HIRUGARREN EKITALDIA JARDUN-LAGUNAK: PINPINELA: (Neskatxa polka kolorez apaindua.) AMA BAT: (Suangila zaarra pobre izatez ez etsia.) AITA: (Gizon maltzurra faltso-itxurakoa.) GIZASEMEA: (Mutil arroxkoa gaztetasunez anpatua.) AGUREA: (Biotz bere azken arte maitemindua.) EMAKUMEZKOAK: (Amar anima maxiaketak pipiaz joak.) ERIO: (Munduko jaun altsuenaren itxura.) KORO-TALDEA: (Abesten dakiten neska-mutillak.) (Jardun-lagun guztiak kareta daramate abeslari taldeko neska-mutillak ez ezik.) Lenengo agerraldia (Atzekoaldea beltza eta oro bat lurra ere... Pinpinela agertzen da eskubi-ezkerrean Aita-Amak ditualarik.) AMA: Tira, Pinpinela! Tira, urritz adarra baño biguñagoa! PINPINELA: Ez! AMA: Ez al duzu ikusten zer nolako bizimodu txarra etorriko zaizun alproja orrekin ezkontzen baldin bazara? Ni bezala arrastaka ibilliko zara lanez leertuta, zikiña, zimaurrez aldatzeko arroparik ez duzula, etzateko oe preskorik gabe. PINPINELA: Ez! (Aitak eztula dagi errespetoa jartze-arren edo...) AMA: Ai, nere krabelin ederra! Nola uzten duzu zure burua pikaro orrek menderatzen. A gaixoa! Ez ba duzu atzera egiten biotz-illun biziko zara beti. Ez labean ogirik eta ez laratzean surik, ez ikulluan simaurrik. Otzez dardar eta goseak ilda. AITA: Kasu egiozu amari, Pinpinela. PINPINELA: Ez! AMA: Jainkoak esku betez eman zizkizun musu-gorri preskoak igartuko zaizkizu. Ez zara geiago izango ez sagar eta ez gerezi, piko igarra baizik. Arropa adabakiz betea, arpegia zimurtua ixpilluetatik iges egingo duzu zere burua ez ikustearren. AITA: Orren ordez Fuko jaunari aurpegi ona jartzen badiozu... PINPINELA: Ez! AMA: Zer diozu txoroa! Nork itsutu zaitu mundua nun dagoan ikus ez dezazun. Nork bota dizu lurra begietara? Esna zaitez! PINPINELA: Ez! AITA: Narratx bat izan nai al duzu askoren antzera? AMA: Urrezko belarritakoak ipiñi nai dizkizu eta zuk naiago mixeri-zorriak. Ontzako urreak eman nai eta zuk aize prexkoa gogoko. Ai, nere lore kutuna! Ireki itzazu begiok! Beretzat artuko lituzkete amaika aundikiren alabak. AITA: Artuko lituzketen bezala! PINPINELA: Ez! AMA: Ogei leio eta eguzki solairuak izango zenituzke eta morroi-neskameak zeure zerbitzura; aseko ziñateke ogi eta ardoz eta lurrak opa duan zer nai beste gauzaz... AITA: Bi idi-parea eta zazpi esne-bei! AMA: Aritz-enbor osoak zure tximinia jarriko lukete kea dariola. Fuko jauna zure edertasunez itsutuko litzateke. AITA: Eta gu guztiok bear gorri ontatik irtengo giñateke. AMA: Kutxak maindire-zuritasunez beteak, arasak arropaz gañezka eta zu beti parrez aberaskume antzean, nere panpiña! AITA: Eta zer arraio! Fuko jauna zaarra da ta azken ordua elduko zaionean, orduan ikusiko dituzu parrokia ontako gizasemerik bikañenak ate-joka. AMA: Fuko jauna gizon prestua da eta zuk itsutu duzu. Orrelako erdaiña egingo al diozu bada? (Aitak eztula dagi berriz errespetoa sartzearren.) AMA: Gurasoen onu eta aolkuak ontzat ez artzeko gai al zaitugu? Ain ona izan zaren alaba. Utz zazu galai