|     76 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


I EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

ORLANDO: Gogora dezagun, Adam, hau dena nola gertatu zen, nik neuk mila koroatako ondare ziztrina jaso nuela, eta nire anaiak —zuk ondotxo dakizu aitaren onespena eta ni hezteko agindua. Eta hortxe hasten dira nire zorigaitzak, zeren Jaques, nire beste anaia, bidali bait zuen ikasketak egitera zurrumurruek diotenez harrigarrizko saiamenaz aritu omen da! ni hemen basati baten gisa etxean utzirik. Edo hobeto esateko, neure patuaren eskutan. Uste al duzu zuk horrelako gizabidea zor zaiola nire jatorriko zaldun bati, ikuiluko idiari ere gutxiago opa ez zaiolarik? Haren zaldiak hobeto haziak daude, zeren ematen dien pentsu onarengatik osasuntsu egoteaz gainera trebatu ere egiten bait ditu, eta horretarako zaldiketari garestiak hartzen ditu akuran; ni, berriz, haren anaia izanik ere, haziz joatea besterik ez diot zor, izan ere horretan bat bait gara ni eta ikuiluko abereak, eta hain eskuzabalki ematen didan ezerezarekin batera, esango nuke naturagandik jasotako zerbait kentzeko asmotan dabilkidala. Morroiekin jatera behartzen nau, anai postua ukatuz, eta honela hezi nahi izatean, ahal dueneraino nire zaldun-izatea desegin nahi du. Eta horrek nahigabetzen nau, Adam, guzti honek. Aitaren espiritua, barruan daukadalakoan bait nago, umilazio honen aurka asaldatzen hasia da dagoeneko; ez dut jasango luzaroegi, nahiz eta oraindik ez jakin hemendik irteteko biderik egokiena zein den.

ADAM: Hor dator nire jauna, zure anaia.

ORLANDO: Jarri bazter batean, Adam, eta ikusiko duzu zein gaizki tratatzen nauen.

OLIVER: Eta, sire, zer egiten duzu hemen?

ORLANDO: Ezer ez... ez didate irakatsi ezer egiten.

OLVIER: Ezer egiten ez baduzu, sire, zer desegiten duzu orduan?

ORLANDO: Jainkoak egin nahi izan zuena laguntzen dizut desegiten neure alferkeriaz: neure burua, zure anaia gizajo eta deuseza.

OLIVER: Zerbaitean lanpeturik egon beharko zenuke, traban egon ordez.

ORLANDO: Zure txerriak zaintzen eta ezkurra jaten? Seme hondatzailearen zer seniparte xahutu dut miseria gorri honetan aurkitzeko?

OLIVER: Ba al dakizu non zauden?

ORLANDO: Argi ta garbi, jauna: zure jardinean.

OLIVER: Eta ezagutzen al duzu aurrean daukazuna?

ORLANDO: Bai, aurrean daukadan horrek ni baino hobeto. Badakit anaietan zaharrena zarela eta odol-nobleziaz zuk ere ezagutu beharko nindukezun. Munduak bere legeez —nire gainetik jarri zaitu, aurrena jaioa bait zara. Eta tradizio berorrengatik inork ez lidake kenduko leinargitasuna, bion artean beste hogei anaia egon arren ere: aitarengandik zuk adinaxe daukat, lehenago jaio izanak zer den errespeturik hurbilago jartzen zaituela aitortu behar badut ere.

OLIVER: Zertaz ari zara, txiki hori?

ORLANDO: Tira, tira! Anaia nagusia! Zu zara orain txikia!

OLIVER: Eskuak gainean ezartzera ausartuko ote zara, bilaua?

ORLANDO: Bilaua ni? Sir Rowland de Boysen seme gazteena naiz! Bere izan nuen aita, eta hiru bider bilauagoa da halako aita bilauak sortzeko gai zela esaten duena. Anaia ez bazintut, ez nizuke kenduko esku hau eztarritik besteaz mihia atera arte, esan duzunagatik. Zeure burua iraindu duzu!

ADAM: Bakea, nagusiok. Onezkoak egin, zuen aitaren oroimenez.

OLIVER: Uzteko, esan dizut.

ORLANDO: Ez neuk nahi dudan arte. Entzun beharrean zaude. Aitak, bere hilburukoan, heziera on bat emateko agindu zizun eta baserritar bat bezala hezi nauzu, zaldunari dagozkion bertute guztiak disimulatuz eta ezkutatuz. Aitaren espiritua sendotzen ari zait barnean eta ezin dut jasan gehiago. Beraz emaidazu dagokidan tratamendua edo bestela itzulidazu aitak hilburukoan utzi zidan errenta ziztrina, hartu eta fortuna bila joko bait dut.

