|     55 zenbakia, 1982 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

Iñaki Barriola,
Abelinoren semeak
aurkezten digu aitaren giza irudia,
elkarrizketa honetan

 

        ANTZERTI: Zure aitaren etxeko eta gizarteko giroa jakin nahi genuke Iñaki.

        IÑAKI: 1876gna. azaroaren hamarrean Donostiako Puruelo kalean jaio eta Paben hil zen, 1944gngo. otsailaren hemeretzian. Lau senideetan bigarrena zen. Langile sendi bateko semea. Oinetakogilea zen bere aita eta gure aitona. Herri-eskolako ikasle izan zen haurtzaroan. Bera izan zen lehenengo ikasleetako bat, Marianistak Frantziatik Donostiara etorri zirenean. Haiekin ikasi zuen frantzesera eta «komertzio» zeritzan ikasketak burutu. Irakurle amorratua zen ttiki-ttikitandik eta El Quijote eta beste zenbait liburu irakurtzen zituen, orduan ohi zen bezela, nahiz eta etxeko giroa zeharo euskalduna izan. Ikasketak amaitu ondoren, Parisera joan zen, eta urtebete eman zuen han, aitaren langintza hobeto ikasteko asmoz.

        Lanean hasi zen, berriro Donostiara zenean eta gero nere ama izango zen Mertzedes Irigoien hartu zuen emaztetzat 1906garrenean, 27 urte zituelarik. Zortzi seme-alaba sortu ziren maitasunezko kibizto hartatik.

        Lanetik ostera, ilunabarretan, «Centro Catolico» zeritzan biltokian elkartzen zen lagunekin eta han eman zituen antzezlaritzako lehen urratsak, gazteleraz bereiziki. Gero, Batzokiak sortzen hasi zirenez, Donostiakoan ekin zioten euskal antzerkiari.

        ANTZERTI: Bertako giroak ala Parisen ikusitakoak eragin ote zion antzerkigintzara?

        IÑAKI: Parisko giroak sendotu zion jakintza edo kulturarako egarria. Irakasle izan zituen Maristek bai omen zuten Saint Stanislas izeneko ikastetxe bat eta haruntza joateko ohitura omen zuen. Irakurketa, antzerki eta musikarako zaletasuna indartu zitzaizkion han.

        Antzerki lanak irakurtzen zituen ala ez esatea, zail zait. Geroxeago argitaratu ziren bezainbat ez bait zitzakean eskutara. Hemengo antzerki sariketetan ere epaile edo mahaiko izan ohi zen gehienetan. Atzerrietaratzen zenean ere ikusten zituen antzez-emanaldiak, ahal zuenez behintzat. Gazte nintzelarik, gogoan dut «Karmen» opera Bordelen nola ikusi genuen elkarrekin, eta Madrilen nengoelarik ere bai.

        ANTZERTI: «Meza Berria», «Aldiz-Aldiz», «Gai Dagoanaren Indarra» eta «Lagun Txar Bat» dira gure ustez zure aitaren lanik ezagun eta aipatuenak. Gure iritzi bereko al zera zu ere? Edo, hoberik bai?

        IÑAKI: Hoiek ezik, «Zulo Madarikatua», «Zorigaiztoko Eguna», «Zozoarro» eta besteren bat ere bai, agian. Hobea zein? Gai eta mota ezberdinekoak direlarik, ez zait erreza zure galderaren erantzuna. Bere neurrian sakonenak, «Lagun Txar Bat», «Maitasunak» eta «Goi-Argi» direla esango nizuke eta azkeneko hau hiruretan helduena, nere iritziz.

        ANTZERTI: Abelino Barriolaren iritzi politikoak zer-nolakoak izan ziren?

        IÑAKI: Abertzale eta Alderdikideetan lehenengotakoa izan zen. Donostiako Kontzejukoa eta Gipuzkoako Aldundiakoa zen, Alderdiaren ordezkari beti, Primo de Riverak usatu zituen arte.

        ANTZERTI: Politikaz ostera, Abelinoren gizarte-kezka larrienak zeintzuk ote?

        IÑAKI: Bere sendia batipat, eta bere langintza gero.

        ANTZERTI: 1914gn. urtean, txosten famatu bat aurkeztu zuen Abelinok Donostiako Udaletxean, Academia de Declamación Vasca edo Euskal Iztundea sort zedila eskatuz. Garrantzitsua izan zela al derizkiozu Euskal Iztundearen sorkunde hori?

        IÑAKI: Garrantzitsuena ezezik, beharrezkoa ere bai. Euskal-esnale eta Euskal Herriaren alde ahalegintzen zen aldizkariak bazirelarik ere, euskara ondo erabiltzen eta goi-mailara jasoko zuen erabiderik etzen. Ordurarte, ekintza onuragarri bat egiten zuen «Euskal Fedea» taldeak, urteoroko antzez-emanaldi soil batez, bainan urria zen talde honen ekintza. Antzez-zaletasun hura zuzen eta sendo beharrean aurkitzen zen eta horretarako jaio zen Iztunde Eskola. Antzerkigileentzat ere eraginkorra izan zitekeen antzez-emanaldiak ugaltze hura eta halaxe gertatu ere.

        ANTZERTI: Urte haietan euskararen osasuna edo izakera nolakoa zen ba al dakizu?

