|     82 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


V. EKITALDIA

 

 

I. ESZENA

 

London. Dorrera zuzentzen den kalea

 

(ERREGINA sartzen da zerbitzariekin).

 

QUEEN: Hemendik etorriko da. Hauxe da Julio Zesarren dorrerako bidea, haren harrizko barruan nire jaun eraitsiak Bolingbroke harroaren preso izan beharko duena. Har dezagun atseden, lur matxino honek legezko errege baten emaztea onartzen badu.

 

(RICHARD ERREGE eta gauzaina sartzen dira).

 

QUEEN: Isildu ba! Begira! Edo hobe ez begiratu. Ene lore zimel hori! Baina begiok, begira, errukiak gero bihur zaitzaten, eta maitasunezko malkotan garbi dezazuen haren freskotasuna. Oi, aintzinako Troia hiriaren irudi hori, itxura ohoretsua, Richard Erregeren hilobia. Baina ez Errege, edertasuna bera. Zergatik gorde behar duzu ezbeharra, garaipena tabernakide bihurtu delarik?

RICHARD: Etzazu bat egin minarekin, emazte maitea, nire amaiera bizkor ez dadin. Ikas ezazu, gure lehengo egoera amets alaia izan dela, eta itzarririk, lehenengoz ikusten ari garela benetan garena. Egiazko anaia naiz, gozoa, Beharraren parekoa, maitea. Hil arte joango gara elkarrekin. Zoaz Frantziara eta komenturen batean ezkutatu. Gure bizitzek beste mundua lortu behar dute, mundu honetan dagoeneko desjabeturik gaude-ta.

QUEEN: Zer diozu! Nire Richard hain ahuldurik al dago gorputzez eta gogoz? Zure gogoa ere eraitsi al du Bolingbrokek? Bihotzeraino heldu al zaizu? Lehoiak, hilzorian, hatzaparra atera eta besterik ezean bere inguruko lurra zauritzen du gorrotoak eraginda. Eta zuk, haurren moduan jasan egingo al duzu zigorra? Apaltasunez makurtuko al duzu burua oinazearen aurrean? Lehoia zara zu, animalien errege.

RICHARD: Animalien errege, halaxe da! Animalien errege izan banintz, gizonen errege nintzateke. Erregina izandako hori, zoaz ba Frantziara, ni hilda, heriotz-ohe gisako honetan neure azken agurra eman banizu bezala. Eta neguko gau luzeetan, eser zaitez sutondoan lagun maitaturekin, eta eska iezaiezu ezbeharreko garaietako istorioak kondatzeko. Eta amaitu ondoren konda iezaiezu zuk beraiei nire istorio iluna, negar-zotinka joan daitezen ohera. Zure doinu damutuarekin bat izango bait dira txingar sentigabeak, eta errukiturik itzali egingo dira, batzu lutoz jantziko eta besteak ikatzez estaliko errege eraitsi baten oroimenez.

 

(NORTHUMBERLAND sartzen da bestez lagundurik).

 

NORTHUMBERLAND: Ene jauna, Bolingbrokeren nahia aldatu da, Pomfretera joango zara, eta ez dorrera. Andrea, badut ere zuretzat agindua, Frantziara joan zaitezen agudo.

RICHARD: Northumberland, Bolingbrokek nire tronura igotzeko erabili duen eskailera hori, denbora luzea igaro baino lehen, zure krimen zitala heldutasunera iritsita, ustelkiratsa ematen hasiko da. Behin berak erresuma erdia emango balizu ere, helduko zara pentsatzera, zure laguntzaren truke urria litzatekeela. Eta berak ordea, erregeak eraisten horren iaioa zarelarik, pentsatuko du ez duzula laguntzaren beharrik, inongo laguntzarik, bazarela bera eraisteko bidea ere aurkitzeko gauza. Gaiztoekiko zaletasuna, beldur bihurtzen da. Beldurra gorroto, eta gorrotoak merezitako arriskura gidatzen du. Edo heriotzera agian!

NORTHUMBERLAND: Errua eror bedi niregan, eta aski da horrekin. Esazue agur joan beharra daukagu eta.

