RICHARD ERREGE BIGARRENARI SARRERA Ondo baino hobeto zekien Shakespearek zeinen eragin samina izan zuten Ingalaterrako jendearengan Richard Bigarrenaren erortze, destronatze eta hilketak. Bere obretako baten gaitzak hartzeaz gain, behin eta berriro egin zuen hartaz gogoeta, hala nola, Henry IV eta Henry V.ren bi zatitan eta Henry Vl.aren hirutan. Azken honetan, Richard-en ondorengoen erreinaldien erretratu zorrotza utzi zigun. Shakespearen iritziari jarraiki, Erregeren destronatzeak ekarritako ondorioak luzeak eta izugarri txarrak izan ziren, zeren hamabi mendetan ondorengo eskubidez agintzen zuen errege bati kendu bait zioten boterea. Horrek Arrosen gerrateetan aritzea ekarri zuen berekin. Bi etsai taldek tronua nork lortuko oldarki erasotuko zioten elkarri, eta herriak bata bestearen ondoren zetozen gerra zibilak sofritu ziten arik eta Henry VII.ak tronua irabazi arte, Richard hil eta 80 urte geroago (Ikus Taula Genealojikoa). Shakespearen iritziz, Ingalaterraren historian mementu arras garrantzitsua da hain zuzen ere, beronek historiaren bidea oro aldatu bait zuen, historiako une batean Erregek koroa erantzi eta Bolingbroken buruan jartzean. Horrexegatik dudarik gabe, oinarritu zuen Shakespearek botere aldatze horretan antzerkilan hauxe. Lehenago gertatzen den guzti guztiak eszena horretara garamatza, eta gero gertatzen den guztia ere eszena horren ondorio hutsa da. Shakespearek Richard II.aren hiru ekitaldi erabiltzen ditu eszena hori prestatzeko eta gertatu baino unetxo bat lehenago horretaz ohartzen gaitu honela dioenean: (Carlisleko Gotzaiaren ahotan jartzen ditu ikusteko dauzkagun gertakizunaren ondorio odoltsuak). Egitan diotsuet: Ingelesen odolak lurra aberastuko du. Etorkizunean, belaunaldiek negar egingo dute. Alde egingo digu pakeak, turko eta fedegabekoen artean egingo du lo. Pakearena zen tronu honetan gerrak besterik ez dira suertatuko. Senideak senideen kontra azalduko dira. Heriotza, izua, beldurra eta iraultzek hartuko dute gure lurra etxetzat, eta lur honi Golgotaren soroa, buruhezurren landa deituko diote denek. Geroxeago Richard-ek usurpatzaileari boterearen sinboloak ematen dizkion bitartean, banan bana izendatzen ditu Shakespearek ondotxo ohar gaitezen, lekuko garen prozesu horren garrantziak ez diezagun alde egin: Nere buruan hain gogorra izan den koro hau ematen dizut, Nere eskuan ezertarako balio izan duen errege-makila eskura dezazun. Nere bihotzari alde egiten dion erregeen boterea ematen dizut. Nereak diren eskuek ematen dizuten koroa. Nerea den mihi honek uko egiten dio Jainkoarengandik jasotako eskubideari. Nerea den arnas honek ezabatzen du noizbait egindako zina. Edertasuna, maiestatea, zuei egiten dizuet uko. Obra honen beste horrenbeste zatik bezala, tronugaltze horrek badu erritoan ohizkoa den erritmo lasaia, neurtua, bilatua. Ez da halere Richard II errege baten erortzearen erretratu soila, hunkigarri eta aldi berean ohoretsua, aitzitik; erortzearen zergaiti guztiak aztertzen dira obra honetan; konplexu izan ohi diren politika krisialdi handien zioak, urtetan eta urtetan zehar pilatu diren egoerak izan ohi dira berauen oinarriak. Gaur egungo historiagileek, non eta noiz hasi ziren Gerra Zibila edo Munduko Lehenengo Gerratea aurkitzeari gogor ekin diote. Shakespearek, historigile bihurturik, erortze horren jatorriraino iritsi nahi du, argi dago bestalde zioak ilun eta antzinako garaietan oinarritutakoak direla. Jakin, badakigu oso ikerketa lan sakona egin zuela honi ekin