|     79 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


I EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Dukearen jauregia

 

(DUKEA, ESKALO, jaunak eta eskoltakoak sartzen dira.)

 

DUKEA: Eskalo!

ESKALO: Jauna?

DUKEA: Zuri aginpidearen abiaburuak azaldu nahi izatea hantustekeria eta erretolika hutsala litzateke, zeren izan bait dut aukera jakiteko nire nagusitasunak eman zeniezazkizukeen burubide guztiak zeure jakituriaren oso azpitik geratuko liratekeela. Beharturik nago, beraz, zure gaitasunaren pean nire aginpidea jartzera, eta zure, eta zure bertutearen arabera utzi biek batera joka dezateneko ardura. Eta gure herriaren izakera, gure herriaren erakundeei eta gure zuzenbide orokorreko erei dagokienean, oroitzapen hobereneko edonork edozein garaitan hartu izan zezakeen informaziorik osoenaren jabe zara artean eta praktikan. Hona hemen gure ordenak, eta onar ditzazun nahi dugu. Deitu... Zera esan nahi dut, deitzeko Angelori gure aurrera. (Segizioko bat atera egiten da). Zer moduz jokatuko duelakoan zaude gure pertsonaiak? Zeren jakin beharra duzu geure konfidantzaren erakuspen txit berezi batez kanpoan gauden bitartean gure lekua betetzeko hautatu dugula. Geure izu-indarra eman diogu, geure bihotzabaltasunez jantzi dugu, eta azken finean, geure aginpideari dagozkion ahalbide guztiak eman dizkiogu. Zer derizkiozu?

ESKALO: Vienan norbait baldin bada hain fabore eta ohore gogoangarririk merezi duenik, Angelo jauna duzu hori.

DUKEA: Horra non datorren.

 

(ANGELO sartzen da.)

 

ANGELO: Beti zure Graziaren borondatearen esanera, zer nahi duzun jakitera nator

DUKEA: Angelo, badago zure bizitzan ezaugarri gisako bat, behatzailearen aurrean zure istorioa erabat agerian uzten duena. Ez zagozkio hainbeste zeure buruari, zeure gaitasunak ere ez dituzu hainbesteraino zeure ondasun eta badirudi ez zaizula zilegi zeure bizitza zeure bertuteentzat eta zeure bertuteak zeure biziarentzat soilik xahutzea. Guk zuziekin egiten duguna egiten du Zeruak ere gurekin, alegia ez ditugula pizten beraientzat; zeren gure bertuteek ez badute argi egiten gutaz kanpo, batere ez bagenitu bezalaxe da. Adimenak dohai ederrik hartzen badu helburu ederretarako dira, eta Naturak inoiz ez du ematen bere izatearen alorrik txikiena ere hartzekodunaren abantailak jainkosa ekonomikoak gorde gabe, korritu-tasa eta zor zaion eskerronezko ainua finkatu gabe. Baina nire lekua bete lezakeen gizonaren aurrean ari naiz hitzaldi hau egiten. Tori, bada, Angelo (Izendapena luzatzen dio.) Gure ezaldian, erabat Gu Geu izan zaitez. Zure ezpain-bihotzak dira Vienan zigorraren eta bihozperatasunaren jabe. Eskalo zaharra, lehendabizi deitua izan arren, zure ondorengoa izango da; har ezazu izendapena.

ANGELO: Ene jauna ona, zilegi bekio nire pertsonaren metalari oraindik frogaren batzu jasatea bertan hain irudi handi eta noblea inprimatu aurretik.

DUKEA: Itzulingururik ez! Zugan begiak ezarri baditugu, geure hautapena luzaroan heldu eta deliberatu ondoren izan da; tori, beraz, gure tituluak. Hemendik abiatzeko gure presa hain da handia ezen bere buruari bakarrik entzuten bait dio eta erabakitzeke uzten ditu garrantzi handieneko arazoak. Idatziko dizugu, denborak eta gorabeherek horretarako aukera emango diguten neurrian, zer eratan aurkitzen garen, eta hemen gerta dadinaren berri izango dugulakoan gaude. Horrela ongi izan: zeure zereginak, esperantzaz beterik, burutzen uzten zaitut.

