|     76 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZAURREA

 

        Has gaitezen aitortzetik «Zeuk nahi duzunez» obra hau komedia bat dela. Baina askozaz zailagoa gertatzen da komediaren funtsa zertan datzan galderari erantzun egoki bat ematea. Zerk egiten du gertaera batzu tragedia izatea eta beste batzu komedia? Badirudi estilo-borondate bat, idazkera-nahi bat dela bien arteko aldea erabakitzen duena. Beraz, hitzak, lerroak, bertsoak era berezi batez antolatzetik sortzen da alde hori eta ez hainbeste beraien bitartez kontatzen denetik. Orduan hurrengo galdera derrigorrezkoa da. Nola taxutzen da bertsoa komedi espazio batean gaudenean? Bertsoak zer esan handia du, beraz, komedia eta tragedia elisabethiarrei dagokienean. Solemnetasun berezi batez janztea ote da bertsoa tragedia baten eustazpi bihurtzen denean? Agian bakarrizketen kopurua ere erabil liteke erreferentzia gisa. Dena dela, tragediaren ezaugarriak baino komediarenak areago interesatzen zaizkigu oraingoan, eta badirudi bi osagai funtsezko nahitaezkoak dituela «komediaren» eraikuntzak: anbiguitatea egitura bezala maila guztietan erabiltzea eta hitzen ugaritasuna edo ugaritasun-sentsazioa.

        Zeuk nahi duzunez, obran sexu-anbiguitatezko zeinuak eurrez agertzen dira eta berauen atzekaldean klabe bat ezkutatzen da: zoriontasuna edo tristura —edertasunaren garaitzapena edo beraren jabe ez denaren marjinazioa— txanpon beraren bi aldeak direla, artea edo bizitzaren bertsio behin behinekoak. Zeuk nahi duzunez obraren anbiguitate hau beste anbiguitate handiago baten zantzua da: komediaren eraikuntzarena edo egiturarena berarena. Jenero honek anbiguitatea hanzen du oinarritzat aldaberatasuna metodotzat. Bikoteen portaera anbiguoa azpimarratzea dena bere onetik ateratzea esan nahi du, joko-eszenategi haien aurrean gaudelako seinaleari garrantzia emanez. Horregatik ez diogu garrantzi handiegirik eman behar ere Zeliaren tristura «erretorikoari», izan ere autoreak bien lepotik egiten bait du barre: nola tristuraren hala alaitasunaren lepotik. Zorrotzak eta sakonak iruditu zaizkigu Manuel Angel Conejeroren ohar eta gogoeta hauek eta ia hitzez-hitz aldatu ditugu geure sarrera honetara, izan ere ezin egokiagoak bait dira Shakespearen komediagintzaren sarbide gisa eta bereziki Zeuk nahi duzunez obraren atarian aipatzeko.

        Beste urrats bat emanik, sar gaitezen obraren baitan eta pertsonaien azterketa labur bat egin dezagun. Obra honetako pertsonaiak bi sail nagusitan bana daitezke: idealistak eta errealistak. Lehenak irudimentsuak dira, espiritualak, eskarmenturik gabeak eta metaforen bidez baliatzen dira beren barne-sentipen eta gurariak aditzera emateko. Bigarrenak, berriz, pragmatikoak dira, eskarmentudunak, ilusioak galdutakoak eta itzulingururik gabe hitzegiten dute. Febe eta Silvioren arteko elkarrizketan, neska errealista bezala agertzen da eta mutila idealista. Begiradez zauritu duela honek aitortzen dionean, hark irriz erantzuten dio begiek ez dutela zauritzeko indarrik. Jakina, Febek arrazoi du Silvioren hitzak literalki hartuz gero, baina metaforikoki bada ere egia da Silvio zauriturik dagoela. Hitzen esanahia edo zentzua aldatu egiten da maitemindurik egon edo ez egon. Silviorentzat egonarriz adoratu eta zerbitzatu beharreko emakumea da Febe; Rosalindarentzat, berriz, emakume arrunt, bihozkabe eta harroa eta ahaleginak egiten ditu maitemindu gizajoaren begiak irekitzen eta liluraren ezkatak kentzen. Rosalindaren iritzian, ikuslearen begietan, maitalearen buruan bakarrik dagoen edertasunaren jabe da Febe. Puntu honetan argi ageri da M.A., Conejerok aipatzen zuen anbiguitatea, hain zuzen ere, komediaren funtsa osatzen duena. Bi jarrera hauek Silviorena eta Rosalindarena dialektikoki mantentzen dira eta biak dira errealitate beraren irakurketa baliozkoak klabe jakin baten barruan, baina biak dira era berean errealitate horri buruz engainagarriak eta era beretsuan saihesten direnak. Silvio maitasunak itsuturik daukan bitartean, Tatxestan errealista da. Bost axola dio espirituak, zangoak nekatu ezik. Ez da hasten Audreyren itxura narratsa edertzen, baizik eta pozik jartzen da, bere gurari sexualak asetzeko bide bakarra bait du. Ez du ametsik egiten ezkontzaz, bai bait daki Audrey ez zaiola leial izango eta berak ere ez duela leial irauteko kemenik, baina Audreyk iruzur egingo diolakoa onarturik badauka ere, pozik ematen diotza baietza ezkontzari, bakarrik geratzea baino hobe omen delako.

