|     79 zenbakia, 1985 [faksimilea PDF formatuan]

aurrekoa | hurrengoa


II EKITALDIA

 

 

I ESZENA

 

Angeloren etxeko areto bat

 

(ANGELO, ESKALO, JUEZ bat, PRESBOSTEA, JUSTIZIAKO OFIZIALAK eta segizioa sartzen dira.)

 

ANGELO: Ez dugu bihurtu behar legea hegazti harrapariak izutzeko lurrean tinkatzen den katamalo horietako bat, ezta beti egoera geldo berean utzi ere, bestela ohiturak bere kota bihurtuko du eta ez dio inori ikararik sartuko.

ESKALO: Bai; halere, hobe dugu muturra sartzea eta urratu arin bat egitea eta ez sorbatzaz zauritzea eta herio-ebakia egitea. Ai! Salbatu nahi nukeen zaldun horrek aita txit noblea zuen. Sinesten dut zure gorentasunaren bertute zorrotzean, baina arren eskatzen dizut: baldin eta zeure grinen irakinean lekuari dagokion ordua aurkitu baduzu, eta zeure gurariei dagokien lekua, baldin eta zeure odolaren sugar presatiak izan balu zure joranak nahiko zukeen xedea erraztasun guztiarekin lortzeko aukera, ez ote zenukeen egingo behin baino gehiagotan zeure bizitzan zehar gaitzesten duzuneko bekatu hori bera eta zeure buruaren gainera legearen zorroztasuna erakarriko?

ANGELO: Eskalo, tentazioa gauza bat da eta bertan erortzea beste bat. Oso litekeena da presoaren zoriaz ebazpena eman beharreko tribunala osatzen duten hamabi pertsona zinpetu horien artean, lapurren bat aurkitzea edo epaituko duten gizona baino pare bat askozaz errudunagoak; ez dut ukatzen. Aurkitzen duen hartaz bakarrik jabetzen da justizia. Nork dakizki lapurrak lapurraren kontra ezartzen dituzten legeak? Argi asko dago bitxiren bat aurkituz gero, makurtu egingo garela, ikusten dugulako; baina zerbait ikusten ez dugunean, haren gainetik ibiltzen gara, susmorik txikiena ere burutik pasa gabe. Ezin dezakezu gutxitu horren kaltea berorrenaren antzeko okerrak egin nitzakeelako arrazoiaz; baizik eta esaidazu hobeto, kondenatzen dudan honek, bera bezala errudun gertatzean, nire epaitzak berak eredu izan beharko duela kondenatzailearentzat, eta ez dudala itxaron beharko inolako barkamenik. Jauna, hil beharra dauka.

ESKALO: Zure jakituriari nahi dakiona gerta bedi.

ANGELO: Non da Prebostea?

PREBOSTEA: Hemen nauzu, zerbitzatzeko.

ANGELO: Har itzazu zeure neurriak Klaudio bihar goizean hilerazia izan dadin, bederatzietan. Eramaiozu aitor-entzulea, heriotzerako prestatzeko aukera emaiozu, zeren mundu honetako erromesbidearen amaierara iritsia bait da.

 

(Irten egiten da PREBOSTEA)

 

ESKALO: Tira, zeruak barka diezaiola eta diezagula guztioi. Batzu bekatuagatik goratzen dira, besteak bertuteagatik erortzen dira; badira txarkeriazko oihan batetik ateratzen direnak, bakar baten konturik ere errendatu gabe, eta beste batzuk makur bakarrarengatik hartzen dute epaia.

 

(ELBOW, FROTH, POMPEIO eta JUSTIZIAKO OFIZIALAK sartzen dira.)

 

ELBOW: Aurren bidal itzazue. Baldin eta jende jatorra bada gizarte batean etxe publikoetan beren demasiak egiten bestetan mundu honetan ez dakiena, ez dakit zer den legea. Aurrean bidal itzazue.

ANGELO: Zer da hau, jauna? Nola deritzazu eta zer dakarzu hona?

ELBOW: Zure Gorentasunaren baimenarekin, duke gaisoaren alguazila naiz eta Elbow deritzat; justizian oinarritzen naiz, jauna, eta zure gorentasun ohoragarriaren aurrera bi ongile nabarmen dakartzat.

ANGELO: Ongileak? Tira. Zer ongile dira horiek? Ez ote dira gero gaizkileak?

ELBOW: Zure Gorentasunaren baimenarekin, ez dakit zer diren, baina gauza batez nago ziur benetako alproja hutsak direla eta kristau onak izan behar duen errukiaren arrastorik ere ez dutela beren baitan.

ESKALO: Horra ongi esandako gauza bat! Justiziako ofiziak bikaina, nire eritzian!

ANGELO: Ikusagun. Zer gaitasun dituzte? Elbow al deritzazu? Zergatik ez zara mintzatzen, Elbow?

POMPEIO: Ez da gauza, zulaturik dauka ukalondoa.

ANGELO: Nor zara, jauna?

ELBOW: Jauna! Taberna-mutil bat da, jauna; erdi luparra eta emakume txarraren morroia; etxea porrokatu omen diote helbarrenean eta orain bainuetxe baten jabea omen da, uste dudanez hau ere etxe ezin txarragoa.

ESKALO: Nola dakizu hori?

ELBOW: Nire emaztea, jauna, zeruaren eta Zure Gorentasunaren aurrean zapuzten dudana...

ESKALO: Nolatan! Zure emaztea?

ELBOW: Bai, jauna; nire emaztea, Jainkoari eskerrak, emakume ona da...

ESKALO: Eta horregatik zapuzten al duzu?

ELBOW: Esaten dut, jauna, berak adina «zapuzten» dudala etxe hori, lupar-etxea ez bada, pena da berarentzat, zeren izen txarreko etxea bait da.

ESKALO: Nola dakizu hori, alguazila?

ELBOW: Kontxo, jauna, neure emaztearengatik, ze «kardinal» bekatura eman izan balitz lizunkeriaz, ezkontza haustez eta ere guztietako likiskeriez salatua izan bait zitekeen.

ESKALO: Etxe horretako uzabandrearen kariaz?

ELBOW: Bai, jauna, Overdone andrearen kariaz. Baina nola berak aurpegira ttu egin dion, herronka bota dio.

