II EKITALDIA I ESZENA (Dukea, AMIENS, eta bizpahiru zaldun sartzen dira ehiztari jantzitan) DUKEA: Ez al da egia, erbesteko lagun eta anaiok, denbora eta ohiturarekin bizimodu hau atseginagoa dela sasi-bonbaziazkoa baino? Ez al du arrisku gutxiago basoak beti bekaizkeriaz beterik dagoen gortearen aldean? Hemen Adanen zigorra besterik ez dugu nozitzen: eguraldiaren gogorra. Neguan, atzapar hotz eta samin zakarrez haizeak nire gorputzari hozka egin eta dardar eragin arte anker zigortzen duenean, irribarrez esaten dut: ez haiz etorri zurekeriatan; kontseilari leial gisa adierazten didak nor naizen egiazki. Onazezko bidea gozoa da, bere burugainean bitxi baliotsua duen zapotzar posointsu haren antza du. Honela, gure bizitza, ageriko bonbonkeriarik gabe, hitza zuhaitzetan aurkitzen du, zientzia erreketan, hizketaldiak harrietan, birtutea edonon. Ezergatik ez nuke aldatuko. AMIENS: Zoriontsu zara, Jauna, Fortunaren zorigaitzak bizimodu gozo eta baketsu bihurtzeko gai-zara ta. DUKEA: Tira! Goazen oreina ehizatzera! Halere min ematen dit larru izpildua duten piztitxo horiek, beren eskubidez gizaki gabeko hiri honetako bizilagun direnek, beren mugen barruan erasopean bizi behar izateak, arik eta hankei, gezien ziztadaz, odola darien arte. LEHEN ZALDUNA: Hala da. Honetaz kexatzen da Jaques, melankoliatia, bera ere, eta erbestera bidali zaituen zure anaia baino ere usurpatzaileagoa zarela dio. Gaur bertan, Amiensko my lord eta biok isilka hurbildu gara arte baten azpian etzanda zegoen lekuraino. Zuhaitzaren sustraia basoa zeharkatzen duen guneraino. Berehalaxe eramango zaitugu haren aurrera. II ESZENA (FREDERICK, DUKEA, eta zaldunak sartzen dira) FREDERICK: Ezina da haiek ez ikusi ahal izatea. Ezin liteke jauregian badira bilau gaizkideak eta ongi baino hobeki dakite hau. LEHEN ZALDUNA: Inori ez diot entzun ikusi duenik, izan ere damek eta ganberazainek ikusi bait zuten lotaratzen; eta oso laster goizean, zure damaren ohetik altxor hori falta zen. BIGARREN ZALDUNA: Bufoi arraio hori ere, my lord, falta da, Zure Gorentasunari hainbeste barre eragiten ziona. Hisperia, printzesaren dama nobleak dioenez, zure alaba eta haren lehengusina izkutuan entzun omen zituen nola ari ziren arestian Charles indartsua menperatu duen gaztearen bertute eta gaitasunak goraipatzen, eta berak uste du, nolanahi daudela ere, gazte horren laguntasunean daudela. FREDERICK: Bila dezatela horren neba! Ekardazue mutil hori eta aurkitu ezean beste anaia datorrela. Aurkituko du azkenean. Nire aginduak betetzea nahi dut. Dena arakatzea, dena miatzea nahi dut iheslari tentel horiek agertu arte. III ESZENA (ORLANDO eta ADAM sartzen dira, elkarrekin topo eginez) ORLANDO: Nor da? ADAM: Ni naiz, ene nagusi gaztea. Nagusi maitea! Ni naiz, gazte noblea. O, zu, Sir Rowland zaharraren irudi bizia! Zertan ari zara hemen. O, zu, mutiko bertutetsua! Denen kutuna! Mutil galaia, kementsu eta sendoena! Zergatik menperatu behar izan zenuen duke apetatsuaren burrukalari harroa? Ospeak bizkorregi hartu dizu aurrea. Ez al dakizu, jauna, gizon askorentzat bertuteak direla etsairik makurrenak? Berdin zurekin ere: zure bertuteak, jaun noblea, santu azpisuge dira. Hau mundua gurea, azkenerako graziak jabea pozointzea lortzen duenekoa. ORLANDO: Zer gertatzen da? ADAM: Ai, gazte dohakabea! Ez ibili ate hauetan, teilatupe honetan bizi