|     82 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


III. EKITALDIA

 

 

I. ESZENA

 

Bolingbrokeko landa

 

(Bristolen eta BOLINGBROKE, YORK, NORTHUMBERLAND, PERCY, ROSS, WILLOUGHBYsartzen dira BUSHY, GREEN atxilotuekin).

 

BOLINGBROKE: Azal itzazue gizon horiek! Bushy eta Green, ez ditut zuen arimak minduko, laster askatuko bait dira gorputzotatik, zuen kaltezko bizitza aurpegira botatzean. Ez naiz horren krudela halere. Eta nire eskuak zuen odoletik garbitzeko, aldarrikatu behar ditut jendeaurrean zuen heriotzaren arrazoiek.

        Printze bat galdu duzue. Guztion errege, leinu ohoretsuko jauna, zuen eskuetan bere jatorriaren nortasun guztia galdu duena. Eta lizunkeriazko uneak zirela-ta ere, bera eta Erreginaren arteko dibortzioa sortu. Errege-ohea edukitzerik ez dauka. Urratu nahasia direla-ta beronen begi ederrak ilundu eta malkoz bete eraziz. Neronek, jaiotzez printzea, Erregeren leinukoa naizena, eta zuek aholku gaiztoak eman arte haren maitasunaz gozatzen nuenek, zuen irainen aurrean makurtu nuen burua eta haize urrunetan hartu behar izan nuen neure ingeles arnasa, atzerriratuaren ogi mingotsa janez. Bitartean, nire ondasunez jabetzen zineten, nire parkeak hondatu eta nire baso guztiak suntsitzen zenituzten. Leihoetatik kendu zenizkidaten harmarriak, eta blasoiak ezabatu niri. Nire aitonen-semetasuna frogatzeko, jendearen oniritzia eta zainetan daukadan odola bakarrik utzita. Honek eta aipatu ez ditudan beste errazoi askok kondenatzen zaituztete hiltzera. Eramaitzazue borreroagana exekuziorako.

BUSHY: Atseginago dut nik heriotza, Bolingbroke Ingalaterrarentzat baino. Jaunak, agur.

GREEN: Geure arimak onartuko ditu zeruak eta infernuko oinazetara kondenatuko bidegabekeria!

BOLINGBROKE: Northumberland jauna, ardura zaitez horretaz!

 

(NORTHUMBERLAND eta besteak ateratzen dira atxilotuekin)

 

BOLINGBROKE: Osaba, Erregina zure etxean al da? Jaunaren izenean, eska ezazu harengandik. Aurkez iezazkiozu nire errespetuak eta nire goraintzirik beroenak eman.

YORK: Igorri diot zaldun bat zure errespetu eta goraintzien berri emateko.

BOLINGBROKE: Milesker jauna. Goazen gizonok, Glendower eta honen lagunen aurka burrukatu behar bait dugu. Lan piskat gehixeago eta gero atseden. (Badoaz)

 

 

II. ESZENA

 

Gales-eko itsas-ertzean. Gaztelu baten ikuspegia

 

(Danborrak. Apainkeria eta giroa. ERREGE, CARLISLE-ko Gotzaia, AUMERLE eta soldaduak sartzen dira).

 

RICHARD: Hori Barkoughby gaztelua al da?

AUMERLE: Bai, jauna, nola jasan dezake Bere Graziak honelako haize gordinik?

RICHARD: Atseginez egiten dut, pozaren pozez egiten dut negar berriro neure erresumen nagoelako. Lur maitea, zauritzen bazaituzte ere matxinoen zaldiek, agurtu egiten zaitu nire eskuak. Ama, bere haurra luzaro ikusi gabe negarrez eta barrez lehertzen den bezala, halaxe, negarka eta berrezka agurtzen zaitut nik eta heure eskuez ferekatzen. Zure jaunaren etsaiari fruiturik ez eman, ezta haren ankertasuna bigunddu ere. Zure gainean dabiltzan armiarmek eragotziko al diote beren pozoiaz bidea hari, eta kalte egin ibilkera indarlapurrez zapaltzen zaituzten oin traidoreai. Bidali haien aurka zure liztorrak, eta hartzen dutenean zure altzotik lorea, atera ezazu sugegorri bat beronen azpitik, mihi bi muturdunaren ukitzeak zure jaunaren etsaiei erakar diezaien hariotza jaunak. Etzaiozue birau honi iruzurrik egin, sentipenaren jabe bait da lur hauxe, eta harriak soldadu bihurtuko dira, beraien Errege legezkoa iraultza zitalarenpean erori baino lehen.

