|     73 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


III EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(Erroma. Kapitolio aurrea)

 

(Tronpetak. ZESAR, BRUTO, KASIO, KASKA, DEZIO, METELO, TREBONIO, ZINNA, ANTONIO, LEPIDO, ARTEMIDORO, POPILIO, PUBLIO eta AZTIA sartzen dira jende artean)

 

ZESAR: Heldu dira martxoko idusak.

AZTIA: Bai, Zesar, baina ez dira igaro.

ARTEMIDORO: Agur Zesar: irakur ezazu agiri hau.

DEZIO: Treboniok nahi du, ongien derizkiozunean, bere eskari apal hau irakur dezazun.

ARTEMIDORO: Ah, Zesar, aurrena irakurri nirea, zeren nire guraria hurbilagotik bait dagokio Zesarri. Irakur ezazu, Zesar haundi hori.

ZESAR: Nirekin zerikusia duena, atzena aztertu behar da.

ARTEMIDORO: Ez berandutu, Zesar: irakurri berehalaxe.

ZESAR: Zer, zoraturik al dago gizon hau?

PUBLIO: Alde hortik, gizon.

KASIO: Zer da hori? Kalean aurkezten al dituzu zeure eskariak? Zatoz Kapitoliora.

 

(ZESAR, gainerakoak atzetik dituela, Senadoreetara sartzen da eta hauek zutik jarzen dira)

 

POPILIO: Izango ahal du ondorio onik zure gaurko egitekoak.

KASIO: Zer egitekok, Popilio?

POPILIO: Ongi gerta dakizuela.

BRUTO: Zer esan du Popilio Lenak?

KASIO: Gure gaurko egitekoak ondorio ona izatea opa digu: gure asmoen berri jakin dutela esango nuke.

BRUTO: Begira nola hurbiltzen zaion Zesarri: begi emaiozu.

KASIO: Kaska, bizkor ibili, beldur bait gara eragotziko ez diguten. Bruto, zer egin behar da. Hau jakiten bada, edo Kasio edo Zesar ez dira inoiz itzuliko, nik neure burua hilko bait dut.

BRUTO: Kasio, zaude lasai: Popilio Lena ez da ari gure asmoaz, ze begira nola egiten duen irribarre, eta Zesar ez da batere aldatu.

KASIO: Treboniok badaki noiz dagokion txanda; zeren begira, Bruto, erditik kentzen ari bait da Marko Antonio.

 

(Badoaz MARKO ANTONIO eta TREBONIO)

 

DEZIO: Non da Metelo Zimbrio? Doala Zesarri bere eskaria aurkeztera.

BRUTO: Dagoeneko prest dago: bil zakizkiote inguruan eta lagundu.

ZINNA: Kaska, zu zara lehenik eskua altxatzen duena.

ZESAR: Prest al gaude denok? Zer dago orain okerra denik, Zesarrek eta bere Senatuak zuzen dezaten?

METELO: Zesar txit goren, txit ahaltsu eta txit indartsua: Metelo Zimbriok zure eserlekuaren aurrera jaurtikitzen du bihotz umil bat...

ZESAR: Eragotzi egin behar dizut, Zimbrio: gurketa eta kunplimendu umildu horiek odola irakinerazteko moduak dira gizon arruntei, eta haurren lege bihurtzeko modukoak aurrez ordenatua eta dekretatua. Ez izan aski inozoa uste izateko Zesarrek bere gaitasun egiazkotik aldentzeko bezain odol asaldakorra duenik tentelak urten direnaz, zera esan nahi dut, hitz goxoez. gurketa handi eta zailez eta txakurkumeen losintxa doilorrez. Zure anaia dekretuz erbesteraturik dago: makurtzen bazara, eta beraren alde erregu eta lausengu egiten baduzu, ostikoka aldenduko zaitut neure bidetik txakur bat bezala. Jakizu Zesarrek ez duela egiten irainik, eta ez duela askiesten kausarik gabe.

METELO: Ez al da nirea baino ahots duinagorik Zesar haundiaren belarrietan hots gozoagoa atera dezan nire anaia erbesteratuarentzat indultua eskatuz?

BRUTO: Mun egiten diot zure eskuari, Zesar, baina ez lausenguz Publio Zimbriok bapateko askatasuna eta itzulera eskura ditzan.

ZESAR: Nola? Bruto?

KASIO: Barkatu, Zesar; Zesar, barkatu: Kasio umiltasunean auspezten da zure oinetaraino Publio Zimbriorentzat indultua erreguka.

ZESAR: Utz niezaioke hunkitzen neure buruari, zure modukoa banintz: hunkitzeko erregutzen baneki, erreguek hunkituko nindukete: baina Ipar Izarra bezain iraunkorra naiz, zeinak ez duen ortzean parekorik bere izate leialki finko eta mugiezinean. Zeruak ezin konta ahala txingarrez pintaturik daude: denak dira suzko eta denek egiten dute dirdir: baina bat bakarra da denen artean bere tokian dirauena. Hala da munduan ere: gizonez ongi horniturik dago, eta gizonak hezur eta haragizkoak dira, eta ulertu egiten dute; baina ugaritasun guzti honetan, bat bakarra ezagutzen dut bere mailari mugiezin eusten diona, higidurarekin kolokatu gabe: eta hori ni naiz. Utzidazue apur bat erakusten, honetan hain zuzen: Zimbrio erbesteraturik edukitzen iraunkorra izan naizelakoan eta iraunkor jarraitzen dut honela edukitzen.

