|     82 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


II. EKITALDIA

 

 

I. ESZENA

 

London. Ely etxea

 

(JOHN GAUNT sartzen da gaisorik, YORK-eko Dukea eta besterekin).

 

GAUNT: Etorriko ote da Erregea, begirunerik gabeko haren gaztetasunari aholkua emanez izan dezadan azken arnasa?

YORK: Ez arduratu, ezta horrela nekatu ere, zeharo alferrikakoa bait da hari aholkurik ematen saiatzea.

GAUNT: Bai, baina hilzorian dagoenaren ahotsak arreta erakartzen du daukan armoniarekin. Hitzak urriak direnean ez dira maiz alferrikaltzen, zeren egia esaten bait dute minez mintzatzen direnek. Laster betirako isilduko denari arreta handiagoz entzuten zaio berriketan aritzen den gazteari baino. Bizitzak baino gehiago, haren bukaerak markatzen du gizona. Eguzki hilkorra, musikaren azken neurria, jakien azken zaporea gozoena nola izaten den, beste gauzak baino sendoago gordetzen dira oroimenean. Richardek nire aholkurik inoiz entzun ez badu ere, nire hilzoriaren mintzoari ez dio entzungor egingo.

YORK: Ez, hitz lausengariz beterik daude-ta, haren agintearekiko laudorioz beterik alegia. Beti ere izaten dira kanta lizunak, gaztearen belarria pozointzen dutenak, Italian modan diren istorioak. Zeinen itxurakeria, tximino moduan imitatzen bait du gure herri atzeratuak. Non ere hutsalkeria sortzen bait da, berritasunik badauka, batere axolik ez dio hari eta berehalaxe ematen diote berri. Aholkuak berandu samar heltzen dira borondatea senarekin mokoka ari denean. Ez saiatu zuzentzen haren bidea daramana. Arnasa falta zaizu eta dena galdu nahi?

GAUNT: Profeta goiargitua bezala sentitzen naiz, eta hiltzeko une berean zera adieraziko diot: bere ajolakabetasunaren gar sutsuak luzaro ez du iraungo, sute bortitzak bizkor itzaltzen bait dira; Xirimiria luzea da, baina bapateko ekaitza oso laburra; bizkorregi joaten den laster aurkitzen da arnasestuka; jana irensten duena, ito egiten da. Handikeria hutsalak, bele asegaitzak, harrapakin guztiak agortu dituenean, laster irensten du bere burua ere. Errege tronu goren hau, irla koroeztatu hauxe, gure lur ospetsu hau. Martitzen toki hauxe, erdiparadisu, Eden berri hau, inbasioaren aurka defendatzeko Naturak eraiki zuen gaztelua. Gizonezko lorategia, unibertso txikia. Harri bitxi hauxe, zilarrezko itsasoan ezarritakoa, zeinek hain zoriontsu ez diren herrien bekaizgoaren aurka harresi edo defentsarako hobi moduan bait du. Bazter bedeinkatu hau, lur hau, erresuma hau, Ingalaterra hau, Inude hau, hainbeste errege handi eman dituen lurra, beldurgarri eta ospetsu diren erregeak, etxetik urruneko balentriez ezagunak, kristau fedearen izenean egin dituztenak, Judea setati bertan, Mariaren semearen hilobia, munduaren salbapenaren saria dagoen tokira iritsita. Herri hau, arima maiteen herria; mundu guztian zehar duen ospea dela-ta hainbat maite dudan herri gaiso gurea, akuran jarrita aurkintzen zaigu, lotsaz hiltzeko modukoa da, baserri onbeharra balitz bezalaxe! Ingalaterra, itsaso goraileaz inguratua dagoena, bere bazter harkaiztsuak Neptuno hezearen azpiko erasoak uxatzen dituena lotsari kateaturik daukagu, tintazko zirriborroz eta pergamino ustelez! Ingalaterrak, besteak gainditzen ohitua, bere buruaren garaipen lotsagarria burutu du. Iskanbila honek nitaz beste egingo balu, zeinen zorionekoa litzatekeen dagoeneko hurbil daukadan heriotza.

 

(ERREGEA, ERREGINA, AUMERLE, BUSHY, GREEN, BAGOT, ROSS eta WILLOUGHBY sartzen dira).

 

YORK: Errege dator. Zaitez lagungina berarekin, suminago jartzen bait dira pottokak lasaieraztean.

ERREGINA: Zer moduz dago gure osaba Lancaster noblea?

RICHARD: Kaixo, osaba. Zer moduz Gaunt zaharra?

