|     73 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


II EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(Erroma. BRUTOREN lorategia)

 

BRUTO bere lorategira sartzen da.

 

BRUTO: Eh, Luzio! Izarren ibileratik ezin diot igarri zenbat falta den eguna argitzeko! Nahiago nuke horren sakon lo egiteko gaitza baneuka. Tira, Luzio, tira; esnatu, entzun: eh, Luzio!

 

(LUZIO sartzen da)

 

LUZIO: Deitu egin al duzu, jauna?

BRUTO: Kandela jar zaidazu ikastegian, Luzio: piztutakoan, etorri hona dei egitera.

LUZIO: Hala egingo dut, jauna. (Badoa)

BRUTO: Beraren heriotzaz izan behar du, eta nik neure aldetik, ez dut arrazoi pertsonalik haren aurka jartzeko, guztiekikoak baizik. Koroatua izan nahi du: auzia da: nola alda lezake hori bere naturak? Sugegorria ateratzen duena da egun argia, eta horretarako kontuz ibili behar da. Koroatu? Orduan ziur nago kalte egiteko moduko eztena ematen ari gatzaizkiola. Boterea eta errukia banatzen direnean gertatzen da haunditasunaren abusua: eta egia esateko, inoiz ez dut ikusi Zesarrengan grinak arrazoiaren gainetik nagusitzen. Baina gauza jakina da umiltasuna eskilaratzat erabiltzen duela handinahikeriak lehenengotan, baina igo-ala aurpegia itzultzen dio igonahiak: baina goren-mailaraino iritsi bezain laster, bizkarra ematen dio eskilarari, begiratzen die hodeiei, egon deneko behe-mailak arbuiatuz. Hori egin lezake Zesarrek ere; orduen eragotz diezaiogun egin ahal ez dezan. Eta nola auziak ez daukan oinarri onik bera zer den kontutan harturik honetara aurkeztu dezagun: bera dena, areagoturik, halako eta halako ertzetara iritsiko litzatekeela: beraz, suge-arrautzatzat hartu beharra dago, zeina berotzen bada haren espeziekoak bezain kaltegarri bihurtuko den, eta horregatik hil behar da oskol barruan.

 

(LUZIO sartzen da)

 

LUZIO: Kandela piztuta dago zure ikastegian, jauna. Leihoan sukarri bila nabilela, paper hau aurkitu dut, honetara zigilatua, eta ziur nago ez zegoela bertan oheratu naizenean.

 

(Gutuna ematen dio).

 

BRUTO: Zoaz berriro ohera: ez du eguna argitu. Mutil, ez al dira bihar martxoko idusak?

LUZIO: Ez dakit, jauna.

BRUTO: Begiratu egutegian eta jakineraz zaidazu.

LUZIO: Banoa, jauna.

 

(Badoa)

 

BRUTO: Ze eguratsean barrena txirrika dabiltzan izarrek irakurtzeko adinako argia ernaten dute. (Gutuna ireki eta irakurtzeari ekiten dio) Bruto, lotan zaude; esnatu eta begiratu zeure buruari, Erromak agian?... eta abar. Hitzegin, zauritu, zuzendu, Bruto, lotan zaude: esna zaitez. Sarritan utzi diet erortzen honelako xaxaketei bildu ditudan lekuan: Erromak agian?.. eta abar «Hau honela osatu behar dut: Erromak agian gizon bakarraren izudurapean egon behar al du? Zein Erromak? Nire arbasoek Erromako kaleetatik bidali egin zuten Tarkinio errege deitu zutenean. «Hitzegin, zauritu, zuzendu». Hitzegitera eta zauritzera xaxatzen al naute?Ah? Erroma, hitza ematen dizut, zuzentzerik baldin badago, erantzun betea izango duzula zeure eskarirako Brutoren eskuetatik.

 

(LUZIO sartzen da)

 

LUZIO: Jauna, martxoko hamabost egun ahitu dira (Deiak, barruan).

BRUTO: Ongi dago. Zoaz atera: norbait deika ari da. (Badoa Luzioa). Ez dut lorik egin Kasiok Zesarren aurka xaxatu ninduenetik. Zerbait ikaragarria egitearen eta lehen bulkadaren artean tartean dagoen guztia mamu baten edo amets gaizto baten gisakoa da: Jeinua eta herio-tresnak kontseiluan daude orduan, eta gizonaren egoerak, erresuma txiki batekoak bezala, errebolta gisako zerbait jasaten du.

