V EKITALDIA ESZENA BAKARRA Hiriko ateak (Ate desberdinetetik sartzen dira DUKEA, VARRIO eta jaunak ANGELO, ESKALO, LUZIO, PREBOSTEA, OFIZIALAK eta HIRITARRAK.) DUKEA: Ene lehengusu txit prestua, ongi etorria zaitez. Ene adiskide zahar eta leial hori, zoriontsu naiz berriro zu ikustean. ANGELO eta ESKALO: (Batera.) Ongi itzulia bedi zure Errege Grazia! DUKEA: Eskerrak ugarien eta bihotzetikoenak ematen dizkizuet bioi. Izan ditugu zuen berriak eta zuen justiziaz hain aipamen onak belarrietara zaizkigu, non derrigorrezko zaigun denen aurrean eskerrak ematea zuei, ondoren etorriko diren sari hobeen adierazgarri. ANGELO: Gehiago estutzen dituzu nire eskerronezko lokarriak. DUKEA: O! Zure meritua goraki mintzo da, eta kalte egingo nioke neure bihotzeko barrunbe isiletan gordeko banu, denboraren hozkaduren eta ahazmenduaren kalteen aurka egoitza segurua aurkitzeko dinako denean brontzezko idazkune batean. Emaidazu zeure eskua eta gure menpekoek, hau ikustean, geure bihotzaren barrenean elkar maite dugunaren lekukotasun ahula besterik ez dela kunplimenduzko kanpo-agerpen guzti hau. Zatoz, Eskalo, gure beste aldean ibiliko zara zu. Biok zarete sostengu bikain. (Anai PEDRO eta ISABELA aurreratu egiten dira.) PEDRO: Oraintxe iritsi da unea. Ozen hitzegin eta beraren aurrean belaunikatu. ISABELA: Justizia, o, errege-dukea! Eraitsi zeure begiak laidoturiko emakume batengana; birjina batengana esan nahi nuke! O, printze dinako, ez ohoregabetu zeure begiak beste edozertan kokatuz, nire kexa bidezkoa entzun eta egin arte justizia, justizia, justizia, justizia! DUKEA: Eman zure irainen berri! Zertan dautza? Nork egin dizkizu? Labur mintzatu. Hemen duzu Angelo jauna, justizia egingo dizuna. Zabaldu barrena berari. ISABELA: O, duke prestua! Deabru bategan salbamena aurkitzeko agintzen didazu. Zerorrek entzuidazu, zeren eta esan behar dizudanak edo zigorra ekarriko bait dit sinesten ez badidate, edo kalde-ordain bat aterarazi nire faboretan. Entzuidazu! O! Entzun hemen! ANGELO: Jauna, beldur naiz horren zentzuak gaizki ez ote dauden. Bere anaiaren alde errukia eskatzen aritu zait, justiziaren eskakizunez burua moztu bait zaio... ISABELA: Justiziaren eskakizunez! ANGELO: Eta orain ahakar mingots eta bitxitan barrena asaskatzen hasiko da. ISABELA: Oso bitxiak eta halere, oso egiazkoak. Ez al da harritzekoa Angelok gezurretan zin egitea? Ez la da harritzekoa Angelo asasinatzailea izatea? Az al da harritzekoa, eta harritzekoa baino ere gehiago, Angelo lapur ezkontza-nahasle, azaluts eta birjina-bortxazaile izatea? DUKEA: Benetan; hamar aldiz harritzekoa da. ISABELA: Bera Angelo den bezain egiazkoa, esaten ari naizen guztia harrigarria bezain egiazkoa da; ez, hamar aldiz egiazko, zeren ez bait dago zifrarik egia handitu edo txikitu dezakeenik. DUKEA: Eramazue! Gajoa! Zentzua galdu duelako mintzatzen da horrela. ISABELA: O printzea! Arren eskatzen dizut, baldin eta sinesten baduzu badagoela gurea baino mundu kontsolatzaile hoberik, ez nazazula arbuiatu zoramenak jota nagoelako aitzakia horrengatik. Ez ezazu ezinezko bihurtu gertagaitz baizik ez dena. Ez da ezinezko munduko doilorkumerik higuingarriena Angelo bezain serio, barnekoi, zuzen eta bertutetsu-itxurarekin agertzea. Baliteke ere era berean Angelo, bere jantzidura ofizial guztiekin, bere armeria, bere titulu guztiekin, bere intsignia guztiekin, bilau malapartatu eta porrokatua izatea. Sinetsidazu, o errege-printzea, ezer ez da diodana baino gutxiago bada; baina oraindik gehiago da baldin aurki baneza izen gogorragorik berorren txarkeriarentzat. DUKEA: Neure ohoreagatik, baldin zoraturik badago eta ezin dut sinetsi besterik honen zorotasunak arrazoi-itxura bitxiena du; honen hitzek zoroaren esanetan inoiz ezagutu ez dudan elkarrekiko lotura