|     76 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


V EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

(BUFOIA eta AUDREY sartzen dira)

 

BUFOIA: Izango duzu aukera, Audrey. Hartu egonarriz, Audrey ederra egonarriz.

AUDREY: Zaldun zahar hark nahi zuena esan dezala: apaiz harekin nahikoa eta gehiegi zen.

BUFOIA: Oliver jaun hori ziztrin hutsa da, Audrey; Martext madarikatu bat. Audrey. Baina hemen, Audrey, baso honetan, bada errondan dabilkizun gazte bat.

AUDREY: Bai, badakit nor den; baina ez du eskubiderik nire gain. Hor dator diozun hori.

 

(WILLIAM sartzen da)

 

BUFOIA: Gisa horretako merketrebeek jateak eta edateak baino gehiago indartzen naute. Asmamen zorrotzagoaren jabe nor den erakutsi beharra dago hemen. Derriorrean adarra jotzen hasi beharra dago!

WILLIAM: Jainkoak dizula arratsaldeon, Audrey.

AUDREY: Baita zuri ere, William.

WILLIAM: Arratsaldeon zuri ere, jauna.

BUFOIA: Baita zuri ere, adiskide. Estali burua, estali. Ez, ez, arren eskatzen dizut, estalita eduki. Zer adin duzu, adiskide?

WILLIAM: Hogeita bost urte, jauna.

BUFOIA: Adin ona. Bai, jauna. William al duzu izena?

WILLIAM: William, jauna.

BUFOIA: Izen polita..Baso honetan jaioa al zara?

WILLIAM: Bai, jauna, Jainkoari eskerrak.

BUFOIA: Jainkoari eskerrak, erantzun ona. Aberatsa al zara?

WILLIAM: Bai, jauna; hola-hola.

BUFOIA: «Hola-hola» ongi dago, oso ongi, benetan ongi; eta halere ez dago, hola besterik ez dago, hola. Esaidazu, azkarra al zara?

WILLIAM: Bai, jauna. ez naiz zentzu txarrekoa, ez, ez, jauna.

BUFOIA: Tira, ongi diozu. Gogoan dut esaera hura: «Jakintsuak bere burua tenteltzat daukanean, tentelak jakintsu delakoan». Filosofo jentilak, mahats-alea bat jateko gogoa zuenean, ezpainak zabaltzen zituen ahoan sartzean, honela adierazten zuen mahats haiek jateko eginak zeudela eta ezpainak zabalduak izateko. Maite al duzu dontzeila hau?

WILLIAM: Maite dut, jauna.

BUFOIA: Emaidazu zeure eskua. Eskolatua al zara?

WILLIAM: Ez, jauna.

BUFOIA: Orduan, ikasi hau nigandik: edukitzea edukitzea da; zeren eta erretorikako figura bait da edaria ontzi batetik bestera isurtzen denean, bata betetzean bestea hustu egiten dela; eta autore guztiak bat datozenez gero «ipse bera» delakoan, zu ez zara orain «ipse» ze «bera» ni bait naiz.

WILLIAM: Zein «bera», jauna?

BUFOIA: «Bera» hori, jauna, emakume honekin ezkontzekoa. Beraz zuk, alproja horrek, alde —arruntago esanda, «ospa»-lagunartetik, arruntago esanda, «hemendi»— eta utzi dama hau —arruntago esanda «emakume hau»—. Eta dena batera esanda, alde dama honen lagunartetik, bestela zureak egin du, edo hobeto uler dezazun, hilko zara, hau da, hil egingo zaitut, akabatu, txikitu, zure bizia herio bihurtuko dut, zure askatasuna gatiberio. Pozoia, makila edo altzairua erabiliko dut zurekin. Burrukan aurre egingo dizut: zanpatuko zaitut neure maltzurkeriaz; ehun eta berrogeita hamar modutara garbituko zaitut; beraz ikaratu eta alde egizu.

