LENENGO EKITALDIA JARDUN-LAGUNAK: BOTIKARIOA: (Agure maitabera, gizarajoa gañera Saturio deritzana.) LELA: (Neskatxa gazte ergela goiz-ollanda.) KARABINEROA: (Tripazai alena, bizi obearen zale.) BOTIKARIOA'REN ARREBAK: (Purgatorioko lau anima soñoko beltzetan jantziak.) ERIOA: (Guztion sakatzaille eskalez mozorrotuta.) EMAKUMEZKOAK: (Atzamar eztendunak.) (Guztiak aurpegiak karetaz estalita.) Lenengo agerraldia (Botika batean. Oiala jasotakoan Lela saltokiko mai aurrean estu-estu eskuan botillatxo bat daramala eta Botikarioarekin izketa goxoan, maitekerietan edo...) LELA: Ez dakit gizon onek zer ematen didan... aspaldian nere etxean bear nuan-eta! BOTIKARIOA: Ba... potxola! maitemintzeko edaria emango dizut halako batean Saturio izena dudanez ori egingo dizut. LELA: Ori saldukeria izango litzake. BOTIKARIOA: Jainkoak daki zentzua nastuko dizudala erremedioren batekin. LELA: Bada-ezpada ez dut artuko Botika ontako edaririk gozoena izanik ere. BOTIKARIOA: Autsak ere eman dezaizkizuket edota- berogarri diran pildorak. LELA: Ondo eman ere! Eta nik artu? Ez orixe! On Saturio. Zuk laister bidetik joan nai duzu. Ez bestela, onez-onean maitemindu arazi nai. BOTIKARIOA: Arraiak eta emakumezkoak sare txolartez arrapatu oi dira. Eta onako au zaartzen asia bait da-ta... LELA: Bai enetxoa! azeri zaar bat asko ikusia. Baiñan ni ez nauzu arrapatuko orrela! Botikario prestu on bat baziña, ortxe nunbait! ikusiko genuke. BOTIKARIOA: Onez onean artu nai ba'nauzu ez dizut saldukeriarik egingo. Zuk aukera! LELA: Zu aukera-maukeratzea ez dizut agintzen. Baiñan nork daki? Galai askotxo arbuiatu izan ditut. Bai alajaña! Amorioak ordea biotza txautu ta zentzua galarazten bait dute. Nik egitazko gizon bat gogoko nuke. Bai gizon bat... BOTIKARIOA: Gizon bat egiña... ta fiña, buruz ondo tinkatua. LELA: Ezkontzarako ez nuke «pardel» bat eraman nai! BOTIKARIOA: Ni orrelakoa al naiz bada...?. LELA: Ez dizut orrenbeste esaten. Okerragoak ere ba-dira... Zu, zu merezimendu aundiko gizona zara. Ori bai. Burusoil-illegabea izatea, egia da. BOTIKARIOA: Ez dio ajolarik. Guztira oitzen da bat (Eskuaz burua igurtzirik). LELA: Orrela da arrazoi duzu, ez nintzan konturatu. BOTIKARIOA: Ille asko nuanean ez nuan burua ain aundi. LELA: Orduan ondo pentsatu bearra daukagu. Ezkontzekotan gizon burutsu batekin ezkontzea nai litzateke. BOTIKARIOA: Buru ta biotzez ondo nago. Biotz bat badut bularrean kokatzen ez zaidana. LELA: (Berekiko) On Saturio deabru auxe limurkerian ari zait eta nere burua zaindu bear dut. BOTIKARIOA: Ezin zaindu aldegiten ez ba'duzu. Obe duzu etxe ontan sartzea, zure agindura jarriko naiz ta kito! LELA: Baita zera ere! Eta zure arrebak? Nun uzten dituzu?... BOTIKARIOA: Nere arrebak? Koitaduak dira, «zeru-zeru» batzuk... LELA: Bai, baiñan. Lau dira. BOTIKARIOA: Lau ama izango zenituzke. LELA: Ez ote lau «amagiarreba? ... (joaten abiatuz). BOTIKARIOA: Itxoin zazu piska batean, ea elkar aditzen dugun. LELA: Ezin dut itxoin. Aitari salda emateko ordua dut-eta. Banoa, banoakizu! BOTIKARIOA: Geldi zaitez unetxo