III EKITALDIA I ESZENA Presondegia (DUKEA sartzen da lehen bezala mozorroturik; KLAUDIO eta PREBOSTEA.) DUKEA: Beraz barkamena espero duzu Angelo jaunarengandik? KLAUDIO: Dohakabeek esperantza beste sendagairik ez dute; bizitzeko esperantza dut eta prest nago hiltzeko ere. DUKEA: Jar zaitez heriotzaren aldetik; beraz heriotza edota bizitza, gozoena izango duzu. Honela arrazoitu bizitzarekin: galtzen bazaitut, zoroek bakarrik gorde nahiko luketen zerbait galtzen dut; arnasaldi bat besterik ez zara, zaudeneko gela hau orduz ordu gaizkoatzen ari diren aireen eragin guztien menpean; behar bezala hitzeginez, herioaren jostailua baizik ez zara, ze ihesbidez hura nola itzuriko bait zabiltza, eta, halere, beti haren aurretik lasterka ari zara. Ez zara noblea, dauzkazun ondasun guztiak ziztrinkeriaz elikatzen bait dira. Oso urrun zaude kementsu izatetik, ze beldurra bait diozu har gaixo baten erpin samur eta ahulari. Zeugan duzun gauzarik hoberena loa da, eta sarritan zirikatzen duzu; halere, beldur itxuragabea diozu heriotzari, loa besterik ez denari. Zu ez zara zeu, zure izatea hautsetik sortatuko milaka alez gertatzen bait da. Ez zara zoriontsu, zeren ez daukazuna lortzen saiatzen bait zara, eta daukazuna haztu egiten bait duzu. Ez zara iraunkorra, zeren zure gorpuzkerak, ilargiaren aldian arabera, aldaketa bitxiak izaten bait ditu, Aberatsa bazara, behartsua zara; ze urre-trokoen azpian bizkarra okerturik daraman astoaren gisara, behin bakarrik bait daramatzazu zeure zama astunak eta heriotzak kentzen bait dizkizu gainetik. Ez duzu adiskiderik, aita deitzen zaituen zeure erraietako fruituak berak, ezueria, lepra eta katarroa madarikatzen aritzen da, behar bezain bizkor zurekikoak egiten ez dituztelako. Ez duzu ez gaztarorik, ez zahartzarorik, baizik eta ez zara, nolabait esatearren, bazkaldu ondorengo losusta baino, bi adin horietako lilurek erasoa; izan ere zure gaztaro zoriontsua zahartzen igarotzen da eta zahartzaro elbarriturako limosnak eskatzen; eta azkenean, zahar eta aberats zarenean, orduan ez duzu berotasunik, ez sentimenturik, ez indarrik, ez edertasunik zeure aberastasunak atsegin bihurtzeko. Zer geratzen da honetan artean bizi-izenik merezi duenik? Artean beste mila herio-mota daude ezkutaturik bizitza honetan, eta halere, beldurra diogu heriotzari, nahiz eta lazeria guzti hauei amaiera ematen dien. KLAUDIO: Umilki ematen dizkizut eskerrak. Bizi ahal izatea eskatzean, heriotzaren bila nabilela aurkitzen dut, eta heriotza bilatzean, bizia aurkitzen dut; betor heriotza. ISABELA: (Barrukaldetik.) O! Leku hauetan bitez bakea, Jainkoaren grazia eta jende ona! PREBOSTEA: Nor dago hor? Sar zaitez; gurari horrek harrera ona merezi du. DUKEA: Ene jaun maitea, hemendik gutxira ikusiko zaitut berriz. KLAUDIO: Jaun txit gurgarri hori, eskerrak ematen dizkizut. (ISABELA sartzen da.) ISABELA: Bizpahiru hitz esan nahi nizkioke Klaudiori. PREBOSTEA: Zaitez ongi etorria. Begira, jauna, hemen duzu zeure arreba. DUKEA: Ezkuta nazazu bion hizketa entzun dezakedan lekuren batean. (DUKEA eta PREBOSTEA irten egiten dira.) KLAUDIO: Kaixo! Ene arreba, zer poz dakarkidazu? ISABELA: Poz guztien antzekoa den poza: bikaina, bikaina benetan. Angelo jaunak, zeruan parte izateagatik, bere enbaxadore gisa bidali nahi zaitu bertara berandutu gabe, hantxe betiko egoitza izan dezazun. Beraz lehenbailehen egin itzazu zeure prestamenik beharrezkoenak, bihar bertan abiatuko zara-eta. KLAUDIO: Ez al dago erremediorik? ISABELA: Bai, ene anaia, bizi zintezke. Bihozperatasun deabruzko bat dago juezarengan; bihozperatasun horretara jotzen baduzu, bizia barkatuko dizu; baina katepean utziko zaitu heriotzera arte. KLAUDIO: Betirako