V EKITALDIA I ESZENA (Filipoko lautada) (OKTAVIO. ANTONIO eta berauen armada sartzen dira) OKTAVIO: Orain, Antonio, gure esperantzek badute erantzuna. Esan zenuen etsaia ez zela jaitsiko, baizik eta mendietan eta goi-lurretan geratuko zela eta ez da gertatu hala: beren indarrak hor hurbilean dituzte, eta bataila egin nahi digute hemen Filipon, eskatu baino lehen erantzunez. ANTONIO: Bah! Ni beraien barrenean nago eta badakit zergatik ari diren hori egiten: beste leku batzutara joatea atsegin izango lukete eta ausardia beldurtiarekin datoz behera, sinetsirik, aurpegi horrekin, kementsu daudela pentsaraziko digutelakon: baina ez da horrela. (MEZULARI bat sartzen da) MEZULARIA: Presta zaitezte, jeneralok: etsaia hedamendu zangarrean dator. Beren gudu-bandera odoldua zabalik dakarte, eta berehalaxe egin behar da zerbait. ANTONIO: Oktavio, astiro gidatu zeure indarrak, lautadaren ezker partera aurrera eraginez. OKTAVIO: Ni eskuinaldera joango naiz: zu ezkerrean geratu. ANTONIO: Zergatik egiten didazu kontra une zail honetan? OKTAVIO: Ez dizut kontra egiten, baina egingo dut. (Martxa. Danborra. BRUTO eta KASIO sartzen dira beren armadarekin eta eszenategiaren bestekaldean gelditzen dira) BRUTO: Gelditzen ari dira eta parlamentatu egin nahi dute. KASIO: Gelditu, Titinio; hitzegitera aurreratu behar dugu. OKTAVIO: Marko Antonio, burrukarako seinalea egingo al dugu? ANTONIO: Ez, Zesar, erantzun egingo diogu errasoari. Aurrera zaitez: jeneralek hitz batzu trukatu nahi dituzte. OKTAVIO: Ez zirkinik egin seinalea entzun arte. BRUTO: Hitzak kolpeen aurretik: ez al da hala, aberkideok? OKTAVIO: Ez diegu hobesten hitzei, zuek bezala. BRUTO: Hobe dira hitz onak kolpe txarrak baino, Oktavio. ANTONIO: Zeure kolpe txarrekin, Bruto, hitz onak ematen dituzu: lekuko bedi Zesarren bihotzean egin zenuen zuloa oihu eginez: «Gora Zesar, salve»! KASIO: Antonio, zuen kolpeen zernolakoa oraindik ezezaguna da: baina zure hitzei dagokienean, Hiblako erleei lapurreta egiten diete eztirik gabe utziz. ANTONIO: Ez eztenik gabe ere. BRUTO: Ah bai, eta baita zaratarik gabe ere: izan ere zuk ebatsi bait diezu zunburrontxoa, Antonio, eta oso zuhurki egiten duzu mehatxu heldu baino lehen. ANTONIO: Bilauak! Ez zenuten egin holakorik zeuon puinal doilorrak elkarrenekin tupusterazi zenituztenean Zesarren saihetsetan: tximinoek modura erakutsi zenituzten hortzak, erbitxakurren gisara igurtzi zenuten elkar eta esklabuen antzera makurtu zineten Zesarren oinei mun eginez; Kaska madarikatuak, txakur batek bezala, atzetik Zesar lepoan zauritu zuen bitartean. Ah Lausengariok! KASIO: Lausengariak? Orain, Bruto, emaizkiozu eskerrak zeure buruari: mihi honek gaur ez zukeen honela irainik egingo Kasioren iritziari jarraitu izan balitzaio. OKTAVIO: Goazen, goazen harira. Eztabaidak izerdia ateratzen badigu, frogan jartzeak tanta gorriago bihurtuko ditu. Begira, konspiratzaileen aurka ateratzen dut ezpata: noiz uste duzue maginara itzuliko dela berriz ezpata hau? Inoiz ez arik eta ongi mendekaturik dauden arte Zesarren hogeita hamahiru zauriak, edota beste Zesar batek hilkintza gehitu arte traidoreen