ANGELO: Zilegi bekigu, jauna, halere, bidearen amaieraraino eskolta zaitzagun

DUKEA: Presa handiegia dut baimen hori emateko, eta bestalde, zor zaidan ohore honi buruzko auzian, kezka guztiak alde batera utz ditzakezu. Zure aginpideak nirearen eremu berbera dauka, legeak hedatzeko edo murrizteko botere oso berbera, zure kontzientziak beharrezko irizten dionaren arabera. Emaidazu eskua; inork ez dakiela abiatuko naiz. Maite dut herria, baina ez dut gogoko haren begien aurrean desfilatzea. Nahiz eta ondorio ona sortu, ez naiz txalo zaratatsuen zaleegia ezta «Gora» sutsu horiena ere, eta ez zait erabat zentzuzkoa ere iruditzen horrelako gauzei atsegina hartzen dien gizona. Beste behin, agur.

ANGELO: Zeruak ondorio onera eraman ditzala zure asmoak!

ESKALO: Lagundu eta zorionean ekar zaitzala!

DUKEA: Eskerrak ematen dizkizut. Agur. (Badoa)

ESKALO: Nahi nuke, jauna, zurekin patxadaz hitzegin, nire karguak zer oinarri duen jakin nahi nuke, badut ahalmen bat, baina nolakoa eta zer hedaduratakoa, oraindik ez dakit ezertxo ere.

ANGELO: Neu ere kasu berean nago. Goazen bakarrean biok eta berehala argituko dugu arazo hau.

ESKALO: Zure Gorentasunaren esanetara nago. (Badoaz.)

 

 

II ESZENA

 

Kale bat

 

(LUZIO eta bi ZALDUN sartzen dira.)

 

LUZIO: Dukea eta beste dukeak ez badira Hungariako erregerekin konponbidean sartzen, duke guztiak gainera eroriko zaizkio erregeri.

I ZALDUNA: Zeruak eman diezagula bakea, baina ez Hungariako erregerena.

II ZALDUNA: Amen.

LUZIO: Hamar aginduekin itsasoratu zen pirata haren modura amaitu duzu, baina taulatik bat ezabatuta.

II ZALDUNA: Lapurretarik ez egitea.

LUZIO: Bai, horixe ezabatu zuen.

I ZALDUNA: Arrania, agindu hark kapitaina eta beraren gizon guztiak eginbeharretatik libratzen zituen, ze lapurretarako baizik ez bait ziren abiatzen itsasora. Ez dago soldadu bakar bat gurerik bazkal aurretik errezatzen den eta bakea eskatzeko erabiltzen den otoitz hori oso gogoko duenik.

II ZALDUNA: Sekula ez dut entzun soldadu bakar bat gaitzesten ere.

LUZIO: Sinesten dizut, izan ere ziur bait nago sekula ez zarela aurkitu eskerrak emateko errezatzen den tokian.

II ZALDUNA: Ezetz? Dozenaren bat aldiz, gutxienez, aldi desberdinetan.

I ZALDUNA:Aldi desberdinetan! Zenbatetan? Musikaz eskerrak! Eta zer tonutan?

LUZIO: Edozein neurritan eta edozein hizkuntzatan.

I ZALDUNA: Bai, edo edozein erlijiotan.

LUZIO: Eta zergatik ez? Eskerra edo grazia beti grazia da, eztabaida guztiak gorabehera; esate baterako, zu zeu alfer porrokatua zara, grazia guztiak gorabehera.

I ZALDUNA: Ederki, orduan guraizekada berak ebaki gaitu oihal beretik.

LUZIO: Oihal berekoak gara, onartzen dizut, mendela balusaren ehun berekoa den bezala; zu zara mendela.

I ZALDUNA: Eta zu balusa; balus bikaina. Hiru aldiz murrizturiko azalera duen balusa, zinez esaten dizut. Baina nik nahiago dut sarga ingelesaren mendel izan eta ez mengeldurik frantses balusaren modura, murrizturik ikusten bait zaitut. Modu sentikorrean mintzatzen naiz, ez al da hala?

LUZIO: Baietz uste dut, eta benetan zeure erretolikaren sentipen mingarriz. Zure aitorpenak erakusten dit zeure osasuna nola darabilzun; kontuz ibiliko naiz beti zure aurretik edateko eta sekula ez ondoren.