da bertute guzti horren etsaia, zure anaia... Ez, ez anaia, semea baizik... Baina semea ere ez ez dut horrela deituko ia-ia aita dudan harena... Entzun du berak nola goresten zaituzten eta logelari su ematea gaur gauean erabaki du zu bertan zaudela. Eta hau gertatzen ez bada aurkituko du zu galduerazteko modua. Entzun diot asmo hauek mamitzen nola ari zen. Hau ez da zuretzako lekua. Hiltegia da hau etxea baino areago. Gorrotatu Beldur izan Ez sartu. ORLANDO: Eta esan, nora nahi duzu joan nadin? ADAM: Berdin dio nora, baina hemen ez sartu. ORLANDO: Alde egin eta jatekoaren eskean ibiltzea nahi ai duzu? Edota ezpata zital zalapartariarekin bideetara irtetea nahi al duzu lapur ziztrin baten pare? Honela behar dut jokatu nola bestela? Baina ez da gertatuko holakorik ahal dudan bitartean. Lehenago aurre egingo nioke neure anaiaren gorrotoari, lehenago, odol galduaren makurkeriari. ADAM: Ez, inoiz ez Bostehun koroa dauzkat aurreratuak zure aitarekin irabazitako soldatenak, zahartzaroan laguntza izateko gordeta, lanerako nire beso zangoak makaltzean, gauzeztandurik aguretasunak zoko batera baztertuko nauenerako. Har itzazu, eta beleen janaritzailea den horrek, bai, txolarreaz hain eskuzabalki arduratzen den horrek, geriza dezala nire zahartzaroa. Tori urrea. Tori. Neuk ematen dizut. Eta balia dakizula, zeren eta agure-itxura badut ere, sendoa naiz eta zerdena oraindik, izan ere gaztaroan inoiz ez bait nintzen odola irabiatzen eta sutzen duen edariek zalea, ezta bekoki lizunez ere ez nintzen ibili bere gaitza sortzen eta indarrak ahultzen dituenaren bila ere. Horrela, bada, zindoa da nire zahartzaroa aldi berean samurra eta hotza den negua bezalaxoa. Utzi laguntzen. Gizon gazteak baino hobeki zerbitzatuko zaitut behar duzun guztian. ORLANDO: Nire agure jatorra! Bai ederki ageri dela zugan behinolako zerbitzariaren gogo leiala, izan ere ez soldatarengatik, baizik eta eskerronez, isurtzen bait zen orduan izerdia. Zure kera ez da garai hauetakoa, gaurregun gora igotzeko bakarrik isurtzen bait da izerdia eta hori lortu ondoren, bukatutzat ematen ditu bere morroi lanak une horretan bertan. Zu ez zara horrelakoa, zuk, nire agure jatorra, zuhaitz erabat ihartua inausi nahi duzu zaintzeko zure nekearen ordainetan lore bakar bat ere eskainten ez dizuna; baina nahi duzuna gerta bedi. Elkarrekin aldegingo dugu, eta zure gaztaroaren fruitua xahututakoan, aurkitugu dugu bizimodua aurrera ateratzeko era apalen bat. ADAM: Gida nazazu zuk, jauna, jarraituko natzaizu-ta, azken arnasa eman arte, neure leialtasun fidelarekin. Hemen bizi izan naiz hamazazpi urtetatik orain ditudan ia larogei urteotara arte. Ez naiz geratuko. Hamazazpi urterekin hamaikatxo joaten da fortuna bila, larogeira aste betez iristen naiz berandu. Sari bakarra nahi dut: neure ugazabarekin bakean hil eta heriotze ona izatea. IV ESZENA (ROSALINDA sartzen da Ganimederen jantzitan; ZELIA Aliena bezala jantzirik eta Tatxeston izeneko BUFOIA) ROSALINDA: Ai, Jupiter kemena akitu zait! BUFOIA: Bost axola niri kemenak zangoen astunarengatik ez balitz. ROSALINDA: Aurki nezake arrazoirik neure bihotzean neure gizonezko jantzia larderiatzeko, eta emakume gisa negarrari emateko baina adorea emango diot ontzi ahulagoari, izan ere galtzek eta jupoiak kemena erakutsi behar dute gonen aurrean; izan kemena, beraz, Aliena laztana. ZELIA: Izan egonarria, arren eskatzen dizut. Ezin dut urratsik eman. BUFOIA: Eta niri dagokidanean nahiago dut egonarriarekin zu eramatea eta ez zeure zama guztiarekin baina halere ez nuke gehiegi nozituko, diruaren kargarik ez bait daramazu aldean. ROSALINDA: Horratx! Hauxe da Ardengo basoa! BUFOIA: Arden! Arden! A zer lelokeria! Hobeto nengoen etxean nintzenean, baina bidazti onari dagokionez aurpegi alaia erakutsi beharko. (KORIN eta SILVIO sartzen dira) ROSALINDA: Hala da, gure Tatxeston maitea. Begira non datorren hor; bata gaztea, zaharra bestea, hizketa sakonean. KORIN: Horrela neska horrek beti azak emango dizkizu. SILVIO: Bazeneki, Korin, nola maite dudan. KORIN: Alde-alde bai neu ere garai batean maitale izana bait naiz. SILVIO: Ez, Korin, hau ulertzeko zaharregia zara, nahiz eta zeure gaztaroan gauez buruko gainera malkoak isurtzen diztuztenak bezain maitale zinezkoa izana izan. Zure maitasuna nirearen parekoa balitz nahiz eta zihur nagoen sekula inork ez duela nik bezala maite izan, esaidazu, zenbat gauza barregarri egitera behartu zintuen grina horrek? KORIN: Hamaikatxora bai, orain ahaztuak baditut ere. SILVIO: Horrela bada, inoiz ez duzu nik bezala samurki maite izan. Maitasunez katigatu zineneko zorakeria errugabe bakar bat ere gogoratzen ez bazaizu, orduan ez duzu maite izan. Eta inoiz eseri ez baldin bazara ni orain bezala zeure damari buruzko goraltzez zeure entzulea nekararazteko, orduan ez duzu maite izan. Eta inoiz bapatean bertan behera utzi ez badituzu zeure adiskideak, orain grinak egitera behartzen nauenez, orduan ez duzu maite izan. O, Febe, Febe, ene maitea! ROSALINDA: Artzain gizajoa! Zeure zauria zirikatzean, nik neurea aurkitzen dut zorigaitzez. BUFOIA: Eta nik neurea. Gogoan dut behin maitemindurik nengoela, harri baten kontra hautsi nuen: «Har zak hori esan zuen neure artean ibili berriz ere Joana Barretxori erronda egiten», eta gogoan dut mun eman niela haren aitzurketako palari eta haren esku polit zartatuek eraitsia zuten bahiaren errapeari. Eta gogoan dut idar-lastoari errondan ibili nintzaiola, ez berari, eta barrutik bi idarrale atera eta malkoak begietan nituela eskaini nizkiola, esanez «Erabili itzazu eta oroitu nitaz». Nik bezala benetan maite izaten dutenak egundoko istilutan sartzen dira, baina naturan dena hilkorra denez, maitemindurik dagoen guztia ere hilkorra da, bere zoramenean. ROSALINDA: Pentsatzen duzun baino zuhurrago mintzatzen zara. BUFOIA: Ezer ezingo dut pentsatu neure jakituriaz, haren kontra neure berna ezurra hautsi bitartean. ROSALINDA: O, Jupiter Jupiter! Artzain honen grina guztiz nirearen parekoa da... BUFOIA: Baita nirearen pareko ere, nahiz eta zahar-usaina darion. ZELIA: Galdegiozu gizaseme horri, arren eskatzen dizut, ea jatekorik emango ligukeen urre truke, gosez hiltzen nago-ta. BUFOIA: Aizu, pailazoa. ROSALINDA: Kontuz, bufoia, ez duzu senidea-ta! KORIN: Nor ari zait horrela? BUFOIA: Zu baino hobea dena. KORIN: Erraza da dohakabea gainditzen. ROSALINDA: Aski da. Arratsaldeon, adiskidea. KORIN: Baita zuk ere, jauna, Berdin gainerakoek. ROSALINDA: Arren galdetzen dizut, artzaina, ea toki honetan maitasunak edo diruak ostatua erosteko balio duten. Eraman gaitzazu otordua eta atsedena aurkituko dugun lekura. Dontzeila gazte hau, bidaiak aunaturik, laguntza-beharrez ondoezik dago. KORIN: Jaun noblea, erruki