|     82 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


IV. EKITALDIA

 

 

I. ESZENA

 

(Parlamentura balitz, ondorengoak sartzen dira: BOLINGBROKE, NORTHUMBERLAND, PERCY FITZWATER, SURREY CARLISLEko Gotzaia, Westminsterko Abatea, eta beste batzu; Mezulariak, Ofizialak eta BAGOT.)

 

BOLINGBROKE: Etor dadila Bagot. Askatasun osoz hitz egizu, Bagot. Kontaiguzu zer dakizun Gloucester aiton seme horren heriotzaz. Nork egin zuen tratua Erregerekin; nork zikundu zituen eskuak haren odoletan eta amaiera, jarri amaiera amaierarik ez zuen horri.

BAGOT: Beraz ba, jarri nere aurrean Aumerle jauna.

BOLINGBROKE: Lehengusu, hurbil zaitez, begiraiozu gizon honi.

BAGOT: Nere Aumerle jauna, badakit zure mihia azkarra dela, eta errez egiten diola uko behin esandakoari. Herio garai hartan, Gloucesterren hil ordua erabaki zelarik, ez al zenuen honako hau esan?: Ez al da luzea nere besoa? Ez al da iritsiko kate ingelesera? Ez al da Calais iritsiko? Ez al du nere osabaren burua ukituko? Hitz asko mintzatu ziren garai hartan, eta nik zuri entzun nizun beste koroak, mila balira ere behituko zenituela, eta Bolingbroke Ingalaterrara etor ez zedin zela zure nahi bakarra; Ingalaterra zorioneko lur izango bait zen zure lehengusua hilko balitz.

AUMERLE: Printze, jaun argiak. Nola erantzungo diot leinurik gabeko honi? Nere bizia apaintzen duten izarrei egingo al diet uko eta hemen bertan akatu? Gezurrez betetako ezpain horiei utziko al diet nere ohorea zikintzen? Hona hemen nere egia, heriotzaren zigilua. Inpernura bidaliko zaituen hori gezurra deritzot zuk diozunari; gezurra dela esango dut etengabe, eta zure odolez tindatuko nere ezpataren ahoa.

BOLINGBROKE: Bagot, zaude lasai, ez zeure onetik atera.

AUMERLE: Gizon batez beste, hemen daudenak gizonik hoberenak dira, eta heuren aurrean iraundu naute.

FITZ: Zure ausardiak nere adiskidetasuna zuen irabazita, hor duzu nere burua zuregan, baina zu zauden lekuan argitzen duen eguzkiarengatik egiten dizut zin, entzuna dizut, oldarki esan zenuela zu zinela leinu argiko Gloucesterren heriotzaren lekuko, mila bider esaten baduzu ere ezetz, gezurretan ibiliko zara eta nik neuk ezpataz sartuko dizkizut gezurrak bihotzean, bertan sortu bait ziren.

AUMERLE: Koldarti, ez al zara ausartuko, ez bait da egun hori iritsiko.

FITZ: Egitan dizut, egun hori gaur balitz, zorioneko nintzateke.

AUMERLE: Fitzwater, ez kondenatu inpernura.

PERCY: Aumerle, gezurra diozu. Egiazkoa da gizon honen ohorea. Zuek zarete bidegabekoak. Froga ederra emango dizut, harzazu ezpata ausardia baduzu.

AUMERLE: Ustel daitezen ene eskuak ez badut hartzen, eta mendekuzko ezpata honek galduko du dirdira eta ez du nere arerioaren kaskoa zulatuko.

BESTE JAUNAK: Lurra libratuko du zutaz Aumerlek, esazu egia, libra zaitez traidore baten belarriak ere ezingo lukeen halako gezur saminetik. Hemen duzu nere ohorearen froga, ausartia bazara, aurra egiozu.

AUMERLE: Ez al da inor gehiago azalduko nere kontra, Jainkoarren! Akatuko ditut denak. Mila izpiritu bizi dira nere bularrean, bakoitzak erantzun ederra emango lieke zuek bezalako hogeiei!

