HITZAURREA Shakespearek idatziriko obren artean Neurriari Neurriaz da data zehatzena ezar lekiokeen teatro-lana. Erregeren jostakizunen arduradunaren liburuan agertzen da nola 1604 urteko Eguberrietan antzeztu zen Whitehalleko oturuntza-aretoan «Shaxberd» izeneko baten «Mesur for Mesur» obra; seguraski garai honi usadioz dagozkion jaien barruan eman zen eta erregeren aurrean, gainera. Shakespearen aurreko komediekin alderatuz gero, berehala konturatzen gara drama-mota berri bat esperimentatzen ari dela honetan egilea. Aurreko komedietan asko idatzia zeukan maitasunaz, galaikeriaz eta ezkontzaz, baina oraingo honetan sexuaz eta fornikazioaz idazten du. Aurreko komedietako gaiak ia beti famili edo etxe giroan gertatzen dira, oraingo honetan, berriz, gaiak hiri-zabalera hartzen du. Vienan kokatzen da ekintza eta dukearen jauregitik hasi eta piskanaka putetxe, komentu, epaitegi eta presondegietaraino hedatzen da, hiri-bizitzaren erretrato zehatz bat burutzen delarik. Bestalde, Dickensen nobeletan bezala, nabarmen geratzen da hiri-gizartearen egoera zatikatua eta sakabanatua. Bleak Housen aristokrazia erabat isolaturik ageri den modura gizarte-geruza ezeduki eta erreusez josietatik, Dukea, Angelo eta Isabela mojagaia ere erabat aldendurik bizi dira Pompeio, Froth eta Overdone andreagandik. Eta halako batean, bakarti goitar eta abiaburu moral distirantez hornituriko hauek inoiz susmatu ere egiten ez zutenaz konturatzen dira: berek uste baino askozaz hurbilago eta lotuago daudela hain zorrotz eta gogor zanpatu eta zigortu nahi duten hogena eta krimenaren mundutik. Gizakitik gizakira ez dagoela hainbesteko alderik eta hutsa behar dela, aski dela aukerarik ustekabeena, zirikadatxo bat, denok barruan erdi-lotan daramagun piztia esnatzeko eta orroaka hasteko. Neurriari neurriaz bere garaian ere modan egon zen obra da. Obra honetan ez dira jorratzen etxe-barneko eta famili barruko arazoak, komunitate-zabalera duten gaiak baizik eta bete-betean sartzen da politikaren alorrean eta lehen lerroetatik agertzen da bertan «gobernu» hitza. Legea betearaztean aurkitzen diren zailtasunen aipamena egitetik hasten da obra. Shakespearek teatro-lan hau idatzi baino urte bete lehenago ugari eta zabal hitzegin zen gai honetaz, hain zuzen ere liburu bat argitara eman bait zen arazo honi buruz, Basilicon Doron (Errege-emaria) eta beronen egileak, James Iak zalantzarik gabe 1604eko Eguberrietan Shakespearen obraren ikusle izan zenak bertan dio «Legeak bizimodu gizartekoi eta bertutetsu baterako arautzat hartu behar direla, eta ez mendeko onak harrapatzeko tranpa gisa: horregatik beraz legea zentzuaren arabera interpretatu behar dela, eta ez hitzez-hitzeko zentzuan». Gogoeta hauek ongi baino hobeki datoz obran zehar gertatzen denari buruz. Bestalde Angelo obraren pertsonaia nagusitzat hautatzea ez zen arrazoirik gabe gertatu. Ordurako aski nabarmendurik zegoen Ingalaterrako bizitza sozial eta erlijiozkoan puritanismoa eta estukeria, eta ez zeukan eguneroko errealitatetik gehiegi aldendu beharrik portaera hertsi hauek pintatzerakoan. Bistan dago adulterioa bekatu ezezik herio-epaiaz zigor daitekeen krimen bihurtzea komentzio dramatiko bat besterik ez zen Shakespearen garaietan, argudioaren bilberako beharrezko zena. Baina hamazazpigarren mendearen hasieran, ordea, puritano estuenak prest zeuden aginteaz jabetuz gero honelako eskakizunak eta zorrozkeriak legeetara pasarazteko. Lege hau praktikaratzeko urratsekin ematen zaio hasiera Neurriari Neurriaz obrari. Dukearen ordezko izendatu berria den Angelok indarrean jarri nahi du erabaki ahaztu hau eta azkeneraino eraman eta kargua hartu bezain laster froga gertatuko zaion Klaudioren kasuarekin topo egiten du. Klaudio da seguraski obra osoan pertsonaia normal, bataz-beste