|     76 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IV EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(ROSALINDA, ZELIA eta JAQUES sartzen dira)

 

JAQUES: Arren eskatzen dizut, gazte atsegina, hobeto ezagutzen uzteko.

ROSALINDA: Gizon melankoliatia omen zara.

JAQUES: Hala naiz. Atseginago dut irribarretsua izatea baino.

ROSALINDA: Bi ertzetan daudenak jende nardagarria dira eta mozkorrak berak baino ere maiseatuago izan daitezke.

JAQUES: Halere, nahiago dut triste egon eta ez esan ezer.

ROSALINDA: On litzateke, orduan, egurrezko izatea.

JAQUES: Ez dut jakintsuaren melankolia, bekaitza besterik ez bait da, ezta musikalariarena ere, fantasia da-ta; ezta gortesauarena ere, harrokeria denez gero, ezta soldaduarena ere, handinahia bait da, ezta letraduarena ere, maltzurkeria data, ezta damarena ere, pertxentakeria denez gero; ezta maitalearena ere, gauza horiek denak bait da. Neure melankolia dut osagai guztiez eratua, gauza askotarik aterea. Tristura apetatsua da neure txango ugarietan gertatutakoaz gogoeta egitean kutsatzen nauena.

ROSALINDA: Bidaiaria! Ez naiz harritzen arrazoi bikainak izatea triste egoteko! Beldur naiz zeure lurrak ez ote dituzun saldu inorenak ikusi ahal izateko; baina asko ikusia izatea eta gutxiaren jabea aberats-begiak eta behartsu-eskuak edukitzea da.

JAQUES: Bai, baina esperientzia metatu dut.

 

(ORLANDO sartzen da)

 

ROSALINDA: Triste jartzen zaituen esperientzia. Nahiago nuke bufoi bat izan eta ez triste jartzen nauen esperientzia. Horretarako ibiltzea ere!

ORLANDO: Egun on eta zoriontsua dakizula, Rosalinda maitea!

JAQUES: Bertso zuritan hitzegitera bazoaz, zaude Jainkoarekin!

ROSALINDA: Berarekin nago, bidaiari jauna. Zaindu zeure mintza doinua eta arropa bitxiz jantzi, zeure lurraldean dagoen guztia txartzat eman, uko egin zeure seaskari eta larderiatu, Jainkoa eman dizun itxurarengatik; bestela nekez sinetsiko dut gondola batean ibilia zarenik...

 

(Badoa JAQUES)

 

        Ederki, Orlando? Nondik ibili zara aspaldi honetan? Eta maite mindurik zaudela al diozu? Berriz niri iseka egiten badidazu, ez jarri gehiago nire begien bistan.

ORLANDO: Rosalinda maitea, agindutako baino ordu bete bakarrik nator beranduago.

ROSALINDA: Ordu bete beranduago iritsi maitemindurik egonda! Errukaria minutua mila partetan banatu eta milaren batez berandu dadina maitasun-arazotan! Esan liteke agian halakoaz Kupidok ukitu duela sorbaldan, baina ziur esaten dizut bihotza osorik geratu zaiola.

ORLANDO: Barkaidazu, arren, Rosalinda maitea.

ROSALINDA: Ez! Eta gehiago saiatzen ez bazara ordukoa izaten, ez agertu nire begien aurrean. Nahiago nuke marraskiloa errondan ibil lekidan.

ORLANDO: Marraskiloa?

ROSALINDA: Bai, marraskiloa; ze astiro ibiltzen den arren, buruan erabiltzen du etxea; eta zuk emakume bati eskainiko diozun baino dote hobea da. Gainera berekin darama bere patua.

ORLANDO: Eta zer patu du, ba?

ROSALINDA: Adarrak, jakina! Ze zu bezalako jendeak nahiago izaten du bere emazteen baitan egon, aldiz marraskiloa prestaturik dator bere paturako eta horrela ez du nahasten eskandaloetan bere emaztea.

ORLANDO: Bertuteak sekula ez du jartzen adarrik, eta nire Rosalinda bertutetsua da.

ROSALINDA: Ni naiz zure Rosalinda!

ZELIA: Berak atsegin du zu horrela deitzea. Baina zu baino itxura hobeko Rosalinda baten jabe da.

ROSALINDA: Tira, errondan egin; oso aldarte onean nago eta inoren atzetik joateko nahikoa prest. Zer esango zenidake orain zure Rosalinda bera izango banintz?