AUDREY: Zoaz, William zintzo hori.

WILLIAM: Jainkoak gorde diezazula umore on hori.

 

(Badoa)

 

(KORIN sartzen da)

 

KORIN: Gure etxeko jauna eta andrea zure bila dabiltza; goazen, bizkor, agudo.

BUFOIA: Bizkor, Audrey, bizkor! Banoa! Atzetik noa!

 

(Badoaz)

 

 

II ESZENA

 

(ORLANDO eta OLIVER sartzen dira)

 

ORLANDO: Ba ote liteke gero hain gutxi ezagutu eta hainbeste liluratzea? Ikusi besterik ez eta maitemintzea eta maitemindu bezain laster, errondan hastea eta neskak onartzea? Zeure egin nahi al duzu?

OLIVER: Bai. Presaka ibili arren, behartsua den arren, arestian ezagutu dudan arren, supituki errondan ibili natzaion arren, berehalakoan onartu duen arren... Maite dut Aliena eta berak ere maite nau ni, jakizu. Emazu zeure baimena elkar maita dezagun zure onetan izango da, zeren eta aitaren etxea eta Sir Rowland zaharraren ondasun guztiak zure esku geratuko bait dira, eta ni leku honetan bizi eta hilko naiz artzain modura.

 

(ROSALINDA sartzen da)

 

ORLANDO: Baduzu nire baimena. Bihar ospa daitezela zure ezteiak. Dukea eta haren segizio osoari gomita egingo diot. Zoaz Alienari aditzera ematera. Hor dator nire Rosalinda.

ROSALINDA: Jainkoak gorde zaitzala, anaia.

OLIVER: Baita zu ere, dama ederra.

 

(Badoaz)

 

ROSALINDA: O, ene Orlando maite! A zer nahigabea niretzat zure bihotza bendaturik ikustea!

ORLANDO: Basoa da-ta.

ROSALINDA: Basapiztiaren atzaparrak bihotza zauritu zizulakoan nengoen.

ORLANDO: Zauriturik dago, bai, baina dama baten begiek.

ROSALINDA: Esan al dizu anaiak nolako zorabio-itxurak egin nituen zure zapia erakutsi zidanean?

ORLANDO: Bai, eta beste hainbat mirari.

ROSALINDA: A, badakit zer esan nahi duzun. Bai, egitan. Sekula ez da gertatu ezer bizkorrago; aharien arteko burruka eta Zesarren balentria sonatu hura: «Iritsi, ikusi, garaitu».

        Ze zure anaiak eta nire ahizpak topo egin orduko elkarri begiratu zioten eta begiratzean bata beste maitatu zuten eta hasperen egin zuten maitatu ondoren; eta gero hasperenen zergatikoa galdetu zuten, eta jakin bezain laster jarri zioten erremedio; honela bien artean azkontzarako lehen mailak jarriz, eta hobe izango dute inolako hesirik gabe hartan gora igotzea, ze inor ez bait da gauza izango ezkontzaren aurretik haiek hesitzeko, ze maitasunaren irakin betean bait daude eta bat egin nahian dabiltza, halako moldez ezen makilaka ere inork banatuko dituen.

ORLANDO: Bihar ezkontzen dira. Dukea gonbidatu nahi dut ezkontzara. Bai garratza dela beste gizon baten begietatik zoriona ikusi behar izatea! Garratzagoa izango da biharkoa —ni saminean murgildurik nagoela— anaiak nahi duena bereganatzen duelako daukan zoriona ikustean!

ROSALINDA: Horrela nahi izanez gero, nik bihar har nezake Rosalindaren lekua.

ORLANDO: Bizitzeko, ilusioa baino zerbait gehiago behar dut.