erdi-mailan dagoen bakarra, gizon arrunta deituko genukeena. Gainerako guztiak, aldez edo moldez, ertzetan daudela esango genuke. Bi sail nagusitan banatzen dira pertsonaiak: prostituzioaren inguruan dabiltzanak: Luzio, Pompeio, Overdone andrea, eta ezkongabeena: Angelo, Isabella eta Dukea. Klaudio, ordea, ez da ez batekoa eta ez bestekoa ere. Errudun da adulterioz eta Luzioren ezaguna da, noski, baina Julietaren maitale ere bada eta beroni hitzemana dago. Ezkondu aurretik berarekin adulterioa egitean, teknikoki zigor nagusiena merezierazten dion hogenaz errudun gertatu da, baina azken finean edozein gaztek egin lezakeen eta egiten duen hogena baten errudun da. Moral dilemaz josita dagoen obra honetan, zehatz-mehatz Klaudiori legea ezartzearen dilema sortzen da ezer baino lehen. Klaudioren balizko hogen edo txarkeriaren aurrean pertsonaia bakoitzak bere iritzia edo jarrera azaltzen du eta espero daitekeenez, nolako bizimodua halako aburua agertzen da egintza bat eta bera epaitzean: Luzio, Overdone andrearen bezero sarriarentzat, huskeria bat baizik ezta eta zentzugabea derizkio Angelok portaera honen aurrean ageri duen zorroztasunari; inondik ere ez du ikusten arrazoirik hain premia arrunt eta ezaguna asetzearen ondoriotzat gizonari bizia kentzeko. Luziorentzat, hitz batez esateko, absurdu hutsa da Angelok egin nahi duena. Besterik ezin liteke espero izan bere bizitza emagalduen artean eta putetxetan ematen duenarengandik. Gainera Luziok interes berezia du Klaudioren kasuan, zeren eta hau hiltzen badute bere bizia ere arriskuan aurki bait liteke. Baina bestalde, lizunkeriaren aurrean ordura arte erabili den esku biguneko politikak ere izan du ondorio txarrik eta zerbait egin beharraren premia ere sumatzen da: Vienako hirian hesirik eta mugarik ez dagoela ohituretan esan liteke, putetxeak parretxikoen pare ugaldu dira eta jendearen elkarrizketatatik nabari denez, fornikazioaren atseginez baino areago mintzatzen dira sexu-harreman hauen ondorioz barra-barra nonnahi hedatzen eta barreiatzen ari den frantses gaitz edo sifiliaz, gure aldiotan baino askozaz nekezago sendatzen zen eta benetan ikaratzekoa zen eritasunaz. Beraz Klaudioren krimenari ez ikusiarena egitea ez da irtenbide egokia, eta hain zuzen ere, Dukeak ordura arte izan duen politika amore-emalearen ondorio negargarriak ikusirik erabaki du denboraldi baterako baztertzea, Angelok zorrotzago joka dezan eta uharkatik irtendako urak bere lekura itzul daitezen. Klaudioren egintzaren aurrean Dukearen ordezkoak hartzen duen jarrera, Luziorenaren zeharo alderantzizkoa dela esango genuke, beraz beronena bezain sinple eta ertzeratua inondik ere. Pertsonaia guztiek aitortzen diote gurari sexualen gain erabateko kontrolaren jabe dela. Dukea berak ere miretsi egiten du Angeloren abstinentzia. Bera honelakoa izaki, Angelok ez du inolako zalantzarik Klaudio heriotzera epaitzeko. Baina Angelok ez du ikusten inondik ere Klaudioren kasuan «errua» biguntzen duten arrazoiak ere badaudelakoa, bestalde lege hau hain zorrozki ezartzetik beste gaitz batzu ere sortzen dira: langabezia sortuko da Viena-ko hirian eta Pompeio eta Overdone, beronen uzabandrea, bezalako asko irabazpiderik gabe geratuko dira. Azkenik, Luziok errealismo handiz esaten duenez, adulterioa hain dago hedaturik, non jatea eta edatea debekatzen ez diren bitartean beti gertatuko den. Bestela esateko, gizona gizon eta emakumea emakume den bitartean nekez espero liteke adulterio edo ezkontza-nahastea eta fornikazioa desagertzerik. Egia da legeak gizartean duen betekizuna indar suntsitzaileen kontra gizabanakoa eta taldea babestea dela: atsegin sexuala, lapurreta edo giza hilketa, zeinnahi delarik indar deuseztatzaile horiek hartzen duten helburua. Klaudio, hogenlariak berak ere onartzen