batez... LELA: Ezin naiz Saturio... «Don» itza esan gabe deitzen dizudala entzun duzu. Zerbait esan nai du. Beste egunen batean mintzatuko gara. Ez da ala? BOTIKARIOA: Noiz? LELA: Berriz ere aitarentzat jarabe billa etor nadinean. BOTIKARIOA: Berandu da. LELA: Zenbat eta beranduago orduan eta lillura geiago. Agur Saturio... BOTIKARIOA: Laister arte. Agur Lilitxo! (Bijoa Lela eta Botikarioa eskuak pozez igurtzirik geldi bedi). Bigarren agerraldia (Botikarioa eta gero botikario geiago) BOTIKARIOA: (Gogartuz) Neskatilla au ez da zoroa ez! Eta gogoko natzaiola dirudi ez derizkio gaizki gizon umotu batekin ezkontzeari... eta liñozko maindire tartean etzatea... Burutsua da, bai. Eta I Saturio (bere buruari galdegiñez) Lelakin ezkonduko al intzateke?... Ezkondu... ezkondu, bai nere arrebak baimena emango ba'lidakete. Itzegiten atsegiña, gorputzez liraña, a zer nolako mauka! Arrebak bazterrean utziko nituzke aren atzetik inpernura ere joateko. (Ontan Botikarioa gitarra baten billa doa, bazter batetik atereaz alki batean eseritzen da, mostradore mai ondoan gitarrari doñua atera naiez.) BOTIKARIOA: Beatzok nagitu zaizkit! Estudiante denboran jotzen genituanak aaztuak ditut. Beiñ gogoratzen zait ostatuko lagunekin kantuz abiatzen giñanean. Zer nolako kantaldiak ematen genituen! (Ezin asmaturik dabillela, banan bana bere antzeko botikario lagunak atzekoaldetik sar bitez. Aren inguruan bildurik orduko maite kantaldi bati asiera emanez). BOTIKARIO ABESLARI TALDEA Odeiak negarra ari dute il zan maitasun batengatik kaleak bustita daude ainbeste euri egiñik. Lela! Lela! Il urren naukazun lilitxo begira nai dizut zure begi-ninietara Ez nazazula utzi kupitu zaitez nitaz zu gabe ez ninteke ez ninteke zu gabe bizi. Emazu arnas zure itzez emazu poz zure biotzez emazu argi zure begiez emazu bizi zure maitasunez. Lela! Lela! Il urren naukazun lilitxo begira nai dizut zure begi-ninietara Ez nazazula utzi kupitu zaitez nitaz zugabe ez ninteke ez ninteke zugabe bizi. (Botikario kideak ezkutatzen dira.) Hirugarren agerraldia (Eskale bat sartzen da il-aurpegia duana. Eskuan maskara bat dakar musua estaltzeko.) ERIOA: (Ildakoa) (Oiu egiñez) Eup! Eup! Au al da botika? (Botikarioa sartzen da) BOTIKARIOA: Jainkoak gorde zaitzala gizon! ERIOA: Emango al didazu erremediotxo bat, ondo ordainduko dizut. BOTIKARIOA: Ordaindu ezkero baita botika osoa ere salduko nizuke. ERIOA: A! zuk botikaritzan dakizun guztia salduko ba'zenida! Eska-ala bai nik erosi! BOTIKARIOA: Orrelako aberatsa al zaitugu, gizon? ERIOA: Ez dirudidan bezain pobrea. BOTIKARIOA: Esaidazu, bada, zer nai duzun. ERIOA: Oso urrundik natorkizu senda nazan erremedio baten billa... senda nadin bai! BOTIKARIOA: Eta errezeta nun dakarzu? ERIOA: Senda nazakean errezeta ez da medikuaren errezeta. BOTIKARIOA: Zer bada? ERIOA: Nere miñak sendatzen obeto dakite botikario zaarrek. BOTIKARIOA: Ni ez nauzu ain zaar... ERIOA: Naiko une bai ordea botikario berriok baño geiago jakiteko. BOTIKARIOA: Gizon! gizon! zerbait badakit bai. Eta nun duzun miña esaten ba'didazu...? ERIOA: Miña