|     73 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IV EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(Erroma. Gela bat ANTONIOren etxean)

 

(ANTONIO, OKTAVIO eta LEPIDO sartzen dira)

 

ANTONIO: Orduan, guzti horiek hil beharrak dira: izenak markaturik daude.

OKTAVIO: Zure anaia ere hil beharra da: onartzen al duzu, Lepido?

LEPIDO: Onartzen dut.

OKTAVIO: Marka ezazu, Antonio.

LEPIDO: Publio, zure arrebaren semea bizi ez dadin baldintzarekin, Marko Antonio.

ANTONIO: Ez da biziko: begira, orban batekin kondenatzen dut. Baina Lepido, zoaz Zesarren etxera, ekar ezazu hona hilburukoa, eta erabakiko dugu nola ezeztatu kargu batzu legazioetan.

LEPIDO: Zer, hemen aurkituko al zaituztet?

OKTAVIO: Edo hemen, edo Kapitolioan. (Badoa LEPIDO)

ANTONIO: Gizon arina da hau eta pisu txikikoa, mandatuak eragiteko egokia: ongi al dago mundua hiru ataletan banatzean, bera partea izango duten hiruetako bat izatea?

OKTAVIO: Halakotzat hartu zenuen zuk, eta berari botua eskatu zenion gure zerrenda beltzean eta deserrian hiltzeko markatua izan behar zuenaren gain.

ANTONIO: Oktavio, zu baino luzaroago bizi izan naiz, eta zenbait zama kaltegarriz geure burua arintzeko gizon honen gain halako ohoreak ezartzen ditugun arren, astoak urrea eramaten duen eran bakarrik eramango ditu berak, marruaka eta inkezaka nekearen azpian, guk seinalatutik gidatuta eta bultzatuta: eta nahi dugun tokira geure altxorra eraman ondoren, zama deskargatu eta bidali egingo dugu —zamarik gabeko astoa bezala— belarriei eragin eta belardietan larrean egitera.

OKTAVIO: Nahi duzuna egizu, baina soldadu frogatu eta bulartsua da.

ANTONIO: Nire zaldia ere bada, Oktavio, eta horregatik eman erazten diot garaga-aino bikaina: burrukatzen, bihurtzen, gelditzen, zuzen laster egiten irakasten diodan biziduna da, beraren gorputz mugimenduak nire espirituak gobernatzen dituelarik. Eta, hein batean Lepido horixe besterik ez da: irakatsi, bezatu eta agindu egin behar zaio ibil dadin: espiritu antzuko gizona da hondar, uzkin eta imintzioz elikatzen dena, erabilpidez kanpo eta beste gizon batzuk gastatuta daudenez, baina berarentzat sapan egotean hasita daudenez. Ez hitzegin beratzaz gauza batez bezala ez bada. Eta orain Oktavio, gauza handiak entzun: Bruto eta Kasio indarrak biltzen ari dira. Berehalaxe eman behar diogu aurre; geure elkargoa egin bezain laster, geure adiskiderik hoberenak bildu, bitartekoak prestatu eta goazen berehala kontseiluan bilera egitera nola arazo sekretuak ager daitezkeen erabakitzera eta arrisku nabariak modurik hoberenean eragotziak.

OKTAVIO: Honela egin dezagun: ze hemen bait gaude taketari loturiko hartzaren modura, etsai ugariz inguraturik, eta beldur naiz irribarrezka ari diren askok ez ote dauzkaten beren bihotzetan alehunka asmo gaizto.

 

(Badoaz)

 

 

II ESZENA

 

(BRUTOren denda aurrean, Sardes ondoan akanpaturik)

 

(Danborra. BRUTO, (LUZIOa) eta LUZILIO sartzen dira armadarekin: TITINIO eta PINDARO bidera ateratzen zaizkie)

 

BRUTO: Eh, geldi!

LUZILIO: Kontraseina eman eta geldi egon.

BRUTO: Zer da, Luzilio? Hurbil al da Kasio?

LUZILIO: Hurbil dago, eta Pindaro bere nagusiaren partez diosalak ekartzera dator.