gartzela? ISABELA: Bai, betirako gartzela; barrunbe mugatuenera baztertuko zintuzkeen itxiketa. Munduaren hedadura guztia izango zenuke mugitzeko. KLAUDIO: Baina zer eratakoa? ISABELA: Halako eratakoa, non onartuz gero, zeure ohoretik izate osoa erauzi eta biluzik utziko zintuzkeena. KLAUDIO: Erakutsidazu zer den. ISABELA: O! Beldurra dizut, Klaudio; ikaratan jartzen naiz pentsatzean agian laztangarriago gerta lekizukeela sukarrez beteriko bizitza oso bat edo sei-zazpi negualdi betiko ohorea baino. Ba al duzu hiltzeko kemenik? Herio-sentimendua aurreritzia besterik ez da. Eta parean pasatzean zanpatzen dugun zomorroak erraldoiak hiltzean nozitzen duena bezain gorputzeko oinaze handia sentitzen du. KLAUDIO: Zergatik egiten didazu irain hau? Uste al duzu, erabaki bat hartzeko, imajina kontsolatzailearen laguntza-premian nagoela? Beharrezkoa bazait hiltzea, neure emaztegaiarengana bezala joango naiz betiko gauera eta neure besoetan kulunkatuko dut. ISABELA: Hitzegiten ari den hori nire anaia da! Benetan, hilobiaren sakonetik atera den neure aitaren mintzoa da! Bai, hil beharra duzu; bai nobleegia zara biziari baldintza eskasetan iraunerazteko. Kanpotik santutasuna erakusten duen gobernari horrek, zeinaren aurpegi aldagaitzak eta seriotasun hotzeko mintzoak gazteriari errespetoa sartzen dioten eta zorakeriak zirkinik egiteke uzten dituzten, aztoreak hegaztiekin egiten duenez, hori deabru bat da halere; estalirik daukan lokatza guztia kenduko balitz, infernua bezain hosin sakona lirudike. KLAUDIO: Angelo gizaseme santuak? ISABELA: O! Horixe da infernuaren amarrukerietako bat, gorputzik higuingarriena santutasun-galoizko jantziz estaltzea eta mozorrotzea. Sinetsiko al zenuke, Klaudio, neure birjintasun eskainiko banio, libre gera zintezkeena? KLAUDIO: Ene Jainkoa, hori ezina da! ISABELA: Bai; izenik gabeko laido horren truke, askatasuna emango lizuke, irain gehiago egiteko aukera emango lizukeelarik. Aipatzeak bakarrik izularria sortzen didan egintza horretarako gaur gauean bertan eman beharko nioke baietza; bestela hil egingo zara bihar. KLAUDIO: Ez duzu egingo holakorik. ISABELA: O! Nire bizitza bakarrik balego jokoan, jaurtiki egingo nuke zure askatasunarengatik, beste keko-mekorik gabe, orratza balitz bezala. KLAUDIO: Eskerrikasko, Isabela maitea. ISABELA: Prest egon zaitez bihar hiltzeko, Klaudio. KLAUDIO: Bai. Orduan baditu grinak legea mesprezuz tratatzera bultzatzen dutenak, hain zorrozki ezartzen duen une berean? Seguraski ez da bekatu, edo baldin bada, zazpi heriozkoen artetik, txikiena da. ISABELA: Zein da txikiena? KLAUDIO: Kondenatzea mereziko balu, nola berak, hain zuhurra izaki, hartuko luke betiko kondenazioaren arriskua une bateko atseginarengatik? O, Isabela! ISABELA: Zer diozu, anaia? KLAUDIO: Heriotza gauza ikaragarria da! ISABELA: Eta bizitzaldi osorako lotsakizuna, arbuiagarria! KLAUDIO: Bai!... Baina hil eta ez dakigun tokira joatea, hobi hotzetan etzan eta usteltzeko bertan egotea; berotasun hau, sentiberatasun hau, mugimendu hau buztin bigunezko eskutada bihurtzea; adimen liluragarri hau suzko uhinetan bainatzea, edo eskualde hotzen batean bizitzea, izotz loditako hormak dituen lekuan, ezin ikusizko haizeen preso izan eta indarkeriaz eta atergabe espazioan eskegita dagoen mundu baten inguruan zirimolatzea; edota pentsamendu zalantzakor eta nahasiak txilioka irudikatzen dituzten izaki dohakabe horien arteko dohakabeena baino are dohakabeago bihurtu. Izugarriegia da! Lurreko bizitzarik neketsuena eta madarikatuena, zahartzaroak, gaixotasunak, lazeriak edo presondegiak gizaki baiti ezarri diezaioketena paradisu bat da heriotzeari diogun beldurraren aldean. ISABELA: Ai, ai! KLAUDIO: Ene arreba