III EKITALDIA I ESZENA (FREDERICK DUKEA, zaldunak eta OLIVER sartzen dira) FREDERICK: Harrez gero ez duzula ikusi sire? Ezina da! Errukirako dudan isuriarengatik ez balitz, aski nuke zure lepotik mendeku hartzea, baina, ongi entzuidazu: Dagoen lekuan dagoela, bila ezazu zeure anaia, kriseiluaz bilatu, eta, bizirik edo hilik ekarri. Hamabi hilabetetan aurkitzen ez baduzu, alperrik itzuliko zara hona ogibide bila; zure lurrak eta zeure izenean duzun guztia, gordetzeko modukoa bada behintzat, konkistatu egingo dugu, arik eta zure aurka ditugun susmoak, zure anaiaren ahoz zuriturik geratu arte. OLIVER: Baleki Zure Gorentasunak zer daukadan nik bihotz honetan!! Sekula ez dut sentitu maitasun-izpirik neure anaiarenganako. FREDERICK: Horrek doilorrago egiten zaitu. Alde nire bistatik, eta ofizialak ardura daitezela honetaz eta erabat jabe daitezela beronen etxeaz eta ondasunez. Lehenbailehen hau bete eta hemendik kanpora bidal dezatela. II ESZENA (ORLANDO sartzen da) ORLANDO: Zaudete, bertsook, nire maitasunaren agiritzat josita. Eta zuk, hirutan koroatu zaren horrek, gauaren nagusi zarenez gero, itzul zeure begi garbiak, goitik, zeure mundu lausotik, eta ezar itzazu nire bizitzaren ugazabandrea den harengan zure ninfetako bat da Rosalinda izenekoa. Zuhaitzak izango ditut liburu. Haien enborretan grabatuko ditut neure gogoetak eta basoaren begiek izango dute frogarik haren bertuteaz. Bizkor, Orlando! Idatzi zuhaitz guztietan: «Ederra, garbia eta ezin esan-alakoa da bera». (Badoa) (KORIN eta BUFOIA sartzen dira) KORIN: Eta zer da, artzaina, bere onetan harturiko ez dagoela gaizki bizimodu hau. Baina artzain-bizitza dela kontutan hartuz gero, orduan ez du zipitzik balio. Bakartia delako gustatzen zait. Baina baztertua delako gustatzen bait, baina gorte-bizitza ez denez gero gaitzi zait. Hain da aspergarria! Bizimodu apal hau hara ba ongi dator nire izatearekin baina biburri konpontzen da urdailarekin ugaritasunik eza! Ba al dakizu zuk filosofiaz ezer artzaina? KORIN: Jakitekotan zera dakit: alegia zenbat eta gaisoago okerrago gaudela, eta dirua, eskuartea eta alaitasuna falta dituena, hiru lagun on gabe dagoela; euriari bustitzea dagokiola eta erretzea suari; larre gizenak azienda mardultzen duela, eguzkiak alde egitean gaua sartzen duela eta ez naturak ez arteak eskolatu ez duena, sekula hezigabea dela edota jatorri ilunekoa dela esan daitekeela. BUFOIA: Hori filosofia naturala duzu, artzaina. Benturaz gortean izandakoa al zara? KORIN: Ez, alafede. BUFOIA: Kondenaturik zaude. KORIN: Ezezkoan nago. BUFOIA: Kondenaturik, zinez, alderdi batetik egositako arrautzen modura. KORIN: Gortean ez egon izanagatik? Argitu. BUFOIA: Gortean egona ez baldin bazara ezin duzu jakin era honen berri eta era onik ikusi ez baldin baduzu, orduan era txarren jabe zara eta txarkeria bekatu da eta bekatuak betiko kondenazioa dakar; arrisku larrian zaude, artzaina. KORIN: Ezta hurrik eman ere; ze hain barregarriak gertatzen bait dira gortesauak baserrian, nola baserritarrak gortean. Esaten didazu gortean ez dela elkar agurtzen, baizik eta eskuei mun egiten zaiela. Kunplimendu narratxa litzateke hori gortesauak artzain balira. BUFOIA: Erakuts idazu. Tira, bota adibide bat. KORIN: Argi dago! Zeren eta beti ardiak eskukatzen aritzen garenez, eta ondotxo dakizu ardiak ile koipetsua duela... BUFOIA: Gortesauen eskuei izerdirik ez darielakoan al zaude? Eta artilea ez ote da gero giza koipea bezain dinakoa? Txarra, txarra! Bota beste adibide bat. KORIN: ...Eta gainera oso esku azaltsuak ditugu... BUFOIA: Hobeto senduko dituzte zuen ezpainek. Txarra, txarra! Tira, emaidazu adibide hoberik! KORIN: ...Eta ahariak irentzean gudroiz betetzen zaizkigu... Gudroiari mun emaneraziko al zeniguke? Musketa-usaina darie gortesauen eskuei. BUFOIA: Hori arrazoiketa eskasa, adiskidea! Har zikinen bazka zara eta ez okela zati on! Ikasi jakintsuarengandik eta entzun: ezertan ez dago alderatzerik gudroia katu jariakina bait da musketarekin. Artzaina, emaidazu beste adibide bat. KORIN: Oso gortesaua da niretzat zure zuhurtasuna. Txil egiten dut. BUFOIA: Txil egiten duzula, bilaua? Jainkoak gorde zaitzala baserritarra. Eta odola atera diezazula, gordina zaude-ta. KORIN: Sire, artzain ondraua besterik ez naiz, jatekoa eta jantzia irabazi egiten ditut. Inori ez diot gorrotorik ezta zorionaren