diot, eta neure onerako baino berorrenerako nahiago nuke laguntzeko nire ahalbideak ugariagoak balira, baina inoren ardiak zaintzen ibiltzen naiz eta ez dut mozten larrean darabiltzadan bildotsen artilea. Nire jabearen izakera zikoitz samarra da eta ez du gogorik zeruko larreetara abegikortasunaren bideetatik iristeko. Gainera, haren saletxea, artaldeak, larre-eskubideak salmentan daude, eta kanpoan delarik, ez daukagu ezer etxolan zuk jateko modukorik; baina zatoz, ikusiko dugu zer dagoen; nik neuk harrerarik hoberena egingo dizut-eta. ROSALINDA: Ba al dakizu inork artaldea eta larreak erosi nahi al dizkion? KORIN: Arestian hemen zegoen artzain horrek beste zerbaitetan dauka burua, ez erosketan. ROSALINDA: Arren diotsut, egoki baderizkiozu erosi zerorrek saletxea, larrea eta artaldea, gugandik jasoko bait duzu dirua. ZELIA: Eta gehituko dizugu soldata. Atsegin dut leku hau! Pozik eman nezake hemen bizialdia. KORIN: Hau salmentan dago, ziur gainera. Zatoz nirekin eta xehetasunak jakitean, lurra, etekina eta bizimodua atsegin badizu leial zerbitzatuko zaitut eta berehala hartuko dizut dirua, tratua egiteko. V ESZENA (AMIENS, JAQUES eta beste batzu sartzen dira) AMIENS: Oihan itzaltsuan egon nahi duenak nirekin eta bere doinuak paretu txori kantariekin betor, betor ona. Ez bait dago hemendik, beste etsairik, hotza, euria ta negua baizik. JAQUES: Jarrai, arren. Berriz, berriz, berriz!! AMIENS: Melankoliati jarriko zara, monsieur Jaques. JAQUES: Hainbat hobeto. Jarrai, mesedez. Gehiago! Musikari melankolia xurgatzen diot, belatxingak arrautza bezala. Gehiago, mesedez! AMIENS: Eztarria urratu zait; ezin zure nahia egin. JAQUES: Ez dut eskatzen nire nahia egitekorik, kantatzeko baizik, Tira! Jarrai, beste ahapaldi bat. Ez al deritzo horrela? Ahapaldiak? AMIENS: Nahi duzunez, monsieur Jaques. JAQUES: Bost axola niri nola deritzaten, ez bait didate ezer zor. Ez al duzu kantatuko? AMIENS: Eskatzen didazulako egingo dut, ez neure gogoz. JAQUES: Ongi da, norbaiti munduan eskerronik zor badiot zuri noski, baina kunplimentua deitzen duten horrek bi tximuren topaketa hura gogorarazten dit; eta norbaitek, bihotzez, zerbait eskertzen didanean, eskale batek txanpona eman diozulako eskertzen dizunean bezala da. Tira, ba, kanta ezazu, eta isil bitez kantatzera ez doazenak. AMIENS: Ongi da. Bukatuko dut kanta... Bitartean presta dezatela mahaia. Dukeak zuhaitz honen itzalpean egingo du otordua. Egun osoa zure bila ibili da. JAQUES: Eta ni egun osoan iheska ibili naiz. Gehiegi egiten du kontra beronen lagun izateko. Berak adina pentsatzeko gauza naiz eta eskerrak ematen diot zeruari, baina ez naiz harrotzen, horregatik. Goazen bada, txorrotxio egitera. Ospeari ihes egin eta nahi duena eguzkirik Pozik bizi dena Jatekoa izanik Betor betor hona Ez bait dago hemendik beste etsairik negua, euria eta hotza baizik. JAQUES: Hor doaz kanta horrentzat atzo egin nituen bertso batzu, oso ona ez banaiz ere. AMIENS: Kantatu egin nahi ditut. JAQUES: Suerteak egingo balu... asto izatea gizonik eta kaskagorra delako utziko balu dirurik Dukdame, dukdame, dukdame bere modukorik leku honetan bertan ikusiko du tentelik. AMIENS: Zer da, «dukdame» hori? JAQUES: Grekoen arren bat leloak biribilean jartzeko. Lotara noa ahal badut, eta ezin badut, Egiptoko lehensemeak madarikatzera. AMIENS: Eta ni dukearen