        Ezkontzaren baitan dauden arrisku guztien jakinaren gainean egon arren, bertan murgiltzeko duen gertutasun horretan bat dator Rosalindarekin. Mutil gaztez disfrazaturiko neska delarik, Silvio bezain sutsua da eta Tatxeston bezain pragmatikoa aldi berean. Bakarrean aitortzen dio bere lehengusina Zelrari erabat maitemindurik dagoela, alderantziz, disfrazaturik dagoenean Orlandok Ganimedek ageri duen izakera hotz eta neurrizkoa ezagutzen du, Rosalindarenganako maitasuna eta maitasuna, oro, har arbuiatzen dituelarik.

        Obra osoan dagoen pertsonaiarik sotil eta finena dela esan liteke, zeren eta beste guztien ikuspuntuaz jabetzeko gai bait da.

        Egia da Zeuk nahi duzunez obran maitasunaz eta baserri-bizitzaz hitzegiten dela batipat, baina bertan esaten direnek askozaz hedadura handiagoko ondorioak dituzte. Maitasunak handitu edo kaskartu egin lezakeela bat, nondik begiratzen zaion, bizitzaren beste edozein eremutara zabal daitekeen idea da. Horrela ulertzen da neurri bateraino nola sartu den obran «Jaques melankoliatia» bezalako pertsonaia bat. Jaques ez da maitalea, maitasuna ilusio bat, lilura bat dela sinesten bait du edo bizitza osoa ilusio edo lilurazko zerbait dela. Tatxeston errealista den bitartean, Jaques ziniko bezala agertzen zaigu. Gizonaren zazpi aro edo aldiez eskaintzen duen bakarrizketa beraren manifestua dela esan liteke. Mundua eszenategi eta gizona aktore dela uste izateaz gainera, haurtzarotik hasi eta zahartzarora bitartean antzezten duen drama erabat funtsik eta baliorik gabea dela uste bait du. Maitalearen suharra kutunaren begitarteak pizten duen txingar ilauna da, soldaduak hainbeste neke hartuta bilatzen duen ospea edo sona «xaboi-burbuila» baizik ez da eta gizona heltzen denean bigarren haurtzarora, hasierakoa baino barregarriagoa eta penagarriagoa den batera, itzultzen da. Hona hemen Jaquesen mundu-ikuskera. Bistan dago, halere, hau ez dela W. Shakespeare beraren ikuspegia, garbi geratzen da hori Jaquesen bakarrizketaren ondoren Adam agertzen denean: zerbitzari zahar honen leialtasun, eskuzabaltasun eta dintasunak ez dute lekurik Jaques zinikoak gizona ikusteko duen moduan. Bera lotsagaldua izan delako besteak berdinak izan behar dutelakoan dago eta inori leporatzen dizkio bereak dituen erruak.

        Silviok Febe ikusteko duen era distortsionaturik badago maitasunaren eraginez, Jaquesek gizona epaitzeko duen era ere dongakeriaz kutsaturik dago. Areago oraindik, besteengan hain eragile ikusten duen maitasunak sendotu egiten dio zinismoa. Beste guztiak, arrazoi desberdinengatik bada ere, ontzat ematen dute ezkontza eta merezi duen zerbait delakoan daude. Aitzitik, Jaquesentzat zentzurik gabeko zerbait da.

        Ikuspuntua, desberdin hauek pertsonaien artean zabaltzen dituelarik, Shakespearek ongi baino hobeki lortzen du maitasunaren paradoxen eta zailtasunen berri ematea baita atsegin, atsekabe eta zentzugabekeria guztiena ere. Baina Rosalinda bakarrik da gauza, bere buru-zorroztasun guztiarekin, guzti honetaz jabetzeko. Beraz ez da harritzekoa beraren esku uztea egileak nahasmendu guztiak argitzea eta konpontzea eta obrari amaiera on bat ematea.

