|     55 zenbakia, 1982 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EGINTZA

 

        (Lengo jaungela bera).

 

 

LENENGO IRUDIA

 

Antonio, Josefina ta Isabel

 

(Josefina lanian, Antonio batera ta bestera)

ANTONIO: Ta ori da jakin dezun guzia? Ori ta batere ez berdiñak dira.

ISABEL: Zer nai dezu bada itzik atera ezin bazaie. Alegiñak egin ditut Maritxu gandik zerbait jakiteko, bañan alperrik. Ez dirala asarretu, onez onian atzeratu dirala, bañan betiko bukatu dutela. Ori da arengandik entzun dedan guzia. Anaiarengandik berriz, orrenbeste ere ez.

ANTONIO: Onela ezin jarrai genezake. Zortzi egun mutillaren arpegia ikusi ezin degula, zortzi egun otordu bat alkarrekin egin ez degula, zortzi egun bere gelatik atera nai ez duela, ez lagunetara juan ez kalera, ez iñora. Ez, ezin lezake orrela jarraitu... erotu bear du ta...

JOSEFINA: Ez dakit ura erotuko dan, bañan zuk danok erotuko gaituzula bai. Utzi zaiozu mutillari. Iñor asarretu ote da bere andregaiarekin!

ANTONIO: Zuk esateko ez da gauza asko. Ongi agertzen dezu semearenganako gogo txarra.

JOSEFINA: (Samin). Gogo txarra! Ez ote det bada zuk aña maite? Maitatzia zuk uste dezu dala, kutitziz guzia betetzea, ta aren asmoak betetzeagatik zoro egiñik ibiltzia. Ez, atsekabe abetan ikasi egiten da, ta premiya dauka gure semeak, buru auste batzuek erabiltzeko.

ANTONIO: Neskari arrazoia emaiozu eta ondo egin duela nere semea utzitzea ere bai.

JOSEFINA: Nork elkar utzi duten badakizu?

ANTONIO: Ezta jakingo ere zuekin. Laguntzalle onak dauzkat nik etxean. Neronek bakarrik dana egin bearko detala badakit... Obe!... Neroni juango naiz neskaren billa.

JOSEFINA: Bañan gizona! Egoki arkituko zenduke ori? Zu neskaren gana? Semeak jakingo balu, zentzungabeko zure asmo ori, ez lizuke irtetzen utziko.

ANTONIO: Bere onagatik nik zer nai gauza egingo det.

JOSEFINA: Naiz parragarri agertu!

ANTONIO: Berdin da. Ni neskarengana juango naiz, ta onez ala txarrez asi bearko du berriro nere semearekin.

JOSEFINA: Ja, ja, ja... (Irripar samin bat). Len esan dedana, danok zoratu bear degula, zu aurrena zerala.

ANTONIO: Ixilduko al zera?

JOSEFINA: Obe zenduke zuk ixildu, ta ez orrela ari.

ANTONIO: Ariko naiz nai dedan arte, ta egingo det nai dedana, zuk baño obeto betetzen dakizkidalako gurasoaren eginbearrak.

JOSEFINA: Ori ere entzutekoak giñan. Guraso txartzat egiten nazu.

ISABEL: Ixo ama, pakearengatik.

ANTONIO: Orain bertan noa.

ISABEL: (Geldi naian). Aita, etzaitezela juan, alperrik izango da ta.

ANTONIO: Ta zer egin bear degu ba?

ISABEL: Onez onian arzazu Enrike, eta esaiozu buru auste oiek danak galtzeko artu ditzala beste burulan batzuek. Sendagille egiña ez dago? dijuala bada gaxoetxera, beartsuak ikustera, zerbait egitera, ta lan orretan asi nai ezpadu artu dezala beste zerbait... agian ona izango litzake nere senarrak erosi nai duen irabazbide ori... biyak lan egingo luteke... nere senarrak erakutsiko lioke...

ANTONIO: Nere semeari ire senarrak etzion zer erakutsirik.

ISABEL: Esan nai nizun, lanik ez egin orrek, agian, neska atzeratu ote duen... Lanian ikusita... zer edo zertan saiatzen dala ikusita...

ANTONIO: Enrike'k eztin lanaren bearrik emaztea mantentzeko.

ISABEL: Ta janaren billa datorrela uste dezu Maritxu?

ANTONIO: Etzekiñat.

ISABEL: (Samin). Askan jana, aberea ukullura! Gutxizaz artzen dezute neskaren izaera. Mantenduko dutela, jantziko dutela agian, ta ez du geigo zer eskaturik. Mutillean bear diran gizontasunak sakon ezagutzea, asmo, oitura, sinismen, izapide, sendi zaletasuna, dana jakin, ta ondoren egokia ala eza beretzako dala esatea, ez da neska gazte batek egin lezakena.