ori, Pinpinela! PINPINELA: Ez! AMA: Ondo dago, alaba, ondo! Obeto pentsatuko duzu egun batez. AITA: Bai alajaña, pentsatuko duzu, pentsa! AMA: Aldera itzazu elkarrekin bata eta bestearekin gerta lekizukeana. Alde batetik parra. Bestetik negarra. AITA: Eguna eta gaua. Ogia ala gosea. Zuk aukera! (Bijoaz: ama alde batetik eta aita bestetik. Pinpinela erdian eserita gelditzen dalarik.) Bigarren agerraldia (Gizasemea ezkerretik sar bedi.) GIZASEME: Eta... Pinpinela? (Onek ez du erantzuten.) GIZASEME: Mingaña jan egin al dizute? PINPINELA: Ez! GIZASEME: Zergatik ez didazu itzegiten oi duzunez? (Pinpinelak sorbaldak altxatzen ditu.) GIZASEME: Mundu guztiaren aotan zabiltza. Egia al da Fukorekin ezkondu nai zaituztela? (Pinpinelak buruaz baietz.) GIZASEME: Ezin duzu zaar orrekin zeure burua uztartu. Gazte bati itz eman diozu, eta mutil ori zuregatik txoratuta dagoala badakizu. (Isilunea) Esku-zapi bat dakarkizut bi biotzekin bordatua... Gu bionak noski. Oso polita da... (Pinpinelak muki-zapia eskuan artu eta kolkoan gorde beza.) GIZASEME: Oroitzen al zara «baietz» noiz esan zenidan? San Joan eguna zan. Arrosa eta krabelin usaia zenerion edo Paradisuko sagarrena. PINPINELA: Orduan bai, usai ura nerion... GIZASEME: Beldur ziñan eta baita ni ere. Arrezkero ez neretzat neskatxik izan, zu ezik; ez zuretzat mutillik ni baizik. (Pinpinela isilik dago.) GIZASEME: Esaidazu maite nauzula, Pinpinela. (Pinpinelak ez du erantzuten.) GIZASEME: Ez al didazu esan nai? PINPINELA: Ez! GIZASEME: Baiñan maite nauzu, ez al da ala? (Pinpinelak sorbaldak altxatuz zalantza antzean edo.) GIZASEME: Aberatsa banintz geiago maiteko nindukezu. PINPINELA: Ez daukat zergatik gutxiago maite. GIZASEME: (Asarreturik). Ni pobrea naiz baiñan aberatsa izatera eldu naitekean gaztea naiz. Fuko, berriz, agure bat diruz pipiak jota dagoana. Muzin egiten didazu zure antzera beartsu naizelako. Ondo da! Beartsu naizelako nardatzen ba'nazu ez naiz orrengatik samurtzen, Guztia saltzen da Perian Bakoitza bere prezioan. PINPINELA: Itzegizu kontuz. GIZASEME: Orduan ez al da egia Fuko jaunari saldu nai zaituztela? Ez al da egia arekin ezkondu nai zaituztela? PINPINELA: Ezkontzea ez da pekatu. GIZASEME: Ori al da esaten didazun itza? PINPINELA: Maitasun itzak ez dira sakramentu. GIZASEME: Ondo da Fukoren txanponak on egin diezazutela. Gure artean bukatu da guztia. Banoa! Zu bezelako emakumeak pillaka daude munduan. (Mutilla sartu zan lekutik irteten da, baiñan berriz itzuliaz azken itzak botatzen dizkio aurpegira.) GIZASEME: Emaiozu goraintzi Fuko jaun orri eta berarekin ezkon zaitezenean egiozu azkure bizkar ezurrean. (Pinpinela eserita darrai. Kolkotik mutillak emandako eskuzapia atera beza eta usaindu ta gero berriz gordetzen du.) Hirugarren agerraldia (Agurea eskubitik sar bedi, galtzarbean pardeltxo bat dakarrela.) AGUREA: Gabon, Pinpinela. PINPINELA: Gabon, Fuko jauna! AGUREA: Kaletik nator, ba-al dakizu? Erregalitxo bat dakarkizut zure aosapaia gozatzeko. Uskeria