GALIZIA ETA EUSKAL HERRIA Antonio M.ª Labayen Orain dela gutxi bere sorterriak Rosalia de Castro-ri eskaini dion gorazarrea dela-eta, euskal letrek berarengan izan duten eraginaren, berri eman nahi nieke neure irakurleei, «Antón el de los Cantares»-en eta Rosaliaren senar izan zen Manuel M. de Murguia galegista eta galegoaren birjaiotze literarioaren eragilearen bitartezkoaren berri. Antonio de Truebaren eragina nabarmena izan da eta halaxe aitortu zuen Rosaliak berak bere «O Libro de Cantares Galegos» eratzean, berari buruz dioelarik: «inspiroule e doule alento pra levar a cabo o seu traballo propio». Aitorpen hau kontraesan gordinean dago gure artean zenbaitek «Antón el de los Cantares»-en poesi obrarenganako agertzen duten gutxiespenarekin eta ukatu egiten bait dute gainera, «herria poeta handi delako egia, zeren oso bizirik bait dauka arrazaren arima zenaren kontzeptuaren sentimentua». Oso argigarria izango litzateke gaur Truebaren izakera bigun eta onbera kontutan hartzea, suhar era herraberagoa zen Rosaliarenarekin konparatuz. Eta honela poetisa inspiratuak, bere abertzaletasunean min harturik, ahapaldi indartsutan mamitzen du bere samina eta haserrea bere aberkide doakabeen defentsan jaikitzen delarik: «Premita Dios, castellanos, castellanos qu'aborresco qu'antes os galegos morran qu'ir a pedirvos sustentos.» Gogorrak, bapikatuak eta zoritxarrez higuingarriak iruditzen zaizkigu gaur añen hauek. Ez ordea Unamunori eta bere espainiarzaletasuna gorabehera eta agian horretxegatik esan bait zuen ohar gisa: «Eskatzera ez, hartzera!» Irizpide ertzeratu honen arabera ez dugu hain zorrotz epaituko Arana-Goiri'tar Sabinen eresi suharra: «Ze ikusten dabe neure begiok au dana dakust galduta. Motzak sartuta zuen etxean dira emen jabe.» Bai egia handia dela kasu guzti hauetan sortu zireneko garaia eta zirkunstantziak kontutan hartu behar direla! Anton eta Rosaliaren arteko beste antzekotasun batzu aztertzera pasatuz gero, biek landu zuten lirikan ere hainbat loturagune aurkitzen dugu. Biek kantatzen dute atseginez Natura, ekologistak dira poetarik gehienak bezala. Apal kantatu zuen Truebak: «Una mañana de Mayo, una mañana muy fresca.» Eta Rosaliaren musa goibelak erantzuten dio: Mais ai! que noite que agarda! Mais ai! que noite te espera! Esan dezagun Unamuno bi poeta hauen miresle sutsua izan zela. D. Miguelek pertsonalki ezagutu zuen Anton, «el de los Cantares», eta bere estimua erakusteko aukera izan zuen 1889an hura hil baino lehen. Unamunoren iritzi literarioak, bere bizitzako edozein arotakoak, beti dira baliotsuak eta gero Martin Fierroren egileari eskaini zaizkion goraipamenen aintzindari izan zen. Unamuno Truebaren miresle izan zen gerora Carmelo de Etxegarai, R. de Belaustegigoitia, Gregorio de Mujika eta beste kritiko batzu izan diren bezalaxe. Rosaliaren obran senarrak, D. Manuel M. de Murguiak, Tolosan jaioa dela aldarrikatzeari beharrezko bait derizkiogu, izan duen eraginaz zerbait esatea falta zaigu. Manuel semeak maitasunez beterik hara zer dioen bere amaz: «Nire ama gezurtirik eta beldurtirik ez dagoen lurralde hartakoa da eta bere odolarekin batera sorterriarenganako maitasun betirakoa eman zidan. Nahi dutena esan dezatela amaren eraginei buruz. Nik aitortu, onartu eta aldarrikatu egiten ditut egia ukaezintzat». Hobe bai egia izaten jarraituko balute! eransten diegu guk Erret Akademia Galegoaren lehen Presidenteak eta historialari gailenak bere amari eskainitako hitz hauei. Baina Galizia eta Euskal Herriaren arteko harremanen gaiak beste aipagarririk ere badu eta beste artikulu baterako utziko ditugu. * * * Aurreko artikulu batean hitzeginak gara galiziar literatura modernoan izan den euskal