bekaitzik ere; inor ongi ikusteak zoriontsu bihurtzen nau onartzen dut neure zoria eta nire harrotasunik handiena neure ardiak larrean eta bildotsak esnea edoskitzen ikustea da. BUFOIA: Horixe da zure beste bekatu tenteletako bat: ardiak eta ahariak gurutzatuz abereen estalduratik zeure bizimodua ateratzea. Mantsoen alkauetea! Urte beteko arkume samurren asasinatzailea! Akertzar aguretu eta herrenduaren menpe jartzen dituzu, elkartze-arau arrazoizko guztien kontra! Hau dela-ta kondenatzen ez bazara, argi dago deabruak ez duela nahi artzainik infernuan. Bestela ez dakit nola salba zintezkeen. KORIN: Hor dator Ganimede, etxekoandre berriaren neba. (ROSALINDA sartzen da) ROSALINDA: Munduan alderen-alderen Rosalinda da hoberen Haizeak dio eta nik ere bai Rosalinda dela nire amets-gai. Inon ez dago irudirik, Rosalindarena bezalakorik. Aurpegi politik izatekotan, berak onena errainutan. BUFOIA: Zortzi urte osoak emango nituzke era honetako puntuak jartzen, bazkariak, afariak, eta lotorduak aparte, noski! izan ere oztopoka bait doaz esneketaria merkatura bidean bezalatsu. ROSALINDA: Aizu, bufoia, isil zaitez. BUFOIA: Hor doa hori: Orein arrak emearekin bezala Rosalindarekin berdin egin dezala. Katarrak emeari huts badagio, Rosalindak lagunduko dio. Negu-arropak berotzen bazaitu, Hark baietz artean areagotu. Alea zorian jarri bada, Rosalinden gurdira igoko zara. Gazi-geza da almendra. Halaxe da Rosalinda. Ez da arantze gabeko arrosarik, Rosalinda ez utzi ziztatu gaberik. Hauxe bai dela lauroinka bertsotan aritzea! Zegatik uzten duzu honela kutsa zaitzaten? ROSALINDA: Isil bedi bufoi inozoa. Zuhaitz batean aurkitu ditut... BUFOIA: Fruitu txarra ernaten duen batean. ROSALINDA: Zuri txertatuko dizut, eta gero mizpirondoa txertatuko dugu. Horrela urtaroko fruiturik goiztiarrena izango dugu, zeren heldu baino lehen ustelduko bait zara, mizpirekin gertatu ohi denez. BUFOIA: Hori diozu zuk. Eta bat zuhurra ala ergela den, erabaki dezala basoak. (ZELIA sartzen da idatzi batekin) ROSALINDA: Isilik! Hor dator nire arreba irakurtzen. Alde!!! ZELIA: Inor bertan ez egoteagatik deitzen al diote toki honi mortu? Ez; zuhaitz guztiak mihiz beteko ditut, esan zuhurrak darizkiela. Bizitza zeinen laburra den esango dute batzuk, erromes alderraiaren pare bait dabil eta arrabetean sartzen dela hedadura guztia. Adiskideak adiskideari egindako promesez arituko dira beste batzu, baina betegabeez, baina adarrik politenetan, edota esaldi bakoitzaren amaieran, Rosalinden izena ipiniko dut, irakurleek jakin dezaten zeruak txikietan agertzen duela izatearen gunik finena. Zeren naturari agindu bait dio, gorputz bakarrak bil ditzala, besteen birtute guztiak. Hala eman dizu Naturak, Helenaren masailak, Kleopatraren handitasuna, Atlanta samurraren erak eta Lukreziaren zuhurtzia, zeruko talderik ederreneko Arrosarik politena osatuz, balio neurrigabeko begi, aurpegi eta adimenarekin. Honela saritzen du Jainkoak eta honela nik, bere esklabuak zerbitzatzen dut. ROSALINDA: Ala Jupiter! Ondo sermoi aspergarria bota diezu eliztarroi. Hobe zenuen «Jende ona, egonarriz hartu» emanez hasi bazina. ZELIA: Zer da hau? Atzera, lagunak. Artzaina, alde piska batean. Eta zu, sire, zoaz berarekin. BUFOIA: Tira, artzaina. Ohore guztiarekin atzera egin dezaun. Zorro eta guzti ez bada ere, zorrokoarekin gutxienez. (BUFOIA eta KORIN irteten dira) ZELIA: Entzun al dituzu bertsoak? ROSALINDA: Bai horixe. Denak entzun ditut. Bertsoak onartzen dituen baino oin gehiagokoak ziren batzuk. ZELIA: Ba oinek eutsiko diete bertsoei. ROSALINDA: Bai, baina oin herrenak ziren, bertsorik gabe zutik irauteko gauza ez direnak, eta bertsoen barruan herrenka dabiltzanak. ZELIA: Eta ez al zaitu harritu entzuteak zure izena nola dagoen adarretatik zintzilik eta zuhaitzetan grabaturik? ROSALINDA: Zu etorri zarenerako harrimenez ongi osaturik nengoen ni. Hara zer aurkitu dudan palmondo batean. Pitagorasen garaietatik ni irlandar arratoia nintzenean (neronek ere ez dakit noiz izan zen hori) Inork ez dizkit egin hainbat bertso. ZELIA: Susmorik ba al duzu nork egin duen hori? ROSALINDA: Gizon batek? ZELIA: Eta kate bat, egun batez lepoan ezarri zenionak. Kolorea aldatzen al zaizu? ROSALINDA: Baina esaidazu, nor da? ZELIA: Ai ene Jainkoa, Jainkoa! Bai zaila dela maitaleak elkartzea baina mendiek ere elkarrekin topo egiten dute