Durangon, 1985eko Maiatzak 20an Oraintsu arte, mundu zabaleko antzerki obraren bat euskaraz antzestea edota edozein filme arrunt bikoiztea, sekulako albiste izan ohi zen euskal kulturaren kroniketan. Azkenengo urte biotan, ostera, Euskal Telebistaren sorrerak hainbat egoera, egitura, ahalmen eta baldintza mugigaitz goitik behera aldatu ditu. Gaur egun, esate baterako, era bateko zein besteko marrazki bizidun, telesail, telefilme eta bestelako telesaioez gainera, astero-astero metraia luzeko hiru filme euskaratzen dira, hau da, bataz beste 150 urtean. Kopuru hau inor gutxik sinets zezakeen orain dela hiru urte eskas. Telebistak kultura-zabalkundearen zutabeak aldarazi baditu Guttemberg-en galaxia finko, sendo, mardul eta oparo den gizarteetan, zer esanik ez gurea bezalako ahul, txiker, hasiberri eta apaletan. Aldaketa ezezik, erabateko aurrekoz atzerako iraultza. Mendebaleko zibilizazioak jarraitu izan duen garapenean, liburutarako idatzitako hainbat eta hainbat ipuinek, istoriok, nobelak eta antzerkik, zineman lehenik eta telebistan gero, amaitu izan dute. Gurean, berriz, telebistari esker plazaratutako irudiak, auzoko zineman edota kale-bazterreko liburutegian ikusi lehenik eta irakurri gero, egin ahal izango ditugu. Hauxe da, eta ez beste, eskuartean duzuna irakurle. Hau da, Shakespearek idatzi eta BBC-k irudiratu zuena, Euskal Telebistaren bitartez euskaraz antzestua lehenik eta, bidenabar testua inprimategira eramana, gerora ezin hobea telebistarako nahi-ta-nahiez egin beharreko itzulpena argitaratu ahal izateko. ETB-k, bi hilabetetik behin, Shakespeareren antzerkiren bat eskaintzeko asmoa du. Testua eskutan izatea, laguntzaile ona gerta dakizuke. |