ZINNA: O Zesar!

ZESAR: Alde hortik: Olinpoa jaso nahi al duzu?

DEZIO: Zesar haundia...

ZESAR: Ez al da alferrik belaunikatu Bruto?

KASKA: Hitzegin nire ordez, eskuak.

 

(Puinalez josten dute ZESAR)

 

ZESAR: (Et tu, Brute?) Eror zaitez orduan, Zesar. (Hil egiten da)

ZINNA: Askatasuna! Askatasuna! Tirania hil da. Irten lasterka, aldarrikatu, oihu egin kaleetan zehar.

KASIO: Doala norbait herri-tribunetara oihu egitera. Askatasuna, askatasuna, independentzia!

BRUTO: Herria eta Senadoreak, ez zaitezte ikara: ez ihes egin, lasai egon: kitaturik dago handinahikeriaren zorra.

KASKA: Zoaz tribunara, Bruto.

DEZIO: Baita Kasio ere.

BRUTO: Non da Publio?

ZINNA: Hor, astrapala horretan zeharo nahasturik.

METELO: Irme iraun eta elkarturik, bestela Zesarren adiskideren batek, ustekabean...

BRUTO: Ez aipatu geldi egotekorik. Publio, izan adore: ez dago zuri kalte egiteko asmorik, ez beste ezein erromatarri ere: esaiezu, Publio.

KASIO: Eta utz gaitzazu, Publio, bestela agian jendeak eraso egingo digu eta kalte egingo dio zure zahartzaroari.

BRUTO: Zoazte, eta inork ez dezala erantzun egintza honetaz, burutu dugunok izan ezik.

 

(TREBONIO sartzen da)

 

KASKA: Non da Antonio?

TREBONIO: Etxera ihes egin du izuturik: gizonak, emakumeak eta haurra txunditurik geratzen dira, garraisika eta korrika dabiltza Azken Judizioa balitz bezala.

BRUTO: Aduak, jakingo dugu geure borondatea: badakigu hil beharrak garela, baina gizonak mementuaz eta egunak luzatzeaz bakarri arduratzen dira.

BRUTO: Hori onartzen bada, orduan heriotza mesede bat da, eta Zesarren adiskide gara heriotzaren beldur izateko haren denbora laburtu dugunok. Makurtu, erromatarrok, makurtu: busti ditzagun eskuak Zesarren odoletan ukalondoraino, eta blai egin ditzagun geure ezpatak: gero irten gaitezen Forora eta geure buruen gainetik arma gorrituak astinduz denok oihu egin dezagun: «Bakea, askatasuna, independentzia!».

KASIO: Makurtu orduan eta busti zaitezte. Zenbat menderen buruan birbiztuko da behin eta berriz gure eszena goren hau, oraindik jaio gabeko estatuetan, eta oraindik ezezagunak diren mintzairatan?

BRUTO: Zenbat aldiz isuriko du odola Zesarrek iduri hutsez, orain Pompeioren idulkipean zerraldo etzanik dagoen honek, hautsak baino balio handiagorik ez duela?

KASIO: Hori gerta dadin bakoitzean, bere herriari askatasuna eman ziotenen talde deituko dute gurea.

DEZIO: Zer, ba al goaz?

KASIO: Bai, goazen denok. Brutok gidatuko gaitu, eta orpoz-orpo jarraituko gatzaizkio Erromako bihotzik hoberen eta kementsuenekin.

 

(MORROI bat sartzen da)

 

BRUTO: Ixo, nor dator hor? Antonioren adiskide bat.

MORROIA: Honela, Bruto, agindu dit ugazabak belaunikatzeko: honela agindu dit Marko Antoniok auspezteko, eta auspeztu ondoren esateko: «Bruto martzala da, zuhurra, kementsua eta jatorra Zesar izan da ahaltsua, ausarta, maiestatetsua eta maitabera: esaiozu ongi nahi diodala Brutori eta ohoratzen dudala: esaiozu errespetoa izan diodala Zesarri, ohoratu eta estimatu egin dudala. Baldin Brutok uzten badio Antoniori bereganaino salbu etortzen eta jakiten badu zergatik merezi izan duen Zesarrek hilik egotea, Marko Antoniok ez du hainbeste maiteko Zesar bila nola Bruto bizia, baizik eta Bruto leinargiaren zortea eta egintzei jarraituko zaie, oraindik zapaldu gabeko estatu honen gorabeheretan zehar egiazko leialtasun guztiarekin». Hori dio Antonio nire ugazabak.

BRUTO: Zure ugazaba erromatar zuhur eta kementsua da. Inoiz ez dut gutxiagotzat eduki: esaiozu ongi haderizkio leku honetara etortzeari, askietsirik geratuko dela eta kalterik gabe itzuliko dela, nire ohoregatik.