 

(LUZIO sartzen da)

 

LUZIO: Jauna, atean daukazu Kasio zeure anaia eta ikusi egin nahi zaitu.

BRUTO: Bakarrik al dator?

LUZIO: Ez, jauna, beste batzurekin.

BRUTO: Ezagutzen al dituzu?

LUZIO: Ez, jauna, kapelak belarrietaraino sartuak dakartzate, eta aurpegiak kapetan erdi-ezkutatuak eta horregatik ezin ditut ezagutu inola ere ezaugarrizko seinalaren batetik.

BRUTO: Sar daitezela (LUZIO badoa).Konspiraziokoak dira. Lotsatu egiten al zara zeure aurpegi arriskutsua gauez erakusteaz gaitzak libreago dabiltzalarik? Bada orduan, egunez, non aurkituko duzu kobazulo aski ilunik zeure aurpegi munstrozkoa mozorrotu ahal izateko? Ez bilatu, konspirazioa: gorde ezazu irribarre eta samurtasun artean, zeren berezkoa duzun aurpegikera erakuska bazabiltza, Erebo bera ere ez litzateke aski aizarotsua aurkitzaileengandik ezkutatzeko.

 

(Konspiratzaileak sartzen dira: Kasio, Dezio, Zinna, Metelo eta Trebonio).

 

KASIO: Ausartegiak garela uste dut zure atsedenaren aurka: egunon, Bruto, gaitzi al gatzaizkizu?

BRUTO: Jaikita egon naiz orain arte, itzarrik gau osoan. Ezagunak al ditut zurekin datozen gizon hauek?

KASIO: Bai, denak, eta hemen ez dago bakar bat ere ohoratzen ez zaituenik, eta den-denek nahi dute zuk zeuk ere iritzi hori bera izan dezagun zeure buruaz, erromatar prestu guztiek zutaz dutena hain zuzen. Hau Trebonio da.

BRUTO: Ongi etorria hona.

KASIO: Hau, Dezio Bruto.

BRUTO: Ongi etorria zu ere.

KASIO: Hau, Kaska; hau, Zinna; eta hau, Metelo Zimbrio.

BRUTO: Denok ongietorriak zarete. Zer kezka lokentzaile jarri da zuen begien eta gauaren tartean?

KASIO: Hitz batzu eska al nitzake? (Ahapean)

DEZIO: Ekialdea hemendik dago: ez al du hemendik eguna urratzen?

KASKA: Ez.

ZINNA: Ah, barkatu, jauna, hala da: eta hodeien inguruetan dauden marra arre haiek egunaren mandatari dira.

KASKA: Biok okerrean zaudetela aitortu beharrean zaudete: hemendik ezpataz seinalatzen dudanetik, ateratzen da eguzkia eta hegoalderantz aski desbideratua geratzen da, urtaro gazteari dagokionez. Bi hilabete barru, iparralderago irteneraziko du bere sua eta ekialdea hor bertan geratzen da aurrez-aurre, Kapitolioa bezala.

BRUTO: Emaidazue denok eskua, banan-banan.

KASIO: Eta zin egin dezagun geure erabakia.

BRUTO: Ez, zin egiterik ez: ez baldin bada nahikoa gizonen aurpegia gure arimen samina, denboraren iraina: zio hauek ahulak badira garaiz barreia gaitezen, eta nor bere ohe lasaiera doala hemendik: biraka dabilela begirakune goituko Tirania arik eta bakoitza bere zortearen arabera eror dadin arte. Baina zio hauek baldin badute aski su —eta ni baiezkoan nago— koldarrak irazekitzeko eta kemenez altzairuztatzeko emakumeen adore erdi-urtua, orduan, aberkideok, zer premia dugu ezproinenik geure kausarena izan ezik erremediora akuilatu gaitzan? Beste zer lokarri, baizik eta beren hitza eman eta atzera egiten ez duten erromatar isilena izan ezik? Eta beste zer zinegite prestutasuna izan ezik, horrela izan behar duela edo erori egingo garela horregatik? Zin egin dezatela apaizek eta koldarrek, eta gizon beldurtiek, sarraski zahar ahulek, eta irainei ongietorria ematen dieten arima egonarritsuek. Kausa txarrengatik, zin egin dezatela nor fidatu ez duten gizonek baina ez zikindu gure egitekoaren bertute laua ezta gure espirituaren ezin gordezko kemena pentsaturik gure kausak eta gure egintzak zinegite bat behar zutela, zeren erromatar batek zarnetan daraman azken odol-tantarainoko guztia —eta nobletasunez darama— doilorkeria ugariz bihurtzen da errudun egindako promesaren izpirik txikiena ere hausten baldin badu.