OLIVER: Eta zer egingo duzu? Eskean hasi gastatu ondoren? Ongi dago; hartuko duzu senipartea eta libratuko naiz zutaz. Eta orain, jaregin nazazu, arren eskatzen dizut.

ORLANDO: Niri hala komeni bazait libratuko zara nitaz.

OLIVER: Zu, txakur zaharra, lagun zazu.

ADAM: Txakur zaharra? Hori al da nire saria? Hori esan! Zure zerbitzuan galdu ditut neure hortzak. Jainkoak bedeinka dezala nire nagusi zaharra! Hark sekula ez zukeen esango horrelako hitzik!

 

(ORLANDO eta ADAM kanpora)

 

OLIVER: Horretaraino iritsi gara orduan? Goregi jo duzu hegaz. Nik moztuko dizkizut hegalak mila koroa horiek gabe utziz. Kaixo! Dennis!

 

(DENNIS sartzen da)

 

DENNIS: Dei egin al duzu, ene jauna?

OLIVER: Ez al ninduen ikusi nahi Charlesek, Frederick dukearen atleta horrek?

DENNIS: Hala da, atean dago eta bar dezazula erregutzen du.

OLIVER: Pasarazi! (Badoa DENNIS) Hauxe izango da bide egokia. Eta bihar da burruka!

 

(CHARLES sartzen da)

 

CHARLES: Egunon dizula Jainkoak, ene jauna.

OLIVER: Ene monsieur Charles! Zer berri jauregi berrian?

CHARLES: Zaharra berri, jauna, jauregian: duke berriak duke zaharra erbesteratu duela: berak gehien estimatzen dituen bizpahiru zaldun berarekin doazela erbestera borondatez; honela ari dela aberasten duke berria haren lur eta ondasuna, eta honexegatik eman die noraezean ibiltzeko askatasun osoa.

OLIVER: Ba al dakizu Rosalinda, bere aita dukearekin erbesteratu ote duten?

CHARLES: Ez, ez dute erbesteratu, izan ere oso maite bait du lehengusinak, duke berriaren alabak —seaskatik elkarrekin haziak dira eta erbestera jarraituko zitzaiokeen bestela. Haren laguntasuna galduz gero hil egingo zatekeen! Gortean geratu zen, eta osabak bere alaba adina maite du; egundo ez dute bi dama gaztek hainbeste elkar maitatu.

OLIVER: Non biziko da duke zaharra?

CHARLES: Dagoeneko Ardengo basoan omen da, eta zaldun ugari omen ditu lagun, oso umore oneko jendea, eta Inglaterrako Robin Hood zaharraren antzeko bizimodua omen darama. Diotenez gero eta aiton-seme gehiago elkartzen omen zaio eta patxada ederrean pasatzen dituzte egunak, Urre Aroan bezala.

OLIVER: Esaidazu, burrukatuko al zara duke berriaren aurrean?

CHARLES: Bai, ene jauna. Eta gauza baten berri zuri ematera etorri naiz. Isilpean jakinerazi didate, Orlando, zure anaia dan gazteenak, mozorroturik bere indarrak nirekin neurtzera agertzeko asmoa omen du. Ohorezko auzi batengatik, jauna, burrukatuko naiz bihar, eta nire eskuetatik saihets hautsirik gabe ihes egingo duenak pozik egotea hobe du. Zure anaia oraindik gaztea eta biguna da. Dizudan estimuarengatik, pena emango lidake zanpatu beharra; baina ohoreak eskatzen dit aurrean agertzen bazait. Horrela, bada, eta zor zaizun itzalarengatik honeraino etorri naiz aditzera ematera. Asmoz aldaraz ezazu bestela, leporatuko zaion hondamendi egonarriz eraman, izan ere berak nahita izango bait da, eta erabat nire borondatearen aurkako da.

OLIVER: Eskertzen dizut, Charles; zure begiramen guzti hori, nik neuk, ikusiko duzunez, poz-pozik sarituko dizudana. Neurez jakin dut neure anaiaren asmoaren berri eta modu onean asmoz aldarazi nahi izan dut, baina erabakia hartua du. Gauza bat esango dizut, Charles: Frantzia osoko mutil gazterik setatiena da. Handinahiz beterik, besteek dituzten eta berak imitatu nahi dituen gaitasunei dien bekaizkeriak jota, isilka nire aurka azpikerian ari direnen artean zitalena da, nahiz eta anaia izan; beraz, nahi duzunez jokatu. Bost axola niri hatzamarra hausten badiozu edo lepoa bera ere hobe izango duzu kontuz ibiltzea, zeren irainik txikiena ere egiten badiozu, eta zure bizkarretik ez badu bere burua aintzaz estaltzen, saiatuko da pozointzen edota bere sare maltzurretan harrapatzen eta ez zaitu utziko bakean zureak aldez edo moldez egin arte; zinez esaten dizut —eta begietan malkoak ditudala esaten dizut— ez dagoela munduan besterik hain gazte eta hain makurra denik aldi berean. Anaia dudanez hitzegiten dut hartuz, baina benetan den bezala azaldu beharko banu, lotsaz gorritu eta negarrari eman beharko nioke, eta zu izumenez zurbilduko zinateke.