SURREY: Ene Jaun Fitzwater, ondotxo gogoratzen naiz garai hartaz. Aumerie, zerorrek egin zenuen berba.

FITZ: Egia diozu, bertan zeunden, nere lekukotzat ager zaitezke.

SURREY: Gezurra esan duzu, zerua benetazkoa bada, zurea, gezurra.

FITZ: Surrey, gezurti alena.

SURREY: Ohore gabeko mukizu hori, gezur horrek zama handia jarriko dio nere ezpatari eta honen mendekuaren eske azalduko da eta ezetz baretu, arik eta zuk gezurti horrek, eta zuk esandako gezurra lurrazpian zaudeten arte. Ez zarete mugituko zure aitaren buruhezurra mugitzen ez den bezala. Hemen duzu nere ohorearen froga. Har ezazu ausartzen bazara.

FITZ: Zein ederki eragiten duzun alde egindako zaldia. Jan, edan, arnasa hartu eta bizitzera ausartzen naizen bezala, oihanean Surreyekin topo egitera ausartzen naiz. Tu egiten diot eta bitartean gezurretan, gezurretan dabilela esan. Horretan daukat jarrita fedea, eta zigortuko zaitut. Zorionekoa izen nahi dut mundu berrian, ziur egon, ziur egon ere beste honetan, Aumerle errudun da, nik esandakoa egia. Bestalde, atzerrian den Norfolki entzuna diot zuk zeuk, Aumerlek, bi gizon bidali zenituela Celaisera, leinu argiko Dukea hiltzera.

AUMERLE: Aitonseme kristau batzuk ziurtatu didate Norfolkek egia esan duela. Berak hala nahi badu, defenda dezala bere ohorea.

BOLINGBROKE: Eztabaida hauek epaitu egingo ditugu, Norfolk atzerrian dago. Nere arerioa bada ere, bere ondasun guztiak itzuliko dizkiogu. Bere etorreran, Aumerleren aurkako ekintzaren lekuko izango da.

CARLISLE: Ohorezko egun hori ez da iritsiko. Duela asko, atzerrian dagoen Norfolkek borroka egin zuen Jesukristoren alde, eta harro eraman kristauen bandera fedegabekoen aurretik, baita turko eta sarrazenoen aurka ere. Gerrak nekatuta Italiara joan zen destronatzera, eta Venezian, herrialde goxo honen lurrak jaso zuen harren gorputza. Kristoren kapitaina zen. Egin zuen hegan arimak, kapitain honen alde luzaro borrokatu ondoren.

BOLINGBROKE: Zer ba Gotzai jauna, Norfolk hilda al dago?

CARLISLE: Ni bizirik banago, bera hila, jauna.

BOLINGBROKE: Pake goxoak eraman haren arima garbia. Abraham zaharraren beso maitegarrietara. Geureak diru zeure ondasunak epaitzeko eguna iritsi arte.

 

(YORK sartzen da bestez lagunduta)

 

YORK: Lancaster Duke handia, Zugana nator Richard eraitsiagandik. Ondorengotzat onartu zaitu eta bere errege-makil boteretsua zure esku gorenetan uzten du. Igo zaitez bera gaur jaitsi den tronu horretara. Bizi bedi Henry, izen horretako laugarrena.

BOLINGBROKE: Jainkoaren izenean, tronuaren jaun eta jabe egiten naiz.