BRUTO: Ohore handia egiten dit. Zure nagusia, Pindaro, aldatu delako, edo ofizial txarrengatik, aski zio eman dit egindako zenbait gauza egin gabe egotea nahi izan dezadan. Baina hemen hurbil badago, jasoko ditut azalpenak.

PINDARO: Zalantzarik ez dut nire nagusi prestua den bezalako agertuko dela, begirune eta ohorez beterik.

BRUTO: Ez dago zalanizarik beratzaz. Hitz bat, Luzilio: nola hartu zaitu? Aditzera emaidazu.

LUZILIO: Adeitasunez eta errespeto handi samarrez baina ez familiartasun seinalez eta lehen tratatu ohi gintuen hizketa libre eta adiskidekor horrekin.

BRUTO: Hoztu den adiskide bero bat deskribatu duzu: beti gogoan izan, Luzilio, maitasuna gaisotzen eta makaltzen hasten denean, zeremonitasun bortxatuaz baliatzen dela. ez dago tranparik leialtasun zintzo eta sotilean, baina gizon hutsalek, uhaletatik darabiltzaten zaldien modura berotzen direnek, beren adorearen agerpen eta promesa bulartsuak egin ohi dituzte, baina ezproin odol-isurlea jasan behar dutenean, buruari erortzen uzten diote, eta pot egiten dute frogan, xamariko engainatien modura. (Barruan martxa bat entzuten da). Ba al dator berorren armada?

LUZILIO: Sardesen gaua emateko asmoa dute: parterik handiena, eta zalditeria osoa, Kasiorekin iritsi dira.

 

(KASIO sartzen da, bere indarrekin)

 

BRUTO: Entzun, iritsi da: zaratarik egin gabe aurrera egin haren bila.

KASIO: Geldi, eh!

BRUTO: Geldi, eh! Ordena pasarazi.

LEHEN SOLDADUA: Geldi!

BIGARREN SOLDADUA: Geldi!

HIRUGARREN SOLDADUA: Geldi!

KASIO: Anaia txit noblea, irain egin didazu.

BRUTO: Epai nazazue, oh jainkoak: iraintzen al dut etsairik? Eta horrela ez bada, nola irainduko nuen anaiarik?

KASIO: Bruto, zure jarrera bare horrek irainak dauzka ezkutaturik, eta egiten dituzunean...

BRUTO: Kasio, lasaitu: patxadaz agertu zeure esakizunak: ongi ezagutzen zaitut. Gure bi armaden aurrean —gure aldetik onginahia besterik hauteman behar ez luketenon aurrean— ez dugu erriertan egin behar. Agin zaiezu aldentzeko, eta gero, Kasio, azal zaizkidazu astiro zeure irainak nire dendan, eta nik arretaz entzungo dizut.

KASIO: Pindaro, agindu gure buruzagiei aldendu ditzatela apur bat beren indarrak orube honetatik.

BRUTO: Luzilio, zuk ere egizu gauza bera, eta inor ez dadila ondoratu gure dendara geure elkarrikustea amaitu arte. Luziok eta Titiniok gorde dezatela gure atea. (Denak doaz BRUTO eta KASIO izan ezik)

KASIO: Honetan ikusten da iraindu nauzula: gaitzetsi eta izen onaz gabetu duzu Luzio Pella Sardestarrengandik hemen sobornoak jasotzearren; eta honetan nire gutuna arbuiatu zen, berarentzat faborea eskatzen zuena, ezagutzen bait nuen gizon hori.

BRUTO: Zeure buruari egin zenion iraina halako kasu batean idazteagatik.

KASIO: Hauek bezalako garaietan ez dago ongi edozein akats kaskarren kontutan hartua izatea.

BRUTO: Zilegi bekit, esatea, Kasio, zu zeu ere oso akusatua zarela esku gilibera edukitzeaz, merezi ez duten pertsonei urrearen truke zeure karguak saltze eta uzte horretan.

KASIO: Nik, esku gilibera? Bruto, badakizu zeu zarela hori diozuna, edo, jainkoengatik, bestela, hitz hauek zure azkenak izango lirateke.