lurrikarak batuz gero. ROSALINDA: Nor da? Esazu! ZELIA: Ezin dut sinetsi... ROSALINDA: Arren eskatzen dizut! Neure indar guztiez eskatzen dizut: esaidazu, nor da? ZELIA: Ezin da sinetsi. Gauza sinestezinagorik! Eta sinestezina baino areago inoiz burutik pasatzen ez den bezalakoa. ROSALINDA: Ez nazazu sala, bihotza! Gizonezko itxura dudalako neure bihotzean ere galtza eta jupoia jantzita nabilela uste al duzu? Berandutzen den une bakoitzeko Hegoaldeko itsasoetatik egiten ari den txango amaigabea derizkiot. Erreguka eskatzen dizut, esan berehala nor den. Hitzegizu! Gutxienez hitz totelka jaregingo bazenu eta izen misteriotsu hori ahotik jaulkiko balitzaizu, botila meharretik ardoa darion antzera, borboka irteten denean edo batere ez... Arren eskatzen dizut, atera eztarriko kortxoa zure albisteak edan ditzadan... ZELIA: Eta horrela gizon bat erraietan sartzeko. ROSALINDA: Gisakoa al da behintzat? Zer gizon-mota da? Buruan kapelua eramateko dinakoa ote da? Eta kokotsak... merezi al du bizarrik? ZELIA: Tira, bizarrez urri samarra dabil. ROSALINDA: Jainkoak emango dio gehiago, esker onekoa bada. Itxarongo diot bizarraren hazteari, baldin eta zuk gehiegi berandutzen ez baduzu haren kokotsa deskribatzea. ZELIA: Orlando gaztea da, une berean atletaren orpoak eta zure bihotza menperatu zituena. ROSALINDA: Pikotara zure bizarrak! Hitzegizu dontzeila zintzo eta egiatiari dagokionez! ZELIA: Zin egiten dizut, lehengusina maitea, bera da. ROSALINDA: Orlando? ZELIA: Orlando. ROSALINDA: O, egun dohakabea! Zer egingo dut nik neure galtza eta jupoiarekin? Zertan ari zen ikusi duzunean? Zer esan du? Zer itxura zuen? Nola zegoen jantzita? Zer arazok ekarri du hona? Nitaz egin al zuen galderik? Non aurkitzen da? Nola agurtu zintuen azkenean? Noiz ikusi duzu berriz? Hitz bakarrez erantzuidazu. ZELIA: Gargantuaren ahoa alokatu beharko zenidake aurrena! Hitz benetan handia da gaurreguneko aho baterako. Hainbeste xehetasunari bai edo ez erantzutea dotrinari erantzutea baino zailagoa da. ROSALINDA: Baina ba al daki basoan nagoela eta gizonezko jantzitan nabilela? Burruka egun hartan bezain itxura bikaina al du? ZELIA: Errezagoa da hautsaleak kontatzea maitaleen arteko gorabeherak konpontzea baino. Oraingoz ahogozatu topaketa eta astiro dasda ezazu. Zuhaizpean aurkitu dut, ezkurra lurraren gainean bezala. ROSALINDA: Jupiterren zuhaitza izan behar halako fruitua emateko. ZELIA: Utzidazu hitzegiten, ene andrea. ROSALINDA: Jarraitu. ZELIA: Luze-luze etzanda zegoen, zaldun zaurituaren gisa. ROSALINDA: A zer pena emango zuen ikusteak, ai ene, baina halako atsegina lurrarentzat! ZELIA: Gelditu mihi hori, arren eskatzen dizut! Noraezean jira biraka darabilzu-ta. Ehiztari jantzitan zebilen. ROSALINDA: Presagio txarra! Bihotza zauritzera etorriko zait! ZELIA: Ez zaitez hasi betiko leloarekin kantatzen ari naizenean, doinua galtzen dut-eta. ROSALINDA: Ez al dakizu emakume naizela? Ahora datorkidan guztia esaten dut. Jarraitu, maitea. (ORLANDO eta JAQUES sartzen dira) ZELIA: Harritzen nauzu! Zaude! Ez al da bera hor datorrena? ROSALINDA: Bera da! Ezkututik begiratuko diegu. JAQUES: Eskerrak laguntasunagatik. Baina, alafede, nahiago nukeen bakarrik egon. ORLANDO: Nik ere bai... Nahiz eta eskertzen dizuda aginduta dagoenez zure laguntasuna. JAQUES: Zaitez Jainkoarekin! Berari eskatzen diot ahal dugun gutxien ikus dezagula elkar. ORLANDO: Eta ezagunak bezala izan gaitezela elkarrentzat. Hori da nire nahia. JAQUES: Erregutzen dizut ez dezazula hondatu zuhaitz gehiagorik maite-kantak enborretan idatziz. ORLANDO: Eta nik zuri berriz arren eskatzen dizut ez ditzazula hondatu nire bertsoak hain gaizki irakurriz. JAQUES: Rosalinda al da zure maitasunaren izena? ORLANDO: Hala da. JAQUES: Ez dut atsegin izen hori. ORLANDO: Inork ez zuen pentsatu zuri atsegina ematean bataiatu zutenean. JAQUES: Zer goibehe du? ORLANDO: Nire bihotzerainokoa. JAQUES: Denetarako duzu erantzuna. Ez ote zara ibili urreginen emazteekin, eta ez ote ditugu buruz ikasi haien eraztu-zuloak? ORLANDO: Bai zera, baina tapizgile-era zantarrenaz erantzungo dizut, haietxekin ikasi bait zenuen horrelako galderak egiten. JAQUES: Zirtolari bikaina zara. Atalantaren zurdaz egina dela esango nuke! Baina eser zaitez nirekin eta biok ekingo diogu gure dama Lurra nardatzeari eta baita gure mixeria guztiak ere. ORLANDO: Ez