ROSALINDA: Nik ez zaitut nekaraziko mintzaketa hutsez. Zilegi bekit esatea —ongi entzuidazu— zaldun zentzuzkoa zarela badakidala eta ez dizut esaten hau zure aurrean ongi geratzearren, baizik benetan zarela uste dudalako; eta nire asmoa da, apur bat besterik ez bada ere, izan dezazula uste on, areago zeure onetan eta ez nire aintzatan. Ongi egingo duzu sinestea mirariak egiteko gauza naizela esaten badizut. Hiru urte bete nituenetik, ezkutuko azti-antzeetan eskolatua izan naiz —kasu honetan kaltegabeak direnetan— ongi baino hobeki ezagutzen zituen norbaitek irakatsita. Rosalinda maite baduzu, zure keinuek adierazten duten bezain sakon, berarekin ezkontzeko aukera izango duzu zure anaiak Aliena emaztetzat hartuko duen une berean. Badakit zeinen gogor tratatu duen Fortunak, baina nik egin dezaket bihar zure aurrean, horretarako zure baimena izanez gero, den bezala ager dadin, emakume, eta inolako arriskurik gabe.

ORLANDO: Burutik sano al zaude?

ROSALINDA: Banago! Hainbeste estimatzen dudan neure biziarengatik banagoela! Dagoeneko esana dizut aztia naizela... Jantzi, beraz, arroparik dotoreenak eta gonbidatu zeure Rosalindarekin, hori bada zure nahia.

 

(SILVIO eta FEBE sartzen dira)

 

        Hara, hor datoz bi: maite nauen emakume bat eta beraren maitalea.

FEBE: Ez zara batere kunplitua agertu zuretzat idatzi nuen gutuna erakustean.

ROSALINDA: Bost axola niri horrela izan den, halaxe ahalegintzen bait naiz agertzen zure aurrean, eragabe eta muker Artzain leial bat dabilkizu atzetik; begiak berarengana itzuli eta maita ezazu; berak adoratu egiten zaitu.

FEBE: Adiskide, esaiozu mutil gazteari zer esan nahi duen maitasunak.

SILVIO: Malkoak eta hasperenak esan nahi du. Eta horixe da Febe niretzat...

FEBE: Ganimede niretzat.

ORLANDO: Eta niretzat Rosalinda.

ROSALINDA: Emakumerik ez neretzat.

SILVIO: ...Ni Feberentzat nagoen bezala, ukapen eta leialtasunez egina...

FEBE: Eta ni Ganimederentzat...

ORLANDO: Eta ni Rosalindarentzat!

ROSALINDA: Ni ez emakurnerentzat.

SILVIO:

                ...Dena fantasia izatea da.

                Dena grina, dena gurari,

                adorazio eta behar eta begirune,

                dena era eta urduritasun eta egonarri,

                eta dena menpetasun, otzantasun, garbitasun,

                eta horixe da niretzat Febe.

FEBE: Eta Ganimede niretzat.

ORLANDO: Eta Rosalinda niretzat.

ROSALINDA: Eta emakumerik ez niretzat.

FEBE: (Rosalindari) Horrela bada, zergatik egiten didazu haserre maite zaitudalako?

SILVIO: (Feberi) Eta horrela bada, maite zaitudalako zergatik egiten didazu haserre?

ORLANDO: Eta horrela bada, zergatik egiten didazu haserre maite zaitudalako?

ROSALINDA: «Zergatik egiten didazu haserre maite zaitudalako», galdetzen duzu, nori?

ORLANDO: Hemen ez dagoenari eta entzun ezin nauenari.