ezpatari. BRUTO: Zesar, zu ez zintezke hil traidoreen eskutan, zeurekin ez baldin badakartzazu behintzat. OKTAVIO: Hori espero dut: ez naiz jaio Brutoren ezpatapean hiltzeko. BRUTO: Ah, zeure jatorriko nobleena bazina ere, gazte, ez zenuke izango heriotza ohoretsuagorik. KASIO: Eskolaume lotsagabea, ohore horren duineza, komeriante eta parrandazale batekin elkartua. ANTONIO: Betiko Kasio zaharra! OKTAVIO: Tira, Antonio, tira. Aurpegira botatzen dizuegu herronka, traidoreok: gaur burruka egitera ausartzen bazarete, etorri zelaira: bestela, tripak dituzuenean. (Badoaz OKTAVIO, ANTONIO eta berauen armada) KASIO: Tira, orain putz egin, haizea; hanpatu olatua; igeri egizu ontzia. Ekaitzak jo du eta dena arriskuan dago. BRUTO: Eh, Luzilio, entzun, hitzerdi bat zurekin. LUZILIO: Jauna! (LUZILIO eta MESSALA aurrera doaz) MESSALA: Zer dio nire jeneralak? KASIO: Messala, gaur nire urtemuga da: gaur bezalako egunez jaio zen Kasio. Emaidazu eskua, Messala: izan zakizkit lekuko, Pompeio bezala, neure borondateaz kontra beharturik aurkitzen naizela gure askatasun guztiak bataila bakar batean jokatzera. Badakizu nik aintzakotzat neukala Epikuro eta haren iritziak: orain iritziz aldatu eta fede ematen diet, neurri batean, presagioa dakarten gauzei. Sardestik honakoan, bi arrano handi amildu ziren gure aurreko banderaren gain, eta bertara igo ziren, eta hona Filipora lagundu gaituzten soldaduen eskuez elikatuz eta janarituz: gaur goizean hegaz egin dute ihes, alde egin dute, eta beraien lekuan, beleak, erroiak eta miruak dabiltza hegaz gure buruen gainetik eta goitik begiratzen digute harrapakin hilaginekoa bagina bezala: beraien itzalek herio-estalki bat eratzen dute eta beraren azpian gure armada azken arnasa emateko zorian datza. MESSALA: Ez sinetsi holakorik. KASIO: Hein batean bakarrik sinesten dut, espiritu ernaia bait dut, eta arrisku guztiei irmotasunez aurre emateko erabakia hartua dut. BRUTO: Hori da, Luzilio. KASIO: Orain, Bruto txit argi hori, gaur jainkoak aldeko dakizkigula, bakean elkar maitatuz, geure egunak zahartzarora arte eraman ditzagun. Baina gizonen arazoak beti segurtasunik gabeak direnez gero, gerta dakigukeen okerrenean pentsa dezagun. Bataila hau galtzen badugu, hauxe da elkarrekin azkenekoz hitzegiten dugun aldia: zer egitea erabaki duzu orduan? BRUTO: Bere burua hil zuelako Katon gaitzetsi nueneko filosofia horren arauaren ildotik ibiltzea, nola ez badakit ere: koldar eta doilor jokatzea derizkiot, gerta daitekeenaren beldurrez, bizitzaren muga horrela aurreratzeari; eta egonarriz armaturik, hemen behean gobernatzen gaituzten goiko ahalmenen arduratasunaren menpean jarriko naiz. KASIO: Orduan, bataila hau galtzen badugu, pozik zaude garaikor Erromako kaleetan barrena eraman zaitzaten. BRUTO: Ez, Kasio, ez: ez uste izan, erromatar prestu hori, Bruto inoiz kate-artean Erromara joango denik: harrotasun handiegia du horretarako. Baina gaurko egun honek amaitu egin behar du martxoko idusetan hasitako lana, eta ez dakit non bilduko garen berriz elkarrekin. Horrela, har ezazu gure betirako agurra, behin betirako, agur, Kasio. Berriz elkar ikusten