ORLANDO: Musu emango nizuke hitzegin aurretik.

ROSALINDA: Hobe zenuke aurrena hitzegitea, eta zertaz mintza ez dakizulako mututzean, orduan baliatu musu emateko aukeraz. Badago hamaika hizlari on trabatzean txu egiten duena; baina maitaleak hizketagaia agortzen duenean —ene galdua— musua du baliabiderik egokiena.

ORLANDO: Eta musuari uko egiten bazaio?

ROSALINDA: Orduan erregutzera behartzen zaitu, eta hor duzu berriz ere mintzagaia. Baina nor gera liteke hitzik gabe bere maitearen aurrean?

ROSALINDA: Zeu, alafede, ni zure maitea banintz, bestela neure bertuteari neure adimenari baino zaharrago iritziko nioke.

ORLANDO: Zer derizkiozu nire jantziari?

ROSALINDA: Ez daukazula gaizki baina halere ez dela egokiena. Ez al naiz ni zure Rosalinda?

ORLANDO: Atsegin dut zeu zarela pentsatzeak, pozik hitzegiten bait du berataz.

ROSALINDA: Bada, beraren izenean diotsut ez zaitudala maite.

ORLANDO: Orduan, neuk hilko dut neure burua eskribau bidez. Mundu dohakabe honek ia sei mila urte baditu eta sekula ez da izan gizonik denbora guzti horretan, bere burua hil duenik, videlicet, maitasun arazoengatik. Grekoen borra batek zanpatu zion buru-hezurra, Troilori, eta ahaleginak egin zituelarik lehenbailehen hiltzeko eta maitasun-ereduetako bat da Leandro urte luzetan biziko zatekeen zoriontsu, Hero moja sartu balitz ere, udako gau bero batengatik izan ezean; mutiko gizajoa! zer bururatuko eta Helespontora bainatzera joatea, karranpa bat izan zuen eta ito egin zen; baina garai hartako kronista leloek diote Sestozko Herorengatik izan zela hura. Guzti hori, halare, gezurra besterik ez da: noizean behin hiltzen dira gizonak eta harren janari bihurtzen dira, baina noiz dira hiltzen maitasunez?

ORLANDO: Ez nuke nahi nire egiazko Rosalindak horrela pentsatzerik, ze bekainak zimurtzea aski luke, egia aitortzen dizut, ni hiltzeko.

ROSALINDA: Neure eskuarren, zin dagizut, eulirik ere ez nukeela hilko. Baina hurbil zaitez, orain prest naukazu zure Rosalinda izateko. Nahi duzuna eska ezazu eta emango dizut.

ORLANDO: Orduan, emaidazu zeure maitasuna, Rosalinda.

ROSALINDA: Bai, alafede, egingo dut, ostiralero, larunbatero eta beti, egunero!

ORLANDO: Eta maitatuko al nauzu?

ROSALINDA: Bai, eta zu bezalako hogei gehiago.

ORLANDO: Zer diozu?

ROSALINDA: Ez al zara ona ala?

ORLANDO: Baietz uste dut.

ROSALINDA: Eta agian gehiegi nahi izan ote liteke ona denik? Tira, arreba, zu izango zara apaiza eta ezkondu egingo gaituzu. Emaidazu zeure eskua, Orlando. Zer diozu, arreba?

ORLANDO: Arren, ezkon gaitzazu.

ZELIA: Ez dakizkit ongi hitzak.

ROSALINDA: Honela hasi behar duzu: «nahi al duzu, Orlando...»

ZELIA: Ikusagun... Nahi al duzu, Orlando, emaztetzat Rosalinda?

ORLANDO: Bai, nahi dut.

ROSALINDA: Bai, baina noiz.

ORLANDO: Oraintxe bertan, ezkontza bukatu bezain laster.

ROSALINDA: Beraz esan orduan: «Hartzen zaitut emaztetzat, Rosalinda.

ORLANDO: Hartzen zaitut emaztetzat Rosalinda.

ROSALINDA: Zer eskubidez galdetu beharko nizuke; halere, hartzen zaitut senartzat, Orlando. Hona hemen apaizari aurrea hartzen dion emaztegaia; eta egia esan, emakumearen pentsamentuak aurre hartzen die bere egintzei.

