I. EKITALDIA I. ESZENA London. Jauregia (RICHARD ERREGEA eta JOHN GAUNT sartzen dira beste zenbait JAUNTXO eta MORROIEKIN). RICHARD: John Gaunteko zaharra, Lancaster ohoragarria, aurkeztu al duzu hemen, aginduaren arabera, Henry Hereford zeure seme kementsua, berak Thomas Mowbray Norfolk Dukearen aurka egin zuen salaketa zalapartaria defendatu eta guk entzun dezagun? Ekarri al duzu? GAUNT: Bai, Maiestatea. RICHARD: Esan bestalde. Galdetu al diozu ea antzinako haserre batek eraginda ez ote dabilen? Ala alderantziz, haren betebeharra denez, traizioaren froga nabarmenik aurkezterik badukan? GAUNT: Auzi honetaz atera diodana da, Berorren Gorentasunaren aurkako konplot arriskutsua eratu omen dela. Ez dakar berak antzinako gorrotoaren arrastorik. RICHARD: Deitzazu beraz gure aurrera. Aurrez aurre, begiak goibelki elkarri so dituztela, entzungo ditugu salatzailea eta salatua bere gisa hizketan. Bai bata eta bai bestea dira harroak, eta biak ere itsasoa bezain zakarra eta sua bezain errea den gorrotoz beteak. (BOLINGBROKE eta MOWBRAY sartzen dira). BOLINGBROKE: Egun zoriontsuz beteriko urte askotan bizi bedi nire jaun eta errege maitatua. MOWBRAY: Eta egun bakoitza aurrekoa baino zoriontsuago bedi, harik eta zeruek berorren koroari betirako titulurik eransten diotenera arte. RICHARD: Eskerrik asko bioi. Baina zuetako bat gezurretan ari da elkarri egin diozuen traizio-salaketa kontutan hartzen badut. Hereford lehengusu, zer duzu esateko Thomas Mowbray Norfolk Dukearen aurka? BOLINGBROKE: Lehendabizi, eta zeruak bilez lekuko, menpekoaren zindotasun eta maitasunarekin, nire printzearen segurtasunak arduraturik eta hasarrerako beste arrazoirik gabe, apelazioa egitera nator ene jaunaren aurrera. Orain, Thomas Mowbray, zugana zuzenduko naiz. Adi egon esango dizudanarekin, ene gorputza izango bait da hori defendatuko duena lurrean, eta ene arimak erantzungo zeruetan. Traidorea zara eta sasikumea, halako izateko trebea oso. Maltzurregia zara bizitzeko, zeren zenbat eta gardenago izan ortzea itsusiago bait dirudite bertan ibiltzen diren hodeiek. Eta nire salaketa larria borobiltzeko, eztarrian josten dizut traidore izen mesprezagarria. Hortaz eta ene Maiestateak onartzen badu, nire ezpata biluziak neure esanaren egia bertan frogatuko al du. MOWBRAY: Nire hitz hotzok ez dezatela ene sua agerian jar, ez da hauxe emakumearengandiko borrokaren dolua. Nola zuzenduko da bi hizkuntza handien eskaera garratza den hontan, heuren arteko auzia? Odolak, nahiz eta berez beroa izan, horretarako hotza beharko du. Halere nire pazientziak badauzka bere mugak eta ezin salaketa horrekin mututu. Hasteko, berorren gorentasunari diodan errespetu handia da nire mihiaren uhalak askatzen galerazten didana. Osterantzean laukoan hasi eta beraren salaketak halako bi egotziko nizkioke! Errege-leinukoa, nire jaunaren senitarteko dela bazterrean utzita, desafio eta tu egiten diot! Gezurti koldarra eta bilaua deitzen diot! Eta hori mantentzearren burrukatzeko gertu nauka. Nahi dituen abantaila guztiak izango ditu. Ezta koldar honen atzetik segika, Alpesetako erreka izoztuenetaraino edo sekulan ingelesak oinik jarri ez duen paraje urrunetaraino heldu beharko banu ere! Artean, honexek ziurtatuko ditu ene hitzak. Faltsu eta zital bera dela zinegiten dut honen bidez. BOLINGBROKE: Koldar zurbil eta dardarti hori! Horra hemen nire erantzuna. Erregearen senidetasuna eta neure jatorri ona alde batera utziko ditut, zuk zeuk ere beldurrak eraginda eta ez errespetoak halaxe egin bait dituzu. Koldar zurbil eta dardarti hori, desafio egiten dizut. Erregeganako senidetasunari uko egingo diot, eta ene Errege-odol gorena ordezkatuko! Zeure zitalkeriaren espantuak batere idarrik utzi badizu, jaso ezazu nire ohorearen adierazgarria