dute. ISABELA: O, duke errukiorra! Ez zakizkio atxeki ustekizun honi, ezta arrazoia baztertu ere loturagabea delako aitzakiarengatik, baizik eta baliarazi zeure arrazoimena egiak dirdir egin dezan ezkutaturik dagoela dirudien hartan, eta ilunpetan sar dadila faltsukeria itxura duen egia. DUKEA: Zoraturik ez dauden askok honek baino arrazoi gutxiago izaten dute noski. Zer esan nahi duzu? ISABELA: Klaudio deritzan baten arreba naiz, eta bera Angelok burua galtzera epaitu du fornikazio deliktuarengatik. Nire anaiak neure nobiziadua egiten nengoen komentura dei egin zidan; haren mandataria, Luzio izeneko bat... LUZIO: Neu naiz, Zure Graziaren baimenarekin. Klaudioren izenean joan nintzen, eta bere zorte onezko aukerak baliarazten saiatzeko erregutu nion Angelo jaunaren aurrean bere anaia dohakabearentzat barkamena lortzeko. ISABELA: Bai, bera da izan ere. DUKEA: Ez zaizu eman hitzegiteko baimenik. LUZIO: Ez, jauna; baina ezta isilik egoteko agindurik eman ere. DUKEA: Orain agintzen dizut. Gogoan har ezazu, arren eskatzen dizut; eta axolako gairen bat duzunean zeure aldetik, erregutu zeruari esakizunik gabe izaten. LUZIO: Zin egiten diot Zure Gorentasunari. DUKEA: Zeure buruarentzat gorde zin hori; kontu handiarekin ibili horrekin. ISABELA: Zaldun honek nire istorioaren atal bat kontatu du... DUKEA: Egia izan liteke; baina gaizki egiten duzu zeure txanda baino lehen mintzatzean ... Jarraitu. ISABELA: Ordezkari alproja eta gaizkile horren bila nindoan... DUKEA: Hona hemen zoro-usain piska bat duten hitzak. ISABELA: Barkaidazu; hitz hauek egoki datozkio arazoari. DUKEA: Zuzendu eta gero bai. Ikus dezagun arazoa orduan. Jarraitu. ISABELA: Labur beharrez, alde batera utziko ditut alferrikako xehetasunak, nola erabili nituen berarekin gomendioak, arrenak eta belaunikatzeak; nola baztertu ninduen eta nola erantzun nion, dena oso luzea izan bait zen eta saminez eta lotsaz azaltzera noa gure elkarrikustearen ondoren zitala. Ez zuen indultatu nahi izan nire anaia, bere haragikeria hesigabearen irritsaren menpe nire gorputz kastoa uztearen baldintzapean izan ezik. Luzaroan jarki ondoren anaiarenganako maitasunak menperaturik amore eman nion; baina biharamun goizean goiz, bere guraria aseta zeukala, nire anaiari lepoa mozteko ordena bidali zuen. DUKEA: Horra zerbait sineskaitza. ISABELA: O, egiazkoa bezain sineskaitza balitz! DUKEA: Zeruarren, zoro dohakabea, ez dakizu zer diozun, edo norbaitek erosi egin zaitu konspirazio gogaikarriren batengatik beraren ohorearen kontra hitzegiteko. Lehenengo eta behin tatxarik gabeko zintzotasuna du; gainera, arrazoiaren kontra doa bera errudun izan zitekeeneko hutsak hain gartsuki pertsegitu ahal izatea; diozun bekatua egin izan balu, bere buruaren arabera epaituko zukeen zure anaia eta ez ziokeen lepoa mozteraziko. Norbaitek ordartu zaitu beraren aurka; aitor ezazu egia eta esaiguzu noren kontseiluz etorri zaren gure aurrera beraren kontra kexatzera. ISABELA: Eta hau al da dena? Ederki, orduan! O, gaindegietako ministrari doatsuak, gorde nire egonarria eta ordua iristean, agerian jarri hemen aurrean dagoen krimena, bere gezurrezko dintasunez estalia! Zeruak babes dezala ezbehar guztitik Zure Grazia, topo egiten dudan bazainbateko sineskaiztasunaren tamainako babesarekin, izan ere nire irainagatiko ordain-kitapenik gabe bihurtzera behartzen bait nau! DUKEA: Zalantza handiak ditut hemendik urrun egon nahi duzulakoaz! Aizu, ofiziala! Gartzelara eraman dezatela! Onar al dezakegu desohorezko salakuntza lotsagarri bat hain hurbilekoa zaigun gizonaren gainera eror dadin? Amarrukeriaren baten ondorioa da hau, nonbait. Norbait jakinaren gainean al zegoen gureganaino etortzeko zenituen asmoez eta erabakiaz? ISABELA: Hemen ikusi nahiko nukeen norbait: anai Ludobiko. DUKEA: Gizaseme santua, noski. Nork ezagutzen du Ludobiko hori? LUZIO: Ene jauna, nik ezagutzen dut; fraile azpikaria da. Ez dut begiko gizon hori; laikoa izan balitz, jauna, Zure Graziaren aurka izan dituen hitz batzurengatik zu kanpoan zarela, astindu polita emango niokeen. DUKEA: Nire aurkako hitzak! Horra, alafedea, benetako fraile jatorra! Eta hemen aurrean dagoen emakume ziztrin honek gure ordezkoaren aurka jartzen duela gainera! Beharrezko da fraile hori topatzea! LUZIO: Atzo baino urrunerago jo gabe, jauna, ikusiak ditut biak, frailea eta bera, presondegian; fraile gogaikarria, alproja dohakabea. PEDRO: Onetsia bedi zure errege-grazia! Hemendik oso hurbil nengoen, jauna, eta entzun egin ditut zure errege-belarriei irain egin dieten hitzak. Aurrena, oso bidegabeki akusatu du emakume horrek zure ordezkoa, izan ere errugabe bait da berorrekiko ukipen eta lotsagarrikeria guztitik, emakumea ere errugabe den bezala oraindik jaiotzeko dagoen gizon batekiko likiskeria beretatik. DUKEA: Horixe uste genuen guk. Ezagutzen al duzu aipatzen zuen Ludobiko izeneko fraile hori? PEDRO: Gizaseme elizkoi eta santu gisa ezagutzen dut eta ez da dohakabe eta azpikari mundukoia, zaldun horrek adierazten duenez eta neure hitzaren pean diot, inoiz ez dela gaizki esaka aritu, berak dioenez, Zure Graziaren aurka. LUZIO: Zantarki aritu da gaizki esaka, jauna; sinets ezazu benetan. PEDRO: Oso ongi; dagozkion garai eta lekuan zurituko du bere burua; baina oraingoz, jauna, sukar estrainio batek harrapaturik dauka eta gaiso dago; Angelo jaunaren aurka kexa bat eginbeharra zela jakitean, berak berariaz eskatuta etorri naiz beraren izenean egiatzat eta gezurtzat daukanaren aitorpena egitera eta berak zinpean frogatuko du gauzak begibistan utzi arte itaunketa egingo zaionean. Aurrena, emakume hori dagokionean, dinako jaun hau zuritzeko, hain zuzenki eta zantarki akusatua izan dena, beronen aurpegian ikusiko duzu gezurtatua, berorrek bere krimena aitortu dezan arte. DUKEA: Adi gaude, anai ona (ISABELA kanpora ateratzen dute, eskoltapean eta MARIANA aurreratzen da.) Ez al dizu irribarre eragiten honek, Angelo jauna? O, zeruak! Hau harropuzkeria burugabea zitalona! Utzi lekua. Zatoz, ene lehengusu Angelo; neutral egon nahi dut auzi honetan; zeu izan zeure kausaren epailari. Hor al dago lekukoa, anaia? Has dadila aurpegia erakustetik eta ondoren hitzegin dezala. MARIANA: Barkaidazu, jauna; ez dut erakutsiko arik eta neure senarraren baimena lortu arte. DUKEA: Zer bada, ezkondurik al zaude? MARIANA: Ez, jauna. DUKEA: Ezkongabea al zara? MARIANA: Ez, jauna. DUKEA: Alarguna, orduan? MARIANA: Ezta ere, jauna. DUKEA: Ez ezkongabe, ez alargun, ez ezkondu? Tira, orduan ez zara ezer ala? LUZIO: Jauna, baliteke puta izatea; ze asko ez bait dira ez ezkongabe, ez alargun, ez ezkondu. DUKEA: Isileraz dezatela mutil gazte hori; nahiago nuke berekasa berriketan aritzeko egoeran balego. LUZIO: Ongi da jauna. MARIANA: Jauna, inoiz ez naizela ezkondurik egon aitortzen dut; aitortzen dut bestalde ez naizela dontzeila; ezagutu dut neure senarra; halere, berak ez daki behin ezagutu nauenik. LUZIO: Orduan moskorrurik zegoen, jauna ezin liteke izan bestetara. DUKEA: Hobe zu zeu ere bazeunde, isiltasunaren onetan. LUZIO: Ongi da, jauna. DUKEA: Hori ez da Angelo jaunarentzat lekukotasuna. MARIANA: Axola duenera iristera noa, jauna. Fornikazioz akusatzen duen emakumeak, deliktu berberaz akusatzen du nire senarra, eta maitasunaren orditasun guztian besoen artean neukala frogatuko dudan ordu batean akusatzen dut. ANGELO: Beste bat akusatzen al du nitaz aparte? MARIANA: Ez, nik dakidala. DUKEA: Ez? Zeure senarra esan duzu oraintxe puntuan. MARIANA: Halaxe da, jauna, eta senar hori Angelo da, nire pertsona inoiz ezagutu ez duelakoan