POMPEIO: Jauna, ez da horrela, Zure Gorentasunaren baimenarekin.

ELBOW: Froga ezazu «lekaio» hauen aurrean, ohoreko gizona, froga ezazu.

ESKALO: (Angelori) Entzuten al duzu nola nahasten dituzten hitzak?

POMPEIO: Jauna, haurdun dago; hezur berri dagoen emakumearen apetekin etorri da, Zure Gorentasunari zor zaion lotsitzal guztiarekin, aran egosiak jatera, eta aspaldi honetan bi bakarrik genituenez gero, nolabait esateko fruita-plater batean zeudenak, sei txanponeko plater batean... Jaun agurgarriok, honez gero ikusita dauzkazue plater horiek, ez dira Txinako platerak, baizik eta plater onak dira...

ESKALO: Sartu, sartu; platera da gutxienekoa, Jauna.

POMPEIO: Ez, benetan, jauna; zipitzik ez dio ardura, arrazoi osoa duzu. Baina diodanez, harira etortzeko, Elbow andre honek, haurdun zegoela, esan bezala, eta oso sabel hazia zeukala, aranak jateko apeta zuen, esan dudanez, eta bi besterik ez zeudenez gero platerean, esan dudanez, Froth jaunak, hemen aurrean dagoenak, gizon honek berak, besteak janak zituelarik, eta ordainduak ere bai, esan dudanez, jator baino jatorrago; zeren, dakizunez, Froth Jauna, ezin nizkizun bihurtu hiru txanponak...

FROTH: Ez, egia da.

POMPEIO: Ederki; han zeunden, beraz, gogoratzen baduzu, aipaturiko aranen hezurrak kraskatzen...

FROTH: Bai, kraskatzen ari nintzen, halaxe da.

POMPEIO: Primeran; esaten nizun orduan, gogoan baduzu, halakok eta halakok ez zutela esperantzarik dakizun gaitzetik osatzeko, baldin eta oso errejimen zorrotza jarraitu ezean, esaten nizunez...

FROTH: Dena egia da.

POMPEIO: Ederki, ba, orduan...

ESKALO: Tira, tentel aspergarri batzu zarete; harira. Zer egin zaio Elbow andreari kexabiderik izan dezan? Gatozen zer egin zaion ikustera.

POMPEIO: Jauna, Zure Gorentasunak oraindik ez dauka berarengana iristerik.

ESKALO: Ez, jauna, asmorik ere ez daukat gainera.

POMPEIO: Iritsiko zara berarenganaino, jauna, Zure Gorentasunaren baimenarekin. Eta arren eskatzen dizut, ongi begiraiozu Froth jaunari, hemen aurrean dagoenari, jauna; larogei librako errenta dauka eta aita Domusantu egunez hil zitzaion. Ez al zen izan Domusantu egunez, Froth jauna?

FROTH: Domusantu gauez.

POMPEIO: Oso ongi, egiak azaltzea espero dut. Gizon hau jauna, eserita zegoen, esan dudanez, aulki apal batean; Mahats Txordoaren Aretoan zen, eserita egotea atsegin duzun lekuan, ez al da hala?

FROTH: Bai, atsegin dut, gela aireztatua eta negurako ona delako.

POMPEIO: Ederki, oso ongi, orduan; egiak izango ahal dira.

ANGELO: Errusiako gau batek baino gehiago iraungo du honek, eta gauak luzeenak direnean hori; alde egitera noa eta kausa entzuten utziko dizut, denak zigortzeko aski gauza aurkituko duzulakoan.

ESKALO: Ez dut espero zuk baino gutxiago. Gabon Jaun horri. (Badoa ANGELO) Ikusagun, jauna, jarraitu; Zer egin zaio Elbowren emazteari? Behingoz!

POMPEIO: Behingoz, jauna! Ezer ez zaio egin behingoz.

ELBOW: Arren eskatzen dizut, jauna, galdegiozu gizon horri zer egin dion nire emazteari.

POMPEIO: Zure Gorentasunari errgutzen diot galde egin diezadala.

ESKALO: Ongi da, jauna, zer egin dio zaldun honek?

POMPEIO: Arren eskatzen dizut, jauna enea; begira kapare honen itxurari. Ene jaun Froth ona, begiratu bere gorentasunari; asmo onez da. Zure Gorentasunak ongi begiesten al du beronen itxura?

ESKALO: Bai, jauna, ezin hobeki.

POMPEIO: Ez, arren erregutzen dizut, ongi begietsi.

ESKALO: Ongi da, begiesten nago.

POMPEIO: Ikusten al du Zure Gorentasunak ezer txarrik horren itxuran?

ESKALO: Ez noski, alafedea.

POMPEIO: Zin egingo nuke nik eskua Bibliaren gainean dudala, berorren itxura daukanik eta txarrena, nola egin ote ziezaiokeen ezer txarrik Froth jaunak alguazilaren emazteari? Zure Gorentasunak erantzun diezadan nahi nuke.

ESKALO: Arrazoi du. Alguazila, zer erantzun duzu horrentzat?

ELBOW: Lehendabizi, ongi baderitzozu, etxe hau errespetatua dela eta uzabandrea emakume errespetatua dela.

POMPEIO: Esku honengatik, jauna, horren emaztea gutako edonor baino errespetatuagoa dela.

ELBOW: Gezurra diozu, lekaioa! Gezurra diozu, lekaio malapartua! Etorkizun dago bera errespetatua izango den garaia, gizon, emakume edo haur bezala.

POMPEIO: Jauna, beronek errespetatua zeukan harekin ezkondu baino lehen.

ESKALO: Nor da hemen komediako zentzudunena, Justizia pertsonaia edo Makurkaria pertsonaia? Egia al da hau?

ELBOW: Aizu, barrabana! Aizu, lekaioa! O, Anibal makurra! Ni errespetoz ibiltzen nintzen berarekin ezkondu aurretik ere! Eta noizbait errespetozko izan banaiz berarekin edo bera nirekin, Zuk, Jaun horrek, ez nazazula begira duke gaisoaren ofiziala bezala. Frogatu hau, Anibal makurra, edo bestela auzitarako bidean jarri beharko zaitut.

ESKALO: Betondoko bat emango balizu, difamazioagatik ere auziperatzeko modua izango zenuke.

