|     70 zenbakia, 1984ko urria [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa

 

HITZ-AURREA

 

        Ene jaun-andreak:

        Bereala jostaketa bat iru ekitalditan ikustera zoazte. Fartsa ortan erakusten zaizute atso-agureek ez dutela maitemiñik bear, baiñan ez uste izan nere lan au «tesis» lana danik.

        Tesis ezik artezko sintesia da; bertan maitasunak ta Eriotzak iru atso-agure kaskariñen artean jokuan diardute.

        Bata On Saturio botikarioa da Lelak egindako txarkeriarengatik bere burua pozoiez il zuana; bestea On Erramun Mikelen musu batengatik zimaurtegian etzanik iltzen dana; azkenik Fuko jauntxoa Pimpinelarekin ezkondu dalako zorion geigiz fin gaizto egingo duana. Drama baten iru zati ezberdin ditugu gallego erara esanak gure izkuntza ulertzen dutenen atsegiñerako.

        Baiñan oso ezaguna dan drama auxe fartsa berri batean ikusiko duzute atso-agure maiteminduei ematen diegun mezua.

        Esan bearra dago atsoak ez daudela agureen egokieran naiz beranduko maitekeriak beti Erioa urbil izan, oraingo ontan atso nazkagarriengatik losintxa artzen duten gazteak bakarrik bizia galtzen dute. Ez, dramakizun au desgaraiz maitemindu diran gizonezkoena da gazte ziralarik amorioaz baliatzen jakin ez zutenena eta orain Eriotzari igesi egin nai diotenak bizkar gañean daramatenean. Gizonok amorioak gazte loretan aurkitu bear dituzte eta zartzarorako ondo gordetzen jakin jendeen itzalona irabazi nai ba'dute eta ez beren buruak ikusi au bezelako antzirudietan. Iñork ez diete isekarik egiten elkar maitatzen darraiten atso-agureei. Eta zer nolako zirrada eragiten digun zar-arrunt bat negarrez ikusteak gaztaroan galdu zuan maiteño batengatik.

        Atso-agureok maitasun zarrak gorde bear dituzte, bizi izaten laguntzen bait die; baiñan maitasun berritan asten diralarik ilko dira eta eriotzak jendeari par eginaraziko dio.

        Esandakoaz aski ote dan nago jostaketari asiera emateko. Eta atsegin ba'zaizue egillea poztuko da.

 

aurrekoa | hurrengoa