lurretik. Horregatik eta zaldun-lege guztiengatik ere defendatuko dut armekin hemen esan dudana eta zuk asma ditzakezun gezur guztiak ere. MOWBRAY: Jasota dago. Bizkarreko baten bidez zaldun bihurtu, ninduen ezpata honengatik, zintzotasunez eta jaunek berek bezala agintzen dut desafioari erantzungo diodala. Eta behin zaldi gainean ez nadila bizirik jaitsi traidorea baldin banaiz edo nire kausa okerra bada. RICHARD: Zein da zure salaketa lehengusu Mowbray-ren aurka? Larria izango al da, bestela susmoen izpirik ere ez du eragingo guregan. BOLINGBROKE: Esango dudana nire biziak frogatuko du. Thomas Mowbrayk zortzi mila koroa jaso zituen berorren maiestatearen armadari soldatak ordaintzeko, berak halabaina asmo gaizkiletarako gorde zituen, den traidore faltsu eta bilauarekin. Horretaz gainera, eta burrukan frogatuko dut, hemen dela, ingelesaren begiak sekula ikusi ez duen tokirik zokoenean delarik ere, herri honetantxe azken hemezortzi urteotan asmatu eta antolatu diren Beraren aurkako traizio guztiek, Mowbray hauxe bera izan dutela jatorri eta bultzatzaile. Areago oraindik, Ondoko hau adieraziko dut haren bizi gorrotagarriaren aurka, dena froga dezan: Berak asmatu zuen Gloucester Duke zenaren hilketa. Haren etsaien belarriak berotu zituen eta ondoren, iruzurti moduan arima errugabe baten ateak zabaldu zituen odolezko ibaietan. Odol huraxe, Abelen sakrifiziokoa bezala, deihadarka ari da lurreko leize zulo mutuetatik barrena, neronek justizia eta zigorra ezar ditzadan. Eta nire arbasoen nobletasun loriosuagatik halaxe egingo du beso honek, hil nadila bertan bestela. RICHARD: Zama handikoak izan dira zure salaketak lehengusu! Thomas Norfolk zer esan behar duzu? MOWBRAY: Itzul beza aurpegia zure gorentasunak, eta gor bitez zerorren belarriak une batez, Jainkoak eta gizonok honelako gezurtiari nolako gorrotoa diogun adierazten dudan bitartean! RICHARD: Mowbray, gure begiak eta belarriak inpartzialak izango dira. Ezta nire anaia balitz, ezta nire ondorengoa balitz ere, eta nire iloba delarik are gehiago. Neure tronoarekiko errespetuagatik agintzen dizut senidetasunak, gugandik hurbilena balitz ere, ez lukeela salbuespenik, ezta makurreraziko ere gure bihotzaren sendotasun zurruna. Bera menpeko daukagu, Mowbray zeu ere. Izan ezazu geure baimena beldurrik gabe mintzatzeko. MOWBRAY: Orduan Bolingbroke bihotz zatarrekoa zara zu eta zure eztarri faltsu horrek ere gezur zatarra esan du, badauzkadalako iadanik jaso nuen diruaren hirutik bi soldaduen artean banatuak. Gainerakoa gorde egin dut beraien baimenaz, gure jaunak zor zidan Frantziara erreginaren bila joatean gastatu nuen dirutza behin betirako kitatzeko. Orra hor iresteko gezurra! Eta Gloucester zena ez zuten nire aginduz hil. Baina nire zoritxarrerako ahaztu nuen bai kasu hartan betebeharra. Eta zuk, ene Lord Lancaster noble, nire etsaiaren aita ohoretsu horrek badakizu behin zelata jarri nizula. Damu da nire arima gaisoa bekatu hartaz. Baina azken jaunartzean konfesatu eta apal apal eskatu nuen barkamena. Lortuko al dut berau! Hauxe da nire errua. Gainerako salaketak bilau baten gorrotoak asmatuak dira. Donge eta traidore zikin baten iruzur hutsak. Erabakita nago defendatzera gogortasunez. Nik ere jaurtikitzen dut beraz eskularrua tradiorearen oinetara aitonen seme leiala naizela frogatzeko, berorren bihotzeko odola isutzen badut ere. Eta berorren gorentasunari erregutzen diot gure burrukarako eguna ezar dezan. RICHARD: Jaun amorratu hori, uztazu auzia nire esku, garbi dezagun gorrotoa inoren odola isuri beharrik gabe. Hortxe gure sendabidea, mediku ez izanik ere. Gaiztakeria sakonak zauria sakona sortuko du beti. Ahaz ezazue, barkatu. Adiskidetu, medikuak ez bait deritzo egoki odol ateratzeari! Osaba, amai dadila gatazka, guk