GAUNT: Ongi aski dagokio hitz hori nire egoerari, Gaunt zaharra, zaharraren zaharrez hiltzear nago-eta. Baraurtearen eragina izandu niregan penak, eta jaten ez duena hezurruts geratzen bait da. Zeren hain luzaro beilatu bait dut Ingalaterragatik, eta beilak argaltasuna dakar, eta argaltasunak ahulezia. Aitak asetzen duten atsegina da, nire barau gorri hauxe, semeen begirada. Barau gogor hori ezarrita irotu duzu nire ahulezia. Azal eta hezur naiz hilobirako, hilobia bezain zurbil. Ez dute haiek nitaz zer jan handirik izango. Zer jasoko dute herentziz nire hezurrak besterik?

RICHARD: Gaisorik eta hitz jokoak egiteko umorean?

GAUNT: Bere buruari egiten dio miseriak burla. Nire izena hi! nahian zabiltzala dirudienez egiten diot burla, nire errege, zure atseginerako.

RICHARD: Hilzorian direnek biziak lausengatzen?

GAUNT: Ez, biziek hilzorian daudenak.

RICHARD: Zu ez zabiltza ba niri lausenguka?

GAUNT: Zeu zara hilzorian dagoena, ez ni.

RICHARD: Osasuntsu nago. Ez horixe, zu zaude larri.

GAUNT: Sortu nauen hark badaki larri zaudena. Nerau nago gaisorik eta larri ikusten zaitut. Zure herria da hain zuzen ere, zure gaisotasuna, eta beretan datza hauxe sendabiderik gabe. Eta zuk axolakabe zure horretan jarraitzen duzu, zeure erregezko gorputz hori hainbat kalte egiten dizuten sendagila hauen eskuetan harrapatuta; milaka lausengari bizi dira zure koroan, eta hau zure buruaren neurrikoa bada ere, zirkulu txiki honexetan egiten den kaltea, herri osoa bezain zabala gertatzen da halabaina. Zure aitona handiak profeta begiz ikusi balu bere semaerak haren semeak hondamendira bidaltzen dituela, zugandik aldenduko zukeen halako lotsa handi hauxe, koroa kenduta zu jabe egin baino lehen, zuk zeuk kenduko bait diozu orain zeure buruari. Iloba ezta mundu osoaren jabe izanda ere, lotsagarria litzateke akuran jartzea gure herria. Baina zure mundua herri hauxe besterik ez dela, ez al da lotsagarriago horrela lotsetan jartzea? Ingalaterraren jabe zara, eta ez Errege. Zure jabetasuna legearen gatibu da, eta zu...

RICHARD: Eta zu burutik sano ez dagoen lerdo hutsa zara. Zein gaisorik zaudenaren abantailarekin gure masailak zurbilerazten bait dituzu aurresanokin, errege-odola bere jatorrizko tokitik indarrean uxatuta. Eta nire tronuaren maiestate gorenagatik, Edward handiaren semearen anaia ez bazina, hain bizkor dabilkizun mihi horregatik, bereziko nizuke burua sorbalda lotsagabe horretatik.

GAUNT: Ez nazazu barka Edward nire anaiaren semea, Edwarden aitaren semea naizelako ni ere. Pelikanoak bezala, xurgatu eta mozkorturik geratu arte edan duzu nire odoletik. Glocuester nire anara, Jainkoak zeruetan bere altzoan gorde dezala haren arima zintzo eta egiatia, adibide argia izan daiteke hauxe, senideen odola isurtzeko daukazun ajolakabetasun handia azaltzeko. Egizu bat nire gaisotasunarekin eta bedi zure ankerkeria hura bezain gogorra. Moztu ezazu lore zimel hau kolpe batez. Lotsaren pean bizi zaitez, baina ez bedi zurekin hil zure zitalkeria. Betirako daitezela hitz hauek zure borreroak. Eraman nazazue ohera, eta handik hilobira. Luzaro bizi bitez zintzoak eta ohoretsu direnak.

 

(Ateratzen da zerbitzariekin batera)

 

RICHARD: Eta hil bitez umore txarreko agureak, bi bider merezi bait dute horiek hilobia.

YORK: Bere Maiestatea, barka iezaiozu, gaitzaren minak eta zahartasunak eraginda mintzo bait da. Asko maite zaitu, halafedea, Henry Hereford Duke gaixoa balego beste.

RICHARD: Egia diozu bai, Hereford moduan maie nau, hala da, eta nik ere bai bera. Utz dezagun da arazoa dagoenean.

 

(NORTHUMBERLAND sartzen da)

 

NORTHUMBERLAND: Nire jauna, Gaunt zaharra Bere Maiestateari gomendatzen zaio.

RICHARD: Zer dio?

NORTHUMBERLAND: Deus ere ez. Dena du esana. Betirako mututu da haren mihia. Hitzak, bizia, dena ezabatu da Lancaster zaharrarengandik.

YORK: York izango al da hurrena doana. Heriok samin guztiekin burutzen bait du.