RICHARD: Barrutik gabeko gizon horiek, bi ezkontza batera moztu nahian al zabiltzate? Nire koroarekikoa bata, eta emaztearekikoa bestea. Musu batez askatuko dut gure arteko agindua. Baina hobe ez, musu batez lotua bait zen. Alden gaitzazu. Ni iparraldera noa, eguraldia hotz eta gaitzapean zurbiltzen den tokira. Emaztea Frantziara, hain ponpezia handitan bildurik, maiatz gozo bera bezala apaindurik etorri zen tokira. Domusaindu eguna bailitzan itzuliko da orain.

QUEEN: Elkarrengandik aldendu behar al dugu?

RICHARD: Bai, derriorrez, maitea. Baina ez bihotzez.

QUEEN: Atzerrira ezazue Errege ere nirekin.

NORTHUMBERLAND: Hori ez litzateke politikoa izango.

QUEEN: Utzidazue beraz berarekin joaten niri.

RICHARD: Honela nahigabeturik egoteko biok? Bertan egin nigatik negar, eta nik hemen. Hobe dugu elkarrengandik oso urrun egon. Zoaz zure hasperenezko bidean, ni neure aienezkoan.

QUEEN: Hala, bide luzeena duenak gehiago penatuko bait du.

RICHARD: Bi pausuetatik etsipenezko bat emanez, nahiz eta bidea laburra izan, bihotzaren zamak atzeratuko nau. Zatoz, zatoz, labur dezagun gure oinazea, izango bait dugu dolurako astia. Musu batek batu gaitzala eta alden gaitezen. Hona hemen ene bihotza eta zurea neretzat.

QUEEN: Emaidazue berriro, agur tristea hiltzen denera arte zure bihotza gordetzea. Neurea berriro dudanez, banoa. Ito egingo ai dut bertan, negarrez!

RICHARD: Kalte egiten digu atzerapen guzti honek. Behin berriro adio. Minak esan beza gainerakoa.

 

(Ateratzen dira).

 

 

II. ESZENA

 

York-eko Dukearen Jauregia

 

(YORK-eko Dukea eta Dukesa sartzen dira).

 

DUCH: Jauna, negarrak zure kontakizuna etenerazi duenean gure bi senideen Londreserako halduera kondatzekotan zeunden, ez da hala?

YORK: Non geratu naiz?

DUCH: Puntu triste horretan, jauna. Esku arrunt eta gaiztoek leiho guztietatik zaramak bidali omen zizkioten Richard Erregeri.

YORK: Bai, bai, eta orduan Dukea, Bolingbroke harroa zaldi oldarti baten gainean zetorren, eta zaldia zeramanaren jakinean izango zen, pausua motelduz zihoala bai zirudien. Eta jende guztia oihuka: «Bizi bedi Bolingbroke». Leihoak mintzatuko bailiran, hain zeuden haren aurpegia ikusteko bultzaka zebiltzan buru gazte eta zaharrez beteak. Orma guztiek ere, tapizezko irudien bidez, gauza bera zioten: «Ongi etorria, Bolingbroke». Eta berak, alde batera eta bestera begira, burua huts, zaldi harroaren lepoa baino beherago iritsita, erantzuten zuen: «Eskerrik asko herkideok». Eta bide guztian horrelaxe.

DUCH: Ene, Richard gaixoa! Eta bera bitartean?

YORK: Antzerkian bezalaxe, antzesle nagusiak agertokia utzita, bigarrenarengan begiak tinkatzen direnean bezala, lehengoaren lana aspergarria izan zelakoan. Halaxeko mespretxuarekin begiratu zioten Richardi, ez zuen inork ere esan «bizi bedi», aho alaitsu bakar batek ere ez zion etxerako ongi etorria eman. Ez horixe, zaramak bota zizkioten. Eta berak etsipenez jasaten zuen irain hura. Irrifarrez eta malkoz beteta zeukan aurpegia, mina eta etsipenarekin. Jainkoak, arrazoi ezkutu batengatik ez balu altzairuz bildu gizasemeen bihotza, negarrez lehertuko ziren. Baina zeruetako eskua dago auzi honetan, eta haren borondate boteretsua onartu beharra dugu. Bolingbrokek haren menpeko gaitu, beronen ohorea onartzen bait dut.