CARLISLE: Ene jauna, errege bihurtu zaituen botereak babestuko zaitu. Onartu egin behar dira zeruak eskaintzen dizkigun bideak. Bestela, hark eskainita guk laguntza onartzen ez badugu, konponbidea gaierazten dugu.

AURMERLE: Nagiak garela esan nahi du horrek, jauna. Eta Bolingbroke bitartean gero eta egoera boteretsuagoan aurkitzen da.

RICHARD: Lehengusu etsipenekoa. Ez al dakizu, bidelapur eta gaizkileak zeruko begi aztertzailea eguzkiaren globoaren atzean ezkutatzen denean, beraien odolezko lapurkeriak ausartkeriaz egiten dituztela ala? Baina, lurraren azpitik irtenda, urrutiko pinuen goi-mutur harroak jartzen ditu sutan, eta argiaz errudunen zuloak zuritu; orduan ba mendekuak, erabilketak eta bekatu nardagarriak gauaren estalkia galduta, biluzik eta beraien buruen beladur agertzen dira.

        Hala nola, Bolingbroke traidore eta lapur ziztrin horrek, gauaren babesean ezkutaturik dagoena, ikusiko gaitu etxetik urrun gauden bitartean, zutik oraindik geure tronoan; eta haren mendekuak gorriz tindatuko dio aurpegia, eta dardar egingo du bere zitalkeriaren aurrean egunaren argiaz ikaraturik.

        Itsasoko ur marmalari guztiak ere ezin du ta Erregeren burutik olioa garbitu. Ezin du eraitsi hilkor xehearen putzaldiak zeruko Jainkoak hautaturikoa. Bolingbrokek gure urrezko koroaren aurka azaltzen duen armadun gizon bakoitzagatik, bidaliko dio Jainkoak Richardi bere aingeru gloriatsuetako bat. Aingeruak nire alde, jausi egingo dira gizonak Zuzenbidearen zaindaria bait da zerua.

 

(SALISBURY sartzen da)

 

        Ongi etorria. Urrun al daude zure indarrak?

SALISBURY: Nire beso ahula baino ez urrunago, eta ez hurbilago, jauna. Etsipenak behartzen du nire ahos horrela mintzatzera. Egun bateko atzerapenak ilundu ditu zure egun zoriontsuek, ene jaun Handia. Itzul bedi atzokoa, deitu denborari eta hamabi mila soldadu izango dituzu. Gaur, zorigabeko eguna, berendu da iada. Gaurkoak zure lagunak eta boterea suntsitu ditu. Galestarrak, hil zinelakoan, zure aldea utzita etsaiari lotu zaizkie.

AUMERLE: Adore, jauna. Aurpegia goibel duzu.

RICHARD: Hogei mila gizonen odola zebilen nire zainetatik barrena atzo, eta denak joan al dira ba? Nola orduan odol hori nire aurpegira berriro itzuli? Ez al da hain goibel egoteko arrazoia?

        Doazela nire albotik segurtasun bila dabiltzan guztiak, madarikatu bait du denborak nire harrotasuna.

AUMERLE: Arren, ene jauna, gogoratu nor zeren.

RICHARD: Neure burua ahaztu nuen! Ez al naiz ba errege? Zutik, maiestate nagi hori, lotan al zaude? Ez al ditu Errege izenak hogei mila gizon balio? Armetara, armetara, menpeko doilor batek zure ospea zauritu nahi du eta. Etzazu lurrera begira, Erregeren begiko hori. Ez al gaude goien? Pentsa dezagun goitik! York nire osabak badu guri laguntzeko adina indar. Nor heldu da bada?

 

(SCROOP sartzen da)

 

SCROOP: Izan beza nire jaunak nik eman diezaiokedan baino zorion handiagoa.