ANTONIO: Esan nai den ire anaia ez dala Maritxu'rentzako diña?

ISABEL: Ez, aita, eztet ori esan. Enrike mutil on bat da, bañan... berak nai duen guzia egiten utzi ezkero. Berak nai ez duena egiteratzen danean ez dakigu zer izango dan.

ANTONIO: I baña obea beti. Bai pozik anaitzaz gaizki itz egiten dedana!

ISABEL: Ez da egiya ta samin zait zu poztutzeko itzak eziñ esana. Egiya garratza izan arren, beldurtu egingo al gera geronen artean azaltzea?

ANTONIO: Berdiñak zerate ama alabak.

ISABEL: Ama on baten antza izatea kaltea al da?

ANTONIO: Beti zitalak neretzako.

ISABEL: Ez aita, ez orrelakorik esan. Agindu idazu... Zer nai dezu? Berriro Maritxu'ren gana juatea nere anaiaren alde itz egitera?

ANTONIO: Bai, ori nai diñat.

ISABEL: Juango naiz ta ekarriko det.

ANTONIO: (Alai). Egin zan ori....

ISABEL: Bañan ekarri bakarrik... geigo ezingo det... Enrike'ren aurrean jarri ta itz egin dezatela. Itzaldi orretan adiskidetuko diran ala ez, ez dakit nik...

ANTONIO: Ekartzen baden antolatua zion dana... Nik eta nere semeak...

ISABEL: Aita, zuk ez.

ANTONIO: Ekartzan, ekartzan. (Alabari ateraño lagunduaz. Onek irten baño lenago ama laztandu).

 

 

BIGARREN IRUDIA

 

Antonio ta Josefina

 

JOSEFINA: Zein ona dan gure Isabel! Ta zein gutxi maite dezun Antonio! Enrike, Enrike, dana semearentzat dezu.

ANTONIO: Zuk alabarentzat bezela.

JOSEFINA: Gajoari zer egiten diot, bada nik? Bizitzeko ere laguntzarik ez badiogu ematen.

ANTONIO: Eman zaiozu. Nork galerazten dizu?

JOSEFINA: Berak ez du ezer artu nai Pedro gandik ez bada, ta zuk...

ANTONIO: Arri, ezer ez.

JOSEFINA: Ta alabari... ezta.

ANTONIO: Berak nai zuena egin zuen, ta jarrai dezala. Etziran asmo abek nere alabarentzako neukazkianak. Orri eman genion aziera ta ez emengo ikastetxe onenetan bakarrik, baizik Prantzi ta Inglaterrako berezienetan ta dana... arlote batekin ezkontzeko.

JOSEFINA: Bai zuk naiko zenion etxe, izen aundi bateko semeren bati eman, ongi agertzen zekienen bati, naiz ardipat berak izan ez, ta jazkera ta itxura apainpean gogo ta soin ustelduak estali.

ANTONIO: Danetakuak dira.

JOSEFINA: Gure alabaren billa etorriko zana etzan gain gañekoa izango..., ta ez bera gutxitzakotzat daukadalako bañan... gu geroni zer izan gera?... zer gera? (Apalki ta eztikor). Aztu zaizkizu gure asierak?... ni neskame... zu mutil... zer giñan Pedro'ren sendia baño geigo?

ANTONIO: Nere jatorriz ez naiz lotsatzen.

JOSEFINA: Lotsatu! Nork dio? Gallandu baizik. Guk egin deguna Pedro'k egin lezake... ta guk baño errazago... guk lagunduta. Euskotar ona, zintzoa, sendoa, garbia, ondo aziya, zer geigo bear du gure alabak sendi on bat sortzeko, aurtxo osasuntsu ta eder batzuek azitzeko?... Antonio, eskatzen dizun laguntza emaiozu.

ANTONIO: Enrike'ri emateko asmoa det.

JOSEFINA: Enrike ez da gauza.

ANTONIO: Neronek lanean erakutsiko diot, ta Pedro'k berekin ari nai badu...

JOSEFINA: Pozik, ori nai du gure alabak. Besteren mendetik irten dedilla. Anaiarekin txit lagun da ta, alkar ondo eramango dute.

ANTONIO: Bai baño aurrena Enrike ortaratu bear degu.

JOSEFINA: Berotu zaiozu gogoa. Adoretu zazu.

ANTONIO: Bai, poztu egin bear det, ta neska etorri bañan lenago. Bere gelara nua, zortzi egun abetan irten eztan gelara.

JOSEFINA: Nai dezu nik ots egitea?

ANTONIO: Obe, ia bere gela zulotik ateratzen degun.

JOSEFINA: Bereala (Juanaz).

ANTONIO: Jakin al banezake neska mutil oiek zer izan duten! Utsenbat... esango balu!... bañan musinduta jarraitzen badu alperrik izango dira nere galdeera guziak.