ziur egonik, Isabel ezagutu duela uste duena. ANGELO: Hauxe bai dela faltsikeria bitxia. Ikusagun zure aurpegia. MARIANA: Senarrak agintzen dit. Orain kenduko dut mozorroa (Estalkia altxatzen da.) Hona hemen aurpegi hau, Angelo krudela behinola zure begien dinako zela zin egiten zenuena; hemen dago jendaurreko tratuak zurearekin estuki lotu zuena; hona hemen Isabelaren konpromisua bete duen gorputza eta jardineko pabilioian haren irudizko pertsonaren lekua bete duena. DUKEA: Ezagutzen al duzu emakume hau? LUZIO: Haragiz, dio. DUKEA: Lotsagabe halakoa, txintik ere ez gehiago. LUZIO: Ongi da, jauna. ANGELO: Jauna, emakume hau ezagutzen dudala aitortu beharrean nago. Orain bost urte ezkontzearen arazoar zerbait hitzegin zen gu bion artean; ezkontzak porrot egin zuen, neurri batean, aitortua baino txikiagoa zela beronen fortuna aurkitu zelako; baina batez ere beronen ezen ona lausoturik geratu zelako arinkeriazko salakuntzaz. Orain bost urtez geroztiko epe horretan, neure fedea eta ohoregatik zin egiten dut ez dudala ikusi, ez diodala hitzegin, ez dudala beronen berririk izan. MARIANA: Printze noblea, argia zerutik datorrena bezain ziur eta hitzak zure arnasatik, nola arrazoia egia den eta egia bertute, gizon honi loturik nago hitzek zinegiteari eman diezaioketen bezain lokarri estuez eta, ene jaun ona, joan den asteartea baino urrunago ez dela, gauez, bere jardineko pabilioian ezagutu nau bere emaztetzat. Diodana egia bada, zilegi bekit ziurtasun osoz lurretik jaikitzea, eta gezurra bada, finkaturik gera nadila hemen betirako, marmorezko estatua baten gisara. ANGELO: Irribarre besterik ez dut egin orain arte; baina orain, ene jaun ona, libre utziozu bidea justiziari; hementxe bukatzen da nire egonarria. Oharturik nago emakume zoro hauek jardunean jartzen dituen norbait ahaltsuagoaren tresna besterik ez direla; utzidazu bidea libre, jauna, amarrukeria hau argitzeko. DUKEA: Bihotz-bihotzez uzten dizut, eta zeure bihotzak iradokitzen dizun zigorra emateko baimena ematen dizut gainera. Fraile zentzugabea, eta zu, emakume zital hori, aldendu denaren gaizkidea, uste al duzue zuen zinegite guztiak, nahiz eta santu guztiak aipatu, gure konfidatzaren zigilua hartu duenaren dintasuna eta sinesgarritasunaren aurka testigantza izan litezkeela? Eskalo, jauna, lagundu nire lehengusuari, emaidazu zure adiskidetasunezko aldekotasuna amarrukeria honen jatorria aurkitzeko. Bada beste fraile bat aurrera bultza egin diena; hori ere bila dezatela. PEDRO: Hemen egon ledin nahiko nuke, izan ere berak bultzatu bait ditu egiaz emakume hauek kexatzera. Zure prebosteak badaki non aurkitzen den. Etorreraz dezake. DUKEA: Zoaz, ekar ezazu berehalaxe.(Badoa PREBOSTEA.) Eta zuk, ene lehengusu noble eta erasoezin horrek, zeinari dagokion arazo hau aurrera eramatea, hartzen dituzun irainengatik hobekien derizkiozun zigorra ezar ezazu. Une batez utzi egingo zaitut, baina zuk zirkinik ez egin gaizki esale hauek behar bezala aztertu arte. ESKALO: Jauna, arazo hau barreneraino aztertu behar dugu. (Badoa DUKEA.) Luzio jauna, ez al duzu esan ezagutzen zenuela anai Ludobiko hori gizatxar gisa? LUZIO: Cucullus non facit monachum. Ondrautasunetik jantzia besterik ez du. Dukearen aurka gaitzizenik doilorrenak erabili izan ditu beti. ESKALO: Bera etorri arte hemen egon zaitezela erregutzen dizugu eta aurkako salakuntzak egin ditzazula. Fraile honengan alproja galanta aurkitu behar dugu. LUZIO: Vienan beste bat ez dagoen bezalakoa; hitza ematen dut. ESKALO: Deitu Isabelari. Hitzegin nahi nioke. (Segizioko bat ateratzen da.) Arren eskatzen dizut, jauna, itaunketa egiteko baimena eman diezadazula; ikusiko duzun nola maneiatuko dudan. LUZIO: Berak baino hobeto ez, sinetsi behar bazaio behintzat. ESKALO: Zer diozu? LUZIANO: Arrania, jauna, ezkutuan maneiatzen baduzu bizkorrago egingo duela aitorra. Agian jendaurrean ez da ausartuko. (OFIZIALAK sartzen dira berriro ISABELArekin, eta PREBOSTEA dukearen fraile jantzitan.) ESKALO: Ilunki jokatuko dut berarekin. LUZIO: Hori da bidea, izan ere gauerdian jartzen bait dira argien emakumeak. ESKALO: Zatoz aurrera, andereñoa. Hona hemen andre bat zuk esandako guztia ukatzen duena. LUZIO: Jauna, hemen dator aipatu dizudan barraban hori; prebostearekin dator ESKALO: Aukera onean. Ez egiozu hitzik egin beraren kontra testigantza ematera deituko zaitudan arte. LUZIO: Mum. ESKALO: Zatoz aurrera, jauna; zuk bultzatu al dituzu emakume hauek Angelo jaunaren aurka gaizki esaka aritzera? Zu izan zarela aitortu dute. DUKEA: Gezurra da. ESKALO: Nola! Ba al dakizu gero non zauden? DUKEA: Begirunea diot zure kargu gorenari! On da noizean behin deabrua prestua izatea bere suzko tronuarengatik. Non da dukea? Berak entzun behar dit niri. ESKALO: Gu gara dukearen ordezkari eta guri dagokigu zuri entzutea. Ea egia esaten duzun. DUKEA: Gutxienez ausartziaz mintzatuko naiz. Baina dohakabeok! Azeriarengana etorri al zarete bildotsaren eske? Orduan, hor konpon zor zaizuen kalte-ordaina. Alde egin al du dukeak? Orduan zure kausak ere aldegin du. Dukea bidegabeki portatu da egin diozun dei publikoa baztertzean eta akusatzeko etorrerazi duzun bilauaren ahoan zu epaitzeko sententzia jartzean. LUZIO: Hori da alproja hura! Horretaz hitzegin dizut nik. ESKALO: Nola! Fraile lotsagabe eta donga, ez al duzu aski emakume hauek erosi izanaz gizon bertutetsu hau salatzeko; beharrezko al da zure aho zitala berarenganaino etor dadin bilau deitzeko? Eta beraren gainetik salto eginez, ausartu egiten al zara dukea bera ere bidegabea dela esatera? Eramazue; jar ezazue oinazegailuan! Zatitu egingo zaitugu, atalez atal, baina jakingo dugu zure asmoaren berri. Nola gero! Bidegabea? DUKEA: Ez zaitez asalda hainbeste. Dukea ez litzateke ausartuko hemen dakusazun hartzamar hau ziztatzera, barea oinazepean jartzera baino gehiago ez behintzat; ez naiz beraren menpeko ez herrialdeko. Estatu honetan ditutan arazoek Viena arakatzera ekarri naute, non eltzetik gainezka egin arterainoko ustelkeria irakiten eta borboka aurkitu dudan. Hiriak baditu legeak hutsegite guztietarako, egia da; baina hutsegite horiek hain daude boteretsuki babestuak non arautegirik gogorrenak bizarginaren dendan esekitako debekuen antza duten; irakurri arren, jendeak iseka egiten die. ESKALO: Eraso kalumniatsua Estatuaren aurka! Eraman dezatela gartzelara! ANGELO: Zer duzu aitortzekorik signior Luzioren aurka? Hau al da aipatu diguzun gizona? LUZIO: Bera da, jauna. Zatoz hona, gizon tontsuratu zintzoa, ezagutzen al nauzu? DUKEA: Ahotsaren mintzotik ezagutzen zaitut, jauna; gartzelan aurkitu zaitu dukea kanpotik ibili den denboraldian. LUZIO: Bai, benetan. Eta gogoan al duzu zer esan duzun dukeaz? DUKEA: Ondo baino hobeto, jauna. LUZIO: A, gogoan duzu! Eta dukea giza haragiaren merkatari al da beti zure iritzian zen tentela eta koldarra? DUKEA: Aurrena nirekin pertsonaz truke egin beharrean zaude, hitz horiek niri egotzi baino lehen; zeuk hitzegin duzu horrela beratzaz eta gauza okerragoak esanez gainera. LUZIO: O, alproja kondenagarria! Ez al dizut sudurretik tira egin zeure erretolikengatik? DUKEA: Neure burua adina maite dudala dukea aitortzen dut. ANGELO: Begira nola bilau horrek konpondu nahi dituen gauzak, gaizki esaka eta faltsikerian ibili ondoren. ESKALO: Ez dago zertan eztabaidan ariturik hori bezalako malapartatu batekin. Eraman dezatela gartzelara! Non da prebostea? Eraman dezatela gartzelara eta zerraila hirukoitzaren azpian jar dezatela! Ez bekio eman baimenik gehiago hitzegiteko! Eraman emakume lizun hauek eta honako