I ZALDUNA: Neure buruari kalte egin diodala uste dut, ezta?

II ZALDUNA: Bai, egin diozu, kutsaturik egon ala ez.

LUZIO: Hara, hara, hor non datorren Erosotasunen Dama! Horren etxean hamaika gaitz harrapatua naiz, guztira...

II ZALDUNA: Guztira zenbat, arren?

I ZALDUNA: Igarri.

II ZALDUNA: Hiru mila dolaretakoa urtean ala hiru mila doloretako kontua?

I ZALDUNA: Baita gehiagokoa ere.

LUZIO: Erantsi frantses koroa bat.

I ZALDUNA: Beti gaitzak aurpegiratzen aritzen zatzaizkit. Baino guztiz oker zaude, osasunez nago.

LUZIO: Noski, osotasuna baduzu, baina osasunik ez, hutsik zaude barrutik, hezurrak hutsik dauzkazu; dongakeriak erabat zurrupatu zaitu.

 

(OVERDONE ANDREA sartzen da.)

 

I ZALDUNA: Kaixo! Zure zein aldaka dago iztaminez minberatuago?

OVERDONE: Tira, tira; hor atxilotu eta eraman dute presondegira zuetako edonork baino bost mila aldiz gehiago balio zuen bat.

II ZALDUNA: Nor da? Esaidazu, arren.

OVERDONE: Demontre!, jauna, Klaudio da, signior Klaudio.

I ZALDUNA: Klaudio presondegian! Ezina da hori.

OVERDONE: Ziur nago horrela izan dela, nola atxilotu duten ikusi dut, nola eraman duten, eta oraindik sineskaitzagoa dena, hiru egun barru lepoa moztuko diote.

LUZIO: Baina... bota ditugun txatxukeria guzti hauen ondoren, pena emango lidake egia izateak.

        Ziur al zaude horretaz?

OVERDONE: Ziurregi; eta Julieta andereñoari haurra egin diolako izan da.

LUZIO: Izan litekeela segurtatzen dizuet. Orain bi ordu bila etortzekoa zitzaidan, eta beti eutsi dio hitzari zitak jarritakoan.

II ZALDUNA: Gainera, honek badu zerikusia gai honetaz izan dugun elkarrizketarekin.

I ZALDUNA: Ez, zerikusi handiagoa du aldarriarekin.

LUZIO: Aurrera! Jakin dezagun zer den egia. (LUZIO eta ZALDUNAK badoaz.)

OVERDONE: Honelaxe bata bestearen atzetik, zein gerragatik, zein izerdiagatik, zein urkabeagatik, zein pobreziagatik, bezero gabe utzi behar naute; maldan behera noa.

 

(POMPEIO bufoia sartzen da.)

 

OVERDONE: Kaixo! Zer berri dakar?

POMPEIO: Gizona daramate gartzelara.

OVERDONE: Eta, zer egin dik?

POMPEIO: Emakumea.

OVERDONE: Baina zer deliktu egin duen?

POMPEIO: Inoren ibaian aritu da amurrainak harrapatzen.

OVERDONE: Zer, orduan? Haurren bat egin al ziok neskatilaren bati?

POMPEIO: Ez, emakume egin du neskatila bat. Ez al duzu entzun aldarriaren berri?

OVERDONE: Zer aldarri, mutil?

POMPEIO: Vienako helbarrenetan dauden zita-etxe guztiak porrokatu behar omen dituzte.

OVERDONE: Eta zer gertatuko da hirikoekin?

POMPEIO: Hazitarako geratuko dira. Haiek ere erori beharrak ziren, baino burges jakintsu bat aldeko atera omen zaie.

OVERDONE: Baina helbarrenetako gure zita-etxe guztiak porrokatuko dituztela?

POMPEIO: Zimenduetaraino, andrea.

OVERDONE: Ene! Benetan aldakuntza handia da gizarterako. Zer izango ote duk nitaz!

POMPEIO: Tira, ba; ez ikaratu. Abokatu onak beti izaten du bezeria; auzategiz aldatuagatik ez duzu izango ogibidez aldatu beharrak, eta ni beti izango nauzu zure arduradun. Izan kemena! Izango dute errukia zutaz; ia zeure begiak gastatu dituzu zerbitzuan; kontuan hartuko dizute hori.