lasaituko dugu Norfolk eta zure semea zuk. GAUNT: Bake-eragilearena ondo baino hobeto doakio nire adinari. Seme, Itzuli eskularrua Norfolk Dukeari. RICHARD: Eta zuk ere itzuli harena. GAUNT: Nola, Henry nola? Berriro agindu beharko al dizut, seme? RICHARD: Norfolk, bota hori! Ez dugu zalantzarik ikusi nahi. MOWBRAY: Nahiago dut zure oinetara bota neure burua. Nire bizitzan agintzen duzu baina ez nire ohorean. Lehena zuri eskeini behar dizut, baina nire izen ona, hil ondoren ere iraungo duena baztertzeko ez duzu botererik. Salatua, ospegabetua, iraindua izan naiz hemen, kalumniaren lantza pozonduaz zeharkatu didaten arima sendatu ere ez da egingo, pozoin hori eman didanaren odola isurtzen ez badut. RICHARD: Lasaitu zure gorrotoa, eta hona eskularrua. Lehoiak leopardoa hezitzen du ezta? MOWBRAY: Baina ez honen orbainak ezabatzen. Hartu nire ohorea eta amore emango dut. Ene jaun maite hori, bizitza hilkor honek ematen digun altxorrik preziatuena dugu akatsik gabeko ospea. Zer gara osperik gabe lur urreztatua edo buztin margotua baizik? Arima kementsua bular leialaren barruan, hamar giltzaz gorderiko harri bitxia da. Ohorea dut bizitza, bata eta bestea gauza berbera. Ken zaidazu ohorea eta deus ere ez naiz. Beraz jauna, uztazu neure ohorea defendatzen. Beragatik bizi naiz. Beragatik hilko naiz. RICHARD: Beraz lehengusu, zeu hasiko zara. BOLINGBROKE: Zeruko Jainkoak babestuko al dit bekatu hori egitetik. Burua makurtu beharrean al nago aitaren aurrean? Eta eskale baten erabetasun dardartiaz neure duintasuna jan traidore lotsagabe honen aurrean? Neure mihiak ahultasunez ohorea zauritu nahiko balit edo barkamenezko hitzik aipatzera makurtuko balitz ere, nire hortzek moztu egingo lukete koldarkeria horren erruduna, eta laidoz odoleztaturik botako, honen lotsarako, desohorearen gordelekura, Mowbray-ren aurpegira! RICHARD: Gu ez gara eskatzen ibiltzeko jaio, agintzeko baizik. Zuek adiskidetzea ez dugu lortu, presta zaitezte ba zeuon bizitzez erantzuteko. Coventryn, Done Lamberto egunean. Ezpatek eta lantzek erabiliko hantxe zuen gorroto burugabearen auzia. Guk adiskidetu ezinik patuari utziko diogu epaia ematen. Mariskala, aginduiezu gure ofizialei burruka antolatzeko presta daitezen. (Badoaz) II. ESZENA London (Lancaster-eko Jauregiko Dukea JOHN GAUNT eta Gloucester-eko DUKESA sartzen dira). GAUNT: Ai ene! Woodstock gaisoaren odolarekin nuen loturak, zure eskaera guztiek baino sendoago bultzatzen nau haren erahileen aurka. Justizia ordea, krimena eragin duten esku berberetan datza eta zer egin! Zeruari eskatzea baizik ez dugu. Berak ordua heldu dela erabakitzean mendekuaren tximistaz joko du errudunen burua. DUCHESS: Baina Thomas, ene jaun maitea, ene bizitza, ene Gloucester, Edwarden odol sakratuaz beteriko ontzia, haren errege enbor gorenaren adar loretsua hautsi egin dute, eta edukin preziatua isuri. Enborra moztuta dago eta hostoak bekaizkeriaren eskutan zimeldu zaizkio, erahilearen burdinaz ere. Ai Gaunt! Zure odolekoa zen. Zu sortu zintuzten ohe berak, sabel berak, molde berak, adore berak sortu zuten hura ere eta bizirik badirauzu ere, berarekin batera hil zara. Zeure aita beraren heriotza ere ontzat hartzen duzula esan liteke, anaiaren hilketak ez zaitu kezkatzen zeuen aitaren eredua izanik ere. Ez hori ez da eroapena, ahulezia hutsa baizik. Zure anaiaren hilketa horrela jasanik zeure biziaren bidea ere biluzik utzi duzu, erahileek zureaz beste nola egin behar duten erakutsita. Jende xehearengan eroapena deitzen dugun hori nobleon baitan koldarkeria hutsa da. Zer esango dut gehiago? Nire Gloucester-en hilketa mendekatzea duzu, zeure bizia babesteko biderik onena. GAUNT: Jainkoari mendekua, haren ordezkaria, lurrean haren mandatari dena bait da hilketaren