|     70 zenbakia, 1984ko urria [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


BIGARREN EKITALDIA

 

 

JARDUN-LAGUNAK:

        D. RAMON: (Ardoz blaitutako esponja (belakia) azkenekotan.)

        D. RAMON'EN GURASOAK: (Erretratu edo argazki bizidunak eta mintzatzen diranak.)

        MIKELE: (Neska motz sarkorra aragiz trinkoa.)

        PORTUGALDAR: (Erbi igeslarien eiztari maitzurra.)

        MUTILLA: (Azarikumea.)

        ZOZORRO BI: (Arrantzale arlote izugarriak.)

        EMAKUMEZKOAK: (Maltzurkeria sasipekoak.)

        TXORIMALO BI ETA APOA: (Gau lañotsuaren izkutapenak.)

        (Jardun-lagun guztiak Kar eta (Maskara) daramate D. Ramonen gurasoen argazkiak ez ezik.)

 

Lenengo agerraldia

 

(Atzekoaldean orma bat: onen erdian ate bat. Atearen alde bakoitzean argazki (erretratu bana. Eskubi aldekoa andre batena; ezkerrekoa berriz jauntxo batena. D. Ramonen gurasoak dira. Arpegiak egiazkoak dituzte eta itzegingo dute txanda datorkienean. Esandako atetik D. Ramonen oñak ager bitez. Gero mutil koskorra sartuko da. Estal-oiala altxatakoan geldi eta isilunea tartetxo batean.)

 

D. RAMON: (Sartu ta nekez eseriaz) Erramuntxo (bere buruari itzegiñez). A zer nola gaua gertutzen ari zaidan (Zutituz gerriko miñez bai'legoen). Egarri ematen didan neskatxak eta edaten dudan ardoak gibela kixkaliko didate (Batetik bestera ibilliz erretratutako begiak begiratzen diotelarik) Atzoko musua soro bat kosta zitzaidan, baiñan gutxi nezake edo bestela neskatxa ori nereganatuko dut. Baita nere gurasoak utzi zizkidaten ondasun guztiak ondatuko baditut ere!

AMA: Moskor alena!

D. RAMON: (Arriturik) E? zer ari zara lorito ori!

AMA: Ondatzaillea! Ardo-zopa! Bizia eman zizutenai orrela egiten al diezu irri?

D. RAMON: Zor edo lor? Nik neuk egarriari diot zor.

AMA: Errespeta nazak gaizki-azia!; Ire ama nauk- eta.

D. RAMON: Ez dirudizu bada. Zuk baño zaar itxura geiago bait dut... Beraz zaude isilik eta kontuz nerekin.

AMA: Gaizki-azia!

D. RAMON: Eta zeñek agindu zizun ni azitzeko? Iñudea ordaintzeko aña diru ba zenuen-eta.

AITA: Ez dirudizu nere semea!

D. RAMON: Zu ere bai? Jakiña ez dirudidala zure seme; zure aita naizen itxura geiago dut.

AMA: Musu truke soro bat eman? ... lerdejario ez bestena!

AITA: Guk utzitako ondarea jaten ari zara neska ziztrin zikin oriekin!

D. RAMON: Nor ari da kantari!

AITA: Ez jauna! Nik beti nere buruari lotsa gorde nion eta nere gurasoen esanak bete.

D. RAMON: Gezur zulo! Ez duzula zin egiten iñoiz neskatxa batengatik txoratu ez ziñanik?

AITA: Beñere ez!

D. RAMON: Zure andrearen aurrean zaudelako esaten duzu ori! Jeloskorra bait da bera!

AMA: (Asperenka) Zure aita poeta zan.

D. RAMON: Poeta? Ja, ja, ja! Poeta, alegia, gozokizko bertsoak egiten zitualako?

AITA: Bai poeta nintzan eta ez mozkor bat.

D. RAMON: Jakin bear duzu mozkor asko izan dirala zuk baño bertso obeak egin dituztenak.

AITA: Endekatua. Ez dirudizu nere semea!

D. RAMON: Ara zu dantzari alena! Gauza bera bi bider esan didazu eta nere ama iraintzen ari zara (Amari itzegiñez). Ez al duzu entzun zure poetak esan dizuna? Alegia zure semea ez naizela?

AITA: Lotsagaldua! Ajolakabea!

AMA: Utikan! Mingaingaizto! Ez dirudizu ez aren eta ez nere seme!

D. RAMON: Zuen semea ez banaiz, pakean utzi nazazue, koitadutxoa naiz-ta. Eta kontuz, bestela antzarak perratzera bidaliko zaituztet!