        IÑAKI: Ezberdina zen euskararen osasuna Gipuzkoan eta Donostian. Euskara zen nagusi Gipuzkoako herri ttikietan; Donostian eta herri handietan, berriz, gaztelerak erdi-itoa zeukan gure euskara. Gaztelera erabiltzen zuten goi-mailako jendeek, nahiz euskara jakin, arlote ez agertzeagaitik, eta mirabe eta herritar zehekiko harremanetarako saiesten zuten euskara. Gazteleraz hitzegiten zuten euren etxeetan ere haundi usteko eta aberatsek. Ondotxo ezagutzen zuen Soroa ospetsuak izakera hura eta bai zinez salatu ere bere antzerkien bidez.

        ANTZERTI: Euskal antzerkiaren izakera hobetu ala, alderantziz, txartu egin dela deritzazu, atzotik gaurrera?

        IÑAKI: Guda aurreko eta Errepublika garaiko izakera bereiziki, osasuntsuagoa izan zela euskal antzerkiarentzat, aitor behar dizut. Zaletasun sendo eta sustraitsua zuen euskal antzerkiak Donostian eta beste herri askotan, igandeoro ikusten zenez gero. Gipuzkoan, 1933gn. urtean, 500 antzez-emanaldi burutuak izan ziren. Eta gaur, bat edo beste, han-hemenka, eta kito. Orduko eta gaurko giroaren neurgarri izan daiteke, esan dizudana.

        ANTZERTI: Bere nortasun eta izakeraren atal nagusienak zehaztuko al zenizkidake?

        IÑAKI: Bai. Kanporakoia zen berez bainan barne-bizitza haundikoa. Zabala, ohitura eta erlijio gauzetan zertxobait estua zelarik. Argia, ernea bere bide eta jomugak aukeratzekoan, entzuten zekiena eta bai gogorra ere, behar zenean. Langile porrokatua, bere alor oroetan. Bere izaera txerta nahi izan zigun etxekoeri. Atsegin zuten bere lagun-artekoek, zena zelarik. Iraunkor eta lehiatsu zen politika giroan. Borroka gogorrak sortu zitzaizkion gudaren lehenen egunetan: sinismenaren aurkako ziren Frente Popularrekoekin elkar beharra batetik eta abertzaletasuna bestetik. Donostian gelditu nahi izan zuen, hiria eror-zorian zegoelarik, ez ordea txapel gorria buruan jazteko asmoz, ortzak erakusteko asmoz baizik, argi eta garbi ikusten bait zuen, ordurako, aberriaren ondamena. Sendiak hala erabaki zuelarik, eta bere gogoz etzalarik ere, azkeneko itsasontzia hartu zuen, Frantziaruntz. Han, Lehendakariaren eta gero Gobernuaren serbitzuan egon zen. Alemaniarrak mugara iristean, Pabera egin zuen ihes eta hantxe hil zitzaigun. Bere Donostia maitera itzultzeke.

        ANTZERTI: Pozik beraganatu al zion antzerki munduan murgiltzeak?

        IÑAKI: Nahigaberik aski izan ohi zuen, bai, antzez ekintzak edo antolaketak berak nahi bezala egiten etzirenean. Halaz ere, ordea, pozak ugariagoak izango zituen, noski.

        ANTZERTI: Ager iezaizkiguzu, hitz laburrez, Abelino Barriolaz gero euskal antzerkiak izan dituen une ezderdinenaz... Aipa eta azter itzatzu, arren, une argi eta oparoak; une ilun eta zekenak.

        IÑAKI: Zoritxarrez, hilzorian utzi zuen euskal antzerkia jasan genuen guda hark, urte gehiegitan gainera. Iztunde eskola eta herrietako zenbait talde agertzen hasi ziren, apal eta beldurti, berrogetamarreko azken urteetan. Gogorra eta neketsua, benetan, talde haien berrekintza, hutsetik eta etsaiez inguraturik hasi behar izan zutelarik. Antzezketak urri eta ez garaitan, nornahirentzat... Iztunde eskola, Maria Dolores Agirre zuzendari eta Joxe Mari Etxebeste talde-buru zituelarik, ahalegindu zen lehengo giroa berpiztarazten eta Altzagaren erara, nere iritziz, joera garbi eta landua zelarik, gazteek bide hura etzuten hontzat hartu, ohiturazkoa, alegia, berritasun eta ordukotasunik gabea zela esanaz. Nere ustez, horretxegatik sortu zen «Jarrai» taldea, bide berriak urratu, obra bereziak aukeratu eta antzokietako giroa egunera naharik.

        Talde honek, bere iraupen laburrean, nere iritziz, maila egokira jaso zuen euskal antzerkia. Jardun motza, ekintza laburra, ordea, «Jarrai» taldearena, uzta mardula izan ahal zezan. Gero, iluna berriro. Donostiatik Gipuzkoako herri eta herrixketara aldendu ziren teatro lanak, eta galdu nuen euren aztarna. Zorionez, argi berri bat piztera etorri zitzaigun oiartzuar «Intxixu» taldea, orain hamabi urte. Iritzi ezberdinak eta aurkakoak ere agertarazten dituela agerraldi bakoitzean badakit, neri ordea, garrantzizko lana egiten ari dela iruditzen zait eta ondoren bikain bat erakar dezakeela, luzaro jarraitzen badu. Beste zenbait talde ere bada eta beraien ekintzak ondo zuzenduz, uzta ugaria eta pozgarria ezagut genezakeela sinisten dut eta halaxe opa diot euskal antzerkiari.

        ANTZERTI: Milesker, Iñaki, eta zure aita zenaren usain gozoak iraun dezala gure artean.

 

aurrekoa | hurrengoa