erantzule. Erruduna balitz, hark zigortuko du, baina nik ez diot beso mendekatzailea haren ministroari jasoko. DUCHESS: Nori aurkeztuko diot ba neure kexa? GAUNT: Jainkoari, alarguntsa guztien garaile eta babesari. DUCHESS: Hala bedi. Agur, Gaunt zaharra. Zoaz Coventryra, gure Hereford maitearen eta Mowbray bilauaren arteko burruka ikustera. Nire senar zenari egindako traizioak Hereforden lantza zuzenduko al du Mowbray gaizkilearen bularraren erdira. Edo ezbeharrak haseratik jotzen badu, Mowbrayren bekatuak hain izango al dira astunak, non zaldiaren bizkarrak ezingo dion eutsi eta zalduna eraitsi zelaiko hondar gainera! Babesgabe, garaituta, gure Hereforden eskutan. Agur, Gaunt zaharra. Zure anaiaren alargunak bere samina beste lagun gabe amaitu beharko ote du bizitza? GAUNT: Agur, arreba, Coventryra noa. Zoriona izan dezazula bihotz-hibotzez. DUCHESS: Zaude, beste gauzatxo bat. Minak jauzi egiten du erortzen den tokian, ez arintasunagatik, pisuagatik baizik. la ezertxoere esan gabe joango naiz, pena ez bait da hala dirudienean amaitzen. Eman goraintziak Edmund York nire nebari, besterik ez. Itxaron piskat oraindik, ez daukat besterik, baina ez zaitez joan. Zerbait gogoratuko dut... esaiozu... Baina zer? Ni ikustera etor dadila ahalik lasterren Plashyra. Ai ene, baina zer aurkituko du York gizarajoak bertan? Gela hutsak, orma biluziak, morroirik gabeko sukaldeak, inork zapaltzen ez dituen zoruak eta nire aieneak beste ongietorririk ez. Ez esan etortzeko, hobe du nire pena ikusi baino beste edonora joan. Atsekabez, atsekabez noa eta atsekabez hilko naiz. Nire begi malkoz beteok azken agurra ematen dizute. (Badoaz) III. ESZENA Coventry-ko ibai ertzean (LORD MARSHALL eta AUMERLE-ko Dukea sartzen dira). MARSHALL: Milord Aumerle, Henry Hereford prest al dago? AUMERLE: Hala dago, burrukatzeko amorratzen. MARSHALL: Norfolk Dukea ere, adore eta kemenez beterik tronpetotsen zain dago. AUMERLE: Biak daude gertu beraz. Erregea etortzea besterik ez da falta orduan. (Tronpetotsak. Erregea, GAUNT, BUSHY, BAGOT, GREEN eta beste noblerekin sartzen da. Prest daudela, MOWBRAY salatua, NORFOLK-eko Dukea sartzen da armetan MEZULARI batekin). RICHARD: Marshall, eskatu defendatzaile ausart horri hemen armaturik aurkeztearen zergatia. Galdetu bere izenaz eta legearen arabera bere auziaren zuzentasunaz zin egin dezan. MARSHALL: Jainkoaren eta erregearen izenean esazu nor zaren eta zergatik zatozen hona armaduraz jantzita, noren kontra aurkezten zaren eta zein den zure auzia. Mintza zaitez egiaz zaldun zarenez, eta zeruak eta kemenak babes zaitzatela. MOWBRAY: Nire izena Thomas Mowbray da, Norfolk-eko Dukea. Eta emandako aginduak ekarri nau hona, zaldunak ez bait du bere hitza sekula hausiko, Jainkoaren, Erregearen eta beronen leinuaren aurrean nire leialtasuna defendatzera Hereford Dukearen aurka, zeinak gezurretan salatu nauen. Eta Jainkoaren graziaz, eta neure indarraz burrukatu egingo naiz, Jainkoa, Erregea eta neureganako, traidorea dela frogatzeko. Eta diodanez zeruak zain nazala. (Tronpetotsa. BOLINGBROKE, Hereford-eko Dukea, apelatzailea eta Mezularia sartzen dira). RICHARD: Marshall, galdetu jaun armatu horri nor den eta zergatik aurkeztu den hemen gerrarako armaduraz jantzirik. Eta, gure legearen arabera, bere kausaren zuzentasunaz zin egin dezala. MARSHALL: Zein da zure izena eta zergatik etorri zara hona Richard erregearen aurrean aurkeztera? Noren aurka zatoz eta zein da zure auzia? Esazu egia eta zeruak babes zaitzala. BOLINGBROKE: Henry Hereford, Lancaster eta Derbykoa nauzue, eta burrukatzera aurkeztu natzaizue, frogatu nahian, Jainkoa bitarteko eta neure gorputzaren indarrez, Thomas Mowbray, Norfolk-eko Dukea, traidore arriskutsu eta bilaua dela zeruko Jainkoarekiko, Richard errege