badugu, zera, irribarre egingo dugu: bestela, zera azken agur hau ongi egina izango da. BRUTO: Bada orain, aurrera. Ah, batek baleki gaurko auzi honen amaiera, heldu aurretik! Baina aski da eguna bukaerara hel dadin, eta orduan jakingo da azkena. Eh, zatozte! Goazen. (Badoaz) II ESZENA (Filipoko lautada. Burruka-zelaia) (Armatarako deiak. BRUTO eta MESSALA sartzen dira) BRUTO: Itzego, itzego, Messala: itzego ordena hauek ematera bestaldeko legioei. (Armatarako dei sarkorra). Berehala aurrera egin dezatela, portaera hotz besterik ez bait dut nabarmentzen Oktavioren hegalean, eta bapateko bultzada batek urratuko egingo lituzke. Itzego, itzego, Messala: denak jaits daitezela. (Badoaz). (Armatarako deiak. KASIO eta TITINIO sartzen dira) KASIO: Ah, begira, Titinio, begira: billau hauek ihesi doaz! Neu bihurtu naiz neureen etsai: nire alferez hau atzeraka zihoan: koldar hau hil eta bandera kendu diot. TITINIO: Ah, Kasio, Brutok lasterregi eman du ordena, eta, Oktavioren gain abantailaren bat eskuratzean, lehia handiegiz baliarazi nahi izan du: haren soldaduek sakailketari ekin diote denok inguraturik gauzkan bitartean Antoniok. (PINDARO sartzen da) PINDARO: Urrunago ihes egin, jauna; urrunago ihes egin. Marko Antonio zure dendetan dago, jauna: ihes egizu, bada, Kasio prestu hori, ihes egin urrunago. KASIO: Muino hori urrun samar dago. Begira, begira, Titinio: nire dendak al dira, sua nabarmentzen dudaneko horretan? TITINIO: Horiek dira, jauna. KASIO: Titinio, estimatzen banauzu, igo nire zaldira, sartu barrura ezproinak, tropa haietaraino eraman eta berriro hona elkar zaitzala, tropa horiek gureak ala etsaiak diren jakin behar dut. TITINIO: Berriz ere hemen izango naiz pentsamentua bezain bizkor (Badoa). KASIO: Zoaz, Pindaro, igo gorago, muino hartara: nik beti izan dut ikusmen txarra. Begieman Titiniori eta esaidazu zer ikusten duzun zelaian. (Badoa Pindaro). Egun honetan lehendabiziko aldiz hartu dut arnasa: denborak bete du bere biraldia eta hasitako lekuan amaituko dut. Nire bizitzak egin du bere bidea. Mutil, zer berri dago? PINDARO: (goitik) O jauna! KASIO: Zer berri dago? PINDARO: Titinio zaldunez inguraturik dago, laukoan etortzen bait zaizkio, baina berak ezproinka jarraitzen du. Orain ia harrapatu dute. Ea, Tisinio! Orain zalditik jaitsi dira batzu: bera ere jaitsi da. Preso hartu dute. (Oihuak) Eta entzun nola oihu egiten duten pozez. KASIO: Jaitsi, ez begiratu gehiago: bai koldarra naizela neure adiskiderik hoberena neure begien aurrean nola preso hartu duten ikusteko bezainbat bizi izan naizelako! (PINDARO sartzen da) Zatoz hona, mutil. Preso hartu zintudan Partian, eta bizia barkatzean, agindutako guztia egiten saiatuko zinela zin eragin nizun. Orain zatoz zeure zin-hitza betetzera: zaitez gizon libre, eta Zesarren erraiak zulatu zituen ezpata honekin, araka ezazu bular hau. Ez denborarik gal erantzuten: hemen duzu heldulekua, eta aurpegia estaltzean, dagoen bezala, zuzendu ezpata. Zesar, mendekaturik zaude, hil zintuen ezpata berberaz. (Hiltzen da) PINDARO: Honela libre nago, baina ez nengoke baldin ausartu izan banintz neure borondatea egitera. O