ROSALINDA: Nahikoa da, mesedez! Irlandar otsoek ilargiari egiten dizkioten alarauak bait dirudite horiek. (Silviori) Lagunduko dizut nire esku badago. (Feberi) Nire esku balego maitatuko zintuzket. Elkar zaitez bihar, hemen, nirekin, (Feberi) Zurekin ezkonduko naiz, emakumerekin ezkontzea gertatuko balitzait, eta ziur esaten dizut bihar bertan ezkonduko naizela. (Orlandori) Zu, bihar ezkontzekoa zaren hori, asebeteko zaitut, inoiz gizonik asebete ez badut ere. (Silviori) Eta bihar ezkonduko zaren hori, pozez beteko zaitut ematen dizudana atsegin baduzu. (Orlandori) Zatoz hona Rosalinda maite baduzu (Silviori) Febe maite baduzu, zatoz hona. Eta nik, emakumerik maite ez dudanez gero, tarteko izango naiz, Zoazte, bada, Jainkoarekin, badakizue zer egin behar den.

SILVIO: Ez dut huts egingo, bizi banaiz.

FEBE: Nik ere ez.

ORLANDO: Nik ere ez.

 

(Badoaz)

 

 

III ESZENA

 

BUFOIA: Biharkoa da eguna, Audrey bihar ezkonduko gara.

AUDREY: Bihotz-bihotzez ezkondu nahi dut eta ez ahal da eragabekeria izango horrela gizartean sartu nahi izatea. Dukearen morroiak datoz!

BIGARREN MUTIKOA: (Barreak)

LEHEN MUTIKOA: Ongi aurkitua, zaldun prestua.

BUFOIA: Ongia aurkitua! Etorri, eseri eta kantatu.

LEHEN MUTIKOA: Zure aginduetara gaude.

KANTA:

                Maitalea eta bere dontzeila

                galtsoro berdeetan barrena

                eztei eta jolas-maiatz batean,

                txoriak kantari dabiltzala

                ahazten dituzte neguko hotzak.

                Galtsoro zabaletan

                etzanda daude nekazari ederrak

                eztei eta jolas-maiatz batean.

                Eta ekin zioten denak kantari.

                Zer da ba bizitza loreak ezik?

                eztei eta jolas-maiatz batean,

                Baliatu beraz une hori,

                maite-fruitua zoritu da-ta,

                eztei eta jolas-maiatz batean.

 

 

III ESZENA

 

(BUFOIA eta AUDREY sartzen dira)

 

BUFOIA: Bihar da izendatutako eguna, Audrey; bihar ezkonduko gara.

AUDREY: Bihotz-bihotzez nahi dut, eta ez ahal da eragabekeria izango gizartean sartu nahi izatea. Hor datoz duke erbesteratuaren bi morroi.

 

(Sartzen dira morroiak)

 

LEHEN MORROIA: Ongi aurkitua, zaldun prestua.

BUFOIA: Ongia aurkituak! alafede. Etorri, eseri eta kantatu.

BIGARREN MORROIA: Zure aginduetara gaude. Eseri erdian.

LEHEN MORROIA: Hasiko al gara honela, bapatean, ez eztarria garbitu ez txu egin, ez marrantaturik gaudela esan gabe, ahots txarraren atariko derriorra den guzti hori gabe?

BIGARREN MORROIA: Hori da, horrela; eta biok tonu berean ijitoak zaldi berean bezala.

KANTA:

                Bazen maitalea eta haren dontzeila

                Hei, eta ho, eta hei nonino.

                galtsoro barnetan barrena

                eztei eta jolas-maiatz batean,

                txoriak kantari dabiltzala hei ding a dig, ding, dong.

                eta ahazten ditu maitek negu hotzak.

                Galtsoro zabaletan

                hei, eta ho, eta hei nonino.

                etzanda daude nekazari ederrak

                eztei eta jolas-maiatz batean.

                Eta ekin zioten denek kantari,

                hei, eta ho, eta hei nonino.

                Zer da ba bizitza loreak ezik?

                eztei eta jolas-maiatz batean,

                Probetxatu beraz une hori,

                hei, eta ho, eta hei nonino,

                maite-fruitua zoritu da-ta,

                eztei eta jotas-maiatz batean.

BUFOIA: Egia esan, jaunak, letrak zentzu handirik ez bazuen okerragoa zen oraindik tonua.