eta neurekiko. Egia denez zeruak zain nazaten. MARSHALL: Heriotz zigorpean ez dadila inor ausartu zelaia ixten duten langarik inola ere ukitzen, Mariskala edo ofizialak izan ezik, burruka leial honen zuzendariak direnez. BOLINGBROKE: Lord Marshall, utzidazu nire jaunaren aurrean belaunikatu eta mun ematen eskuan zeren Mowbray eta neu, erromes joaten direnen antzekoak bait gara. Betirako agur esan behar genieke lagun guztiei bihotzez. MARSHALL: Apelatzaileak beren gorentasunaren eskuan mun emateko mesedea erregutzen du. RICHARD: Hemendik jaitsi eta besarkatu egingo dugu. Lehengusu maite, arrazoia baduzu, bedi zurekin patua borroka honetan. Agur ene odola gaurkoan isurtzen bada. Zeru goiek ez dezatela nahi, guk ez dugu zure heriotza mendekatuko. BOLINGBROKE: Begi noble bakar batek ere ez dezala malkorik laidotu Mowbray-ren ezpatak zulatzen banau. Ni ere, aztorea txoriaren gainera oldartzen den konfidantzarekin burrukatuko bai naiz. Ene jaun maitea, agur esan behar dizut. Agur Lord Aumerle lehengusu noblea, hil behar badut, zahar eta elbarri beharrean, gazte, osasuntsu eta bizitzaren loretasunean hilko al naiz. Otorduetan bezala, amaierarako utzi dut jakirik gogokoena, hala agurra gozoagoa izateko. Nire odola eta biziaren egile lurtar horrek, zure gazte-izpiritua nigan suspertu duen horrek, altxa nazazu zeure indar guztiekin nire buruaren gaindi dagoen garaipena lor dezadan. Sendoagotu nire armadura zeure otoitzen bidez, eta zorroztu nire lantza zure bedeinkapenekin, Mowbrayren armaduran laban sar dadin, eta John Gaunt-en izenak bere semaren jokaera kementsuan argi berri batez diztira dezan. GAUNT: Jainko Ahalguztidunak lagun zaitzala. Zaitez tximista bezain azkarra burrukan, eta eror daitezela zure kolpe gogorrak trumoi suntsitzaile gisa zeure etsai gaizto eta zital horren kaskoaren gainera. Gora zure odol gazte hori. Zaitez, kementsu, ez etsi. BOLINGBROKE: Neure arrazoiak eta Done George deunak zain nazatela! MOWBRAY: Zein ere bait da Jainkoak gorde didan patua, garaile irtengo edo hilko da, Richard Erregearen tronuari zintzo, aitonen seme leial, egiati eta akatsik gabekoa. Santa sekulan ez ditu gatibu batek eskatu esklabutuaren kateak bere bihotzetik, ezta bere askatasunaren altxorra ere besarkatu, nire arima dantzariak etsaiaren aurkako burruka hauxe ospatzen duen baino atsegin handiagoz. Jaun boteretsu hori eta adiskide guztiok, denok izan dezazuen une zoriontsua. Lehiaketara bezain alai eta adoretsu nator burruka honetara. Egiak bularra sendoagotzen didalarik. RICHARD: Agur, ene jauna, bertute kementsua somatzen dut zeure begietan. Marshall has zaitezke. MARSHALL: Henry Hereford, Lancaster eta Derbykoak, hartu zeure lantza eta Jainkoak lagun zaitzala. BOLINGBROKE: Dorre bat bezain sendoa dut itxaropena, hala bedi! MARSHALL: (Ofizialari) Eramaiozue lantza hau Thomas Dukeari. 1. HERALDOA: Henry Hereford Lancaster eta Derbykoa, hemen aurkeztua Jainkoaren, Erregearen eta haren izenean, saldukeria eta gezurrezko salakuntzaren zigorpean, Thomas Mowbray Norfolk Dukea traidorea dela frogatzeko Jainkoaren eta Erregearen aurrean. Hala, burrukarako egiten dio erronka. 2. HERALDOA: Hemen Thomas Mowbray, Norfolk Dukea aurkeztu da, gezurti eta iruzurti agertzeko arriskuan bere burua defendatzeko, eta frogatzeko Henry Hereford, Lancaster eta Derbykoa, Jainkoaren eta Erregearengan traidore handia dela. Adoretsu eta desioz amorratzen dago, hasteko seinalearen zain. MARSHALL: Jo turutak! Eta prest zaitezte burrukariak! (karga-hotsak entzuten dira) Egon, Erregeak makila jaurtiki du-ta! RICHARD: Erantzi ditzatela kasketak eta arma guztiak, eta itzul daitezela biak beren tokietara! Zatozte gurekin eta jo ditzatela turutak gure erabakia azaltzen dugunera arte. Zatozte eta entzun kontseiluan