 

 

IRUGARREN IRUDIA

 

Antonio ta Enrike, bukaeran Josefina

 

ENRIKE: Zer nai nazu?

ANTONIO: (Altxa, semearen gana juan ta oso maitaki itz egiñaz). Mutil... ikusi alitekek ire arpegia? Itxura ona artzen ari aiz!... argaldu... begiak garrondoraño sartu zaizkik, bekokia zimurtu... zar itxura artu... ta dana zergatik?... utsa gatik... neska baten gatik... orrenbeste diran lekuan... ator, ator onera, au al da gazte baten bizikera, etxe zuloan sartu ta zortzi egunean atera gabe?...

ENRIKE: Irtetera nijuan.

ANTONIO: Beingoan! Nora?... kasinora?... lagun artera?... jaien batera?... nora? esantzak.

ENRIKE: Nora nai...

ANTONIO: Ezingo aiz beti orrela egon. Zer edo zertan asi ari... zer edo zer egintzak.

ENRIKE: Egin? Egundaño egin al det? Gauza al naiz ezer egiteko?

ANTONIO: Etzakela ori txantxetan ere esan.

ENRIKE: Alper, ta alperrikako bat naiz.

ANTONIO: Oraindik geigo?

ENRIKE: Txantxetan!... Zer da nere bizikera? Egundaño ezer gauza danik egin al det?... Zertarako jaioa naizen bai al dakit nik?

ANTONIO: Burua galdu dek. Ire ikasketa guziak alperrikakotzaz dakaizkik?

ENRIKE: Ikasi, ta nola! Ta zertarako ikasi ikaste oien bitartez neronen, edo besteren ontasuna arkitzen ez badakit.

ANTONIO: Artez ua... ori dek. Asi ari lanian. Lanak ez nekatu, baizik poztu ta alaitu egiten dik. Nere gazte egunetako lan egiteak! Gau ta egun, ekiten niokan, neurririk gabe, nere sendiaren bearrak beti begi aurrean nekaizkiela... Asi, asi ari...

ENRIKE: Ez naiz gauza, gañera sendakintzan ezer ez dakit.

ANTONIO: Asieran besteak zekitena. Ikasiko dek; saiatu ari. Nai aldek izen aundikoen batengana juan?

ENRIKE: Ez...

ANTONIO: (Ixil aldi bat). Ta beste lanen batean?

ENRIKE: Zertan?

ANTONIO: Pedro'rentzako eskatu naken irabazbide orretan naiko ukek.

ENRIKE: Ez. Berari emaiozu.

ANTONIO: Arri ez, iri nai badek.

ENRIKE: Pedro nere aldean gizona da, emaiozu.

ANTONIO: Ta ik... (Enrike'k bizkarra altxiaz). Enrike, ez aut orrela ikusi nai. Zer nai dek? Neskarekin berriro asi.

ENRIKE: (Bizkor). Ez...

ANTONIO: Ori ere ez? (Antonio gelditzen da arriturik. Ixil aldi labur bat). Ua ba orduan ibilte aundi bat egitera, Prantzira, Inglaterra... Alemanira... nai dekan lekura... ua... beste lurrak ikustera... beste emakumeakin emengoa aztutzera...

ENRIKE: Ez det nai. Trenak... Hotelak... nekeak... beti arpegi berriak... aspergarria zait.

ANTONIO: Zer nai dek orduan?

ENRIKE: Pakean utzitzea. (Pizkor ta gogor).

ANTONIO: Ta etxean baztertuta bizitzia. Nola nai dek guk ori onez eramatea.

ENRIKE: Ta zergatik ez. Etzaiteztela nere ondotik ibili, mukitsu bat baniz bezela, utzi nazazute nai detan bizikera egiten; zaudete nigatik ardurarik gabe.

ANTONIO: Ez, ez.

ENRIKE: Zergatik ez?

JOSEFINA: (Senarraren gana juanaz). Antonio, Faustino'k zurekin itz egin nai du.

ANTONIO: Orain?... Orain ez.

ENRIKE: Neregatikan bai... ni kalera nua.

ANTONIO: Eztiat bear nikan guzia esan. Itxon zak.

ENRIKE: Gelan egongo naiz

JOSEFINA: Zer esango diot?

ANTONIO: (Ixil aldi bat ta gero dio Antonio'k). Datorrela. (Josefina atzeratuko

da ta eskuarekin ots egingo dio Faustino'ri).

 

 

LAUGARREN IRUDIA

 

Antonio ta Faustino

 

FAUSTINO: Egun on Antonio.

ANTONIO: (Gogo txarrez ta eseriaz). Egun on.