RICHARD: Gertu naukazu entzuteko. Berririk tristeena ere galera handia ez da izango. Galdu al dut erresuma? Ez dio exolarik. Kezka handi batetik libratzen nau. Gu bezain handi bihurtu nahian dabil Bolingbroke, baina ez du lortuko. Jainkoaren morroia bada, gu ere halaxe izango gara harentzat. Matxinada al dugu? Ezin konpondu hori. Jainkoari eta guri huts egin digute. Esaidazu: hondamendia, sarraskia, erabateko galera, denetan da txarrena heriotza, eta heriotzak ere heldu behar du.

SCROOP: Pozgarria da bere Maiestatea hain sendo aurkitzea ezbeharra jasateko. Ibai garbiak gainez egitera behartzen dituen ezorduko ekaitza bezalaxe, mundu guztia negarretan itoko bailitzan; hala oldartu da Bolingbroken sumindura neurri guztiak hautsita. Zure herri ikaratua altzairu gogorrez eta are bihotz gogorragoz estalirik. Zure aurka altxatu dira bizar urdinak eta burusoilak; gizon helduren ahotsa atera eta zure aurka armadura astunak jantzi dituzte haurrek beren emakumezko gorputzetan. Zerrorren kaperauek erakusten dute nola zuzendu estatuaren aurka artezko arku bikoitzak, eta iruleak berek ere atera dituzte matxinadaren bandera zaharrak. Zahar eta gazteak matxinoak. Egoera nik esan baino larriagoa da.

RICHARD: Ondoegi, ondoegi azaldu dizkidazu honen berri tristeok. Non da Wiltshire Kondea? Non da Bagot? Zer gertatu zaio Bushyri? Non sartu da Green? Nolatan utzi diote hain etsai boteretsuari nire erresumaz horrela jabetzen? Irabazten baldin badut, beren larrutik ordainduko dute. Bakean egongo dira Bolingbrokekin, ezta?

SCROOP: Halaxe da, bakean daude, jauna.

RICHARD: Oi, bilau alenak! Sugeak! Bitez infernura kondenatuak! Edonoren eskutik jaten duten txakur alenak; nire odoletik hezitako sugeak, nire bihotza ziztatzen dutenak. Hiru Judas horiek! Judas baino ere gaiztoagoak, bakea egin al dute? Eraman bitza infernu ikaragarriak beraien arima zikinduak!

SCROOP: Maitasunik eztiena bihur daiteke ikusten dudanez, gorrotorik beldurgarrien. Gordeko al duzu madarikazioa. Lepotik egin dute pakea, ez eskutik. Heriotzaren kolpe gorena hartuta, zerraldo datzate hilobi sakonean.

AUMERLE: Hil al dira Bushy, Green eta Wilshire Kondea?

SCROOP: Bai, Bristolen moztu diete lepoa.

AUMERLE: Non dira nire aita eta haren Indarrak?

RICHARD: Axola al du! Ezazue kontsolamendu aipatu, mintza gaitezen hilobiez, barrez eta epitafioez. Bedi hautsa gure papera, eta idatz dezagun beraz geure saina lurrean. Hauta ditzagun geure aginduen ordezkariak. Baina hobeto ezetz, zer da lurrari utziko geniokeena, haren barruan geure gorpuak besterik? Gure lurrak, gure bizitzak, den-dena dagokio orain Bolingbroki, geurea heriotza besterik ez dugu. Buztienezko estatua txiki hauxe ere, gure hezurrentzat aterpe moduan daramaguna. Eser gaitezen lurrean Jainkoarren, eta konta ditzagun erregeren heriotzezko istorio tristeak. Nola izan ziren eraitsiak, edo gerraren batean hilak. Zein beraiek destronatutakoen itzalek jazarriak, zein emazteek pozonduek, zein lotan hilak; denak erabiliak. Erregeren baten buru hilkorra lotzen duen koroa borobil hutsaren barruan du Heriok bere gortea, eta hantxe garaitzen du. Erregeren botere eta ponpeziari burla eginez ematen dio aukera, erregenera egiteko eskena eta beldugarri izatekoarena. Kontzeptu hutsalez eta berekoikariaz betetzen uzten dio haragi hau, geure bizitzarentzat hesi moduan duguna, brontze hautsezina bailitzan.