ELBOW: Arrania! Benetan eskertzen diot Zure Jauntasun Gorenari ohar hau. Zer nahi du egin dezadan, Jaun Horrek, barraban honetaz?

ESKALO: Alafede, alguazila, ahal izango bazenu agerian jarriko zenituzkeen hogena batzu egin dituenez gero, berorren ohituren arabera uztea beste irtenbiderik ez duzu, zertzu diren aurkitu arte.

ELBOW: Mila deabru! Eskertzen diot Zure Gorentasunari. Ikusten duzu, lekaio malapartatua, zer hartu duzun zeure sorbalden gainean orain; jarraitu beharrean zaude orain, lekaioa, jarraitu beharrean zaude orain.

ESKALO: (FROTH-i) Non jaioa zara, adiskidea?

FROTH: Hemen, Vienan, jauna.

ESKALO: Larogei libratako errenta al duzu?

FROTH: Bai, gaitzi ez bazaizu, jauna.

ESKALO: Ongi da! (POMPEIOri) Zer da zure lanbidea, jauna?

POMPEIO: Ostatu-mutila naiz, jauna; alarguntsa gajo baten arduradun.

ESKALO: Nola deritza zure etxekoandreari?

POMPEIO: Overdone andrea.

ESKALO: Senar bat baino gehiago izan al du?

POMPEIO: Bederatzi, jauna. Overdonek itxi du zerrenda.

ESKALO: Bederatzi! Zatoz hurbilago, Froth jauna. Ez zintuzket ikusi nahi ostatu-mutilen tartean; lumatu egingo zintuzkete eta urkaraztera behartuko gintuzkezu. Alde egizu eta sekula gehiago ez dezadala izan zure berri.

FROTH: Eskerrak ematen dizkiot Zure Jauntasunari. Niri dagokidanez, ostatura sartzen naizen bakoitzean zamak arinduta ateratzen beti bertatik.

ESKALO: Ongi da! Nahikoa da, Froth jauna; agur. Hurbil zakizkigu, ostatu-mutil hori, nola deritzazu, arduradun jauna?

POMPEIO: Pompeio.

ESKALO: Eta zer gehiago?

POMPEIO: Atzeondo, jauna.

ESKALO: Zoragarria; izan ere, beste ezer baino handiagoak dituzu atzekaldeak; horrela gisaz dagokizu Pompeio Haundi izena, hitzaren zentzuan. Pompeio, lupar samarra zara, nahiz eta gauzak zuritzen ahalegindu arduradun bazina bezala, ez al da hala? Tira, esaidazu egia; horixe izango duzu onena.

POMPEIO: Alafedea, jauna, bizimodua atera nahi den gizajoa bat besterik ez naiz.

ESKALO: Zer bizimodu, ordea, Pompeio? Luparra izatea? Zer derizkiozu lanbide horri, Pompeio? Legezko ogibidea al da?

POMPEIO: Bai, benetan, baldin legeak baimendu nahi badu, jauna.

ESKALO: Baina legeak ez du baimentzen, Pompeio, eta ez du baimenduko ere Vienan.

POMPEIO: Baina agian, Zure Gorentasun horrek, zikiratu edo gogaikarri zaienaz gabetu nahi al ditu hiriko gazte guztiak ala?

ESKALO: Ez, Pompeio.

POMPEIO: Orduan, jauna, nire iritzi apalean, lehengo lekura joaten jarraituko dute. Baldin Zure Gorentasunak aginduak eman nahi baditu emagalduen eta alprojen aurka, ez daukazu luparren beldurrik izan beharrik.

ESKALO: Zertzen hasiz gero ongi agindu politak daude ba, benetan diotsut; lepoa moztea eta urkatzea, pentsa!

POMPEIO: Deliktu horrekiko errudun diren guztiek lepoa mozten edo urkamendirako bidea ematen badiezu, hamar urtez bakarrik ediktu bat aldarrikatu beharko duzu buru berriak eskuratzeko; lege hau hamar urtez beterazten bada Vienan, hiriko etxerik ederrena eraenduko dut, gelako hiru peniketan; gauzen egoera hau ikusteko adina bizirik irauten baduzu, esazu Pompeiok aurrez iragarri zizula.

ESKALO: Eskertzen dizut, ene Pompeio zintzoa, eta zure profeziaren saritzat, entzun nire iritzia: kontseilu ematen dizut, arren ez zaitezela etor nire aurrera kexaren batekin, zernahi delarik ere; ez, zauden lekuan bizi zaren kexarekin ere ez. Holakorik gertatzen bada, Pompeio, zeure dendetara baztertuko zaitut, eta Zesar beldurgarria naizela zuretzat erakutsiko dizut garbiago esateko, zigorrarazi egingo zaitut, Pompeio. Oraingoz, bada, ongi izan, Pompeio.

POMPEIO: Eskerrak ematen dizkiot Zure Gorentasunari kontseilu bikain horrengatik (Aparte) baina haragiak eta fortunak ongien erabakitzen duten bidetik jarraituko dut. Zigorrarazi! Ez, ez; mandazainak zigor dezala bere zamaria. Ez dago bihotz kementsurik zigorrak bere lanbidetik aldenduko duenik.

 

(Badoa.)

 

ESKALO: Erdu, Elbow jauna; erdu, alguazil jauna. Noizdanik ari zara alguaziltzan?

ELBOW: Zazpi urte eta erdiz, jauna.

ESKALO: Ai! Nekatu ederra hartu duzu, nonbait! Kalte egiten zaizu hain sarri kargu hau zuri ezartzean, ez al dago zure auzategian horretarako gai denik?

ELBOW: Alafedea, jauna, oso gutxi dago talentudunik arazo hauetarako, eta hautatzen dituztenean, pozik aukeratzen naute ni ordezko izan nakien. Txanpon batzuren truke onartzen dut lanbide hori, eta guztien zerbitzuaz erantzuten dut.

ESKALO: Ekarrizkidazu lehenbailehen zure auzategian dauden sel edo zazpi pertsona gaituenen izenak.

ELBOW: Zure Gorentasunaren etxera, jauna?

ESKALO: Nire etxera. Ongi izan zaitezela. (Badoa ELBOW) Mesedez esango al didazu zer ordu den?

JUEZA: Hamaikak, jauna.

ESKALO: Nirekin bazkaltzera etor zaitezela eskatzen dizut.