 

(Ontan atean mutil koskor agertzen da euritakoa galtzarbean daramala eta txapela belarritaraño sartuta.)

 

MUTILLA: Egun on! D. Erramuntxo jauna!

D. RAMON: Esan dizut nere aurrean azaldutakoan txapela kendu bear duzula. Aditzen?...

MUTILLA: (Sorbaldak goratuz) Ondo dago, jauna. Baiñan puskatua daukat-eta...

D. RAMON: Zertara zatoz?

MUTILLA: Mikeleren partetik nator (Mezua azturik). A zer nolako neskatxa ederra!

D. RAMON: Berriketa gutxi, axeriko! Buka zak esan bear duana!

MUTILLA: Ba... Mikelek esan dit gaur iñaute-igandea danez, jendea marmarizoan aritzen dala-ta eta ez aren etxera azaltzeko.

D. RAMON: Ondo zegok, baiñan orain anka emendik (kanpora bultzatuz) (Irten orduko berriz sarturik) (Atetik).

MUTILLA: Zuk bai duzula suertea Erramuntxo jauna! Mauka!

AMA: Au da nazka!

AITA: Au da lotsa!

D. RAMON: (Otsegiñez) Maijoxepa! Maijoxepa! (Atetik) (Urrutiko abots batek) Jauna!

D. RAMON: Ekarridazu mesedez pitxar bat ardo gorri.

 

(Gurasoek begiak itxitzen dituzte eta D. Ramon alde batetik bestera dabil.)

 

OIALA EROR BEDI
AGERRALDI BERRI BAT GERTUTZEARREN.

 

 

Bigarren agerraldia

 

(Atzealdeko orma ta soilarua berdez. Lur gañean eserita bi emakumezko irri karkailletan ari diranak. Bi mozorro, bata deabruz jantzita, bestea emegaldua itxuratan. Eserita daudenai irri eragiten ari dira.)

 

DEABRUA: (Emegaldua joaz) A berde zikiña, likits zorritsua!

EMAGALDUA: Ilko naukela ilko! Ai!

DEABRUA: Marikoipetsuaren alaba. Makilaka txikituko aunat!

EMAGALDUA: Lagundu nazazue auzoko andreak, gizon orrek ilko nau-eta!

DEABRUA: Mingain gaizto ori biurrituko diñat. Andreak errespetatzen ikasi dezanan...

EMAGALDUA: (Deabruaren erronkak, urrutitik begiratuz beldurra galduz) Baretu zaitez! eta erruki nitaz. Ez al duzu ikusten D. Erramun datorrenik. Jauregiaren nagusia errespeta bear dugula?...

 

(Sartzen da arroputz D. Ramon, mozorroek gizalegez artzen dutelarik eta emakumezkoek barrez.)

 

DEABRUA: Arratsalde on, nagusi jauna!

EMAGALDUA: Arratsalde on, Erramuntxo jauna!

DEABRUA: Noruntz doa D. Ramon itsasoko Almirante jauna onelako ekaitzaren erdian?

D. RAMON: (Destañez) Gogoak ematen didan lekura noa.

EMAGALDUA: (Deabruari) Utzi zaiozu gizona ondo lagundurik doa eta... Amandrea ikustera, ba-dakizu?... Iñauteko alabagana, sasi-markesagana.

 

(Emakumezkoek barre dagite.)

 

D. RAMON: Gizalege piska bat bear da. Ez gara guztiok berdinak.

DEABRUA: (Emagalduari) Ikusten urrutxa ez bestena! Zeñek agindu diñan Erramuntxu zer dan azaltzea? Berori nai duan lekura dijoa. Zerbaitengatik jaio unan ugazaba eta nagusi.

EMAGALDUA: Gaizki egin nuen bai Markesaren etxera zijoala esatea. (Emakumezkoek barre asko egiten dute.)

D. RAMON: Arretaz itzegizu eta ez iñongo emakumezko presturi izen onik ken!

 

(Emakumezkoak irrikatu eta eztulka darraite.)

 

DEABRUA: Ikusten? Gure nagusia aserrarazi dun eta arrazoi aundiz. Uste al dun D. Erramun zozoa dala edo? ... Ondotxo zekiñan nundik eta noratz zijoan!

EMAGALDUA: Nere amandrearen etxea urrun bait dago eta beldur naiz estropozo eginda ankaz gora joango ote dan diru ta guzti.

DEABRUA: Ez beldurrik izan ez! Baldin baite! D. Erramuntxo barrundik ondo piztu eta argitua zijoan.