RICHARD: Fruiturik helduena hondatzen da lehenago, ta horixe da ertatu zaiona. Ordua heldu zaio hari eta guk aurrera jarraitu behar. Hala bedi. Irlandako gerrari ekinbehar diogu. Kernetar ziztrin horiek garbitzea da gure egitekoa, animalia pozontsuarik bizi ez den herriko izaki pozontsu bakar horiexek. Honelako ekintzak garestiak izaten dira, beraz, John Gaunt gure osaba zenari zegozkion zilarra, errentak, lurrak eta haltzariak hartuko ditugu, eta gastuei aurre eman.

YORK: Noiz arte jasan behar ote dut? Noiz arte sofritu behar ote du nire errespetuak bidegabekeria? Ez Gloucesterren heriotzak, ez Hereforden zigorrak, ez Gaunti egindako laidoek, ez Ingalaterraren arazoek, ez Bolingbroken ezkontzarako eragozpenek, ez neure ezbeharrek ere ez didate inoiz saminik sentierazi, ezta betoskoa jarri ere neure erregeren aurrean. Edward noblearen azken semea naiz, zure aita Gales-eko Prinizea lehena zelarik gerran ez zegoen hura baino kementsuagorik, bakealdian ez zen inor gizabidetsu eta zintzoagorik, printze hura baino. Haren aurpegia atera duzu zeuk-zuk bezalaxe begiratzen zuen zure heziketa zaintzean, betoskoa frantsesei jartzen zien ez ordea lagunei. Berak, bere nekeaz lorturikoa zen gastatzen zuena, eta ez bere aitaren esku garaituak bereganatua. Ez ziren haren eskuak senideen odolaz lohitu, baizik eta beretarren etsaieneaz. Ai, Richard York urrunegi joan da bere penarekin, ez zukeen hori esango bestela.

RICHARD: Baina osaba, zer gertatzen zaizu ba?

YORK: Ai ene jauna. Barka iezadazu hala nahi baduzu, edo ez barkatu nahi ez baduzu. Hereford atzerriratuaren titulu eta eskubideak zeureganatzea al da zure asmoa? Ala John Gaunt hil eta Henry Hereford bizirik utzi? Ez zen Gaunt zintzoa, Hereford ez al da leiala? Ez al zuen hark oinordekoa izatea merezi? Ez al zen oinordekotza egokia semeak merezi zuena? Hartu Hereforden eskubide guztiak eta denborari kenduko dizkiozu ohizko dituen abantailak pribilegioak. Gaurkoari biharkoa ukatuko diozu. Ez zara zeu izango, nola izan errege, legez dagokizun oinordekotzaz ez bada? Ai ene Jainkoa, oker egongo al naiz, baina Hereforden oinordekotzaz legez-kontra jabetzen bazara, berea eskatzeko eskubidea ematen dioten kartak ezereztatzen badituzu ordezkarien bidez, hamaika arrisku hartuko dituzu zeure gainean, hamaika bihotz-lagun galduko dituzu ere, eta nire maitasuna bultzatuko ohore eta leialtasunaz haraindiko pentsamendutara.

RICHARD: Pentsatu nahi duzuna, baina geure eskutan hartuko ditugu haren zilarra, ondasunak eta lur guztiak.

YORK: Ez dut hemen geratu behar Agur nire jauna. Inor ezin du esan geroak zer dakarren, baina erabide okerretik sortzen denak ez du sekulan ondorio onik ekartzen.

 

(Badoa)

 

RICHARD: Zoaz Bushy, Wiltshire Kontearen bila, eta datorrela lehenbaitlehen arazoaz mintzatzeko. Bihar Irlandara abiatuko gara eta asti handirik ez dugu. Eta gu kanpoan izango garen bitartean, gure osaba York izendatzen dugu gobernadore bezala, leiala delako eta beti maite izan gaituelako. Goazen Erregina, joan behar dut eta bihar; baina ez kezkatu elkarrekin jarraitzen dugun bitartean.

 

(Agurra egiten du. ERREGINA, ERREGE, BUSHY, AUMERLE, GREEN eta BAGOT ateratzen dira).

 

NORTHUMBERLAND: Beno, jaunak, Lancaster Dukea hil zaigu.

ROSS: Baina bizirik dirau, haren semea dukea bait da.

WILLOUGHBY: Bakar-bakarrik tituluz, errentaz ez ordea.

NORTHUMBERLAND: Aberatsa litzateke justiziaren izpirik balego.

ROSS: Zabala dut bihotza, baina nire mihiari hitzegiten utzi baino lehen hautsiko da isilik.

NORTHUMBERLAND: Ez, mintza zaitez eta mutu bedi betirako zure hitzak zure kaltean errepikatzen dituena.

WILLOUGHBY: Zerbait esan nahi al duzu Hereford Dukea dela-ta? Hala bada, ez beldurrik izan, haren onerako edozer entzuteko irrikitzen nago-ta.