daukat zer nardaturik neure burua izan ezik, ongi ezagutzen bait ditut neure akats ugariak. JAQUES: Maitemintzea da guztietan makurrena. ORLANDO: Akats hori ez nuke aldatuko nik zure bertuterik onenarengatik. Nazkaturik naukazu. JAQUES: Arraioa, inozo baten bila nenbilen eta zurekin topo egin dut. ORLANDO: Begira: errekan ito da. Begiratu eta ikusiko duzue. JAQUES: Neure aurpegia besterik ez dut ikusiko hor. ORLANDO: Inozo-aurpegia baizik ez dena. Edo taloa! JAQUES: Une bat gehiago ez naiz egongo zurekin, Zoaz Jainkoarekin, nire signor innamorato, jauna. ORLANDO: Zuk aldegiteak halako zoriona ematen dit, ene monsieur Mélancholie jauna. ROSALINDA: (Zeliari aparte) Lekaio lotsagabe baten gisara mintzatuko natzaio eta distiraz honen azpitik joko ausarten bat egingo diot. Aizu, entzuten al didazu? Basazaina? ORLANDO: Bai noski. Zer nahi duzu? ROSALINDA: Mesedez, zer ordu da erlojuan? ORLANDO: Eguzkiak zer ordu duen galdetzea hobe duzu, zeren ez bait dago erlojurik basoan. ROSALINDA: Maitemindurik ere ez da izango orduan, bestela behintzat halakoaren zizpuruek minutuka edo haren intziriek orduka iragarriko bait lukete denboraren iragate nagia, erlojuaren zehaztasunaz. ORLANDO: Eta zergatik ez diozu denboraren iragate bizkorra? Ez ote litzateke zehatzago? ROSALINDA: Inola ere ez, sire. Zeren pertsonen arabera denborak erritmo desberdina bait du. Gauza naiz esateko norekin ibili dabilen pausoan, norekin arineketan, norekin trostan eta norekin zirkinik egin gabe dagoen geldi. ORLANDO: Esaidazu, mesedez, norekin ibiltzen da trostan? ROSALINDA: Trosta geldian dontzeilarekin ibiltzen da, ezkon-hitza eman eta ezteiak ospatu bitartean. Tartea nahiz eta astebetekoa izan, hain astiro igarotzen da denbora ezen zazpi gauak zazpi urte diruditen. ORLANDO: Eta norekin ibiltzen da pausoka? ROSALINDA: Latinez ez dakien eliz-gizonarekin, eta ezueririk ez duen aberatsarekin: lehenak lasai lo egiten du, ez bait da ikasteko gai; eta bigarrena zoriontsu bizi da, oinazerik ez duelako: batari jakituriaren zama arin eta ziztrina falta zaio eta besteari, gabezia nekagarriarena, horregatik ibiltzen da bi hauekin oinezkoaren pausoan denbora. ORLANDO: Ela norekin trostan? ROSALINDA: Urkabera doan lapurrarekin, izan ere oinek ahal duten bezain astiro joan arren ere, goizegi heldu zaiola bait derizkio. ORLANDO: Eta norekin gelditzen da mugiezin? ROSALINDA: Oporretan dauden abokatuekin, saio bitartean lokuluska egiten bait dute, denbora nola igarotzen den ikusteke. ORLANDO: Non bizi zara, gazte galaia? ROSALINDA: Hementxe, neure arreba, artzainarekin... basoaren ertzean, gona barrenean bezala. ORLANDO: Hemen jaio al zara? ROSALINDA: Erditutako lekuan bizi den untxi ama bezala. ORLANDO: Honen leku bazterrean ikas litekeen baino mintza-doinu finagoa du zure ahotsak. ROSALINDA: Beti esan didate hori: baina ba al dakizu nire osaba zaharrak, elizgizona da eta hitzegiten irakatsi zidan, zeren gaztetan gorte-mutil izan bait zen eta errendatzeko erak bait zekizkien, bertan maitemindu zanez gero. Sermoi ugari entzun diot maitasunaren aurka eta eskerrak ematen dizkiot Jainkoari emakume ez naizelako eta berak sexu horri egozten dizkion hainbat abentura zoroz kutsaturik ez nagoelako. ORLANDO: Eta gogoan al dituzu emakumezkoei egozten dizkien bekaturik nagusienetakoren batzu? ROSALINDA: Nagusirik ez zegoen batere, denak gauza bera bait ziren, diru xehearen gisa. Bekatu bakoitzak izugarria zirudien albokoa parean jarri arte. ORLANDO: Aipatu batzu, arren eskatzen dizut. ROSALINDA: Ez. Gaisoengan gastatu nahi ditut sendagaiak. Bada gizon bat baso hauetan barrena dabilena zuhaitz samurrak sakailtzen, Rosalindaren izena enborrean grabaluz, arantzetatik odak zintzilikatuz eta eresiak sasielatik. Eta dena begira ongi Rosalinda hori jainkotu zuelako. Ameslari horrekin topo egingo banu, kontseilu on bat emango nioke, ze badirudi egunero maitasun-sukarraren pean dagoela-ta. ORLANDO: Badakit nik nork duen gaitz hori. Esaidazu zure sendagaia, arren eskatzen dizut-eta. ROSALINDA: Nire osabak esandako zantzu bat bakarra ere ez zaizu ageri. Berak esan zidan nola berezten den maite-minez dagoen gizona, baina ez du ematen zu kaiola estu horretan zaudenik. ORLANDO: Eta nolakoak dira zantzu horiek? ROSALINDA: Aurpegi mazkarra, eta zuk ez duzu; begi sartuak eta ilunduak, eta zuk ez dituzu, aldarte