DUCH: Hor dator Aumerle gure semea.

YORK: Aumerle izandakoa, baina Richarden laguna izanagatik galdu eta Rutland izena duena. Beragatik eman dut neure hitza Errege berriaganako haren leialtasuna zintzoa izango dela.

 

(AUMERLE sartzen da)

 

DUCH: Ongi etorria seme. Zeintzu dira orain liliak, udaberriaren zelai berdea loratzen dutenak?

AUMERLE: Ama, ez naiz horretaz arduratzen. Axola al zait niri horietako bat izatea?

YORK: Zintzoa izan zaitez udaberri honetan, sasoia baino lehen atera nahi ez baduzu.

        Eta Oxford aldean? Jai eta dorneotan oraindik?

AUMERLE: Dakidanez, halaxe da.

YORK: Zeu ere joango zara, ezta?

AUMERLE: Jainkoa bitarte, bai jauna.

YORK: Zer agertzen da zure arropa artetik? Zurbildurik ala? Erakutsi!

AUMERLE: Jauna, dela-ta? Ez da ezer.

YORK: Ez larritu ba orduan. Jakiteko irrikitzen nago, erakutsi gutuna.

AUMERLE: Barka iezadazu, aita jauna. Garrantziarik gabeko kontua da, baina baditut ez erakusteko arrazoiak.

YORK: Eta nik ere baditut ikusteko arrazoiak. Beldur naiz, beldur naiz.

DUCH: Zeren beldur? Huskeria hutsa da, hartuko zuen konpromezuren bat festarako jantzi bat dela-ta edo.

YORK: Konpromezuren bat? Beste bati zor dionaren agiria berekin eraman, tuntun hori? Gazte, gazte, erakutsi gutuna.

AUMERLE: Arren, aita, barkatu, ezin dizut erakutsi.

YORK: Jakin beharra daukat, emaidazu hori.

 

(Gutuna bularretik kentzen dio eta irakurtzen du).

 

        Baina, traizioa da. Bialua! Traidorea! Zital hori!

DUCH: Jauna, zer gertatzen da?

YORK: Baina, nor dago honen atzean? Etorri agudo! (Zerbitzari bat sartzen da). Prestatu zaldia! Jainkoarren zer traizio mota da hau?

DUCH: Zer gertatzen da, Jauna?

YORK: Nire botak hona lehenbaitlehen! Prestatu zaldia!

 

(Zerbitzaria joaten da).

 

        Orain, nire ohoreagatik, nire bizitza eta fedeagatik, traidorea salatu beharko dut!

DUCH: Zer gertatzen da baina?

YORK: Isilik, tuntun hori!

DUCH: Ez naiz isilduko! Zer dio gutunean, Aumerle?

AUMERLE: Zaude lasai, ama, neure bizitzaz bakarrik erantzun beharko dut.

DUCH: Zeure bizitzaz?

YORK: Ekarri nire botak!

 

(Zerbitzaria sartzen da botekin).

 

        Erregegana noa.

DUCH: Lasai, Aumerle, gaisoa, izuturik zaude. Alde nazkante hori, desagertu nire bistatik!

YORK: Hm, ekarri hona botak!

DUCH: Arren, York zertan zabiltza? Ez al duzu ezkutatuko zerorren odolaren bekatua? Gure seme bakarra, inoiz izan duguna, ez al du denborak nire ernaitasuna agortu? Gure semea nire ondotik kendu nahi duzu, eta nire ama izena ere lapurtu? Ez al da zurea? Ez al du zure izena?

YORK: Andre burugabe hori, azpijoko ilun hau ezkutatu nahi al duzu? Hamabi dira zin egin dutenak, eta eskuizkribuez loturik daude, Oxforden Errege hiltzeko!

DUCH: Ez da izango. Hemen gordeko dugu. Bai, salbatu egingo dugu.

YORK: Ez, erotuta al zaude? Neure semea halko hogeitan ere salatuko nuke.

DUCH: Zuk ekarri bazenu, mundura sofritzen nik bezala, erruki handiagoa izango zenuke, baina orain, ulertzen zaitut, zure ohantzeei traizioa egin niela susmatzen duzu, bera sasikoa izanik, ez zurea. York maitea, senar maitea, etzazu hori pentsa, ez du nire ez nire leinukoen antzik, baina asko maite dut halere, asko maite dut.

