|     70 zenbakia, 1984ko urria [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


AZKEN ZATIA

 

JARDUN-LAGUNAK:

        FUKO JAUNA

        BOTIKARIOA

        D. RAMON

 

 

Irudi bakarra

 

(Oskarbi dago, ilargi beteaz argitua. D. Ramon eta Botikarioaren gorputz-ezurrak berriketan ari dira kanposantuko orma-ondoan. Ortan On Fukoren korputz-ezur eskeletoa sartzen da errenka.)

 

FUKO: (Aldarte txarrez) Gabon!

BOTIKARIOA: «Salutem plurimam!» (Arroputz)

D. RAMON: (Zirikalari) «Liberté, Fraternité, Egalité!»

FUKO: Utz itzazue txorakeriok! ezen gaur dakidana kontatuko dizuedanean ezurrak ere piztuko zaizkizue. Buztiñezkoak baziñate ere Belengo idien kideko sutan jarriko ziñatekete.

BOTIKARIOA: Zer gertatzen da, bada, Fuko? Errenka zoaz-eta...

D. RAMON: Egitan, orain ez dirudi or oe azpian zaudenik.

FUKO: Ez aski nuen enterratzailleak lapurtu zizkidan oñetako erosi berriak oroitzea. Astapiku orrek ez zuan bada sartu ildako bat nere illobian! Ni zapal-zapal eginda. Ez nuen sekula abere aundiagorik, animalia ez bestena! Ez zidan bada zerraldoa nere gañera bota eta nere eskubiko ankako ezurra autsi!

D. RAMON: Fuko gizarajoa! (Parre algara egiñez).

BOTIKARIOA: Eta nor zan defuntua? Zeure familiakoaren bat, noski.

D. RAMON: (Parrez diardula) Pinpinela izango zan. Zu gabe ezin bizirik lagun egitera joan zitzaizuna.

FUKO: Pinpinela! Pinpinela! Ez al dakizue gazte alper arekin ezkondu zana eta orain goxo-goxo elkarrekin lo eginez ta bizi dirala eta jan-edanez nere kontura? Nik utzitako ondasunekin. Jakin dudanez saldu zuten Bouzako piñutegia, Canabalgo barrutiak. Lapur, ondatzailleak! Koska eginda ortzekin txikituko nituzke!

BOTIKARIOA: Eta nork kontatu dizkiozu ipui oriek? Zure illobian sartutako defuntua izan al da?

FUKO: Zan eta da! Nere amagiarreba ain zuzen.

D. RAMON: (Parrez leertzen) Amagiarrebak zapaldu alegia eta iztar ezurra eusi gañera Ja, ja, ja!!

FUKO: Gajoa aide txar batek il omen du... Nik uste betekada bat izango zala, bada, usai kiratsa zerion.

D. RAMON: Ja, ja, ja! Baduzu une beterako usaia, Amagiarrebaren kerua! ... Kiratsa.

FUKO: Ez dezazula ainbeste parre egin, Erramontxo, azkenean negar egingo duzu-ta. Gajoa oso nekez mintzatzen da, mingaiña ere usteldu bait zaio. Alaz guztiz gauza batzuk kontatu zizkidan zuentzat berriak diranak.

D. RAMON: Konta, konta!

FUKO: Or dijoa bada, eta entzun ondo Ramuntxo, sutan jarriko bait zara eta ez parrez. Justizikoak zure zamarraren barruan paper bat arkitu zuten. Eta bertan zuk Mikeleri etxealde onenetako bat ematen zenion. Eta guztiok zekiten beste batzuek ere utziak zenizkiola... elkarrekin pekatu larrian bizi bait ziñeten!

D. RAMON: Ori ez da egia!

FUKO: Nere amagiarrebak ez zuan beñere gezurrik esaten. Zuk ordea zoro eta etxeak musu-truk besteri ari ziñala ematen arriak ere ba-dakite. Mikele, egitan portugaldarrekin bizi zan naiz orain zurekin bizi zala esanazu txorimalo iñozotzat artuz.