        Azken agerraldian, Shakespearek Himeneo, ezkontzaren jainkoa sartzen duelarik, oraindik beste idea edo ikuspuntu bat ere eskaintzen digu: gizona eta emakumearen arteko elkartze hau gogoko zaiela jainkoei, izan ere, gizakia mugatua eta akatsez betea izan arren, ezkontzan ikusten bait dute inon baino hurbilago zeruko harmonia oso eta betetik. Himeneok daukan ikuspuntu bateratzaile hau egia izan liteke baina obra gertatzen dena kontutan hartzen badugu izugarrizko idea, sentipen eta errealitate ugaritasuna agertzen zaigu, nahiz eta bakoitzak berak nahi zuena gutxi gorabehera lortu duela ikusi eta denen artean nolabait onezkoak egin direla. Dena den, Shakespearek hitzatze bat eransten dio gogoraraziz han ikusi dena antzezpen bat besterik ez dela eta gizonezko eta emakume guztiak jokalari edo aktore soilak direla eta Rosalindaren bitartez, nahi dugun erara hartzera gonbidatzen gaitu.

        Bistan dago lehen begiratu batean ikusten zaizkion inplikazio eta esanahiak baino gehiago ere badituela obrak baina herri-mailan obrak izan duen arrakasta gogoan hartzen badugu, garbi ikusten da inplikazio guzti horiez jabetzeko gauza ez direnek ere pozik eta atseginez ikusteko modukoa dela. Aldrebeskeriazko komedia da eta alderdi horretatik zailtasun handirik gabe ulertzekoa. Bestalde, argudio sotil eta ahulekoa den arren, barietatezko obra da: pertsonaia desberdin ugari du eta elkarren artean guztiz konbinaketa esanguratsutan uztarturik agertzen dira: Tatxestan, Rosalinda, Zelia, Korin, Audrey eta Jaquesekin edo Williamekin; Rosalinda, Zelia, Silvio, Febe, Orlando edo Jaquesekin. Konbinaketa posible guztiak gertatzen direla esan liteke eta honek mugikortasun eta bizitasun handia ematen dio, gatz eta piperdun elkarrizketa arrunten artean erretolika luze eta ongi landuak agertzen direlarik, kantuekin batera. Ikuslegoak ez du nekatzeko denborarik eta atergabe baliapide berriz birbizten zaio adipena. Oro har giro alai eta atsegina da nagusi, pertsonaia desberdinek beren etsaiei ihes egitea lortzen dutelarik, erbestaldia oporraldi bihurturik eta beren pausoak piskanaka ezkontzara zuzentzen dituztelarik. Nahiz eta Zeuk nahi duzunez obra hau erromantze bat den, beronen ondorioa ez da erromantikoa halere. Obra osoan joritasuna eta errealismoa modu orekatu batez nabarmentzen eta nagusitzen dira, Rosalindak aditzera ematen duenez eta beronen bitartez Shakespearek finezia handiarekin iradokitzen digu, gizonak Apiril direla errondan dabiltzanean ela Abendu ezkontzean, eta ezkontza bukaera gisako zerbait baldin bada ere, hasiera bat ere badela nola edo hala eta bizitza bera ere azken finean udaberriko lorearen antzeko dela. Hitz gutxitan esan behar balitz zer adierazi nahi digun egileak Zeuk nahi duzunez, obra honen bitartez bizitza gauza serioa dela aitortu beharko genuke baina ez serioegi tratatzekoa. T.S. Eliotek liokeenez, «arintasuna eta seriotasuna elkartzeko» dohaia du obra honek. Itzulpenari dagokionean, Endrike Villaren atarikoan esandakoa bera errepikatu beharrean aurkitzen naiz, alegia, nik dakidala obra honetaz egin den lehendabiziko euskarapena Larrakoetxea tar Bedita Y-ri zor zaiola eta gerratearen inguruko joera purista eta aski literalista baten barruan egina dagoela, bi adjektibo horiek dramatizaziorakoa izan beharko lukeen obra bati ezartzen dizkioten zailtasun eta eragozpenen jabe delarik.

