|     73 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        XVI mendeko azken hilabeteetan, Platter izeneko alemaniar bidaiari batek «lehen Zesarrari buruzko» (vom erster Keyser) teatro bat ikusi omen zuen Londresko ibaiaren ondoan zegoen aretoan. Honetaz aparte dioenetik ateratzen denez Shakespearen obretarikoa zela dakigu eta huts egiteko arriskurik gabe aitor liteke JULIUS CAESAR obra zela. Autoreak idatzi zituen «erromatar tragedien» saileko lehena dela esan genezake, Tito Androniko odoltsua alde batera utziz gero; besteak Antonio eta Kleopatra eta Koriolano izan ziren. Debeku batek izan zuen zerikusirik Shakespearek erromatar ospetsu hauei buruzko obrak mamitzean, izan ere, erret agindu batek galerazia bait zeukan historia ingeleseko dramak egitea garai hartako gertaerekin kidetu zitezkeelako eta propaganda eta publizitatezko ondorioak atera zitezkeelako. Bestalde Endrike V obrako pasarteren batek iradokitzen du berau idazten ari zela buruan biraka ibili zitzaiola JULIO ZESAR obra bera ere.

        Besteak beste, bikainki eraikitako «thriller» politiko bat dugu obra hau, eta bertan mendebaldeko gizonik ahaitsuenaren asasinatzea burutzeko konplotaren sorrera, burutze eta ondorioen berri ematen zaigu. Ordura arteko obretan ez bezalako tirandurazko suspentsea lortzen du Shakespearek JULIO ZESAR-en eta gerokoetan Othello-n, erdiko ekitaldietan bakarrik lortzen du hainbesteko kinka, handik bost urtetara idatzi zuen obran hain zuzen ere. Iagok Othellori emaztearen leialtasun-eza sinetserazteko erabiltzen duen prozesu finaren antzekoa gertatzen da Kasiok Zesarren handinahikeriez jabetzeko Brutorekin erabiltzen duena.

        Erromatarren historiaren berri ematerakoan Shakespearek darabilen ikuspuntua, ingelesen historiaren berri ematerakoan darabilena bera da: bertako garaitzapen eta porrotak, gerrateak eta iraultzak nortasun jakinek —edo nortasun jakinen arteko harremanek— erabaki eta sortuak direla, berauek egoera kontrolatzeko gai ziren heinean. Obrak aditzera ematen du Zesarri bizia kendu zitzaiola eta Antonio konspiratzaileetarik hoberena gertatu zela, azken finean Bruto eta Kasio, Zesar eta Antonio ziren bezalakoak zirelako. Izakera hauetakoren bat desberdina izan balitz, Zesar bizirik geratuko zatekeen eta Erromatarren historiak beste ibilpide batzu hautatuko zituzkeen. Horregatik beren artean gertatzen diren elkarrizketa hotz eta burutsuek izugarrizko garrantzia hartzen dute berentzat ez ezik ikuslegoarentzat ere. Erromaren patua hizketa horietatik zintzilik dagoela ohartzen bait gara. Teorian badira aldaketa historikoaren berri emateko beste modu batzu —Jainkoaren arduratasuna edo eragin soziala edo baldintza ekonomikoak— baina Shakespearen aukera oso egokia gertatzen da drama bat burutzeko.

        Konspirazioa giza makina konplexu eta fin baten gisara agertzen da, zeinak bere egitekoa beteko duen baldin eta atal edo pertsonaia bakoitzak dagokion eginkizuna ongi burutzen badu eta ezpatak Zesarren gorputzean sartzen diren une berera arte, iruditzen zaigu makina hori oso erraz hondatu eta desegin litekeela. Jakina, historiako datuetatik badakigu Julio Zesar azkenean hil egiten dutela baina halere pertsonaien eta gertaeren jokoan sartzen bagara, hari batetik zintzilik bageunde bezalako sentsazioa jabetzen da ikusleaz, ez bait da hain garbi ikusten konplotak ondoren onik ala txarrik izango duen: baliteke Brutok Kasioren xaxaketari jaramonik ez egitea, baliteke Zesarrek goiz hartan Kapitoliora ez joatea erabakitzea edo behingoz, Artemidororen gutuna kontutan hartzea. Suspentsea noski pertsonak itxuraz agente askeak izaterik sortzen da; makinaren kasuan gertaerak pausoen derriorrezko ondozkatzearen fruitu dira, giza harremanetan beti dago hautatu beharra eta inoiz ez dago erabateko ziurtasunik. Halere, obra honetan, partaideak ez dira uste lezaketen bezain libreak, bakoitzaren nortasunak edo izakerak mugatzen ditu aukerak eta baita inoren presioekiko pertsonaia bakoitzak duen azal lodiago edo meheagoak ere.