JUEZA: Nire eskerrik apalenak.

ESKALO: Klaudioren heriotzak pena handia ematen dit, baino ez dauka erremediorik.

JUEZA: Angelo jauna zorrotza da.

ESKALO: Beharrik. Bihozperatasunak izena galtzen du sarriegia denean. Barkamena bigarren hogenaren aita izaten da beti eta hala ere... Klaudio gizajoa! Ez dago erremediorik. Goazen, jauna

 

(Badoaz.)

 

 

II ESZENA

 

Angeloren etxeko beste areto bat

 

(PREBOSTEA eta MORROI bat sartzen dira.)

 

MORROIA: Kausa bat entzuten dihardu; berehalaxe etorriko da; hemen zaudela jakineraziko diot.

PREBOSTEA: Bai; arren eskatzen dizut. (Badoa MORROIA). Zure erabakiaren bila nator. Amore emango ote du agian? Ene! Klaudiok ametsetan krimena egin izan balu bezala da. Hierarkia guztiak, adin guztiak daude txarkeria horretaz orbanduak, eta horregatik hil behar duela!

 

(ANGELO sartzen da.)

 

ANGELO: Kaixo! Zer berri, prebostea?

PREBOSTEA: Zure borondatea al da Klaudio bihar hil dadin?

ANGELO: Ez al dizut esan baietz? Ez al dituzu hartu nire ordenak? Zer premia duzu herriro galdetzeko?

PREBOSTEA: Presakaegi ibiltzearen beldurra izan dut; Zure Gorentasunaren baimenarekin, sarritan ikusi izan dut, exekuzioaren ondoren, jueza bere epaitzaz damutzen.

ANGELO: Utz hori nire kontura; bete zeure eginbeharrak edo aurkeztu zeure dimisioa; moldatuko gara zure zerbitzuak gabe.

PREBOSTEA: Barka diezadala eskatzen diot arren Zure Gorentasunari. Eta zer egingo dugu, jauna, Julieta nahigabetuarekin? Haurra izateko zorian dago.

ANGELO: Leku egokiagoren batean jar ezazu eta denborarik galdu gabe. (Berriro sartzen da MORROIA.)

MORROIA: Epaituaren arreba hemen dago eta zuk hartzea nahi du.

ANGELO: Arreba al du?

PREBOSTEA: Bai, ene jaun ona; neskatila txit bertutetsua, moja sartzear dagoena, dagoeneko sartua ez bada.

ANGELO: Ongi da, sarrerazi. (MORROIA irten egiten da.) Ardura zaitez fornikatzailea baztertua izan dadin, bizitzeko behar duena eman dakiola; beharrezkoa, alferrikorik ez. Emango ditut ordenak puntu honetan.

 

(ISABELA eta LUZIO sartzen dira.)

 

PREBOSTEA: Zure baimenarekin Gorentasun hori. (Alde egitera doa.)

ANGELO: Zaude oraindik piska batean. Ongi etorria zaitez. Zer nahi duzu?

ISABELA: Zure Gorentasunaren aurrera datorren eskatzaile nahigabetu bat naiz, baldin eta Zure Gorentasunari gogoko bazaio niri entzutea.

ANGELO: Ongi da. Zer da zure eskariaren xedea?

ISABELA: Bada beste guztien gainetik gorrotoa diodan txarkeria bat, eta beronentzako, beste ezerentzat baino gehiago nahi dut, justiziaren zorroztasuna; eta berorrengatik ez nuke kexatu nahi arrazoirik gabe, eta berorrengatik ez nuke kexatu nahi baldin eta gertatuko ez balitz neure buruarekin gerran aurkitzen naizela nahi izanez eta ez nahi izanez aldi berean...

ANGELO: Ongi da. Zertaz da?

ISABELA: Heriotzera epaiturik daukat anaia bat. Arren eskatzen dizut haren falta eta ez haren pertsona izan dadila kondenatua.

PREBOSTEA: (Aparte)Zeruak eman diezazkizula eskerrik hunkigarrienak.

ANGELO: Falta kondenatu eta pertsona ez! Baina, arrania! falta oro kondenaturik dago egina izan aurretik; nire eginkizuna ate atzeko haizea litzateke, gure legeetan ezarrita dagoen zigorraren arabera faltak zigortzea beste egitekorik ez banu, eta errudunak libre uztea!

ISABELA: O, lege zuzen baino zorrotza! Orduan anaia bat izango nuke nik! Zeruak gorde dezala Zure Gorentasuna! (Aldentzeko bezalako keinada egiten du.)

LUZIO: (Aparte) ...Ez utzi horrela jokaldia; itzuli, erregutu, belaunikatu berorren aurrean; heldu arropei. Hotzegia zara; orratz bat behar bazenu ez zenuke eskatuko bizitasun gutxiagorekin. Itzul zaitez berarengana, arren eskatzen dizut.

ISABELA: Beharrezko da beraz hil dadin?

ANGELO: Ez dago erremediorik, gazte.

ISABELA: Bai; uste dut barka zeniezaiokeela zure bihozperatasunaz ez gizonak eta ez Jainkoa atse kabetu gabe.

ANGELO: Ez dut egingo.

ISABELA: Baina, egin zenezake, nahi izanez gero.

ANGELO: Jakizu egin nahi ez dudan ezin dezakedala egin.

ISABELA: Baina egin zenezake, munduari inolako kalterik egin gabe, baldin nire bihotzak berarenganako sentitzen dituen sentipen berberez zurea hunkiturik balego.

ANGELO: Kondenaturik dago, beranduegi da.

LUZIO: (ISABELAri aparte) Hotzegia zara.

ISABELA: Beranduegi! Zergatik? hitzegiten ari naizen honek, jan ditzaket neure hitzak. Sinetsidazu. Handiei dagozkien ikur guztien artean, ez dago bat ere, ez erregeren koroa, ez erret tenentearen ezpata, ez mariskalaren makila, ez juezaren toga, bihozperatasunak adina apain ditzakeenik, ezta hurrik eman ere. Bera zure lekuan egon izan balitz eta zu berarenean berak bezalaxe huts egingo zenukeen zuk ere; baina bera ez zatekeen izango zu bezain zorrotza.

ANGELO: Alde egiteko eskatzen dizut.