CHARLES: Orain badakit ongi egin dudala zu ikustera etortzean. Bihar baldin badator emango diot nik eskarmentua. Eta horren ondoren, artean zutik egoteko gauza baldin bada, ez dut berriz burrukarik egingo, saria nolanahikoa delarik ere. Eta, honenbestez, Jainkoak gorde zaitzala.

OLIVER: Berak gida zaitzala, Charles jauna. Oraintxe xaxatuko dut alproja hori. Aurki ikusiko al dut bere egunen amaiera! Izan ere ezer ez bait dut gorrotatuko bera baino gehiago, nahiz eta ez jakin zergatik. Eta halere maitagarria da, jakituna da ikasketarik ez duen arren, eta asmo goitarrez betea. Denek maite dute, denak liluratzen ditu eta denek bihotz-bihotzean daukate; baita nire menpekoek berek ere, hainbesteraino ezagutzen dute ezen ni neu bazterturik sentitzen bait naiz. Baino hau ez da luzaroan honela izango. Atleta honek dena konponduko du. Nik aski dut mutila behar bezala zirikatzearekin, eta horixe da nire egitekoa oraingoz.

 

 

II ESZENA

 

(ROSALINDA eta ZELIA sartzen dira)

 

ZELIA: Rosalinda laztana! Adiskidea, erreguka eskatzen dizut,... alai egon.

ROSALINDA: Zelia maitea, ageri dudan pozaren jabe ere ez banaiz, nola gehitu nezake? Aita erbesteratua ahazten irakasteko gauza ez bazara, nola nahi duzu zugandik beste inolako atseginik ahogozatzen ikastea handiena izanik ere?

ZELIA: Horrek erakusten du ez nauzula maite nik zu maite zaitudan neurrian. Baldin eta zure aita erbesteratu eta nire osaba denak zure osaba atzerrira bidali izan balu, dukea, nire aita, nik trebatuko nukeen neure maitasuna zure aita neurea balitz bezala onartzeko zure onduan jarraitzeko baldintzarekin Eta zuk ere horixe bera egingo zenuke didazun maitasuna nik sentitzen dudana bezain leiala eta irmea balitz.

ROSALINDA: Ongi da, ahaztera noa neure egoera zurea bakarrik gozatzeko.

ZELIA: Nire aitak, badakizu, ez du ni beste ondorengorik eta nekez izango du besterik eta bera hiltzean, benetan esaten dizut, oinordeko izan zena, zeren indarrez zure aitari kendu diona nik itzuliko bait dizut neurea onginahiaren erakusgarri. Egingo dut. Neure ohoreagatik. Munstro bihur nadila, hitza jaten badut, Tira, Arrosa laztana, Arrosa enea, arren eskatzen dizut: alaitu.

ROSALINDA: Halaxe egingo dut hemendik aurrera, adiskide maitea. Jolasak asmatuko ditugu. Zaude piska bat, Zergatik ez ibili maiteminduetara?

ZELIA: Bai, benetan, ongi da. Jolastuko bagenu bezala! Baina kontuz gero inolako gizonez maintemintzearekin gero, eta argi jolasa urrunegi eramatearekin ere: lotsa lausorik txikienaren aurrean geure ohorea ukigabe berreskuratzeko segurtasuna izan dezagula behintzat.

ROSALINDA: Eta nola izango da gure jolas hori?

ZELIA: Eser gaitezen eta iseka egin diezaiogun Fortuna andereari bere gurpiletik aldendu eta aurrerantzean bere dohaiak zuzentasun haundiagorekin bana ditzan.

ROSALINDA: Hobe bai hala izango balitz! Izan ere gaizki banatzen ditu mesedeak. Eta okerrik handienak emakumeei banatzen dizkienekin egiten ditu itsu eskuzabal horrek.

ZELIA: Egia! Izan ere, ez bait ditu zintzo egiten eder egiten dituenak eta itsumena ematen die zintzoei.

ROSALINDA: Fortunaren egitekoa Naturarenarekin nahasten ari zara orain, Munduko dohaien gobernatzaile da Fortuna eta ez berezko izaerarena.