eragin urrutikoaz. Aipa ditzagun orain, zenbait parekotasun gaurreguneko alor politiko-kulturalean bi kolektibitate hauen baitan nabarmentzen direnak. Baina aurrena esan dezagun tamalgarria dela gure artean inork ez bultzatu izana Rosalia de Castro, letra galegoen emakume gailena den honen «Cantares Galegos»-en euskarapena. Gaitzerdi hutsune hori betetzeko «Catecismo do Labrego» obraren euskal itzulpena badugula, zorigaitzez desagertua den Gabriel Aresti poetaren eskutik. Zilegi bekio sinatzaileari iragartzea Castelaoren «Os vellos non deben de namorarse» teatro-lana bukaturik daukala. Pozkarria da ikustea lan bikain batxekaini diola Blas de Otero poetak Rosaliari bere «Historias fingidas y verdaderas» obran. Eta aipamen berezia merezi dute «Goiko-Agirre» artista grafikoak burutu duen lana «Cantares» obra edergarriz hornitzean, Aguilar Etxearen «Crisol» sailean, Castelao handiaren marrazkien lehiakide diren irudi zoragarriekin. Labur esateko: ez da handiegia galiziar literaturaren distirari euskaldunok erantsi dioguna. Agian gehiago izan da gure burruka politikoaren jarraibidea galiziar kontzientzia esnatzeko eta erreibindikapenak eragiteko. Gogora dezagun Aranzadi, J. A. de Agirre Irujo eta beste zenbait parlamentario aritu izan zirela galegismoaren aldeko propaganda-ekintzatan. Ordainetan Vicente Risco, A. Cunqueiro eta Otero Pedrayo bezalako pentsalari eta literaturgile galiziarrak lankide izan genituen geure egunkari eta aldizkarietan. Une hauetan bertan atseginez ikusten dugu nola Garcia-Sabeil bezalako pertsonalitateak gure kultur-bileretan partaide diren. Eta gure poza areagotu egiten da Pasaia, Eibar, Barakaldo eta beste zenbait herritan, galiziar herriarekiko solidaritate eta kulturazko egunak antolatzen direla irakurtzean, gure begirune ta begikotasun guztia merezi bait dute. Lehen aipatu dugun Otero-Pedrayo poligrafoak, 1975ean hil zenak, sarritan idatzi zuen «Euzkadi»-n. Ongi dator gogoratzea hiletetan galiziar bandera kolorebikoaren tolesturen pean ehortzi zutela, hain zuzen Lepantoko bataila sonatuan itsasuntzi kapitainak erabili zuenaren pean. Datu hau inoiz ez lukete ahaztu behar zentralismoaren inperialistek. Jainkoak hala nahita, Otero Pedrayoren hileta elizkizuna Santiagoko Apezpiku Txit Gorena zen Monseñore Sukia euskaldunaren eskupean ospatu zen eta honek nolabait ere kitatu zuen euskaldunok galiziar gailenarekiko genuen zorra. Egokia da Galizia eta Euskal Herria elkarren lankide izatea beren nortasuna sendotzeari dagokionean. Apalki onartu beharra daukagu haiek kultur indarra eta demografiari dagokionean irabazi egiten digutela, literatura zabala bait dute bai aintzinakoa eta bai modernoa, izan ere bi kontinentetara zabaldu bait dute beren hizkuntza. Agian ekonomia eta industriaren alorretan gainditu ditugu eta geure eskakizun autonomikoak eskuratzeari dagokionean ere bai, aurrea hartu diegu. Rosaliaren «Cantares» obran artistikoki isladatzen den «pobo galego» penatuak arrazoi eta eskubide guztiak ditu bere erreibindikazioak garaile atera ditzan. Zeharo bidezkoak ziren Rosaliak jaregin zituen deitoreak: «Llanura e sempre llanura deserto e sempre deserto, miserable fanfarrona triste herencia foi per certo...» Nolabait ere bat datoz Arana-Goirik kantatu zituenekin: «Euskaldunak, galdu da gure izena! mendi guztiak ikusten dira danak gorri-gorriak dana isil-isilik... Egiaz esan dabe ez dala geiago euskaldunik.» Gehiegikeria poetikoak, zalantzarik gabe, baina herriak lozorrotik esnatzen lagundu dutenak, etorkizunari buruzko kontzientzia politikoa hartzen, beren nortasun nazionalaren iraupena segurtatzen eta izpiritu eta ondasunezko oparotasuna izaten: izpiritu biziemalearen jabe izaten. |