D. RAMON: Ez nazazula ain ezereza egin. Arlote ez bestena, eta itzegin zaidazu errespetoz.

FUKO: Orain guztiok berdinak gara! (Zirikalari) Liberté! Fraternité! Egalité! Baiñan entzun Erramontxo, orain dator onena-ta Mikelek seme bat izan du, aditzen?

D. RAMON: Seme bat?

FUKO: Zu ilda piska batera jaio zitzaion; eta gero letradu batengana jo zuan eta honek zure ondasunen gañean auzia sortu zuan; zin egiten bait zuan semea zurea zala zurekin maitekerietan ibillitako probak agertuz. Arrazoi zuan ala ez sutan jarriko ziñala ziur nengon.

D. RAMON: Zurrupatzaille alena! Iñoiz baldin badator kanposantu ontara xeatuko dut Santiagok moruak xeetu zituan antzera. Zorigaiztokoa sorgin argan begiak jarri nituan eguna! Ni aldiz iñozo eta kaikua! Nere ondasun guztiaz jabetuko dira eta portugaldarrak ez du nere bizkar parre gutxi egingo!

FUKO: Mikele ez da motela ez! Portugaldarra uxatu zuan kanpora baiñan berriro Justiziak erabakia emandakoan itzuliko dala diote, eta ondo bizi zure kontura. Ez dute bada ederki eguzkia artuko zure jauregiaren solairuan, Ondarezale politak sortu zaizkizu D. Ramuntxo!

D. RAMON: Aski duzue adarra jouez, Fuko. Bestela beste iztar ezurra puskatuko dizut betiko elbarriturik utziaz...

FUKO: (Burua esku artean arturik) Ez zaitezela orrela asarretu, gizona! Ori eta geiago jasan ditut zuk Pinpinelaz jardun duzunean.

BOTIKARIOA: Eta neretzat ez al dakarzu ezer berririk?

FUKO: Zerbait bai, naiz utsa izan. Alegia, zure Lela karabineroarekin ezkondu zala eta ba-dituztela lau seme-alaba.

BOTIKARIOA: Aur gaixoak! Obe zuketen botikario baten seme izan.

FUKO: Zure arrebak botika saldu zuten eta lau mamu bezala bizi dira, Eriotzaren zai eta zugatik negar egiten.

BOTIKARIOA: Koitadutxoak! (Negar egiten asten da. Fuko ondoan esiaren aurrez-aurre eseritzen, isilune baten ondoren berriz mintzatzen asiaz).

BOTIKARIOA: Zuek beinik bein berezko eritasunez il ziñeten eta nik neure burua il nuen. Ainbeste erotu nintzan Lela gabe ezin biziaz!

D. RAMON: Zure botikako soliman-pozoia artuz il ziñan, baiñan ni nere kupeleko pozoi eta tabernetako ardoz egin nuen azken gaizto. Apoa banintz bezela bi txorimaloren erdian. Nere kastak ez zezakean azken makurragorik izan.

FUKO: Berdin da. Nere pozoia biotzekoa izan zan eta ni ere artatik il nintzan.

BOTIKARIOA: Ez kexatu. Zu bederen zorionez gañezka il ziñan.

D. RAMON: (Fukorengatik) Erle mando au eztitan ito zan.

FUKO: Zuetatik iñor ez zan il ni bezain samindurik. Zu, Saturio, botikako jarabe gozoa artuz, erdi lotan oñazerik gabe il ziñan. Zuk, berriz, Erranon ardoz itota, ez zenuen Eriotzarik nabaitu. Nerea bakarrik izan zan amorraziozkoa. Zakur amorratuaren antzera il nintzan. Iturria ikusi eta ango ur garbia ezin edanez. Egarriz il nintzan. Aguretuta gero maitemindu nintzalako il nintzan.

 

(Ollarrak kukurrukuak eta urritiko eliza baten kanpai otsa entzun bitez.)

 

D. RAMON: Goazemazu berriz etzatera.

BOTIKARIOA: Goazemazu.

 

(Esitik jaitsi eta bata bestearen ondoan astiro alde egin bezate.)

 

FUKO: Aguretuta gero maitemintzeagatik.

BOTIKARIOA: Aguretuta gero maitemindu garelako.

 

ESTAL-OIALA.

 

aurrekoa | hurrengoa