beste hau ere, berauen gaizkidea (PREBOSTEAK DUKEAren gainean ezartzen du eskua.) DUKEA: Zaude, jauna, zaude piska bat. ANGELO: Nola gero! Kontra egiten? Prebosteari laguntza emaiozu, Luzio. LUZIO: Goazen, jauna, goazen, jauna, goazen jauna! Alde hemendik, jauna! Nola, tontsuratu, alproja gezurti hori! Beharrezko al zaizu kukulupean egotea, e? Erakutsiguzu zeure alproja-aurpegia eta txarranpinak ito zaitzala. Erakutsiguzu papau zirtolari aurpegi hori, eta gero eseki zaitzatela ordu betez! Ez al du erori nahi horrek? (Kukulua erorrerazi eta agerian jartzen du DUKEA.) DUKEA: Duke batek inoiz egin duen lehen alproja zara. Hasteko, prebostea, zilegi bekit hiru pertsona prestu hauentzat fidatzaile izatea. (Luziori.) Ez ihes egin, jauna, zeren fraileak eta zuk berehalaxe izango bait duzue elkarrekin elkarrizketa luze bat. Eutsiozu. LUZIO: Urkatzea baino okerrago gerta liteke hau. DUKEA: (Eskalori) Barkatzen dizut esan duzuna. Eser zaitez, honen lekua hartuko dugu. (Angelori.) Jauna, zure baimenarekin. Ba al duzu hitzen bat, adimenezko baliapideren bat, baliagarri gerta lekizukeen likiskeriaren bat? Hala bada, lehenbailehen erabil itzazu, nik neure kontakizuna eskaini aurretik, eta gero utzi zeure burua defendatzeari. ANGELO: O, ene jaun beldurgarria! Erruduntasuna bera baino ere errudunago izango nintzateke neure hutsegiteak ezkutatzeko gauza naizela uste izango banu, izan ere hautematen bait dut Zure Graziak, ahalmen jainkotiar baten gisa, nire gaiztakeria guztiei igarri diela. Honela, printze ona, ez ezazu luza gehiago nire lotsakizunaren auzia eta neure aitorra balia dakidala auzitzat. Berehalako epaia eta gero berandu gabeko heriotza; horra eskatzen ditudan grazia guztiak. DUKEA: Hurbil zaitez, Mariana. Esaidazu, inoiz izan al zara gizon honen senargai? ANGELO: Bai, ene jauna. DUKEA: Ongi da, eramazu eta berehalaxe ezkon zaitez berarekin. Egizu zeure lana, anaia, eta lan hau egin bezain laster itzulerazi hona. Zoaz berarekin, prebostea. (ANGELO eta MARIANA irteten dira, anai PEDRO eta PREBOSTEA ere bai.) ESKALO: Ene jauna, berorren desohoreaz harrituago nago sortu duten gorabeheren estrainiotasunaz baino. DUKEA: Hurbil zaitez, Isabela. Zure fraile orain zure printze bihurtu zaizu. Ez naiz bihotzez aldatu jantziduraz aldatzean, eta orduan zure kontseilari atxikia nintzen bezalaxe, orain ere prest nago beti zure zerbitzutan egoteko. ISABELA: O! Barkaidazu, zure menpeko honi, ezezaguna zitzaidan Zure Garaitasuna neure arazoez lanpetu eta abaildu izana. DUKEA: Barkaturik zaude, Isabela, eta orain, neskatila eder hori, zu ere izan zaitez bihotzabal gurekin. Anaiaren heriotzak zanpaturik dauka zure bihotza, badakit. Eta harriduraz galdetzen diozu zeure buruari zergatik iraun dudan ilunpetan, neure botere ezkutukoa supituki erakutsiz, bizia salbatzen ahalegintzeko, horrela haren galera eragotzi egingo bait nuen. O dontzeila txit bihotzabala! Haren heriotzaren lastertasun izugarriak, nik urrats geldoz etortzea espero nuenarenak, iskintxo egin die nire asmoei. Baina bedi bakea berarekin! Heriotze-beldurraren gainetik dagoen bizimodua hobea da ikaratan igarotzen dena baino; zure anaia gozatzen ari den zoriona pozbide izan bekizu. ISABELA: Bai, ene jauna. (ANGELO, MARIANA, anai PEDRO eta PREBOSTEA sartzen dira berriro.) DUKEA: Berriki ezkondu den eta hona datorren gizon horri dagokionez, zeinaren irudimen lizunak laidotu duen zure ohore ongi babestua, barka zeniezaioke Marianarengatik; baina zure anaia heriotzera kondenatu duenez gero, kastitate sakratuaren eta egindako promesari zor zaion fedearen hausketa bikoitzez hogendun izan denez gero, bere egintzez erantzun beharra du. Zure anaiaren bizia mendekatzeko, legearen bihozperatasunak berak garraisi egiten digu modurik zaratatsuenean