ORLANDO: Berdin egiten dute pentsamentu guztiek; hegaldunak dira.

ROSALINDA: Esaidazu orain zenbat denboraz nahiko duzun, hartaz jabetu ondoren.

ORLANDO: Beti eta egun bat gehiago.

ROSALINDA: Esan «egun bat», «beti» hori gabe. Tira, tira, Orlando, gizonezkoak apiril dira errondan dabiltzanean, eta abendu ezkonduta gero eta dontzeilak maiatz dira dontzeilatan baina zeruak aldatu egiten ditu ezkondutakoan. Usoa usapalarengatik baino zelatiago ibiliko naiz zuregatik, loritoak euriari baino gehiago garraisi egingo dut, tximinoak baino apeta gehiagorekin eta tximu emea baino aldakorragoa izango naiz neure gurarietan, hutsarengatik egingo dut negar Dianak iturrian bezala, eta zu alaitasunerako prest zaudenean gainera: hiena baten pare egingo dut barre eta zu logure zarenean gainera.

ORLANDO: Eta horrela portatu al da nire Rosalinda?

ROSALINDA: Arrania, nik egindakoa egingo du berak ere.

ORLANDO: A, baina bera zentzuduna da.

ROSALINDA: Bestela ez luke bururik egin ahal izateko: zenbat eta zetzuzkoago, hainbat malizitiago. Itxi ateak emakumearen irudimenari eta leihotik ihes egingo dizu; itxi hau, eta zarrailetik ihes egingo dizu; jarri trabak eta tximiniko kearekin ihes egingo dizu.

ORLANDO: Horrelako irudimena duen emaztearen jabe den gizonak esan lezake: «Noraino joango ote da horren irudimena?»

ROSALINDA: Gorde ezazu ahakar hori zeure auzoaren oherako bidean aurkituko duzunerako.

ORLANDO: Eta zer irudimenek luke nahikoa zentzu aitzakia bat jaurtikitzeko?

ROSALINDA: Zure bila nindoala hara esango nizuke. Sekula ez duzu aurkituko emakumerik erantzunik gabe, mihirik gabe aurkitu ezean behintzat. Errukarria bere errua senarraren kontrako ahakar bihurtzen ez dakien emakumea! Ez lioke eman behar bularrik seme bakar bati ere, bestela inozoak haziko bait lituzke.

ORLANDO: Ordu pare batez, Rosalinda, utzi egin behar zaitut.

ROSALINDA: Ai, ene maitea! Ezin izango dut iraun bi orduz zu gabe!

ORLANDO: Dukearekin batera bazkaldu beharra daukat; baina ordu biak puntuan hemen izango naiz berriz ere.

ROSALINDA: Bai, aurrera! Aurrera! Banekien nola amaituko zen hau; adiskideek onartua ninduten, eta ez nuen espero gutxiagorik. Zure mihi lausengari horrek irabazia ninduen. Emakume abandonatu gaiso bat besterik ez naiz, beraz, herio! Ordu bietan esan al duzu?

ORLANDO: Bai, Rosalinda laztana.

ROSALINDA: Neure ohorearengatik, zabal aitortzen dut, eta Jainkoa dakidala lagun, eta arriskutsuak ez diren zin arin guztiengatik, zeure promesa inola ere hausten baduzu, edo ordu hori baino minutu bat beranduago baldin bazatoz, zinausle makurrentzat hartuko zaitut, maitalerik desleialentzat eta Rosalinda deiritzazun honentzat arbuiagarrientzat gizon faltsuen talde handi horretatik hauta litezkeen guztien artean. Adi beraz nire ahakarretara eta eutsi zeure promesari.

ORLANDO: Nire egiazko Rosalinda bazina bezalaxeko jaiera berberarekin. Agur beraz.

ROSALINDA: Tira, denbora epaile zaharra da gisa honetako errudunak aztertzen. Utz dezagun denborak erabaki dezan. Agur.

 

(Badoa ORLANDO)

 

ZELIA: Bapo iraindu duzu gezurretan gure sexua zeure hizketaldian. Jupoia eta galtzak burutik kendu eta kabia berea duen txoriak zer egiten duen erakutsi behar genioke.

ROSALINDA: Ai, lehengusina, lehengusina, nire lehengusina polit maitea! Bazeneki zeinen maitemindurik nagoen! Ez dago hau neurtuko duenik. Portugaleko badiak bezain ezezaguna dauka nire maitasunak hondoa.