Kasio, Pindarok ihes egingo du lasterka herrialde honetatik urrun, erromatarrak inoiz ikusiko ez duen tokira. (Badoa). (TITINIO sartzen da MESSALArekin) MESSALA: Aldaketa bat besterik ez da, Titinio, Zeren Bruto argiaren indarpean erori bait da Oktavio, Kasioren legioak Antonioren aurrean erori diren bezalaxe. TITINIO: Albiste horiek asko poztuko dute Kasio. MESSALA: Non utzi duzu? TITINIO: Erabat nahigabeturik Pindaro bere esklabuarekin, muino honetan. MESSALA: Ez al da lurrean datzan hau? TITINIO: Ez datza bizien modura. Ah, ene bihotza! MESSALA: Ez al da bera? TITINIO: Ez, Messala, izan da, baina orain ez da, Kasio. Ah, inularreko eguzkia: gauean murgiltzen zaren erara zeure izpi gorrien artean, halaxe galtzen da Kasioren eguna bere odol gorrian. Amaitu da gure eguna: hodeiak, ihintzak eta arriskuak datoz: gure egintzak amaiturik daude. Neure arrakastaz izan dudan mesfidantzak ekarri du ondorio hau. MESSALA: Ah, makur higuingarria, melankoliaren semea: zergatik erakusten dizkiezu ez diren gauzak gizonen barren aierutsuei? Ai makur bizkorki gatzatua: sekula ez zara iritsiko jaiotza zoriontsura sortu zaituen ama hil gabe. TITINIO: Nola, Pindaro? Non da, Pindaro? MESSALA: Bila zazu, Titinio, ni Bruto argiaren bila noan bitartean berri hau belarrietan josteko: josteko esan dezaket zeren altzairu sarkorra eta azkon pozoituak ikuskari honen berriak bezain atseginak izango bait lirateke Brutoren belarrietarako. TITINIO: Zoaz hara, Messala, eta bitartean nik Pindaro bilatuko dut. (Badoa Messala). Zergatik bidali nauzu hara, Kasio kementsu hori? Ez al ditut aurkitu zure adiskideak, eta ez al dute beraiek ezarri nire bekokian garaitizko girlanda hau, zure emateko eskatuz? Ez al dituzu entzun haren oihuak?Ai, dena gaizki ulertu duzu. Baina tori, har ezazu koroa hau zeure bekokirako. Zure Brutok agindu dit emateko, eta nik agindutakoa egin nahi dut. Bruto, zatoz agudo, eta begira nola errespetatzen nuen nik Kasio. Zuen ezagutzarekin, jainkoak: erromatar-egintza bat da hau: zatoz, Kasioren ezpata, eta topatu Titinioren bihotza. (Hiltzen da) (Armatarako deia. BRUTO, MESSALA, KATON gaztea ESTRATON, VOLUMNIO eta LUZILIO sartzen dira) BRUTO: Non, Messala, non datza haren gorputza? MESSALA: Hara han, eta Titinio negarrez ari zaiola. BRUTO: Titinio ahoz gora dago. KATON: Hil egin dute. BRUTO: Ah, Julio Zesar oraindik ahaltsua zara: zure espiritua hortik dabil, gure ezpatak geure buruen kontra zuzenduz. (Armatarako deiak urrunean) KATON: Bapo Titinio: begira nola koroatu duen Kasio hila! BRUTO: Bizirik geratzen al dira oraindik bi erromatar horiek bezalakoak? Agur zuri, erromatar guztien artean azken horri; ezinezkoa da Erromak sekula gehiago zu bezalako besterik sortzea. Adiskideok, ordaintzen ikusiko dizkidazuen baino negar-malko gehiago zor dizkiot hildako honi, Baina aurkituko dut astia, Kasio, aurkituko dut astia. Zatozte, bada, eta bidal ezazu gorpua Tarsora. Hiletak ez ditugu ospatu behar geure zelaian adorea ken ez diezaguten. Luzilio, zoaz; eta zatoz, Katon gaztea: goazen burruka-zelaira. Labeo eta Flavio, jaurtiki erasora gure tropak: hirurak dira, eta gaua