ementxe daukat (bularrean eskua ipiñiz) Berun urtua daramat biotzean. BOTIKARIOA: Zer diozu gizona! ERIOA: Jauna, ez ixekarik egin esango dizudanagatik. Ni, neu Peruko urrea baño politagoa dan neskatxa batez maitemindu nintzan. Ark ordea begiak ditu. Nolatan uztarrituko da bada, agure batekin! BOTIKARIOA: Nork daki! Ez al didazu aitatu txanpon batzu ba dituzula?... ERIOA: Diruz ez da nai dan guztia erosten. Munduan galai gazte askotxo daude eta gu zaarrok ez dugu beitarik neskatxa gazteak maitemintzeko. BOTIKARIOA: Badituzu zaarrak... eta zaarrak... ERIOA: Ez jauna, ez! Agure guztiok ildako usaia dugu. Nazka emateko añakoa. BOTIKARIOA: Bada nik, neuk ezagutzen dut neskatxa bat agure batek liluratuta daukauna. ERIOA: Perian saltzen dan aragi ustela bearko. Nik ere bai topo egin izan dut erbi korrikalari ta agure-zaar itsuekin. Nere biotzak ordea, (Bularra eskuz joaz) konfiantza osoa eskatzen du. BOTIKARIOA: Orduan, zuk gazte biurtzeko erremedioa nai zenuke? ERIOA: Ez dut ori aña oskatzen baiñan zuk «maite-edari» xorta bat atonduko bazenida. Ordainduko nizuke, bai ordaindu, alajaña! BOTIKARIOA: Orrelako pozoi-edariak aztikeriak dituzu. Kontu zaarrak! Sorgin denboran sortutako gezurrak. ERIOA: Ez neri ezer izkutatu, jauna. Botikario zaarrok ba dakizue neskatxen zentzua naastutzeko edariak gertutzen. Liburu zaarretan irakurtzen aztu al zaizu ala?... BOTIKARIOA: A! zuk uste duzuna egia ba'ledi? Ez, adiskide. Ez, Botikariok ez dugu miraririk egiten. ERIOA: Zer, ari zara esaten? Ez al da egia botikariok maitemin arazteko erremedioak maniatzen dituztena? Ordun, nere miñak ez al du sendabiderik? Eta zuk ain jakintsu eta ospetsu zarenak ez al dezakezu senda nere biotza? Ezin sinets nezake ori eta ez naiteke miñez il erremedioak izanik. BOTIKARIOA: Erremedioak gorputzeko miñak sendatzen dituzte, animarenak ez ordea. Auek berez sendatu bear dute, bestela iñoiz ez. ERIOA: Zaude, zaude! Animaren gaitzak ere erremedioz sendatzen dira. Botikako tarroetan dauden osagaiak azken gaitzak osatzen dituzte. Alare, nere antzeko koitadu bat maitemintzeko zoritxarra duanean melezina on batek zerbait egin dezake. Maitemindutako agurea lasa liteke erioaz... Ots erioaz. Bai jauna! erruki zaitez gaixo ontaz eta emaidazu azken erremedioa gorputz-oñazerik gabe iltzeko. Aton zaidazu soliman-intxusa lo ar dezadan geiago ezertaz gogora ez nadin. Zoaz jauna!: mania zazu talo-eztiz igurtzia ain gozoa ezen bizitza ontatik senti gabe joango naizena. BOTIKARIOA: Ori ezin egin daitekeen gauza da. ERIOA: Zergatik jauna? BOTIKARIOA: Pekatu eta obena litzatekealako. ERIOA: Ala izanik il zorian nagon ezkero bidai on egiteko zerbait eskatzen dizut. BOTIKARIOA: Erremedioak sendatzeko dira eta ez iñor iltzeko. ERIOA: Ni neuk gura dudana sendatzea da. BOTIKARIOA: Ez zaidazula eskatu ematea zillegi ez zaidana, nere agurea! Ez dut nere kontzientziarik saltzen. ERIOA: Kontzientzia?... Ezagun da ez duzula probatu zer dan neskatxa batek muzin egitea. Oraindik bizi-poza gordetzen duzun horreko. BOTIKARIOA: Ezetz esan dizut. ERIOA: Ondo dago