 

(TATXESTON bufoia sartzen da)

 

ZELIA: Benetan? Naturak izaki eder bat sortu duenean, ez ote liteke gerta Fortunak sutan erorerazterik? Baliteke Fortunaren lepotik barne egiteko adimena eman izana, baina ez al digu beronek geure hizketa eteten burugabe bat bidaliz?

ROSALINDA: Kasu honetan, egia esateko, Fortuna deabru makurra izan den Naturarekin, jatorri burugabea dena berezko zuhurtasunarentzat trabagarri gerta dadin uztean.

ZELIA: Baliteke hau Naturaren obra izatea eta ez Fortunarena, izan ere Jainkoarekin tratuan sartzeko moldakaitzak garela oharturik, kamuts hau bidaltzen bait digu axatzeko zeren eta zuhurtzia zentzugabekerian zorrozten bait da. Zer berri buruhandi? Nora zoaz?

BUFOIA: Andrea, aita deika ari zaizu.

ZELIA: Haren mezulari al zara orain? Neure ohoreagatik!

BUFOIA: Ez!, Baina zu bilatzeko eskatu didate.

ZELIA: Bufoia, nori ikasi diozu horrela zin egiten?

BUFOIA: Zaldun bati. Bere ohoreagatik zin egiten bait zuen... pasta ona zela eta bere ohoreagatik zin egiten bait zuen mostaza ez zela. Eta nik diot mostaza bazela eta pasta ez zela, eta halere, zaldun hura ez zen zinauslea.

ZELIA: Nola frogatzen duzu hori? Zeure jakituria neurrigabeaz?

ROSALINDA: Hori da: jaregin bazterrik gabe zeure adimena.

BUFOIA: Ondora etorri biok, eta zin egin zeuon bizarrengatik eskuak masailean dituzuela —ni alproja bat naizela.

ZELIA: Geure bizarrengatik —izango bagenitu— bai bazarela.

BUFOIA: Neure bilaukeriagatik —izango banu— banintzatekeela. Baina zingarria ez denaz zin egiten duzuenez gero ez zarete zinausle, bere ohoreagatik zin egiten zuen zalduna ere ez zen bezalaxe, ez bait zuen ohorerik; eta inoiz izan baldin bazuen zinetan galdu zuen sekula ez pasta eta ez mostazarik ikusi gabe.

ZELIA: Esaidazu, arren, nortaz ari zara?

BUFOIA: Frederick, zure aita zaharra maite duen batez.

ZELIA: Ohorez ongi horniturik dago nire aitaren maitasuna baldin badu. Aski da. Edota zigortu egingo zaituzte halako batean berritsua zarelako.

BUFOIA: Pena ematen dit tentelek zuhurrek bezala hitzegiterik ez izateak berauek tentelen modura egiten dutenez.

ZELIA: Egia da diozun hori: tentelaren sen apurra isilerazten den bitartean, aldarrikatu egiten da zuhurrak daukan tentelkeria apurra. Hor dator monsieur le Beau.

 

(LE BEAU sartzen da)

 

ROSALINDA: Albistez ahoa beterik dakar.

ZELIA: Eta usakumeak bezala irentsi beharko ditugu.

ROSALINDA: Okitu arte emango dizkigu.

ZELIA: Hainbat hobeto: gora egingo bait dugu merkatuan. Bonjour, monsieur Le Beau, zer berri dakarzu?

LE BEAU: Printzesa liraina, jostakizun ederra galdu duzu.

ZELIA: Jostakizuna? Zer koloretakoa?

LE BEAU: Zer koloretakoa, andrea? Nola erantzun nezake?

ROSALINDA: Adimenak eta zoriak eskatu bezala.

BUFOIA: Edo patuak agindu bezala.

ZELIA: Ongi esana! Eta horrek ez du bueltarik!

BUFOIA: Neure giza-maiala zaharra galduko ez banu behintzat...

ROSALINDA: Zeure usain zaharra galduko zenuke.

LE BEAU: Txunditurik nago, ene andreok: nik neuk burruka bati buruz hitzegin nahi nizuen, ikuskizun polita galdu bait duzue.

ROSALINDA: Esaiguzu nola izan den burruka hori.

LE BEAU: Hasiera kontatuko dizuet, eta andre agurgarrioi nahi badakizue, amaiera ikusteko aukera izango duzue, izan ere hoberena, ikusteko bait dago oraindik eta hemen da, leku honetan izango da.

ZELIA: Entzun dezagun dagoeneko hilda eta lurperaturik dagoen hasiera hori.

LE BEAU: Hara non agertzen den agure bat bere hiru semerekin.

ZELIA: Ipuin zahar baten hasiera izan liteke hori.

LE BEAU:...Hiru galai gazte eta itxura onekoak, gorputzez sendoak eta lerdenak...