baino lehen, erromatarrok, ikusiko dugu zoria aldeko dugun bigarren gudu batean. (Badoaz) III ESZENA (Zelaiaren beste alderdi bat) (Armatarako deia. BRUTO, MESSALA, KATON, LUZILIO eta FLAVIO sartzen dira) BRUTO: Oraindik, aberkideok, jaso oraindik burua. KATON: Nor da hori egiten ez duen madarikatua? Nor dator nirekin? Neure izena zelaian barrena aldarrikatzera noa: Eh, Marko Katonen semea naiz, tiranoen etsaia eta herrialdearen adiskidea. Eh, Marko Katonen semea naiz. (Soldadu batzu sartu eta burrukan aritzen dira) BRUTO: Eta ni Bruto naiz, Marko Bruto naiz; Burto, neure herrialdearen adiskidea: jakizue Bruto naizela. (Alde egiten du etsaien erasopean) (Katon erori egiten da). LUZILIO: Ah Katon gazte eta prestua! Erori al zara? Ba orain Titinio bezain kementsu hilko zara, eta ohoreak izango dituzu, Katonen semea izateagatik. LEHEN SOLDADUA: Errendatu edo hilko zara. LUZILIO: Hiltzeko bakarrik errendatzen naiz: (dirua eskainiz). Hainbeste dagoelarik, berehalaxe hilko nauzu. Hil ezazue Bruto, eta izan ohore beraren heriotzarekin. LEHEN SOLDADUA: Ezin dugu: preso noble bat! BRUTO: Zer alderekin? (ANTONIO sartzen da) BIGARREN SOLDADUA: Eh, lekua! Esan Antoniori Bruto preso dagoela. LEHEN SOLDADUA: Neuk emango dut albistea. Hemen dator jenerala. Bruto preso dago; Bruto preso harturik daukagu, jauna. ANTONIO: Non dago? LUZILIO: Babesean, Antonio; Bruto aski babesean dago. Ausartuko nintzateke esatera ez dagoela etsairik inoiz Bruto argia bizirik preso egingo duenik. Jainkoek defenda dezatela hain lotsaizun handitik: aurki dezazuenean, bizirik edo hilik, Bruto den bezala aurkituko duzue. ANTONIO: Hau ez da Bruto, adiskidea, baina benetan esaten dizut ez dela balio gutxiagoko harrapakina: gorde hau leku bebesea eta atsegintasun osoarekin trata ezazu. Zoaz Bruto non den ikustera, bizirik edo hilik, eta ekarri albiste, Oktavioren dendara, dena nola gertatu den. (Badoaz) (BRUTO, DARDANIO, KLITO, ESTRATON eta VOLUMNIO sartzen dira) BRUTO: Zatozte, adiskide hondakin errukarriok, haitz honetan atsedena har ezazue. KLITO: Estatiliok erakutsi du zuzia, baina ez da itzuli: hilik edo preso dago. BRUTO: Eser zaitez, Klito: hiltzea da kontsigna: modako egintza da. Entzun. Klito. (Ahapean). KLITO: Zer, jauna? Ez, ez, munduko ezergatik ere ez. BRUTO: Isilik, orduan: hitzik ere ez. KLITO: Lehenago hilko nuke neure burua. BRUTO: Entzun, Dardanio. (Ahapean) DARDANIO: Holakorik egin behar al dut? KLITO: O Dardanio! DARDANIO: O Klito! KLITO: Zer eskatu dizu Brutok? DARDANIO: Hiltzeko, Klito: begira nola ari den gogoetan. KLITO: Orain ontzi noble hori saminez beterik dago eta begietatik ere gainezka dariola. BRUTO: Zatoz hona, Volumnio zintzo hori, entzun hitzerdi bat. VOLUMNIO: Zer dio nire jaunak? BRUTO: Hauxe, Volumnio: Zesarren mamua bi aldiz agertu zait gaur gauean: Sardesen, behin gaur gauean, hemen, Filipoko zelaietan. Badakit nire ordua heldu dela. VOLUMNIO: Ez da horrela, jauna. BRUTO: Bai, ziur nago baiezkoan, Volumnio. Ikusten duzu nola doan mundua, Volumnio: geure etsaiek zuloraino eraman gaituzte (Armatarako deiak, urrunean). Hobe da geuk salto egitea bultza egingo