txarra, eta zuk ez duzu; bizar narratxa, eta zuk ez duzu... baina hori barkatzen dizut ze duzun hori anaia gazteari ondarez dagokiona bait da... Gainera, galtzak galartzurik gabe beharko zenituzke, txanoa xingola gabe, mahukak botoi gabe, zapatak askatuta, eta oro har gauza denek halako zabarkeria utzi-kutsu bat beharko lukete. Ez zara zu gizon hori. Zuk apain baino apainago darabiltzazu arropak. Eta bestetaz baino zeure buruaz maiteminduago zaudela esan liteke. ORLANDO: Galai atsegina, benetan sinetserazi nahi nizuke, zinez maitemindurik nagoela. ROSALINDA: Niri sinetserazi! Hobe duzu maite duzun horri sinetseraztea; baietz prestuago egon ziur gainera hori onartzeko eta ez lortu duzula aitortzeko. Puntu honetan oraindik gezurra esaten diote emakumezkoek beren kontzentziari. Baina zinez zeu al zara Rosalindaren mirespeneko bertsoak zuhaitzetatik esekitzen aritzen zarena? ORLANDO: Zin egiten dizut, gazte, Rosalindaren esku errugabearengatik, ni naizela zuk diozun doakabe hori. ROSALINDA: Bertsoek dioten bezain maitemindurik al zaude? ORLANDO: Ez dago bertsorik ez arrazoirik hori adierazteko bestekorik. ROSALINDA: Maitasuna zorakeria hutsa da. Eta zoroek bezala benetan diotsut zigorra eta gela iluna merezi du. Arrazoi bat dago era berean ez zigortzeko eta era berean ez sendatzeko, maitasunaren zoramena hain ugari delarik, borreroek ere badute. Ni neu kontseiluen bitartez sendatzen saiatzen naiz. ORLANDO: Lortu al duzu inor sendatzerik modu horretara? ROSALINDA: Bat bai; eta honelaxe: imajinatu behar zuen ni nintzela bere maitagaia, maitea... eta egunero errondan ibili behar zitzaidan. Orduan ni gazte zoraska izaki kexuka hasten nintzen, maritxukeriatan hasten nintzen, kaskarin, apetatsu, mimoti, harro, ameslari, suhar, txolin, aldakor, negarti edo alai, jartzen nintzen, grina guztietarako prest baina ezeinetan murgildu gabe gisa honetako jentilaia den neska-mutilek egin ohi dutenez eta nahi nuen eta uzten nuen, losintxatzen eta arbuiatzen nuen, negar egiten nion edo txu egiten, arik eta neure galaia maitasunaren umore zorotik zoramenaren umore zorora eraman nuen arte eta horrek eragin zion bizitzaren zurrunbiloa utzi eta praile baten gisa zoko batean bizitzera joan zedin. Halaxe sendatu nuen eta halaxe ematen dizut sendatuko zaitudan hitza, gibela garbi eta osasuntsu utzirik, ardiaren bihotza bezala, maitasun-orbanik ere gabe. ORLANDO: Gazte, ez dut nahi sendatzerik! ROSALINDA: Nik sendatuko zaitut. Rosalinda deitzea aski duzu eta egunero nire etxolara etortzea, eta errondan egitea. ORLANDO: Horixe bai egingo dudala maitasunarren. Esaidazu non den. ROSALINDA: Zatoz nirekin eta erakutsiko dizut. Eta zuk bitartean, esan niri basoaren zein alderditan bizi zaren. Zatoz, goazen. ORLANDO: Bihotz-bihotzez, galai jatorra. ROSALINDA: Ez, Rosalinda deitu behar nauzu. Zatoz, arreba. Ez al gaituzu lagundu nahi? (Badoaz) III ESZENA (BUFOIA, AUDREY eta JAQUES sartzen dira) BUFOIA: Ia, Audrey, bizkor, arin, Audrey. Nik bilduko dizkizut ahuntzak, Audrey. Audrey? Oraindik zure bizitzarako gizona al naiz? Zer? Atsegin al duzu nire itxura? AUDREY: Zure itxura! Jainkoak libra nazala! Zer itxuraz ari zara? BUFOIA: Hemen naukazu zurekin ahuntz eta aker artean, Ovidio jatorra Gothoen artean bizi zen modu eta antzean. A zer gustoa poetarena! JAQUES: O, ostatuz erratu den jakituria, Jupiter behartsuen txabolan bezala! BUFOIA: Gizon batek egiten dituen bertsoak inork ez ulertzea, edota asmamen zorrotzaren lagun ez gertatzea adimena haren semea ostatu kaskarrean fortuna handia suertatzea baino kolpe latzagoa da. Egia esan, hobe zuketen jainkoek poesisen gehixeago eman izan balizute. AUDREY: Ez dakit zer esan nahi duen «Poesisenak». Agian zintzoa izatea hitzez eta egitez? Edota egia esatea? BUFOIA: Ez horixe behintzat! Zeren eta egiazko poesia ezer baino engainagarriagoa bait da, eta maitaleak berarengana isurienak, eta esan liteke poesiaz zin egiten dutena maitemindu gisa nozitzen dutela. AUDREY: Eta halere jainkoek poesisen gehiago niri ematen nahi al zenuen? BUFOIA: Horixe ba! Zintzoa zarela zin egin duzulako, eta poetisa izan bazina ez nukeen galduko zuk gezurra esango zenuen esperantza. AUDREY: Ez al duzu nahi ni zintzoa izatea? BUFOIA: Ez, inola ere ez! Itsusia izan ezik behintzat: edertasuna eta bertutea eztia eta azukrea bezalako gertatzen bait dira. JAQUES: Ez du zentzu faltarik ergel honek! AUDREY: Bada ederra ez naizenez, egin nazatela zintzo jainkoek! BUFOIA: Noski! Baina bertutea zikin eta itsusiarengan jartzea ere okela ona lapiko narratsean ipintzearen pareko bada ere. AUDREY: Eskerrak ematen dizkiot zeruari itsusia naizelako, baina narratsa naizela... BUFOIA: Bere garaian etorriko dira narraskeriak. Bitartean eskertu diezaiogun zeruari itsusia izatea! Dena dela emaztetzat hartuko zaitut, horretarako joan bait naiz Sir Oliver Martexten bila, bera bait da albo-herriko erretore jauna eta hona etorri biok ezkontzekotan geratu bait da. JAQUES: Topaketa hau ez dut galdu nahi! AUDREY: Jainkoek zoriona opa diezagutela. BUFOIA: Amen bihotz kikileko gizaseme batek baino gehiagok pentsatuko luke hau egin aurretik, izan ere hemen ez bait dago baso hau beste elizarik eta animalia adardunak beste lekukorik. Baina, zer ardura dio?; Aurrera! Gorrotagarriak badira ere, beharrezko dira-ta adarrak! Hala dio esaerak. «Hamaikatxok baditu ondasuna eta sailak eta ez daki haien muga-barrenik». Bada, berdin gertatzen zaie adardunei: ez dituzte ezagutzen haien muga-barrenak, emakumearen ondasun bait dira ez norberarenak. Adarrak? Noski baietz! Baina ez behartsunentzat bakarrik! Oreinik nobleenak eta doilorrenak biek dituzte tamaina berekoak. Ezkongabea zoriontsuago dela honetan? Ez! Nola hiri bildu batek herri koskor baeek balio handiagoa duen, era berean adardunaren bekokiak ere baliotsuagoa da, ezkongabearen buru biluzia baino gizonago bait da. Eta nola hobe den zelatan erne egotea ustekabeko erasoaren aldean, era berean askoz hobe da adarrak izatea ezer gabe egon ordez. (SIR OLIVER MARTEXT sartzen da) Hemen dator Sir Oliver Ongi etorria Sir Oliver Martext! Hementxe bertan nahi al duzu zertu arazoa, zuhaizpe honetan? Ala zure kapilara joatea nahiago duzu? SIR OLIVER: Inork ez al du eskaini behar hemen emaztegaia? BUFOIA: Ez dut onartuko inork eskaintzerik, oparia balitz bezala. SIR OLIVER: Norbaitek eskaini beharra dago, bestela ez du balio ezkontzak. JAQUES: Aurrera, aurrera. Neuk eskainiko dut. BUFOIA: Arratsaldeon dakizula, Dena delako jaun zaren horri. Ongi al zaude? Ongi etorria orduan. Zeruak sarituko zaitu zeure azken bisitarengatik. A zer poza zu berriz ikustea! Arazotxo bat dugu. Arren, esaten dizut, estali burua. JAQUES: Ezkondu behar al duzu koadro jantziduna? BUFOIA: Idiak badu bere uztarria, sire. Zaldiak, ahokoa, Aztoreak koskabiloak eta gizonak bere gurariak: ezkonohean mokoka aritzea eta usoen modura urrumaka. JAQUES: Eta zure jatorriko gizonak hemen ezkondu behar al du adarpean, eskalearen modura? Zoaz eliza batera, jauna, eta elizgizon on batek azal diezazula zertan datzan ezkontza. Honako honek oholen modura elkarregokituko zaituzte, eta bi zuretako bat berdea gertatuz gero, zigor gaztearen gisara amore eman eta okertuko litzateke. BUFOIA: Ez dakit zergatik derizkiodan hobe izango dela honek ezkontzean eta ez beste batek, ez bait da izango gisako ezkontza, eta halakoa ez baldin bada aitzakia hobea izango dut emaztea zapuzteko. JAQUES: Zatoz, nirekin, kontseilu onik emango dizut-eta. BUFOIA: Goazen, Ene Audrey laztana. Ezkondu edota bestela ohaide gisa bizi beharrean gaude. Zaude Jainkoarekin, Oliver Erretore jauna. Ez dizut esango: O, Oliver amoltsua! O, Oliver kementsua! Ez nazazu utz hemen! Atzera, atzera, zoaz urrunera ez etor ezkontzera. SIR OLIVER: Bost axola niri! Hemengo alproja kaskarin hauek ez naute saihestuko neure eginbeharretik. (Badoaz) IV ESZENA (ROSALINDA eta ZELIA sartzen dira) ROSALINDA: Ez esan ezer Negarrez hasiko naiz-eta. ZELIA: Negar egizu orduan, baina gogoan izan, gizonari ez dagokiola malkorik. ROSALINDA: Baina ez al daukat neqar egiteko aski arrazoi? ZELIA: Nahi duzun baino gehiago, negar egizu beraz. ROSALINDA: Ileak berak ere traizio-kolorea du! ZELIA: Judasena baino zertxobait gaztainagoa. Eta Judas beraren semeak bezalakoak ditu musuak. ROSALINDA: ...Eta halere hain du polita ilea! Ene! Horixe bai duela! ZELIA: Bikaina du kolorea! Ez dago gaztaina bezalakorik. ROSALINDA: Eta ogi bedeinkatua bezain santuak dira haren musuak. ZELIA: Dianari erosi beharko zizkion ezpain-pare garbi hori, zeren eta moja batek ere ez bait du mun egiten hain sutsu neguko ofizioetan. Hainbesteko kastitate-izotza bait dute ezpain horiek. ROSALINDA: Eta zergatik zin egin zuen