YORK: Zaude isilik, andre zoro hori! (Badoa).

DUCH: Arin Aumerle! Hartu beraren zaldia! Zoaz agudo eta heldu lehen Erregegana. Eska iezaiozu barkamena, atzean geratuko naiz ni, York bezain arin ezin izango bait naiz joan. Eta heldutakoan, etzaitez lurretik zutitu, Bolingbrokek barkatu arte. Arin! Zoaz!(Ateratzen dira).

 

 

III. ESZENA

 

Windsor-eko Gaztelua

 

(BOLINGBROKE sartzen da ERREGE bezala, PERCY eta beste Jaunekin).

 

BOLINGBROKE: Inork ez al dit nere seme etxe-kaltearen berririk emango? Hiru hilabete dira ez dudala ikusi. Badago guregan izurriteren bat erortzear, bera da ziur aski. Jaunak aurkitu behar dugu. Galdetu Londreseko tabernetan, han egoten omen da gau eta egun. Esan, esaten dute karrika ilunetan ezkutatzen dela eta edonori poltsa edo erlojua lapurtzen. Emakumetxo ematen duen mukizu horrek lapurrak ditu babespean.

PERCY: Orain egun pare bat egin nuen topo Printzearekin eta Oxforden lortutakoaren berri eman nion.

BOLINGBROKE: Eta zer esan zuen, mukizuak?

PERCY: Hona hemen erantzuna: puta-etxetara joango zen, hango lagunetan inozoenaren eskularrua hartu, ohorea balitz jantzi eta erronka egiteko prestatuena jaitsiaraziko zuela zalditik.

BOLINGBROKE: Moralarik ere ez dauka, esperantzarik ere ez. Baina, itxaropen izpiak ikusten ditut, helduaroa iristean agian. Baina, Nor datorkigu?

BOLINGBROKE: Zer du gure lehengusuak, horren begirada bortitza dakarrela?

AUMERLE: Jainkoa zurekin, eskatzen dizut, jauna, zurekin bakarka hitzegitea.

BOLINGBROKE: Utz gaitzazue bakarrik, jaunak.

 

(PERCY eta Jaunak ateratzen dira).

 

        Zein da beraz arazoa, lehengusu?

AUMERLE: Erro daitezen nire belaunak! (Belaunikatuta) josita gera bedi nire mihia, ez badidazu hitzegin baino lehen barkatzen.

BOLINGBROKEN: Okerra, zer izan da, saio hutsa ala burutua? Lehen kasuan, zure leialtasuna neureganatzearren, barkatu egingo dizut.

AUMERLE: Utzidazu atea giltzaz ixten, inork ez dezan diotsudana entzun.

BOLINGBROKE: Ongi da. York-eko Dukeak atea jotzen du.

YORK: (Kanpoan) Jauna! Arriskuan zaude, argi ibili! Traidore bat daukazu zure aurrean!

BOLINGBROKE: (Zutik jarrita) Bilaua! Zureak egin du!

YORK: (Kanpotik) Ireki! Errege axolagabe eta ausart horrek, traizioaz hitzegitera behartuko al didazu? Ireki, bestela eraitsi egingo dut.

AUMERLE: Eutsi eskuari, jauna. Ez daukazu zertan kezkatu beharrik.

 

(YORK sartzen da).

 

BOLINGBROKE: Zer gertatzen da hemen? Esan, osaba. Hartu arnasa, eta esaidazu non den arriskua, aurka egin diezaiogun.

YORK: Irakurri hau, hemen dio «traizioa». Ezer ezin dizut esan nik.

AUMERLE: Gogoratu jauna, zure hitza. Damuturik nago, ez irakurri nire izena. Bihotza eta eskua ez bait datoz bat.

YORK: Zure izena idatzi aurretik, etorri zen ba, bilau alena. Atera dut Errege, traidorearen eskutik. Beldurrak eta ez leialtasunak eraginda dator, etzaitez errukitu, ez dadin gerta errukia suge pozoitsu bat bihurtzerik.

BOLINGBROKE: Oi, azpijoko izugarri eta porrotagarria halakoa!