MORROIA: Berekala ekarriko dut hona. (Badoa morroia)

BRUTO: Badakit oso ongi edukiko dugula adiskidetzat.

KASIO: Hobe bai edukitzea. Baina nire barrenak beldurra dio: eta nire susmoak beti jopuntura joaten dira zuhurki.

 

(ANTONIO sartzen da)

 

BRUTO: Baina hemen dator Antonio: ongi etorria, Marko Antonio.

ANTONIO: Ah Zesar ahaltsua! Hain behera erori al zara? Zure garaitzapen, aintza, gurenda, gudaharrapakin guztiak, hain neurri kaskarrera uzkurtu al dira? Agur Jaunok, ez dakit zuen asmoen berri, nor gehiago odolustu behar den, besterik nor den zigorrerako gai: ni neu baldin banaiz, ez dago une egokiagorik Zesarren heriotzekoa baino, ezta tresnarik ere zuen ezpata horien erdirik balio duenik, mundu guzti honetako odolik nobleenaz aberasturik bait daude. Arren eskatzen dizuet, ezinikusia badidazue, oraintxe bete dezazuela zeuen borondatea, zuen esku purpurazkoei kea eta lurruna darien bitarte honetan. Nahiz eta mila urte bizi, ez naiz aurkituko gertuago hiltzeko, ezta izango gogokoago dudan lekurik ere, ezta Zesarren ondoan hemen bezala hilko nauten gizonik, eta zuek urraturik, garai honetako espiritu menperatzaile hautok.

BRUTO: O Antonio! Ez eskatu zeure heriotzik: nahiz eta orain odoizale eta anker itxurapean agertu behar dugun, gure eskuekin eta gure oraingo egintzarekin, hala eta guzti ere, gure eskuak baizik ez dituzu ikusten eta berauek burutu duten arazo odoltsua, eta ez dituzu ikusten gure bihotzak errukiz beterik daudenak. Eta Erromaren ezbehar orokorrarentzako errukiarekin, su bati beste su bat darion gisara, horrelaxe errukiak ere errukia, hau egin duelarik Zesarren kontra. Zure aldetik, zuretzat, gure ezpatek mutur kamutsak dituzte Marko Antonio: gure besoek eta gure bihotzek, gorrotoaren indarrean anaia, abegi egiten dizute onginahiezko jaiera guztiarekin, pentsamentu on eta begirunearekin.

KASIO: Zure ahotsak edonorenak adinako indarra izango du dintasun berriak erabakitzerakoan.

BRUTO: Baina egonarria beharko duzu jendetza baretu arte, bere baitatik irtenda bait dago beldurrez, eta orduan jakineraziko dizugu zer arrazoirengatik jokatu dudan honela nik, zauritu dudanean maite nuen Zesar.

ANTONIO: Ez dut zalantzan jartzen zure zentzu ona: bakoitzak eman diezadala bere esku odoldua. Aurrena, Marko Bruto, zuri estutuko dizut: gero zure eskua hartzen dut, Kaio Kasio: orain zurea, Dezio Bruto: orain zurea, Metelo: zurea, Zinna; eta zurea, ene Kaska kementsua: eta zurea azkena baina ez atzena maitasunean, Trebonio zintzoa. Jaun denok, ai, zer esango dut? Nire izena hain dago lur labanean orain bi gauza txarretako baten arabera epaitu behar nauzue: edo koldar edo lausengari. Zesar estimatu izan dudala, egia dan: orduan. zure arima begira badaukagu orain, ez al dizu zeure heriotzak baino min handiago egingo zeure Antonio onezkoak egiten eta zeure etsaien hatzamar odolduak estutzen ikusteak? Txit noble hori: zure hilotzaren aurrean, zuk zauriak adina begi izatea, berari odola darien bezain ugari negarrez, hobeto nuke zure etsaiekin adiskide-lokarriak estutzen ibiltzea baino. Barkaidazu, Julio, hemen eraso dizute, ehize bulartsua: hemen erori zara, eta hemen daude zure ehiztariak zure hondakinaz markaturik eta zure odolaz gorriturik. Oi mundua! zu izan zara orein honen oihana, eta hau zure nagusia, oi mundua! Oreinaren zeinen antzeko, hainbat printzek zauritua, zautza hemen!

KASIO: Marko Antonio!

ANTONIO: Barkaidazu, Kaio Kasio: Zesarren etsaiek hori esango dute: beraz, adiskide batengan, neurritasun hotza da.

KASIO: Ez zaitut gaitzesten Zesar honela goraipatzeagatik, baina zer akordio egin nahi duzu gurekin? Gure adiskideen artean markatua izatea nahi al duzu, ala aurrera jarraitzen dugu zurekin kontatu gabe?

ANTONIO: Horretarako estutu dizuet eskua baina, izan ere, arazotik saihestera beharturik aurkitu naiz begiak Zesarrengan ezartzean. Adiskide naiz zuek guztiekiko, eta denok estimatzen zaituztet, Zesar zertan eta zergatik zen arriskutsu arrazoiak emango dizkidazuen esperantzarekin.

BRUTO: Bestela, hau ikuskizun basatia litzateke: gure arrazoiak hain zio, onez beterik daude, Antonio, ezen Zesarren semea bazina ere askietsirik geratuko zinateke.