ISABELA: Nahi baleza zeruak ni zure ahalmenaren jabe izatea eta zu Isabela! Horrela gertatuko ote lirateke gauzak? Ez; nik irakatsiko nizuke zer den jueza eta zer den presoa.

LUZIO: (Aparte ISABELAri.) Bai, hor du min, hortxe du benetako zauria.

ANGELO: Zure anaia da legeak kondenatua, eta hitzak alferrik xahutzen ari zara.

ISABELA: Ai, ai! Izandako arima guztiak izan dira behinola kondenatuak, eta Jainkoak, beraien hondamendia agindu zezakeenak erremedioa aurkitu zuen beraientzat. Zer egingo zenuke Justiziaren Epaile gorenak zarenaren arabera bakarrik juzkatuko bazintu? Ah! Pentsa honetan, eta bihozperatasuna itzuriko zaizu ezpainetatik, gizon sortu berri batengandik bezala.

ANGELO: Etsi ezazu, neskatila polita; legea da zure anaiaren kondenatzailea ez ni. Nire ahaidea, nire anaia edo nire semea balitz ere, berdin lioke. Bihar hilko da.

ISABELA: Bihar? O! Bizkorregi da! Barkaiozu, barkaiozu! Ez dago heriotzerako prestaturik. Geure sukaldeetarako ere sasoian bakarrik hiltzen ditugu hegaztiak. Geure pertsona baldarrak zerbitzatzen ditugun baino begirune gutxiagorekin zerbitzatuko al dugu Jainkoa? Ene jaun ona, hausnartu ongi, nork ordaindu du inoiz bere bizitzako bekatu hau? Hau egin dutenak ugari dira.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Bai, hori ongi esana dago.

ANGELO: Legea zegoen hilda, lokarturik bazegoen ere. Txarkeria hau egin duten errundun ugariak ez ziratekeen ausartuko baldin eta ediktua hautsi zuen lehenak ere egintzez erantzun izan balu; orain esnatu egin da legea; egiten denaren berri jasotzen du, eta profeta baten gisa ispilu batean tinkatzen ditu bere begiak eta honek erakusten dio etorkizunean zer txarkeria berri, bai berriro ageztuak, bai berriro asmatuak, denbora berotu eta jaioerazteko zorian dagoen. Baina txarkeria hauek legeak ez die utziko hazten, edota bizi gabe amaituko ditu.

ISABELA: Erakutsi, halere, erruki piskaren bat.

ANGELO: Neure justizia erakusten dudanean erakusten dut batipat neure errukia, orduantxe egiten bait dut errukizko egintza ezezagun guztiekiko, zeren zigortu gabe utzitako hogen batek gerora usteldu egingo bait lituzke, eta zuzenaren arabera jokatzen dut errudunarekin, mina, krimen gorrotagarri bat kitatzean, ez bait daiteke bizi bigarren bat burutzeko. Eduki esandakotzat; zure anaia bihar hilko da, izan etsipena.

ISABELA: Horrela, epai hori emango duzun lehena izango zara, eta bere nozituko duen lehena. Ene! Miresgarria da erraldoiaren indarra edukitzea, baina tiranokeria da erraldoiaren erara hartaz baliatzea.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Ongi esana dago berriz ere.

ISABELA: Handiak Jupiter bera bezala trumoia jotzeko gauza izango balira, Jupiterrek sekula ez luke izango atsedenik, zeren funtzionari ziztrinenak ere bere zerua erabiliko bait luke trumoitarako; atergabeko trumoia izango litzateke. Oi, zeru errukiorra, gogorrago zauritzen duzu zeure izpi sufretsu eta hiltzaileaz aizkorari menperakaitza zaion arte adabegitsua mirto samurraren aldean; baina gizonak, gizon harroak, aginpide ahul eta laburrez jantziak, berak ziurrentzat daukan hura gutxien ezagutzen duelarik, hau da, bere izate beirazkoa, tximino suminkorraren gisa, hain komeria harrigarriak antzezten ditu zeruaren aurrean, non aingeruei negar eragingo liekeen edota, gure naturazko izakera baldin balute, gizakien modura barre eragingo.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Ez jaregin, ez jaregin, neska! Kolokatuko da. Ia-ian dago. Ikusten nago.

PREBOSTEA: (Aparte.) Zeruari nahi dakiola samurtzea!

ISABELA: Ezin dezakegu pisatu geure anaia geure buruaren balantza berean; ahaltsuak santuekin txantxetan ibil datezke, berriketa besterik ez da haien kasuan; hain jende arruntaren kasuan profanazio dongea litzateke.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Hizpidean zaude, neska, ekin gaiari.

ISABELA: Kapitainarengan suminezko hitza baizik ez dena birao huts bihurtzen da soldaduarengan.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Hori ere ba al dakizu? Ekin berriz ere.

ANGELO: Zergatik abailtzen nauzu zuhur hitz horiekin?

ISABELA: Aginpidea duenak, mundu guztiak bezala huts egin arren, badu halere bere baitan sendagai moduko bat errakuntzaz irekitako zauria larruz estaleraz dezakeena. Jaits zaitez zeure baitara; zeure bihotzaren atea jo ezazu eta galdegiozu ea ez al duen ezagutzen nire anaiaren bekatuaren antzekorik ezertxo ere; harenaren pareko izakerazko ahuleziaren bat aitortzen badu, ez diezaiola baimenik eman zure mihiari nire anaiaren biziaren kontra hitzerdi bat esateko.

ANGELO: (Aparte) Hain zentzu handiz hitzegiten du, ezen nire zentzua suspertzen duen. (Alde egin nahiz bezala eta ozenki.) Ongi izan zaitezala.

ISABELA: Ene jaun noblea, atzerako urratsak eman itzazu.

ANGELO: Pentsatuko dut horretan. Zatoz berriro bihar goizean.

ISABELA: Entzun nola dudan zu erosteko asmoa; bira emazu, ene jaun ona.

ANGELO: Nolatan, ni erosi?

ISABELA: Bai, eta halako dohaiez non zerua partaide izango den zurekin.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Mugaketa hori gabe dena hondatuko zenukeen.

ISABELA: Ez urrezko txanpon frogatu txatxuekin edota irudimenak ematen dien balioaren arabera preziatuak edo faltsuak diren harribitxiekin, baizik eta zeruraino iritsi eta bertara sartuko diren egiazko otoitzekin, Jainkoari sagaratuak dauden arimen arrenekin, lurreko ezertara emanak ez dauden izpirituak dituzten birjina hilduratuenekin.