        Oi, traidore baten aita leiala, ur garbi eta gardenezko iturria, nondik erreka bat sortzen bait da, lur lohitsuak zeharkatuz, bere ibilbidea zikintzen baita beraren izena lohiaz ere betetzen. Zure ontasuna gaiztakeria bihurtu da, baina zure bertuteak barkatuko du zure semearen okerra.

YORK: Hala, nire bertutea beraren okerrean galduko da! Eta haren lotsak nire ohorea gastatuko du, seme batek aitaren urrea gastatzean bezala. Nire ohorea biziko da, desohorea hiltzen denean. Nire lotsa beraren desohorean datza. Ni hilko naiz, bera bizizgero, barka iezaiozu. Traidorea bizi eta leiala hilko bait da. (Kanpoan).

DUCH: Ene Errege! Ene jauna! Jainkoarren! Utzi sartzen!

BOLINGBROKE: Zein ahots arrenkari ari da kanpoan horrela oihuka?

DUCH: (Kanpotik) Andre bat, zure izeba! Errege jauna, ni nauzu!

        Ireki ezazu jainkoarren! Ireki atea! Eskatzen dizunak inoiz ez dizu ezer eskatu!

BOLINGBROKE: Gure antzerkia ez da jadanik hain zerioa, «Errege eta Eskalea»rena bihurtu da. Lehengusu, entzun, ireki zeure amari, zure barkamena eskatzera dator eta.

YORK: Nork ere eskatzen bait dizu, barkamen emateak krimen gehiago elikatu ditu, jauna. Bai, zati ustela moztuz gero, besteak sano geratuko, baina utzi berau eta dena ustelduko da.

 

(Dukesa sartzen da).

 

DUCH: Errege, ez sinetsi, gizon bihozkabe horri! Bere burua maite ez duenak ez du inor maite.

YORK: Txoriburu alena, zertara zatoz hona?

        Suge traidore bat babestu nahian zabiltza ala, atso hori?

DUCH: York maitea, zaude lasai. Entzuidazu arren Errege jauna. (Belaunikatuta).

BOLINGBROKE: Zuti zaitez, izeba.

DUCH: Erregutzen dizut, oraindik ezetz, Belauniko ibiliko naiz betirako, eta ez dut inoiz egun zoriontsurik, arik eta zuk zoriontasuna ekarri arte, gure Rutland barkatuta, gure seme erruduna.

AUMERLE: Nik ere erregutzen dut, jauna.

 

(Belaunikatuta).

 

YORK: Eta nik ere bion aurka erregutzen dizut belauniko, etzaiozu barkamena eman, Errege jauna.

 

(Belaunikatuta).

 

DUCH: Ez dabil seriotan, begira ezazu, ez du negarrik isurtzen, ahotik datozkio hitzak, baina guri bihotzetik datozkigu zuzenean. Ez du benetan sentitzen, eta uko diezaiozun nahiago luke, bihotz eta arimatik ari gatzaizkigu erregutzen. Beraren belaunak irikitzen daude zutitzeko, ziur egon, gureek hemen jarraituko dute lurrean itsasi arte. Beraren erreguak faltsukeriaz beteta daude, gureak egiatiak eta zintzoak dira oso, gure erreguak handiagoak dira. Emaiezu beraz erregu hitzekoek merezi duten barkamena.

BOLINGBROKE: Izeba, zuti zaitez.

DUCH: Ez, etzazu esan zutitzeko. Aurrena, barkatu, eta ondoren bai zutitzeko. Ai, zure hazama banintz, hitzegiten erakutsi behar banizu, barkatu litzateke lehena. Zer balio duen hitz batek ez nuen ezagutzen. Esan «barkatzen dut», errukiak erakuts diezazula horren berba laburrak nola ebaki, egokiena bait da erregeen ezpainetan.

YORK: Hitz jokotan ari al zara une larri honetan?

DUCH: Ai, ene senar garratz horrek, gizon bihozkabea halakoak, hitzak hitzen aurka jartzen ditu, gure hizkuntzak ez ditu sotiltasun bitxi horiek ezagutzen, ez ditugu ulertzen. Zerbait dio zure begiak, jarrai ezazu, edo nahiago baduzu, entzun biezaiote zure belarriek zeure bihotz errukiorrari barkatu hitza esaten duzunera arte.