ANTONIO: Horixe da nire asmo guztia, eta gainera eskatzen dizuet beronen gorpua Forora ateratzen utz diezadazuela, eta rostrumean, adiskideari dagokionez hitzegiten ere bai, hileta garaian.

BRUTO: Hala egingo duzu, Marko Antonio.

KASIO: Bruto, hitz bat zurekin: ez dakizu zertan ari zaren: ez utzi Antoniori hileta-garaian hitzegiten: badakizu zenbat hunkituko duen jendea horrek esan dezanak.

BRUTO: Zure barkamenarekin: neu igoko naiz aurrena rostrumera, eta Zesarren heriotzaren arrazoiak ikuseraziko ditut. Antoniok esan dezana, gure baimen eta oniritziz esaten duela ziurtatuko dut eta ongi derizkiogula Zesarrek beharrezko rito eta legezko zeremonia guztiak izateari. Horrek kaltea baino onura handiago ekarriko digu.

ANTONIO: Ah barkaidazu, lur-zati odoljarioa, bigun eta maitatia izanagatik zure asasinoekin !! Aldien joan etorrian inoiz bizi izan den gizonik nobleenaren hondamena zara. Errukarria odol preziatu hau isuri duen eskua! Orain egingo dut iragarpen zure zauriez —zeinek, aho mutuen antzera, beren rubizko ezpainak zabaltzen dituzten nire mihiaren mintzoa eta hitza eskatuzmadarikazio bat erorik dela gizonen gorputzadarren gain: barne-gudua, anaiarteko liskar uzuak urratuko ditu Italiako alderdi guztiak: odola eta triskantza hain eraginak izango dira eta gauza beldurgarriak hain ohizkoak, ezen amek irribarre baizik egingo ez duten beren seintxoak guduaren eskuak laurdenkaturik ikustean: gupida oro itoa izango da egintza uzuen ohituraz, eta Zesarren espiritua, mendekuaren bila hegaz, Atis alboan duela, beroturik aterako da infernutik, eta lurralde hauetan monarka ahotsez, heriotza oihu egingo du denetzat, eta guduaren txakurrak jaregingo ditu, halako moldez non egintza zital honek kiratsa zabalduko duen lurraren gainean sarraski bihurturiko gizonekin, obi baten jabe izateko intzirika.

 

(Oktavioren morroi bat sartzen da)

 

        Zu Oktavio Zesarren zerbitzari zara, ez al da hala?

MORROIA: Hala da, Marko Antonio.

ANTONIO: Erromara etortzeko idatzi zion Zesarrek.

MORROIA: Hartu zuen bere gutuna eta badator, eta hitza esateko agindu dit... O Zesar!

ANTONIO: Bihotza abaildua daukazu: bazter zaitez negar egitera. Dakusadanez ondorio kutsatzailea da, zeren nire begiek zureetan tristurazko perla horiek ikustean, dariola hasi dira. Ba al dator zure ugazaba?

MORROIA: Gaur gauean Erromatik zazpi legoatara lo egingo du.

ANTONIO: Zoaz atzera lasterka bizian, eta esaiozu zer gertatu den: hemen doluminez dagoen Erroma bat dago, Erroma arriskutsu bat, oraindik segurtasunik eskaintzen ez duen Erroma bat Oktaviorentzat: zoaz hemendik eta esaiozu, baina zaude apur batean: ez zaitez itzuli nik gorpu hau Forora eraman arte. Bertan frogatuko dut neure hitzaldian ea nola hartzen duen jendeak gizon odolzale hauen egintza ankerra eta haren arabera hitzegiozu Oktavio gazteari gauzen egoeraz. Esku bat luza zaidazu.

 

(Badoaz, Zesarren gorpua berekin daramatela)

 

 

II ESZENA

 

(Erroma. Foroa)

 

(Sartzen da BRUTO eta «rostrumera» igotzen da, baita KASIO ere hiritarrekin).

 

HIRITARRAK: Argitasunak eman behar dizkigute: askietsirik geratu behar dugu.

BRUTO: Orduan jarraitu eta arretarekin egon, adiskideok. Kasio, zu zoaz beste kalera: bana dezagun jendetza. Hitzegiten entzun nautenak, hemen gera daitezela; Kasiori jarraitu nahi zaizkionak, doazela berarekin, eta emango dira azalpen publikoak Zesarren heriotzari buruz.

LEHEN HIRITARRA: Nik Bruto entzun nahi dut hitzegiten.

BIGARREN HIRITARRA: Nik Kasio entzun nahi dut eta arrazoiak konparatu bakoitza berezian ematen entzun ondoren.

 

(Badoa KASIO herritar batzurekin)

 

HIRUGARREN HIRITARRA: Bruto leinargia igo da: isilik!