        Konspirazioaren sortzailea eta eragilea Kasio da, berau dago makineria guzti honen atzean eta bihotzean eta bi arrazoi edo zio ditu Zesarren aurka duen etsaitasunerako. Kasiok arbuiatu egiten du Zesar pertsona-mailan eskasago edo txikiago bezala ikusten duelako eta ez dio onartzen besteen bizitzak gobernatzeko eskubidea izaterik.

        Aldi berean Kasio ideologia politikoari dagokionez, errepublikar komentzitua da —edo halakotzat agertzen du bere burua— eta erregeen aginpidea Erromatar hiritartasunaren azpitik dagoela sinesten du.

        Ez da erraza jakiten Kasioren baitan hainbesteko eragina duen ala ez errepublikanismo sutsu horrek, baina ongi dakiena zera da, Brutorengandik erantzuna nahi badu ideal ohorezko horren korda-haria jo beharra daukala.

        Halere, obra honetan egiazko protagonista ez da ez Kasio eta Julio Zesar bera ere, hiltzailea eta gerora beste handinahikeria batzuten biktima izango den Bruto baizik. Julio Zesar tragediaren erdian hiltzen eta desagertzen da, eta ez da oso nabarmen geratzen agintari honen izakera; beldur-ikarazko zalantza batzu ikusten zaizkio baina bere destino goitarraren eraginez menpean hartzen ditu fantasma izutzaile guztiak. Tragedia honetako hiru pertsonaia nagusiak hauek dira: Bruto, idealista, Kasio, esan dugunez, asaldatua eta kontraesantsua (pentsakorregia eta argalegia Zesarren begikotasun eta konfidantza irabazteko) eta Marko Antonio, «politikoa», hitzaren zentzu txarrenean, amarrutsua eta iruzurgilea, baina Brutoren handitasun morala neurri batean estimatzeko gauza dena.

        Kasioren kasuan bekaitza eta herri-interesa itxuraz elkarrekin nahasten diren bitartean, asasinatzera tira egiten dion soka lodia ehotzeko (eta hain zuzen ere zio-konbinaketa honek ematen dio pertsonaiari hainbesteko kemen suharra), Bruto, aitzitik, krimena burutu aurreko denboraldi osoan, agoniazko egoera batean aurkitzen da erabakia hartu bitartean. Alde batetik bere zuzentasun politikoa, diktaduratik onartzen uzten ez diona, gailentzen zaio, eta beste aldetik, berriz, nazka ematen dio inor hiltzeak, are handiagoa gizon hori bere adiskide mina duenean. Konspiratzaileekin formalki hitza eman eta bat egin arte ezin jasanezko dilema baten aurrez-aurre aurkitzen da, bi aukera onartezinetariko bat egitera beharturik. Kasiorekin elkartzeari uko egin liezaioke baina orduan alde batera utzi beharko lituzke bere abiaburu edo printzipioak, eta bestela taldean sartzea erabakiz gero, berriz, Zesarrekiko daukan adiskidetasuna zapuztu beharrean aurkitzen da. Ez dauka erdibiderik eta ez neutraltasunean geratzeko modurik ere. Azkenean Zesarri bizi kentzeko erabakia hartzen duenean ere, ahaleginak egiten ditu Zesar instituzioa suntsitzen Zesar gizona hil gabe, horrela bi printzipioekiko leial irauteko, baina instituzioa gizonagandik ezin banatuzkoa dela ohartzean ekintza irensgarri bihurtzen saiatzen da zioa eta modua azpimarratuz.