jauna. Ba-noakizu, baiñan ez dezazula aaztu neskatxa gaztetaz maitemintzen diran agureak Eriotza billatzen dutela. (Berekiko) A zer nolako kontzientzia duten botikariok! BOTIKARIOA: Ez dezakegu besterik izan. ERIOA: Bazenezakete bai, baiñan. BOTIKARIOA: Ez genezake eta ez nai eta ez bear ere! ERIOA: Ondo dago jauna! Ba-noakizu, ba-noa bai baiñan iñoiz nere gaitza sortzen ba'zaizu, ez dezazula egin zere buruarekin nerekin egin duzuna. Orrelakorik ez! ez!... BOTIKARIOA: (Berekiko) Agure ori kaskotik dago. (Bijoa Erio eta botikarioa eseritzen da ausnartzera). Laugarren agerraldia (Botikarioa'ren lau arrebak kanpotik alde batetik bestera igaroko dira ibillian aolkuak ematen dizkiotelarik.) I ARREBA: Kafea mai gañean utzi dizugu. BOTIKARIOA: Bai, bai. II ARREBA: Itxitakoan ez aztu argia itzaltzeaz. BOTIKARIOA: Bai, bai. III ARREBA: Ez utzi katuari sukaldera sartzen e? BOTIKARIOA: Bai, bai. IV ARREBA: Erramuna etor dadinean bederatziurrenera joan garela esan. BOTIKARIOA: Bai, bai. (Botikarioa bakarrik gelditutakoan estaloiala jaisten da irudia aldatzeko.) Bostgarren agerraldia (Atzekoaldea margoz berdetsu; eta oro bat solairua.) (Lela eta karabineroa munotxo baten gañean eserita daude, inguruan amar emakumezko berdin jarririk daudelarik. Gero Erio betor.) I EMAKUMEA: (Lelari itzegiñez) Noiz ezkontzen zara? LELA: Datorren igandean botako dizkigute lenengo pregoiak. I EMAKUMEA: Benetan ain maitemindurik zaudetela ikusteak poza ematen du. II EMAKUMEA: Ez da lotsa elkar maitatzea ezkontzekotan. KARABINEROA: Kontrabando ori galerazteak lana ematen du (Lela berarengana estutu nairik). LELA: Geldi eskutxo oriekin! E? II EMAKUMEA: Ez zaitezela asarretu, neska! Aldez aurretik ere zerbait utzi bear da. III EMAKUMEA: Itxura ona du karabineroa ondoan duala. Ez zaiozu ukatu Lelatxu! LELA: A zer nolako gauza! KARABINEROA: Ez zazu orrelakorik esan, maite! Ni bezalako gizon bat uniforme polita eta buruko kasketaz apainduta ez da utsaren urrengo! III EMAKUMEA: (Lela aitatuz) Au beti izan da tontor aundikoa! I EMAKUMEA: Bai noski. Mutillak beti ondoan izan bait ditu! LELA: Bai, baiña ez diot iñori baiezkorik eman egundaño. KARABINEROA: Ori jakin egin bearko litzateke. I EMAKUMEA: Lela'k askotxo toriatu ditu baiñan ez beñere ikusi amorio egizkoetan. Ez enetxoa. II EMAKUMEA: Burua beti bere lekuan euki izan bait du. III EMAKUMEA: Ez dio jendeari zer esanik eman. LELA: Ez dago ondo nik esatea, baiñan mutillak beti aukeran izan ditut. Eta nai izan ba'nu, jakin zazue jaun aundi aberats eta karreradunakin ezkonduko nintzala... I EMAKUMEA: Badakit nor dan. LELA: Ez dakizu, ez! II EMAKUMEA: Nik ere bai. Ba dakit! III EMAKUMEA: Baita nik ere! LELA: Ez bururik nekatu. Ez duzue asmatuko-ta... I EMAKUMEA: Ez al da bada jaun zaar samar bat... lau arreba ezkongai dituana? GUZTIOK: Ori bera! ori bera! LELA: Nor?... Don Saturio? Gizarajoa! Ezkontza kontua neri aitatzen ausartu bear. Eta nik entzun? Ez orixe! Ia ibiltzeko gai ez dan agure bat. A zer nolako «erregaloa». Ez, ez. Beste bat da berriagoa eta gizaseme egokia