BRUTO: Kasioren izenak ohore egiten dio ustelkeria horri, eta horregatik ezkutatzen du bere aurpegia zigorrak.

KASIO: Zigorrak?

BRUTO: Gogora ezazu martxoa, gogora itzazu martxoko idusak: ez al zen odolustu Zesar haundia justiziaren ohoretan? Zein bilauk ukitu zuen beraren gorputza puinaleztatuz juztisiaren izenean izan ezik? Zer? Mundu guzti honetako gizonik haundiena zauritu genuenetako batek, lapurrak babesten zituelako bakarrik, gutako batek, soborno doilorrez kutsatuko al ditu orain eskuak, eta gure ohore handien eremu zabala salduko al du, horrela oratu litekeen adina zaramaren truke? Nahiago nuke txakur izan eta ilargiari zaunka egin horrelako erromatarra izan baino.

KASIO: Bruto, ez nazazu axatu: ezin izango dut jasan. Zeure buruaz ahazten zara, niri kontra egitean. Ni soldadua naiz, zaharragoa esperientziaz eta zu zeu baino gaituagoa aginduak ematen.

BRUTO: Utikan! Zu ez zara Kasio!

KASIO: Horixe naizela.

BRUTO: Ez zarela diot.

KASIO: Ez nazazu estutu gehiago, bestela neure buruaz ahaztuko naiz. Ardura zaitez zeure salbamenaz eta ez tentatu gehiago.

BRUTO: Alde hortik, bilaua.

KASIO: Egundo holakorik!

BRUTO: Entzuidazu, hitzegitera noa-ta. Leku eman behar al diot eta tokia zure zalapartazko kolerari? Ikaratu egin behar al dut zoro baten begiradarengatik?

KASIO: O jainkoak, o jainkoak! Hau dena jasan behar al dut?

BRUTO: Hau dena? Bai, eta gehiago: asalda zaitez zure bihotz harroak leher egin arte. Erakutsiezu zeure esklabuei zeinen suminkor zauden eta ikaratan jar itzazu zeure jopuak. Nik eman behar al dut amore? Lagundu egin behar al dizut? Makurtu egin behar ote dut zure aldarte hiratsuaren azpian? Jainkoengatik, liseritu beharko duzu zeure koleraren pozoia eztanda eragingo badizu ere. Zeren, gaurtik aurrera, neure atseginerako erabiliko bait zaitut: areago, neure barrerako suminkor jar zaitezenean.

KASIO: Honetara iritsi al gara?

BRUTO: Soldadu hobea zarela diozu: ikus dadila: egiazko bihur ezazu zeure ustea, eta ongi iritziko diot. Ni neu, pozik jarriko naiz gizon jatorrengandik ikasteagatik.

KASIO: Irain egiten didazu zentzu guztietan: irain egiten didazu, Bruto. Soldadu zaharragoa naizela esan dut, ez hobea. Hobea esan al dut?

BRUTO: Esan baduzu, ez dit axola.

KASIO: Zesar bizi zenean, ez zatekeen ausartuko honela axut egitera.

BRUTO: Ixo, ixo: zu ez zinatekeen ausartuko honela zirikatzera.

KASIO: Ez ausartu ni?

BRUTO: Ez zinatekeen ausartuko, zeure biziagatik!

KASIO: Ez zaitez gehiegi fida nire eraspenean. Gero deitoratuko nukeen zerbait egin nezake.

BRUTO: Egin duzu deitoratu beharko zenukeen zerbait. Kasio, ez dago izularririk zure mehatxuetan: zeren hain bait nago jatortasunez armaturik, non nire albotik igarotzen diren, haize ilauna bezala, jaramonik egin gabe. Urre kopuru batzu eskatzera bidali dut eta zuk ukatu egin dizkidazu, zeren ni ez naizen gauza zu bezala bide doilorretatik dirua biltzeko: zeruarren, nahiago nuke neure bihotza txanpontzea eta neure odola drakma bihurturik isurtzea inolako bitarteko bihurriz baserritarren esku zailduetatik zaborra doilorra. Bidali dizut urrea eskatzera neure legioei ordaintzeko, eta ukatu egin didazu: ongi al dago Kasiok holakorik egitea? Erantzungo al niokeen nik horrela Kaio Kasiori? Marko Bruto bere adiskideei txapa ziztrin horiek ukatzeko bezain zikoitz bihur dadinean, prest jar zaitezte, jainkook, zeuen tximista guztiekin, zatizati egiteko.