laztana, utzidazu bizitzen; anaiaren bizia salbatzeko egindako edozein bekatu, naturak desenkusatu eta bertute bihurtzen du. ISABELA: O, basapiztia arrazoigabea! O, koldar fedegabea! O, bilau dohakabea! Gizon izan nahi al duzu nire txarkeriaren gainean? Ez al da inzesto gisako zerbait zeure arrebaren lotsakizunetik zeuretzat bizitza ateratzea? Zer pentsatu behar dut? Zeruak gorde nazala! Nire amak aitari iruzur egin zion, nonbait, zeren haren odolak sekula ezin izan du huts egin beraren antz hain txikia duen kimu bat sortzeko. Neure arbuioa botatzen dizut aurpegira. Hil, gal zaitez! Etzatea aski nuke zeure patutik jaregiteko baina bete dadin utziko diot; mila otoitz esango ditut zure heriotzarengatik; bakar bat ere ez zure bizia salbatzeko. KLAUDIO: Baina entzuidazu, Isabela... ISABELA: O, laidoa, laidoa, laidoa! Zure bekatua ez da iraizekoa, ohitura bat da. Jaregingo zintuzkeen bihozperatasuna lupar bat litzateke; hobe duzu lehenbailehen hiltzea. (Irteteko keinada bat egiten du) KLAUDIO: O, entzuidazu, Isabela! (Berriro sartzen da DUKEA) ISABELA: Zer nahi duzu? DUKEA: Astirik baldin baduzu, hizketaldi bat izan nahi nuke zurekin albait lasterren. Eskatzen dizudan mesede honek izango du zuretzat ere onurarik. ISABELA: Ez daukat galtzeko astirik; beste arazo batzuei lapurtuz geratu beharko dut; baina prest nago une batez entzuteko. DUKEA: (KLAUDIOri aparte.) Ene seme, entzun dut zer gertatu den zure eta arrebaren artean. Angelok sekula ez du izan txarkeriara bultzatzeko asmorik; berorren bertutea frogan jartzea besterik ez du egin, pertsonaren adiurriaz iritzia izateko. Eta nola honek ohore zinetakoenarena duen, arbuio graziazko horrekin erantzun dio, eta Angelo barrenean pozik dago erantzun hori jaso izanarekin. Angeloren aitor-entzulea naiz eta badakit hori dela egia; presta zaitez, beraz,heriotzerako. Ez hasi hemen bila esperantza engainagarrietan. Bihar hil beharra duzu. Zoaz otoitz egitera eta prest egon. KLAUDIO: Utzidazu neure arrebari barkamena eskatzen. Hain nago gogaiturik bizitzaz, non beratzaz gabeturik geratzea nahiko nukeen. DUKEA: Eutsi prestutasun horri. Agur. (Badoa KLAUDIO. ) (Berriro sartzen da PREBOSTEA. ) DUKEA: Prebostea, hitzerdi bat! PREBOSTEA: Zer nahi duzu, ene aita? DUKEA: Alde egin dezazun, etorri zarenez gero. Utz nazazu une batez bakarrean neskatilarekin. Nire izana eta jantzia bat datoz eta lasai utz dezakezu nire laguntasunean, ez bait zaio ezer gertatuko. PREBOSTEA: Ongi da (Badoa.) Eder egin zaituen eskuak on ere egin zaitu; ontasunak edertasuna gutxitzat daukanean, ederrak ez du izaten ontasun luzarokorik: baina graziak, zure pertsonaren arima den horrek, beti eder irauneraziko zaitu. Halabeharrez jakin ahal izan dut Angeloren aldetik izan duzun erasoa, eta baldin giza naturak behin baino gehiagotan beren argaleriaren frogak erakutsi dituelako ez balitz, haren portaerak harrituko ninduke. Nola jokatuko duzu ministrari hori asebete eta zeure anaia salbatzeko? ISABELA: Albait lasterren noakio jakineraztera nahiago dudala nire anaia legepean nola galtzen den ikustea neure semea legez kanpo jaiotzen ikustea baino. Baina bai engainaturik dagoela dukea Angelorekiko! Noizbait itzuli eta berarekin hitzegiteko aukerarik baldin badut, edo alferrik zabalduko ditut neure ezpainak edota agerian jarriko dut beraren agintzeko era. DUKEA: Ez du kalte handirik ekarriko horrek; halere, oraingo arazo honetan libratu egingo du bere burua; zu frogan jartzea beste helbururik ez bait du izan. Beraz, adi jarri zeure belarria nire aholkuetara. Badago erremedio bat on egiteko dudan gogoari irteera emateko. Sinetsirik nago badagoela bide bat tratu bidegabea hartzen ari den dama gajo beti