ZELIA: Edo agian ez dauka hondorik, maitasunak isuri-ala ihes egiten bait du.

ROSALINDA: Ez, Venus sasikume horrek, pentsamentuak sortu, apetak gatzatu eta zoramenak jaioerazia den horrek, bere begiak galdu dituelako inorenak engainatzen dituen itsu alproja horrek, neur dezala nire maitasunaren sakonera. Benetan esaten dizut, Aliena, ezin naizela bizi Orlandorik gabe. Itzalpe bat bilatuko dut eta itzuli arte zizpuruka egongo naiz.

ZELIA: Eta ni lotan.

 

(Badoa)

 

 

II ESZENA

 

(JAQUES eta ZALDUNak sartzen dira ehiztari jantzitan)

 

JAQUES: Nork hil du oreina?

ZALDUNA: Nik, jauna,

JAQUES: Eraman dezagun dukearen aurrera eta konkistalari erromatar baten gisa aurkeztuko dugu. Eta ongi legoke oreinaren adarrak hari buru gainean jartzea garaipenaren enblematzat. Ez al duzu hor kanta egokiren bat, aguraina?

ZALDUNA: Bai, jauna.

JAQUES: Kantatu, orduan, berdin dio doinuz bazter ibiliarren, nahikoa zarata ateraz gero.

DENAK:

                Zer merezi du oreinaren hiltzaileak?

                Oreinaren larru-azalak eta haren adarrak.

                Kantari etxeraino gida.

                Besteek daramatela karga.

                Ez lotsatu daramazulako adarra,

                zu jaiotzerako egina bait zen galdorra.

                Aitaren aitak bazeraman,

                eta zure aitak ere hor zuen gainean.

                Horra lizunkeriazko adarra,

                inoiz ez egin hari parra.

 

 

III ESZENA

 

(ROSALINDA eta ZELIA sartzen dira)

 

ROSALINDA: Eta orain zer diozu? Jo dute ordu biak eta Orlando oraindik agertu gabe!

ZELIA: Benetan esaten dizut, zinezko maitasunez eta burua galdurik zuela,

 

(SILVIO sartzen da)

 

        hartu zituen uztaia eta geziak eta lotara joan zen. Baina, hara, norbait dator

SILVIO: Gazte polita, mezua dakarkizut; Febe lirainak eskatu dit zuri hau emateko. Ez dakit zer dagoen barruan; baina esan nezake, idazten ari zela ageri zuen kopetiluna eta liztor-suminarengatik, garratz-kutsua izan behar duela. Barkaidazu, mezulari errugabea besterik ez naiz ni.

ROSALINDA: Egonarria bera ere onetik aterako litzateke gutun honen aurrean eta harroputz jarriko litzateke. Hau eramatea dena eramatea litzateke. Ez omen naiz ederra, ez omen dut gizabiderik, harro deitzen nau eta ezin omen nau maite izan, gizasemea aurkitzea Fenix hegaztia aurkitzea bezain zaila gertatuko balitz ere. Jainko maitearren! Horren maitasuna ez da nik harrapatu nahi dudan erbia. Zergatik idazten dit horrela? Tira, tira, artzaina, gutun hau zeuk asmatua da, nonbait.

SILVIO: Ez, benetan esaten dizut, ez dakit zer dioen; Febek idatzia da.

ROSALINDA: Tira, tira, maitasun gehiegizkoz burua galdu duen tentel hutsa zara. Ikusi diot eskua; larruzko eskua, buztin koloreko eskua. Goanteak jantzita zerabiltzala uste nuen, baina bere eskuak zituen; —sukaldari—eskuak ditu! ...baina zer axola dio? Berak ez duela gutun hau idatzi aitortzen dut; gizonezko baten asmakizuna eta haren eskuarena dela.

SILVIO: Feberena da, ziur gainera.

ROSALINDA: Ba idazkera zirtolari eta ankerra du; Erronkalariaren idazkera, eta nolako desafioa, turkiarrak kristauari egiten diona bezalakoa. Emakumearen buru prestua ez da gauza jaurtikitzeko aburu hain ankerrak, hain zakarrak, hain etiope-hitzak, itxuraz baino ere ondorioz beltzagoak direnak. Entzun nahi al duzu zer dioen?