        Iruzur eginda gero, etortzen zaigu azkenik, eta orratz txiki batekin zulatzen ditu beraren gazteluko harresiak. Eta, agur, errege! Estali buruak, eta ez iruzurrik egin haragi eta odolari adei horiekin; baztertu errespetua, tradizioa, itxurak eta edonolako zeremoniak, beti ibili bait zarete nirekin gezurretan.

        Ni ere ogitik bizi naiz, zuek hezala. Beharra sentituz, mina dastatuz, laguntza beharrean. Esklabu nauzue. Nolatan esan dezakezue ba ni errege naizana?

CARLISLE: Jauna, ez dute jakintsuek beraien ezbeharra deitoratzen, baizik eta galerazten saitu. Ahulezia da etsaiari beldur izatea. Indarra ematen dio hari; zeure adorea zure aurka bihurtuko da. Beldurtiak galtzen du. Burrukatzea ez da txarragoa berriz, heriotza heriotzaren bidez hondatzea bait da burruka; beldurrez hiltzea berriz. Heriori amore ematea.

AUMERLE: Gure aitak baditu Indarrak, elkar zaitez berarekin eta osatu armada.

RICHARD: Arrazoia duzue, bai. Bolingbroke harro hori! Joango gara zurekin borrokatzera gure azken judizioko egunean! Desagertu zait sukarra, eta lan erraza izango dugu gure erresuma berriro salbatzea.

        Esan, Scroop: non diren osaba eta bere armada. Esaidazu gizona, zergatik begiratzen duzun horrela.

SCROOP: Zeruaren tankeari begiratuta antzematen du gizonak eguraldiak dakarrena. Nabari ahal izango duzu halare begirada honetan, zerbait mingarriagorik esan behar dudala. Borrero modura jokatzen dut ekarri dizudan berririk gogorrena adierazten ez badizut: York zure osaba, Bolingbroki batu zaio. Eta, iparraldeko gazteluak jausi egin dira, eta hegoaldeko jaunak, armetan daude Bolingbrokekin.

RICHARD: Nahikoa esan duzu. (AUMERLE-ri). Eta zu lehengusu, zaitez madarikatua, bide gozotik itxaropenetara eraman bait nauzu. Zer diozu orain? Zer nolako itxaropena geratzen zaigu? Halajainkoa, betirako izango diot gorrotoa itxaropena izateko eskatzen tristeziaz. Erregek, petuaren esklabu, halabeharrari obedituko dio. Doazela ditugun soldaduak! Itzul bitez baserrira, bertan eta ez niregan bait dago itxaropena. Bainarik ez dut entzun nahi, hartuta dago erabakia.

AUMERLE: Jauna, entzuidazu...

RICHARD: Askoz ere min handiagoa ematen dit xurikeriarik esaten didanak. Goazela nire soldaduak! Ihes egin dezatela, Richarden gauetik Bolingbroken egunsenti argitaraua!

 

(Ateratzen dira)

 

 

III. ESZENA

 

Galesen. Flint gazteluaren aurrean

 

Danborraren soinupean sartzen dira BOLINGBROKE, YORK, NORTHUMBERLAND eta heuren indarrak).

 

BOLINGBROKE: Mezu honek dioenez soldadu galestarrek Richardi aldegin diote, eta Salisbury Erregeren bila joan omen da, berau kostalde honetan lagun batzurekin lehorreratu ondoren.

NORTHUMBERLAND: Berri pozgarriak dira oso, jauna. Richard hemendik hurbil izatea ezkutuan.

YORK: Hobe zenuke Northumberland, Richard Errege esatea. Egun zorigabea Erregek bere burua ezkutatu behar duena.

NORTHUMBERLAND: Oker zabiltza, ez dut eta laburtzeko besterik baztertu titulua-ta.

YORK: Garai batean Erregeri hainbeste laburtu bazenio, berak ere zuri laburtuko zizukeen, buru bateko luzera, zeure buruarena hain zuzen ere.

BOLINGBROKE: Etzazu behar baino okerragoan hartu, osaba.

YORK: Etzazu behar baino hobeagoan hartu zuk iloba, gain horretan begira bait dago zerua.

BOLINGBROKE: Badakit, osaba. Eta ez naiz ni haren aurka jarriko. Nor dugu hemen? (PERCY sartzen da) Agur, Harry! Gaztelua ez al da errenditzen?

PERCY: Jauna, gaztelua sendo babesturik dago zure aurka.