ROSS: Haren onerako ezin ezer ere egin, ez bada ondoretasuna ohostu diotelako sentitzen dudan errukia erakustea.

NORTHUMBERLAND: Halajainkoa, lotsagarria da egin dioten bidegabekeria hori, Printzea izan da, eta noble-odoleko beste askori ere halaxe, herri beherakor honetan. Errege ez da bere buruaren jabe, lausengari zital horiek maneieturik bait dago. Eta gure bizien edo gure seme eta ondorengoengan gorrotoz eskatzen dioten edozein gauza beteko du erruki izpirik ere erakutsi gabe.

ROSS: Komunei zergak jarrita, hauen begikotasuna galdu du, nobleei aspaldiko auziak zirela-ta isunak jarri eta gauza bera.

WILLOUGHBY: Egunero asmatzen ditu zerga berriak, gezurrezko onginahiak eta ez dakit zer esate baterako. Jainkoaren, non gehiago gertazten ote da horrelakorik?

NORTHUMBERLAND: Ez dio gerrak ondasunik eraman, ez bait da sekula ere horrokatu; hitzarmen koldarrak direla medio eman du haren arbasoek guduan irabazi zuten guztia. Gehiago gastatu du bakealdian haiek gerran baino.

ROSS: Akuran dauka erresuma Wiltshire Kondeak.

WILLOUGHBY: Tratalari baten legez egin du Erregek porrot.

NORTHUMBERLAND: Hondamendia eta lotsa dauzka buru gainetik esekita.

ROSS: Eta zerga astun guzti horiekin ere, Irlandako gerrarako sosik ere ez dauka, Duke atzerriratuari ohostu diona baizik.

NORTHUMBERLAND: Bere senide nobleari. Ene, Errege endekatu halakoa! Baina nola bada jaunak, ekaitz harrigarri honen orroa entzun eta ez goaz aterpe bila; haizeak gure oihalak harrotzen dituela ikusi eta hala ere ez gara borrokatzen, zihurtasunaren baitan hilko gara.

ROSS: Begien bistan daukagu hondorapena, haren jatorria ez genuen eragotzi eta orain ezinbestekoa dugu hondamena.

NORTHUMBERLAND: Ez horixe. Heriotzaren zulo hutsetik ikus dezaket ere bizitza adoremailea gure zain, baina ez naiz ausartzen berri ona zein hurbil dagoen esaten.

WILLOUGHBY: Azalduiguzu pentsamenduak, guk zuri bezalaxe.

ROSS: Lasai hitzegin, Northumberland, bakarra gara eta hirurok, zure hitzak izango dira-ta hiruran gogoeten adierazpena. Esaiguzu beraz.

NORTHUMBERLAND: Ondo da. Duela gutxi jakin dut Britaniako Le Part Blanc badiatik Henry Hereford Dukearen berri, Lord Cobham, Exeter Dukearekin haserre dagoena, beraren anaia Canterburyko artzapezpiku ohia, Sir Thomas Erpingham, Sir John Romston, Sir John Norbery, Sir Robert Waterfon, eta Francis Qupint, denak Britaniako Dukearen laguntzaz zortzi untzitan eta hiru mila gudarirekin omen datozela abiada bizian, eta laster lurreratuko omen dira iparraldean. Iritsiko ziren agian, baina Errege Irlandara joateko zain omen daude. Nahi baldin badugu loturik gauzkan uztarritik askatu; gure herri hondatuaren hegalei lumak berriro itzuli; gure koroa lukurreroan atzaparretatik salbatu; gure makilaren urrea estaltzen duen hautsa garbitu eta astindu; tronoari dagokion berezko itxura eman, zatozte nirekin Ravenspurghera! Baina beldurrak baldin bezaudete, gorde behintzat sekretua, nau joango bait naiz.

ROSS: Zaldietara agudo, goazen, eta hitz horiek gorde beldurtientzat.

WILLOUGHBY: Zaldi on bat, eta lehena izango nauzu. (Ateratzen dira).

 

 

II. ESZENA

 

Windsor gaztelua

 

(ERREGINA, BUSHY eta BAGOT sartzen da).

 

BUSHY: Andrea, Bere Maiestatea triste dago oso, Erregegana joatean ziur egon, bizitza dolugarriaren zama arinduko zaio, eta sasoi onean egongo.

ERREGINA: Errege pozteko, nik nauk ere poztu behar, eta ezin dut hori egin, baina ez dakit zergatik. Zergatik egin harrera bisitari atsekabetu bezala, eta ez agur esan bisitari gozo bezala! Ene Richard bezelako gozoa. Baina, berriz ere atsekabea etortzea dela iruditzen zait, zortearen barne muinetatik.

        Neguregana dator eta ene arima dardarka jartzen. Ez dago ene jaun Erregegana joatea baino pena handiagorik.