zerbitzu baliozko bat zintzoki egiteko, legearen suminetik zeure anaia salbatzeko, zeure pertsona graziazkoa orban guztitik garbi gorde eta bereziki dukeari atsegin izan zakizkion, baldin eta menturaz egunen batean itzuli eta arazo honetaz jakitun jartzen bada. ISABELA: Argibide zabalagoak emaizkidazu. Badut nahikoa kemen lotsagarri itxurarik ez duen edozein egintza burutzeko, arimako zintasun erabatekoaz azterturik hala agertuz gero. DUKEA: Bertutea ausarta da eta ontasunak inoiz ez du izaten beldurrik. Ez al duzu inoiz izan Mariana, itsasoan hil zen Federiko soldadu prestuaren arrebaren aditzerik? ISABELA: Badut dama horren aditzea eta oso aditze ona gainera. DUKEA: Angelo horrekin ezkondu beharrekoa zen: zinpean ezkon-hitza emana zeukan, eta finkaturik geratu zen eztei-eguna, baina ezkon-ospaketarako falta zen tartean, Federiko anaiari ontzia hondoratu zitzaion eta bere arrebaren heredentzia osoa galdu zuen bertan. Eta begira zer hondamendi-saila gertatu zen ezbehar honetatik damarentzat: anaia noble eta prestua, beti berarentzat maitasunik samur eta zinezkoena izan zuena, galtzen du; eta berarekin bere fortunaren oina eta zaina galtzen ditu, ezkon-dotea, eta biokin batera, hitzemana zeukan senarra, itxura bertutetsuak dituen Angelo hori. ISABELA: Ba ote liteke? Horrela utzi al du bertan behera Angelok? DUKEA: Bere malkoekin utzi zuen, kontsolamenduez bakar bat ere xukatzen ahalegindu gabe; bere zin-hitz guztiak jan zituen, bere ohorea laidotzen zuten agerpenenen aitzakiaz, eta azken finean, bere doluminean utzi zuen, bihotza maitasunez beterik bazuen ere neskak. Angelori dagokionez, Marianaren negar-malkoek marmolezko aurkitzen dute; beraiek garbiturik dago, baina ez bigundurik. ISABELA: Bai errukiorra izango litzatekeela heriotza neskatxa gajo hori mundu honetatik eramango balu, eta bai dongea dela bizitza hau horrela gizonari bizitzen uzten diolako! Baina zer onura atera lezake Marianak gertatzen ari den honetatik? DUKEA: Erraz senda dezakezun haustura da haren abandonua; gainera, sendaketa horrek zure anaia salbatu ezezik, burutuz gero laido guztitik garbiturik uzten zaitu. ISABELA: Azaldu nolatan, ene aita ona. DUKEA: Aipatu dugun neskatxak oraindik beren lehen maitasunean dirau; senargaiaren jokaera bidegabe eta gogorrak, bidezkoa denez maitasuna itzali beharko zukeenak, eragozpenak korrontearekin egiten duena egin du berarekin: indartsuago eta setatiago bihurtu du. Zoaz Angeloren bila; erantzun haren gurariei itxuraz esaneko agertuz; ados jar zaitez berarekin delako eskari horretaz; baldintza hauek bakarrik jarri zeure alderako: elkarrikustearen denboraldia laburra izatea, aurrena, finkatutako denbora dena ilunpean eta isiltasunean igarotzea dena, gero eta azkenik, biltzeko tokia behar bezala hautatua izan dadila. Baldintza hauek lortuz gero, gainerakoa berez konponduko da. Neskatxa laidotuari aditzera emango diogu zitara zure ordez joan dadila bertan zure lekua hartzera. Gera zita honen berria zabaltzen bada, berarekin egindako irainak kitatzera behardu dezake; eta honela amarru honek zure anaia salbatzearen abantaila du, zure ohorea ukigabe uztearena, Mariana gajoaren joranak betetzekoa eta ministrari ustelari mozorroa kentzekoa. Andre horri berri eman eta egintza honetarak prestatzera noa. Trikimailu hau azken onera eraman nahi baduzu, eta egin zenezake, berari darion on bikoitzak ahakarkizun guztitik absolbiturik uzten du. Zer uste duzu honetaz? ISABELA: Asmo honean pentsatze soilak eztitan jartzen nau eta uste osoa dut ezin obeki aterako dela garaile. DUKEA: Asko esan nahi du horretan nola antzeztuko duzun zeure papera. Zoaz lehenbailehen Angeloren bila; gaur gauean berekin lo egitera