OVERDONE: Zer daukagu hemen egitekorik, Tomas Tabernan? Goazen hemendik.

POMPEIO: Hara non datorren signior Klaudio, prebosteak gartzelara daramana eta hona hemen Julieta andrea.

 

(Badoaz.)

 

(PREBOSTEA, KLAUDIO, JULIETA eta ZAINDARIAK sartzen dira)

 

KLAUDIO: Ene adiskidea, zergatik erakusten nauzu honela jendaurrean? Eraman nazazu presondegira, joan behar dudan tokira.

PREBOSTEA: Honela aritzean, ez nabil asmo txarrez, Angelo nire jaunaren agindu berarizkoaz baizik.

KLAUDIO: Hara nola ordainerazten dizkigun Aginpide erdijainko horrek gure makurrak pisura. Zeruaren ezpata da. Nahi duena zauritzen du, nahi duena jaregiten du, eta halere, beti da zuzena.

 

(LUZIO eta ZALDUNAK sartzen dira berriro.)

 

LUZIO: Aizu! Kaixo, Klaudio! Zer dela-ta bortxaketa hau?

KLAUDIO: Gehiegizko askatasunagatik, ene Luzio, gehiegizko askatasunagatik. Nola indijestioa barau luzeegiaren ama den, hala gure askatasunetako bakoitza bihurtzen da bortxakeria gehiegiko errepikatzez. Berez pozoia irensten duten arratoien modura, gure griñak ere egarriz opa duten gaitzaren atzetik lehiatzen dira, eta edaten dugunean, hil egiten gara.

LUZIO: Honen zuhurki hitz egiteko gauza izango banintz arrestopean, hartzekodunetariko batzu etorreraziko nituzke; eta hala ere egia esateko, askatasunean dagoenaren nabarmenkeria eta preso dagoenaren seriotasuna izatea gustatzen zait. Zer da zure hogena, Klaudio?

KLAUDIO: Aipatze hutsa errepikatzea litzatekeena.

LUZIO: Zer, orduan? Krimena!

KLAUDIO: Ez.

LUZIO: Lizunkeria?

KLAUDIO: Dei ezazu horrela.

PREBOSTEA: Aurrera, jauna; abiatu beharra daukagu.

KLAUDIO: Hitz bat, adiskide ona. Luzio, hitzerdi bat zurekin.

 

(Aparte hartzen du LUZIO.)

 

LUZIO: Ehun, laguntzeko gauza badira. Lizunkeria hainbeste pertsegitzen al da gero?

KLAUDIO: Hona hemen nire egoera. Legezko kontratu baten indarrez Julietaren oheaz jabetu naiz. Ezagutzen duzu dama; izatez neure emaztea dut, puntu bat salbu: gu elkartzeko legeek eskatzen duten aitorpen ofiziala falta dela. Eta egin ez badugu izan da Julietaren dotea bere ahaideen kutxan dagoelako, eta beraiekin onezkoak egin arte geure maitasuna ezkutatu nahi izan diegulako. Baina gertatzen da gure bion arteko atseginak letra lodiegiz idatzirik daudela Julietarengan.

LUZIO: Haurdun, agian?

KLAUDIO: Bai, zoritxarrez; eta orain dukearen ordezkoa den delegatu berriak... egoera berriaren erruz eta honek sortzen dion liluraz, edo uste duelako jende arrunta zaldi bat dela, zeinari gainean dagoen gobernariak, berriro zelan dagoenean, presaz ezproina sentierazi behar dion, jakin dezan itzego dezakeela; tirania boterearen funtsean dagoen edo berau baliarazten duenaren gorentasunean, tutik ez dakit horretaz, nahastu egiten naiz. Baina kontua da gobernari berriak nire kontra atera dituela lurpetik gure zigor-lege zahar guztiak, zeinak distira galdutako armadura zaharren gisara, hain luzaroan hormatik zintzilik egon bait dira, non eguzkiak hemeretzi aldiz zodiakoa igaro duen beraietako batek bakarrik ere balio izan gabe. Zin egingo nuke izena irabazteko ezartzen dizkidala lege lozorroan erori eta hondakin modura utzitako horiek.