aurretik; Richard-en garaikide izan ziren historegileen idatziak irakurri zituen, baita poetenak eta dramagileenak ere. Idatzi hauetako asko Erregeren kontra azaltzen ziren, haien ustetan, Richard-ek ez omen zuen ez moralik ez gaitasunik. Bolingbrokek salbatu omen zuen herria hondamenetik. Beste idazle askok usurpatzaileari zioten gorroto, haien hitzetan, botere eta subiranotasuna zegokion erregea hil zuelako. halako oreka bat lortzen du Shakespearek, Richard ez bait da errege bezala oso kapaza, eta herriak ez du maite; eta horretan aurkitzen da hain zuzen ere erortzearen zioetako bat. Shakespearek halere beste zio asko aipatzen du, hala nola, Bolingbrokek bazekiela ondo jendearen adiskidetasuna nola lortu, prestu agertzen bazekiela, eta zergatik ez, patua edo bi pertsonaien artean dagoen harreman bitxia. Gauzak horrela, Shakespearen eraginez gertakizunen lekuko hotzak izango gara eta ez Bolingbrokek, ez Richard-ek ere ez dute geure amodioa lortuko. Egoera guzti hauen konbinaketa hain da eragingarria, denak bide beretik bait doaz, ezen hondamendia ezinbesteko zerbait balitzan agertzen zaigula. Bi gizon hauek prozesu bakar batean daude amildurik, baina ez batak, ez besteak ez du egoeraren kontrol osorik. Drama sortarazten duen lehenengo gertakizuna, Gloucesterreko Dukea, Tomas Woodstocken erahilketa, alegia, obra hasi baino lehenago gertatua da. Lehenengo eszenan zera ikusten dugu: Bolingbrokek eta Mowbrayek biek, jotzen dute heuren burua hilketa horren erruduntzat; Errege epaile dela, elkarri salatzen diote. Richard bera da egiazko erruduna, baina Shakespearek pista bat besterik ez digu ematen, gerta bait liteke, guk lehenengo mementutik Richard gorrotatzea, eta hori arriskutsua litzateke pertsonaia nagusietako bat delarik. Argi dakusagu beraz zein inpartziala agertzen den, Richard lehenengo eszenan eta zenbaterainoko handia den haren sekretua bigarrenean. Publikoaren aurreko errege ahalmentsua eta bere gelako bakardadean gizon ahulduaren nortasunak, behin eta berriro agertzen dira biak obraren zehar. Bolingbrokek eta Mowbrayek, erabakiko dute borroka izango dela erruduna aurkitzeko modua. Dueluan atzera egiten du Richard-ek eta bertan bi arerio atzerriratzen ditu. Erregeren erortze prezesuaren bigarren urratsa betetzen du gertakizun honek. Entzun entzuna dugu oraino, Richard errudun eta oldarti hutsa dela, baina ikusi ez dugu ikusi gaiztakeria bakar bat ere burutzen, aldiz, antza denez, biak atzerriratzen ditu, herria gerra zibilean murgil ez dadin. Honala dio berak: Lur honek laztandu dituen gizaseme hauen odolak ez du lur hau bustiko. Zoritxarrez, bere erabakiak berak uxatu nahi izan duen hondamendia sortarazten du. Urrengo urratsa ez da gizalegezkoa, baina bai politikoki konpreniezinezkoa; atzerrian dagoen Bolingbrokek heredatu behar zituen ondasun eta jabetzak, aita hil zaioiarik, Erregek berak eskuratzen ditu. Gauzak horrela, tronua eman dioen ondoretasun eta herentziaren lege berauei egiten die erronka. Hona hemen Yorken hitzak: Ez al da ba Gaunt hila? Ez al da ba Hereford bizirik? Ez al zen Gaunt gizon prestua? Ez al da Harry zintzoa? Ez al zuen batak merezi ondorengo bat edukitzea? Haren ondorengoa ez al zen ba seme maitagarria? Ken iezazkiezu eskubide guztiak, legeak, garaiak eta usadiozko eskubideak. Egizu gaur eta ez bihar, baina ez zaitez zu, zu errege bait zara eta kentzen dizkiozun eskubideek egin zintuzten errege. Horretaz gain, ondorio politiko ikaragarriak ditu kenjabetze horrek. Bolingbroke egoeraz