ROSALINDA: Eta idazkune bana lepoan zutela: «Jakin bezate hemen dauden guztiek».

LE BEAU: ...Hiruetarik nagusienak Charlesekin egiten du burrukan eta dukearen atletarekin eta ixtanpatean menperatzen du hiru saihetsezur hautsi eta bizi-esperantza urriarekin utzirik. Gauza bera egiten du bigarrena eta hirugarrenarekin. Han geratzen dira zerraldo, intziri bizian aita agurea dolukide dueelarik...

ROSALINDA: Jainko maitea!

BUFOIA: Eta non dago dama hauek galdu duten jostakizuna ene jauna?

LE BEAU: Kontatzen ari naizen hau.

BUFOIA: Honela hazten da giza jakituria: inoiz entzun gabe neukan saihetsak hauste hori damentzako jostakizun izan zitekeenik.

ZELIA: Nik ere bai, benetan diotsut.

ROSALINDA: Nik ere ez nekien saihets hautsien hotsa inorentzat atsegina gerta daitekeenik; ezta inorentzat gustokoa izan litekeenik haiek haustea ere. Burruka horri begira egongo al gara, lehengusina?

LE BEAU: Beharko hemen geratzen bazarete, izan ere hauxe bait da laster hasiko diren burruketarako hautatu duten lekua.

ZELIA: Hor datoz, izan ere. Ikusten geratuko gara.

 

(Turutotsak, DUKEA (FREDERICK), zaldunak, ORLANDO, CHARLES eta segizioa sartzen dira.)

 

FREDERICK: Aurrera, gazte honek gure kontseiluari jaramonik egiten ez dionez gero, arriskua izan dakiola bere ausartziaren ordain bide.

ROSALINDA: Hori al da gizona?

LE BEAU: Hori bera, madam.

ZELIA: Ai ene, hain da gaztea! Kementsua dirudi, halere.

FREDERICK: Zer moduz, alaba? Eta zu, iloba? Honaino etorri al zara burruka ikustera?

ROSALINDA: Bai, ene jauna, zeure baimena ematen baduzu.

FREDERICK: Ez duzu atsegin handirik izango honetan, benetan diotsut, nabarmena bait da nire atletaren nagusitasuna. Aurrezkoaren gaztetasuna ikusita saiatu naiz atzera egin dezan baina alferrik. Hitzegiozue zuek. Dama zaretenez baliteke zuei entzutea.

ZELIA: Esaiezu etortzeko, ene monsieur Le Beau.

FREDERICK: Egizu. Nik aldegingo dut.

LE BEAU: Aurrezko jauna, printzesak hitzegin nahi lizuke.

ORLANDO: Neure errespetoak agertuko dizkiot.

ROSALINDA: Gazte, herronka bota al diozu Charles, atletari?

ORLANDO: Ez, printzesa eder hori. Bera ari da denei desafioka. Ni, besteak bezala, haren kontra neure indarrak eta gaztetasuna neurtzera baizik ez nator.

ZELIA: Hain zara gaztea, zaldun hori, eta halako kemena duzularik, dagoeneko izan duzu gizon horren indarraren froga krudelik. Zeure begiez burua ikusteko gauza izango bazina eta senez neurtzeko gai izan, jakingo zenuke egitera zoazen horren arriskuak zeure ahalbideen parekoagoa den abentura bat gomendatuko lizuke. Zeure onetan eta segurtasunarengatik asmo hau alde batera uzteko erregutzen dizugu.

ROSALINDA: Hala eskatzen dizugu, sire; ezertan ez da urrutiko zure ospea horregatik! Dukeari eskatuko diogu burruka bertan behera uzteko.

ORLANDO: Eta nik zuei hain pentsakizun krudelekin ez zigortzeko eskatuko nizueke. Ezin diet errudun sentitu gabe ezer ukatu hainbesteko ederra eta ona duten damei. Zuen begi ederrek eta gurariek lagun nazatela froga honetan, ze menperatzen banaute, suerterik gabeko bat umilarazirik geratu bait da eta hiltzen banaiz, bila ibili den bat besterik ez bait da hilko. Ez diet minik emango neure adiskideei, ez baidut adiskiderik, eta ezer gabe nagoenez gero, ez diot kalterik egingo munduari, zeren eta nik utzitako lekuak ni baino jabe dinakoagoa izango bait du.

ROSALINDA: Nire indar ahula zure izan baledi!

ZELIA: Eta nirea ere bai, honena sendotzeko.

ROSALINDA: Zaitez Jainkoarekin. Nahi dakiola Zeruari gu oker egotea.

ZELIA: Dena zure bihotzak nahi duenez gerta dadila.