KASIO: Eta Zizeron zer! Zirikatuko al dugu? Zalantzarik gabe gure aldetik jarriko delakoan nago.

KASKA: Ez dezagun kanpoan utz.

ZINNA: Ez, inola ere ez.

METELO: Ah, geurekin eduki dezagun, zeren horren zilarrezko ileak iritzi ona eskuratuko digu-ta, eta jendearen ahotsak erosiko ditu gure egintza onak goretsi ditzaten: horren zentzu ona izan dela gure eskuen gidari esango dute, eta gure gaztetasun eta zoramena ez dira inola ere agertuko, baizik eta dena berorren jakiturian murgildurik geratuko da.

BRUTO: Ez, ez aipatu: ez diogu jakinerazi behar, zeren inoiz ez bait du jarraituko bestek hasi duenik.

KASIO: Orduan uztazue kanpoan.

KASKA: Ez du balio noski.

DEZIO: Ez al da beste inor ukitu behar Zesarrez kanpo?

KASIO: Ongi galdegina, Dezio. Ez dut uste komeni denik Marko Antoniok, Zesarrek hainbeste maite duenak, Zesar hil eta gero bizirik jarraitzea: konspiratzaile maltzurra aurkituko genuke berarengan. Eta badakizue bere bitartekoak hobetzen baditu, agian denoi kalte egitea lortuko du. Hori eragozteko, batera eror bitez Antonio eta Zesar

BRUTO: Gure egintzari itxura odolzaleegia hartuko zaio, Kaio Kasio: lepoa moztu eta gero gorputz-adarrak zatikatu: heriotzean Ira eta ondoren Herra bezala da, ze Antonio Zesarren atal bat baizik ez bait da. Izan gaitezen sakrifikatzaile baina ez sarraskitzaile, Kaio: gu denok Zesarren espirituaren kontra jaikitzen gara, eta gizonen espirituan ez dago odolik: ah, ahal bagintez joan Zesarren espirituaren kontra Zesar atalkatu gabe Baina, ai, Zesarrek odola isuri beharra dauka horregatik. Eta, adiskide zintzoak, kemenez hil dezagun, baina kolerarik gabe: jainkoentzako jaki samurraren gisa izpitu dezagun, txakurrentzako on den sarraskia bezala laurdenkatu gabe: eta gure bihotzek, ugazaba argiek egin ohi dutenez, adoretu ditzatela beren morroiak kolerazko egintza batera eta gero agirika egin diezaietela itxuraz. Honek gure eginkizuna beharrezko bihurtuko du eta ez herrazko, eta jende arruntaren aurrean honela agerturik, garbitzaile deituko gaituzte, ez asasinatzaile, eta Marko Antoniori dagokionez, ez pentsa berarengan, ze ezin bait dezake Zesarren besoak baino gehiago egin burua falta duenean.

KASIO: Hala ere, beldurra diot Zesarri dion begikotasun errotuarengatik.

BRUTO: Ai, Kasio enea, ez pentsa berarengan: Zesar maite badu, egin dezakeen guztia bere buruaren aurka doa; tristatu eta Zesarrengatik hil. Eta asko izango litzateke egingo balu, jokoetara emana bait da, zoramenera eta lagunarte ugarira.

TREBONIO: Ez izan beldurrik horri: ez dadila hil, biziko da eta gero barre egingo du honetaz.

 

(Erlojuak jotzen du)

 

BRUTO: Isilik! Zenbatu orduak!

KASIO: Erlojuak hirurak jo ditu!

TREBONIO: Banatzeko ordua dugu.