probetxatuko da atzerritik etortzeko eta bere eskubideen alde borrokatzeko. Une honetantxe ohartzen gara hain zuzen ere, Richard-en ahuleziez; herriak ez du maite izugarrizko zergak ezarri dizkiolako eta bestalde ondasunak gogo bitxietan galdu dituelako. Ikusleak herriarekin egiten du bat eta erregeri bere begikotasuna ukatu. Une horretaz baliatzen da Bolingbroke zuhurra, Ingalaterrara itzuli eta Erregeri herronka egiteko. Shakespearek ez digu sekulan ere esango zerk bultzatuta itzultzen den Bolingbroke. Richardek Aditzera ematen dizkigu bere sentimendurik sakonenak, Bolingbrokek aldiz bere baitan gordetzen ditu. Ez dugu inon ere ikusten Bolingbroke etxeratzeko asmotan. Shakespearek egin egin lezake bakarrizketarik eta bertan zio horiek argiten jarri, baina halakorik ez du egiten. Osabarekin, Yorkekin eta gero Errege berarekin topo egitean, dagozkion eskubideak besterik ez ditu eskatzen. Hala eta guztiz ere, herentzia exijitzera datorren hori erresumaren jabe egiten da. Shakespearek ez digu gizon horren sendotasunaren berri ematen, eta hala ez dugu ez txalotzerik, ez uko egiterik. Bestalde, Richardek bere herriaren laguntza galtzen duen ahala, Bolingbrokek lortzeari ekingo dio. Atzerrira doanean, hitz goxoz ukitzen ditu herrikideen bihotzak, eta itzulian, denei egiten dizkie promesa ederrak, denek garaipenaren atsegina destatuko dutelarik. Nere lagunekin ahaztuko banintz, ez nintzateke gizon zorioneko. Maitasunak aberasten ditu nere ondasunak. Zuen amodioa da nere garaipenetan zoragarriena. Richardek inozo jokatu zuen eta berehala bereganatu Bolingbrokeren ondasunak. Maltzurra da Bolingbroke eta nahita iristen da Ravenspurghera Richard Irlandan dagoela. Errega itzultzean, baztertua du herriak eta galtzaile da, dagoenekoz zoritxarra sakonagoa da ere; leial zituen azken soldaduek, galeskoek traizio egiten diote bera etorri baino egun bat lehenago. Zerekin defendituko da? Errege izateko eskubidea eta nortasun sendoa dauzka arma bakarrak, eta arerioaren aurrean dagoelarik, Flint gazteluan, arma horiek ere baliogabeturik daude. Argi eta garbi adieraziko du Bolingbrokek eskubidez dagokiona besterik ez duela nahi: Jauna, ez dut neurea besterik nahi. Richardek, halabaina, dardarrean jarri eta bere burua eta erresuma ematen dizkio: Zurea zeurea da, ni neu ere zurea, den-dena. Richardek berak ematen dio amaiera bere erortze prozesuari. Ezinbestekoa da orain haren tronugaltzea, aurki geratuko da tronurik gabe. Pixkanaka pixkanaka jartzen ditu Shakespearek argitan iraultza odolgabeko horren zioak. Richard II, aldaketa politiko baten azterketa bezala hartuta, zorrotza eta zuhurra da; Shakespearek batzuetan historiegileak harritzen dituzten arrazoiak ongi baino hobeto azaltzen ditu. Halere, botere aldatze horrek ez du garrantzi handirik, Richard II bait da obraren Pertsonaiarik nagusiena, Shakespearek hain zuzen ere harengan eta haren erantzunkizunean bait du interesa. Hasera haseratik erakutsi digute haren nortasun sendoa azalekoa dela, eta nahiz eta legez errege izateko eskubide osoa eduki usteldua dago bere baitan, eta moralki ez da ere errege. Nola jartzen ditu Shakespearek bi nortasun hauek agerian? Ikuslego aurreko ospakizun eszenak, non Errege Bere Maiestate osoarekin agertzen bait da eszena barnerakoi batzuetan. Hauexetan, haren lagunekiko elkarrizketan atzematen zaio krudela eta bihotz ustelekoa dela; edota bera ezagutzen dutenak dira horretaz hitz egiten dutenak. Esaterako hona hemen nola erantzuten duen krudelaki eta