BOLINGBROKE: Benetan? Errege barruan al da?

PERCY: Hala da jauna, Errege gaztelukin dago. Harresi horien aterpean aurkitzen da Richard Errege. Eta berarekin Lord Aumerlek, Lord Salisburyk, Sir Stephen Scroop-ek eta nor ote den ez dakidan goi mailako elizgizon batek.

NORTHUMBERLAND: Carlisle-ko apezpikua zihur aski.

BOLINGBROKE: (NORTHUMBERLAND-i) Jaun noblea, zoaz gaztelu zahar horren harresiraino eta haren belarriei aldarrikatu brontzezko tronpetarekin honako mezua: Henry Bolingbroke Richard Erregeren aurrean belaunikatzen dela, eta bere menpekotasun eta leialtasunaren adierazpenik zintzoena bidaltzen. Armak beraren oinetan jartzera etorri naizela esaiozu. Baldin eta nire atzerriratzea deuseziatu eta nire ondasunak berriro itzultzen bazaizkit. Bestela, neure botereaz baliatuko naiz, eta udako bustiko dut hildako ingelesen zaurietatik isuriko den odolezko zaparradaz. Baina zenbaiteraino dagoen Bolingbroken arima, ekaitz gorri hori Richard Erregeren herri berde eta ederrean eror dadin galerazteko prest, nire menpekotasunak adieraziko du. Zoaz, emaiozu mezua, eta gu bitartean, belarrezko alfonbra honetatik barrena abiatuko gara.

 

(NORTHUMBERLAND gaztelu aldera hurbiltzen da, tronpetotsekin)

 

        Goazen danborren zaratots gorgarririk gabe, geure proposamen leialak argi entzun daitezen, gazteluko almena sortuko du ura eta suak sortzen duten beste ikaraldia, zeruen masailak urratzen dituenean berauen elkar jotze ikaragarriak. Bedi bera sua, ni ur menperatua izango bait naiz. Harengan haserrea, nik bustiko bait dut lurra neure euriz. Lurra, ez berarengan. Aurrera! Ea gure Erregek zer egiten duen.

 

(Bere buruarekin ari da hizketan eta agurtzen du. Harresitan sartzen dira ERREGE, CARLISLE-ko, Gotzaia, AUMERLE, SCROOP eta SALISBURY)

 

BOLINGBROKE: Horra, begira, Richard Errege berbera agertu da. Eguzkia, etsipenak jota ekialdea gorriztatuz sartzen denean bezalaxe ikusten bait du hodei bekaiztiak doazela haren ospea iluntzera eta haren mendebalderako bidaiaren urratsak lohitzera.

YORK: Errege itxura dauka oraindik. Haren begiek, arranoarenak bezain argi isladatzen digute erregetasun handia. Ez al du ilunduko irainen batek hain adierazpen harroa!

RICHARD: (NORTHUMBERLAND-i) Harriturik gaude, jauna! Itxaroten gauzkazu oraindik gure aurrean belauniko jar zaitezen. Oraindik zure legezko errege garela uste bait dugu. Hala baldin bagara nolatan ahaztu duzu gure presentziari zor diozun omenaldia egitea? Eta ez baldin bagara, erakuts iezaguzu hemen desjabetu gaituen Jainkoaren eskua.

        Ondo bait dakigu, ez haragizko, ez odolezko esku batek ere ezin digula gure erregemakil sakratua kendu, profanazioaren bidez edo lapurretan ez baldin bada! Denek zuk bezala egin dutela uste baduzu ere, gugandik alde eginagatik kondenaturik daude, lagun bakar bat ere gabe geratu gara; baina, jakin ezazu gure Jainko ahalguztidunak bildu duela zeruetan kiratsezko armada bat, sortzeko eta jaiotzeko diren zuen haurrak inongo urrikirik gabe hondatuko dituena, zuek nire aurka eskua jasotzeagatik eta nire koroaren ospe mehatxatuagatik.

        Esan Bolingbroki, behe hartan atzematen bait dut, nire erresumen ematen duen pausu bakoitza, traizio zitaltzat hartuko dudala.