diguten arte itxaroten egotea baino. Volumnio zintzoa, badakizu biok batera eskolan ibiliak garela: orduko estimu harengatik, nire ezpataren heldulekuari eusteko eskatzen dizut, ni gainera oldartzen natzaion bitartean. VOLUMNIO: Jauna, hori ez da adiskide batentzako mandatua. (Armatarako dei gehiago). KLITO: Ihes egizu, ihes egizu, jauna: ez da itxaron behar hemen. BRUTO: Agur zuri, eta zuri, eta zuri, Volumnio. Estraton, lotan egon zara denbora guzti honetan: agur zuri ere, Estraton: aberkideok, nire bihotza pozik dago neure bizitza osoan inor aurkitu ez dudalako leiala izan ez zaidanik. Derrota egun honengatik, Oktaviok eta Marko Antoniok garaiti ziztrin honengatik eskuratuko duten baino aintza handiagoa izango dut. Beraz, agur denoi batera, izan ere Brutoren mihiak ia bukatua bait du bere bizitzaren istorioa. Gaua nire begien gainean eralgita dago, nire hezurrek atsedena nahi dute, baina ordu hau iristeko bakarrik lan egin dute. (Armatarako deia. Oihuak barruan: Ihes, ihes, ihes!) KLITO: Ihes, jauna, ihes. BRUTO: Alde egizue: jarraituko dizuet. (Badoaz KLITO, DARDANIO eta VOLUMNIO). Mesdez, Estraton, gera zaitez zeure jaunaren ondoan: aipu oneko gizona zara zu. Zure bizitzak izan du ohore-ukituren bat: eutsidazu, bada, ezpatari eta bihurtu aurpegia ni gainera oldartzen naizen bitartean. Nahi al duzu, Estraton? ESTRATON: Emaidazu eskua aurrean. Agur, jauna. BRUTO: Agur Estraton zintzo hori. Zesar orain atsedena hartu bakean: ez zintudan hil ezta gogo erdiarekin ere. (Hiltzen da). (Armatarako deia. Atzera-deia. OKTAVIO, ANTONIO, MESSALA, LUZILIO eta armada sartzen dira). OKTAVIO: Nor da gizon hau? MESSALA: Nire jaunaren morroia. Estraton, non da zure nagusia? ESTRATON: Zu zauden gatibutzatik libre, Messala. Garaitzaileek sua bakarrik egin dezakete harekin. Zeren Brutok bere burua bakarrik garaitu bait du, eta beste inork ez du ohorerik beraren heriotzaz. LUZILIO: Horrela aurkitzekoa zen Bruto. Eskerrikasko, Bruto, Luziliok esandakoa egia zela erakusteagatik. OKTAVIO: Brutoren zerbitzari ziren guztiak neurekin hartuko ditut. Mutil, denbora apur bat eskaini nahi al didazu? ESTRATON: Bai, Messalak nire gomendioa egiten badizu. OKTAVIO: Egizu horrela, Messala zintzo hori. MESSALA: Nola hil da nire jauna, Estraton? ESTRATON: Nik eutsi diot ezpatari, eta bera gainera oldartu da. MESSALA: Oktavio, har ezazu orduan zeure zerbitzurako nire jaunari azken zerbitzua egin diona. ANTONIO: Horixe izan da erromatarrik nobleena. Konspiratzaile guztiek berak ezik, Zesar handiari zioten inbidiarengatik egin zuten egindakoa: bera haietako bat izan bazen zintzoki denongan eta guztion onean pentsatuz izan zen. Bizimodu neurrizkoa izan zuen eta gaitasunak hain egoki banatuak zituen bere baitan, ezen Natura jaiki eta esan lezakeen mundu osoaren aurrean: Hau gizona izan da. OKTAVIO: Beraren bertutearen arabera, begirune guztiarekin trata dezagun eta ehorzketa-ritoekin. Gaur gauean nire dendan beraren hezurrek dute atsedena, soldaduari dagokion, ohore guztiarekin. Orain, eman atsedena armadari, eta goazen egun zoriontsu honetako aintzak partekatzera. (Badoaz denak). OIHALA |