KASIO: Ez dizut ukatu.

BRUTO: Bai duzu ukatu.

KASIO: Ez dut ukatu. Inozo bat izan da nire erantzunarekin itzuli dena. Brutok bihotza desegin dit. Adiskideak eraman egin behar ditu bere adiskidearen ahuleriak, baina Brutok diren baino handiago egiten dizkit nireak.

BRUTO: Ez ditut egiten, nire kontra erabiltzen ez dituzun bitartean.

KASIO: Ez nauzu maite.

BRUTO: Ez ditut atsegin zure akatsak.

KASIO: Adiskide-begiek sekula ezin izango lituzkete ikusi horrelako akatsak.

BRUTO: Lausengari batenak ez lituzkete ikusiko, Olinpo garaia bezain handiak agertuko balira ere.

KASIO: Zatoz, Antonio; zatoz Oktavio gaztea; Kasioren lepotik bakarrik mendekatu, ze Kasio nekaturik bait dago munduaz: maite duen bakarrak gorrotoa dio, anaiak erronka egin dio, akar egin diote esklabuari bezala, akats guztiak ohartu eta nota-liburu batean jarri dizkiote, ikasi eta buruz hartu hortzetatik sartzeko. Ah, negarrez bederen bota al baneza arima begietatik! Hemen dago nire puinala eta hemen dago nire bular biluzia: barruan, Plutoren mehatzeak baino bihotz baliotsuagoa, urrea baino aberatsagoa. Erromatarra bazara, atera ezazu, urrea ukatu badizut, neure bihotza emango dizut: zauritu ezazu Zesar zauritu duzun modura. Izan ere, bai bait dakit gorrotoen zenuenean ere, Kasio inoiz maite izan duzun baino gehiago nahi izan diozula.

BRUTO: Maginaratu zeure puinala: sumin zaitez nahi duzunean, eta asaskatuko zara. Egizu nahi duzuna, ohorea galdu, izan apetatsu. Ah, Kasio, uztarturik zaude bere baitan kolera daraman bildots batekin, sukarriak sua daraman bezala, zeren, ahalegin handiarekin, txinpart presazko bat erakusten du eta berriz ere hotz gelditzen da berehalaxe.

KASIO: Bere Brutoren iseka eta irrigai izateko bakarrik bizi izan al da bakarrik Kasio, irainak eta odol gaizki trenpatuak haserrerazten dutenean?

BRUTO: Hori esan dudanean, ni ere gaizki trenpaturk nengoen.

KASIO: Ezagutzen al duzu hori? Emaidazu eskua.

BRUTO: Eta nire bihotza ere bai.

KASIO: O Kasio!

BRUTO: Zer da?

KASIO: Ez al duzu nahikoa eraspen ni jasateko amak emandako adiurri zalapartatsuak ahanzkor bihurtzen nauenean?

BRUTO: Bai, Kasio, eta hemendik aurrera zeure Brutorekin zorrotzegia zarenean, ama ari zaiola agirika pentsatuko du honek, eta horrela utziko zaitu.

 

(POETA bat sartzen da)

 

POETA: (Barruan) Utzidazue jeneralak ikustera sartzen. Erriertaren bat dute elkarren artean, eta ez dago ongi bakarrik egon daitezen.

LUZILIO: (Barruan) Ez zara sartuko beraienganaino.

POETA: (Barruan) Heriotzak bakarrik eutsiko dit.

KASIO: Zer da hori? Zer gertatzen da?

POETA: A zer lotsa, jeneralok! Zer esan nahi du honek? Zuek bezalako gizonak bizi bitez bakean eta adiskidetasunean, hauxe esaten dizue, zuek baino urte gehiago daramanak bizitzan.