        Gerra odoltsuaren ondorio gorria dakarrela heldu da, baina desiratzen duen koroan bakean utzi orduko, hamar mila gizasemeren koroa odoleztatuk desgisatuko dute Ingalaterraren aurpegi loretsua, odolaren kolorezko gorroto bihurtuko haren bake lasaitsua, eta odol ingelesarekin ureztatuko haren larreetako belarra.

NORTHUMBERLAND: Galeraz beza zeruetako Erregek, gure jaun Erregek sekula ere jasan behar izatea halako armada etsaiaren eta herriaren erasorik. Zure lehengusu hiru bider noble, Henry Bolingbrokek adei apala eskaintzen dizu, eta agintzen dizu zure aitona Errege zenaren hezurrak estaltzen dituen hilobiagatik eta zuen odolen erregetasunagatik, biak iturri bakarreko bi errekak bait dira. Eta Gaunt kementsua orain hilik dagoenagatik, baita beraren duintasunagatik ere. Agin daitekeen guztiagatik agintzen dizu, hura hona etorri dela, haren ondasun guztiak zure eskutik lortzeko besterik ez. Eta belauniko eskatzen du mesede hori erregegandik. Hala eginez gero Bere Maiestateak, haren armek herdoiltzeari utziko diote, zaldiak zalditegietara itzuliko, eta berriro ipiniko du Bere Maiestatearen aginduetara bihotza. Hauxe agintzen dizu printzea den aldetik. Bidezkoa da, eta jauna naizenez ni, fedea ematen dut.

RICHARD: Northumberland, honoko hau da erantzuna: ongi etorria izango da hemen beraren lehengusua, eta haren eskariak direnez onartuak izango dira inolako bainarik gabe.

        (AUMERLE-i) Duzun hitz jariotasun horrekin emaiozu Erregeren erantzunaren berri eta eskuminak.

        Amore eman digu ez da hala, lehengusu? Apal eta eztiegi agertu gara eta. Deituko al dut Northumberland berriro, herronka egin eta behingoz hiltzeko?

AUMERLE: Ez, ene jauna. Burruka gaitezen berba gizabidetsuez, denborak lagunak bidaliko dizkigu, eta lagunek ezpata lagungarriak berekin. Jauna, ene jauna, nire ahoak, bertan dagoen gizon harro hari atzerriratzeko zigorra agindu zuenak, honen koldarki atzera egin beharra ere. Oi, daukadan mina bezain handia banintz, honelako izen handia ez banu, izan nintzena ahaztuko banu, edo izan behar dudana ez gogoratuko.

        Bihotz harro hori, burrukatzeko beta emango dizut, gu biok hondatzeko bide librea bait du etsaiak.

AUMERLE: Heldu da Northumberland berriro Bolingbrokenetik.

RICHARD: Zer egin behar du Erregek? Errenditu? Egingo dugu. Eraitsia izan? Halaxe gerta bedi.

        Errege izena galdu behar al du? Jainkoaren izenean, gal dezala. Nire altxorra errosarioaren bidez, nire palazioa ermitaren ordez, jantzi ederrak eskale zarpen ordez; plater finak zurezko azpilen ordez; nire korpa erromesaren bidemakilaren ordez; nire menpekoak santu-imajina baten ordez, eta nire erresuma zabala hilobi apal eta txiki baten ordez. Hilobi apala eta txikia; hilobi iluna. Bide ertzean ehortzi nazatela. Nire menpeko guztien oinak beren erregeren buru gainetik ibili ahal izan ditezela dezatela etengabe. Nire bihotza zapaltzen dute jadanik eta zergatik ez burua ere lur azpian nagoela?

        Aumerle negarrez? Ene, lehengusu bihozpera, garai ilunak sortuko dira gure negarretik. Honexek eta gure zotinek udako uzta galtzea eta gosetea ekarriko dituzte gure herri matxinatura. Edo ezbeharra... Baztertzea hobe izango ote da? Eta gure negarraren gainean apostu egitea? Toki berean eror dakigula adibidez, arik eta hilobi pare bat lurrean zulatu arte. Da bertan honela esan: «Tira, ez litzateke batere gaizki egongo, ezta? Beno, ergelkeriak esaten ari naiz, eta zu farrez. Printze ahaltsu hori, ene Northumberland jauna, zer dio Bolingbroke Erregek? Utziko al dio Bere Maiestateak Richardi Bizirik jarraitzen? Keinu bakar bat zurea, eta berak esango du baietz.