ANGELO: Ongi da, zatoz nire bila bihar goizean goiz.

LUZIO: (ISABELAri aparte.) Ongi da, aurrera, abia gaitezen.

ISABELA: Zeruak gorde dezala Zure Gorentasuna.

ANGELO: (Aparte.) Aman, prest bait nago tentaziora joateko arrenak gurutzatzen diren bide horretatik.

ISABELA: Zer ordutan agertuko naiz bihar goizean, Zure Jauntasunaren aurrera?

ANGELO: Edozein ordutan eguerdiaz aurretik.

ISABELA: Jainkoak gorde dezala Zure Gorentasuna. (Badoaz ISABELA, LUZIO eta PREBOSTEA.)

ANGELO: Bai, zugandik, zure bertutetik. Zer esan nahi du honek? Zer esan nahi du? Berarena da errua ala nirea? Tentatzailea ala tentatua zein da bekatariago? O! Ez da bera bekatari, ezta nire tentatzaile ere, neuri darit, bioletaren ondoan eguzkiari begira, loreari bezala usain gozoaren ordez, haratustelaren kiratsa, urtero zoriontsuaren eraginpean. Ez ote liteke emakumearen xalotasunak gure zentzuak tentaziora gehiago eragitea haren arintasunak baino? Hainbat alor publiko edukirik, saindutegia sakaildu nahi izango al dugu bertan gure olgeta-lekua ezartzeko? O, lotsa lotsa, lotsa! Zertan ari zara, nor zara, Angelo? Bertutetsu bihurtzen duten horiengatik al diozu desira gordina? O, bizi bedi horren amaia! Lapurrak badute ebasteko baimena, juezak berak ere ebasle direnean. Nola! Maite al dut, mintzatzen entzun nahi al diot eta bere begiez losintxak egin diezazkidan nahi al dut gero? Zer amets da hor darabildan hori? Oi, etsai maltzurra, santua harrapatzeko amuan santa bat jartzen duzuna! Denetan arriskutsuena da bertutearen mailasunagatik bekatura garamatzan tentazioa! Emalohia, bere ahalmen bikoitza jokoan jarriz, sekula ez zatekeen iritsiko behin ere nire barrena asaldatzera; baina birjina bertutetsu honek zeharo menperatzen nau; gaur arte gizon maiteminduak begiesten nituenean, irribarre egin eta nola zitekeen hori galdetzen nion neure buruari.

 

(Badoa.)

 

 

III ESZENA

 

Presondegia

 

(Alderdi banatatik DUKEA, fraile jantzitan eta PREBOSTEA sarten dira.)

 

DUKEA: Agur zuri, prebostea, hala zarelakoan bait nago.

PREBOSTEA: Prebostea naiz. Zer nahi duzu, ene anaia maitea?

DUKEA: Nire karitatearen mugiden bertutez eta nire ordena santuko eginbeharrek eraginik presondegi honetan dauden arima atsekabetuak bisitatzera nator. Indazu, usadioaren arabera, ikusteko baimena eta beraien deliktuen berri emaidazu, jakinaren gainean nire laguntzabideko sorospenak eskain diezazkiedan.

PREBOSTEA: Gehiago egingo nuke oraindik, gehiago behar izanez gero. Begira. Hona hemen arima horietako bat; nire zaindaritzapean dagoen neskatila bat da, izan ere bere gaztetasunaren sugarretan amildu delarik, orbanen bat ezarri bait dio bere izen onari. Haurdun dago, eta hezur berri jarri duena heriotzera epaiturik dago; eta era bereko hogen berria atzera egiteko gazte egokiagoa egin duena heriotzaz kitatzeko baino.

 

(JULIETA sartzen da.)

 

DUKEA: Noiz hil behar du?

PREBOSTEA: Bihar uste dut. (JULIETAri.) Neure neurri guztiak hartuak ditut zurekiko; zaude piska bat eta eramango zaituzte hemendik.

DUKEA: Damuturik al zaude, dama ederra, egin duzun bekatuaz?

JULIETA: Damutzen naiz hartaz eta egonarriz daramat lotsakizuna.

DUKEA: Nik irakatsiko dizut zeure kontzientziari itaunak egiten eta zure damua bihotzaren barrenetik datorren edota azalean baizik ez ote dagoen ikusten.

JULIETA: Atseginez hartuko dut irakatsi hori.

DUKEA: Maite al duzu laidotu zaituen gizona?

JULIETA: Bai, bera laidotu duen emakumea maite dudan beste.

DUKEA: Horrela, ba, dirudienez zuen egintza txit erruzkoa elkarren baimenarekin burutu izan da?

JULIETA: Elkarren baimenarekin.

DUKEA: Orduan, zure bekatua berarena baino handiagoa izan al da?

JULIETA: Aitortzen dut eta damu dut hartaz, ene aita.

DUKEA: Damu hori bidezkoa da, ene alaba; baina nola beldur naizen ez zarela damutuko bekatuaz, batez ere gainera ekarri dizun lotsakizunarengatik, damu-mota horrek geure burua bait du xede beti ere eta ez zerua, eta nola erakusten duen Jainkoa iraintzeari uko egiten badiogu ez dela haren maitasunez baizik eta zigorrak ematen digun beldurrez...

JULIETA: Damutzen naiz neure bekatuaz gaitza den heinean, eta alaitasunez onartzen dut lotsakizuna.

DUKEA: Iraun ezazu egoera honetan. Zure gaizkidea, dakidanez, bihar hil beharra da, eta neure burubideak eramatera noakio. Grazia zurekin bedi. Benedicite.

 

(Badoa.)

 

JULIETA: Bihar hil beharra da! O, bizia gordetzen didan lege bidegabea zeinaz gozatzea izularrizko agonia atergabea bait da!

PREBOSTEA: Erruki natzaio!

 

(Badoaz.)

 

 

IV ESZENA

 

Angeloren etxea

 

(ANGELO sartzen da.)