CHARLES: Tira, non da galai hori, lurrean atsedena hartzeko hainbesteko gogoa duen hori?

ORLANDO: Prest dago, sire. Baina ez du hainbesteko gogorik.

FREDERICK: Eraso bakarrera izango da.

CHARLES: Benetan ziurtatzen dizut, jauna hori, bigarrenari ekiteko errugutu beharrik ez nukeela izango, lehendabizikoari uko egin diezaion hainbeste saiatu zarelarik.

ORLANDO: Isekak gorde egin beharko zenituzke orain, gero iseka egiteko asmoa baduzu behintzat. Baina zatoz.

ROSALINDA: Erkules aldeko dakizula, galai noblea!

ZELIA: Ikusezina banintz zangotik helduko nioke indartsu horri!

 

(Burrukan aritzen dira)

 

ROSALINDA: Bai gaztea eta bai bulartsua!

ZELIA: Begiak tximista banitu, jakingo lukete nor jo! (Oihuak)

FREDERICK: Aski da, aski! Kito!

ORLANDO: Arren, jauna, oraindik berotu ere ez naiz egin.

FREDERICK: Nola zaude, Charles?

LE BEAU: Ezin du hitzegin, my lord.

FREDERICK: Atera hortik. Nola duzu izena, gaztea?

ORLANDO: Orlando, ene jauna; Sir Rowland de Boysen seme gazteena naiz.

FREDERICK: Nahiago nuke beste baten seme bazina! Mundu guztiaren estimutan egon zen zure aita, eta nik halere etsai izan nuen. Zure egintza atseginago nukeen beste etxeren bateko bazina. Zaitez Jainkoarekin, gazte, bulartsua zara-ta. Beste aita batez hitzegin bazenit!

 

(FREDERICK dukea, segizioa eta LE BEAU atera egiten dira)

 

ZELIA: Lehengusina, ni neure aita banintz, egingo ote nuen hori?

ORLANDO: Aintzakotzat daukat Sir Rowlanden seme izatea, eta haren semeetako gazteena; ez nuke aldatuko izen hori Fredericken tituluen oinordeko izateko.

ROSALINDA: Nire aitak bere burua bezala maite zuen Sir Rowland, eta mundu guztiak imitatzen zuen horretan. Mutil gazte haren semea zela jakin izan banu, neure erreguei malkoak gehituko nizkiekeen arriskuetatik libratzeko.

ZELIA: Lehengusina, zorionak eta adore ematera goazen, nire aitaren umore zakarrak zitalkeriaz zauritzen bait dit bihotza, Sire, handia izan da zure meritua: orain bete duzun modura zeure maitasunezko promesak betetzen badituzu, zoriontsu izango da zure dama.

ROSALINDA: Jaun noblea, tori zuretzat bahitura hau; Fortunarekin bihurri nabilen emakumea naiz eta gehiagorik ere emango nizuke nire esku balego. Goazen, lehengusina.

ZELIA: Bai, zaitez Jainkoarekin, gazte.

ORLANDO: Ozta eman ahal izan dizut eskerrak; nire kemenak aunaturik daude, eta zutik dagoen hau enbor bizigabea baizik ez da.

ROSALINDA: Deika ari zaigu, alde egin dit harrokeriak zoriarekin: Sire, oso ongi burrukatu zara; eta etsaiak baino gehiago ere erorrerazi duzu.

ZELIA: Goazen, lehengusina.

ROSALINDA: Goazen. Zaude Jainkoarekin.

 

(ROSALINDA eta ZELIA kanpora doaz)

 

ORLANDO: Zer grina da hau nire mihiari astunki itsasten zaion hau? Ezin izan nuen hitzegin berak nahi zuen unean! Ai, Orlando gizajoa, oraintxe menperatu haute! Ez Charlesek, ahulagoa den zerbaitek hartu zaitu menpean.

 

(LE BEAU sartzen da)

 

LE BEAU: Jaun noblea, adiskide bezala eman nahi dizut kontseilu: alde egizu hemendik, laudorio handiak merezi dituzun arren, egiazko gorespen eta adiskidetasuna, dukea oso jarrera berezian dago eta ez da ongi interpretatzen egin duzun guztia. Dukea oso aldabera da. Nahiz eta, bera zer den, zuri dagokizu igartzea nik azalpenik eman gabe.

ORLANDO: Eskertzen dizut, sire. Are gehiago eskatuko dizut: hemen nere burruka ikusten egon ziren bietatik nor den dukearen alaba.