bat, zuk nai bazenu emango nizkizkizukenen aldean... PINPINELA: Eskerrikasko, Fuko jauna; baiñan ni ez naiz saltzen. AGUREA: Ai umetxo! Ni pobregia naiz zure edertasuna erosteko, ez bait da munduan dirurik zuk balio duzuna erosi al izateko. Nik uskeria auek dakarzkizut atsegin zaizkizula badakit-eta. Ez zu mintzeko asmoz, ordea. Aitapontekoa banintz bezalaxe. PINPINELA: Ez bada intentzio txarrez... AGUREA: Zu, eder-polit ori ikusteko intentzioz, besterik ez, erromeritako lore ori! Zeorrek ikus dezakezu (Pardeltxoa ireki eta esku-zapi bat atereaz). Atsegin al zaizu, Pinpinela? (Beste zapi bat azalduz). Egokia da au ere! (Beste bat agertuz) Eta beste auxe? Nun aukeratu baduzu (Gero sedazko oiala eskeintzen dio). Onekin sedazko bruxa egitea nai nuke... eta gustagarri ez ba zaizu... (Beste zenbait kolorezko seda-oialak azaltzen joango zaio). Zuk aukeratu. Erriko jai-egunez apain jantzita ikusi gura zintuzket... Parrokia ontako neskatxarik apañena. Uskeriak dituzu baiñan... PINPINELA: Geiegizkoak dira Fuko jauna. AGUREA: Bizirik gelditzen zaizkidan egunak pozez beteko ba zenizkit eta ildakoan itxi nere begiak, daukadan guztia zuretzat litzateke. PINPINELA: Oraindik gazte naiz ezkontzeko. AGUREA: Ni, aldiz, zaarregia; baiñan zutaz maitemindurik nago eta gelditzen zait zu zorioneko egiteko eta baita zure gurasoak ere. PINPINELA: Eta zoritxarreko banaiz? ... AGUREA: Anima garbia eta biotza libre baldin ba'dituzu nere etxean ez duzu zoritxarrik ezagutuko. Ez orixe! Nai aña gutiziz zure gogoa beteko dut. Eta gero ni il nadinean or geldituko zaizkizu ugari ondasunak eta ez dira txori-ziriña... goza ditzazun. Zarra bezain aberatsa naiz. PINPINELA: Eta jendeak zer esango du nitaz? AGUREA: Inbidiaren esamesak! Inbidia! Zu ain ondo eguzkitik eta otz eta euritik gordeta aterpean ikusteaz. Bekaizkeria, lanik egin gabe ikusiko zaituztelako. PINPINELA: Nere amak ez du «ezetzik» esango. AGUREA: Beraz... nere andrea izan nai al duzu? (Pinpinelak buruaz «baietz» esaten du gorri gorri eginda.) ESTALI-OIALA JAISTEN DA Laugarren agerraldia (Atzekoaldea berde eta orobat lurra. Emakumezko bi arritu aurpegiz. Agurea esku-makillan babestuz beraiekin jardunean.) I EMAKUMEA: Pinpinelakin ezkondu ziñan ezkero gazte-gazte egiñik zaude. II EMAKUMEA: Bizkar gañetik ogei une kendu bazenitu bezala... AGUREA: Gazte itxura bai, zorionekoa naizelako, baiñan laister nere gorputzillaren atzetik joango zarete. III EMAKUMEA: Oraindi gu aurretik eramateko añean zaude. AGUREA: Ez. Eriotza nere inguruan dabil egun auetan. I EMAKUMEA: Irudipenak! II EMAKUMEA: Pinpinela uzteko beldurra. AGUREA: Beldurra ez, trixtura! Ba al dakizue? Egun gutxitako edo ordu gutxitako bizia gelditzen zait. Urte pare bateko arnasa artuko nuke oraindik, baiñan ez zait luzatuko lur jatera joatea. Eriotza berak gaztigatu dit. Aditzen? ...Erio berak... III EMAKUMEA: Jesus! milla bider! I EMAKUMEA: Ez zazula aitatu! AGUREA: Erritik nentorrelarik zaldi gañean, Cando menditik