KASIO: Ha, ha, hau da puntuak jartzeko modu narratxa benetan!

BRUTO: Alde hortik, gizona: utikan, lotsagabea.

KASIO: Ez gaizki hartu, Bruto, izateko era du holakoa.

BRUTO: Errespetatuko ditut horren apetak berak mugonak errespeta ditzanean. Zer dute ikustekorik guduek koblakari zoro hauekin? Alde hemendik, gizona.

KASIO: Alde, alde, zoaz. (Badoa poeta)

BRUTO: Luzilio, Titinio, esan buruzagiei prest egoteko gaur gauean beren konpainiei gaua pasarazteko.

KASIO: Orduan zeuok zatozte, Messala berehalaxe ekarriz. (Badoaz LUZILIO eta TITINIO)

BRUTO: Luzio, ardo kopa bat. (Badoa LUZIO)

KASIO: Ah Kasio, gaiso nago eta min handiekin.

KASIO: Ez zara baliatzen zeure filosofiaz gaitz pasakorrei leku ematen badiezu.

BRUTO: Inork ez du hobeki eramaten tristura. Porzia hil da.

KASIO: Nolatan, Porzia?

BRUTO: Hil egin da.

KASIO: Nola ihes egin diot zuk hiltzetik horrela haserretu zarenean? Ah galera jasanezina, hunkigarria! Zer gaitzez?

BRUTO: Nire ausentziarengatik urduri eta Oktavio gaztea eta Marko Antonio hain indartsu biburtu direlako saminez (izan ere albiste horiek iritsi bait dira beraren herio-iragarpenarekin batera).

        Horrekin, zoratu egin da eta laguntzaileen ezaldi batean, sua irentsi du.

KASIO: Eta hala hil al da?

BRUTO: Halaxe.

KASIO: Jainko hilezkorrak!

 

(LUZIO mutila sartzen da, ardoa eta kandelekin)

 

BRUTO: Ez hitzegin gehiago beratzaz. Ardo-kopa bat emaidazu: bertan murgiltzen dut garraztasun oro, Kasio. (Edanez).

KASIO: Nire bihotza egarri da brindis noble hori egiteko. Bete ezazu, Luzio, arik eta ardoa gainezka isur dadin arte kopatik: ezin bait dezaket edan nahi adina Brutoren eraspenetik. (Badoa LUZlO)

 

(TITINIO eta MESSALA sartzen dira)

 

BRUTO: Sartu, Titinio: ongi etorria, Messala zintzo hori. Orain eser gaitezen kandela honen inguruan eta geure premiei ikusi bat eman diezaiegun.

KASIO: Porzia, ez al zaude bizirik orduan?

BRUTO: Aski da, mesedez. Messala, gutuna jaso dut esanez Oktavio gaztea eta Marko Antonio gure kontra datozela indar boteretsu batekin, beren espedizioa Filiporantz zuzenduz.

MESSALA: Nik ere jaso dut gutuna zentzu berean.

BRUTO: Zer alderekin?

MESSALA: Ba, deserritze eta kondena-dekretuz, Oktavio, Antonio eta Lepidok bizia kendu diete ehunen bat senadoreri.

BRUTO: Horretan gure gutunak ez datoz bat: nireak hirurogeitamar senadore dio, beren erbesteratzez hil direnak, Zizeron beraietariko bat delarik.

KASIO: Zizeron beraietariko bat?

MESSALA: Zizeron erbesteratze-agindu horrengatik hil da. Jaso al duzu zeure emaztearen gutun hori?

BRUTO: Ez, Messala.

MESSALA: Eta ez al dizute idazten beratzaz zure gutunean?

BRUTO: Ezer ez, Messala.

MESSALA: Harritzen nau.

BRUTO: Zergatik galdetzen duzu? Jakin al duzu ezer beratzaz zeure gutunean?

MESSALA: Ez, ene jauna.

BRUTO: Ia, erromatarra bazara, esaidazu egia.