gañera... baiñan begietatik sartzen ez zitzaidana. Badakizue, bada... KARABINEROA: Ederki, andretxook! Zuen esamesak jakingarri dira baiñan nik utzi egin bear zaituztet. Karabina onek dei egiten dit (Izkillua erakutsiz). LELA: Elkarrekin joango gaituzu autubatzaille auek gutaz maxiatzen jarrai dezaten. Nagi-alperrok ez bait dute lanerako gogorik. I EMAKUMEA: Zugatik beti merezi duzuna esango dugu. II EMAKUMEA: Eta zure lagun karabinerorengatik esan bearrik ez! KARABINEROA: (Zutiturik) Ba dakizue Farruco Rodriguez naiz zuek agintzen duzuenerako... LELA: (Zutitu eta gonak astinduz) Gero arte bada, laztantxoak! I EMAKUMEA: Zoazte itzaletik... eta urrengorarte! GUZTIOK: Ondo joan, agur, agur, ariyo... (Lela eta Galaia elkarrekin doaz eskubitik) I EMAKUMEA: Ori da ezkontzeko gogoa dutena batzuren batzuk... II EMAKUMEA: Txoralda orrek nun jarri ditu begiak? III EMAKUMEA: Obe zukean ezkongai gelditu. I EMAKUMEA: Lelari ere aspaldi ireki zitzaion ataria eta karabineroak gordeko dio. II EMAKUMEA: Arotza izaki bera, kanpotarra. Ezen emengo gizonek ez dute lore zimeldurik nai. Sudur obea dute. III EMAKUMEA: Gauza da Lela ezkontzen zaigula eta ez dala geldituko neskazaar On Saturioren arrebak bezala. Ain zuzen ere. Nor ote zan arekin ezkondu nai izan zuan karreradun gizona? Ez ote Don Saturio? II EMAKUMEA: Ez andre ez! Ori Karabineroa losintxatzeko sumatu duan gezurra da. I EMAKUMEA: Ez dut uste. Lela oso maiz joaten zan botikara. D. Saturiok ez zizkion begiak gañetik kentzen. An aritzen ziran elkarrekin jardunean. I EMAKUMEA: Agure zaarraren ametsak... eta neska ariñaren limurkeriak. Ez da ala? (Ezkerretik betiko eskalea sartzen da Erioren itxuran, emakumezkoen aurretik igaroaz) I EMAKUMEA: Eskale ori asturu gaiztokoa da. Ikusten dudan bakoitzean norbait iltzen da. II EMAKUMEA: Arrazoi duzu. Nere aitagiarreba il bezperan gure etxe aurretik pasa zan. III EMAKUMEA: Ez da beste beartsuak bezelakoa. Ez du eskaririk egiten. Ematen zaiona artzen du ta badoa. Kopetilluna da oso. I EMAKUMEA: (Otsegiñez) E! gizontxo! ERIOA: Nork egiten dit deia? I EMAKUMEA: Gu gara. Atoz guregana, barka gaitzazu... Nork il bear duan asmatzen duzula esan bait digute. ERIOA: Bizi diran guztiak iltzera gaitzetsiak daude. Ori da nik esan dezaizuekedan mezu bakarra. Zerbait geiago galdegin nai al didazue? II EMAKUMEA: Ez zazu txarrera artu, bain agertzen zaren bakoitzean, auzoan norbait iltzen omen da. III EMAKUMEA: Eta jendea marmarrean ari bada adur-txarra, begizkoa ematen duzula-ta, arrika erasoko dizute. ERIOA: Zer egingo diot bada... Pobreok munduan beti arriskuan gaude... (Erio eskubitik aienatzen da estal oiala erortzen dan bitartean). Seigarren agerraldia (Orma zuri bat atzekoaldean. Botikarioa etzanda illik bezala besaulki batean dago. Sar bedi eriotzat ezagutzen dugun eskalea). ERIOA: (Maskara kenduz eta aurpegia agertuz) Emen naukazue! BOTIKARIOA: Berandu eldu zara. ERIOA: Nere bearrik ez zenutela bai banekien! BOTIKARIOA: O!! Azaultsa! Edozeiñok esan lezake ez ziñala zu! ERIOA: (Aulkibeso baten gañean eseririk). Nik aolku