        Brutok ez du ikusten bere burua asasinatzaile baten gisa, sakrifikatzaile gisa baizik. Baina ironia ikaragarri batez, Bruto ezpata eskuetan duela hiltzera nola datorkion ikusten duenean Zesarrek, inola ere ez du lortzen zioa edo arrazoia ulertzerik eta bere bizitzako azken uneetan, «Et tu, Brute?» sonatuarekin konfidantza pertsonalari iruzur egin diolako salakuntza aurpegiratzen dio Julio Zesarrek, aitaordeak.

        Puntu honetara iritsi garelarik, laburki bederen, eman dezagun ekitaldiz ekitaldi, tragedia honen argudioaren berri. Erroman, herriak jaiak egiten dizkio Julio Zesarri eta errege izendatu nahi dutela ikustean, patrizioak esamesaka hasten dira. Zesarrek mesfidantza dio Kasio pentsakor eta argalari eta jendetzak eskaintzen zion koroari hiru aldiz uko egin ondoren etxera itzultzen da. Orduan, arratsean, egundoko ekaitzak leher egiten du, parte txarreko eta gisa guztietako mirari, meteoro, fantasma eta abarrekin. Bitarte honetan konspirazioa martxan jartzen da. Kasio bere buruaz beste egiteko prest dago Julio Zesarren aginpide eta botere guztizkoak onartu baino lehen.

        Bigarren ekitaldian, Brutok bere lorategian abegia egiten die konspiratzaileei: prest dago Julio Zesar hiltzeko baina inola ere ez dio kendu nahi bizia beste triunviro arriskutsua den Antoniori. Porzia, Brutoren emaztea, urduri dabil beroni zer gertatzen zaion igarri ezinik; emazteari gertatzen denaren berri emateko zorian dagoela konspiratzaile edo zinpetu gehiago iristen zaizkio etxera Brutori, zeru-lurretan harrigarri eta seinaleak ugaltzen diren bitartean. Biharamunean Julio Zesar Seratura joan eta koroa hartzeko prest dagoela emaztea agertzen zaio amets gaiztoak izan dituela eta arriskua duenez gero bertara ez joateko eskatzera. Hasieran ez joatea erabakitzen du baina gerora, emaztearen gomendioak ez ezik, Aztiarenak ere arbuiatuz joatea erabakitzen du. Hala, Senatuan konspiratzailez inguraturik aurkitzen da eta Brutok puinala sartzen dio Zinna «Askatasuna! Askatasuna!» oihuka hasten den bitartean.

        Antoniok heriotzaren berri izatean, ekintzari heltzen dio eta bere burua eskaintzen du bera ere hil dezaten edo bestela zinkidetzat har dezaten. Kasiok eragozpenak bazituen ere, Brutok onartu egiten du eskaintza eta hiletetako hitzaldia egitea eskatzen du. Aurrena, laburki bada ere, Julio Zesar zergatik hil duen azaltzen dio herriari, eta gero laprastada bat egiten du Antoniori hitzaldi maltzurra eta iaio bat egiteko aukera eman eta alde egitean, izan ere, Antoniok, beti Brutoren ohoregarritasun eta prestutasuna oinarritzat harturik, hainbeste maite zuen Zesarren horren hiltzaileen aurka jaiki eta asaldatzera xaxatzen bait du herria. Herrian sortzen den erreboltaren ondorioz, gerra zibila dator: alde batetik, Antonio, Oktavio eta Lepido elkartzen dira, eta bestetik, Kasio eta Bruto. Azken bion artean liskarra eta burruka sortzen da ia Kasioren izakera zailarengatik, baina bakeak egin eta adiskideturik etsaien armadaren bila Filipora abiatzea erabakitzen dute. Gauean Julio Zesarren mamua edo espektroa agenzen zaio Brutori eta bera ere hantxe aurkituko duela aitortzen dio. Filipon gertatu zen hondamendia: Brutoren eskupean zegoen armadaren hegala irabazle gertatzen ari bazen ere, Kasiok, berri okerrak hartzean eta arrisku handiagoan aurkitzen zelarik, bere buruaz beste egitea erabakitzen du. Inork ez dio kendu nahi bizia eta bere burua ezpataren gainera oldartu beharrean aurkitzen da, gerora Brutok bezala. Antonio garaileaz Brutok egiten duen goresmenezko hitzaldiarekin amaitzen da obra.