 

(Emakumezkoak gero ta algara aundiagoz ari dirala.)

 

D. RAMON: Iñauteri txantxetako jokuz kontu gero! Ez geiegi axaxa ni! Tente jartzen naizelarik zakurrak ere paretaren kontra doaz eta.

EMAGALDUA: Bai jauna, bai! (Deabruarengatik). Oni belarriak makurtu bear zaizkio.

        (Deabruari itzegiñez) Nola ausartzen zara D. Erramoni pazientzia probatzera? Ez al dakizu munduko ollarra danik?

DEABRUA: D. Erramuntxo ollar zarra dala ba-dakit. Nolakoa gañera? Ollanda gazteenak gogoko zaizkiona D. Erramun ordea, ollarra baño geiago azeria da eta ollategian sartzen dalarik... Ja! ja! ja!

D. RAMON: Beste edozein añako azeria.

DEABRUA: Neri ere ollandak atsegin zaizkit.

EMAGALDUA: Zuri ere gaztetxoak gustatzen? Gizon anker, otso aragizale, ezkon naastaillea!

DEABRUA: (Asarrea) Egitan ostiko bat emango diñat! (Deabrua ta emagaldua borrokan On Erramon'i besotik altzen diete eta inguruan dabilzkio elkar arrapatu nairik, azkenean On Erramon erdi txoraturik uzten dutela.)

D. RAMON: (Itzegiteko gauza ez dala) Zer uste duzue naizela? ... Txotxongilloren bat? Ni D. Ramon jauregiaren nagusi eta jabea. Eta zuek ez zarete iñor!

EMAGALDUA: Bai, jauna, bai!

DEABRUA: Arrazoi aundia duzu, nagusi.

D. RAMON: Oraindik jende-mailla askotxo dira, gure tartean. Zeñen kontura bizi zarete?

DEABRUA: Barkatu D. Ramon. Ba-zoazke jaialdira berandu iritxi nai ez baduzu. Kontuz petralkeriaren bat egin ez diezazuten. Ondo begiratu oñak nun jartzen dituzun... Onenean.

EMAGALDUA: Onenean zer? Nere amandrea ez duzu gezurzulo orietakoa. Emakumezko ona baizik. Ondraua, ondraurik baldin ba'da. Bestela... galdegin diezaiotela portugaldarrari... (Emakumezkoak barrez leertzen.)

D. RAMON: Aski da berriketaz. Naiko eta geiegi. Eta banoa! bestela...

DEABRUA: Diberti zaitez ausarki nagusi. Eta goraintzi Andre Markesari, sasikoari.

EMAGALDUA: Goraintziak ez dute asebetetzen. Emaizkiozu txanponak, txanponak, bai. Eta urrezko pitxiak. Eman soro ta piñutegiak!...

D. RAMON: (Mozorro jantzidunengandik iges egiñez.) Au da jendea, jendillajea!

 

OIALA EROR BEDI
AGERRALDI BERRI BAT GERTUTZEARREN.

 

 

Hirugarren agerraldia

 

(Gela bat alde batean leioduna. Aurrealdean kortina bat. Mikele eta Portugaldarra izketan ari dira. Gero ager bedi D. Ramon.)

 

MIKELE: On Erramun nitaz zoraturik dago eta piskana-piskana dauzkan guztiak nere esku erortzen joango dira.

PORTUGALDAR: Eta baita nere eskuetara ere... Ez dezazula aaztu tratua.

MIKELE: Gure tratua, gero elkarrekin ezkontzea da (Adi entzunez). Ataria zabaldu dutela dirudi. On Erramon'ote da? ...

PORTUGALDAR: Mutil koskorra izango da.

MIKELE: Utzi zaidazu leiotik zelata egiten (Begiratu eta gero asaldaturik itzuliaz)

        Ai ene! Jainkoak gorde nazala. Zoaz emendik! ezkuta zaitez kortinaren atzean. Aguro D. Ramon dugu-ta.

PORTUGALDAR: (Kortinaren atzean jarririk) Ea beingoan bukatzen duzun kanpora bidaliz.

MIKELE: Gogoan artu agureak gure zoriona egin dezakeala. Utzi zaidazu gauza antolatzen. Patzientzia ar zazu, potxolo!

 

(Mikele leio ondoan eser bedi eta bereala agertzen da atetik D. Ramon.)

 

D. RAMON: Sar al naiteke? Mikeletxo?

MIKELE: Baiñan... burutik ondo al zaude D. Erramuntxo? Ez al dakizu zure erruz jendeak aotan narabilela eta oraindik galarazi egin nai al nauzu? Gaur ez etortzeko mandatua bidali nizun bada?