bila. Mahaia jarrita dauka. VI ESZENA (ORLANDO eta ADAM sartzen dira) ADAM: Jaun noblea, ezin dut gehiago: gosez hiltzen nago. Hementxe etzatera noa eta nire gorputzak hilobiaren neurria hartzeko izango al du baliorik. Azken agurra egiten dizut, ene jauna! ORLANDO: Tira, tira, Adam. Hori al da zure kemen guztia? Oraindik biziko zara gehiago. Tira, hartu atsedena. Hartu arnasa, eta baldin baso misteriotsu honek bere baitan basapiztiarik badu, dizut jateke berak ni jan ezean. Zeure irudimenaz eta ez indarrez ikusten duzu hurbil azkena. Izan bihotz, nigatik egizu, aurre emaiozu heriotzari. Berahalaxe bilduko naiz zurekin. Eta janaririk ez badakarkizut, emango dizut hiltzeko baimena, baina ez zaitezela hil ni itzuli baino lehen, nire ahaleginari burla egitea bait litzeteke. Hori da! Orain aurpegi hobea duzu. Berehala nator. Eta ez egon hor kanpoan, Aterpera eramango zaitut. Ez zara hilko jateko gabeziaz eremu honetan zerbait bizirik dagoen bitartean. Izan adorea, ene Adam maitea. VII ESZENA (DUKEA, AMIENS eta bi zaldun sartzen dira bandolari jantzitan) DUKEA: Piztia bihurtu da nonbait, gizon gisara ez bait dut aurkitzen. LEHEN ZALDUNA: Ene jauna, oraintxe puntuan zen hemen kanta bat entzuten, eta pozik gainera. DUKEA: Kirrinka-zaku hori musikaria bada, aurki amaituko da zeruetako armonia. Ekarri neure aurrera, hitzegin diezaiodan. (JAQUES sartzen da) LEHEN ZALDUNA: Ez dago premiarik, hor dator eta. DUKEA: Bapo bizi zara. Ez al duzu ezer esaten, monsieur? Adiskideak erreguka eskatu behar al dute zure laguntasuna? Pozik dirudizu! JAQIJES: Bufoia aurkitu dut basoan. Koadroz jantzitako bufoia, O, mundu errukarria! Ni janez bizi naizen bezain ziurra da bufoia zela. Lurrean etzanda zegoen, eguzkitan, Fortunaren aurka biraoka, hitz arrazoizkoak erabiliz: oso arrazoizkoak gainera, eta bufoia zen zin dagit koadroz jantzita! Esaten diot: «Egunon, bufoia» Eta erantzuten dit: «Ez, sire, Ez nazazu bufoi deitu, arik eta zeruak bere suerteaz bedeinka nazan arte. «Eta zorrotik erlojua atera eta handikiro begiratuz, esan du zentzu handiz: «Hamarrak puntuan dago, hortik ateratzen da gaineratu zuen nola dabilen mundua. Orain ordubete bederatzietan baizik ez neukan, eta beste bat egitean, hamaiketan izango dut, eta honelaxe orduz-ordu geratuko den arte eta orduz-ordu ustelduko garen arte eta ipuina amaitu arte. Bufoi geometriko hau, honela hizketan ari zela denboraren igarotzeaz, oilarraren pare kantari jarri ziren nire birikak, eta hain pentsamentu sakonetako bufoia eta erlojuko ordubete osoa ikustean barreari eman nion une batez ere gelditu gabe. O, Bufoi noblea! O, bufoi jakintsua Koadroz jantzita ibili beharko genuke denok. DUKEA: Zer bufoi da hori? JAQUES: Bufoi noble bat! Gortesau izan den bat eta esaten du emakume gazte eta ederrek hori jakiteko dohaia dutela, eta bere buruan bidaian sobratzen den gaileta bezain lehorra lelokeriaz beterik dauzka zokomokak eta gero erabateko desordenuan jaurtikitzen ditu. Hobe bai ni ere bufoia banintz eta koloretako bufoi jantzia soinean erabiltzeko!!! DUKEA: Izango duzu bat. JAQUES: Gustora ibiliko naiz berarekin. Baldin eta zeure burutik erauzten baduzu belar txarra bezala hazten zaizun ni zuhurra naizelako ustea: Erabateko askatasuna eman beharko didazu eta eskubide zabalak, edonori putz egiten dion haizearenak bezalakoak, bufoiari dagokionez, eta nik