bat eman nizun eta zuk jarraitu egin zenuen ala komeni zitzaizulako. BOTIKARIOA: Obe eman izan bazenidan Lelaz maitemindu aurretik. ERIOA: Ez kejaz etorri orain, garaiz gaztigatu nizun-eta... BOTIKARIOA: Gezurra! ERIOA: Esan nizun atso-agureak ez dutela maitemiñik bear eta ez zenidan kasorik egin. BOTIKARIOA: Berandu bait zan ordurako. ERIOA: Ez zan beñere berandu burua bere lekuan izan bazenu. BOTIKARIOA: Zergatik ni maitemindu aurretik ez zenidan aolku eman? ERIOA: Ez dut joateko oiturarik deitzen ez nauten lekura. BOTIKARIOA: Nik dei egin al nizun bada? ERIOA: Bai, dei egin zenidan. Guztiok egiten didate dei maitemindu edo zentzuna geltzen dutenean. BOTIKARIOA: Ori, esaiozu karabineroari eta ez neri. ERIOA: Alare, ez zenuen bururik salbatu izango. BOTIKARIOA: Lelak maite ninduan bada... ERIOA: Oraindik gorputza ez zaizula epeldu ikusten da. Zozo ez bestena! Lelak ziria sartzen zizun. BOTIKARIOA: Orduan ondo egin nuen nere burua iltzea. ERIOA: Jakiña! Eta ez keja izan oñazerik gabe il bait ziñan. BOTIKARIOA: Nere botikario jakinduriari eskerrak. ERIOA: Ez ote nik emandako aolkuari? BOTIKARIOA: Bat nazkatu ez dan arte bizia uztea kostatzen da. ERIOA: «Miserere» kolikoaz iltzea okerrago litzateke, esate baterako. BOTIKARIOA: Nere arrebak uztea kosta zitzaidan. ERIOA: Geiago maite zenduan Lela. Ez da ala? BOTIKARIOA: Maiteko ez nuan bada! ERIOA: Txarrena, Lelak ez dizula eskerronik agertu. BOTIKARIOA: Ez bide daki berarengatik il nintzanik. ERIOA: Jakin izan balu. BOTIKARIOA: Alako ankerra dala uste al duzu? ERIOA: Alatsu! BOTIKARIOA: Orduan... nere burua zergatik il nuan? ERIOA: Zaartuta gero maitemindu nintzalako. BOTIKARIOA: Gaztetan ere maitemindu nintekean, baiña... ERIOA: Zergatik ez zenduan orrela egin? BOTIKARIOA: Nere arrebak bertan bera ez uzteagatik. ERIOA: Orain laga dituzu bada umezurtz. BOTIKARIOA: Zaarrak dira eta or dute berentzat botika. ERIOA: Botikariorik gabe ordea! BOTIKARIOA: Laister etorriko dira niregana. ERIOA: Ortan leiatuko naiz. Zaude ardurarik gabe. BOTIKARIOA: Eskerrikasko! ERIOA: Zaarrak bizitza laburra dute. BOTIKARIOA: Eta laburrago iltzeko gogoa sartzen dalarik. ERIOA: Eta nik aolku bat ematen dudanean... BOTIKARIOA: A zar nolako gauza! ERIOA: Egin duzunaz damuturik al zaude? BOTIKARIOA: Nik ez nezake erantzunik eman. Nere animari galde zaiozu! ERIOA: Ez dut nik animarekin itzegiten. BOTIKARIOA: Nerea kezkaz beteta joan zan bada... ERIOA: Animak beti dituzu kezkati. BOTIKARIOA: Nerea ondo alaia zan. ERIOA: Zere gorputzaren barruan zegoalarik bai! Maite mindu aurretik... BOTIKARIOA: Bera izan zan maitemindu zan. ERIOA: Ziur al zaude? BOTIKARIOA: Oztutzen asia naiz eta zenbait gauzen oroimena galtzen ari zait. ERIOA: Orrela pakean geldituko zara. BOTIKARIOA: Ala izan bedi (Alabitz). ERIOA: (Zutik jarri eta eskale kareta-mozorroa jantziz). Uzten zaitut. Zeregin asko bait dut. BOTIKARIOA: Zoaz bada! ERIOA: Agur! Saturio! (Botikarioaren gorputza erortzen da Eriok ikutu orduko. Botikarioaren esku batek solairua jotzen du besoa aulkitik eroritakoan). (Erio