zakarki Gaunten gaitzaren berri jakitean: Jauna, lagun iezaiezu sendagileei, joan dadila lehenbaitlehen hilobira. Badugu dagoeneko hiltzen ari den gizonaren irudia. Richard krudel agertzen zaigu geroxeago. Richarden axolagabekeria salatuko du Gauntek eta aditzera emango digu dagoen Ingalaterrari dion amodioa. Bi lehenengo ekitaldietan, poliki eta nahita kendu dio Shakespearek Erregerenganako ikuslegaren begikotasuna. Irlandatik itzuli arte ez dugu Richarden berri gehiagorik. Orduantxe, jendea nolanahi erabiltzeko ahalmena ematen dion boterea galdu duela oharturik, inoren meneko bihur daitekela konturatzen da Richard. Ez da bera orain bere menpekoen pareko: Zuek bezala ogia du jangauza. Sentitzen dut, maitatzen dut. Atsekabez beteta daukat bihotza, lagunak ditut beharrezko. Nola esango didazue ba zuek, nere menekoek Errege nauzuela? Eszena honetatik aurrera, guk Richard begiko izatea da Shakespearen nahia. Richardek boterea eta koipatsuak galtzen ditu, baina era berean ikasten du bere barnea hobeto ezagutzen. Halere, egoerek behartsu hutsa bihurturik, zaila egiten zaio begien aurrean duena ulertzen; bere burua pribilegiatutzat jotzen du askotan; bere arerioak Jainkoaren saminak lurraren gainetik ezabatuko ditu; bere ustetan martiria da eta errukarri agertu behar litzaiguke. Hasera haseratik mementuak bertan sentitzen duenak eraman du batetik bestera; batzuetan ausarta deritzogu orain, sarritzan berriz, pena dio bere buruari, eta pena horrek txunditu egiten du. Iadanik ez da jaio zenetik izan dena, errege. Ez dugu jakingo barneko beste nortasunaz inoiz jabetzen ote den. Kartzelan gertatzen den bakarrizketa horretan, bere lehengo ondakinekin bestelako berria eraikitzea saio mingotsa da. Richard ez da sekula zorioneko, ez da iraganean izan zenarekin gogoratzen, ez da gutxiago ere zertan bihurtu denaz jabetzean; desagertzea du esperantza bakarra: Naizena naizela ere, ez ni, ez beste inor. Gizaseme, ez da sekulan ere zorioneko izango, arik eta bere osotasunean desagertu arte. Shakespearek ez du soilik irudikatzen Richarden erortze eta hilketa, baizik eta familia baten desegitea, are gehiago historialdi baten amaiera. Senide, odolbereko diren ia pertsonaia guztiak, Edward III, Gaunt eta Yorken aita eta Richard eta Bolingbrokeren aitona zenaren ondorengoak berak ere. Edwarden nortasun sendoa, herriaren aldekoa, buruzagi kristauarena, hots, eredutzat jartzen zaigu behin eta berriro, eta Richarden ahulezia eta burugabetasunarekin parekatzen. Obra hasten denean, Edwarden zazpi semeak hilda edo zahartuta daude dagoeneko; Wodstockeko Tomas hil dutelarik, Gaunt eta York besterik ez dira geratzen. Biek ekartzen digute gogora urrezko garai hume, biek esaten dute penaz Richardek arbasoengandik eskuratutako lurraldeari egin diola traizio. Hondamendi usaina zabaltzen da obran zehar. Sarri ikusten ditugu pertsonaiak edonora abiatzeko unean. Gloucesterreko Dukeak betirako agurtzen du Gaunt; Gauntek semea; Bolingbrokek eta Mowbrayek atzerriratu baino lehen egiten diote agur heuren sorterriari; Richardek berak ere agur egiten dio Erreginari gartzelara joan aurretik. «La poésie du départ»ek betetzen du Richard II. Erortzen dauden etxeek, iluntzeek eta udazkenak areagotzen dute dena galzorian dagoelako sentsazioa: Sartzen den eguzkia, iluntzean entzundako musika, gauzak beraiek direna baino luzeago sentitzen ditugu gure barnean. Lehertu dira gure lurraldeko badietan dauden arbolak, Meteoritoek dardaraz uzten dituzte zeruetako izarrak. Naturazko