SILVIO: Atsegin baduzu; nahiz eta orain arte ez entzun hari, hamaika gauzaren berri badakit haren krudelkeria dela-ta.

ROSALINDA: Entzun, bada, nola idazten duen otseme horrek, Feberen erara. (Irakurriz)

                Artzain bihurturiko jainko ote zara agian,

                dontzeilaren bihotza jartzeko sutan?

SILVIO: Hori al da zuretzat iraina?

ROSALINDA: (Irakurriz)

                Zergatik zeure jainkotasuna ahaztu

                eta emakume-bihotzaren aurka aritu?

                Inoiz entzun al duzu honelako irainik?

                Gizonezkoen begiak errondari zebilzkidalarik

                sekula ez dut izan kalte egingo didaten beldurrik.

                Eta honek esan nahi du basapiztia naizela.

                Zure begietako distira mukerrak

                maitasuna pizteko baditu indarrak

                Ai ene, bai ondorio gozoa duela,

                samurtasunez begiratuz gero.

                Haserre egitean, maite zintudan,

                nola maitatuko ote arren eskatzean?

                Gutun hau daramakizunak

                ezer gutxi daki nire maitasunaz.

                Esan beraren bitartez,

                zure gazte gurariak

                onartzen al dituen

                nik eskainiak

                edota berorren bidez

                uko egiten al diozun

                hil nadin saminez.

SILVIO: Eta horiek al dira irainak zuretzat?

ZELIA: Ai, artzain gizajoa!

ROSALINDA: Baina erruki al diozu agian? Ez, ez du merezi errukirik. Nola maita zenezake honelako emakumerik? Zertarako? Akorde faltsoak jotzeko musikatresna izateko haren eskutan? Jasanezina! Baina zoaz bila ikusten dudanez maitasunak narrazti bezatu bihurtu zaitu-ta eta esan hau: baldin eta ni maite banau, zu maitatzeko agintzen diodala, horrela egin ezean, sekula ez dudala maite izango, zuk eskatu ezik behintzat. Zinezko maitemindua bazara, zoaz, eta hitzik ere ez. Hor dator besteren bat!

 

(SILVIO ateratzen da)

 

(OLIVER sartzen da)

 

OLIVER: Egunon, gazte atseginok. Esango al didazue, baldin badakizue non dagoen basoaren mugabarruan olibondoz inguratutako artzain-txabola bat?

ZELIA: Hemendik sartaldera, hurbileko ibarrean. Errekasto marmartiaren ondoan dagoen ihi-errekeskadak eramango zaitu bertaraino. Baina ordu honetan etxea hutsik dago; ez dago inor bertan.

OLIVER: Begia mihiari aldea kentzeko gai baldin bada, ezagutu behar zituen deskribapenetik, jantzi horietatik eta adinetik beretik. «Mutila horaila da, emakume-itxurakoa, eta ahizpa zaharragoaren modura portatzen da, emakumea txikiagoa eta beltzaranagoa nebaren aldean. «Ez al zarete zuek nik nahi nuen etxearen jabeak?

ZELIA: Diozunez gero, ez da uskeria bagarela aitortzea.

OLIVER: Orlandok goraintziak bidaltzen dizkizue bioi. Eta Rosalinda deitzen duen gazteari zapi odoleztatu hau bidaltzen dio. Zu al zara?

ROSALINDA: Neu naiz, baina zer esan nahi du honek?

OLIVER: Zerbait lotsagarria niretzat, zer gizon-mota naizen esatea nahi baduzu, eta nola, zergatik eta non mantxatu den zapi hau.

ZELIA: Arren esateko eskatzen dizut.

OLIVER: Orlando gaztea zugandik aldendu zen azken aldian, handik ordu batera itzultzeko zen promesa egin zizun; baina basoan zehar zihoala bere irudimenean janari gazi-geza mastekatuz, hara zer gertatu zen! Begiak albora itzuli eta entzun zer jartzen zaion aurrean: haritz zahar, urteen poderioz lizunduriko adarrak dituen baten azpian —adaburua ihar eta antzu zuen zaharraren zaharrez— zarpatsu errukarri bat estalia zegoen lotan. Lepoaren biran urre berdezko suge bat zeukan kiribildua, beronen burua, zailu eta mehatxulari, aho erdirekira hurbiltzen zitzaiola; baina bapatean Orlandoz ohartzean ihes egiten du eta zeharka-meharka mugituz sastraka bateraino txirristatzen da, eta beronen azpian errape antzuko lehoiemea ezkutaturik dago zelatari, burua lurrean duela, katua bezala, gizon hark zirkin bat egin dezan, zeren eta basapizti guztien baldintza bait da itxuraz bizirik gabe dagoenik inoiz ez harrapatzea. Hau ikusirik, Orlando hurbiltzen zaio gizonari eta bere anaia, anai nagusia dela ohartzen da.

