiaren ondoan tik-tak eginez bat bakarra gelditzen da, baina zuek kemenik baduzue, zarata eskandalagarri hori bukatzera doa. Hurrengo ilargiari, topa! Lurrari! (GEORGESek ihesari eman nahi dio). Nora hoa, militantea? Ilargiari, topa egin!

GEORGES: Ilargiari!

DEMIDOV: (Edan eta berriro bota egiten du nazkaz) Puah! (GEORGES!) Konturatzen al haiz, militantea; ilargi-gaiaren gainean negok eta vodka frantsesa edaten ari nauk. Jaun-andreok, traidore bat naiz! Historiak irabaziko du, ni hiltzera noa eta haurrek nere izena irakurriko dute liburuetan: Demidov traidoreak vodka frantsesa edaten zuen Bounoumi andrearenean. Errudun naiz jaun-andreok, errudun datozen mendeen aurrean. Altxa itzazue zuen basoak, bakarrik sentitzen naiz (PERDRIEREri).Hi, zakur amorratua, oihu egin ezak nerekin batera: Gora prozesu historikoa!

PERDRIERE: (Hezurretaraino ikaraturik) Gora prozesu historikoa!

DEMIDOV: Gora bekorotza bezala zanpatuko nauen eta gizarte zaharkituak nik mahai hau puskatzen dudan bezala txikituko dituen prozesu historikoa! (Barrako mahaia lurrera botatzen du. Izua).

 

 

XVIII. AGERRALDIA

 

LEHENGOAK, BI ZAINTZAILEAK, GOBLET, SIBILOT

 

GEORGES: (Eskuineko atea bi zaintzaileei irekiz) Erotu da! Eutsi iezaiozue! (Bi zaintzaileak oldarrean joaten dira DEMIDOVengana. GEORGES hanka egitera doa, baina aurrez aurre GOBLETekin topo egiten du, hau eskuineko atetik SIBILOT zeharo mozkortuta bizkarrean duela orduantxe sartzen baita).

GOBLET: (SIBILOT besaulki batean etzanaraziaz) Etzan hadi, adiskidea. Itxaron, zapi busti bat jarriko diat.

SIBILOT: Goblet on puska hori, nere ama haiz (Negarrari emanez). Nere ama saldu dut. Sukaldera erakarri dut estafagile baten atxilotzea eragozteko!

GOBLET: Zein estafagile?

SIBILOT: Georges de Valera! (Arte horretan, GEORGESek itzulinguruka eskuineko ateraino iristeko ahaleginak egiten ditu SIBILOT eta GOBLETen aurretik pasa gabe).

GOBLET: Georges de Valera, non da? (GEORGES eskuineko ateraino iritsi da).

SIBILOT: (Behatzaz apuntatuz) Hor! Hor! Hor!

GOBLET: Jaungoiko Santua! (Pistola atera eta GEORGESen atzetik korrika ateratzen da tiro batzuk botaz).

GONBIDATUEK: (Hezurretaraino ikaraturik) Fusilatzaileak! Fusilatzaileak!

DEMIDOV: (Estasiaturik) Noizbait ere! Bazen garaia! Hona hemen Historia!

 

(BAUDOUIN eta CHAPUIS GOBLETen atzetik hari segika ateratzen dira; DEMIDOV zaintzaileengandik libratu eta inspektoreen atzetik ateratzen da segika; zaintzaileak bere baitaraturik honen atzetik ateratzen dira korrika).

 

OIHALA

 

aurrekoa | hurrengoa