LEHEN MORROIA: Oker zaude, jauna; ez dugu denborarik galdu, ongi markatu dugu konpasa.

BUFOIA: Ba nik denbora galdutzat daukat kanta lelo hori entzun izana. Jainkoak gorde zaitzatela eta ahotsa leundu. Goazen, Audrey.

 

 

IV ESZENA

 

(DUKEA, AMIENS, JAQUES, ORLANDO, OLIVER eta ZELIA sartzen dira)

 

DUKEA: Uste al duzu, Orlando, gazte horrek beteko duela agindutako guztia?

ORLANDO: Sinesten dut eta ez dut sinesten aldi berean, zain egotearen beldur denaren modura eta zain egoteari beldur izan behar zaiola dakienak bezala.

 

(ROSALINDA, SILVIO eta FEBE sartzen dira)

 

ROSALINDA: Zaude lasai, gure hitzarmena beteko da-ta. Zure aurrera Rosalinda ekartzen badut Orlandori emaztetzat emango al diozu?

DUKEA: Hori egingo nuke, eta hobe bai erresumak banitu harekin batera eskaintzeko.

ROSALINDA: Eta ekarritakoan onartuko duzula al diozu zuk?

ORLANDO: Onartuko nuke, erresuma guztien jabe izanik ere.

ROSALINDA: Nirekin ezkonduko zarela al diozu, nik hala nahi izanez gero?

FEBE: Hala egingo dut, handik ordubetera hil behar izanarren ere.

ROSALINDA: Eta nirekin ezkonduko ez bazina artzain leial honi eskainiko al zenioke zeure burua?

FEBE: Hala hitzemanak gaude.

ROSALINDA: Eta zuk, Feberekin ezkonduko zarela al diozu berak hala nahi izanez gero?

SILVIO: Hartaz jabetzea eta hiltzea gauza bera izanik ere bai.

ROSALINDA: Agindu bezala konponduko dut arazo hau.

        Zuk, duke horrek, zeure alaba emango duzun hitzari eutsi diozu, eta zuk Orlando onartuko duzun hitzari.

        Zuk, Febe, nirekin ezkonduko zaren promesari eutsiko diozu, edota, uko eginez gero, artzain honekin ezkontzekoari, eta zuk, Silvio, berarekin ezkontzeko zeure hitzari eutsiko diozu arbuiatzen banau: eta orain banoa zalantza guztiak konpontzera.

 

(ROSALINDA eta ZELIA irteten dira)

 

DUKEA: Artzain gazte honi neure alabaren tankera bizia hartzen diot.

ORLANDO: Jauna, lehendabizikoz ikustean, anaiak zirelakoan nengoen. Baina ez, jauna, mutila basoan jaioa da eta zientzia arriskutsu askoren abiaburutan eskolatua omen da, azti handia omen den bere ahaide baten eskutik.

        (BUFOIA eta AUDREY sartzen dira) baso honen mugabarruan.

JAQUES: Gertu da beste uholderen bat eta bikote hauek kutxara datoz. Hona hemen animalia pare biki bat, hizkuntza guztietan zoro izena hartzen duena.

BUFOIA: Nire agurrak eta errespetoak denontzat!

JAQUES: Jaun hori, emaiozu ongietorria. Hauxe da bufoi-izpiritua duen zalduna eta hainbestetan basoan aurkitu dudana. Gortesaua izan dela zin egiten du.

BUFOIA: Eta norbaitek zalantzarik badu froga nazala. Dantzaldi handiosetan dantza egina naiz, lausengatu dut dama bat, maltzurra izan naiz adiskidearekin eta losintxaria etsaiarekin, hiru jostuni eragin diet porrot, lau burruka izan ditut eta haietako batean batitzeko zorian egon naiz.

JAQUES: Nola konpondu zen?