errudunaren ahotik bertatik: Angelo bat Klaudio baten truke; heriotzari heriotzaz. Lastertasunak lastertasuna eskatzen du; geldotasunak, geldotasun bera; berdina berdinez ordaintzen da. Gauza guztietan neurriari neurriaz. Honela, bada, Angelo zure krimen nabarmenaren zigorretan, zeina uka bait zenezake baina alferrik ukatuko duzun, Klaudiok heriotza nozitzeko burua makurtu zuen trango berera kondenatzen zaitugu. Eta hainbat lastertasun eskatzen dugu exekuzioan, nola zuk eskatu duzun berarenean. Eraman dezatela! MARIANA: O, ene jaun errukiorra! Espero dut ez duzula nire lepotik barre egin nahiko senarra dudalako lilura eraginez. DUKEA: Zeure senarrak egin dizu senartzakoaren iseka. Egokitzat jo dut zure ezkontza, zure ohorea gordetzea onartu dudalako. Bestela jokatu izan banu, ezagutu izanaren egozpena beti zure buruaren gainean zintzilik egongo zatekeen, eta etorkizuneko zure zorion guztia itoko zukeen. Ondasunei dagokienean, konfiskazioz gureak diren arren, alargun-dotetzat ematen dizkizugu senar hobea eros dezazun! MARIANA: O, ene jaun maitea! Nik ez dut nahi besterik eta gizon hoberik. DUKEA: Ez, ekin hura maitatzen; gure erabakia behin betirakoa da. MARIANA: (Belaunikaturik.) Ene subirano noblea... DUKEA: Denbora galtzen ari zara. Eraman dezatela heriotzera. (Luziori.) Zuri, orain, jauna. MARIANA: O, ene jaun ona! Isabela samurra, jarri nire alde; ipini zeure belaunak niri laguntzeko, eta etorkizuneko egun guztietan jarriko dut neure bizitza zure zerbitzuan. DUKEA: Nekagarri zatzaizkio zentzu guztiaren kontra; horrelakorik eskatzeko belaunikatuko balitz, anaiaren espektroa harrizko bere ohea hautsi eta izularritan hemendik arrastada eramatera etorriko litzateke. ISABELA: Isabela, Isabel gozoa, belaunika zaitez gutxienez nirekin; jaso zure eskuak eta ez esan ezer; neuk esango dut behar den guztia. Ustea da hutsegiteek eratutako gizonak izaten direla hoberenak eta gehienetan askozaz baliotsuagoak izaten dira txarxeagoak baldin badira; hala gerta liteke nire senarrarekin. O Isabela! Ez al dizkidazu prestatu nahi zeure belaunak? DUKEA: Klaudioren heriotzeagatik hilko da Angelo. ISABELA: (Belaunikatuz.) Jaun txit bihozpera, arren begiraiozu gizon kondenatu honi nire anaia biziko balitz bezalako begiez. Uste dut, neurri batean, benetako zintasunez jokatu duela ni ikusi ninduen egunera arte. Horrela denez gero, ez utzi hiltzen. Nire anaiak justizia besterik ez du izan, heriotzea ekarri dion hutsegiteagatik hil den zentzuan. Angelori dagokionez, beraren asmo txarra, burutu ez denez gero, hasieran galdu den asmotzat lurperatu behar da. Legeak ez ditu hatzematen pentsamentuak, eta asmoak pentsamentu soil dira. MARIANA: Besterik ez, jauna. DUKEA: Zure eskaria alferrikakoa da; zutitzeko eskatzen dizut. Burututako beste hutsegite batez oroitu naiz oraintxe. Prebostea, nolatan exekutatu da Klaudio ohizkoa ez den ordu batean? PREBOSTEA: Hala ordenatu da. DUKEA: Ordena berezi bat hartu al duzu kasu horretarako? PREBOSTEA: Ez, ene jaun ona. Aparteko mezulari batek ekarri du ordena. DUKEA: Arrazoi horrengatik, kendu egiten zaitut kargutik. Bihurtu zeure giltzak. PREBOSTEA: Barkatu, ene jaun ona; beldur nintzen hori ez ote zen izango makur bat; baina ez nengoen ziur. Berehalaxe damutu naiz horretaz, gogoeta sakonagoak egin ondoren eta froga da bizirik gorde dudala preso bat, Klaudiorekin batera hil behar zuena, ordena berezi horren kariaz. DUKEA: Zein da? PREBOSTEA: Bernardino deritza. DUKEA: Nahiago nukeen gauza bera egin izan bazenu Klaudiorekin. Zoaz gizon horren bila; erakutsidazu. (Badoa PREBOSTEA.) ESKALO: Pena ematen dit itxuraz beti izan zaren bezalako gizon ikasia eta zuhurra izaki, Angelo jauna, hain bekatu zantarra egin ahal izanez, aurrera zentzuei obeditzeagatik eta gero justizia