        José Maria Valverdek ongi dioenez, tragedia hau «gizatiarra da, gizatiarregia». Ez dago fatalitaterik, gaiztakeria baizik. Zentzu moralaren gabeziaz indartzen da gaitza, gaizkia. Shakespearek gizartearen eta historiaren ibilpideaz zeukan nihilismoa aski garbi agertzen da obra honetan ere, Endrike VIII batean edo beste zenbait dramatan ere ikusten denez. Ongia garaile atera daiteke pertsonaren mailan, herri baten mailan ere bai agian, baina eremu zabalagoei dagokienean, badirudi Shakespearek gauzak ilun eta beltz ikusten dituela. Honetan, beste zenbait gauzatan bezala, Shakespeare ez da Errenazimenduko gizona, Barroko garaikoa baizik. Ez du ikusten unibertsoaren batasun funtsezko eta oinarrizkorik, mundua «koloka» eta gizakia bibaliodun kezkagarri ikusten ditu, XVII mendea hastera doa, ekaitz eta iluntasunezko mendea, goraka doazen herrialdeentzat ere.

        Halere, Shakespearen ikuspegia, bere iluntasun guztia gorabehera, ironiaz horniturik dago eta honebestez berak eta ikuslegoak obran zehar agertzen diren pertsonarek baino ikuspegi hobea dute politikaren egiazko izateaz. Protagonistak etorkizunerantz begiak zorrozten dabiltzan bitartean zer gertatuko ote den asmatzeko, ikusleak aurrez badaki zer gertatuko den. Baina Shakespearen ironiak beste era batzutakoak ere badira: Erromaren patua ez dago herriaren borondatetik zintzilik bakarrik, beronengan eragina duten bakar batzuren arteko lehiaketa eta norgehiagokaren ondoriotik ere bai. Bruto igarri gabe arbuiatzen duen «fakzio» baten partaide bihurturik aurkitzen da; konspiratzaileek, bakea lortu nahian, gerra eta liskarra sortzen dute; izakera zuzen eta jatorrena duena, Bruto, gertatzen dena politikoki desegokiena, eta aldi berean maltzurrena den Kasiok Brutoren eskuetan uzten ditu hil-edo-biziko erabakiak, eta Bruto bere kualitateen biktima bihurtzen da, beste testuinguru batean miresgarriak izango ziratekeen zintzotasun eta jatortasunaren zamak desegiten du. Kemen, autokonfidantza eta borondate-sendotasun guztiak gorebehera, gizon hauek oso mugatuak agertzen dira beren aukera-askatasunari eta zeregin publikoaren ulermenari dagokienean, nahiz eta beren buruak egoeraren jaun eta jabetzat eduki.

        JULIO ZESAR tragedia bat da baina ez jatorrizko tragedia grekoen zentzuan, non gizon gurenen bat Patuak zanpaturik aurkitzen dugun, Zeus beraren gainetik dena arautzen eta erregulatzen duen Fatum horrek hain zuzen. Hau tragedia «gizatiarragoa» dela esan dugu, pertsona baten alderdi on eta jatorra besteen interesen eta grinen menpean suntsiturik nola geratzen den erakusten diguna. Gorroto politikoek maitasuna nola desegiten duten ikusten dugun bezala, Romeo eta Julieta-n, gizon librearen ideal moralaren tragedia dela JULIO ZESAR esan liteke, horregatik, Wisek dioenez, Brutoren tragedia da JULIO ZESAR, eta Bruto izugarri gizon, gizatiar gertatzen zaigu. Izugarrikeria bat egingo du baina izan litezkeen ziorik hoberenekin, eta beste konspiratzaileek dauzkaten zioez zeharo bestelakoekin, eta huts egiten badu behar adina zoli, erne eta bizkor ez delako huts egiten du. Eta esan dezagun, hainbeste odolekin ez bada ere, gaurregun ere gauzak antzeratsu gertatzen direla, berdintsu jokatzen dutela politikariek elkar paretik edo bide erditik kendu nahi izaten dutenean; izan ere inork gutxik aitortzen bait ditu bere benetako eta sakoneko zioak eta gisa bereko intriga eta justifikazioetara jotzen du. On egin nahian eta helburu jatorraren atzetik dabilela ausiabartza eta hondamendia sortzen duen gizonaren patua hunkigarria gertatzen da.