LE BEAU: Izakerari dagokionez, bat ere ez; baina bai, aituena da haren alaba: bestea duke erbesteratuarena da. Usurpatzaileak, osabak, hemen eraduki du bere alabaren laguntzat eta ahizpek elkarri diotena baino maitasun handiagoa dute bata bestearentzat. Zera esan behar dizut, halere, azken aldi honetan dukeak begi txarrez begiratzen diola bere iloba prestuari, eta horretarako arrazoi bakarra dago: berorren bertuteak sortzen duen maitasuna edota aitaren zoriak ernarazten duen errukia; zihur nago aurki lehen egingo duela damaren aurkako suminak. Jainkoak gorde zaitzala, sire; oraingo hau gaindituko duen mundu batean atsegin nuke zu hobeto ezagutzea, eta are estimatzea ere.

ORLANDO: Esker onez naukazu. Ikusiko al dugu elkar! Ketatik ihesi eta sugarretan sartu; duke tirano batengandik anaia tirano batengana. Baina zu, Rosalinda, zerua zara niretzat.

 

(Badoaz)

 

 

III ESZENA

 

(ZELIA eta ROSALINDA sartzen dira)

 

ZELIA: Tira, lehengusina maitea, tira! Zer da hori, Rosalinda? Kupido erruki bekigu! Isilik? Ez al diozu ezer?

ROSALINDA: Hitzerdirik ere ez txakurrei botatzeko.

ZELIA: Balio handiegia dute txakurrek jan ditzaten. Bota niri, eta zauri nazatela zure arrazoiek.

ROSALINDA: Bi lehengusina elbarri bihurtuko gintuzke horrek: bata arrazoiaren zauriz, bestea arrazoi gabez.

ZELIA: Zure aitagatik al da hau dena?

ROSALINDA: Nire semeen aita da kausa, areago. Bai arantzez josia dagoela negar-herri hau!

ZELIA: Otsolarrak besterik ez dira, lehengusina maitea, jaiegun bateko alaitasunaren erdian botatzen dizkizutenak: aski izaten da zidor zapaldutik ibiltzea gonan ez katigatzeko.

ROSALINDA: Badakit gonatik otsolarrak astintzen, baina ez bihotzetik.

ZELIA: Urruma egin eta kanporatu. Tira! Ea! Hem! Ehem!

ROSALINDA: Pozik egingo nuke «ehem», bera etorriko balitz «ehem» eginda.

ZELIA: Grina horren aurka burruka egiten ikasi behar duzu.

ROSALINDA: Nola, ni baino burrukalari hobea denaren aldetik.

ZELIA: Suerte on, orduan, iritsiko da egin beharko duzun eguna, behaztopa egiteko arriskuarekin bada ere. Baina txantxak alde batera utzi eta benetan hitzegin dezagun. Baina nola liteke... hain supituki, Sir Rowland agurearen seme gazteenaz hain grina suharra zure bihotzaz jabetzea.

ROSALINDA: Dukeak, nire aitak, zinez maite zuen berea.

ZELIA: Eta hortik ateratzen al da zuk haren semea era berean maitatu behar duzula? Hala balitz, nik gorrotatu egin beharko nuke, nire aitak gorrotoa bait zion bereari. Eta nik ez diot gorrotorik Orlandori, halere.

ROSALINDA: E, arren eskatzen dizut. Ez gorrotatu.

ZELIA: Zergatik egin halakorik? Merezi al du ba?

 

(FREDERICK dukea eta zaldunak sartzen dira)

 

ROSALINDA: Utzi maite dezadan. Eta zuk, maitatu, nik maite dudanez gero. Hor dator dukea.

ZELIA: Sumina ikusten diot begietan.

FREDERICK: Segurtasun arrazoiengatik bapatean aldegin eta gortea utzi beharrean zaude.

ROSALINDA: Gortea utzi?

FREDERICK: Utzi. Hamar eguneko epearen barruan hogei milia baino gutxiagora aurkitzen bazaituzte, bapatean hilko zara.

ROSALINDA: Arren eskatzen diot zure Gorentasunari, neure baitan neure erruaren arrazoia eramaten utz diezadazula, zeren neure buruaz dakidanez, eta neure sentimentuez dakidanez ametsetan ez banabil edo zoraturik eta ez nabilela uste dut orduan, neure pentsamentuaren itzal arinenaz ere ez zaitut iraindu.

FREDERICK: Hori egiten dute traidoreek. Garbitokia hitzezkoa balitz, grazia bera bezain errugabeak direla erakutsiko lukete. Zutaz ez naizela fidatzen jakiteaz aski duzu.

ROSALINDA: Ez nau mesfidantzak traidore bihurtzen. Esaidazu zertan datzan susmoa?

FREDERICK: Zarenaren alaba izatean: aski dut hori.