orduan etorriko zela gaur goizean eta ez da etorri gero? ZELIA: Oso ziur dagoelako ez dela batere fidagarria. ROSALINDA: Hori uste al duzu? ZELIA: Hori uste dut. Ez daukat lapurtzat eta mausearitzat, maitasunean leiala izateari dagokionez, edalontzikada maltzur edota intxaur ustela bezain faltsoa da. ROSALINDA: Eta ez al da leiala maitasunean? ZELIA: Bai. Maitemindurik dagoenean. Baina orain, ez dagoela esango nuke. ROSALINDA: Neure aurrean zin egin zuen bazegoela. ZELIA: Bazegoela! Ez badago onik! Gainera, maitasun-promesa tabernariaren hitza bezalakoa da: kontu faltsuak ontzeko balio dute biek. Hemen basoan zehar dabil zure aitaren jendearekin. ROSALINDA: Berarekin topo egin nuen atzo eta hizketaldi luzea izan genuen. Zer etxetakoa nintzen galdetu zidan. Berea bezain etxe onekoa nintzela erantzun nion. Barre egin eta alde egiten utzi zidan. Baina zergatik hitzegin gurasoez... Orlando bezalako gizasemeak daudelarik? ZELIA: Eta bera bezain galaiak! Bertso galaiak idazten ditu. Hitz galaiak esaten ditu maitearen bihotzean sartzen denean okerretara, zeharka, zaldiari ezproina alde batetik bakarrik sartzen dion tenteltzarraren pare. Baina galai bezala geratzen da zaldiketaria gaztea bada eta zoramenak gidatzen badu. Nor da? (KORIN sartzen da) KORIN: Andrea, ene jauna, sarri galdetzen didazue maiteminez jota nirekin belarretan etzanik zegoen artzain hartaz, bere maitea zuen artzaintsa mukerra goraipatzen. ZELIA: Bai. Eta zer gertatu zaio? KORIN: Bere horretan ikusi nahi baldin baduzue zer alde dagoen egiazko maitasunaren aurpegi zurbilaren eta harrokeria eta arbuiozko sumin biziaren artean, zatozte hona, eta nik erakutsiko dizut ikusi nahi izanez gero. ROSALINDA: Goazen hara. Ze indartu egiten bait da maitasuna maitaleak ikusita. Tira! Erakutsi ikuskaria! Eta ikusiko duzu zeinen aktore ona naizen komedia horretan. (Badoaz) V ESZENA (SILVIO eta FEBE sartzen dira) SILVIO: Ai ene Fede laztana, ez nazazu mesprexatu, ez, Febe txit laztana. Esaidazu ez nauzula maite, baina mingoskeriarik gabe. Borrerorik zitalena ere, ohiturak heriotzera gogortu duena ere, errukitu egiten da aurrean makurturik daukanaren gainera aizkora erortzean. Zu krudelago izango ote zara? Odol eta heriotzetik bizimodua ateratzen duena baino areago? (ROSALINDA, ZELIA eta KORIN sartzen dira) FEBE: Ez naiz gauza zure borrero izateko, ez... Eta zugandik baldin banoa, gehiago ez zauritzearren da. Begirada hutsez asasinatzen zaitudala diozu. Egia galanta! Eta bidezkoa da begiei begi hauskorrei, begi delikatuei, xamar txikienari ere bidea ixteko bezain koldarrak direnoi borrero, tirano eta asasinatzaile deitzea. Orain betilun begiratuko dizut eta nire begiek hil zaitzatela, zauritzeko gauza baldin badira. Egin orain zorabiatuaren itxurak. Tira, lurrera! Lotsaz, gauza ez baldin bazara, gutxienez lotsaz ez esan gezurrik eta ez salatu asasinatzailetzat eta erakutsizkidazu nire begiek egindako zauriak. Orratzez arramazkatu zeure burua orduantxe ikusiko bait dira zauriak, eta ihi baten gainean jartzen bazara, orbainak, arrastoak marka utziko dizu eskuan. Baina nire begiek, zure kontra azkon gisa bota ditudanek, horrek ez zaituzte zaurituko, ze ez bait dago begirik ziur nago inori kalte egiteko indarra duenik. SILVIO: Febe maitea helduko balitz eguna eta baliteke oso hurbil egotea masaila baten xoramena zutaz jabetuko litzatekeenekoa, orduan igarriko zenieke maitasunezko azkonek sortzen dituzten zauri ikustezinei. FEBE: Halakorik gertatu arte ez zaitez hurbil: eta une hori iritsitakoan nahigabetu nazazu zeure isekez gupidarik gabe, ze ordurarte ez bait naiz errukituko zutaz. ROSALINDA: Baina esaidazu, arren eskatzen dizut, baina zer amaputaren alaba zara gizon gizajo bat horrela zapaldu eta iraintzeko? Polita bazina ere eta zinez diotsut ez zarela argia piztuta ohera eramateko modukoa zurituko al luke horrek hain krudelkeria handia eta hain gupida txikia? Esaidazu, zer esan nahi du horrek? Zeri begira zaude? Naturaren sorkari arrunta besterik ez dut ikusten zugan. Ziur nago ene galdua nire begiak ere azpiratu egin nahi dituzula. Ez, ala fede, dama harroa: etsi beharko duzu. Ez zure bekainetako tinta beltza, ezta ile horien zeta ilunka, ezta begi hanpatuek, ez masaila zurigorriek ez dute lortuko ni makurtzerik zu adoratzeko. Eta zu, kaiku, tentel hori, zergatik zoaz horren atzetik hegoaldeko