NORTHUMBERLAND: Ene Maiestatea, behekaldean itxarongo zaitu hitzegiteko. Izango al duzu jaisteko gogorik?

RICHARD: Behera, behera jaitsiko naiz! Zoroki abiaturiko zaldia menperatu ezinean dabilen zalduna bezalaxe! Jaisteko esan dit. Asko jaistea, halafedea, Erregek traidore bati barkamena eman beharra.

        Behekaldean? Behera goaz, behera gortea, behera doa Errege bera; larratxoriaren ordez hontza kantari dabilen tokiraino jaitsiz.

BOLINGBROKE: Zer dio Maiestateak?

NORTHUMBERLAND: Etsipenak hartuta bere onetatik ateratako berebera ematen du, baina hala ere badator.

 

(ERREGE sartzen da, eta haren laguntzaileak behean geratzen dira).

 

BOLINGBROKE: Makur zaitezte, eta egin leku Bere Maiestateari. (Belaunikatzen da) Jaun ohoretsua.

RICHARD: Lehengusua, zeure printze-belauna iraintzen duzu lurra ukitzeraino makurtuz. Nahiago luke nire bihotzak zure maitasuna nabaritu, gizabidetasun guzti hori sofritu baino. Zutik lehengusu, zutik. (Eskuak buruan jarrita) Garatua da zure bihotza, koroa bezainbeste, belaunak makurtzen badituzu ere.

BOLINGBROKE: Jauna, ez dut neurea besterik nahi.

RICHARD: Zurea zeurea da, ni neu ere zurea, den-dena.

BOLINGBROKE: Zaitez nirea beraz, ene jaun ahaltsua, nire zerbitzuak zure oniritzia merezi duen artean.

RICHARD: Merezi du ba, nahi dutena lortzeko biderik indartsuena ezagutzen dutenek bezala. Osaba, hona zure eskuak. Lehor itzazu begi horiek, garbi dago maite nauzula, baina alferrik da.

        Lehengusua, gazteegia naiz zure aita izateko, zu berriz izan zaitezke nire ondorengoa. Nahi duzuna emango dizut, eta gogo onez gainera, egin beharra bait dago indarkeriak agintzen duena.

        Londresa abiatuko gara. Ongi al derizkiozu?

BOLINGBROKE: Bai, ene jauna.

RICHARD: Orduan, ezin ezetz esan.

 

(Agurtzen du eta joan egiten dira)

 

 

IV. ESZENA

 

York-eko Dukearen lorategia

 

(ERREGINA sartzen da bi miraberekin).

 

QUEEN: Zer jolas asma genezake lorategi honetan arduraren astuntasuna arintzeko?

LADY: Andrea, bolatan aritu gaitezke.

QUEEN: Mundua laztasunez betea dagoela gogoratzeko? Nire zoria erraturik balihoa bezala?

LADY: Andrea, eta dantzan bai?

QUEEN: Ez dute nire oinek atseginik hartzen, nire bihotza honen kezkaturik dagoela. Hobe dut ez dantzatu, bestelako jolasa.

LADY: Andrea, kontu-kontari?

QUEEN: Tristeak ala alaiak.

LADY: Bietakoak, andrea.

QUEEN: Inola ere ez, alaiek ni alai ez nagoenez gero tristeago ipiniko nautelako. Eta tristeek ni triste nagoenez gero tristura handiagoz beteko nautelako. Daukadana ez dago handitu beharrik, ez daukadana zertarako desiratu?

LADY: Andrea, kanta bat?

QUEEN: Ongi da, gogorik baduzu, baina egokiago litzateke negar piska bat.

LADY: Nik, negar egingo nuke, zure onerako.

QUEEN: Eta nik kantatuko, negarrak on egingo balit, zuri negarrik ez mailegatzeko. (Lorazaina eta bi zerbitzari sartzen dira) Hor datoz lorazainak! Ezkuta gaitezen arbola horien atzean. Nire miseria guztia egingo nuke politikaz arituko direla, guztien ahotan bait dago matxinada. Ezbeharrak ezbeharra dakar eta.