CARLISLE: Sekula! Jainkoak debeka beza! Agian nire hitzek doinu okerra hartuko dute, baina egia esan beharrean nago. Jainkoa, ez al da batzarre honetako jaun bakar bat ere Richard noblearen alde epailari jarriko? Benetako nobletasunak honen oker handia egitea galeraziko luke! Kondena al dezake menpeko batek bere Errege? Eta nor ez da Richarden menpeko? Lapurrei ere entzun egiten zaie auzian, beraien krimena nabari bada ere. Eta jainkoaren maiestatearen irudia, haren kapitain eta legezko ordezkaria, errege bidezkoa urte asko direla, menpeko baten ahotik epaituko al dute ba Berbera aurrean egon gabe? Ene Jainko laztana, debeka ezazu herri kristau batean honen ekintza ilunik, moralik gabekorik, sekula ere egin dadin! Menpekoei ari natzaie eta menpeko bat ari da, Jainkoaren argiz nator Erregeren alde, Milord Hereford Dukeak, Errege deitzen duzuenak Hereforden Erregeri traizioa egin dio. Eta hautatzen baduzue, egitan diotsuet: Ingelesen odolak lurra aberastuko du. Etorkizunean, belaunaldiek negar egingo dute. Alde egingo digu pakeak, turko eta fedegabekoen artean egingo du lo. Pakearena zen tronu honetan gerrak besterik ez dira suertatuko. Senideak senideen kontra azalduko dira. Heriotza, izua, beldurra eta iraultzek hartuko dute gure lurra etxetzat, eta lur honi Golgotarren soroa, buruhezurren landa deituko diote denek. Oi, etxe hau beronexen aurka jartzen baduzue, horrek gure herriak ezagutu duen banaketarik gogorrena ekarriko du berarekin! Ohartzen dizuet! Atzera egin, galeraz ezazue garaiz! Bestela zuen semeen semeek oihuka esango dizuete: «Mina»!

NORTHUMBERLAND: Argudio onak dituzu, eta traizio gorena eginagatik atxiloturik zaude, Milor Westminster, zaintzazu ondo beraren auzia heltzen denera arte. Ohartuko al dugu beraz, Komunen eskaria?

BOLINGBROKE: Ekartzazue Richard jendaurrean abdika dezan, ez da horrela susmorik sortuko.

YORK: Nik gidatuko dut.

 

(Badoa)

 

BOLINGBROKE: Atxilopean zaudeten horiek, bila ezazue guri aurkeztu diezagukezuena, ez bai gara zuen amodioaz fidatzen, eta gure konfidantza ez baita zuen eskuetan.

 

(YORK sartzen da berriro RICHARD ERREGEREkin, eta ofizialek atributuak daramatzatela)

 

RICHARD: Zergatik etorri behar dut Erregegana, neure gogotik zegozkidan errege pentsamenduak xahutu baino lehen? Ez dut oraindik ikasi ez lausengurik egiten, ez zuritzen, ez makurtzen, ezta belauniko jartzen. Emaiozue denbora minari menpekotasuna ikas dezadan, ondo gogoan dauzkat gizon hauen aurpegiak. Ez al ziren nireak? Ez al zuten oihukatzen beti «Bizi bedi» nigatik? Hala Judasek ere Kristori. Hark hamabitatik faltsu bakarra aurkitu zuen. Eta nik hamabi milatik leial bakar bat ere. Bizi bedi Errege! Inork ez al du «Hala bedi» esaten? Ni apaiz eta elizkoia ote? Beraz hala bedi. Bizi bedi Errege, jadanik ez banaiz ere. Eta hala ere, hala bedi! Zeruak erregetzat banau, zertarako bidali duzue nire bila?

YORK: Onartu duzuna egin dezazun, gogo onez eta maietatearen nekeak bultzaturik, hau da, abdikatzea zure tronu eta Bolingbrokengan.

RICHARD: Ekarri koroa. Hona lehengusu, hartzazu gure koroa. Hona lehengusu, alde honetan nire eskua, eta horretan zurea. Urrezko koroa hau putzu sakona da, eta haren barruan bi ontzi daude: Bata hutsik, aireetan datzaka, murgildurik bestea, urez beteta baita. Neu naiz negarretan murgilduriko ontzi hori, neure malkoak edaten zu gorantz igotzen zaren artean.

BOLINGBROKE: Gogoz abdikatzen zenuela uste nuen.

RICHARD: Neure koroatik bai, baina nire zorigaitza neurea da. Nire koroa eta duintasuna ken diezazkidakezu, baina ez nire zorigaitza. Oraindik ere horren errege bait naiz.

BOLINGBROKE: Koroarekin datoz zure kezka asko.