BOLINGBROKE: Izeba, zutitu mesedez.

DUCH: Ez dizut eskatu zutierazteko! Barkamena da nire eskari bakarra.

BOLINGBROKE: Barkatzen dut, Jainkoak ni barka nazan.

DUCH: Oh, belaunikatzearen emaitza pozgarria. Dardaka nabil halare. Esazu berriro, birritan barkamena ematea, ez bait da bi bider barkatzea, sendoago barkatzea baizik.

BOLINGBROKE: Bihotz-bihotzez, barkatzen dut.

DUCH: Jainkoa bera zara, lurrean.

BOLINGBROKE: Baina gure koinatua den artean, eta abatea, eta gainerako konspiratzaile guztiei, orpoz-orpo doakie hondamendia atzetik. Bidal itzazu soldaduak Oxfordera, edo dauden tokira. Mundu honetan ez dute niregandik ezkutatzerik izango. Harrapatu egingo ditut. Zoaz osaba, Eta lehengusu, adio. Zure amak salbatu zaitu, zaitez leiala.

DUCH: Goazen, ene semea, Jainkoari eskerrak ematera.

 

(Ateratzen dira).

 

 

IV. ESZENA

 

Windsor-eko Gaztelua

 

(Pierce EXTON jauna eta Zerbitzari bat sartzen dira).

 

EXTON: Ez al duzu entzun Erregek esan duena? «Ez dut lagunik beldur honetatik libra nazan», ez al du hori esan?

SERVANT: Horixe esan du, bai.

EXTON: «Ez dut lagunik» esan du, bi bider esan du; eta gero ere beste bi bider, ezta?

SERVANT: Hala, da.

EXTON: Eta hori esatean, niri begira zegoen. Galdezka:

        «Zu izango al zara nire bihotza beldurretik libratuko duena? Pomfreten dagoena, alegia. Ea, goazen. Erregeren laguna naiz, eta neuk libratu behar dut.

 

(Ateratzen dira)

 

(RICHARD ERREGE sartzen da).

 

RICHARD: Pentsatzen ari naiz, nola pareka daitekeen presondegi hau munduarekin. Kanpoko mundua jendetsua da, eta hemen berriz ni beste inor ez dago. Ezinezkoa dut, baina halare saiatuko naiz.

        Nire arimaren emea bezalakoa da nire gogora. Arima, gogoaren parekoa. Eta bi hauek, pentsamendu-leinu bat osatzen dute, eta beste berri bat gero. Pentsamendu hauexek mundutxo honetan bizi dira, hanpoko munduko biztanleen antzera, ez bait dira ezerekin ere pozik geratzen.

        Hoberenak, zeruko arazoak bezala, arrenguraz beterik daude, eta burruka latzak sotzen dituzte hitzekiko. Alegia: «zatozte apal horiek», eta areago: «Askoz zailagoa da aberats bat zeruetako erresuman sartzea, gamelu bat orratz baten begitik baino». Handinahiaren pentsamenduek, ezinezko mirariak sortzen dituzte, hala nola, hatzazal ahul hauek bide bat irekitzen didatela, mundu gogor honen horma gordinetan zehar hau da, nire gartzelako hormetan, eta ezin dutenez beren harrokeriaz hil egiten dira. Etsipenezko pentsamenduak kontsolatzen gaituzte zoriaren lehen esklabuak ez garela esanez, ezta azkenak izango ere eskale horiek bezala, artean, harrapatuta beraien lotsatik kontsolatzen direnak beste askok gauza bera jasan dutelako, pentsamendu horrek poztu egiten ditu, beren ezbeharra, oinaze berbera jasan behar izan dutenen bizkarrean daramate-ta. Hala, ni, pertsona bakar baten aktore asko osatzen, bakar bat ere zoriontsua, Errege naiz batzutan, eta traizioa dela-ta eskale bihurtu nahi. Horixe naiz. Miseria horrek orduantxe esaten dit errege nintzela hobeto nengoela. Eta errege naiz berriro, eta bapatean Bolingbrokek eraitsiko errege naizela konturatzen naiz, eta orduan ez naiz ezertxo ere. Naizena naizela ere, ez ni, ez beste inor, gizaseme, ez da sekulan ere zorioneko izango, arik eta bere osotasunean desagertu arte. Musika al da hori? Oh, ondo neurtu ondo! Musika ez da batere atsegina, neurria eta puntua ondo hartzen ez direnean. Halaxe da giza bizitzen musika. Eta bertan, nire belarria hain zolia denez, laster harrapatzen du okerren batzen disonantzia. Ez dut belarririk izan ordea, jakiteko nire denbora boterearekiko armoniaren falta izugarrian zegoela. Denbora alferrikaldu dut zeharo, eta denborak ni alferrikaltzen nau, bere zerbitzurako erlojutzat erabiltzen bait nau.