FAUSTINO: Etxetik netorrek. An utzi diat ire Isabel gure Maritxu'rekin. Alegiñak egiten zizkak onera etortzeko bañan alperrik; orregatik netorrek ni... ire alaba gajua negarrez ikusiak kupituta. Maritxu'k eztik etorri nai, ez guk galerazten diogulako. Zer izan duten guk etzekiagu, ta guk etzioagu galdetu ere. Neskak egun txarrak erabili dizkik, bañan beti bezela agertu dek gure aurrean, aski dek eta, bere atsekabeak bakarrik eramateko.

ANTONIO: Axaleko miñak...

FAUSTINO: Bazekiat egun txarrak daramazkitzutela ta zergatik? semea ez dezutelako alai ikusten. Uste dek gurasoaren egitekoa dala beti semea alaitzen egotea. Latzago, latzago azi bear dituk semeak. Ikasi dezala bizitzen; agian ongi etorriko zaiok gertatua (Antonio'k par irri bat); ta ez uste poztutzen naizenik, nik eta nere emazteak zartada aundia artu diagu ta... bañan uste dek itxurakoa dala onela ibiltzea... danak asarre onela bizitzea? Ez: beti bezela jarrai zagun ta lasai gaitezen... ez dek ori eriotza... (Antonio'k ez dio erantzuten; ixil aldi luzea). Ta orain baniak... barka nazak... ta agur...

ANTONIO: Ao. Ik ezagutzen dek Jauregi, burni tratuan ibiltzen dana?

FAUSTINO: Nola ez?

ANTONIO: Saldu egin nai dik.

FAUSTINO: Bai, atzo jakin diat, bere emazteak esanda.

ANTONIO: Irabazpide polita izan bear dik. Enrike'rentzat artuko ote detan niok.

FAUSTINO: Gizona poztutzen nak! Nork zekik lanean aste orrek ez ote duen osoro biurtuko... ta agian berriro...?

ANTONIO: Ortan nebilek, bañan Enrike'k eztik nai.

FAUSTINO: A! Ori txarra! Ain gaizki oitua ziok...

ANTONIO: Agian ik esanda.

FAUSTINO: Nik, pozik bañan zer nezakek?

ANTONIO: Maritxu'ren osaba aiz... aitatzakoa ere bai... ik esanda...

FAUSTINO: Bereala nai badek. (Antonio'k maigañeko zintzarria juaz).

ANTONIO: Jauregik zergatik uzten dik?

FAUSTINO: Aberastu dalako, ta premi geigo ez daukalako. Ondotxo eskatzen dik.

ANTONIO: Bazekiat.

NESKAMEA: Jauna.

ANTONIO: Ots egin señorituari.

NESKAMEA: Bai jauna (Juan).

ANTONIO: Berrogei milla duro.

FAUSTINO: Ta eztik gutxiagoan emango; ba! iretzat ori ezer eztek.

ANTONIO: Emen zetorrek, zerbait esan akiok.

 

 

BOSTGARREN IRUDIA

 

Antonio, Faustino ta Enrike

 

(Enrike sartu)

 

FAUSTINO: Ez det juan nai izan zuri agur bat egin gabe. Gertatua gertatu arren, len bezin adiskide arkituko nazu eta lengo eran jarraituko degu bi sendiak.

ENRIKE: Eskarrik asko.

FAUSTINO: Ta orain, zorionak, poztutzeko bidean sartzera zuazelako. (Enrike arritu). Aitak esan dit Jauregi'ren landola erostera dijuala ta zuri ematen dizula.

ENRIKE: Ori esan dizu?

ANTONIO: Bai, iretzako erostea niak, naiko dek?

FAUSTINO: Ez dizu ezetzik esango. Nork lezaizkiken onen urteak ta onelako irabazpide bat eskuetan. Amets gozoak ta zenbaterañokoak egin litezken. Bizikeraren jabe izatea, naiko diru irabaztea, iñoren bearrik gabe, ta laguntzarik gabe nun nai agertzia, ez da ori pozgarria?

ENRIKE: Ta nor atzipetuko detan, nori salneurri aundiagoak sartuko dizkiodan izakera guzia eramatia. Dirua nori ta nola kendu, zenbat eta zenbateraño gorde, gero, agian, etxean sortutako seme batek arrunt bota dezan. (Azkeneko itzak oso illun).

ANTONIO: Ortarako ere jaso egin bear aurrena.

ENRIKE: Ba.

FAUSTINO: Batere ez naiz arritzen zuri onela entzunda; norekin zabiltzan jakitea naikoa da; egun abetan gañera, adimena ere illunpetua daukazu. Asi zaitez lanean, ta gogoz eltzen badiozu beste erara itz egingo dezu.

ENRIKE: Bai, lanak uztarpetzean.

FAUSTINO: Lana bearrekoa da. Agindu bat da.

ENRIKE: Bai, «kopeteko izardiaz irabazitako ogia jango dezu». Polita besteri esateko, bañan al duenak izardirik atera gabe bizi nai du.