BUSHY: Badauzka atsekabeko sustantzia bakoitzak hogei itzalgune, bakoitza atsekabe beraren irudi, baina ez al da: begi tristeak malko itsutzaileak kristal bihurtzen. Bana ezazu gauza oso bat zati askotan, ez ezer adierazi konfusioz, okerreko begiz. Eutsi gorputzari. Horrela, Bere Maistate gozoak uxatuko du bere jaunaren joana, et atsekabetu Bere Erregea negarrez ikusita adina.

        Zernolakoa den hura begiratu, ez da ezer, itzalek berek adierazten dute. Beraz, ene Erregina, zure jaunaren joanaz gutxiago negar egiteagatik, ez duzu gehiago ikusiko, «gezurrezko atsekabezka» begiz ez bada behintzat, ez duzu haiekin egiazko gauzez negar egingo, gezurrezkoez baizik.

ERREGINA: Hala behar luke, halere nire arimak bestela dela sinestarazten dit. Hala bada, triste egoterik ez dut izango, «ezin nahi den adina, edo nahi ez den adina triste egon».

BUSHY: Esaera hutsa da hori, ene andrea.

ERREGINA: Gehiago ere, arbasoen atsekabetatik heldu da; ez da nirea hainbestekoa baina, ez dago gehiago atsekabetzen nauenik, izandakora itzultzea baino.

        Baina zer da oraino ez dena? Ezin diot izenik jarri, izenik ez izen gabeko min horrentzat, ez diot jarriko.

 

(GREEN sartzen da)

 

GREEN: Jainkoak bedeinka zaitzala, Maiestate, pozik zuek ikusteaz, jaunak. Errege ez da Irlandara abiatu oraino, ez da? espero dut ezetz.

ERREGINA: Zergatik diozu espero? Nik neuk bidean agotea espero dut. Helburuek presa dute lagun. Presak zoriona du lagun. Bidean egotea espero al duzu halare?

GREEN: Espero dut bere botere osoa berreskuraturik, galbidean jartzea arerioa; non tinko dagoen lurralde honetan atzerriratua izan zen. Bolingbrokek, zigorra ahazturik, bere armada armetan trabarik gabe iritsi da Ravenspurghera.

ERREGINA: Jainkoak ez du horrelakorik gertatzea nahi.

GREEN: Esandakoa egia da, txarrago bada ere, Northumberland jauna, haren semea Henry Percy gaztea, Ross, Beamond eta Willoughbyko jaunak bere alde arituko dira, lagun boteretsu guztiak hala jokatzeko komentziturik.

BUSHY: Zergatik ez duzu ba Northumberland eta beste guztiak traidoretzat publikoki salatu?

GREEN: Salatu, salatu ditugu. Oraindik ere badago gehiago, Worcesterreko Konteak bere morroi eta neskameak kaleratu, bere karguari uko egin eta bere laguntzailerik bikainenekin Bolingbrokerengana joan da.

ERREGINA: Beraz, zu zara Green nere saminaren emagina eta nere pena Bolingbrokek heredatuko du. Penak gaindituta dago nire arima. Umetu berria den ama naiz ni. Samina saminarekin bilduko da. Pena, penari helduko zaio.

BUSHY: Ez etsi, andrea.

ERREGINA: Nork ukatuko dit nere samina? Etsi egingo dut, arerio artean bizi. Itxaropena emango dit, lausengari ederra bai da bera, parasitoa, herioaren laguna. Emeki-emeki esperantza faltsuetan oinarritutako bizi-hariak eteten ditu.

 

(YORK sartzen da)

 

GREEN: Hona hemen York-eko Dukea.

ERREGINA: Gerrak markatu du bere lepo zaharra. Bere begiradak arazo anitzez egiten du berba. Osaba, Jainkoaren, esaizkidazu hitz gozoak.

YORK: Esango banizkizu, neure gogoetei egingo nieke iruzur. Zeruetan dago baretasuna, eta gu lurrean gaude, hemen ezer ez da bizitzen, pasatu, eta minez kexatu baizik. Zure senarra urrutira joana da, zerbait irabazteko asmotan; eta bitartean, haren etxe barruan beste batzu hark dena gaitzeko asmotan dabiltza. Hemen utzi nau bere lurraldea defenda dezadan, ni, adinak jota dagoen hau, nere burua defendatzeko gauza ez naizena. Haren joanak sortu duen ordu madarikatua etorzear dago. Ba, hitz politak esaten zizkioten horiek saioa gainditzen duten.

 

(Zaldun zerbitzari bat sartzen da)

 

ZERB: Jauna! Zure semea ni iristerako aldegina zen zure semea.

YORK: Bia, joana zen, denak dira joanak; Leinuko gizonak alde eginak dira; hotzak daude komunek. Eta beldur nago ez ote diren gure kontra azalduko Hereforden alde. Sirrah, joan Plashyra, zoaz nere arrebarengana, eska iezaiozu mila libera bidal diezadan. Tori, harzazu nire eraztuna.