suntsitzen da, Estal-oiala jaisten dalarik). Zazpigarren agerraldia (Etxe bateko aurrealdea ikusten da bi leio itxirik dauzkana.) (A urrerago dagon esiak ez du tartean dagon kalea agertzen uzten. Ileta garai da, botikarioarena alegia, ta kaletik datorren jendearen itz-otsa entzungo da. Etxeko leioak zabal daitezenean botikarioaren lau arrebak agertuko dira, bi leio bakoitzean.) I ARREBA: Or daramate gure buruzagia! Gure ontziaren kapitana! II ARREBA: Or daramate gure alaitasuna! Gure erromerietako argia! III ARREBA: Or daramate gure ugazaba! Gure erreguen santu doatsua! IV ARREBA: Or daramate gure ohorea, gure begietako ninia! GUZTIOK: Ai! Saturio! Saturio! Saturio! (Musika talde batek jo beza il- eresi bat. Bitartean esiaren atzetik Parrokiko gurutzea eta kandela-muturren argiak azalduko dira.) I ARREBA: Musika ta guzti daramate ezkongai il zalako. II ARREBA: Musika eresiaz dijoa aingerutxoen arabera! III ARREBA: Musika ta guzti zoaz, zeruan bait zaude! IV ARREBA: Musika ta guzti zoaz zu ere musikazale izan ziñalako! GUZTIOK: A gure Saturio, Saturio! Saturio!! I ARREBA: Il zaigu estudiante aurreratua izan zana! II ARREBA: Il da ohorezko matrikulaz sariztatutako batxillerra! III ARREBA: Il da Farmazian doktore izana. IV ARREBA: Il da D. Saturio Botikario jakintsuena. GUZTIOK: A! Saturio! Saturio! Saturio! I ARREBA: Nork lapurtu zizun itza? II ARREBA: Nork kendu zizun biotza? III ARREBA: Nork ebaki zizun bizia? IV ARREBA: Nork il zintuen anaia maitea! GUZTIOK: A Saturio! Saturio! Saturio! I ARREBA: Eta keja-antsi bat eman gabe zoazkigu! II ARREBA: Eta medikuen iritzia eskatu gabe zoazkigu. III ARREBA: Eta joan zara zure eriotza iñori gaztigatu gabe. IV ARREBA: Eta guri ez agur eta ez adio esan gabe. GUZTIOK: A! Saturio, Saturio! Saturio! I ARREBA: Atzo ezkero ez zenuen itzik egiten ez barrerik. II ARREBA: Atzo ezkero ez zenituen begiak lurretik altxatzen. III ARREBA: Atzo ezkero ez zenuen pulamentuz jaten. IV ARREBA: Atzo ezkero ez zenuen gitarrarik jotzen. GUZTIOK: A! Saturio! Saturio! Saturio! I ARREBA: Gure egunetako laguna, esaiozu Eriotzari gure billa etor dedila! II ARREBA: Jainkoaren anima, esaiozu lurrari jan gaitzala! III ARREBA: Gaueko izarra, mundu ontatik eraman gaitzazu! IV ARREBA: Lau leku gorde iezazkiguzu Goiko Jaunaren ondoan! GUZTIOK: Ai Saturio! Saturio! Saturio! I ARREBA: Or dijoa gure biotzen kutxa! II ARREBA: Or dijoa gure egiazko maitasuna! III ARREBA: Or dijoa gure bizia! IV ARREBA: Or dijoa gure eriotza! GUZTIOK: A! Saturio! Saturio, Saturio! (Musika-doñua urrutiratzen dijoa. Botikarioaren arrebak doi-doi dute negar egiteko malkorik eta mintzatzeko abotsik.) I ARREBA: Agur betiko! gure neguko berogarria! II ARREBA: Agur betiko gure zaartzaroko babesa! III ARREBA: Agur betiko gure maiko ogi eta ardoa. IV ARREBA: Agur betiko gure zorigaiztoko botika! (Lau arrebak leiotan tinkaturik gelditzen dira azken agurrak egiñez.) GUZTIOK: (Batera) Agur anaia! Saturio! Saturio! Agur betiko! Agur anaitxo maite! Agur! Agur! (Musika doñua isiltzen dijoa.) ESTALI-OIALA JAITSI BEDI. |