nori erasotzen diodan gehien neure zorakeriez eta haretxek egin beharko berrerik gehien. Eta hori zergatik, ene jauna? Elizarako bidea bezain laua da argudioa. Bufoiaz kexatzen den zuhurrak, bufoia emango du, nahiz egin kontrako ahaleginak, kolpearen aurrean axolakabe agertzen ez bada, tentelaren begirada sotilenak ere agerian jarriko du zuhurraren zoramena: ... Jantzi, beraz, arropa eta emaidazu baimena pentsatzen dudana esateko eta alderen alde garbituko du mundu kutsatu honen gorputz kutsatua baldin eta munduak, egonarriz, nire sendagaia onartzen badu. DUKEA: Utikan! Badakit zer egingo duzun. JAQUES: Ona besterik ez. Edozer jokatuko dizut! DUKEA: Inorenak gaitzetsiz, bekatu nardagarriak egingo zenituzke zeuk: gurdari lizuna bezain likitsa izan bait zara zur, eta lohikeriazko erromesbidean bildu dituzun handituak eta koskor zornetsuak munduan barrena sakabanatuz ibiliko zinateke. JAQUES: Zergatik? Harrokeria bere horretan gaitzesten duenak, nolatan gaitsesten du inor jakinik! Itsasgora handi baten gisara ez al dabil itxurak egiten, arik eta nekaturik uhinek atzera egin arte? Eta zein emakume aipatzen dut gortekorik, emakume gortesauak ez duela merezi bere sorbaldetan printzeari dagokion bonbaziarik erabiltzea diodanean? Nork dio jakineko bat aipatzen dudala halako hori bere auzoa izan litekeelarik? Nor izan liteke bizimailaz hain apala, halakoaren luxua nik ez dudala ordaintzen esateko berari buruz ari naizela pentsatuz eta halakoaren tentelkeria nire hitzetara ez dela egokitzen? Nor? Esaidazu: Nor? Jakin dezadala nik zer eratara iraindu duen nire mihiak zeren zuzen izan banaiz berak iraintzen du bere burua, eta bera izan bada, basahateak bezala hegaz egingo du nire gaitzespenak inork beretzat hartu gabe. Baina, nor iristen da horra? (ORLANDO sartzen da) ORLANDO: Gelditu eta ez jan. JAQUES: Ez dut ezertxo ere jan-eta! ORLANDO: Eta ez duzu jango beharrean dagoena ase aurretik. JAQUES: Nondik atera zaigu oilar hau? DUKEA: Hainbeste harrotzen al du miseriak? Edota hain trauskila al zara kunplimentuak arbuiatu eta inolako gizabiderik gabe gelditzeko? ORLANDO: Asmatu duzu aurrenekoan. Behar gorriaren arantza zorrotzak ez dit uzten kunplimenduetan ibiltzen; baina ez naiz basatien artean jaioa, eta badakit ohitura onen berri. Baina, geldi esan dizuet! Hilko dut fruitu horietarik jango duena, nire beharrak ase baino lehen. JAQUES: Arrazoiak onartu beharrean zaude, bestela neu hilko naiz. DUKEA: Zer nahi duzu? Zure adeitasunak lehenago ekarriko gaitu arrazoira indarrak baino. ORLANDO: Utzi jaten. Gosez hil zorian nago. DUKEA: Eseri eta jan. Ongi etorria gure mahaira. ORLANDO: Horrela, gizabidez tratatzen nauzu. Barkatu arren, dena hemen basatasun berekoa zela uste nuen horregatik hartu dut agintari gogor itxura. Baina nornahi zaretela ere, basamortu urrun honetan zaudetenok, adar itzaltsu melankoliatian azpian, arduragabe uzten diozue orduei ihes egiten, egun hobeak ezagutuak bazarete, kanpai hotsak elizara dei egiten duen tokian bizitakoan bazarete, gizon jatorrak bere mahaira eserarazi bazaituzte inoiz, baldin begiek malkoz betileak inoiz garbitu badizkizuete eta inoiz errukia ezagutu edo sorteraz! baduzue, orduan, bedi gizabidea nire indarra eta nik, lotsaturik, maginan gordeko dut ezpata. DUKEA: Egia da egun hobeak ezagutuak garela eta kanpai hotsak elizarako deia egin