lanbroaren gisa, haizearen eta euriaren modura puzka? Gizon izateko hamaika aldiz ederragoa zara bera emakume izanik baino ere. Zure moduko buruarinengatik dago mundua izaki ikaragarriz beterik. Ispiluak ez du losintxatzen hori, zuk baizik eta zugatik sentitzen da beste ezergatik baino politago; begira zeure buruari, dama andrea, belaunikatu eta eman eskerrak zeruari berau eginez, gizon jator honek maite zaituelako. Belarrira esango dizut adiskide modura: Saldu ahal duzunean, ez bait zara merkatu guztietarakoa. Barkatzeko eskatu gizaseme honi, maitatu, eta onartu bere eskaintza, zeren eta itsusia, gainera lotsabea baldin bada, inork ez du jasaten. Har ezazu zeuretzat, artzaina, eta suerte on. FEBE: Haserre egidazu, mutil gaztea, urte betez eta gehiagoz, arren eskatzen dizut. Nahiago zaitut errondan dabilkidan gizaseme hau baino. ROSALINDA: Berorren itsusitasunaz maitemindurik dago, bestea nere suminaz maitemindu den bezala. Hala bada, kopetilun hitzegiten hasiko zaizun bezain laster, ozpinduko dut nik hitz garratzaz. Zergatik begiratzen didazu horrela? FEBE: Ez dizut begi txarrez begiratzen! ROSALINDA: Arren esaten dizut, ez zaitez maitemindu! Topa egiterakoan egindako zina baino faltsuagoa bait naiz. Gainera, ez zaitut gustokoa. Non bizi naizen? Alboan dagoen olibadian. Zatoz, arreba. Eta zuk, artzaina, esku gogorra horrekin! Arreba, goazen. Zu, emakume, izan atseginagoa. Gorde ezazu harrokeria, munduan begira dauzkagun guztien artean inor ez bait da hain bista laburrekorik. Tira, artaldea zain daukagu-ta! (ROSALINDA, ZELIA eta KORIN ateratzen dira) FEBE: Ai ene, aspaldi hildako artzaina! Orain ulertzen dut zuk esana: Lehen begiratuan sortzen dena bakarrik da maitasuna! SILVIO: Febe, Febe laztana. FEBE: Zer nahi didazu Silvio? SILVIO: Febe gozoa, erruki, arren eskatzen dizut. FEBE: Silvio maitea baduzu dagoeneko. SILVIO: Ez dago gozatuko ez den minik. Nire maitasunezko minak zuri eragiten badizu, zeure maitasunaz ken ditzakezu sentitzen duzun gupida eta nire pena. FEBE: Nire maitasuna baduzu dagoeneko. Ez al duzu aski? SILVIO: Ez, zu nahi bait zaitut. FEBE: Askonahia zara! Pasa da, Silvio, gorroto zintudan garaia, baina horrek ez du esan nahi orain maite zaitudanik, baina maitasunaz hainbeste dakizunez gero, behinola aspergarria zitzaidan zure laguntasuna, orain hobeto eramango du. Eta zutaz baliatu ere egingo naiz. Ez bilatu, ordea, inolako saririk baizik eta alai egotea ogibidearen truke. SILVIO: Hain da betea eta santua nire maitasuna eta hain nabil urri ondasunez ezen oso joritzat joko dut uzta baldin eta beste igitailariak bere atzetik utzitako galburuak biltzen baditut: noizean behin jaregiozu irribarre galduren bati eta nik baliaraziko dut. FEBE: Ezagutzen al duzu arestian hitzegin didan gaztea? SILVIO: Ongi ez, baina sarritan ikusi dut. Berak erosi ditu nekazari agure harenak izandako etxola eta sailak. FEBE: Ez nago berataz maitemindurik, nahiz eta haren galdea egin. Mutilkoskor lotsagabe bat besterik ez da, nahiz eta hitzegin, ongi hitzegin. Hitzak! Nori ardura zaizkio! Atseginakoak izaten dira hitzak esaleak entzuleari lagunduz gero. Bikaina da mutila. Tira, ez hainbeste... Eta harroa! Bai horixe! Baina bai ongi ematen diola harrokeriak! Hori izango da gizona, hori! Duenik eta onena... kolorea du. Eta mihia! Hamaikatxo zauri egiten du begiratze hutsez gero orbaintzen direnak! Ez da oso luzea, baina bere adinerako bai! Zangoz ez dabil gaizki. Nahiko ongi dabil! Ezpain gorri eder ederrak zituen; masailetan nahasturik zeukan gorriaren aldean biziagoak, helduagoa. Gorrigorriaren artean eta damasko nahastuaren artean dagoen aldea. Bada emakumerik, Silvio, nik bezain hurbiletik ikusiz gero, maitemintzeko askoren beharrean geratuko ez zenike. Nik, ordea, ez diot ez maitasunik ez gorrotorik, gorrotatzeko arrazoi gehiagoren faltarik ez badago ere, ze inolako arrazoirik gabe sartu bait zen nirekin begi beltzak ditudala esaten eta ile iluna dudala eta nire lepotik barre egiten, oker ez banago. Ez dakit zergatik isildu behar izan dudan. Baina berdin dio: baina isiltzea ez da beti onartzea. Gutun burlati bat idatziko diot eta zerorrek eramango diozu. Nahi al duzu, Silvio? SILVIO: Bihotz bihotzez, Febe. FEBE: Idatziko dut. Bihotzean daukat esan nahi diodana, eta buruan. Adiskidea, labur idatziko diot. Silvio, tira, zatoz nirekin. |