eta aitortzen du hau eta zentzu batean prest dago zigorraren aurrean burua makurtzeko. Baina legeak zeharo beharrezko diren arren gizartearen jardunbide edo funtzionamendurako, halere ez dagoela berauek ezartzeko modu edo sistima guztiz onartu bat esan liteke. Nola pertsonaia mota bakoitzak indar handiz aditzera ematen duen bere iritzia Klaudioren egintzaren aurrez aurre, ikuslea erdiz-erdi harrapatzen du sokatira honek, eta benetan dilema zail baten aurrean aurkitzen da epaitu eta kondenatu beharrekoa gizon arrunta delarik gainera, hots, ez alde eta ez kontra ez dagoena. Bi jarrera ertzeratu hauek, bata biguntasunezkoa eta bestea zorroztasunezkoa, buruz buru elkarren aurka agertzen dira zenbait eszenatan obran barrena. Adibidez, Isabellak Angeloren aurrean bere anaiari bizia barka diezazion erabiltzen duen arrazoia, bat dator egiten ari den bizimoduarekin eta bere pentsamoldearekin; Isabellak moja izateko asmoa duenez gero, normala da Jesukristoren esan hartan oinarritzea bere barkamen-eskaria: «Zuetatik bekaturik gabe dagoenak bota diezaiola lehen harria». Zentzu honetan, besteen arrazoi guztiak baino begikoago gertatzen zaigu argudio hau, baina Angeloren erantzunak ere badu indarra, zeren eta despertsonalizatu egiten bait du kondena, eta legeak epaitzen eta heriotzeratzen ihardesten bait dio. Areago oraindik, ahaidea, anaia edo semea balu ere gauzak berdin izango liratekeela aitortzen dio, beraz ez da geratzen inolako zirrikitu edo arrakalarik ezezko biribil honetan. Bestela esateko, legeak bere baitan dituen abiaburuak honelako edo halako epailari edo juezaz apartekoak dira eta honen egitekoa hura gordetzea besterik ez da. Gatazka honetan alderdi batek ez du makurtzen bestea eta ez da ikusten konponbiderik, baina indarren egoera edo oreka aldatuko duen faktore berri bat sartzen da jokoan: Isabella erreguka ari dela eta Angelo ezezko gogor batez legeari eusten, azken honen irrits edo sexu-gosea esnatzen eta indartzen da. Angeloren inkontzientepean dagoen biziorako zaletasuna dabil inorengan zigorra ezarriz bere burua menpean hartzen. Bere baitan sentitzen duen ahuleziak eragiten du besteak zigortzera, lotsaz eta nekez ari bait da bere burua kontrolatzen. Aurrena Angeloren frogarekin topo egiten dugu eta ondoren, Isabelarenarekin, zeinak bi irtenbide dituen: edo Angeloren irritsa asez bere anaiaren bizia salbatu, prezio garestia ordainduz noski, edo irme iraun eta proposamenari uko eginez Klaudio nola exekutatuko duten ikusi. Labur esateko, anaiaren galera edo bere birjintasunaren galera hautatu beharrean aurkitzen da. Lehendabiziko eszenan Isabelak frogan jartzen du Angeloren erreprimatze sexuala, eta bigarrenean, berriz, Angelok jartzen du frogan Isabellaren erruki edo gupida-zentzua, ironia bada ere, neskak aurretik esnarazi nahi zuen sentimendu bera. Lehen topaketaren ondorioz hautsi egiten dira Angeloren defentsak, eta bigarrenaren ondorioz, berriz, Isabellarenak hautsi ez, baizik eta zurrundu eta gogortu egiten dira, zentzu erlijiozko eta moralaren ildotik. Prest jartzen da, beraz, anaiaren heriotza onartzeko kastitatea galdu baino lehen. Esan beharrik ez dago, Isabellak egiten duen hautapen honi buruz iritzirik aurkekoenak eman direla historian zehar. Charlotte L.ennox-ek, hemezortzigarren mendeko kritikariak, «estutzat» hartzen zuen bitartean Isabella, hurrengo mendean, Mrs. Jameson-ek vestal handitasun eta dintasunez jantzirik ikusten zuen, harkaitz gainean ekaitz eta galerna guztiak gorabehera zutik dirauen zedroaren gisa. IsabeIlaren kasuak, Klaudiorenak bezalaxe, erabat soluzio egokirik ez duen horietakoa da. Alde batetik gataska eta froga guzti hauek gertatzen ari diren bitartean, bestaldetik, presondegian Klaudio bere arrebaren bitartekotzaren emaitzaren zain-zain dago, baita