KASIO: Baina oraindik zalantzan dago Zesar irtengo den gaur ala ez: izan ere azken aldi honetan sineskeritsu bihurtu da, lehen zituen iritzi sendoen kontra liluramendu, amets eta zerimoniei buruz: baliteke mirari nabarmen hauek, gaur gaueko izumen ohi ez bezalakoa, eta bere augureen gomendioek Kapitoliora joan gabe eradukitzea.

DEZIO: Ez izan beldurrik: horrela erbakitzen badu, besterik sinetserazteko gauza naiz: zeren atsegin bait du entzutea adarbakarrak zuhaitzez menpera litezkeela, eta hartzak ispiluez, elefanteak zuloez, lehioak sareez, eta gizonak lausengariez. Baina lausengariak gorroto dituela esaten diodanean, baietz dio berak, eta orduan inoiz baino errazago jartzen da lausenga dezaten. Utzi nire esku, gauza bait naiz beraren aldarteari isuri egokia emateko, eta eraman egingo dut Kapitoliora.

KASIO: Ez, han izango gara gu guztiok eskolta emateko.

BRUTO: Zortzigarren orduan, beranduenik?

ZINNA: Beranduenik, eta ez huts egin orduan.

METELO: Kaio Ligariok ezinikusia dio Zesarri, haserre egin bait zion Pompeioz ongi hitzegin ziolako: harritzen nau zuetako inor hartaz ez gogoratu izanak.

BRUTO: Orduan, Metelo enea, zoaz beraren etxera: asko nahi dit eta zioak ere eman dizkiot horretarako. Nahikoa da hona bidaltzea eta nik komentzituko dut.

KASIO: Goiza gainean dugu: utziko zaitugu, Bruto: sakabanatu, adiskideok, baina gogoan izan esan duzuena, eta benetako erromatar gisa jokatu.

BRUTO: Zaldun jatorrok, aurpegi alai eta argia jarri: gure aurpegiek ez dezatela salatu gure asmorik, baizik eta gure aktore erromatarren erara erabili, espiritu nekagaitz eta iraumen irmoz; eta horrenbestez, egunon denoi. (Badoaz. LUZIO geratzen da). Mutil, Luzio! Lo betean? Ez dio axola: loaren ihintza dasta ezazu, eztiz gainezka bait dago: zuk ez duzu ikuskari eta lilurarik, gizonen buruetan kezka zeregintsuak sortzen dituzten horiek: horregatik lo egiten duzu hain astun.

 

(Porzia sartzen da).

 

PORZIA: Bruto, ene jauna!

BRUTO: Porzia! Zer da hori! Zergatik jaiki zara orain? Ez da on zure osasun ahularentzat goizeko hotz mina.

PORZIA: Zurearentzat ere ez da, Bruto, krudelki ihes egin duzu nire ohetik: bart, afarikoan, bapatean altxa eta birak ematen hasi zinen, hausnarrean eta hasperenka, besoak gurutzaturik zenituela, eta zer gertatzen zen galdetu nizunean, txunditurik begiratu zenidan, begirakune gogorrekin. Galdezka jarraitu nintzaizun eta buruari hazka egin zenion, eta urduritasun handiegiarekin eman zenion ostikoa ateari: nik ekin nion baina ez zenidan erantzun, baizik eta eskuaren keinu haserrekor batez, utz zintzadan seinale egin zenidan. Hala egin nuen, irazekiegia zirudien urduritasun hura aregotzeko beldurrez eta aldi berean, umore txarraren ondorio bakarrik izan zitekeen ustetan, izan ere ordu batez edozein gizonen jabe bihurtzen bait da. Honek ez dizu uzten ez jaten, ez hitzegiten, ez lo egiten; eta izakera aldatu dizun adina itxura aldatuko balizu, ez zintuzket ezagutuko, Bruto. Ene jaun maitea, aditzera emaidazu zeure nahigabearen kausa.

BRUTO: Ez nago ongi osasunez eta horixe da guztia.

PORZIA: Bruto zentzuduna da eta osasunik ez balu bilatuko lituzke berriz eskuratzeko bitartekoak.

BRUTO: Horretan ari naiz. Porzia laztana, zoaz ohera.