FAUSTINO: Orrenbesteko izardi atera bearrik ez dezu izango.

ENRIKE: Egiya. Nik egingo detan lanarengatik.

ANTONIO: Makiñatxobat egiña nak zuen ontasunari begiratuaz, ta orain ere orrengatik nebillek. Erosiko al diat? Esantzak?

ENRIKE: Nork galerazten dizu.

ANTONIO: Galerazi iñork ez, bañan ire gogozkoa dala entzun nai diat.

FAUSTINO: Bai gizona, bai.

ANTONIO: Iretzat orduan.

ENRIKE: Neretzat edo besterentzat.

ANTONIO: Iretzat.

ENRIKE: Neretzat. (Bukatzearren amor egiñaz).

FAUSTINO: Zori onak Enrike, ta iri ere bai Antonio.

ANTONIO: Bai, pozik artzen dizkiat.

 

 

SEIGARREN IRUDIA

 

Lengoak eta Isabel

 

ISABEL: (Atzetik oju egiñaz). Enrike.

FAUSTINO: Isabel nere etxetik zatoz?

ISABEL: Bai.

FAUSTINO: Zure aitari esan diot zure alperrikako lana.

ISABEL: Alperrikakoa ez; Maritxu ekarri det.

FAUSTINO: ta

ANTONIO: Maritxu?

ISABEL: Bai, Enrike'rekin itz egitera.

ANTONIO: Eskarrik asko alaba. Gaur egun alaia argitzen da. Goibel ilumpe bizian daramat aste osoa, bañan zirkillu batetik izpi argi bat agertzen da.

ISABEL: Ez bada tximist argia!

ANTONIO: Guazen orain kalera; gero jakingo den zertara nuan. Guazen Faustino.

FAUSTINO: Agur Enrike.

 

 

ZAZPIGARREN IRUDIA

 

Enrike ta Isabel

 

ISABEL: Zurekin itz egitera dator.

ENRIKE: Nola? Betiko eten bagenituen alkarganako adiskidetasunak? Aldatu da? Berriro asi nai du?

ISABEL: Ez, nik beartu det, derriorrian dator.

ENRIKE: Orduan eztet itz egin nai. Zein naizela usteko du onela nere etxera ekarrita.

ISABEL: Zuk ez diozula ots egin badaki, ni naiz beartu detana... egokia zuretzat arkitzen detalako, ona, biotz aundikoa, isila, besteren akatsak estaltzen dakiena, nabarmentasunik ez dubena. Enrike, ez nuke besterik naiko nere koñatatzat. Ura sartu bañon lenago orregatik esan nai dizut ez daukala zuretzako gorrotorik, ta zuk ere beretzako ez idukitzeko.

ENRIKE: Une batean ere ez da nere biotzean bere kalterako, asmo txar bat sartu.

ISABEL: Argi itz egingo dizu, ala esan dit, len oztu ta atzeratzeko izan dituzuten gai oietzaz... Badakizu bere naia... ez al da zurea berdiña izango?... alkarri amor emanda ez ote zerate batuko?... Enrike... danok nai batean gaudela oldoztu zazu ta danok zuen ona nai degula... ta... banua Maritxu'ren billa. (Eseri oso oldezkor).

 

 

ZORTZIGARREN IRUDIA

 

Enrike ta Maritxu

 

MARITXU: Enrike.

ENRIKE: (Altxa ta bizi bi eskuak luzatuaz). Maritxu, eskarrik asko, ta barka nazazu... Lotsatuta nago... zu nere etxean, ta nere aurrean ikusita. Ez naiz ni izan beartu zaituna.

MARITXU: Badakit.

ENRIKE: (Eseritzera eramanda). Bañan pozik nago... orain;... zu nere aldamenean ikusi utsarekin, juaten dira nere burutik kezka, zalantza ta naigabe guziak. Ikusten det ludia beste era batera, ez nagolako bakarrik... badalako norbait inguruak alaitzen ta argitzen dizkidana ta bizitzeko gogo berria ekartzen didana.

MARITXU: Enrike!

ENRIKE: Zure ondoan izan nai det, zurekin, alai ala asarre, adiskide ala muturka, izketan, jardunian, bañan zurekin, beti zurekin. Zu gabe bizitzeko gogorik ez daukat. (Atzeneko itzak illun).

MARITXU: Ikaratzen nazu, Enrike.

ENRIKE: Egiya esaten dizut. Zoratzeko zorian egun abek igaro ditut ta berriro ortaratu bear badet... zertarako bizi!

MARITXU: Era orretan ez da gaztearen alkartea artu bear. Ezta jolasean ere egiya, ez bai dira jolasak betiko alkarrekin lotu ta sendi bat sortzea. Garai au da, ta orretarako dira gai daudenenaren ibillerak, alkar ezagutzeko garaia, ez txoro-txoro, pozik, alai ta arinki, bi usoren antzera, egun guzian alkar limurtzen egoteko.