        Sarri agertzen diren hizperri edo neologismoak dira alde batetik eta literatura-mailan gehiegi agertu ez diren bazterhitzak bestetik, gramatikazko baliapide aski zerebral edo buruzkoegiekin nahasian (aditz sintetiko artifizialegiak, egitura sintaktiko luze eta astunegiak) eszenategi baten gainean erabilia izateko beharko lukeen jariakortasuna erabat zurruntzen diotenak testuari. Larrakoetxeak egin duena bezalako itzulpenek nahikoa lan ematen dute deskodifikatzeko paperaren gainean ere, beraz guztiz ezinezko gertatzen dira aktore batek tauleriaren gainetik errezitatzen hasiz gero. Honelako esperientzia bat orain dela urte gutxi izan genuen teatrozaleok «Troiarrak» obra, Larrakoetxearenen antz-handia zuten hizkuntz ereduz eta itzulpen-irizpidez euskaratutatuko testu batean ikusi eta entzuteko aukera izan genuenean. Egia esatekotan, ikusi dena egin genuen eta entzun ere bai, baina ulertu askoz gutxiago, eta ofiziokoak garenok adi-adi egonik nahikoa nekerekin atzeman bagenuen obraren erdia, ez dakit zer harrapa zezakeen euskarari dagokionean prestamen bereziegirik ez duen erdimailako ikusle arruntak.

        Abagadune hartan ikusi ahai izan genuenez, zailtasuna aktorearen dramatizaziotik hasten zen: lehen aipatu ditudan bezalako zailtasun eta gordinuneak zituen testua zaila gertatzen zitzaion aktoreari zentzuz errezitatzeko, eredu fonologikorik gabe aurkitzen bait zen hain testu artifizial baten aurrean eta sarritan bata bestearen ondoren emandako hitzandana lokabe eta zentzugabe gisa eskaintzen zituzten aktoreek ahapaldiak. Norbaitek esan lezake agian aktoreen esperientziarik ezean ere egon zitekeela erruaren zati bat baina argi dago aktorerik hoberenak ere eredu homologatu edo homologagarri batzuren arabera mamitu behar duela bere errezitazioa eta norberak ulertu eta bizitzea lortzen ez duena nekez ulerteraz lekiokeela inori. Shakespearen obren itzulpenaz ari garelarik, duela gutxi izan dugu aukera, T. Altzagak «Macbeth» (Irritza) obraz egin zuen itzulpen zati batzu dastatzeko eta bi testuak alderatuz gero garbi ikusten da nolako aldea dagoen dramatizazioari dagokionez batak eta besteak itzultzerakoan erabili dituzten irizpideetan. Larrakoetxearenak aipaturiko ezaugarriak eta eragozpenak dituen bitartean T. Altzagarenak, antzerki-lanean hainbesteko eskarmentua zuen harenak, jariakortasuna, malgutasun, erritmoa eta ulergarritasuna nagusi ditu. Bestalde, funtsean jatorrizkoari leiala izaki, ez da erortzen hitzez-hitzezko bihurpenteknikan eta hizkuntza hartzailearen nortasuna gehiago errespetatzen du. Gure iritzian Altzagaren joera hau da egokia dramatizazioari dagokionean eta hizkuntza hartzailearen sena kontutan —hizkuntza hartzaileko hiztunen sena uler bedi— hartu gabe itzulpen akademikoak egin litezke onenean baina sekula ez jatorrizkoaren mundua eta bizia ikusleari kutsatuko dizkioten obrak.

        Gure itzulpenari dagokionean, gogoan izan ditugu aurrekoen esperientzia hauek eta saiatu gara Shakespeareren mezua eta teatro-munduari iruzur handirik egin gabe, euskaldun irakurleari eta agian egunen batez eszenategira hurbilduko den ikusleari Stratford-eko Zisnearen erakustale bat eskuetaratzen. Badakigu zailtasun bat baino gainditu beharrean aurkitu garela hori lortzeko eta seguraski kolpe huts egingo genuen behin baino gehiagotan, halere itzultzaileak bere erantzukizuna non hasten eta non amaitzen den garbi utzi nahi luke esanez testu hau BBC-k telebistarako egin zuen produkzioaren gidoi-itzulpen bezala atondu duela, ondoren egokitu eta bikoiztua izan dadin eta ez liburu autonomo gisa argitara emateko. Halere ETB eta «Antzerti»-ren zuzendaritzek argitaragarri iritzi diotenez gero, itzultzaileak Shakespeareren obrarako hurbilbide gisa, plazaratzeari ez dio uzkur egin.

 

Xabier Mendiguren

 

aurrekoa | hurrengoa