LUZIO: Bermea ematen dut, eta zure burua hain dago koloka zure sorbalden gainean non neskatila esneketari maiteminduaren suspirioak eroreraziko lukeen. Dukea deieraz ezazu eta gorajotzea berarenganaino eramazu.

KLAUDIO: Dagoeneko egina dut; baina ez dago aurkitzeko modurik. Arren eskatzen dizut, Luzio, honako mesede hau egidazu: Nire arreba gaur da komentuan sartu eta bere nobiziaduari hasiera emateko; nire egoera arriskutsuaren berri emaiozu; erregutu iezaiozu, nire izenean, adiskideak bila ditzala gobernari zorrotz horren inguruan; esaiozu bera ahalegin dadila zuzenean erasotzen. Esperantza handiaren jabe naiz, zeren bere gaztetasunak bait du, gauza guztien gainetik gizonezkoak hunkitzen dituen mintzaira mutu eta bazterrezin hori; gainera hitza eta arrazoiketa baliarazten dituenean aisa ateratzen da garaile eta erraz sinestarazten dio edozer nornahiri.

LUZIO: Erregutzen diot Jainkoari gauza izan dadin; nola adore emateko zure kasu berean aurkitzen diren guztiei, izan ere hau gabe izularri ikaragarriaren menpean garatuko bait lirateke, hala zure bizitzaren osotasunagatik ere, izan ere ez bait nuke atsegin tiki-taka joko inozo batean nola galtzen den ikustea. Beraren bila joango naiz.

KLAUDIO: Eskertzen dizut Luzio ene adiskide zintzoa.

LUZIO: Bi ordu barru joango naiz.

KLAUDIO: Goazen, ofiziala. Aurrera!

 

(Badoaz.)

 

 

III ESZENA

 

Monastegi bat

 

(DUKEA eta ANAI TOMAS sartzen dira.)

 

DUKEA: Ez, aita agurgarria; baztertu ezazu horrelako pentsamenturik, ez uste izan Maitasunaren haur-geziak horrenbesteraino zula dezakeenik gizonezko baten bihotza. Isilkako babesa eskatzen badizut gaztetasun suharraren helburu eta jazarpenen aurpegikera larri eta kopetilunagoa duen xede batengatik da.

TOMAS: Aditzera emango al dit Zure Graziak?

DUKEA: Ene jaun agurgarri hori: inork ez daki zuk bezain ongi zenbateraino maite izan dudan bakartokiko bizitza eta zeinen gutxitzat eduki izan dudan beti gazteria, bonbonkeria eta itxurakeria tentela bere burua erakusten ibiltzen direneko lagunarteak. Angelo jaunari eskuratu diot, jokabide zuzen eta bertute irmeko gizona bait da, nire postua eta aginpide guztizkoa Vienan; Poloniarako bidean uste nau, zeren jendearen belarrietara berri hori zabaldu bait dut, eta onartua da. Orain, ene jaun onbera hori, zergatik dihardudan honela galdetuko didazu ezta?

TOMAS: Gogoz jakingo nuke, ene jauna.

DUKEA: Baditugu zenbait arautegi eta lege berariaz hesitzaileak zamari hezkaitzentzako ahoko eta txarrantxak beharrezkoak, zeinak azken hamar urte honetan lokartzen utzi ditugun bere kobazulotik ehizera joateko irteten ez den nekez abailduriko lehoiaren modura. Guraso barkabera horiena gertatzen zaigu, urkizigor mehatxularizko sortak biltzen dituztela beren seme-alaban begien aurrean zintzilik jartzeko, eta izumenezko ikurtzat gehiago erabiltzeko zigortzeko tresnatzat baino; azkenean zera gertatzen da, zigor horiek iseka areago sortzen dutela beldurra baino, gauza bera gertatzen da gure dekretuekin ere, izatez ezer ez direla, lizentziak sudurretik tira egiten dio justiziari, haurrek jipoia ematen dio inudeari eta gisakolasun guztia gain behera doa.

TOMAS: Zure Graziaren esku zegoen justizia kateatu hori jaregitea zerorrek nahi zenuenean, eta zentzu batean beldurgarriago gerta zitekeen justizia hori zerorrek hartuta, eta ez Angelok.