RICHARD: Zure kezkak gehitzen badira ere, nireak ez dira gutxitzen. Kezkaren galera da nire kezka, neure kezkak sortua. Kezkaren handitze da zure kezka, kezka berriak sortua. Daramadan kezka gordean daukat, ez nau utzi nahi, koroari dagokio baina nirekin jarraituko du.

BOLINGBROKE: Onartzen duzu koroari abdikatzea?

RICHARD: Bai! Ez! Ni ez bait naiz ezer. Horregatik, ez, ez zuregan uzten bait dut. Begira orain nola hondatzen dudan neure burua. Neure burutik kentzen dut zama jasangaitz hau eta errege-makil ezeroso hau neure eskutik; errege-harrotasuna neure bihotzetik. Olioztadura garbitzen dut malkoez, neure eskuokin eman egiten dut koroa; neure ahotik egiten diot uko neure botereari, neure arnasarekin uxatzen dut egin nuena. Ponpezia eta erregetasun guztia ukatzen dut. Neure ondasun, jabego eta errentak lagatu; naure dekretu, agindu eta estatutuak baztertu. Jainkoak barka bitza nik kontsentituriko legehausteak. Jainkoak gorde bitza osorik zuri egindako zin guztiak, eta ni, ezer ez dudan hau babes nazala. Eta zu, gaurdanik aurrera guztiaren jabe bihurtu zarena, bizi zaitez luzaro Richarden tronuan eseririk; eta aurki beza Richardek laster betirako pakea. Bizi bedi Henry Errege! Hala dio Richard eraitsiak. Bakealdiko urte argitsu asko opa dizkio ere. Zer gehiago nahi duzue?

NORTHUMBERLAND: Zur egindako krimemen aurkako salaketak irakur ditzazula, estatuaren eta erresumako interesen aurka eginak, begikoek lagunduta, aitor ditzazun. Garbi gera dadin zure abdikazioa bidezkoa dela.

RICHARD: Beharrezkoa al da? Nire zorakerien korapiloa askatu beharra al dago Northumberland jauna? Zure irainak idatziri baleude, ez zintuzke lotsatuko batzarre guzti honen aurrean irakurtzeak? Hala balitza, irainik nardagarriena irakurri beharko zenuke, errege baten eraistea, eta behinola zeruko liburuan emandako hitzaren haustea; beltzez markaturiko irainak! Bai, den-denok, adi-adi begira zauzkadanak, neure miserian lurpearturik nagoen bitartean, nahiz eta Pilatos batzuk eskuak garbitu eta urrikia adierazi, halere Pilatosak! Nire ezbeharraren gurutzearekin utzi nauzue bazterrean, eta urek ez dute inoiz gure bekatua garbituko.

NORTHUMBERLAND: Irakur itzazu salaketak, jauna.

RICHARD: Begiak malkoz beteta dauzkat ezin dut ikusi. Ur gezak halere ez nau itsutu hemen dagoen traidore ziztrinen koadrila ez ikusteko adina. Neure buruari begiratuz gero, ni ere traidore handia naiz, hemen eman bait dut, neure arima Errege harro baten gorputz bihurtzeko baimena. Ospea eta Maiestatea esklabu bihurtu ditut, erregetasuna menpekoa, boterea nekazaria.

NORTHUMBERLAND: Jauna!

RICHARD: Ez, ni ez naiz zure jauna. Gizon ahogorri eta harroputz halakoa! Ez dut izenik, ez titulorik. Ezta bataioan eman zidatena ere, kendu didate. Ai ene, egun zorigaitzekoa, hainbat urte alferrik pasata, nire inguruko inork ez daki zer nolako izenaz deitu behar ote nauten. Oi, izango banintz, elurrezko errege barregarri, Bolingbrokeren eguzkitan nagoen bezala egoteko, eta hala desegina izan tantaz-tanta. Errege ona, Errege handia, ez ordea handiki ona. Nire hitzak badu oraindik inongo baliorik, agindu ispilu bat ekar dezaten, Nire Maiestateak poto eginez geroztik zer nolako aurpegia dudan ikusi nahiko nuke eta.

BOLINGBROKE: (Zerbitzariari) Ekartzazue ispilu bat!