ENRIKE: Ori bada bizitzea!...

MARITXU: Mariposaren antzera.

ENRIKE: Zer dio?

MARITXU: Enrike, ez gera aurrak. Gure sasoian ezin gindezke onela ibili txoro-txoro, geroko asmo geigo gabe. Gaizki bukatuko genduke.

ENRIKE: E!

MARITXU: Gaizki esan nai det, ezingo giñakelako atzeratu ondotxo aurreratu ezkero, ta onek bildurtzen nau.

ENRIKE: Ez nazu maite! (Samin).

MARITXU: Etzaitut oraindik maite nai, ortarako nere biotzari gogor egin bear badiot ere.

ENRIKE: Ain gaiztotzat naukazu?

MARITXU: Ez, Enrike. Beste edozein neskak ez lituke nere buruausteak erabilliko, ta nere kezkari ez lioke par besterik egingo, bañan sinismen egizkoa daukat, Jaunari eskerrak ta Onen naiak garbi ikusten ditut. Ni sendi bat sortzera juateko, naiko det nere senarra, nere antzera, Jaungoiko zale izatea, ta, Enrike, zu etzera...

ENRIKE: Nik ez dizut galeraziko nai dituzun elizkizun guziak egiten.

MARITXU: Bañan zu etzera juango.

ENRIKE: Ni... ez...

MARITXU: Enrike!

ENRIKE: Ta zer dio? Sinistu! Nik ere sinisten nuen, edo sinisten nuela uste nuen, txikitan... amak ala nai zuelako... Erakutsi ziran Jaungoiko, trakets bat, aitaren egiten etzuten aurrak kosketan botatzen zituena; gezurrak esateagatik bekatxoak atera azitzen zituena...

MARITXU: Ez da ori Jaungoikoa...

ENRIKE: ...ta beti nondik eta nola gaitz eta miñak gureganatuko zituan ibiltzen zana... Ontasunak berriz... nik ez det ikusi iñori ekartzen.

MARITXU: Gure griñak ta oitura txarrak kentzeko esaten zizkiguten esakerak dirala oiek bakadizu zuk. Jaungoikoa beste gauzarik dala ere bai.

ENRIKE: Jaunak nai ez padu, ez dala ezer gertatzen esaten ez da ba?

MARITXU: Ta ala da. Jaunaren aunditasuna ta errukia nun nai agertzen da, naiz zuek ikusi nai ez.

ENRIKE: Zuk ikustearekin neretzako aski da. Zu zoriontsu zera zure sinismenekin, utzi nazu ni sinismenik gabe, edo oldoztu zazu baditudala, ta zuk bezin sutsuak, ta jarrai zagun.

MARITXU: Ezin!

ENRIKE: Nere ama zu bezelakotxia da, ta ez al da zoriontsua?

MARITXU: Ez.

ENRIKE: Nola?

MARITXU: Biotz barrenen kezka garratzak ditu.

ENRIKE: Aita gandik?

MARITXU: Ta zu gandik.

ENRIKE: Eraman ezin litekena da ori. Galerazten al diogu guk, nai duen bezela ta nai duen aña elizan ta elizakoakin ibiltzen? Zer eskubide erakutsi lezake gure eginpenetan sartzeko?

MARITXU: Senarraren, ta batez ere semearen gain ez eskubide utsa baizik bearra. Berak sortua zera; berea zera.

ENRIKE: Ez bere magalpean beti egoteko. Bizi bear det, neri datorkitan bizikeraz, ta ortarako azke naiz. Gizonaren eskubideak nork laburtu?

MARITXU: Ta Goijaunaren eskubideak?

ENRIKE: Ez ditut ezagutzen.

MARITXU: Ta aren aginduak?

ENRIKE: Zertarako bete?

MARITXU: Etzaitu ikaratzen?

ENRIKE: Zenaiak, keñadak, egundaño iristen ez diranak.

MARITXU: Eskaintzen dizu bizi illezkor zoriontsua edo ikaragarrizko txarra.

ENRIKE: Aski det emengo bizikera ona.

MARITXU: Nere nai guziak artara zuzentzen ditut nik.

ENRIKE: Ta aruntz, eriotzaren aruntz izango danakin nai nazu orain apaiz gonapetu, ezereztu ta txetu.

MARITXU: Betiko atsegiña irabazi bear da, ta ortarako lanak badira, bañan lan abek ez dute gizona, txetzen, baizik aunditzen.

ENRIKE: Elizkizun ta aziera txarrak okertzen dizkitzute adimenaren argitasunak ta sortzen dezute eraman ezin liteken bizikera ospela.

MARITXU: Egizkoak dira.

ENRIKE: Gezurrez sortuak dirala nago.