BRUTO: Izan egonarria azkeneraino. Erromatarrok, aberkideok, adiskideok, entzuidazue nire zioan eta isilik egon adi egon ahal izateko. Sinetsidazue nire ohoreagatik, eta izan errespetoa nire ohoreari, sinets dezazuen. Zeuen zuhurtasunean ahakar egidazue eta itzartu zuen zentzuak hobeki epaitzeko. Baldin bilera honetan Zesarren adiskide minik baldin bada, halakoari esango diot Brutok Zesarri zion jaiera ez zela berarena baino txikiagoa. Orduan, adiskide horrek galdetzen badu Bruto zergatik altxa zen Zesarren kontra, nire erantzuna hau da: Ez da nik Zesar gutxiago maite nuelako, baizik eta Erroma gehiago maite nuelako. Nahiago izango al zenukete Zesar bizirik egotea eta denok esklabu izatea, ordea Zesar hilik egon eta denok gizon libre bezala bizi izatea baino? Zesarrek ongi nahi izan zidanez gero, negar egiten dut berarengatik zorionekoa izan denez gero, poztu egiten naiz horregatik; kementsua izan denez gero, ohoratu egiten dut, baina andinahia zenez gero, hil egin dut. Hemen negar-malkoak daude beraren maitasunarengatik; poza, beraren zoriagatik; ohorea, beraren kemenarengatik; eta heriotza beraren handinahiarengatik. Nor da hemen esklabu izan nahi duen bilaua? Baldin bada, hitzegin dezala, horretxeri egin bait diot irain. Nor da hemen bere aberria maite ez duen bilaua? Baldin bada, hitzegin dezala horretxeri egin bait diot irain. Erantzunaren zain geratzen naiz.

DENAK: Inor ez, Bruto, inor ez.

BRUTO: Orduan ez diot egin irainik inori. Ez diot egin Zesarri Brutori egin behar diozuena baino gehiago. Beraren heriotze-zioa idatzirik dago Kapitolioan: ez da kaskartu haren aintza dinako izan den hartan: ezta itxuragabetu heriotza igaro dueneko delituak ere.

 

(MARKO ANTONIO sartzen da, ZESARren gorpuarekin)

 

        Hemen dator beraren hilotza, Marko Antoniok negartua, izan ere heriotzean partaide izan ez bada ere, hilik egotearen onura eskuratuko bait du, postu bat errepublikan, eta zuetako nork ez? Eta honenbestez, alde egingo dut, zeren gehien maite dudana hil dudan bezala Erromaren onetan, daga hori bera daukat neuretzat ere, nire nazioak ongi derizkionean nire heriotzaren premia izateari.

DENAK: Bizi zaitez. Bruto, bizi, bizi.

LEHEN HIRITARRA: Eramazue etxeraino goraka.

BIGARREN HIRITARRA: Emaiozue estatua bat arbasoekin.

HIRUGARREN HIRITARRA: Egizue Zesar.

LAUGARREN HIRITARRA: Zesarren gaitasunik hoberenak Brutorengan koroatu behar dira.

LEHEN HIRITARRA: Bere etxera eramango dugu goradei eta txalo artean.

BRUTO: Ene aberkideok!

BIGARREN HIRITARRA: Ixo, isilik! Hitzegitera doa Bruto.

LEHEN HIRITARRA: Isildu, eh!

BRUTO: Ene aberkide zintzoak, utzidazue bakarrik joaten, eta nire eskariz, gera zaitezte hemen Antoniorekin: omendu Zesarren gorpua, eta ohore egin beraren hitzaldiari, aintza emango bait dio Zesarri, eta nola, gure baimenarekin, zilegi zaion Marko Antoniori hori egitea, arren eskatzen dizuet inork ez dezala alde egin neuk izan ezik, arik eta Antoniok hitzaldia amai dezan arte.

 

(Badoa)

 

LEHEN HIRITARRA: Geldi, eh! Entzun dezagun Marko Antoniok dioena.

HIRUGARREN HIRITARRA: Igo dadila herri-tribunara, eta entzungo diogu Antonio noblea, igo zaitez.

ANTONIO: Esker oneko natzaizue, Brutorengatik.

LAUGARREN HIRITARRA: Zer dio Brutoz?

HIRUGARREN HIRITARRA: Brutorengatik denoi esker oneko zaigula dio.

LAUGARREN HIRITARRA: Hobe luke hemen ezer txarrik ez esatea Brutoz.

LEHEN HIRITARRA: Zesar hori tirano bat izan da.

HIRUGARREN HIRITARRA: Ez, gauza da zori onekoak garela Erroma beratzaz gabeturik geratu denean.

BIGARREN HIRITARRA: Ixo, entzun egin behar dugu Antoniok esan dezana.

ANTONIO: O erromatar prestuok!

DENAK: Ixo, eh! Utzi entzuten!