 

(Zerbitzaria ateratzen da)

 

NORTHUMBERLAND: Heldu den bitartean, irakurri hau.

RICHARD: Deabru hori, infernura gabe oinazetan?

BOLINGBROKE: Aski duzu, Northumberland jauna.

NORTHUMBERLAND: Komunek eskatu egingo dute.

RICHARD: Eta izango dute! Irakurriko dut ordua heltzen denean neure bekatuen egiazko liburuan nerau naizena.

 

(Zerbitzaria sartzen da)

 

        Emaidazu ispilua eta bertan irakurriko dut. Zimurrak sakonago. Ez al dit minak hauek baino zauri sakonagorik egin gogor jo nauen arren? Ispilu lausengarria, goian nagoeneko nire begiok bezala engainatzen al nauzu? Aurpegi hau, aurpegi berbera ote da, egunero hamar mila gizon bere etxeko aterpean onartzen zituena? Hau ote da aurpegia, eguzkiak bezala, guztiak itsutzen zituena? Hau ote da aurpegia, erokeriari aurre egin ziona eta azkenean Bolingbrokek berak aurre egin diona? Aintza ahula aurpegi honena, eta aintza bezain ahula aurpegia bera. (Ispilua botatzen du lurrera). Hementxe datza, mila pusketan hautsita. Horra Errege isila istorio honen alegia: «Zorigaitzak nire aurpegia hondatu du».

BOLINGBROKE: Zure aurpegiaren itzala hondatu du zure zorigaitzaren itzalak.

RICHARD: Berriro esan. Nire zorigaitzaren itzala? Ha! Baina bai, halaxe da! Barru-barruan daukat ene pena, eta ezbeharraren azaleko itxura horiek, bai pena ikustezin baten itzalak dira, arima minduan isil-isilean sartzen direnak. Hortxe dago bere izaera. Eskertzen dizut Errege, zure ontasun handian, sufritzeko arrazoia eman ezezik, arrazoi hori bihotzez gorrotatzeko bidea erakustsi didazula. Mesede bat eskatu eta aldegingo dut. Emango al didazu Errege jaun horrek?

BOLINGBROKE: Eskatu, lehengusu.

RICHARD: Lehengusu diozu? Errege baino gehiago naiz. Zeren, errege nintzenean nire lausengariak menpekoak bait ziren. Orain menpeko xumea naizela, errege bat ari zait lausenguka. Hain handia naizenez gero, ez daukat erregutu beharrik.

BOLINGBROKE: Eskatu.

RICHARD: Eta lortuko al dut?

BOLINGBROKE: Horixe.

RICHARD: Utzidazu joaten beraz.

BOLINGBROKE: Nora?

RICHARD: Nora? Edonora. Zure begiradatik urrun dagoen edonora.

BOLINGBROKE: Eramazue Dorrera berehala.

RICHARD: Jauna, eraman? Eramala ederrak zarete denak, hain azkar igo zaretenak errege jausi baten gainetik.

 

(RICHARD ERREGE Lord edo Jaun batzu eta gauzaina ateratzen dira).

 

BOLINGBROKE: Datorren astean, koro-ezartzea ospatuko da. Presta zaitezte jaunak.

 

(Denak joaten dira, Westminterreko Abatea, CARLISLEko Gotzaia eta AUMERLE izan ezik).

 

ABBOT: Gertakari mingarria ikusi duguna.

CARLISLE: Ezbeharra gertu dago. Jaiotzeko haurrek egun honen eztena somatuko dute.

AUMERLE: Jaun santu horiek, ez ote dago erresuma lotsa honetatik askatzeko biderik?

ABBOT: Ene jauna, pentsatzen dudanetik ezer adierazi baino lehen, zin egin ezazu ixilean izango duzula, eta egingo ere nik esandakoa. Aurpegia ez daukazu pozez, triste daukazu bihotza eta begiak atsekabetuta. Zatoz nire etxera afaltzera; bertan prestatuko dugu zorioneko egunean nola azalduko garen.

 

aurrekoa | hurrengoa