BUFOIA: Elkarri aurre ematean argitu zen burruka zazpigarren graduan oinarritzen zela.

JAQUES: Zer «zazpigarren gradutan?» Jauna, estima ezazu gizon hau.

DUKEA: Estimazio handia diot.

BUFOIA: Jainkoak ordain diezazula, jauna, gauza bera opa dizut. Hementxe jarriko naiz, nekazari uztarrizale hauen artean, zin egiteko ezkontzak elkartzen bagaitu eta zina hausteko grinak askatzen bagaitu. Dontzeila gajo bat, jauna, grazia handirik gabekoa, jauna, baina nirea; kapritxo eskasa nirea, jauna, beste gizonek nahi ez zuena hartzea. Kastitate preziatua, zikoitza bezala, etxe pobrean bizi izaten da, jauna, perla ostra likitsean bizitzen den antzera.

DUKEA: Benetan azkarra eta zuhurra da.

BUFOIA: Zoroaren azkona eta beste bufoikeria batzuren gisara.

JAQUES: Baina, zazpigarren gradu hori? Nola igarri zenion burruka zazpigarren graduan zegoela?

BUFOIA: Zazpi aldiz ukatutako ezeztapen batengatik... Eratsuagoa izan zaitez, Audrey... hala izan zen, jauna: ez nuen atsegin gortesau baten bizarkera; eta jakin arazi zidan nahiz eta nik bizarra gaizki moztua zeukala uste izan, bera baiezkoan zegoela; honi deitzen zaio «ihardespen kortesa». Baldin nik esaten banion berriz ez zegoela ongi moztua, nahi zuen bezala mozten zuela erantzungo zidakeen berak: eta horri «sarkasmo moderatua» deitzen zaio. Eta nik berriro ekiten banion ongi mozturik ez zegoelakoan, berak baliogabetu egingo zidan epaia; «ihardespen zakarra» dei bekio honi. Baldin eta atzera ekiten banion ez zegoela ongi moztua berriro esaten, egiaren kontra ari nintzela erantzungo zidakeen hark; eta honi «arbuio kementsu» izena dagokio. Eta beste behin ere ekin izan banio, ongi moztua ez zegoela esanez, gezurretan ari nintzela esango zidakeen; «liskarrerako ezezkoa» deitzen zaio honi, eta horrela «zeharkako gezurtapenera» arte eta, azkenik, «zuzeneko gezurtapena».

JAQUES: Eta zenbat aldiz esan zenion bizarra gaizki moztua zeukala?

BUFOIA: Ez nintzen ausartu «zeharkako gezurtapenetik» aurrera eta bera ere ez zen ausartu «zuzeneko gezurtapena» ematen; beraz ezpatak neurtu eta banatu egin ginen.

JAQUES: Eta orain gai izango al zinateke, hurrenez-hurren, «gezurtapenaren» graduak berriz esateko?

BUFOIA: Bai, jauna. Inprimaturik dagoenaren arabera egin genuen agirika, eskuliburuan datorrenez; zuk manera kunplituei buruzko liburuak dituzun bezala. Orain aipatuko dizkizut gradu desberdinak. Lehena, «ihardespen kortesa»; bigarrena, «sarkasmo moderatua»; hirugarrena, «ihardespen zakarra»; laugarrena, «arbuio kementsua»; boskarrena, «liskarrerako ezezkoa»; seigarrena, «zeharkako gezurtapena»; zazpigarrena, «zuzeneko gezurtapena»; eta hau berau ere eragotz liteke «agian» batekin. Behinola gogoa dut nola zazpi epailari ez ziren gauza izan eztabaida bat konpontzeko, baina kontrarioak aurrez aurre zeudela, haietako bati «agian» bat bururatu zitzaion; zera bezalako bat «agian zuk halakorik esan bazenu, orduan nik beste hau esan nuen»; eta elkarri bostekoa eman zioten eta beti adiskide izango zirela zin egin zuten. «Agian» hau da bakegile bakarra; bertute handia dago «agian» horren baitan.