igarotzean... II EMAKUMEA: Gizona! ... (Iru emakumezkoak biltzen dira ikaraz dar dar...). AGUREA: Gaua zan eta apaiz-errekan illargia disdiraz zegoen. Bat batean gizon aundi bat agertu zan nereganuntz zetorrena, erreka-ertzetik ura ikutu gabe. III EMAKUMEA: Ai! Gizona! AGUREA: Mamua nere ondoan joaten abiatu zan. Ginbail egoduna zeraman buruan. Makillaz joko ote nuan egon nintzan baiñan, ez ausartzen beldurrez. Eta bidez-bide gindoazela alako batean galegin nion: «Zer nai duzu nitaz? Mamua beti aurrera zijoan txintik atera gabe. Berriz esan nion: Purgatorioko animaren bat baldin bazara esaidazu zer egin nezakean zu salbatzeko. Ez zidan erantzun. I EMAKUMEA: Ez ote zan parrokiako gizasemeren bat? AGUREA: Ez andre, ez! Elizara iritxi giñanean bele bat ikusi nuen eta gero uso bat. Eta ez zidan batere grazirik egin. Orduan mamuak aurpegira begiratu zidan, illargiaren argitan. Erio zala ezagutu nuan eta onela mintzatu zitzaidan: Ni nauzu zure odola oztu eta arria bezala jarri dizuna. Uso ori zure bizia da; eta belea zure beranduko maitemiña. Zaude gertu egun autako batean, zeren billa joango natzaizu-ta... GUZTIOK: (Aitaren egiñez). Jesus! Jesus! II EMAKUMEA: (Ikaraz) Ez ote zenuen ardo piskat geitxo edana gorputzean? AGUREA: Ez, buruz orain bezain erne nengoan. Gero ere beste gaztigu batzuk eman dizkidate. III EMAKUMEA: Ez zazula jaramonik egin gizona! Irudipenak dituzu! AGUREA: Atzo gauean oeratzekoan gorputz batekin egin nuen topo! Poxpoloa piztu nuanean nere burua ikusten nuen ixpilluan bezala eta gero leioa itxi nai izan nuanean kristalean itsasita ildako baten eskua agertu zitzaidan. GUZTIOK: Jesus! Jesus!... OIALA ERORTZEN DA Bostgarren agerraldia (Lo gela bateko zokoa. Bertan oe bat eta itxitako leioa. Gau maitxoan kandela pizturik. Agurea erazten ari da Erio agertzen zaio eta gero Pinpinela. Urrutira mutil gaztearen abestia entzuten da.) «Agure batekin ezkondu zan Ez dakit zertan ari zan pentsatzen. Esaidazu ezkonberri gaztea: Nola bizi zara ezkonduta gero? Zure senarra oso zaarra duzu ez du ezertarako balio. Ezkondua ikusiagatik ez dizut galdu maitasunik alargun geldituko zara eta zurekin ezkonduko naiz.» AGUREA: Zurrunka eta marmaizoa... jasan diot nik. (Ao-artean aditzen ez dan zerbait esaten du. Erazten darrai, makutsik geldituz, galtzak kenduz argia itzaliz antzeztokia illunik geldituko da.) (Illuntasunaz baliaturik agurearen antzeko txotxongillo bat sar bezate maskara eta guzti. Agurea makurtzen da eta gizaseme gaztearen abotsa berriz entzun bedi.) «Esaidazu ezkonberri gaztea: Nola bizi zara ezkonduta gero? Nere senarra oso zaarra da Eta ez dit ezertarako balio.» (Leioa irekitzen da piskana argia sartuz gela dizdiraz beterik). (Lotan dagon txotxongilloa ager bedi Fuko jauna balitz bezala... Leioan Erio azaltzen da txotxongilloari begiratuz. Makurtuta zegon agurea, jauzi bat egin eta txotxongilloaren gaiñ gañean jartzen da. Eskuak eztarrira botatzen dizkio ito naiez. Agure papera egin dezanak