ZERB: Jauna, ahaztua nuen esatea, gaur, honakoan, handik barrena pasatu naiz, baina bertan ikusitakoa kontatzeak penaz betetzen nau.

YORK: Kontaidazu, zitala!

ZERB: Ni iritsi baino ordubete lehenago zen Dukesa hila.

YORK: Jainko maitea! Oinazezko olatuak altxatzen dira lurralde hoentan. Ez dakit zer egin, Jainkoari egingo diot erregua.

        Ez dakit zer egin. Nahiago nukeen goiko Jaunak Erregeri nire lepoa ere mozten utzi balio. Zergatik ez da Irlandara gutunik igorri? Nondik lortuko dugu Irlanderako dirua? Goazen erreba, iloba esan nahi nuen, barkatu. Zoaz, mutil, itzuli etxera, bildu gurdiak eta ekarri ahal dituzun arma guztiak, (SERVINGMAN ateratzen da) Jaunak bildu al dituzue soldaduak? Patuak nire eskuetan utzi dituen arazoak nola konpondu jakingo banu, ez zenidake sinetsi behar. Biak ditut senideak, bata nire errege, leialtasuna egindu diodena, bestea berriz Erregek iraundu duen sanidea dut. Mendekatu beharrean ote nago? Zerbait egin beharko! Goazen, hemen ez gaude seguru. Jaunak, bildu soldaduak eta zatozte berehala Berkeley gaztelura. Eta Plaslyra baitaere. Baina danborak galeraziko digu. Guztia bait da ustekabekoa. Guztia dago ilunpean. (YORK eta ERREGINA badoaz)

BUSHY: Haizeak badaramatza berriak Irlandara. Ekarri ez ordea. Eta guztiz ezinezkoa dugu etsaiak adina soldadu eskuratzea.

GREEN: Erregeganako leialtasunak hura maite ez dutenen herra ekarri digu gainera.

BAGOT: Eta komunen kapritxoak baitaere, boltsari leialak bait dira, eta arintzen dienari halako gorrotoa opa diote.

BUSHY: Beraz, guztiek kondenaturik dago Errege.

BAGOT: Eta horren ondorioz gu ere bai, Erregeren alde gaudelako.

GREEN: Hala, ni Bristol gazteluan babestuko naiz. Bertara joana da Wiltshire Kondea ere.

BUSHY: Zurekin joango naiz hara; komunengandik ezer gutxi espero dezakegu ordea, bertan txanpon guztiak erauztea baino. Gurekin haldu al zara?

RAGOT: Ez, Irlandara joango naiz Bere Maiestatearekin. Bihotzak egia esaten badu, ez gara gu hirurok berriro bilduko.

BUSHY: Ez badu Yorkek Bolingbroke geratzea lortzen.

GREEN: Duke gaisoa. Eginkizun hori, harezko aleak zenbatu eta ozeano lehortutik edatea bezain zaila da. Leial bakoitzetik, milek aldegingo. Agur berriro, agur lagun, betirako.

GREEN: Ikusiko dugu elkar.

BAGOT: Ez dut hala uste.

 

(Badoaz)

 

 

III. ESZENA

 

Loucestershire

 

(BOLINGBROKE eta NORTHUMBERLAND heuren Indarrekin sartzen dira).

 

BOLINGBROKE: Zenbat falta zaigu Berkeleyrako, jauna?

NORTHUMBERLAND: Kanpotarra naiz ni ere Gloucestershiren, jauna. Baso ilun hauek eta bidezidor bihurriek bidea luzatu eta nekea erakartzen dizkigute, nahiz eta zure solasaldiaren eztiak jauna, leundu dituen bidaiaren eragozpenak. Baina are nekagarriagoa izango dute Ravenspurgh-tik Cotswold-ereko bidea, zugendik urrun, zeren berriro esan behar dizut jauna, nire bidaietako aspergarritasuna aldendu bait didazu. Halaere, arinduko du haien nekea nik dudan zorionaren itxaropenak, Poza bezain pozgarria bait da pozaren itxaropena.

        Eta horrek laburtuko die bidea, nirea dudan itxaropenari eta zuri esker jauna laburra izan den bezala.

BOLINGBROKE: Zer da nire laguntza zure hitz atseginen parean? Nor dugu hor?

 

(HARRY PERCY sartzen da)

 

NORTHUMBERLAND: Nire semea, Harry Percy gaztea, nire anaia Worcester-ek nonbaitetik bidalia.

        Herry, zer moduz zure Osaba?

PERCY: Zugandik espero nuen jauna, haren berri jakitea.

NORTHUMBERLAND: Baina, ez al dago Erreginarekin?

PERCY: Ez horixe, jauna. Gortetik aldegin zuen. Aginte makila hautsi eta Erregeren etxea sakabanatu ondoren.