izan zigula eta gizon jatorraren mahaitik jandakoak garela eta erruki sakratuak eragindako malkoak gure betileak garbitu izan dituztela? Eseri, ba, bakean eta hartu zeure gogora zerbitza diezazukegun guztia, eta zure gosea asetzeko izan dadila. ORLANDO: Utzi une batez jateari, zeren oreinama bere kumearen bila bezalaxe joango bait naiz jaten ematera: nire urratsen atzetik bereak arrastaka emanez datorren agure gaixo bat da eta maitasun hutsez gainera. Asebeterik ikusi arte bi gaitz handiren menepean dago: gosea eta zaharreria ez dut mokadurik jango. DUKEA: Zoaz bizkor bila, ezer ez bait dugu jango zuek itzuli arte. ORLANDO: Eskerrak ematen dizkizut. Zeruak bedeinka zaitzala laguntzarengatik. (Kanpora doa) DUKEA: Ikusten duzue ez gaudela bakarrik zorigaitzean: unibertsoaren teatro handi honetan gu ari gareneko eszena baino ikuskizun tristeagorik ageri da. JAQUES: Mundua eszenategi handi bat da eta komediante hutsak gizon-emakumeak! Eta markatuak dituzte mutisak eta agerpenak eta izendaturiko denboran paper ugari egiten dituzte, zeren zazpi arotan banatzen bait dira haien egintzak: aurtzaroa doa aurrena inudearen eskutan negarra eta lerdea dariola. Gero mutiko negartia dator bere motxila arrastaka, eta aurpegi dirdaitsuarekin goizero, barraskilo nekatuaren gisa, eskolaraino. Gero maitalea auspoa bezala puzka, bere maitearen bekainei balada tristeak eskainka. Eta soldadua biraoa dariola, bizarrekin, bere ohoreaz zelati, gogor eta zoli burrukatuz, kainoiaren aho-zuloan ere ikusten dituen aintza-punpuiloen atzetik. Eta gero epailaria sabel tripoil bikainekoa, kapoiz betea, begi zorrotzak, bizarra txukun moztua, epaiak eta zuhurritzak banatzen, bere papera antzezten. Seigarren aroak Pantalon zimurra aurkezten du zapatilatan, sudur gainean betaurrekoak eta boltsa saihetsean duela: ongi gorde zituen gaztetako galtzak lasaka geratzen zaizkie zango ziztrinei, eta morrosko ahots sendoa, haur tiplearen gisako bihurtuak txilibitu eta flauta hotsa du. Eta azken eszena honenbestez amaitzen da istorio gorabeheratsu hau bigarren haurtzaroa da edo ahazmena, begi gabe, hagingabe, zapore gabe, ezer gabe. (ORLANDO sartzen da ADAMekin) DUKEA: Ongietorriak. Eraitsi pardel dohatsua eta jan dezala ase arte. ORLANDO: Eskerrak ematen dizkizut berorren izenean. ADAM: Beharrezko da zuk egitea, eskerrak emateko ere ez bait naiz gauza. DUKEA: Ongi etorri. Jan. Ez bait dizuegu trabarik jarriko ezta galderarik egingo ere zuen abenturez. Tira, jo soinu pixka bat. Eta zuk, sire, kanta ezazu. AMIENS: Ufa, ufa haize gogor, giza-eskerra ez duk hi bezain jator Hire hortza ez duk beldurgarri arnasa baldin baduk ere urragarri. Hei-ho, kanta, kanta, heio-ho gorostipean adiskidea zitaldu eta maitea hiltzean. Hei-ho, kanta, gorosti berde. Hei-ho, kanta alai eta tente. Isur izotza zeru mingotsa, zure labana ez da hain hotza, Isuri, isuri, ur eta harri, zure kolpea ez bait da hain larri... Hei-ho... DUKEA: Belarrira susmurka esan didazunez, Sir Rowlanden semea baldin bazara, eta nire begiek haren irudi bizia eta zehatza pintatua zure aurpegian ikusten badute, ongi etorria hona, zure aita maite izan zuen duke hura bait naiz. Zatoz nire haitzulora eta emaidazu zeure abenturaren berri. Eta zu ongi etorria zure ugazaba bezala. Heldu besotik. Zu, zatoz nirekin eta kontaidazu gertatu zaizun guztia. (Kanpora doaz) |