Dukearen laguntzaz heriotzerako prestamenak egiteari utzi gabe. Hemen ere beste behin giza bizitzaren gataska agertzen zaigu; Dukea fraile gisara mozorroturik aurki hil beharra den presoa heriotzerako prestatzen ahalegintzen da, baina aldi berean bizitza hain samintsu eta usteltzat daukalarik heriotzaren aurrean beldurra eta ikara sentitu ordez askatzailearen aurrean bezala poza sentitzea bidezkoagoa dela esaten du: «Jar zaitez heriotzaren aldetik; beraz heriotza edota bizitza gozoena izango duzu. Honela arrazoitu bizitzarekin: galtzen bazaitut zoroek bakarrik gorde nahiko luketen zerbait galtzen dut; arnasaldi bat besterik ez zara, zaudeneko gela hau orduz ordu gaizkoatzen ari diren aire eragin guztien menpean; behar bezala hitzeginez, herioaren jostailua baizik ez zara, ze ihesbidez hura nola itzuriko zabiltza eta halere, beti haren aurretik lasterka ari zara». Lehenengotan onartzen ditu Duke-frailearen arrazoi eta argudioak eta biziaren aldean heriotza maiteago balu bezala agertzen da baina Angelok arrebaren eskariari ezezkoa eman diola jakitean, bapatean aldatzen da jarreraz eta estoikotasun guztiak alde batera utzirik, izularriaren menpean erortzen da: «Bai!... Baina hil eta ez dakigun tokira joatea, hobi hotzetan etzan eta usteltzeko bertan egotea; berotasun hau, sentiberatasun hau, mugimendu hau buztin bigunezko eskutada bihurtzea; adimen liluragarri hau suzko uhinetan bainatzea edo eskualde hotzen batean bizitzea, izotz loditako hormak dituen lekuan, ezin ikusizko haizeen preso izan eta indarkeriaz eta atergabe espazioan eskegita dagoen mundu baten inguruan zirimolatzea; edota pentsamendu zalantzakor eta nahasiak txilioka irudikatzen dituzten izaki dohakabe horien arteko dohakabeenak baino ere dohakabeago bihurtu. Izugarriegia da!». Azkenean, pertsonaia nagusi guztiak bezala, Klaudio ere mutur batetik bestera aldatzen da jarreraz: ezer ez zaio onargarri iruditzen, ez heriotza eta ez bizitza, baina begibistan dagoenez ez dauka beste hautakizunik eginahalak eginda ere. Dukearen papera da obra osoko luzeena eta azken bi ekitaldiak hartzen ditu; pertsonaia hau antzeztu duen edozein aktorek aitortzen duenez, izugarri zaila gertatzen da kontsistentziaz Dukearen psikologiari eustea. Aurrena agintari barkatzaileegi bezala agertzen da eta jarrera honen ondorioz sortzen diren gaitzak konpontzeko erabat fidagarria ez den ordeko batengan uzten du aginpidea. Nahiz eta bere egintzak beharrezkotzat jotzen dituen Angelo moralki hezitzeko, izugarrizko prezioa ordainerazten die Klaudio eta Isabelari: lehena erabat sinetsirik dago berehalaxe lepoa moztuko diotela eta bigarrena, obraren ia amaierara arte, Klaudio hil delakoan dago. Bestalde Dukeak gogoeta eta ohar orokor bat baino gehiago egiten du agintaritzaren zer-nolakoaz eta izaeraz eta dirudienez ideia horiek dira Shakespearek buruan sartu nahi dizkigunak, eta obraren amaieran ere berau agertzen digu «botere jainkotiar» baten gisara, era ikustetsu batean justizia egiten, nori berea ematen. Halere, baliteke, Neurriari Neurriaz obra honen helburua ez izatea soilik Klaudio eta Isabellaren frogaketa eta hezkuntza, baizik eta Dukearena berarena ere bai; horrela bakarrik uler litezke pertsonaia honen izakeran nabarmentzen diren konsistentzi gabeziak. Hasteko, Dukea oso ziur agertzen da bere buruarekiko eta inor epaitzea eta ezagutzeari dagokionean; dena behar bezala prestaturik uzten du kanpoan izango den aldirako. Gerora konturatuko da huts egin duela, uste ez bezala atera zaizkiola gauzak. Uste du Angelok gaua igarotzen badu Marianarekin, bere hitzari eutsiz, barkatuko diola bizia Klaudiori, baina ustea ustel gertatzen zaio eta ordekoak Klaudio hiltzeko agindua ematen du igurikapen guztien aurka. Bestalde, nahiko harro agertzen da bere buruaren