        Gogoetak minutuak, nire hasperenak neure begien gainean ordua markatzen duen tiki-taka, eta nire atzamarra, orratzaren modura hara joaten da beti malkoak garbitzearren; eta gainera, zer ordu den markatzeko hotsa egiteko, nire bihotzaren kanpaian jotzen nauten aiene mingarriak erabiltzen ditu, beraz, hasperenek, malkoek eta aieneek segunduak eta orduak markatzen dituzte. Baina nire denbora Bolingbroken poztasun harroaren atzetik doa lasterka! Eta ni bitartean hemen, beraren erloju modura! Erotu egingo nau musikak! Utzi jotzeari! Musikak sarritan beren senera ekarri izan baditu ere, gizon sanoak erotu egin ditzake eta. Halare, bedeinkatua bedi musikaria. Maitasun-froga bait da, eta maitasuna Richardentzat pitxi paregabea da gorrotatzen duen mundu honetan.

 

(Zaldiketarietako bat sartzen da).

 

GROOM: Agur Errege jauna.

RICHARD: Milesker jaun noble hori! Gutariko inork ere ez ditu hamar txanpon balio. Nor zaitut? Nolatan zatoz hona, janaria ekartzen didan zaindari hura beste inor etortzen ez den toki honetara?

GROOM: Zure ikuluetako morroia nintzen, errege zinenean, eta Yorkera etorri naizenez, oztopo handiak gainditu eta gero, neure jabea ikustera etorri naiz.

        Hura zen mina hura, koroatze egunean segizioa ikusi nuenean, Bolingbroke Barbary zaldiaren gainean, zuk sarri eramaten zenuena, nik halako arretaz trebatu nuena.

RICHARD: Barbaryren gainean? Esan, lagun horrek, zer nolako itxura zuen zaldiak.

GROOM: Harro-harro zihoan, lurra bera mesprezatuz.

RICHARD: Bolingbroke gainean zeramala harro zihoan? Ogia nire errege eskutik jaten zuen zaldia. Harrotasun hori nire eskutik ikasi zuen. Eta trabarik jarri ere ez? Zergatik ez zuen lurrera bota bere bizkarraz jabetuz zegoen gizona eta beronen burua bertan hautsi?

        Barkatu, zaldi horrek, ez bait da zure errua, gizona zure gainean eramateko sortua izan zara eta. Ez naiz ni zaldia, baina halare astoak beste zama daramat, Bolingbroke zaldunak menperatuta, zikiriatua eta akuilatua.

 

(KEEPER sartzen da janariarekin).

 

KEEPER: Lagun, zoaz. Hemen egoterik ez duzu.

RICHARD: Estimatzen banauzu, hobe duzu joan.

GROOM: Nire ahoak ez dioena, bihotzak esango du. (Badoa).

KEEPER: Jauna, ez al duzu ezer jan behar?

RICHARD: Dastatu zuk lehendabizi, beti egiten duzun bezala.

KEEPER: Ez naiz ausartzen, Sir Pierce Extonek, Erregeren ordez datorrenak, agindu egin dit.

RICHARD: Deabruak daramala Henry Lancaster, baita zu ere! Egonarria mando geldoa da, eta nekaturik nauka!

 

(KEEPER jotzen du).

 

(Erahileak, EXTON eta zerbitzariak sartzen dira).

 

RICHAR: Hau zer da? Zer nahi du heriok eraso bortitz honetan? Bilauak! Zeure eskuan dakarzu zure heriotzarako tresna! Zuk ere baduzu infernua toki bat!

