|     55 zenbakia, 1982 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

ABELINO BARRIOLAREN
BIZTELESTIA

 

        Donostian, 1876gn. urtean jaio zen Abelino Barriola jauna, Puio zeritzan eta gaur Fermin Kalbeton deritzan kalean. Parisen egon zen urtebetez, Donostiako Marianisten eskolan komertzio-ikasketak amaitu ondoren. Han, musika, antzerki eta irakurketari ekin zion.

        Antzerki giroan sartuko da, Donostiara itzuli bezain laister. Hasi da lanean ere eta berehala ezkontzen da Merzedes Irigoyen andereñoarekin, 1906gn. urtean.

        Centro Católico zeritzana zen, garai hartan, antzerki arloan zebiltzanen biltoki eta Toribio Altzagaren zuzendaritzapean emango ditu bere lehen urratsak antzezlaritzan, gaztelaniazko emanaldietan.

        «Meza Berria» izeneko obrarekin lortuko du bere lehen saria, Eibarren, Gipuzkoako Aldundiak eratu ohi zituen txapelketan. «Aldiz-Aldiz» obrarekin irabaziko du bigarren saria, Azkoitian, urte bi geroago. «Lagun Txar Bat» deritzanarekin lortuko du, berriz, hirugarrena, Donostian. Urrengo txapelketan parterik hartzen etzioten utzi, hiru bider saritua izan zelarik.

        Erabaki hark, ordea, etzuen agortaraz Abelinoren iturri emankorra, eta etsipenaren sareetan murgildu etzelarik, berak ipiniko dio hitzkia «Zorigaiztoko Eguna» deritzan zartzuelari, 1911gn. urtean eta J. Olaizolak, berriz, musika. «Zulo Madarikatua» ere urte berean bukatzen du. Geroz, «Gai Dagoanaren Indarra» (1915), «Maitasunak» (1923), «Goi-Argi» (1934), «Zozoarro» (1935) eta «Manttoni Koipe» (1936) gnan. idatziko ditu.

        Antzerkia ezik badu beste ekintza garrantzitsu eta aipagarririk Abelino Barriolak. «Iztunde» eskolarekin bat eginik, bere eraginez ugaldu ziren antzez emanaldiak, eta baita antzerkigileen lanak ere.

        Abertzale sutsu eta Alderdikide leiala izan zen betidanik politika arloan. Donostiako Kontzeju barruan egon zen (1916-1920) eta Diputadu izan zen, berriz, 1920tik 1923garrenera bitartean.

        1936garrenean sortu eta euskaldunok galdu genuen guda madarikatu hark ebaki zuen Abelinoren ekintza zoragarria. Aberrira itzultzeke, Pauen itzali zen gure izar disdiratsua, 1944 garrengo Otsailaren 11'an.

 

aurrekoa | hurrengoa