        Azkenik, esan ditzagun bi hitz burutu dugun itzulpen honetaz. Bilduma honetan agertu diren eta etorkizunean agertuko diren beste itzulpenak bezalaxe, honako hau ere helburu jakin bati begira egindako itzulpen da: euskarapen honen lehendabiziko helburu eta xede bakarra, Londresko BBC-k telebistarako egin duen produkzio ezagun eta baliotsuaren bikoizketa burutzeko gidoi-testu izatea beste ametsik ez du izan itzulpenak; beraz betekizun eta asmo hori betetzeko egina denez gero, berorri ongi ala gaizki erantzuten dion epaitzea legokioke lehenengo eta behin kritikariari. Hala eta guzti ere, ETB-ko zuzendaritzari egoki iruditu zaio hasierako asmo honi erantzun ondoren bikoizketa-gidoi izateko landu den itzulpen hau argitara ematea, orain arte Shakespearen obrei buruz egindako itzulpenak gure gaurko hizkuntz usadiotik aski urrun geratzen direlako. Gure gaurko itzulpen honek ardura handiagoz zaindu duelakoan gaude Larrakoetxea'tar Bedita A-ren itzulpenak baino obraren helburu dramatikoa. Izan ere, jakina da teatro-obra bat beste ezer baino gehiago moldatu eta egokitu behar dela xede hizkuntza edo itzulpen-hizkuntzako usadio eta literatur tradiziora horrelako literatur jenero batek bere baitan beti daraman «happening» alderdia birsortu nahi bada eta hori kontuan hartu ezik agian filologoarentzat estimagarria den itzulpena burutzen da baina nekez aktorearen ahoan gozotasuna eta biribiltasuna aurki lezakeen mintzairarik. Bestalde ez dira alferrik igaro ia bi hamarkada aipaturiko itzulpen horiek burutu zirenetik, eta edonork ikusi ahal izan duenez aldaketa sakon eta nabarmenak gertatu dira epe honetan euskararen baitan. Euskara batua edo literatur hizkuntzak bere bidea urratu egin du eta oraindik alor bat baino gehiago koloka samar badago ere, dagoeneko idazle gehienon artean lortua dugu usadiozko literatur euskalkien inguruan eta gainetik gero eta onartuagoa eta par (alde gehiagokoa den euskara molde bat. Bistan dago honelako tresna bat egokiagoa gertatzen dela Shakespearena bezalako obra bat emateko bai hedaduraz eta bai oihartzunez ere. Honetan guk ez dugu meritu handirik izan, suertatu izan zaigun garaian jaiotzea ez bait dago halakotzat hartzerik, baina bidegabekeria litzateke abagadune historiko honen abantail eta alde onak ez ezagutzea eta gizalegez aitortzea. Geroak esan beza Stratford-on Avongo Zisnearen obra euskaldunengana hurbiltze-lan honetan zenbateraino asmatu dugun eta ezarri dugun hondarraleak eraikuntza trinkoago eta iraunkorragoa altxatzen zenbaterainoko laguntza eskuratu duen. Itzultzailea pozik legoke aurrekoengandik datorren kateari gisako maila bat erantsi diola aitortuko baliote.

 

Xabier Mendiguren

 

aurrekoa | hurrengoa