NORTHUMBERLAND: Zer dela-ta? Hitzegin genuen azken hartan zalantzan zegoen-ta?

PERCY: Jaun hori, traidore aldarrikatu zaituztelako.

        Baina osaba, jauna, Ravenspurghera joan da Hereford Dukearen aldean jartzera. Eta ni Berkeleyra bidali nau aztertzeko York-ek zer nolako indarrak dituen, eta agudo Ravenspurghera joan nadin ondoren.

NORTHUMBERLAND: Ahaztuta al daukazu seme, Hereford Dukea?

PERCY: Ez jauna, ezin bait da ahaztu ezagutzen ez dena. Nik dakidala ez dut sekula ere hura ikusi.

NORTHUMBERLAND: Ezagut ezazu orain orduan; hauxe duzu Dukea.

PERCY: Ene jaun hori, zure aginduetara nago, naizen bezala ahul, taxugabe eta gaztea, urteen poderioz heldu eta dagoela niretzat lagun onek gogoratzea baino gauza pozgarriagorik. Didazun atsegin horrekin handituko balitz nire zoria, jasoko du zure leialtasunak saririk.

        Nire bihotzak agintzen dizu hori eta nire eskuak zigilatzen.

NORTHUMBERLAND: Urrun al dago Berkeley? Eta zer nolako indarrak bildu ahal izan ditu York Dukeak bertan?

PERCY: Hantxe da gaztelua, zuhaizti haren ostean.

        Hirurehun bat gizon omen dauzka. Bertan daude ere York, Berkeley eta Seymour jaunak, gainontzekoak ez dira aiton-semeak.

 

(ROSS eta WILLOUGHBY sartzen dira)

 

NORTHUMBERLAND: Hemen datoz Ross eta Willoughby, hautsez beteak eta neke-neke eginda.

BOLINGBROKE: Ongi etorriak, jaunak. Atzerriraturiko traidore baten alde jarri zarete. Esker hitza besterik ez da nire altxor guztia, helduko da halere zuen eranspena modu hobez saritzeko garaia.

ROSS: Nahiko saria da zu hemen izatea, jauna.

WILLOUGHBY: Eta bidearen nekea ere arindu egiten digu.

BOLINGBROKE: Eskerrak hala ere, behartsuen modura.

        Harik eta ire zoria helduago bihurtu arte, horixe izango da nire saria. Nor da datorrena?

 

(BERKELEY sartzen da)

 

NORTHUMBERLAND: Lord Berkeley dela uste dut.

BERKELEY: Hereford jauna muzu bat dakart zuretzat.

BOLINGBROKE: Jauna, nire erantzuna, Lancaster naizela da. Izen horrexen bila itzuli naiz Ingalaterrara eta erantzunik eman baino lehen zure ezpainetatik entzun beharko dut.

BERKELEY: Etzazu gaizki ulertu, ez bait dut zuri titulu bakar bat ere lapurtzeko asmorik. Etorri naiz, jauna-nahi duzun jauna, York Duke errege-orde ohoretsuaren izenean, Erregeren hutsunean zergatik baliatzen zaren jakitera, eta gure herriaren bakealdia armetara nahasi.

 

(YORK sartzen da beste batzurekin)

 

BOLINGBROKE: Ez dut zertan zuri erantzunik eman behar, hemen bait dator bere Grazia, Ene osaba jauna.

YORK: Erakuts iezadazu bihotz umil hori eta ez balauna, faltsu itxura bait du horek.

BOLINGBROKE: Osaba jauna...

YORK: Et, et!

        Ez niri deitu osaba jauna, ni ez naiz eta inongo traidoraren osaba. Halako deitura sakrilegio hutsa da zital baten ezpainetan. Zergatik ausartu ote dira atzerriraturen oin hoiek Ingalaterrako lurrean zehe bakarra ere zapaltzen?

        Eta zergatik ausartu hainbeste miliatan zeharkatzen, gure herri apalak beldurrerazirik zuen arman arrandikeriaz eta gerraren mehatsuaz. Zergatik bada? Legezko Erregerik ez dagoela-ta?

        Gazte burugabe horrek, Errege han daukazu, eta beraren botarea nire baitan datza. Oraindik gaztea banintz, sasoitsua, zure aita Gaunt kementsuak eta biok Printze Belatza, gizonon Martitz Jainko hura, milaka soldadu frantsesen artetik salbatu genuenean bezala.

        Ene zeinen zigor handia ezarriko nizukean, nire beso gaixo hau ez balego elbarritasunaren eta adinaren preso.

BOLINGBROKE: Esaidazu osaba jauna, zein den nire okerra eta zergatik den hain larria.

YORK: Zurea da, hain zuzen ere, okerrik larriena. Benetako iraultza eta traizio hutsa hauxe. Atzerriraturik zaude-ta epea amaitu aurretik itzuli zara, armak eskutan zeure jaunari herronka egitera.