PORZIA: Gaiso al zaude, Bruto? Eta osasungarria al da erdijantzita ibiltzea, egunsenti bustiaren umidurak hartzen? Zer, gaiso al dago Bruto? Eta ihes egingo al du bere ohe osasungarritik gauaren kutsadura zikinari aurre egiteko, aire umel eta satsua tentatuz eritasuna areagotu diezaion? Ez, ene Bruto, ariman daukazu kalte egin dizun gaitzen bat, eta nik ezagutu beharko nukeena gainera, neure eskubidez eta daukadan postuaren indarrez. Eta belauniko erregutzen dizut, lehen goretsia zen nire edertasunarengatik, zeure maitasunezko zin-hitz guztiengatik eta ideko eta bat egin gintuen zinegite handi harengatik, aitor diezaiozula, zeure buruari, zeure erdiari, zergatik zauden hain triste: eta nortzu diren gaur gauean ikustera etorri zaizkizun gizon horiek, zeren hemen sei edo zazpi izan bait dira lainoari berari ere aurpegia ezkutatzen ziotelarik.

BRUTO: Ez zaitez belaunikatu, Porzia laztana.

PORZIA: Ez nuke premiarik zu nire Bruto laztana bazina; eta ezkontzako konpromisuan, alde batera uzten al da zuri dagokizun sekreturen bat agian? Zu zeu naiz, nolabait esateko, halako modu batez bakarrik edo mugekin, otorduetan laguntzeko, ohea gozatzeko eta noizbehinka zurekin hitzegiteko? Zure borondate onaren herbarrenetan bakarrik bizi al naiz? Hori besterik ez bada, Porzia, Brutoren emagaldua da, ez emaztea.

BRUTO: Zu zara nire emazte bakar eta prestua, hain maitea niretzat nola diren nire bihotz tristea bisitatzen duten tanta gorriak.

PORZIA: Hori egia balitz, orduan nik banekike zure sekretua. Onartzen dut emakumea naizela, baina halere Bruto leinargiak emaztetzat hartu zuen emakumea. Onartzen dut emakumea naizela, baina hala ere, izen leinargiko emakumea, Katonen alaba. Ez al duzu uste beste emakumeak baino indartsuagoa ez naizela holako aita ta honelako senarrarekin! Esaizkidazu zeure sekretuak: neure iraumenaren froga sendoak eman ditut, nahita zauri bat eginez hemen izterrean. Hau egonarriz nozitzeko gai naiz eta senarraren sekretuak ez?

BRUTO: Ene Jainkoak! Emazte noble honen dinako egin nazazue. (Kanpoan, deiak) Entzun, entzun, norbait deika ari da. Porzia, sartu piska batean, eta zure bihotza laster izango da partaide nire bihotzeko sekretuetan. Neure asmo guztiak azalduko dizkizut, neure bekoki tristean idatzirik dagoen guztia: utz nazazu berehalaxe. (Badoa Porzia)

 

(LUZIO eta LIGARIO sartzen dira).

 

BRUTO: Luzio, nor da deika!

LUZIO: Gizaseme gaiso bat dago hemen hitzegin nahi dizuna.

BRUTO: Kaio Ligario da, Metelok aipatu duena. Mutil, alde hemendik. Zer moduz, Kaio Ligario?

LIGARIO: Baimena eman mihi ahul bati egunonak eman diezazkizun.

BRUTO: Ah, Kaio bulartsua, a zer nolako momentua aukeratu duzun zapian biltzeko! Hobe zenuke gaiso ez egotea!

LIGARIO: Ez nago gaiso baldin Brutok esku artean badauka ohorezko gizonaren dinako egintzaren bat.

BRUTO: Horrelako egintzarik izango nuke esku artean, Ligario, osasunaren interesa baldin bazenu hartaz hitzeginak entzuteko.

LIGARIO: Erromatarrak makurtzen zaizkieneko jainko guztiengatik hementxe uzten dut bertan behera neure gaisotasuna. Erromaren arima, seme kementsua, gerruntze ohoretsuetatik jaioa, zuk, araolari baten gisara, jaso egin duzu nire izpiritu eroria zeure konjuruaz. Orain agindu lasterka egiteko eta gauza ezinezkoez egingo diet: areago, lortu egingo ditut. Zer egin behar da!