ANTONIO: Adiskideak, erromatarrak, aberkideak! Erne belarriak: Zesar ehorztera nator, ez goraipatzera. Gizonek egiten duten gaitzak iraun egiten du hauek hil eta gero ere. Ongia, sarritan, lurperaturik geratzen da haren hezurrekin: hala bedi Zesarrekin. Bruto leinargiak esan dizue Zesar andinahia zela: hala izan bada, akats larria izan da, eta larriki ordaindu behar izan du Zesarrek. Hona. Brutoren eta gainerakoen baimenarekin zeren Bruto gizon jatorra bait da, eta enparauak ere bai: denak dira jatorrak. Zesarren hiletetan hitzegitera nator Bera adiskide izan dut, leial eta zintzoa, baina Brutok dio handinahi zela, eta Bruto gizon jatorra da. Gatibu asko ekarri zituen Erromara, zeinen erreskateek kerri-kutxak bete dituzten. Handinahi itxurarik izan ote du Zesarrek honetan? Behartsuek arrenka hastean, Zesarrek negar egiten zuen: andinahikeriak ezpal gogorragoa eskatuko luke. Hala ere, Brutok dio handinahia zela, eta Bruto gizon jatorra da. Denek ikusi zenuten nola Luperkaletan hiru aldiz errege-koroa eskaini nion, eta berak hiru aldiz baztertu zuen. Hori handinahikeria al zen? Halere, Brutok dio handinahia zela, eta jakina, gizon jatorra da. Ez naiz ari hitzegiten Brutok esandakoa gezurtatzeko, baizik eta dakidana esateko nago hemen zuek denok maite izan duzue lehen, eta ez arrazoirik gabe. Zer arrazoik eragozten dizue, orduan, negar egitea? Ah zentzua! Abere arrazoigabeetara ihes egin duzu, eta gizonek arrazoimena galdua dute. Barkaidazue: nire bihotza hemen dago Zesarrekin atautean, eta itxaron beharra daukat niregana dadin arte.

LEHEN HIRITARRA: Arrazoi handia duela uste dut dionen horretan.

BIGARREN HIRITARRA: Gauzari ongi begiratzen badiozu, irain handia egin zaio Zesarri.

HIRUGARREN HIRITARRA: Egin al zaio, jaunak? Beronen lekuan beste okerrago bat etorriko ez ote den beldur naiz.

LAUGARREN HIRITARRA: Kontu egin al diezue horren hitzei? Ez zuen hartu nahi koroa, beraz argi dago ez zela handinahia.

LEHEN HIRITARRA: Hori horrela bada, baten batzuk larrutik ordaindu beharko dute.

BIGARREN HIRITARRA: Gizajoa! Begiak txingarra bezain gorriak ditu hainbeste negar eginda.

HIRUGARREN HIRITARRA: Ez dago Erroman Antonio baino gizon nobleagorik.

LAUGARREN HIRITARRA: Begiemaiozue berari orain: berriro hitzegitera doa.

ANTONIO: Atzo bertan, Zesarren hitza munduari aurre egiteko gauza zen; orain hor datza eta inor ez da hain gutxi berorri gur egiteko bezainbat. Ah jaunok! Zuen buru-bihotzak desordenu eta kolerara eragiteko asmoa izango banu, Bruto eta Kasiori irain egingo nieke eta izan ere, denok dakizuenez, gizon jatorrak dira. Ez diet irainik egingo: aldiz nahiago dut hildakoari irain egitea, neure buruari irain egitea eta zuei, hain gizon jatorrei irain egitea baino. Baina hemen badago pergamio bat Zesarren zigiluarekin beraren gelan aurkitu dut. Beraren azken nahia da: bilauak, hilburuko hau entzute hutsarekin, baina barkatu, ez dut irakurtzeko asmorik Zesar hilaren zauriei mun ematera joango lirateke eta beren zapiak haren odol sakratuan bustitzera: areago oraindik, beraren ile bat eskatuko lukete erlikiatzat, eta hiltzean, beren hilburukoan aipatuko lukete, ondorengoei ondare aberats gisa utziz.

LAUGARREN HIRITARRA: Hilburukoa entzun nahi dugu: irakur ezazu, Marko Antonio.

DENAK: Hilburukoa, hilburukoa: Zesarren hilburukoa entzun nahi dugu.

ANTONIO: Izan egonarria, adiskide maiteok, ez dut irakurri behar Ez da komeni jakin dezazuen nola maite zintuzten Zesarrek; ez zarete zur, ez zarete harri, gizon baizik, Zesarren hilburukoa entzuteak sutu eta zorarazi egingo zaituzte: ongi dago zuek ez jakitea beraren oinordeko zaretela, ze, jakingo bazenute, ah zer sortuko litzateke hartatik?

LAUGARREN HIRITARRA: Irakurri hilburukoa: entzun egun nahi dugu, Antonio: hilburukoa irakurri behar diguzu, Zesarren hilburukoa.

ANTONIO: Izango al duzue egonarririk? Itxaron nahi al duzue apur bat? Gehiegi esan dut hartaz hitzegitean: Zesar puinaleztatu duten gizon jatorrei irain egiteko beldurra dut: beldur naiz.

LAUGARREN HIRITARRA: Utikan traidoreak! Zer gizon jator gero?

DENAK: Hilburukoa, azken nahia.

BIGARREN HIRITARRA: Utikan bilauak, asasinatzaileak: hilburukoa, irakurri hilburukoa.

ANTONIO: Orduan hilburukoa irakurtzera behartuko nauzue. Bil zaitezte, ba, biribilean Zesarren gorpuaren inguruan eta utzidazue erakusten hilburukoa egin zuena: jaitsi egin behar al dut? Baimena emango al didazue?

DENAK: Jaitsi!

BIGARREN HIRITARRA: Behera.

HIRUGARREN HIRITARRA: Ematen dizugu baimena.