MESSALA: Orduan, jasan erromatar baten gisan esango dizudan egia: gauza da hil egin dela, eta modu bitxian.

BRUTO: Ai, agur Porzia. Hil beharrak gara, Messala: noizbait hil beharra neukala hausnartuz, badut egonarria orain hori jasateko.

MESSALA: Horrela jasan behar dituzte gizon haundiek galera handiak.

KASIO: Antzez, zuk adina daukat horretarik, baina nire izana ez da gauza hori horrela eramateko.

BRUTO: Tira, goazen geure bizidun-lanera. Zer derizkiozu berehalaxe Filipora joateari?

KASIO: Ez derizkiot egokia denik.

BRUTO: Zer arrazoi dituzu?

KASIO: Hara: hobe da etsaia gure bila etor dadin bere baliapideak gastatuz, soldaduak nekaraziz eta bere buruari kalte eginez, guk, geldi, atsedena, babesa eta mugikortasuna ugari dugun bitartean.

BRUTO: Zio onek derrigor leku utzi behar diete hoberenei: Filipo eta hona bitarteko jendeak estimu bortxatua baizik ez du guganako, murritz eskuratu bait digu bere laguntza. Etsaiak, beraien artetik doala, errebortxatu egingo du bere kopuru handia, atsedendurik, gehiturik eta adoreturik iristeko: alde hori kendu egingo diogu Filipon aurre ematen badiogu, jende hau geure atzetik dugula.

KASIO: Entzuidazu, anaia zintzoa.

BRUTO: Zure barkamenarekin: gainera, izan ezazu kontuan artzerainojarri ditugula frogan geure adiskideak: gure legioak mukururaino osaturik daude, gure kausa zoriturik dago: etsaia ugaltzen ari da egunean egunean, eta gu gailurrean gaude eta beheraka hasteko puntuan. Giza arazoetan bada halako joanetorri bat goraldian helduz gero fortunara eramaten duena, eta huts egiten bada, bizitzako txango guztia hondoa jota gelditzen da harrail eta ezbeharretan. Horrelako itsaso batean gabiltza orain igerika, eta korronteaz baliatu behar dugu laguntzen digunean edo geure zama galdu.

KASIO: Orduan zure nahiaren arabera aurrera egingo dugu: bertara joango gara geu eta Filipon topatuko ditugu.

BRUTO: Gauaren sakonera labandu da gure elkarrizketaren gain eta naturak men egin beharra dauka beharrizanari, zeina zikoitz aseko dugun atseden apur batekin: ez dago gehiago esatekorik.

KASIO: Ez dago besterik, gabon: bihar goizean goiz jaiki eta alde egingo dugu hemendik. (LUZIO sartzen da)

BRUTO: Luzio! Nire gau-atorra. Agur Messala (Badoa LUZIO). Gabon, Titinio; Kasio txit noblea, gabon eta ondo lo egin.

KASIO: Ah ene anaia maitea: gauari hasiera txarra eman diogu. Inoiz ez bedi sor banadurarik gure artean: ez utzi, Bruto.

 

(LUZIO sartzen da gau-atorrarekin)

 

BRUTO: Dena ongi dago.

KASIO: Gabon, ene jauna.

BRUTO: Gabon, anaia zintzoa.

TITINIO eta MESSALA: Gabon, Bruto argi hori.

BRUTO: Agur denoi (Badoaz KASIO, TITINIO eta MESSALA) Emaidazu gau-atorra. Non duzu zeure soinugailua?

LUZIO: Hor, denda-barruan.

BRUTO: Zer, loguraz hitzegiten? Gizajo halakoa, ez dizut ahakarrik egiten: lo faltaz zaude. Deitu Klaudiori eta nire gizonetako beste batzuri: bururdikotan lo eragingo diet neure dendan.

LUZIO: Varron eta Klaudio!

 

(VARRON eta KLAUDIO sartzen dira)

 

VARRON: Deika ari al da nire jauna?

BRUTO: Arren, jaunok: nire dendan etzan zaitezte lotarako. Agian geroago esnatuko zartuztet mandatu batekin Kasio anaiarengana bidaltzeko.