D. RAMON: Ez bait naiteke zu ikusi gabe bizi.

MIKELE: Bada... gaur ondo egingo zenuen jauregian gelditu izan baziña, ni galbidean jarri gabe. Ezkongaia bait naiz eta izena errez galtzen da.

D. RAMON: Neregatik galtzen baldin baduzu ondo ordainduko dizut. Daukadan guztia aski al duzu? Ez nezake geiago eskaiñi.

MIKELE: Pobrea izan arren ez dut nere burua saltzen munduko ezerengatik.

D. RAMON: Nork daki? Agian gutxiagorengatik. Utsaren truke ere bai. Edozein arloteren eskuan eror zintezke.

MIKELE: Gizonezkoak ez zaizkit batere ajola. Deabruak eraman zaitzatela guztiok. Jan zaitzatela txingurriak!

D. RAMON: Ni ere deabruak eraman nazan nai al zenuke? Ez izan ardurarik Mikele ala eramango nau zuk arbuiatzen banauzu.

MIKELE: Nik ez zaitut nardatzen. Zu ez baitzara besteen antzekoa. Ondo erakutsi nizun atzo... ondo erakutsi ere...

D. RAMON: Guztia: musu bat.

MIKELE: Zerbaitekin ematen zaio asiera eta damuturik nago egin nuanagatik, ez uste!

D. RAMON: Ba gaur beste baten billa natorkizu.

MIKELE: Onela, egun argiz? Au lotsa (Aurpegia estaliz eta gero agertuz) Ni ez nauzula edozein txoralda, pentsa ezazu, On Erramuntxo.

D. RAMON: Beste musu bat ematen badidazu beste soro bat erregalatuko dizut.

MIKELE: Ez diot iñongo gizoni musurik eman. Egitan zu izan zara leenengoa. Baiñan beldur naiz, beldur naiz zentzua gal dezadan ba-dakizu...? Eta zu azeria bait zara ta ni aragizkoa izanik biotza ere badut... ba-dakizu...

D. RAMON: Eta zer? Ez zenuke nerekin ezer galduko.

MIKELE: Orain ez dizut emango bada. Orain ez. Lotsatzen naiz.

D. RAMON: Noiz orduan? Noiz emango didazu?

MIKELE: Gaur gauean dantzalditik irtendakoan.

D. RAMON: Baiñan ba al zoaz dantza lekura? Eta jakina portugaldarrekin dantzatuko zara?

MIKELE: Ez kezkarik izan. Portugaldar ori beste gizasemeak bezelakoa da. Eta gizonezkoak neri? (Muzin egiñez) Ortakoxe nago! Jolasa atsegin zait baiñan bururik galdu gabe.

D. RAMON: Eta nun ikusiko zaitut gaur gauean? ... Utziko al didazu zure etxean sartzen?

MIKELE: Ez ain aguro ibilli, On Erramuntxo. Atean itxoin dantza lekutik etxera itzuli nadinean.

D. RAMON: Asko maite zaitut, Mikeletxo!

MIKELE: Ez aaztu eskaiñitakoaz. Ni beartsua naiz eta ez nuke nai zaartutakoan eskean ibiltzerik.

D. RAMON: Ba-dakizu daukadan guztia zuretzat izango dala!

MIKELE: Baiñan orain zoaz emendik, Erramuntxo. Iñaute-igandea da. Jendeak ikusiko gaitu eta gero izaten dira berriketa guztiak...

D. RAMON: Bai emakumetxo, emengo jendea ankerra da, gaizki ezia, beraz ba-noa. Arratsalde arte. Mikeletxo.

MIKELE: Zoaz kontuz, koitadutxoa. Zertan gelditu garan badakizu.

D. RAMON: Gero arte, bada...

MIKELE: Agur, bai!

 

(D. Ramon bijoa. Mikele berriz unetxo baten leioan gelditzen. Portugaldarra azal bedi kortina atzetik)

 

MIKELE: (Bere maitaleari mintzatuz.) Ez zara nitaz keja izango.

PORTUGALDAR: Ez, ea agure orri ateratzen diozun al duzun guztia. Gero gerokoak. Ja! ja! ja! Benetan lan ona egin duzu.

MIKELE: Ori guztia zuregatik egiten dut, lapur alena!

PORTUGALDAR: Musu bakoitzarengatik soro bat. Ez dago gaizki. Gero neri emango dizkidazu eta eskatu etxalde eta jauregi osoa.