egitean zuzentasun gabeziarengatik. ANGELO: Pena ematen dit niri ere zuri pena hori sorterazteak eta hain daukat bihotza damuz urratua, non gogo biziagoz irrikatzen dudan heriotza barkamena baino. Heriotza besterik ez dut merezi eta hisiaz eskatzen dut. (PREBOSTEA sartzen da BERNARDINO, KLAUDIO estalita, eta JULIETArekin.) DUKEA: Zein da Bernardino? PREBOSTEA: Hau, jauna. DUKEA: Fraile batek hitzegin dit honetaz. Zital hori, arima gogortuaren jabe zarela esan didate, mundu honetaz haraindikorik ez duzula ikusten, eta horren arabera antolatzen duzula zeure bizimodua. Kondenaturik zaude baina libre uzten zaitut lurreko hutsegite guztietatik eta arren eskatzen dizut baliaraz dezazula bihozperatasun hori etorkizunean urte hobeak prestatzeko. Anaia, emaiozu kontseilu: zure eskuetan jartzen dut. Nor da kukulupean datorren pertsonaia hori? PREBOSTEA: Salbatu dudan beste preso bat da. Klaudiorekin hil beharra zen. Burua galdu du eta Klaudiok bere buruarekiko zuen antz berbera du. (KLAUDIO agerian jartzen du.) DUKEA: (Isabelari.) Zure anaiaren antza baldin badu, hari diodan maitasunagatik barkatzen diot honi, eta zure pertsona maitagarriari diodan onginahiarengatik ere bai, emaidazu zeure eskua eta esan nirea izango zarela. Nire anaia ere bada bera; baina hitzegingo dugu horretaz garai egokian. Uste dut Angelo jaunak igarri diola ez dagoela arriskuan; esango nuke begiak birbizten hasi zaizkiola. Ongi da, Angelo, zure egintza txarrak oso baliagarri gertatu zaizkizu. Saia zaitez zeure emaztea maite izaten; balio du zuk beste. Neure barnean bihozperatasunerako isuria sentitzen dut eta hala eta guzti ere, badago hemen barkatu ezin diodan norbait (Luziori.) Zu, barrabana, tenteltzat nindukazuna, koldar lizun neurrigabe, astazakil eta zorotzat, zer egin dut nik zugandik horrelako tituluak merezi izateko? LUZIO: Alafedea, jauna txantxetan ibiltzea besterik ez dut egin, ohitura denez. Horregatik urkatu nahi baldin banauzu, badezakezu; baina atseginago nuke zigorreraztera bidaliko baninduzu. DUKEA: Zigortu aurrena eta urkatu ondoren, jauna. Prebostea, aldarrikatu herri osoan alproja honek kalte egin badio emakumeren bati eta zin egiten entzun diot baduela bat haurdun-emakume horrek nahikoa du aurkezteaz eta berarekin ezkonduko da. Ezteiak ospatu ondoren, zigortu eta urkatua izan dadila. LUZIO: Arren eskatzen diot Zure Garaitasunari ez nazala ezkondu putarekin. Orain dela gutxi esaten zuen Zure Garaitasunak duke egin zaitudala; ene jaun ona, ez nazazu saritu adardun bihurtuz ni. DUKEA: Neure ohoreagatik, berarekin ezkonduko zara. Barkatzen dizkizut zure kalumnia guztiak eta grazia egiten dizut gainerako zigor guztientzat. Eraman gartzelara eta bete daitezela gure ordena guztiak. LUZIO: Emagaldu batekin ezkontzea, jauna, heriotzaren pareko da, zigortua izatea, urkatua izatearen pareko. DUKEA: Printzeaz gaizki esaka aritzeak ez du merezi gutxiago. Klaudio, zoaz zorretan zagozkionari ordainbeharra kitatzera. Izan zoriontsu, Mariana! Maita ezazu, Angelo! Aitor-entzule izan nau eta ezagutzen ditut berorren bertuteak. Eskerrik asko zure ontasunarengatik, Eskalo, ene adiskide zintzoa ez naiz losintxatan geratuko, badut zuretzat zerbait lausengariagorik. Eskerrik asko, ene preboste zintzoa, zure ardura eta zuhurtziarengatik; zuretzat dinakoago den kargu bat bilatuko dizugu. Barkaiozu, Angelo, ragusatarraren burua ekarri zizulako, Klaudiorenaren ordez. Berez desenkusatzen den hutsegitea da. Isabela maitea, zure zorionerako guztiz garrantzizkoa den proposamen bat egin behar dizut. Ontzat ematen baduzu atseginez zure belarria nigana markutzea nirea zure izango da. Horrela, goazen jure jauregira, eta bertan azalduko dizuegu oraindik ezkutupean dagoena eta denoi jakitea komeni zaizuena. (Badoaz. ) OIHALA |