DUKEA: Beldurgarriegia, esango nuke; errua nirea da, baldin eta herriak horrelako askatasunak hartu baditu, eta ni orain tirano bat nintzateke neure aldetik, baimendu dizkiodan egintzengatik eraso eta zaurituko baldin bano; izan ere egintza txarrak baimentzea bait da zirkulazio-bidea ematea, zigorrak pribilejio bera ez duen bitartean. Honela, bada, ene aita, Angelori utzi diot neure ahalmena, zeinak nire izenpean gerizaturik, eskubidez eraso ahal izango dion xedeari, nire pertsonak gudu honetan nahastu beharrik izan gabe, ni alboan geratuko bait naiz. Administrazioa gainbegiratzeko, printzea eta herria bisitatu nahi dizut aldi berean, zure ordenako anaietako bat banintz bezala, beraz erregutzen dizut ordenaren abitu bat ekar diezadazula eta irakatsiak eman egiazko fraile baten itxura hartzen eta portaera izaten ikas dezadan. Astialdi batean beste argibiderik ere emango dizut egintza honetaz; oraingoz aski bedi hau: Angelo jauna zintzoa da, beronen jokaerak herronka egiten dio bekaitzari, ozta igartzen zaio zainetatik odola dabilkionik edota jateko ogia harria baino gogokoago duenik. Ikusiko da zertarako diren gai gure gizonak itxuraz, baita boterea beraien izakera aldatzeko gauza den ala ez ere.

 

(Badoaz.)

 

 

IV ESZENA

 

Fraile-komentu bat

 

(ISABELA eta FRANTZISKA sartzen dira.)

 

ISABELA: Eta mojek ez al duzue pribilejio gehiagorik?

FRANTZISKA: Hauek ez al dira ba nahikoa?

ISABELA: O, bai horixe, nire galderak ez du esan nahi gehiago nahi ditudanik, baizik eta disziplina estuagoa nahiago nukeela Santa Klararen erregela jarraitzen duten ahizpen komunitaterako.

LUZIO: (Barruan) Kaixo! Bakea bedi leku hauetan!

ISABELA: Nor da deika?

FRANTZISKA: Gizonezkoaren ahotsa da. Isabela xarmanta, ireki eta ea zer nahi duen; zuk badezakezu, nik ez; oraindik ez duzu boturik. Egin orduko, ezin izango duzu gehiago hitzegin gizonezko batekin ama nagusiaren aurrean ez bada; orduan hitz egiten baduzu ere, aurpegia ezkutatu beharko duzu, edota aurpegia erakusten baduzu, isilik egon beharko duzu. Hara, oraindik deika ari da, arren eskatze dizut, erantzuiozu. (Badoa.)

ISABELA: Bakea eta zoriona zurekin bitez! Nor da?

 

(LUZIO sartzen da.)

 

LUZIO: Agur birjina, baldin bazara; eta halaxe zara, arrosazko masaila horiek ongi iragartzen bait dute! Arren zerbitzu egingo al zenidake Isabela komentu honetako nobizia eta Klaudio anai dohakabearen arreba xarmantarekin hizketaldi bat izateko aukera emanez.

ISABELA: Zergatik anaia dohakabea? Zilegi bekit galdera hau, hainbat arrazoi gehiagorekin Isabela, arreba hori bera naizela jakinerazi behar dizudalarik.

LUZIO: Eder eta xarmangarria, anaiak bere goraintzirik samurrenak bidaltzen dizkizu. Gehiago ez urduritzeko presondegian dagoela esango dizut.

ISABELA: O, errukarria ni! Zergatik?

LUZIO: Ni jueza banintz zigortzat eskerrak hartuko zituzkeen makur batengatik. Haurra egin dio, amoranteari.

ISABELA: Ez hasi ipuinak kontatzen, jauna.

LUZIO: Egia da. Nahiz eta neskatilekin hegaberaren portaera imitatzeko bekatu sarria egiten dudan, beraiekin txantxetan ibiltzea, mihia bihotzetik urrun dela, ez nuke txantxa berdinak egiten ibili nahi birjina guztiekin; izaki santututzat zauzkat, zeruko hiritartzat, zeure buruari uko egiteagatik espiritu hilezkorraren egoerara jasorik zaude eta halakoari benetasun osoz hitzegiteko obligazioa dago, santa bati dagokionez.