BOLINGBROKE: Hereford bezala joan nintzen atzerrira, baina Lancaster moduan hona itzuli. Ene osaba prestu hori, eskatuko nizuke nire kexuak begi inpartzialez ikustea. Neure aita zaitut, eta Gaunt zena bizirik dago zure baitan.

        Onartuko al duzu, ene aita, harat honat inon finkatu gabe bizitzera kondena nazaten? Nire eskubideak kendu eta inor ez diren horiek nire lepotik bizi daitezen? Zertarako jaio naiz ba? Nire lehengusua Ingalaterrako Errega bada, ni legezko Lancaster Dukea naiz orduan. Seme bakarra duzu, Aumerle, nire lehengusua. Hil bazina zu, eta bere atzerriratu balute, Gaunt izango zuen hark aita, irain hori garbitzen lagunduko ziona. Senipartea galerazi egin zait, nahiz eta agiriaren arabera, nirea izan. Gure aitaren ondasun guztiak saldu eta beste asko lez, era okerrean irabili dituzte. Zer egin behar nuen ba? Ingelesa naiz, justizia aldarrikatzen dut. Legearen bidez eskatu dut, eta ni neu nago neure arbasoen senipartea eskatzera behartuta.

NORTHUMBERLAND: Irain gogorrak sufritu ditu Duke jaunak.

ROSS: Bere Graziaren menpe dago justizia.

WILLOUGHBY: Gizon zitalak aberastu dira haren lepotik.

YORK: Jaunak, mesedez, neuk ere sentitzen ditut ilobari egindako bidegabekeriak, egin ditut ahaleginak zuzentzeko; baina hau ez da zuzena, armetan etorri eta iraultzaren bidez beraren buruaren mendekatzaile izan; hori ez da zuzena! Eta zuek ere horrela lagunduz, matxinoak bihurtu zarete!

NORTHUMBERLAND: Duke jaunak agindu du ez dela etorri dagokiona eskatzera besterik. Eta denok eskaini diogu bidezko eskari horretan geure indar guztia, eta hitza hausten duenak, ez beza sekula zoriona ezagut.

YORK: Ongi, ongi. Horra arma guztion arrazoia. Ezin dizuet nik aurka egin, aitortu beharra bait dago gure indarren ahulezia. Baina ahal banu, Jainkoaren izenean, atxilotu eta Erregeren oinpetara jaurtikiko zintuzketet denok! Baina ezin dudanez, besterik ezean bazterrean jarraituko dut. Agur beraz. Edo hobe, hartzazue atseden gau batez gure gazteluan.

BOLINGBROKE: Gogo ez onartzen dizugu, osaba jauna, eskaintza. Guk geuk ere eskatzen dizugu Bristol gaztelura etortzeko, bertan omen daude Bushy, Bagot eta gainerantzekoak, neure oinpean zapaltzea eta txikitzea agindu dudan zital horiek.

YORK: Joango naiz behar bada, bai, beno, pentsatuko dut, gure herriko legeak haustea litzateke eta. Ez zaiztuztet ez lagun, ez etsai, halare ongi etorriak. Ez bait da nire erantzunkizuna konponbiderik ez duena.

 

(Badoaz)

 

 

IV. ESZENA

 

Wales-ko landa

 

(SALISBURY Kontea eta WELS Kapitaina sartzen dira).

 

WELS: Ene Salisbury jauna, hamar egunetan egon gara zain, eta ezin ditut ia neure gizonak eutsi. Oraindik ez daukagunez Erregeren berri, etxera itzultzea erabaki dugu, agur.

SALISBURY: Egun bat gehiago itxadon ezazu, galestar leial horrek, zuregan bait du Erregek bere konfidentzia.

WELS: Esan liteke Errege hil egin dela. Gere herriko ereinotzak zimeldu egin dira, eta meteoroek izarrak uxatzen dituzte. Odolezko dirdira dauka ilargiak. Profetek izugarrizko aldaketa aurrikusi dute. Goibel daude jauntxoak eta gaizkileak dantzaka. Batzu daukatena galtzearen beldur, gerratik probetxatzeko asmoz besteak. Erregeen heriotzen seinale izaten dira honelakoak. Agur; aldegin dute nire soldaduak, Richard beraien Errege hil delako ziurtasunarekin.

 

(Badoa)

 

SALISBURY: Ortzetik lurrera erortzen den izar iheskorra bezala ikusten dut nik ospea. Eguzkia negarrez hasten da mendebalde apalean, ekaitza, zorigaitza eta larritasuna heldu direla jakitean. Iheska doaz zure lagunak, etsaiak berriz itxoiten deuzkazu; eta odolak zeharkatuko dizu ondasun guztia.

 

aurrekoa | hurrengoa