MARITXU: Ez dezu sinisten (samin).

ENRIKE: Eztet sinistu nai... (legor). (Isil aldi luze bat).

MARITXU: Ez gera ulertzen.

ENRIKE: Ez.

MARITXU: ...orduan.

ENRIKE: ...orduan.

MARITXU: (Altziaz) Bukatu degu.

ENRIKE: Bukatu degu (naigabetuaz).

MARITXU: (Biurtu ta poliki-poliki irtenaz). Agur.

ENRIKE: Agur. (Juten ikusi ta gero etzango da eserlekuan burua esku arten jausiaz).

 

 

BEDERATZIGARREN IRUDIA

 

Enrike bakarrik

 

        Eten da gure alkartea... bigarren aldiz eten, ta oraingoan betiko. Amaitu da dana gure artean. Nere asmoak, nere itxaropenak, batez ere nere inguruan ikusi dedanean, aundiak ziran, zernai bere alde egiteko gertu negon, ta gero, jardunean berotuaz zeta gogorrari ekin diogunean, ez amor apur bat emateagatik danak ukatu ditut. Zipotza izan ni ta nerekoia, iñoren arrazoietara etortzeko!... Bapo! Gizon gelditu aiz Enrike! Andre batek ez au menderatu, bañan ezta, ik ere ireganatu, ta bera gabe ez aiz biziko... Nai detan guzia egiten oitua ta nere nai aundienak jarri ditudan naitasunean eraman det jipoirik aundiena. Guk gizonak, nola nai ibiltzen omen ditugu emakumeak! Nolakoak ezik! Maritxu bezelakoak ez. Zein sakon begiratzen duen! Zein garbi ikusten duen! Gezurra nola esan begi aien argitasunakin nere barren guzia ikusten bazun! Ta orain zer diok? zer esan bear diok gurasoari, ire arrebari?... (Ikaratu) Ez det iñor ikusi nai... iñorekin itz egin nai... nora juan? zer egin?...

 

 

AMARGARREN IRUDIA

 

Enrike ta Julian

 

JULIAN: Kaxo Enrike! Galdetu gabe ta baimenarik gabe netorrek. Eskatu banikan bazekiat zer erantzungo ukan ta... ez aola... Mutil, urte bete badek ez autela ikusi.

ENRIKE: Gezurra!

JULIAN: Urte bete ez bañon... aste bete bai.

ENRIKE: Ta zer bear dek?

JULIAN: Ire arpegiya ikusi, ta i alaitu. Mutil neska batengatik i aon eran. Ori ez bezelako neskak ugari arkituko dizkiagu... nai dekanean.

ENRIKE: Maritxu'ren kaltez itz egitera etorri baaiz, bauake... ara or atea.

JULIAN: Piper miñ ao.

ENRIKE: Ta i berritsu.

JULIAN: Beti bezela. Zer uste dek, i bezela jarriko naizela muxinduta, kixkurtuta, prejituta, neska...

ENRIKE: Zer?...

JULIAN: Neska... neska ezer ez, neska baten-gatik... Lagun guziak jardunean ari dituk ta i aietara eramatea etorri nak.

ENRIKE: Ez nak juango.

JULIAN: Ez aizela juango? Ta zergatik ez?

ENRIKE: Nai ez detalako.

JULIAN: Jarri zaik zeta...

ENRIKE: Nere seta ta iri berriketa. Zertara ator? Zer nai dek?

JULIAN: Zerbait esan, bañan arpegi ori alaitzean.

ENRIKE: Orduan bauake.

JULIAN: I gabe ez. Ire billa netorrek. Guazemak. Egun ederra igaro bearrean giotzik... (Oso limurki). Lagun onaz beti gogoratzenak ni... Biarritz'ara juan bear diagu... Kosme'ren beribillean...

ENRIKE: Ez.

JULIAN: Bukatzen utzi nazak. Kosme, i, ni, ta laugarren...

ENRIKE: Zuen antzeko aluen bat.

JULIAN: Bai zera... (Ixilka bezela). Injeniero alemandar arren andre ura.

ENRIKE: Atxitu dezute?

JULIAN: Kostata, bañan gaur gurekin dek. Senarra mina batzuek ikustera juan dek eta gaur gurekin zetorrek. Lagun ona ez naizela esan nazak, itzaz ni gogoratu nak.

ENRIKE: Ez nak juango. Gizon orri egin nai diozutena billaukeri bat dek.

JULIAN: Oi!... iri burua nastu ditek. Noiz ezkero sartu zaizkik ezpa oiek?

ENRIKE: Etzekiat, bañan ala dek.

JULIAN: Iriak egin dik! Batek egin dikana aztutzeko zazpi mila erabilli bear ta...

ENRIKE: Utzi nazak, utzi nazak arren.