BRUTO: Gaisoak osasunez beteko dituen lan bat da.

LIGARIO: Baina ez al daude osasuntsuren batzu gaiso jarri behar ditugunak?

BRUTO: Hori ere egingo dugu. Zer da, ene Kaio, egin behar zaion harengana goazen bitartean azalduko dizut

LIGARIO: Jar zaitez ibilian, eta bihotzean su berria dudala, jarraituko natzaizu, ez dakit zer hori egiteko; baina aski dut Bruto gidari izatea. (Trumoia)

BRUTO: Jarrai zakizkit orduan. (Badoaz)

 

 

II ESZENA

 

(Erroma. ZESARREN Jauregia)

 

(Trumoiak eta tximistak. Julio Zesar sartzen da, gau-atorra soinean duela).

 

ZESAR: Ez zeruak ez lurrak ez dute izan bakerik gaur gauean: hiru aldiz egin du garraisi Kalpurniak ametsetan: «Lagundu. Zesar hiltzen ari dira» Nor dago hor?

 

(Morroi bat sartzen da)

 

MORROIA: Jauna!

ZESAR: Esan apaizei eskain ditzatela sakrifizioak berehalaxe eta ekarrizkidazu beraien iritziak emaitzaz.

MORROIA: Hala egingo dut, jauna. (Badoa)

 

(Kalpurnia sartzen da).

 

KALPURNIA: Zer nahi duzu, Zesar? Hortik irten behar al duzu? Gaur ez duzu zirkinik egin behar etxetik.

ZESAR: Zesarrek irten beharra dauka: mehatxuka ari izan zaizkidan gauzek atzekaldetik baizik ez didate begiratu izan. Zesarren aurpegia ikusi orduko, iraungi egingo dira.

KALPURNIA: Zesar, inoiz ez naiz arduratu presagioez, baina orain ikara sartzen didate. Ikusi eta entzun ditugun gauzez aparte, bada hor barruan bat errondakoek begieman dituzten ikuskari beldurgarriak kontatzen ari dena. Lehoi eme batek kumeak izan omen ditu kaleetan, eta obi batzu zabaldu egin omen dira aharrausika beren hildakoak itzuliz, gerrari uzu sujarioak aritu omen dira pelean hodeien gainean lerroka eta eskoadroika, gudu-ordena zehatzean, Kapitolioaren gain odola dariela: batailaren astrapalak eguratsa durundatzen zuen: zaldiak irrintzika eta hilzorikoak intzirika ari ziren, eta mamuak zebiltzan oihuka eta uluka kaleetan barrena. Ah Zesar, gauza hauek erabat apartatzen dira ohizkotik, eta beldurra ematen didate.

ZESAR: Ba al dago eragozterik jainko ahaltsuek erabaki dutenik? Baina Zesar aterako da, iragarpen horiek mundu osoarentzat eta Zesar berarentzat ere badira-eta.

KALPURNIA: Eskale bat hiltzen denean, ez dira ikusten kometak: zeruek berek ere sugarretan jaurtikitzen dute agintarien heriotza.

ZESAR: Koldarrak askotan hiltzen dira beren heriotza baino lehen eta kementsuek sekula ez dute dastatzen heriotza behin baino gehiago: orain arte entzundako mirarien artean harrigarriena gizonek beldurra izateari derizkiot, izan ere heriotza, azken derrigorra, etorri nahi duenean etorriko bait da.

 

(Morroi bat sartzen da)

 

        Zer diote augureek?

MORROIA: Ez dute nahi gaur irten edo mugi zaitezen. Opari baten erraiak ateratzean, ezin izan zuten aurkitu bihotzik aberearengan.

ZESAR: Koldarkeria lotsagarri uzteko egiten dute hori jainkoek: Zesar abere bihozkabea litzateke gaur etxean geratuko balitz beldurrez. Eta Zesar ez da geratuko: Arriskuak ondotxo daki Zesar bera baino arriskutsuagoa dela. Egun berean erditako bi lehoi gara: eta ni handiena eta beldurgarriena: beraz Zesar irtengo da.