hondamendi hauekin batera, Richard galbidean dagoela erakusten zaigu. Horrela, jendea haren ahuleziaz ohartzen delarik. Bolingbrokeren aurrean bera ez da inor, galtzaile hutsa besterik. Argiago dakusa horrela jendeak nola ari den erortzen, bai gizon bezala eta bai errege bezala ere. Esaterako, Irlandara iritsi berria detarik, bere gizonen traizioez jabetzen da, eta zein da haren jokatzeko modua orduan? Negarrez hasi; antza denez lur jota utzi du bere arerioaren indarrak: Jainkoarren! Eseri gaitezen lurrean! Konta ditzagun erregeen heriotz tristeak. Berriro ere, Flint gazteluko dorretik jaisten da Bolingbrokerengana eta bere arima biluzia erakusten dio hari. Ederki erabiltzen ditu Shakespearek drama bera eta elkarrizketa osatzeko bitartekoak. Erregea eta bere lurraldea galbidean sartzen den unean, Bolingbroke garaipenarantz doa zihurtasun osoz. Halatan, Richard galtzaile atera bada ere ez dakigu ondo Bolingbroke egiazko garailea den. Haren garaipena ez al da bestelako hondamen hutsa? Boterea eskuratu bezain pronto, ahaleginak egin behar ditu bere gortelarien artean pakea izateko. (IV. eszena) Eszena hauxe salaketa eta denen arteko tirabirez gainezka dago. Ezin ahaztu Richarden profeziaz, obraren haseran egina. Azkenengoz ikusten dugu Bolingbroke, Richarden hilketaz damuturik; eta bestalde, botereak berarekin daramatzan erantzunkizunetan ardura gutxiz eta erabat gogogabeturik aritzen da. Berriro agertzen zaigu Henry II.ren lehenengo partean, eta garaipenaren prezioa zer nolakoa den azaltzen digu: Kezkak hartuta, haren menekoak gara. Hurrengo krisialdia hurbil dago, Bolingbrokek, nekatuta, garaitua eta bihotz zimikoak janda dagoen horrek, Ingalaterra arras desberdinarekin aurkitu behar izango du oraingoan. Shakespearen lau lehendabiziko obrek, Ingalaterrako historia zuten gaitzat, honako hauexek ditugu hain zuzen ere: Henry VI.ren hiru zatiak eta Richard III.enak. Baliteke Richard II 1595 urtean egina izatea, hau da beste lau horiek baina bi urte beranduago. Zertan bereizten da Richard II? Historia eta akzio gutxiko obra da, baina pertsonaien harremanei eta sentimenduei dagokienean aberatsa, Erregeren sentimenduak garrantzitsuak dira oso, eta obra beronen erreinuaren azken urteetako kronika izateaz gain, bada ere barneko tragediaren kronika ere. Nola proposatzen du Shakespearek obra? Muturreko egoeran jartzen du Richard (Irlandatiko itzulia, Bolingbrokerekin Flint gazteluan izandako topaketa, erortze eta gartzelan bukatzea) bere sentimenduak adierazten libre uzten dio. Hori baino lehenago eta ondoren idatzitako «Love's labours last» eta «Romeo & Julieta» obretan bezala, Shakespearen tankera artifiziala apainduegia da; horrela, pertsonai bakoitzaren hitzegiteko eraz eta hizkera horren esanahiaz jabetzen da ikuslegoa. Formazko estilo horretan, esaldiak beste txikiagotan gauzatzen eta metaforak luze samarrak izanaz, ongi lotuko zaio Richarden barneko sentimenduak adierazteari. Halatan adieraziko dizkigu Bere Errege-gizasemearen sentimenduak. Hizkera tajutzeko era landu hori bestalde, bat dator eszena asko antolatzeko era erritualekin (Pentsa ezazue herronka eta tronugaltze eszenetan). Horrela, gure begien aurrean altxatzen den Erdi Aroko Ingalaterra, zaharkitua eta herdoildurik dago; mailaketazko gizarte hori amaitzear. Henry IV, Richarden ondorengoaren erreinua irudikatzen duen beste obretan, estilo mota ugari erabiliko du, gizartea sendo hura zati txikietan hautsia dagoenaren adierazgarri bezala. Begoña Lasa |