 

ANGELO: Gogoeta eta otoitz egin nahi dudanean, nire pentsamentuak eta otoitzak ez dagozkien gaietan galtzen dira; zentzuz gabetuak hartzen ditu zeruak nire hitzak, eta bitartean nire irudimena, mihiari entzuten ez diolarik, Isabelarengan ainguraturik dago. Zerua ahoan daukat, eta marmarka haren izena ahoskatzea besterik ez dut egiten, baina bihotzean daukat neure desiraren gaitz indartsua, bete arte puzten duena. Gobernaritza, hain arreta handiz hartua neukana, liburu onaren gisako da, irakurtzearen irakurtzez antzu eta gogaikarri bihurtu dena; are gehiago, neure seriotasun hau, nondik —O, inork ez diezadala entzun!— ateratzen dudan neure harrotasuna, atseginez trukatuko nuke jostailu hutsalaren pare airea jotzen duen luma arinarengatik. O, gizarte-maila! O, kanpoko itxurak! Zenbat alditan zuen intsignia eta kondekorazioek sorterazten duten inozoen errespetoa eta pertsonarik zuhurrenak ere zuen gezurrezko itxurei loturik uzten dituzten! Haragia, haragia besterik ez zara beti! Idatz dezakegu aingeru on deabruaren adarrean; halere ez da izango horregatik deabruaren lema.

 

(MORROI bat sartzen da.)

 

ANGELO: Kaixo! Nor dago hor?

MORROIA: Isabela deritzan bat, moja bat, zuk har dezazun nahi duena.

ANGELO: Erakutsi bidea (Irteten da MORROIA.) Oi, zeruak! Zergatik igotzen zait honela odola bihotzera, geldierazteko eta aldi berean nire gainerako atal guztiak behar duten kemenaz gabezeko? Era berean pilatzen dira jendetza burugabeak zorabiatu den pertsonaren inguruan; denak elkargainka sorosteko, suspertuko lukeen aireari traba eginez. Eta halaber errege maitatuaren menpeko jendetzak ere ahaztu egiten du dagokion papera, eta grina emankorrezko bulkada batez, elkarren kontra estutzen dira beraren aurrean eta hala fineziarik gabeko maitasunak derriorrean hartzen du irainaren tankera.

 

(ISABELA sartzen da.)

 

ANGELO: Kaixo, dontzeila liraina!

ISABELA: Zure erabakiaren berri jakitera nator

ANGELO: Nahiago nuke jakin zenezan niri galdetzen ibili gabe. Zure anaiak ez dauka bizitzerik.

ISABELA: Ongi da. Jainkoak gorde dezala Zure Gorentasuna. (Alde egitera doa.)

ANGELO: Halere, bizi daiteke oraindik ere; zu eta ni adina ere bizi daiteke oraindik; halere hil beharra dauka.

ISABELA: Zure epaiaren indarrez?

ANGELO: Noski.

ISABELA: Noiz hil behar du? Esaidazu, arren eskatzen dizut, bere estualdian, luzea edo laburra izan, arima gaisotu ez dakion neurriak hartzeko.

ANGELO: O, txarkeria zantar horien lotsakizuna! Berdin lioke jadanik egina dagoen gizona naturari lapurtzen dionari barkatzea nola bazter debekatuan zeruaren imajina iraintzen duen likiskeria lizun hori; hain da erraza legez sorturiko bizia legez kontra desegitea nola legez kontrako bat sortzeko molde debekatuetan metala isurtzea.

ISABELA: Hala dago ezarrita zeruan, baina ez lurrean.

ANGELO: Hori al da zure iritzia? Laster jarriko zaitut nahaspidean galderen bitartez. Zein duzu gogokoen bi aukera hauetatik: lege txit justuak zure anaiari bizia nola kentzen dion ikusi ala hura erreskatatzeko, laidotu duen emakumeak izan duen likiskeria gozo berera zeure gorputza eman?

ISABELA: Sinetsidazu, jauna; nahiago nuke neure gorputza eman arima baino lehen.

ANGELO: Ez naiz ari zure arimaz, derrigor egiten ditugun bekatuek gehiago balio dute kopurua osatzeko gu salatzeko baino.

ISABELA: Zer diozu?

ANGELO: Ez; ez dut bermatu nahi antzekorik ezer aldezten dudanaren kontra hitzegin bait nezake. Erantzuiozu honi: Nik, indarrean jarritako legearen bitarteko naizen honek, zure anaiaren aurkako epaia ematen dut. Ez al legoke karitaterik bekatu bat egin eta anaia horren bizia salbatzeko?

ISABELA: Atsegin bekizu hala egitea; neure arimaren gain hartzen dut arriskua; ez da erabat bekatu; karitate da.

ANGELO: Zeure arimaren arriskutan egiteko prest bazeunde, bekatua eta karitatea elkarren kontrapisu lirateke.

ISABELA: Haren biziaren alde erregu egitea bekatu bada, zeruak nire kaltetan utz dezala! Bekatu bada zure aldetik nire eskariari amore ematea, goizero erregutuko dut gehi dakiela nire huts pertsonalei, eta ez dadila ezer gera zure kontuan.

ANGELO: Bai, baina ongi entzuidazu. Zure pentsamentuak eta nireak ez dute begiratzen alderdi beretik; edo ezjakina zara edota maltzurkeriaz itxurak egiten ari zara, eta hori ez dago ongi.

ISABELA: Emaidazu baimena gauza guztietan ezjakina eta gaiztoa izateko, baldin aitortzen badut, inork horretaratu gabe, neure perfekziorik eza.

ANGELO: Horrela agertu nahi izaten du jakituriak distiranteago bere burua desenkusatuz; estaltzen duten edertasuna hamar bider gorago aldarrikatzen duten aurpegiko mozorro beltz horien modura. Baina ongi entzuidazu: hobeki uler diezadazun, gordinago hitzegitera noa. Zure anaiak hil beharra du.

ISABELA: Ongi da.

ANGELO: Eta hainbestekoa du deliktua, non legearen aurrean erantzule den legeak jarritako zigorraz.

ISABELA: Egia da.

ANGELO: Onar ezazu ez dagoela beste biderik bera salbatzeko hau izan ezik (ez dut ontzat ematen bide hau ez beste halako eta halako ere; kontu egite hutsa besterik ez da); zu, haren arreba, gizonezko baten desiren xede zarela, zeinak juezarekin duen sarbidearengatik edo egoera pertsonal garrantzizkoagatik, legeak hiritar guztiak kateatzen ditueneko lokarrietatik jaregin lezakeela zure anaia; orain ez dago lurraren gainean beste salbazio-biderik zeure gorputzeko altxorrak arestian aipatuta dugun delako pertsona horri eskuratzea baino; bestela zure anaia hiltzera doa. Zer egingo zenuke?