JAQUES: Ez al da hau gizon aparta, jauna? Edozertarako balio du eta bufoia besterik ez da.

DUKEA: Apeu bezala erabiltzen du bere zorotasuna eta, mozorro horren azpitik, zirtoak jaurtikitzen ditu.

 

(HIMEN, ROSALINDA eta ZELIA sartzen dira)

(Musika emea)

 

HIMEN:

                Batasunean dabiltzanean

                gauza lurtarrak

                pozten dira zerutarrak.

                Har ezazu, ene dukea, zeure alaba;

                Himeneok zerutik erakusten dizu-ta;

                eta handik ekarri badu,

                zeure eskua elkartu,

                eta bihotzaren jabea poztu.

ROSALINDA: (Dukeari) Zure eskuetan jartzen naiz, zurea naiz-eta, (Orlando) Zure eskuetan jartzen naiz, zurea bait naiz.

DUKEA: Egia baldin bada begiek ikusten dutena, nire alaba zara zu.

ORLANDO: Egia baldin bada begiek ikusten dutena, nire Rosalinda zara zu.

FEBE: Nire begiek eta forma horrek iruzur egiten ez badidate, agur nire maitasuna, orduan.

ROSALINDA: (Dukeari) Ez dut onartuko gurasorik zu ezik. (Orlandori) Zu izan ezik, ez dut onartuko senarrik.

        (Feberi) Ez naiz ezkonduko beste emakumerekin, zurekin ezik.

HIMEN: Ixo! Amai dadila nahaste hau! Nik bukaraziko ditut gertaera bitxi hauek. Hona hemen zortzi ekarri eskuak emango dizkiotenak Hiemeneoren lokarriekin batuta geratzeko, agindutakoak betetzen badira.

        (ORLANDO eta ROSALINDAri) Ez dago zuek banatuko zaituzten eragozpenik.

        (OLIVER eta ZELIARI) Zu eta zu bihotz bakar bat zarete.

        (FEBERI) Zuk horren maitasuna onetsi beharra daukazu, bestela emakumea hartu beharko duzu senartzat.

        (BUFOIA eta AUDREYri) Zu eta zu hain zaudete elkarturik nola negua eguraldi txarrari. Eztei-kanta bat kantatzen dugun bitartean, galderak bitez zuen janari bakarra eta harrimenak har beza arrazoiaren leku, eta zergatik hemen aurkitzen garen, eta nola bukatu.

KANTA:

                Jantzi du Juno handiak eztei-koroa,

                Onetsia bedi mahaia eta ohearen elkargoa!

                Himeneok ditu herri-hiriak hartzen,

                eta beretzak jendez mukuru betetzen.

                Ohore Himeneo eta ezkontzari,

                jaiotako guztien jainkoari.

DUKEA: Oi, iloba laztana, ongi etorria nire partez!

FEBE: (Silviori) Eusten diot esandakoari; orain neurea zaitut; nire guraria eta zure fedea dagoeneko bat dira.

 

(BIGARREN ANAIA sartzen da, JAQUES DE BOYS)

 

BIGARREN ANAIA: Utzidazu hitz pare bat esaten.

        Sir Rowland zaharraren seme bigarrena naiz, neure arazoa biltzar prestu honen aurrean agertzera noa.

        Frederick dukeak, egunean omen handiko gizonak baso honetara baztertzen ari zirela jakitean, armada boteretsu bat bildu eta bere egindupean anaia harrapatu eta armatatik pasatzeko zerabilen. Eta iritsi zen oihan basotsu honen mugetaraino, eta bertan ermitau zahar bat aurkitu zuen eta berarekin hitzegin ondoren, uko egin zion bere asmoari eta munduari, anaia erbesteratuari bere koroa emanez eta lur guztiak bihurtuz harekin batera erbesteratuei. Neure biziarekin egiaztatzen dut hau egia dela.