KALPURNIA: Ai, ene jauna, zure jakituria desegin egiten da uste onarengatik. Ez zaitez irten gaur: deitu ezazu nire beldur etxean gerarazten zaituena, eta ez zeure beldur. Marko Antonio bidaliko dugu Senatura eta gaur ez zaudela ongi esango du: utzidazu belauniko erregutzen.

ZESAR: Marko Antoniok esango du ez nagoela ongi, eta zure apetaz, etxean geratuko naiz. (DEZIO sartzen da) Hemen dago DEZIO BRUTO: Berak esango die.

DEZIO: Agur, Zesar: egunon, Zesar prestu hori: Senatura laguntzeko nator.

ZESAR: Eta oso une egokian zatoz, nire agurra senadoreei eramateko, eta gaur ez noala esateko: ezin dudala esatea, gezurra da, eta ez naizela ausartzen, gezurrago oraindik: ez naizela joango gaur: horrela esaiezu Dezio.

KALPURNIA: Esan gaisorik dagoela.

ZESAR: Gezur bat bidaliko al du Zesarrek? Hainbesteraino hedatu al ditut besoak garaitzapenetan, gero agure batzuei egia esatearen beldur izateko? Dezio, esaiezu Zesar ez dela joango.

DEZIO: Zesar txit ahaltsua, aditzera emaidazu arrazoiren bat nitaz barre egin ez dezaten berri ematean.

ZESAR: Arrazoia nire borondatean dago: ez dut joan nahi, eta hori aski da Senatua asetzeko. Baina zeure askiespenerako, eta ongi nahi dizudalako, jakineraziko dizut Kalpurniak, neure emazteak, hemen dago eta etxean eraduki nahi nau: gaur gauean amets egin omen du nire imajina ikusten zuela iturri baten gisara odol garbia zeriola ehun zurrustadatan, eta erromatar ausart ugari hurbiltzen zitzaizkiola irribarrez eta bertan eskuak garbitzen zituztela: eta gaitz hurkoen gaztigu eta iragarpentzat hartzen du hori, eta balauniko erregutu dit gaur etxean gera nadila.

DEZIO: Amets hori zeharo alderantzitara hartua dago: ikuskari eder eta zorionekoa bait da: hodi askotatik odola dariola ageri den zure imajinak esan nahi du Erroma Haundiak odol zuzpertzailea zurrupatuko duela zugandik eta gizon ospetsuak samaldan etorriko direla aztarnak, arrastoak, oroigailuak eta zantzuak eskuratzera. Horixe esan nahi du Kalpurniaren ametsak.

ZESAR: Horretara ongi azaldu duzu.

DEZIO: Esan dezakedana entzutean jakingo duzunez, azaldu dut: jakizu orain: Zesar ahaltsuari koroa bat gaur ematea erabaki du Senatuak. Ez zoazen gaztigua bidaltzen badiezu, agian aldatuko dira asmoz. Gainera, iseka bat litzateke norbaitek esatea: «Disolbatu Senatua beste bat arte, arik eta Zesarren emazteak amets hobeak izan arte». Zesar ezkutatzen bada, ez al dute esango ahapean: «Begira: Zesarrek beldurra du?» Barkatu, Zesar, nire zuganako eraspen begirunezkoak zure onerako eskarzen dit hau esatea, eta arrazoiak men egiten dio nire eraspenari.

ZESAR: Bai tentelak diruditela orain zure beldurrak, Kalpurnia! Lotsa ematen dit beraien menpean jarri izanak. Emaidazu toga, joan egin behar bait dut.

 

(BRUTO, LIGARIO, METELO, KASKA, TREBONIO, ZINNA eta PUBLIO sartzen dira)

 

        Eta hara non datorren PUBLIO laguntzera.

PUBLIO: Egunon, Zesar.

ZESAR: Ongi etorria, Publio. Nolatan, Bruto, jaiki zara hain goiz? Egunon, Kaska. Kaio Ligario, Zesar sekula ez da izan hain etsaia handia zuretzat nola izan den hain higatua utzi zaitue sukar hori. Zer ordu da?

BRUTO: Zesar, zortziak jo dute.

ZESAR: Eskertzen dizuet zuen nekea eta adeitasuna.

 

(ANTONIO sartzen da)

 

        Begira Antoniori, gauak jai egiten pasatzen dituen arren, jaiki egin da halere. Egunon, Antonio.