 

(ERREGINA eta mirabeek aldegiten dute)

 

GARDENER: Ea, lotu itzak hango albarikokeondo haiek, ume bihurriak bezala dituk eta, beren ama adarra zama astunez makurrerazten dutela. Ea, lotu itzak ondo adar makurtu horiek.

        Eta zurk borrero baten moduan moztu itzazu kimu horiek, azkarregi eta gehiegi koskortzen bait dira gure erresuman. Gobernuak dena menperatu behar. Zuk hor jardun bitartean, belar gaiztoak ateratzera noa ni, lurraren oparotasuna xurgatzen bait dute lore honen lepotik elikatuz.

SERVANT: Zergatik gordetzen ditugu guk legeak eta itxurak hesi baten barruan, lorategia, txoko hauxe, gure lur osoa belarrez betea dagoelarik? Lorerik ederrenak itotzen, arbola guztiak kimatu gabe; zuhaixkak hilda, parterreak zaindu gabe, eta landare guztiak belar gaiztoz inguraturik.

GARDENER: Zaude isilik, udaberri desordenatua sofritu duen hori hostoen erortzearekin heldu da. Hosto zabalak babesten eta jaten zituzten belarrak sustraietatik atera dira dagoeneko, Bolingbrokek atera ditu hain zuzen. Esan nahi dut, Wiltshire Kontea, Bushy, Green.

SERVANT: Hilda al daude ba?

GARDENER: Bai, hala daude; eta Bolingbrokek hartu ditu erregeren hondarrak. Penagarria da benetan hark ez zaintzea ez apaintzea bere herrialdea, guk jardin hauxe bezala! Arbolak kimatzeko garaiean gaude, gure fruitarbolak zuritzekoan. Ez diezaion ez kemenarik ez odolarik falta, gehiegizko aberastasunak nahastuko bait du bera; halako gizon handiak kemena behar du eusteko eta atsegin izateko dagozkion fruituez; baliogabeko adarrak mozten dizkiogu, dauzkan arbaztak bizi ditezen. Hala egin balu berak, eutsiko zuen koroia.

        Zenbat atsedenetako ordu galdu ditu alferrik.

SERVANT: Errege destronatua izango dela pentsaten duzu ala?

GARDENER: Atsekabetuta dago iadanik destronatua izango delako. Bart arratseko eskutitzak York Duke gure lagun onaren heriotzeko berri beltza dakarkigu.

QUEEN: Ene, hitzegiteko irrikak, hiltzeraino eramaten nau.

        (Aurreratzen da) Entzun, Adan antzeko agure horrek, lorategiaren arduradun. Nolatan ausartzen da zure mihia horrelako berriak ematen? Zein Evak, zein sugek esan dizu gizon zorigabekoaren erorpena antzesteko? Zergaitik diozu Richard Errege eraitsia izan dela?

        Ausartzen al zara, lurra baino gauza apalago hori, haren erorpena aurresatera? Esaidazu, nondik jakin dituzun berri ilun horiek. Esan, nazkante horrek!

GARDENER: Barkatu, andrea, poztasun gutxi ematen didate berri horiek, baina egiazkoak dira. Richard Errege, Bolingbrokeren esku boteretsuetan dago. Balantzan dira bien zoriak; zure jaunaren platerean bera bakarrik dago, baina Bolingbrokenean, parjaun guztiak daude. Zama horren bidez eraitsi du Richard Errege. Zoaz Londresa, ikusiko duzu nik diodana guztien ahotan dagoela.

QUEEN: Zorigaitz arina hain pausu azkarrekoa zarena. Niri zegokidan zure mezua, eta azkena izan naiz jakiten. Oh, ni azkenerako uztea pentsatu duzu, luzaroago gorde dezadan neuregan zure mina. Andreak, goazen Londresen bilatzera, dolutan dagoen Errege. Zertarako eta honetarako jaio? Nire begirada nahigabetuek Bolingbroke handiaren garaipena apain dezaten? Lorazaina, berri mingotsok emanagatik, ez al dira sekula koskortuko landatzen ari zaren landareak!

GARDENER: Hainbeste odola isurita, izango al da nire eginkizuna zuzena! Deabruak esan dit hala dela behintzat, zabaldua omen dela infernuan. Errege hilotzaren hondarrak hartu eta eraman behar ditut kanposantura hemendik.

 

aurrekoa | hurrengoa