ROSALINDA: Dukerria kendu zenionean ere banintzen, Zure Gorentasunak erbesteratzean ere banintzen, maltzurkeria ez da heredatzen, jauna, baina gureak kutsatzeko gauza izango balira ere, ez lidake erasango horrek, nire aita ez bait da traidore. Mylord, nire pobretasuna traidore dela pentsatzearen injustiziarik ez zazu egin.

ZELIA: Ene aita eta jabea, entzuidazu.

FREDERICK: Bai, alaba, zuregatik eraduki dut; bestela ere aitarekin joango zatekeen.

ZELIA: Ez nuen erregutu orduan gera zedin; zure anaia izan zen eta barne-zimikoa. Gazteegia nintzen orduan estimatzeko orain dakit zenbat balio duen, eta bera makurra bada, ni ere bai. Batera hartzen gaitu loak; esnatu, jolastu, jan eta ikasi batera egiten dugu; eta batera, Junoren bi zisne bezala, joaten gara, elkarrekin, noranahi.

FREDERICK: Zu baino maltzurragoa da, bera. Samurtasun, etsipen eta isiltasunez erakarri egiten du jendea, errukira bultzatuz izena lapurtu eta iseka egiten dizu. Disdiratsuago eta bertutetsuago agertuko zara berak aldegitean. Ez, ez esan ezer, irmoa eta aldaezina da horren kontrako epaia. Erbestera bedi.

ZELIA: Nire aurka ere esan beharko duzu, ene jauna, bera gabe ezina zait bizitzea.

FREDERICK: Tentel hutsa zara zu. Iloba, prestatu! Zin dagit neure ohoreagatik eta hitza ematen dut hilko zaitudala berandutzen bazara.

 

(FREDERICK DUKEA eta segizioa badoaz)

 

ZELIA: Rosalinda gajoa! Nora joango zara orain? Gurasoz aldatu nahi baduzu, neurea ematen dizut. Nire pena zurea bezain handia da, ziur egon.

ROSALINDA: Halere, nire kausa handiagoa da.

ZELIA: Ez, ez da egia. Poztu zaitez, ez al duzu ikusten dukeak, ni ere, bere alaba hau, erbesteratu nauela?

ROSALINDA: Ez, ez zaitu erbesteratu.

ZELIA: Ez al duzu uste? Ez litzateke orduan halakoa maitasuna, gauza bera izaten irakatsi ziguna. Inork ez gaitu bananduko. Ez dugu agurtuko elkar. Ez. Aurki dezala aitak beste oinordeko bat. Pentsa dezagun biek nola ihes egin, nora joko dugun eta zer eramango dugun. Ez hasi zeuk bakarrik zorigaitza garraiatzen, bakarrik samina nozitzen, ni alboan utzita. Zeruarren diot, orain gure penaz zurbildurik dagoen horregatik, zurekin joango bait nintzateke zuk kontra eginarren ere.

ROSALINDA: Eta nora joango gara?

ZELIA: Ardengo basoetara, osabaren bila.

ROSALINDA: Ai ene, hamaika arrisku aurkituko dugu! Hain bidaia luzea, dontzeila gaisoak besterik ez garela, zeren irrika handiagoa pizten bait du lapurrengan ederrak urreak baino ere.

ZELIA: Ni arropa zarpail zakarrez jantziko naiz eta okrez igurtziko dut aurpegi osoa, gauza bera egizu zuk ere eta lot gakizkion bideari, eraso guztiei iskintxo eginez.

ROSALINDA: Hobe litzateke, nik uste —normala baino altuago zarenez— erabat gizonezkoz mozorrotzea: sastakai zorrotza iztar parean txabalina eskuan eta bihotzean... Emakume beldurrak horretan gera bilez. Planta irmo eta burrukalaria hartuko dugu, beren burua gizontzat daukaten koldarrek egin ohi dutenez, itxurapean beren egia ezkutatuz.

ZELIA: Eta nola deituko zaitut gizonezko izatean?

ROSALINDA: Jupiterren gortemutilaren izen beraz: Ganimede deituko didazu. Eta zuk, zer izen hartuko duzu?

ZELIA: Naizenarekin zerikusia duen zerbait. Aliena, beraz, eta ez Zelia. Sekula gehiago!

ROSALINDA: Eta zergatik ez dugu bahituko zure aitaren gortetik... bufoi pailaso hori, hain bide luzean pozkarri izan dakigun?

ZELIA: Munduaren bukaerara arte etorriko litzateke nirekin; neuk bakarrik komentzituko dut. Goazen. Geure ondasun eta bitxi guztiak bilduko ditugu eta pentsa modurik hoberena —eta egokiena— ihes egitean jarriko dituzten zelata guztietatik ihes egiteko. Eta alai egon, askapenera goaz eta ez erbestera.

 

aurrekoa | hurrengoa