ANTONIO: Baita zuri ere, Zesar prestu hori.

ZESAR: Esan han presta daitezela: gaizki egiten ari naiz honenbeste berandutzean. Goazen, Zinna; goazen, Metelo; ah, Trebonio! Ordu beteko hizketaldia daukat zuretzat izendatua. Ahaztu gabe etorri gaur nigana: ez aldendu nigandik gogoan izan zaitzadan.

TREBONIO: Hala egingo dut, Zesar (Aparte). Eta hain hurbil izango nauzu, non gehien maite zaituztenek nahi izango duten hau irakurtzen baduzu, o Zesar, agian biziko zara; bestela, Aduak traidoreekin elkar hartuta daude. (Badoa)

 

 

IV ESZENA

 

(Erroma. Kale beraren beste parte bat, BRUTOren etxeaurrea PORZIA eta LUZIO sartzen dira)

 

PORZIA: Mesedez, mutiko, zoaz lasterka Senatura: ez denborarik gal ezer erantzuten niri, zoaz. Zeri itxaroten zaude?

LUZIO: Zer mandatu daramadan jakiteko, andrea.

PORZIA: Nahiago nuke joanetorria egin izan bazenu, bertan zer egin behar duzun esateko astirik eman gabe: ah Iraumena, zaitez sendo nire alboan, jar ezazu mendi eskerga bat nire bihotza eta mihiaren tartean: gizon-adorea dut baina emakume-indarrak. Bai zaila zaiola emakumeari isilpekoak gordetzea! Hor zaude oraindik?

LUZIO: Andrea, zer egin behar dut? Kapitoliora lasterka joan eta besterik ez? Eta gero berriro zu ikusi eta besterik ez?

PORZIA: Bai, mutikoa, zure ugazabak itxura ona ote daukan mandatua ekarridazu, zeren gaisorik joana bait da, eta ongi ohartu Zesarrek egin duenari eta zer eskaeragile hurbiltzen zaion. Aizu, mutikoa, zer zarata da hori?

LUZIO: Ez dut ezer entzuten, andrea.

PORZIA: Mesedez, ongi entzun: pelea baten moduko astrapala entzuten dut, eta haizeak Kapitolio aldetik dakar

LUZIO: Egia esan, andrea, ez dut ezer entzuten.

 

(Aztia sartzen da)

 

PORZIA: Zatoz ona, gizon, nondik ibili zara?

AZTIA: Neure etxetik, andre prestua.

PORZIA: Zer ordu da?

AZTIA: Bederatziak aldea, andrea.

PORZIA: Dagoeneko joan al da Zesar Kapitoliora?

AZTIA: Oraindik ez, andrea: eta ni leku hartzera noa, Kapitoliora doala igarotzen ikusteko.

PORZIA: Baduzu eskariren bat Zesarrentzat, ezta?

AZTIA: Horixe dudala, andrea. Zesarri nahi balekio niri entzuteko bezain ona izatea Zesarrekiko: bere buruaren adiskide ona izan dadila eskatzera noa.

PORZIA: Nolatan? Ba al dakizu gaitzen bat egin nahi zaiola?

AZTIA: Ez da izango dakidanik ezer, baina beldur diodan zerbait gerta lekioke. Egun on esaten dizut hemen kalea meharra da, Zesarri orpoz-orpo darraikion jendetza, senadoreak, pretoreak, eskaeragile arruntak, ia zanpatuko lukete gizakume ahul bat. Leku hustuago baten bila noa eta bertatik hitzegingo diot Zesar haundiari igarotzean. (Badoa)

PORZIA: Sartu beharra daukat. Ene errukarria, bai gauza ahula dela emakumearen bihotza! O Bruto, zeruak lagun dakizkizula zure asmoak betetzen. (Aparte). Ziur nago mutikoak entzun didala (Ozen). Brutok badu eskari bat Enperadoreak eman nahi ez diona. Ai, zorabioa egin zait, Zoaz lasterka, Luzio, eta erama izkiozu nire agurrak jaunari: esaiozu pozik nagoela. Etorri gero ikustera eta ekarridazu esaten dizunaren berri. (Badoaz).

 

aurrekoa | hurrengoa