il urren dagonaren zurrunkak aterako ditu.) (Mutil gaztearen abotsa entzun bedi hirugarren aldiz.) «Ezkondua ikusiagatik Ez zait maitasunik galdu Alargun geldi bait naiteke eta gero zurekin ezkondu.» (Txotxongilloa ildakoan leioan zegon Erio aienatuko da. Orduan agurea izugarrizko lanean ariko da, parre-algara zoroak egiñez. Oatza desegingo du -Txotxongillo- panpiña lurrera botako gero berriz oean sartzeko, burua alde batera zintzilika eta anka bat buruaren gañetik. Agurea gero par karkail geiagoz txoro antzera. Azkenik lana bukatutakoan jende artera aurpegia itzuliz maskara kenduko du. Orduan ildako itxura agertzen zaio buru-soilla eta kaskaezurra azalduz, alde egiten dualarik.) (Ontan eskubitik Pinpinela sar bedi eta irudi itsusia ikusiz egiten du karraxi!) PINPINELA: Ai, aaai!!! (Estal-oiala eror bedi irudia aldatzeko.) Seigarren agerraldia (Atzekoalde guztia betetzen duela oial aundi bat. Bertan irudi marrazki asko dituana. Irudien aurpegiak egiazkoak dira.) (Pinpinela beltzez jantzita eta eserita. Argiak bete betean joko du jendeak atzealdeko oial illuna ikus ez dezan.) PINPINELA: (Eskuak igurtziz). Orrenbeste oial lorez ornituak, orrenbeste sedazko soñeko, orrenbeste txingola eta galartzu, eta arropa fiñez betetako kutxa! Arasak Holandako zuritasunez beteak. Guztiak giltzapean gordeak. Nere gazte denborako antsiak biotz barnean sartuak berriz... Eta nere biotza urratua! (Isilunea). Aren andrea izateak ez nau asetzen. Ez aren ondoan gauak eta egunak igarotzeak. Nazka ematen dit aren eskuak nere aragia ikutzeak. Negar egin betiko joan zaidanean! Ez! Agure baten alargun izan bearra! (Geldiunea) Eta urte osoan beltzez jantzita lurrera begiratuz bizi. Beltzez jantzia maite izan ez nuan batengatik. Beltzez mendiko beleen antzo (Geldiunea) Ai enetxoa, al banitu nere jantzi politat luzitu? Udarako erromerietan lorez jantzita agertu? Nere galak erakutsi? Eta berriz ezkongai biurtu! (Geldiunea) Biotzean daramadan mutillarekin itzegin al ba'neza. (Isilune luzea). Ikusi bederen... (Pinpinelak atera beza kolkotik mutillak eskeiñi zion esku-zapia eta mintza bekio negartsu). Zapitxo kutuna!, lau ertz dituzu ni minberatzeko. Zapitxo maitea oraino garbitzera eraman ez zaitudana... Nere kolkoan lo egiten duzun zapitxo laztana. Emaiozu nere maiteari nere bakardadearen berri. Esaiozu begitara so egin nai diodala. Esaiozu ez dezala dantzarik egin, ez dezala kanta, dolutan bait nago. (Negarrez asten da eta aurpegia zapitxoaz estaltzen. Bat-batean atzealdeko oialean dauden irudiak abesten asten dira.) KORO-SAILLA Nizun maitasun ura lore izanik zimeldu zan Orain Pinpinelatxu nere maitasuna amaitu. Sedazko bruxa eta oialak zure galtzerdi eta oñetako baiñan geiago balio zuana maitearen begiratu garbia. Zuk egindakoaz geroz ez dizut batere amoriorik beste txoriñoak daude kantari nere biotz barruan. Sedazko bruxa ta oialak zure galtzerdi ta oñetako baño geiago balio zuana maitearen begiratu garbia. ESTAL-OIALA ERORTZEN. |