behartzen bazaitu, baietza eman. Ni berehalaxe noa San Lukasera; han, baserri bakartian, bizi da Mariana, zapuztua. Hara etorri nire bila, eta bizkor ibili Angelorekin, albait lasterren amaitzeko modua izan dezagun. ISABELA: Eskerrak ematen dizkizut erremedio pozkarri honengatik. Agur, ene aita on hori. (Badoaz.) II ESZENA Presondegiaren aurreko kalea (DUKEA frailez mozorroturik, ELBOW eta justiziako ofizialak sartzen dira POMPEIOrekin.) ELBOW: Bene-benetan, horrentzat ez badago erremediorik, eta abereak balira bezala gizon eta emakumeak saltzen jarraitu behar baduzu, azkenean mundu guztiak ardo txuri-gorritik zurrut egiteari ekingo dio. DUKEA: Jainko maitea, zer da hau? POMPEIO: Munduak jostagarri izateari utzi egin dio bi lukurreroren artean, alaienak porrot egin duenetik, eta makurrenak legearen baimenaz berotzeko jantzi forratua darabilenetik; azeri-larruz eta bildots larruz forraturikoa aditzera emateko bikoiztasuna, errugabetasuna baino aberatsagoa delarik, ponpezia gehiagorekin ibiltzeko eskubidea du. ELBOW: Zoaz zeure bidetik, jauna. Jainkoak bedeinka zaitzala, ene fraile aita ona. DUKEA: Eta zu ere berdin, ene anaia aita ona. Zer irain egin dizu horrek zuri, jauna? ELBOW: Arraina, jauna, legeari egin dio irain, jauna, gainera uste dugu lapurra ere badela; zeren aldean gako bitxi bat aurkitu bait diogu era ministrariari bidali diogu. DUKEA: Kanpora, alproja hori! Luparra, lupar doilorra! Zure laguntzaz egiten den gaitzari esker ateratzen duzu bizimodua. Pentsa bakarrik hain txarkeria likitsaren bidez sabela bete eta bizkarra estaltzea zer den; esan zeure buruari: «Zure harreman nardagarri eta zantarretatik ateratzen dut jana, edana eta jantzia, baita bizimodua ere.» Bizitza dela uste al duzu, horrelako txerrikerien baitan dagoena? Zentza zaitez, zentza zaitez. POMPEIO: Egia da, jauna bizimodu horri kiratsa dario, nolabait ere. Halere, jauna, saiatuko naiz... DUKEA: Tira, deabruak bekatu egiteko frogak eman badizkizu, beraren gizona zarela frogatuko duzu. Eramazue garzelara, ofiziala; zentzamenak eta eskolak izango dute zeregina franko basapiztia hau hobetu nahi baldin bada. ELBOW: Beharrezko da ministrariaren aurrean ager dadin, jauna; dagoeneko egina dio ohar bat ministrariak; ministrariak ezin du eraman putazainik. Putazaina bada eta eta ministrariaren aurrera agertzen bada, hemendik milia batera zerbait egitera joan behar izana berdin litzaioke. DUKEA: Nahi dakiola zeruari batzuk agertu nahiko luketen modura denok egotea: txarkeriarik gabe edota azaluskeriarik ez duten txarkeriekin. ELBOW: Zure gerrikoa oso ongi datorkio horren lepoari, jauna; soka bat horrentzat, jauna. POMPEIO: Sorospenak prestatu eta fidantza eskatzen du. Hona hemen non datorren zaldun eta adiskide nire bat. (LUZIO sartzen da.) LUZIO: Kaixo, Pompeio prestu hori! Nolatan! Zesarren gurdiari loturik al zaude? Garaitzapenean al zaramatzate? Nola, ez al dago Pygmalionen estatuarik gehiago, berriro emakume bihurtuak, eskua patrikan sartu eta gero itxita ateraz? Zer erantzun, eh? Zer diozu doinu, kanta eta metodo honetaz? Zure ahotsa azken euriarekin ito al da, eh? Zer diozu, sudurluze horrek? Lehen bezala jarraitzen al du munduak, gizon? Zer moda dugu orain, serio egon, hitzetan laburra izan hala zer? Zer joera dago? DUKEA: Beti, beti bera; gero eta okerrago. LUZIO: Eta nire bihotzeko zati maite hori, zure maitalea, nola doa? Beti bilaketan al dabil? POMPEIO: Egia esan, jauna, idi osoa irentsi du eta orain bainuontzian dago. LUZIO: Alafedea, ongi dagoela; oso bidezkoa; horrela behar du. Puta freskoa, lupar hautseztatua; ondorio derrigorrezkoa da; nahitaez izan behar horrela. Gartzelara al zoaz, Pompeio? POMPEIO: Bai, jauna, noski. LUZIO: Ba ongi dago; horretan ez dago gaitzik, Pompeio. Agur. Zoaz eta esan nik bidali zaitudala bertara. Zorrengatik, Pompeio, hala zergatik? ELBOW: Lupartzan aritzeagatik, jauna; lupartzan aritzeagatik. LUZIO: Ongi da; gartzelaratu orduan. Luparrak gartzela merezi baldin badu, bere eskubidean dago. Luparra da, zalantzarik gabekoa eta aintzina-aintzinatikoa; sortzetiko luparra. Agur, ene Pompeio maitea. Nire goraintziak gartzelari, Pompeio; oso senar on bihurtuko zara orain, Pompeio; etxea zainduko duzu. POMPEIO: Espero dut, jauna, Zure Gorentasunak fidantza eman nahiko duela niregatik. LUZIO: Ez horixe, Pompeio; es da modako. Gehiago itxi zaitzatela eskatuko dut aitzitik, Pompeio; egonarriz ez baduzu eramaten, tira, bihotza baduzula frogatuko duzu. Agur, Pompeio zintzoak. Jainkoak bedeinka zaitzala, anaia. DUKEA: Baita zu ere. LUZIO: Pintatzen jarraitzen al du Brigidak, Pompeio? Eh? ELBOW: Jarrai zeure bideari, jauna; goazen hemendik. POMPEIO: Ez al duzu izan nahi nire fidatzaile, orduan, jauna? LUZIO: Orduan Pompeio! Ez orduan eta ez orain... Zer berri dago munduan, anaia? Zer berri dago? ELBOW: Zoaz zeure bidetik, jauna, zoaz. LUZIO: Zoaz ziegara,Pompeio; zoaz ziegara. (ELBOW, OFIZIALAK eta POMPEIO irten egiten dira.) Zer berri dago munduan, anaia? DUKEA: Ez dakit. Bakarren bat aipatuko al didazu? LUZIO: Batzuk diote Errusiako enperadorearekin dagoela, beste batzuk Erroman dagoela; baina non dagoela uste duzu zuk? DUKEA: Ez dakit non dagoen, baina nonnahi dagoela ere, ontasun guztiak opa dizkiot. LUZIO: Ongi zorotasun bitxia izan da berarena bere Estatuetatik aldentzea eta eskale-itxurak hartzea, horretarako jaio izan ez delarik. Angelo jauna ongi ari da dukearen ordezkoak egiten bera kanpoan den bitartean; mugak zertxobait gaindituz ari dela esango nuke. DUKEA: Horretan arrozoia duzu. LUZIO: Lizunkeriarekin bihozperatasun piska bat gehiago ez legoke gaizki; zorrotzegia da gai horretan, anaia. DUKEA: Oso txarkeria zabaldua da, eta zorroztasuna beharrezkoa da hesiak jartzeko. LUZIO: Bai, benetan esateko, oso arraza onekoa da, ahaide onak ditu; baina erabat erauzteari dagokionean, anaia, ezina da, baldin eta jatea eta edatea kendu ezik. Diotenez Angelo hori ez omen da gizona eta emakumearengarik jaioa, ohizko sorbideen arabera. Egia dela uste al duzu? DUKEA: Eta nola sortua delakoan zaude orduan? LUZIO: Bada sirena batengandik sortua dela dioenik; beste batzuk esaten dute bi makailori zor diela bizia; baina gauza da txisa egiten duenean gernua izotzetan gogortzen zaiola; hori bai dela egia, baina ondorengoak sortzeko gauza den txotxongiloa dela, ez dago zalantzarik. DUKEA: Ongi aldarte alaia duzu, jauna, eta zure mihia gogotik dantzatzen duzu. LUZIO: Jakina! A zer nolako basatikeria gizonari bizia kentzea txarratera bat asaldatu delako! Kanpoan den dukeak egingo ote zukeen sekula holakorik? Ehun bortakume sortu izanagatik bat urkamendira bidali aurretik, ordainduko zukeen milioi bati jaten emateko; bazuen eskarmentua eginbide honetan, bazekien probetxuaren berri, eta horrek bihozperatasuna erabiltzen irakasten zion. DUKEA: Inoiz ez dut entzun dukea oso gogor zegoenik emakumeekiko gaian; ez zen makurtzen alderi horretara. LUZIO: O, jauna, oker zaude. DUKEA: Ezina da LUZIO: Nor dukea? Bai, baita berrogeita hamar urteko atso eskaleak ere; azpilean dukat bat jartzeko ohitura zuen. Dukeak ere bazituen bere kapritxoak. Moskortu ere egiten zen. Konfidantzapean esango dizut. DUKEA: Ziur nago hori kalumnia dela. LUZIO: Jauna, beraren mamienetako bat izan naiz. Dukea oso barnekoia zen eta baztertze horren arrazoia badakidalakoan nago. DUKEA: Esaidazu mesedez, zer izan liteke arrazoi hori? LUZIO: Ez; barkaidazu; golkoan gorde beharreko isilpekoa da hori; baina zerbait iradoki nezake: menpeko gehienek jakintsutzat zeukaten dukea. DUKEA: Jakintsutzat! Eta bazan, zalantzarik gabe. LUZIO: Mutil gazte arin, ezjakin eta aztoratua. DUKEA: Bekaitzak, zoramenak edo mesprexuak eragina da iritzi hori; haren bizitzaren ibilpide osoak eta lemazain izan duteneko arazoek eman lezakete, behar izanez gero, testigantza hoberik. Haren egintzak berak izan daitezela lekuko eta bekaiztiaren aurrean letradu, politikari eta gerrari gisa agertuko da. Zer diozun ez dakizula mintzo zara, edo hobeto ezagutzen baduzu, gaiztakeriak zentzua gehiegi itzutzen dizu. LUZIO: Jauna, ezagutzen dut eta maite dut. DUKEA: Maitasunak ezaguera hobearekin hitzegiten du eta ezaguera onak bere eraspen hoberenarekin. LUZIO: Jauna, tira, dakidana dakit. DUKEA: Benetan pena ematen dit sinesteak, zer diozun ez dakizula ikusirik; baina inoiz doan itzultzen bada Dukea hala eskatzen bait diote zeruari nire otoitzek gustatuko litzaidake beraren aurrean zeure iritzia errepikatzea. Zin-zinez hitzegiten baduzu, izango duzu zeure hitzei eusteko adorea; dei egitera beharturik aurkituko naiz. Esango al didazu mesedez, zer izen duzun? LUZIO: Jauna, Luzio dut izena, dukeak ongi ezagutzen duen izena. DUKEA: Hobeto ezagutuko zaitu, jauna, zure hitzak berari kontatzeko beste bizi baldin banaiz. LUZIO: Ez dizut beldurrik. DUKEA: O! Dukea ez dela gehiago itzuliko uste duzu, edo aurrezko kaltegabeegia naizelakoan zaude. Egia da ez naizela gauza zuri kalte egiteko, ukatu egingo zenuke izandako hizketa. LUZIO: Aurrena urkatu beharko nindukete, oker zaude nitaz, anaia. Baina ez dezagun gehiago hitzegin horretaz. Esago al didazu Klaudio bihar hiltzekoa den ala ez? DUKEA: Zergatik hil behar du, jauna? LUZIO: Zergatik? Inbutuaren bitartez botila bete duelako. Nahiago nuke aipatu dugun dukea itzuliko balitz, ministrari zikiratu horrek jenderik gabe utziko du herrialdea kontinentziagatik; txolarreek ezin dute egin habiarik haren teilapean lizunak direlako. Dukeak, gutxienez, itzalpean juzkatuko zituzkeen itzalpean egindakoak; ez zukeen jasango egunargitara ekartzerik. Nahi balekio zeruari itzulita berriz hemen egotea! Arrania! Klaudio gizajo hori heriotzera epaitua gona bat alderantzikatu duelako? Agur berriz esaten dizut, bildoskia jaten zuen ostiralez. Orain ia besterik da baina, badiotsut, atso eskale baten aurrez-aurre jarriko zatekeen nahiz eta ogi beltz eta baratzurihatsa zeriola egon; neuk esan dizudala esan. Agur (badoa.) DUKEA: Ez handitasuna, ez boterea ezin daitezke itzuri zentsuratik mundu hilkor honetan; atzetik zauritzen duen kalumnia da bertute zurienaren zauritzailea. Zein errege da aski boteretsu mihi kalumniatzailearen behazunari kontra egiteko? Baina nor dator hor? (ESKALO, PREBOSTEA, justiziako OFIZIALAK eta OVERDONE andrea sartzen dira.) ESKALO: Tira, gartzelara eraman dezatela. OVERDONE: Ene jaun ona, ongi portatu nirekin. Zure Gorentasunak gizon bihozpera izena du, ene jaun ona. ESKALO: Bi eta hiru aldiz ahakar egin zaizu eta beti hogen beraren errudun? Setakeria honek birao eragingo lioke bihozperatasunari berari eta tirano-papera antzeztu eraziz suminduko luke. PREBOSTEA: Hamaika urte lan egin duen luparra da, gaitzi ez bazaio Zure Gorentasunari. OVERDONE: Jauna, Luzio deritzan batek nire aurka egin duen salakuntza da.: Katy Keepdown hark haurdun jarrita zegoen dukearen garaietatik; ezkontzeko hitza emana zion. Semeak urtebete eta iru hilabete izango ditu San Felipe eta Doneiakue egunez. Nik neuk gorde diot haurra eta ikus orain nola kalte eginez olgetan dabilen. ESKALO: Mutil hori alproja andrazalea da. Gure aurrera ager dadila! Eta hau