LAUGARREN HIRITARRA: Biribilean: jarri inguruan.

LEHEN HIRITARRA: Aldendu atautetik, aldendu gorputik.

BIGARREN HIRITARRA: Utzi lekua Antoniori, Antonio txit nobleari.

ANTONIO: Tira, ez estutu hainbeste, alde.

DENAK: Atzera egizue: leku, atzera egin.

ANTONIO: Malkorik baldin baduzue, presta zaitezte orain isurtzeko. Zuek denok ezagutzen duzue mantu hau: gogoan dut nola jantzi zuen Zesarrek lehendabiziko aldiz. Udako inular batean izan zen, bere dendan, Nervitarrak menperatu zituen egunean. Begira, leku honetan sartu da Kasioren puinala: begira zer urratua egin duen Kaska herratsuak: hemendik barrena sartu dio puinala Bruto txit maitatuak, eta bere altzairu madarikatua ateratzean, Begira nola jarraitu zaion Zesarren odola Zesarren odola, zalapartaka atetik irten nahian bezala, Bruto zen ala ez hain krudelki atejoka ari zena; ze, dakizuenez, Bruto bait zen Zesarren aingerua. Pentsa, o jainkoak, zeinen biziki maite izan zuen Zesarrek: hau izan zen denetan zastadarik krudelena. Zeren Zesar nobleak ikusi zuenean puinala sartzen ari zitzaiola, eskergabekeriak menperatu bait zuen, traidoreen besoek baino indar handiagoz; orduan leher egin zuen beraren bihotz ahaltsuak eta burua mantuan bildurik, Pompeioren estatuaren oinetan, zeina denbora guzti horretan odola zeriola egon zen, erori zen Zesar haundia. Ai zer erorkera izan zen hura, ene aberkideok! Orduan ni, eta zuek, eta gu denok erori ginen, traizio odolzalea gure gainetik garaile ateratzen zen bitartean. Ah, orain negar egiten duzue eta igartzen dut gupidaren hozkada nola sentitzen duzuen: bihotzabaltasunezko tantak dira horiek. Arima onberak, nolatan? Zesarren toga zauriturik ikusteaz bakarrik negar egiten al duzue? Begira hona: hemen dago bera, ikusten duzuenez traidoreek zatiturik.

LEHEN HIRITARRA: Ah ikuskizun tamalgarria!

BIGARREN HIRITARRA: O Zesar noblea!

HIRUGARREN HIRITARRA: Ah zorigaitzeko eguna!

LAUGARREN HIRITARRA: Ah traidoreak, bilauak!

LEHEN HIRITARRA: Ah ikusmira odoltsua!

BIGARREN HIRITARRA: Mendekatuko gara. Mendekua, zoaz hor barrena, bilatzera, erretzera, kiskailtzera, hiltzera, deuseztatzera! Ez utzi bizirik traidore bakar bat ere!

ANTONIO: Zaudete, aberkideek!

LEHEN HIRITARRA: Isilik hor, entzun Antonio prestuari.

BIGARREN HIRITARRA: Entzungo diogu, jarraituko diogu, berarekin hilko gara.

ANTONIO: Adiskide zintzook, adiskide samurrok, ez zaituztet asaldarazi nahi erreboltaren gainezkatze hain bapatekora. Egintza hau burutu dutenak, jatorrak dira. Nik ez dakit, ai, zer nolako irain bereziak jasan zituzten hau egitera bultzatzeko: zuhurrak eta jatorrak dira, eta zalantzarik ez dut arrazoiez erantzungo dizuetela. Ni, adiskideok, ez nator zuen bihotzez nagusitzera. Ni ez naiz hizlaria, Bruto bezala: baizik eta —denok ezagutzen nauzuenez— gizon arrunt eta irekia, neure adiskidea maite dudana, eta beraiek oso ongi dakite hori, jendaurrean hitzegiteko baimena eman didatenek: Zeren ez bait dut testu idatzirik ez hitzik ez kemenik ez trebetasunik ez etorririk ez mintzamenik gizonei odola irabiatzeko. Ni onez-onean baizik ez naiz ari hitzegiten: zeuk dakizuena besterik ez dizuet esaten, Zesar maitearen zauriak erakusten dizkizuet, gaisoak, aho gaiso mutuak, eta nire ordez hitzegiteko eskatzen diet: baina ni Bruto banintz, eta Bruto Antonio balitz, barrena asaldaraziko lizuekeen Antonio bat legoke eta mihi bana jarriko lukeena Zesarren zauri bakoitzean Erromako harriak berak ere errebolta eta mutinera mugierazteko.

DENAK: Erreboltatuko gara!

LEHEN HIRITARRA: Brutoren etxea erreko dugu.

HIRUGARREN HIRITARRA: Goazen hara, zatozte konspiratzaileen bila.

ANTONIO: Baina entzuidazue, aberkideok, entzuidazue oraindik hitzegiten.

DENAK: Isildu, eh, entzun Antoniori, Antonio txit nobleari.

ANTONIO: Zer da hori, adiskideok? Ez dakizue zer egitera zoazten? Zertan irabazi du Zesarrek modu horretan zuen onginahia? Ai, ez dakizue: esan egin behar dizuet orduan: ahaztu al zaizue aipatu dizuedan hilburukoa?