 

(Beste bat hiltzen du, baina EXTONek golpe batez lurreratzen du).

 

        Nire gorputza sastatu duen esku hori betirako sutan iraungiko da. Exton, zure esku gaizkileak. Erregeren lohitu du Erregeren odolaz. Gora, gora, ene anima. Goian da zure tronua, baina nire haragia behe honetan erortzen da, hiltzera doa-ta.

 

(Hiltzen da).

 

EXTON: Errege-odolaren kemenaz hil da.

 

 

V. ESZENA

 

Windsor Gaztelua

 

        (Sartzen dira BOLINGBROKE, YORK-eko DUKEA, beste JAUNAK ZERBITZARIAK).

 

BOLINGBROKE: Osaba maitea, azken berriek diotenez, matxinoek su eman diote Glostershire konterriko Cicester herriari. Baina ez dakigu hil diren ala preso dauzkagun.

 

(NORTHUMBERLAND sartzen da).

 

        Ongi-etorria jauna. Berririk ba al dago?

NORTHUMBERLAND: Hasteko poz zaitez azalduko dudan gauza sagaratu honekin. Hauexek dira berriak: Londresera bidali ditut Salisburyko agintariak, Spencer, Blunt eta Kent, eta nirekin dakart beraiek egin behar dutena zabal-zabal agertzen duen papera.

BOLINGBROKE: Eskerrak ematen dizkizugu, Percy atsegin horri zure prestutasunagatik, eta merezi duzun bezala izango zara saritua.

 

(FITZWATER sartzen da).

 

FITZ: Jauna, Oxford-etik Londresera bidali ditut Brocas-eko buruzagia eta Bennet Seely jaunak, traidore arriskutsuetako bi, zu hondoratzeko Oxford-etik barrena zebiltzatenak zure bila.

BOLINGBROKE: Zure prestutasuna, Fitzwater ez genuen ahaztua; merezigarria da zure eginkizun zuzen hori, pozten naiz.

 

(PERCY sartzen da CARLISLE-ko Gotzaiarekin).

 

PERCY: Westminster-eko Abate konspiratzaileak, bere kontzientzia astunaren zamak hestututa, hilobiari eman dio bere gorputza. Baina Carlisle bizirik dugu, bere harrotasuna kondena dezagun gertu.

BOLINGBROKE: Carlisle, hone nire epaia: Bila ezazu gordelekuren bat, toki ezkutu bat hemendik urrun, eta emazu bertan zeure bizitza, eta bizi zaitez pakean, zigor guztietatik libre.

        Zeren, nire etsaia izan bazara ere beti, ikusten bait dut gizon ohoretsua zarela.

 

(EXTON sartzen da zerbitzariekin, zerraldoa daramatela).

 

EXTON: Jauna, zerraldo honetan dago hilik zure bizia. Heman datza zure etsairik handien eta boteretsuena izana. Richard de Bordeaux, ekarri dizut hona.

BOLINGBROKE: Exton, ez dizut eskertzen. Zeren zure esku hiltzaileek isuri duten odola bait da, niri eta herri aintzako honi leporatuko zaion erantzunbeharra.

EXTON: Zure ahotik entzun nuen hilketa horren beharra.

BOLINGBROKE: Pozoia behar duenak ez du pozoia maite! Ezta nik ere zu! Hiltzea nahi nuen. Hiltzailea gorrotatu eta hila maite dut. Bedi damutazioa zure lanaren saria. Baina nigandik ez duzu inolako mesederik lotuko. Zoaz Oainekin gauaren itzaletan noraezean, eta etzazu sekula burua agertu eguneran argitan! Jaunak, nire arima minez gainezke dago handiago bihurtzearren isuri duen odol honen aurrea. Goazen, egizue nirekin negar neure doluan eta jantzi ezazue lutoa lehenbaitlehen. Nik, Lur Saindurako bidaia egingo dut odol hori neure eskutik garbitzeko. Zatozte nire atzetik, eta errespeta ezazue nire pena zerraldo honi zeuen negarretan jarraituz.

 

(Ateratzen dira).

 

aurrekoa | hurrengoa