VARRON: Ongi baderizkiozu, jaikita egongo gara ernai, agindu arte.

BRUTO: Ez dut nahi horrela izan dadin: etzan, jaunok. Agian besterik erabakiko dut. Hara. Luzio, hemen dago hainbeste bilatu dudan liburua: atorraren patrikan utzita neukan.

LUZIO: Ziur nengoen zuk ez zenidala eman, jauna.

BRUTO: Izan egonarria nirekin, mutil ona: oso ahanzkorra naiz. Gauza al zara zeure begi kargatuei eutsi eta konpas pare bat zeure soinugailuan jotzeko?

LUZIO: Bai, jauna, hala nahi baduzu.

BRUTO: Hala nahi dut, mutikoa: gehiegi nekarazten zaitut, baina zu esanekoa zara.

LUZIO: Hori da nire eginbeharra, jauna.

BRUTO: Ez nizuke eskatu behar zeure indarrez haraindi men egiteko. Badakit odol gazteak atseden aloi bat behar duela.

LUZIO: Lo egina dut, jauna.

BRUTO: Ongi egina eta berriz ere egingo duzu: ez zaitut luzaz entretenituko. Bizi banaiz, ongi portatuko naiz zurekin. (Musika eta kanta bat). Logurea ematen duen doinu bat da. Ah lozorro hilgarria! Zeure berunezko makilaz jo al duzu soinua jotzen ari zaizun nire mutikoa? Gabon, bilau maitea: ez zaitut esnatzeko beste irainduko, burukada bat ematen baduzu tresna hautsiko duzu. Kendu egingo dizut, eta gabon, mutiko zintzo hori. Ikusagun, ikusagun: ez al dago tolesturik orria irakurtzeari utzi nionean? Hemen da, hala uste dut.

 

(ZESARren MAMUA sartzen da)

 

        Bai erretze txarrekoa dela kandela hau! Eh! Nor dator hor? Nire begien ahulezia dela esango nuke ikuskari mustrozko horri forma ematen diona. Alde honetara dator: zerbait al zara? Jainko bat, aingeru bat ala deabru bat zara, odola hoztu eta ilea lazteko? Esaidazu, zer zara?

MAMUA: Zure izpiritu txarra, Bruto!

BRUTO: Zertara zatoz?

MAMUA: Filipon ikusiko nauzula esatera.

BRUTO: Tira, berriz ikusiko al zaitut orduan?

MAMUA: Bai, Filipon.

BRUTO: Ongi da, orduan Filipon ikusiko zaitut. (Badoa mamua). Orain adoretu naizenean, ilaundu egiten zara. Izpiritu txarra, gehiago hitzegin nahi nuke zurekin. Mutila, Luzio, Varron, Klaudio, esnatu, jaunok! Esnatu, Klaudio!

LUZIO: Hariak, jauna, destrenpatuak daude.

BRUTO: Oraindik bere tresna jotzen ari delakoan dago. Esnatu, Luzio!

LUZIO: Ene, jauna!

BRUTO: Amets egin al duzu, Luzio, horrela oihu egiteko?

LUZIO: Jauna, ez dakit oihu egin dudanik.

BRUTO: Baduzu oihu egin. Ezer ikusi al duzu?

LUZIO: Ezer ez, jauna.

BRUTO: Itzuli lotara, Luzio. Mutil, Klaudio! Zu adiskidea! Esna zaitez.

VARRON: Jauna!

KLAUDIO: Jauna!

BRUTO: Zergatik egin dituzue horrelako oihuak lotan?

BIAK: Oihu egin al dugu, jauna?

BRUTO: Bai, Ezer ikusi al duzue?

VARRON: Ez, jauna, ez dut ezer ikusi.

KLAUDIO: Nik ere ez, jauna.

BRUTO: Zoazte nire partez nire anaia Kasio agurtzera: esaiozue lehenbailehen bere tropak martxan jartzeko, guk baino lehen, eta atzetik jarraituko diogu.

BIAK: Hala egingo da, jauna. (Badoaz).

 

aurrekoa | hurrengoa