gartzelara, aizue! Zoazte, hitzerdirik ere ez gehiago. (OFIZIALAK eta OVERDONE andrea irteten dira.) Prebostea, Angelo nire lagunak zirkinik ez du egiten bere erabakian; Klaudiok bihar hil behar du. Eman dakizkiola apaizaren laguntasuna eta karitatearen sorospen guztiak. Nire lagunak onartuko balu gupida izateko ematen diodan kontseilua, besterik izango litzateke Klaudioren zorra. PREBOSTEA: Zure Gorentasunaren baimenarekin, hemen dakusazun anaiak bisita egin dio eta hiltzeko presta dadin kontseiluak emanez. ESKALO: Gabon, ene aita ona. DUKEA: Ongia eta zoriona bitez zurekin. ESKALO: Nongoa zara? DUKEA: Ez naiz herrialde honetakoa, nahiz eta gaur bertako bizikide izatea dagokidan denbora batez. Ordena jakin eta agurgarri bateko frailea naiz eta oraintsu abiatua naiz Aulki Santutik, arazo berezi batzutarako Aita Santuak bidalia. ESKALO: Eta zer berri dabil mundu zabalean zehar? DUKEA: Ezer ez; ongia hain dabilela gaiso ezen disolbatzea beste erremediorik ez dagoela izan ezik. Nobedadea da denean nagusi, eta hain arriskutsua gertatzen da edozein bizi-moldetan zahartzea, nola bertutetsu iraunkor izatea edozein eginbeharretan. Doi-doi dago nahikoa egia gizarteak segurtatzeko, baina nahikoa segurtasun badago gizarte-harremanak madarikarazteko. Enigma honen inguruan dabil orain munduko zuhurtzia. Berri hauek aski zaharrak dira dagoeneko; halere eguneroko berriak dira. Baina, arren, jauna, zer izakera zuen dukeak? ESKALO: Beste gauza guztien gainetik, bere burua ezagutzera saiatzen zen gizona zen. DUKEA: Zer atseginetarako zaletasuna zuen? ESKALO: Besteak alai ikusita atsegin handiagoa hartzen zuen berari gusto emateko asmaturiko edozerekin baino; neurritasun osoko zalduna zen. Baina bere zoriaren gorabeheratan utz dezagun, zoriontsuak izan daitezela opa izanez eta esaidazu zer egoeratan aurkitu duzun Klaudio. Jakina da arestian bisita egun diozula. DUKEA: Juezaren epaia ez dela izan bidegabea aitortzen du eta eta umilki makurtzen duela bere burua justiziaren erabakipean. Hala ere, haragi hauskorraren eraginez, sasi-esperantza batzu eginak zituen eta saiatu naiz burutik kentzen eta orain prest dago hiltzeko. ESKALO: Kitatu duzu zeruarekin zure izate sakratuari dagokion zorra, eta presoarekin zeure ministerioaren zorra. Zuhurtasuna jartzen dituen mugetaraino saiatu naiz zaldun gizajoaren alde egiten; baina hain zorrotz aurkitu dut nire justizi-laguna, non justizia gizon egina dela esatera beharturik aurkitu naizen. DUKEA: Jokaeraren zorroztazunaren araberakoa baldin badu bere bizitza, zorroztasun hori ongi dagokio; baina amore ematen dadu, bere burua kondenatuko du. ESKALO: Presoari bisita egitera noakio; ongi izan. DUKEA: Bakea bedi zurekin! (ESKALO eta PREBOSTEA ateratzen dira.) Zeruaren ezpatari eutsi nahi dionak zorrotza bezain santua izan beharra dauka; bere burua aitortu beharra dauka bikaintasun-eredutzat, non aurkituko duen irauteko grazia, jarduteko bertutea eta eta bere akatsak pisatzen dituen balantza berean inoren akatsak zehazki pisatu. Laidoturik gera bedi bere makurkeriak arrastatzen dueneko adatsengatik esku ankerrez hiltzen duena! Hona hemen berreturik Angeloren lotsakizun hirukoitza; nire deabrua gorde lezakeen gizonak bere baitan, nahiz eta kanpotik aingeruaren itxura hartu! Nola krimenetara emana dagoen azaluskeriak, garai egokian sareak hedatuz, erakar ditzakeen bere armiarma-hari finetan gauza trinko eta mamitsuak! Amarrua txarkeriaren kontra, horixe izango da nire jardunbidea. Gaur gauean lo egingo du Angelorekin beronen emaztegai-ohiak, baina zapuztuak; horrela iruzurrak ordaindu egingo dio iruzurgileari, faltsukeriaz, promesa baten laka faltsua eta antzina emandako hitza beteraziko dio. (Badoaz.) |