MIKELE: (Elkar laztanduz) Ai alper alena ez bestena!

PORTUGALDAR: A ene azaburu laztana!

        (Abestuz.)

        Zuk billatzen duzun zumoa

        Ni nauzu, baratz lorea.

        Nere biotz barruan dago.

       

        Ni nauzu baratz-lorea

        Zu zaitut erlea.

 

        Eta bira eta bira

        Goazen dantzara

        Eta bira eta bira

        ezkonduko bait gara!

 

OIALA EROR BEDI
AGERRALDI BERRI BAT GERTUTZEARREN.

 

 

Laugarren agerraldia

 

(Atzekoaldea beltza itxuran, egiazko leio bat duana. Lurra berde-beltza illuna. Bi mozorro agertzen dira ondar aldetik. Gero D. Ramon balantzaka; urrena apo bat dator eta azkenean mozorro biak aurreruntz datoz.)

 

D. RAMON: (Mingain totelez). Ni agure lapur bat naiz; ondatzaillea, ja! ja! ja! Itsas lapur bat, zutik egon ezin daitekeana. Nere anka madarikatuok ez bait didate uzten (Berekiko mintzatuz). Tira, Erramuntxo. Zaude tente, tente! Itsas lapur! (Leioatzetik ixkanbilla eta irri-algarak entzun bitez.)

D. RAMON: Ai, gazte banintz! Gazte banintz dantza leku ortara sartuko nintzake batzuen batzuek makilaka berotzera. Bai guztiok makilaka. Bada dantzariak sakabanatzeko ez da Erramuntxo añakorik.

        (Ezin aditu diran gauzak esaten asten da balantzaka dabillela) Ene zanko madarikatuok! Itxoin, itxoin Mikele, itxoin nere kutuna. Itxoin ezin asmatu dut-eta... Izkuta zaitezte, izkuta, txoratzen bait nauzue! Ixoo! Ixoo!

 

(Mingaiña gero eta geiago trabatzen zaio eta ankaz balantzatuz lurrera eror bedi, mundua gelditu nai balu bezala...)

 

        Mundua! ago geldirik! Ez eman orrenbeste bira! madarikatua! Utzi nazak zutik jartzen, Mikeleren atean... Ba noakizu bai!

APOA: Ez aiz gauza, agure, ez aiz gauza.

D. RAMON: (Itzuli egiñez). Nor zara? Nork itzegiten du or?

APOA: Eskalaproiak jantzita ilko zera, aitona. Soka aitu zaizu.

 

(D. Ramon leertuta alderoka erortzen da ezertako gauza ez dala. Apoa gañean jartzen zaio.)

 

APOA: Arnasa larri duzu eta anima ia eztarriko zulora etorria zaizu. Beingoan buka zazu aize artzez (Don Ramonen aoa zelatatuz). Nai al duzu laguntzea? (Bularra estutzen dio). Ea anima irtetzen zaizun. Ala gizon, egizu alegiña pakean geldituko zara-ta. Ez iltzeko alperra izan. Piska bat saia zaitez ta kito! Irteten utz zaiozu eztarriko zuloan dagoanari. Ez beldurrik izan, animaren argitxoak ez bait du erretzen. Otza da, ikusiko duzu, eta irtendakoan ez duzu miñik nabaituko. Ireki zazu aoa. Orrela! Ia irtetzera doa. Ar zazu arnasa, itxi itzazu begiok. Egiña dago! Or dago or!

        (D. Ramonen aotik argitxo bat irteten da eta lurretik igesi dijoa). Begira, argitxoa, ipurtargia!

 

(Argitxoaren atzetik doa pozez jausika. Une ortan leio atzean neska-mutillak muñeira bat dantzatzen eta kantatzen dute. Bi mozorro txorimaloak tantai antzera zutitzen dira. Guztiok D. Ramon illotzik dagoan lekura urbilduz inguruan muñeira abestutzen darraite.)

 

ZALDABAIEN MUÑEIRA

 

                Jotzen dudan zaldabaiak

                larrua zimurtzen asia du

                tellatuan zebillen katuari

                bait nion nik larrutu.

 

                Jotzen ari naizen zaldabaiak

                larrua txautzen asia du

                ainbestetan jo eta jo

                ainbestetan bait dugu dantzatu.

 

                Jotzen ari naizen zaldabaiak

                larrua puskatzen asia du

                arretaz jo ezkero deabruak

                zimiterioan ohi da dantzatu.

 

ESTAL-OIALA.

 

aurrekoa | hurrengoa