JULIAN: Ez... Injenieroen emakume eder ura dek... musu gorri... bular bete...

ENRIKE: Ao ixilik, zerri bat aiz i.

JULIAN: Kosme... i... ni...

ENRIKE: Aski dekala... ua etorri aizen lekutik.

JULIAN: Bakarrik?

ENRIKE: Bakarrik. Ez nak geigo zuengana juango.

JULIAN: Ara or xantua.

ENRIKE: Ez beñepin i bezin alua.

JULIAN: Luisetan sartu ari... an izango dituk lagun onak... Etzaiz gaizki egongo lepotik zinta urdiña zintzilik dekala.

ENRIKE: Petrala aiz!

JULIAN: Ta i txotxolua; baniak (juateko jira emanaz). Dominus vobiskun... vobiskun... i, vobiskun... (Enrike'k inguruan daukan zerbait bota nai dio).

 

 

AMAIKAGARREN IRUDIA

 

Enrike bakarrik

 

        Astunegia da au! Nik eraman ezin añakoa! Ta zer gertatzen zaiten, neronek ere badakit? Julian'ek arrituta entzuten zidan, par zeri-on, ta nola ez? Ni aien lizunkerizko zaletasunak itsusitzen! Ta zer izan naiz ba ni? Ongose ta zuzentasun auek nondik sortu zaizkit neri? Erotu bearrean nago!... Galdu det nere izate guzia, alaitzen nindun andregaia, ez bere ekandu onari jarraitzearren... Galdu ditut lagunak, ta ondo galduak daude! ez beren oitura lasaietan geigo kutsutzeagatik, ta orain... zer gelditzen zait?... zer egin nezake nere bizikera samin ta atsekabe onetan... (entzuten du barrenen izketan) aita? (atzeratu ta entzunaz) bai, ta pozik dator... (Larri) A! erosi dula Jauregi'ren lantola... (aurreratuaz ta samin) ori gelditzen zait... lana... lanean asi bearra... ta ortarako bizi... (Asiko da sotinka... datorkio asmo bat... oldozten jartzen da, ikara erakusten du, begiak zabalduaz... onela jarraitzen du astitxo batean ta bat batean erabakisendoa artu balu bezela dio).Obe... zertarako bizi... (juaten da irtetera... begiratzen duezkerretata, bizi bizi juanten da eskuitara, bere gela aldera).

 

 

AMABIGARREN IRUDIA

 

Antonio ta Josefina

 

JOSEFINA: (Enrike juaten ikusi ta gero biak sartuaz). Enrike.

ANTONIO: Utzi, gero ots egingo diogu. Alaitu, alaitu Joxepa. Illuntasunak badijuaz... argiya badator... poztu, poztu...

JOSEFINA: Zu onela ikustearekin poztua nago. Erraz egin dezute beaz?

ANTONIO: Bereala bukatu degu. Gizon prestua Jauregi! Berrogei milla duro; etzuen ardipat gutxiago nai. Balio ditu! lan asko egiten dan etxea da. Idatzi degu bear dan agiria. (Erakutsiaz) Utzi dizkat ezagungaiz bost milla duro, illabeteren buruan gañeakoak ordaintzeko, ta nai degunean jabetzera juateko entzunaz irten naiz pozik, ikusten detalako gure Enrike'rentzat aurrerapen ona ta erraza.

JOSEFINA: Poztutzen naiz Antonio, batez ere gure semea lanean ikustearekin. Ezer ez egin orrek kalteak besterik ekartzen ez dizkiote gazteari. Gaurko egunean, guk, gurasoak, zerekin bizia utziagatik, irabazten ez badute danak galtzeko bidean jartzen dira. Gutxik dakite irabazten, banakak gordetzen, geienak galtzen.

ANTONIO: Bai, ala da.

JOSEFINA: Ala ere zu ziñan ba beñere lanean jarri nai etzenuena.

ANTONIO: Gaztea dan bitartean bizikera erraza eman naian, gure gaztetasun garratza gogoratuaz.

JOSEFINA: Obe da garratz azi ta ez bera. Garratz ta latz azi danak eragozpenari gogor egiten badaki, bañan berak... (Entzungo da tiro bat). Zer da ori? (Irtengo da oso larri).

ANTONIO: Utsa. Antontxu'ren trakeskerien bat. (Eskuan daukan idaztia maian gordiaz). Ori baño gaizkio azitako aurrik... (Entzungo da karraxi aundi bat). Zer da? Emaztearen oiua? (bat batera atzera biurtuaz). Enrike... Enrike ...

JOSEFINA: (Agertuko da purrukatua ta zutik ezin egonaz lurreratuko da). Enrike'k... bere burua il du! ...

ANTONIO: Enrike'k?... Argitasuna! tximistaren argitasuna zan!... (Etzanaz eserlekuan).

OIALA

 

aurrekoa | hurrengoa