DENAK: Egia handia da: hilburukoa. Itxaron dezagun hilburukoa entzun arte.

ANTONIO: Hemen dago hilburukoa, eta Zesarren zigilupean: erromatar hirikide bakoitzari hirurogeita hamabost drakma ematen dizkio.

BIGARREN HIRITARRA: Zesar txit noblea, mendekatuko dugu berorren heriotza!

HIRUGARREN HIRITARRA: Ah Zesar gurena!

DENAK: Isilik, eh!

ANTONIO: Gainera, bere pasealeku guztiak, bere glorieta pribatuak, Tiberren honaindiko hegietan landatu berriak diren bere lorategiak utzi dizkizu. zuei eta zuen oinordekoei utzi dizkizue betirako: paseatzeko eta gozatzeko leku publikoak. Hori izan da Zesarra: noiz sortuko da beste bat parekorik?

LEHEN HIRITARRA: Inoiz, ez, inoiz ez; tira, goazen, goazen: leku sakratuan herraustuko dugu gorpua eta sutondarrekin traidoreen etxeak erreko ditugu. Eramazue gorpua.

BIGARREN HIRITARRA: Zoazte suaren bila.

HIRUGARREN HIRITARRA: Irauli aulkiak.

LAUGARREN HIRITARRA: Irauli eserlekuak, leihoak, dena.

 

(Badoaz Hiritarrak, gorpua daramatela)

 

ANTONIO: Orain, utzi egin behar da ekinean. Hondamena, ibilian zaude: har ezazu nahi duzun norabidea. Zer da, mutil? (MORROI bat sartzen da)

MORROIA: Jauna, Oktavio iritsi da Erromara.

ANTONIO: Non da?

MORROIA: Lepidorekin dago Zesarren etxean.

ANTONIO: Bertara noa, bisita egitera: nahi bezala dator Fortuna pozik dago eta umore horrekin edozer gauza emango digu.

MORROIA: Entzun diot Bruto eta Kasio abaila bizian irten direla zoroen pare Erromako atetik.

ANTONIO: Agian izan dute berria nola asaldarazi dudan jendea. Lagun nazazu Oktavio ikustera

 

(Badoaz)

 

 

III ESZENA

 

(Erroma. Kale bat).

 

(ZINNA, poeta eta gero HIRITARRAK sartzen dira)

 

ZINNA: Gaur gauean amets egin dut oturuntza bat ospatzen ari nintzela Zesarrekin, eta zenbait gauzak modu txarrean zamatzen didate fantasia: ez dut kalean zehar noraezean ibiltzeko gogorik, eta hala ere, zerbaitek narama hortik.

LEHEN HIRITARRA: Nola duzu izena?

BIGARREN HIRITARRA: Nora zoaz?

HIRUGARREN HIRITARRA: Non bizi zara?

LAUGARREN HIRITARRA: Ezkondua ala ezkongabea zara?

BIGARREN HIRITARRA: Bakoitzari berahala erantzuiozu.

LEHEN HIRITARRA: Bai, eta laburki.

LAUGARREN HIRITARRA: Bai, eta zentzuzki.

HIRUGARREN HIRITARRA: Bai, eta egiazki: hoberena litzateke.

ZINNA: Nola dut izena? Nora noa? Non bizi naiz? Ezkondua ala ezkongabea naiz? Orduan bakoitzari berehala erantzuteko, laburki zentzuzki eta egiazki: zentzuzki diot ezkongabe naizela.

BIGARREN HIRITARRA: Hori ezkontzen direnak leloak direla esatea bezala da: beldur naiz nire aldetik zartada bat hartuko ez duzun.

ZINNA: Berehalaxe: Zesarren hiletara noa.

LEHEN HIRITARRA: Adiskide ala etsai gisara?

ZINNA: Adiskide gisara.

BIGARREN HIRITARRA: Auzi hau berehalaxe erantzunik geratu da.

BIGARREN HIRITARRA: Non bizi zara, laburki?

ZINNA: Laburki, Kapitolioaren ondoan bizi naiz.

HIRUGARREN HIRITARRA: Zure izena, egiazki.

ZINNA: Egiazki, Zinna dut izena.

LEHEN HIRITARRA: Zati-zati egizue: konspiratzailea da!

ZINNA: Zinna poeta naiz, Zinna poeta naiz!

LAUGARREN HIRITARRA: Zati-zati egizue berorren bertso txarrengatik! Zati-zati egizue berorren bertso txarrengatik!

ZINNA: Ez naiz Zinna konspiratzailea!

LAUGARREN HIRITARRA: Berdin dio: Zinna deritza: ken zaiozue izena bihotzetik eta doala hortik zehar.

HIRUGARREN HIRITARRA: Suntsitu, suntsitu! Ea, ekarri ilintiak, eh: ilinti irazekiak: Bruto eta Kasioren etxeko guztia erre. Doazela batzu Dezioren etxera, beste batzu Kaskarenera, besteak, Ligarionera. Tira, goazen!

 

(Hiritar guztiak joaten dira)

 

aurrekoa | hurrengoa