ZELIA: Bai, entzun izan diot anaia horren berri, munduan denik odol galdueneko bezala zeukan.

OLIVER: Eta ongi esan lezake, odol galdua dela bait dakit.

ROSALINDA: Baina Orlando? Bertan utzi al zuen errape antzuko lehoieme gosekilaren janaritzat?

OLIVER: Bi bider eman zion bizkarra eta saiatu zen. Baina, mendekua baino beti nobleago izaki gupida, eta naturaren aukera justua baino indartsuago delarik, lehoiarekin burrukatzera bultzatu zuten hilda bere aurrean utzi arte; eta burrukaren zarramaltzak lozorro zitaletik esnatu ninduen.

ZELIA: Anaia al zaitu zu?

ROSALINDA: Zu erreskatatu al zaitu?

ZELIA: Eta zu al zara hainbeste aldiz hil nahi izan duzuna?

OLIVER: Bai, ni izan naiz, baina aurrerantzean ez. Ez dit lotsarik ematen zer izan naizen esateak, ze nire barne-aldaketak hain bait du zapore gozoa, orain naizena izatean.

ROSALINDA: Baina zapi odoleztatua?

OLIVER: Berehala esango dizut.

        Gure artean, aurrenekotik azkeneraino, malkoek gure kontakizunak bustiak zituztelarik eta nola heldua nintzen ni leku mortu hartara, dukearengana —labur esango dut— eraman ninduen eta honek arropa berriak eta ostatua eskaini zidan, neure anaiaren maitasunpean jarririk, zeinak bapatean haitzulora eraman ninduen; han arropak erantean, lehoiemeak basotik haragi zati bat erauzi ziola ikusi zuen eta denbora guzti horretan odola zeriola egon zela eta orduan kordea gaidu zuen, eta zorabiatzean Rosalindaren izena aipatu zuen. Bukatzeko, senera ekarri nuen, bildu nizkion zauriak eta handik gutxira, bihotza adoreturik, hona bidali ninduen ezezaguna izanik ere, istorio hau kontatzera, honela ia hartzen zenuen on aldera hautsitako promesa, eta bere odolez bustitako zapi hau berak olgetan Rosalinda deitzen duen artzain gazte horri emateko.

ZELIA: Baina zer gertatzen da Ganimede? Ganimede laztana?

OLIVER: Askori egiten zaio zorabioa odola ikustean.

ZELIA: Zerbait gehiagorik dago hemen. Ganimede! Lehengusua!

OLIVER: Badator senera.

ROSALINDA: Etxean egon nahi nuke.

ZELIA: Bertara eramango zaitugu. Har ezazu besotik, mesedez.

OLIVER: Izan adore, mutil. Zu gizona? Gizon-bihotza falta duzu.

ROSALINDA: Egia da, aitortzen dut. Adiskidea, zaila da hau dena itxurakeria dela sinesterazten. Arren esaiozu anaiari zeinen ongi itxurak egiten ditudan, bai?

OLIVER: Ez da izan itxura, oraindik nahikoa lekukotasun dago zure aurpegian zinezko emozio izan delakoaz.

ROSALINDA: itxura izan da.

OLIVER: Tira, izan bihotz, orduan, eta egizu gizon zaren itxura.

ROSALINDA: Horretan ari naiz, baina alafede, emakume izan beharko nukeen justiziaz.

ZELIA: Tira, gero eta zurbilago zaude. Goazen etxera, arren eskatzen dizut. Jauna, lagun gaitzazu.

OLIVER: Bai, joango naiz, ze nire anaiaren desenkusak onartzen dituzulako erantzunarekin itzuli behar bait dut, Rosalinda.

ROSALINDA: Pentsatuko dut zerbait, baina oso ondo dakidala itxurak egiten esateko erregutzen dizut. Esango al diozu?

 

aurrekoa | hurrengoa