erabaki duguna. Gure erresumako lurrak ez luke zertan zikindu behar sortu duen odol berberarekin, gure begiek auzoaren burdinak sorturiko zaurien ikuskizuna gorrotatzen dutelako. Gure ustetan arranoaren hegada adinako harrotasun gorena eta asmo goizaleak dira hain zuzen ere bekaizkeriarekin batera, bakeari erronka eginarazi zaituztena, geure heriaren sehaskan zegoen huraxei. Eta hala altxa zitekeen zalaparta zakarrak, tronpeten zaratots ikaragarriak, eta burdinezko armen elkar jotzearen oihartzun beldurgarriak, gure txoko baketsuen barealdia izutuz uxa zezaketeela-ta, eta gu geu ere bultzatu geure senideen odola isurtzera, biok herbestera bidaltzea erabaki dugu. Zuk, Hereford lehengusu, biziaren zigorpean, harik eta hamar udaberrik gure zelaiak laztandu arte, ez dugu gure erresuma ederra ikusiko, atzerriko bide-zidorretan barrena ibili beharko duzu. BOLINGBROKE: Hala bedi; jauna. Badut kontsolamendua, eguzki epel honek ere argituko du, eta izpiak zure buruan erortzen direnean, eroriko al dira nigana ere eta daukadan zigorra alaitu! Norfolk, zigor larriagoa dugu zuretzat adierazten dizut bihotz saminez. Orduen ibilera geldoak ez du zure atzerriratze gogorraren amaiera mugatuko. Agintzen dizut ez sekulan itzultzeko gure erresumara biziaren zigorpean. MOWBRAY: Gogorra da epaia, ene jaun ahaltsua, eta ustekabekoa zuregandik etortzea. Ez nuen pentsatzen zure aho goren horretatik halakorik entzutea. Atzerrira bidegabeki eramaten nauen kolpe hori baino sari hobeagoa merezi nuen bere maiestatearen eskuetatik. Berrogei urteotan zehar mintzatu naizen hizkuntza orain ahaztu beharrean nago, eta mihiak haririk gabeko biola edo arpak, edo kaxan gorderiko tresnak beste lagundu dit, edo armoniarik ez dakitenen eskuetan lagatzen den tresnak beste. Aho barruan atxilotu didazu mihia nire hortzen burdinsarearen atzetik, eta zaindu beharko nauen gartzelaria ezjakintsu kirten eta antzu hutsa da. Zaharregia naiz inudea hartzeko, helduegia halaber eskolara orain hasteko. Ez al da epai hau heriotz mutua? Nire ezpainei beren jatorrizko arnasa lapurtzen die-ta. RICHARD: Alferrik zabiltza guri errukia eskatzen. Guk epaia erabakitakoan, erreguak berandu heltzen dira-ta. MOWBRAY: Horrela bada, nire herriaren argitik aldenduko naiz, gau amaigabearen itzal nagusietan bizitzeko. RICHARD: Itzuli hona! Eta zin egizu lehendabizi. Jar itzazue eskuak gure ezpata gainean Jainkoari zor diozuen obedientziaz, gurekikoa zuekin atzerrira bait doa, eta agindu zigorra beteko duzuela. Ez zaretela sekula gehiago, Jainkoa eta egia lekuko, elkarren bila joango atzerrian, ezta elkarri aurpegira begiratuko ere. Ez zarete era berean sekula ere saiatuko gure herrian sortu duzuen ekaitza baretzen, ezta elkarrekin inongo traturik egingo ere gure edo Estatuaren aurka edo gure menpekoen edo erresumaren aurka azpilanik edo konspiraziorik antolatzeko asmoz. BOLINGBROKE: Zin dagit. MOWBRAY: Nik ere zin egiten dut. BOLINGBROKE: Norfolk, zaitudan etsaiari diotsat. Honez gero, Erregeak hala nahi izan balu, guretariko arima bat aireetan lihoake gure haragiaren hilobi hauskorretik deserriratua, gu geu herri honexetik garen bezalaxe. Aitortu zure traizioa erresumatik joan baino lehen. Hain urrutira zoazenez ezazula eraman zeurekin arima errudunaren zama astuna. MOWBRAY: Ez, Bolingbroke, traidorea izan banaiz, ezaba bedi nire izena bizitzaren liburutik eta atzerrira nazatela zerutik ere. Zur ere zaren ongi aski dakigu Jainkoak eta biok, eta Erregeak luzaro gabe izango du horren berri. Agur, ene Jauna, nola galduko dut ba bidea, etxerako izan ezean, mundu osoa badut berau? (Badoa) RICHARD: (Isladatzen) Osaba, bihotzaren atsekabea nabari da zure begien ispiluan. Zure tristura horrek haren atzerriratzearen urteak lau urtetan laburtu