ISABELA: Neure buruarengatik egingo nukeena egingo nuke neure anaiarengatik; hau da, heriokolpearen azpian aurkitzean, zartailu urratzaileen igurtziak erruki gisa hartuko nituzke; eta biluzik jarriko nintzateke hilobian sartzeko, azkeneko grinaz irrikitutako ohe batean bezala nire gorputza lotsakizunaren menpe utzi baino lehen.

ANGELO: Orduan zure anaiak hil egin beharko du.

ISABELA: Eta hori da soluziobiderik egokiena. Hobe da anaiarentzat behingoz hiltzea arrebak erreskatatzeko betiereko heriotzea ordaintzea baino.

ANGELO: Baina orduan ez al zinateke izango hainbeste arbuiatu duzun epai hori bezain krudela?

ISABELA: Nire laidoarengatik erreskatatzea eta libreki barkatzea bi gauza desberdin dira, bidezko bihozperatasunak ez du inolako ahaidetasunik askapen lotsazkoarekin.

ANGELO: Bazirudien arestian legea tiranotzat tratatzen zenuela, eta zeure anaiaren laprastada burugabekeriatzat areago hartzen zenuela gaiztakeriatzat baino.

ISABELA: O, barkatu, jauna; batzutan gertatzen da geure guraria lortzeko ez dugula esaten pentsatzen duguna; gorroto dudana zertxobait desenkusatu egiten dut samurki maite dudanaren faboretan.

ANGELO: Denok gara hauskorrak.

ISABELA: Ongi da; orduan nire anaia hil dadila, zure hauskortasunaren menpeko soiletariko bat izan ordez beraren oinordeko eta jabegai bakarra bada.

ANGELO: Eta emakumeak ere hauskorrak dira.

ISABELA: Bai, beren buruei begiratzen dieten ispiluak bezain hauskorrak, eta imajinak isladatzen dituzten bezain hauskorrak ere bai. Emakumeak! Betor zerua haiei laguntzera! Gizonezkoek beren sorkariak arbuiatu egiten dituzte beraietaz probetxatuz. O, bai! hamar bider hauskor deitu gaitzazu, geure gorpuzkera bezain erasankorrak bait gara eta zantzu faltsuekiko sineskorrak.

ANGELO: Zalantzarik gabe sinesten dut eta zeuon sexuaren aitorpenez sendotuko dut neure iritzia. Izan ere nola gizonok, hala uste dut, bekatuak gure natura ez erasateko bezain irmeak ez garenez gero, utzidazu ausarta izaten; hitzetik heltzen dizut. Zaitez zarena, hots, emakumea; gehiago bazara, ez zara emakumea; emakumea baldin zara, ageriko ezaugarri guztiek ziurtatzen dutenez, erakuts ezazu zure sexuaren jantziak adierazten duena berretsiz.

ISABELA: Mintzaira bakar batez bakarrik dakit hitzegiten; ene jauna maitea, zilegi bekit zeure lehen mintzaira hartara itzul zaitezela eskatzea.

ANGELO: Argi eta garbi jakizu: maite zaitut.

ISABELA: Nire anaiak Julieta maite zuen, eta hil beharra duela horregatik esaten didazu.

ANGELO: Ez da hilko, Isabela, zeure maitasuna ematen badidazu.

ISABELA: Ikusten dudanez zure bertuteak bere buruari kalumnia egiteko askatasuna hartzen du inor harritzeko.

ANGELO: Sinetsidazu, nire ohoreagatik; nire hitzak nire asmoa adierazten ari dira.

ISABELA: A! Ohore kaskarra, fede emanez gero, eta asmo txit makurra. Azaluskeria! Azaluskeria! Salatu egingo zaitut, Angelo, ongi pentsa ezazu; berehalaxe sina iezadazu nire anaiaren barkamena bestela garraisi bizian oihu egingo dut mundu guztiaren aurrean zer eratako gizona zaren.

ANGELO: Nork sinetsiko dizu, Isabela? Nire izen tatxagabeak, nire bizitzaren gartxutasunak, zurearen aurka egingo dudan testigantzak, Estatuan dudan postuak, halako pisua izango dute zure salakuntzaren gain non zeure kondakizunaren azpian itorik geratuko zaren, eta kalumniazko kiratsa darizula. Hasia naiz eta orain balazta kenduko diot neure irritsari; amore emaiozu nire grina sutsuari; utz itzazu alde batera sotilkeria guzti horiek eta berandutzea eskatzen eta irrikitzen dutena arbuiatzen duten lotsazko gorritze horiek denak; erreskata ezazu zeure anaia nire gurariaren esku zeure gorputza utzirik, bestela, zure gaizkinahiarengatik su geldian emandako heriotza irabaziko du. Erantzuidazu bihar edo orain nire jokaeraren gidari den sentimendu honegatik, tirano bihurtuko natzaio. Zuri dagokizunez, nahi duzuna esan; nire gezurrak zure egiari gaina hartuko dio.

 

(Badoa.)

 

ISABELA: Nori kexatuko natzaio? Nork sinetsiko lidake, hau adieraziko banio? O, aho arriskutsuak, mihi bakar bat baizik ez dutenak, kondenatzeko eta barkatzeko erabiltzen dutena bera! Beren apetan aurrean makurtzera legea bortxatzen dutenak, bidezkoa edo bidegabea dena beren irritsaren amuari lotuz. Neure anaiaren bila noa; odoloaren zirikatzez eroria izan, hainbesteraino du halere ohorearen zentzua non hogei buru balitu ere hogei aizkora odoltsuren azpian jartzeko, lehenago emango lituzke hain satsudura higuingarriz arrebak bere gorputza umilarazi baino. Beraz, bizi zaitez, Isabela garbi, eta zu, ene anaia, hil zaitez. Anaia baino maiteago dut kastitatea. Jakineraztera noa, halere, Angeloren eskaria, eta heriotzerako prestatzera arima salba dezan.

 

(Badoa. )

 

aurrekoa | hurrengoa