ISABELA: Nire lepotik barre egitean, birao egiten diozu ongiari.

LUZIO: Ez pentsa horrelako asmorik dudanik. Egiaz eta benetan hara zer gertatu den: zure anaiak eta beraren amoranteak elkar besarkatu dute; noski, ongi jaten duena bete egiten da haziak behin lurrera ezkero, dena hazerazten duen denborak biluztasun osoan zegoen alorra joritasun oparozko bihurtzen du; eta halaxe gertatu da, beraren sabel emankorrari nekazariaren lanketa eta arduratze sarriak nabari zaizkiola.

ISABELA: Lehengusina al duzu?

LUZIO: Adopzioz, ikastetxeko lagunen modura, zeinek beren izenak lilurazko maitasun batengatik, nahiz eta serioa izan, aldatzen dituzten.

LUZIO: Berbera da.

ISABELA: O! berarekin ezkon dadila!

LUZIO: Hementxe dago koska. Dukeak misterioski alde egin du hemendik, zaldun talde ugari bat prestatu du, zeinen artean neu ere aurkitzen naizen, politika-alorrean paper on bat izango dugun itxaropenarekin. Baina badakigu Estatuaren egiazko baliapideak ezagutzen dituztenengandik, haren promesazko eskaparatetik ezin neurtuzko aldea dagoela benetako asmoetara. Beraren lekuan, eta aginpide osoa eskuan daukala, Angelo jauna ari da gobernatzen, odoltzat elur bustia daukana zainetan, inoiz sentitzen ez dituena zentzuen eztenkada eta mugida kapritxozkoak, baizik ta isuri naturazkoen sorbatza makestu eta kamustu du espirituzko ariketen, ikasketaren eta barauaren bitartez. Gizon honek, ohituren errazkeria eta lortutako ohituren askatasunari atzera eragiteko, izan ere aspaldidanik bait dabiltza itzulinguruka lege beldurgarriaren inguruan, saguak lehoiaren sudurpean bezala, ediktu bat atera du lurpetik eta bertako ebazpen zorrotzek bete-betean harrapatzen dute zure anaiaren bizitza; ediktu honen indarrez atzemanerazi egin du, eta zorroztasun guztiaz ezartzen dio, eredu izan bedin. Esperantza guztia galduta dago, baldin eta zeure erregu samurrez Angelo biguntzeko zorionik ez baduzu. Eta hona hemen auziaren larritasuna eta zu eta zure anaia gaixoaren tartean ni sartzearen arrazoia.

ISABELA: Orduan Angelo beraren biziaren bila dabil?

LUZIO: Dagoeneko emana du epaitza eta, entzun dudanez, prebosteak du hilerazteko agindua.

ISABELA: Ai! Bitarteko eskasak nireak ezertan lagundu ahal izateko!

LUZIO: Saiatu daukazun ahalmena baliarazten.

ISABELA: Nire ahalmena! Ai! Zalantzan nago...

LUZIO: Gure zalantzak iruzurtiak izaten dira eta egin genezakeen ongi egitea eragozten diguten sarritan, frotatzeko beldurragatik. Zoaz Angelo jaunaren bila; ikas dezala zugandik, birjinek eskatzen dutenean, jainkoen eskuzabaltasunarekin ematen dutela gizonak; baina belaunikatu eta erregu egiten dutenean, beraien eskakizun guztiak zor zaien haienak bezain bereak dituzte.

ISABELA: Ikusiko dut zerbait egiten dudan.

LUZIO: Bai, bizkor ibili.

ISABELA: Berehalaxe arduratuko naiz horretaz, ama abatesari arazo honen berri emateko behar dudana beste atzerapenik gabe. Umilki eskertzen dizut, goraintziak nire anarari. Gaur gauean, goiz, albiste ziurrak heleraziko dizkiot nire gestioek lortu duten arrakastaz.

LUZIO: Agur esaten dizut.

ISABELA: Agur ene jaun on hori.

 

(Badoaz)

 

aurrekoa | hurrengoa