DUKEA: Ongi etorria.

        Opari ederrak dakartzazu zeure anai-arreben ezteietarako. Batari bere lur konfiskatuak, eta besteari, herrialde oso bat, dukerri ahaltsu modura. Aurrena, bukaera eman diezaiogun baso honetan ongi hasi eta orain obeki bukatuko denari; gero, lagunarte alai honetako denek, gurekin mikaztasunezko gau eta egunetan partaide izan direnek, itzuli zaigun fortunaren etekinetan parte hartuko dute, nork bere mailaren arabera. Bitartean, ahantz dezagun arestiko dintasun hau eta itzul gaitezen geure jostakizun apaletara. Jo dezatela soinua! Eta zuek, senar-emazteok, alai dantza egizue doinuarekin.

JAQUES: Zure baimenarekin, jauna. Oker entzun ez badut, dukea fraile sartu da eta betirako baztertu du gorteko handikeria.

JAQUES DE BOYS: Hala egin du.

JAQUES: Berarekin elkartzera noa. Onbideratu horiengandik hamaika gauza entzuteko badugu eta gehiago oraindik ikasteko.

        (Dukeari) Zuri uzten dizkizut behinolako ohoreak; zeren eta zure egonarriak eta bertuteak ongi merezi bait dituzte.

        (Orlandori) Zuri leialtasunez konkistatu duzun maitasun hori.

        (Oliveri) Zeure lurrak zuri, eta maitasuna eta dinako aldekoak.

        (Silviori) Aspaldian merezitako ohea.

        (Bufoiari) Eta zuri, zeure liskarrak; bi hilabeterako bakarrik ditu bizikaiak zure maite-bidaiak. Eta orain, ongi pasa!

DUKEA: Zaude, Jaques, zaude.

JAQUES: Jostakizunik ez dagoen tokira noa. Nigandik zerbait nahi baduzu, zeuk utzitako haitzuloan egongo naiz itxaroten jakiteko.

 

(Badoaz)

 

DUKEA: Goazen, aurrera. Has gaitezen zeremonia hau amaitzea espero dugunez: benetako alaitasunean.

 

(Denak irteten dira, ROSALINDA izan ezik)

 

ROSALINDA: Ez da ohiturazkoa damarena egiten duena azkenburu egiten ikustea. Baina agian heroia aurreburu egiten ikustea baino harrigarriago al da? Ardo onak ez du behar aldarririk ezta komedia onak azkenbururik ere. Haiere, adarrak jartzen zaizkio ardo onari eta azkenburuak eransten zaizkie komedia onei hobetzeko. Egoera bitxian aurkitzen naiz ni, ez bait naiz azkenburu ona, ezta komedia on baten aldarrilari izateko gai ere, eta ez eskale gisa erreguka aritzeko ere ez dut balio, zarpailik ez bait dut soinean. Zuek liluratzea da nire bide bakarra: zuengandik hasiko naiz, emakumeok. Zuei, zeuon senarrarekin hainbesteko gozamena duzuenoi esaten dizuet: gozatu komedia nahi duzuenez; eta zuei, gizonoi, era berean emazteak maite dituzuenoi-irribarre horietatik igartzen diot inork ez dituela gorrotozuei esaten dizuet: batera goza ezazue emanaldi honetaz. Ni emakume besterik ez banintz, bizardun guztioi musu emango nizueke, atsegin izanez gero; nire gustoko itxura duzuen guztioi eta kirats nazkarririk ez duzuenoi. Ziur nago bizar polita, aurpegi ederra eta arnasa gozoa duzuenok, nik behar den erako kunplimenduz agurtzen zaituztedan bitartean, azken diosala egingo diozuela nire eskaintza bihotzabalari txalo bero batez.

 

(Badoa)

 

aurrekoa | hurrengoa