ditu. (BOLINGBROKE-ri) Sei negu latz pasa ondoren ongi etorria izango zara berriro. BOLINGBROKE: Zeinen denbora luzea datzan hitz bakarrean. Lau negu amaiezinak eta lau udaberri loretsuak hitz bakarrarekin agorturik. Halaxekoa da erregeen arnasa. GAUNT: Eskertzen diot bere gorentasunari niganako begirunez semearen zigorra laburtzea. Abantaila gutxi izango ditut nik halere, zeren atzerrian eman behar dituen sei urtetan ilargiak aldatzeko astirik izan orduko, nire kriseiluak olioa agortuko du eta adinak nire garra, eta biak irentsiko zahartasunak eta behinbehineko gauak. Argizaria itzaliko zait eta azkenik agortuko. Eta heriotzak ez dit semea ikusten utziko. RICHARD: Baina osaba, oraindik ere urte askotan biziko zara-ta! GAUNT: Bizitza, Erregeak ezin du minutu bakar batez ere luzatu, laburtu bai, zigorraren bidez labur dezakezu, eta nire egunak ere ilundu, ez ordea luzatu. Denborari nire aurpegia zimurtzen lagundu, baina ez inola ere haren eragina gelditu. Hura eta biak ados jarri nire heriotza erabakitzeko bai, baina zure botereak ezingo ninduke berbiztu. RICHARD: Zure semearen zigorra ongi pentsatua da. Zure mihiak ere hartu du parte erabakian, zergatik gaitzesten duzu gure epaia orduan? GAUNT: Jakirik gozoenek digestio astuna izaten dute beti. Epaile izatera behartu nauzu, nahiago nukeen aita moduan agindu bazenit. Ene, nire semea beharrean arrotza balitz, askoz ere bihozperago izango nintzatekeen. Espero nuen zuetako norbaitek esatea garratzegia nintzela neure semea horrela zigortzen. Baina denok utzi diozue ene aho ezbaikorrari gogoaren aurka kalte egin ziezaion. RICHARD: Agur, lehengusu. Osaba, esaiozu agur. Sei urtetarako zigortu dugu eta joan beharra dauka. (Erregeak agurtzen du eta segizioarekin badoa). AUMERLE: Lehengusu, agur. Zuk zeuk ez bada, gutunez bidal iezaguzu zeure berri. MARSHALL: Jauna, nik ez zaitut agurtzen, zurekin mugaraino joateko agindua bait daukat. GAUNT: Zer dela-ta ez duzu hitzik ere esaten, ez lagunen agurrei erantzuten? BOLINGBROKE: Ez daukat zuei agur esateko hitza askorik, mihiak bihotzean dudan min handia adierazteko oparoa izan behar badu ere. GAUNT: Zure pena ez da luzerako izango. BOLINGBROKE: Poztasunik ez dagoela, denbora osoan sentitzen da mina. GAUNT: Sei urte berehala joaten dira. BOLINGBROKE: Pozik daudenentzat, minak ordu bakarretik hamar egiten ditu. GAUNT: Hartzazu beraz oporraldia balitz bezala. BOLINGBROKE: Ez dut neure bihotza engainatuko izena aldatu arren. Gogoz kontrako oporrak ditut hauek. GAUNT: Hartu orduan zeure pausu nekatuek zapalduko duten lurra, etxera inguratzen zaituen bide maitagarri hori balitz bezala. BOLINGBROKE: Ez horixe! Emango dudan pausu madarikatu bakoitzak maite ditudanengandik zeinen urruti nagoen gogoraraziko dit beti. Ez al nago ba atzerriko bide urrun guztiak ikustera beharturik? Eta azkenean berriro ere libre naizenean zertaz egongo naiz ba harro, doluaren bidaiari penatua izanaz baizik? GAUNT: Gizon zuhurrarentzat begiekin bisitaturiko bazter guztiak portu zorionekoak direla hausnartu beharko duzu zeure ezbeharrean. Beharra bezalako bertuterik ez dago. Erregeak ez zaitu deserriratu, zuk Erregea bai ordea. Ezbeharra askoz ere astunago bihurtzen da ahuleziaz jasaten denean. Imajina ezazu zeure ohorearen bila bidali zaitudala, eta ez atzerrira zoazenik. Imajina bestela izurrite hondatzaile bat dabilela gure aireetan barrena, eta giro garbixeagoren bila zoazela. Pentsatu zeure ametsetako maitea, zozen tokietan aurkituko duzula, eta ez utzi behar izan duzun hartan. Imajina txoriak musikagileak direla, zapaltzen duzun belarra zure gelako alfonbra, loreak andereino ederrak eta zure pausuak dantza atsegin eta entretenigarria besterik ez direla; tristurak adore txikiagoa izaten bait du iseka eta