ezaguerari dagokionean, baina Luziok behinik behin zeharo bestelako iritzia duela konturatzen da, hots, berak bere buruaz duenarekin batere zerikusirik ez duena; Luziorentzat buruarin ez-jakin bat besterik ez da. Klaudiori bizia salbatu nahirik, Bernardino haren ordez hiltzearen amarrua bururatzen zaio, baina Bernardinok inondik inora ez du agertzen asmo hau aurrera eramateko gogorik. Eta Duke bezala berriro agertu eta aurrez sorturiko okerrak zuzentzen hasten denean ere gauzak ez dira berak nahi bezain ongi konpontzen. Eta azkeneko unean, Angeloren txarkeria eta erru guztia agertzen denean eta lotsaren lotsaz, damuturik heriotza eskatzen haste denean, espero zitekeenaren aurka, bizia barkatu ezezik, arestian arbuiatua zuen emakumea ematen dio emaztetzat. Luzio dohakabea aurrena heriotzera epaitzen du, baina gero emalohi batekin ezkontzera behartzen du; Luziok heriotza baino gogorragotzat jotzen du epai hau. Isabella, mojagaiari, ezkontza proposatzen dio eta honek isilisilik onartu egiten du. Nahiz eta Neurriari Neurriaz aurreko beste komedia batzuren modura ezkontza-sail batekin amaitzen den, badirudi denek porrotarekin bukatzekoak direla. C. Messinak dioenez, komedia idaztea ezinezkoa dela erakusteko egina dela esan liteke. Obra honen barrenean dagoen filosofiak gizonaren izate zatikatua jartzen digu agerian. Shakespearek onartzen du gizabanakoak badituela bere bulkada eta gurari propioak, baina talde edo komunitate bateko kide garen neurrian beharturik gaude geure nahiak eta nahikundeak kontrolatzera, bakearen eta guztien ongiaren izenean. Muga eta hesirik gabe zaletasun pertsonalak anarkiarako bidea urratzen duen bitartean, legea zurrun ezartzeak injustizia, bidegabekeria dakar. Are gehiago, Isabellaren kasuak gogorarazten digu Jainkoarekiko zor eta betebeharrak ere baditugula eta batzutan balitekeela hauek gizakiarekiko zor eta betekizunen kontrako gertatzea. Giza kondizioa bera gataskatsua delako agertzen dira tirandurak eta konponezinak Neurriari Neurriaz obra honetan. Beraz Dukeak azken finean hartzen dituen erabakiak eta jartzen dituen soluziobideak ez dago esaterik hain txarrak eta desegokiak direnik. Itzulpenari dagokionez, aurreko obren hitzaurretan esana zehatz-mehatz errepikatzea dagokigu oraingo honetan ere. BBC erakunde ingelesak telebistarako sortu duen produkzioaren bikoizketa-testu izateko burutu dela lehenengo eta behin euskarapena, eta ondoren pantailan ikusi eta entzungo denaren lagungarri gisa testua bere osotasunean argitara emateari egoki iritzi diotela ETB eta Antzertik. Guk dakigunez, Measure for Measure, Shakespearen obra honen lehen euskarapena, beste obra guztiena bezalaxe, Larrakoetxea'tar Beditak egina da, 1960an, eta Neurriri Neurri titulupean argitaratu zuen Kardaberaz bilduman W. Shakespeare'ren antzerki guzti-guztiak 37 euskeraz. Komediak-A, liburukian. Sarrera egiten dion A. Onaindiaren hitzetan, «lar lekukoa» izatearen akatsa leporatzen dio euskararen aldetik, hau da «Arratiko izkeran egina izatea» nahiz eta euskalki guztietako hitzak eta esaerarik asko dakarren arren. Guretzat, egia esan, txokokoegia izatea baino akats makurragoa du itzulpenak dramatizaziorako eragozpen nabarmenak izatea. Jatorrizkoari aski hurbiletik lotzen zaio euskarapena eta horrek berorrek kalte egiten dio aipatu dugunerako. Gure itzulpenean leialtasuna zentzu zabalagoan ulertu izan dugu eta honelako itzulpen batek dituen zailtasunak nabarmenak direla aitortuz, eta zenbait pasartetan eginahalak eginik ere ulerkaiztasunak erabat saihestea ezinezkoa gertatzen dela esanik, antzezleek bikoizketariek erabiltzeko testu bat moldatzen saiatu garela aitortu behar dugu. Hau lortu den neurrian euskaratzaileak ongi erabilitzat dauka obra hau itzultzen eman duen denbora. X. Mendiguren |