barre egiten dion gizonari hozka egiteko. BOLINGBROKE: Inork eutsi al lezake eskuetan sua, eta aldi berean Kaukasko hotzetan pentsa? Edo gosearen aho zorrotza isildu otordu baten gogoetak eginez, edo biluzik abenduko elurretan iraulkatzen ibili uden beroaldi zoragarria gogoratuz? Ezinezkoa da. Zer da ongiaren ezagutzak egiten duena, gaizkia gogorrago sentierazi besterik? Min ankerraren hortza inoiz ez da pozontsuago zauriari odolik atera gabe hozka egiten duenean baino. GAUNT: Tira, tira, seme. Bidean jarriko zaitut. Ai ni zu bezain gaztea banintz, ez nukeen geratu nahi izango. BOLINGBROKE: Beraz, Ingalaterra, agur lur gozoa. Adio oraindik zurekin naukazun ama eta inude maitea. Inora joanda ere, harro egongo naiz honetaz, urrutian ere benetako ingelesa izango naizela. IV. ESZENA London. Gortea (Erregea BAGOT eta GREENekin sartzen da ate batetik, eta AUMERLEKO Dukea bestetik). RICHARD: Ohartu gara lehengusu Aumerle. Noraino lagundu duzu Hereford harroa? AUMERLE: Eraman dut zuk esan zenidan bezala biderik urrutienera, eta bertan utzi. RICHARD: Malko asko isuri al duzue agur esateko unean? AUMERLE: Nire aldetik bat ere ez. Ipar Ekialdeko haizeak gogor jotzen zuen une horretan eta begiak suminduta, malko batez ondratu dut gure agurra. RICHARD: Eta zer esan du gure lehengusuak agurtzeko? AUMERLE: Agur. Eta nire bihotzak hitz hume laidotzea jasango ez zukeenez, plantak egin ditut, eta hain ematen nuen lur jota, neure hitza eztarrian bertan ito dela. Jakina, agur hitzak haren atzerriratze laburraren orduak eta urteak luzatzeko balio izan balu, hamaika agur eskainiko niokeen. Horrela ez delarik, agurrik ere ez diot esan. RICHARD: Gure lehengusua da, lehengusu. Kezkagarria da sei urtetako zigorra amaitzen duen bezain laster adiskideak ikustea izango duela. Nik neuk, Greenek eta Bagotek berak ere ikusi bait dugu behin baino gehiagotan berak jende xehearekin zuen adeitasuna, heuren bihotzean nola sartzen zen, finezia lagungina ete apala erabilita zernolako agurrak agurrak egiten zizkien behe mailako arlote horiei. Langile gizarajoak hunkitzen zituen irribarrearekin eta ezbeharrean erakusten zuen etsipen berarekin. Hondamenarekin atsegina zen, heuren adiskidetasuna galdu nahi ez balu bezala. Kapela jaurtiki dio ostra-saltzaileari, bi orgazainek Jainkoaren babesa opatu diote eta belauniko jarrita saritu die, honela esanez: «Mila esker nire herkideak, nire lagun maiteak». Gure Ingalaterrako ondorengoa balitz bezalaxe! Eta gure menpekoek daukaten itxaropen bakarra bailitzan. GREEN: Beno, joana da, eta ideia horiek berarekin. Une honetan, Irlandako matxinoak direla-ta erantzun beharra dago lehenbaitlehen jauna, zeren atzerapenak haiei abantaila emango bait lieke, eta zuri berriz hondamendia. RICHARD: Gu geu joango gara gerra honetan burrukatzera. Eta hondasunak, gorte handiegia dugularik, hain eskuzabal eta lagunekin liberalak garela, urriagotu egin bait zaizkigu. Erresuma akuran jarri beharra dugu, eta irabaziekin gerrari aurre egiteko lain izango dugu. Eta nahikoa ez bada gobernadore guztiei emango diegu zergak biltzeko baimena, eta aginduko ere jende aberatsei, dirutza ederrak eta borondate onez eman ditzan. Horrexekin aseko ditugu gure beharrak. Berehalaxe joan nahi dugu Irlandara. (BUSHY sartzen da) Bushy! Zer berri? BUSHY: John Gaunt larri gaisoturik dago jauna, bapatean izan da. Bisitan joateko erregutzen dio bere maiestateari. RICHARD: Eta non da bera? BUSHY: Ely jauregian. RICHARD: Ederki, gomendaiezu jauna haren medikuei ba hilobirako bidea erakuts diezaioten. Haren diru kaxaren formez eginiko uniformeekin joan ahal izango dute soldaduek Irlandako gerratera. Goazen lagunak, egin diezaiogun bisita, eta berandu iritsiko al gara, bizkor bagoaz ere. BAGOT: Hala bedi! (Badoaz) |